You are on page 1of 2

RADIO EUSKADI EDO BAT-BATEKO ESPARTINA

Ekainaren 28aren inguruan, Radio Euskadi irrati publikoak polemika nahasle bezain
maltzurra sorrarazi du, gay-les askapenaren esparruan Bilbon lan egiten dugun zazpi
kolektibook adostu dugun manifestuaren harira. Ez nuen modu zuzenean parte hartu
komunikatua idaztean, ezta prentsaurrekoan ere. Ez nuen izan aferaren berri, hortaz,
kalean hainbat lagunek gelditu ninduten arte, gertatutakoaz galdetuz edota nire
taldekidearentzat elkartasuna adieraziz.

Behin eta berriro entzun dut RE-k ekainaren 27an zehar hamaika bider emititu ei zuen
prentsaurrekoaren zatia, zerbait oker, deliktibo edo eskandaluzkoa aurkitu guran. Bada
ez. Ez dut aurkitu. Onar nezake nire taldekideak holako ekitaldietan komenigarria denaz
harago joan zela. Alde batetik, zazpi elkarteren izenean hitz egiten denean fin ibili behar
delako. Bestetik, zintzoegia izan bide delako, inuzenteegia alegia, kontuan ez hartzean
kazetariak gai guztiez ez jakiteaz gain, askotxotan, azpijokotan ere ibiltzen direla
sentsazionalismorik merkeena bilatu nahian. Ez da beraien amuan erori behar, baina nire
laguna erori egin zen eta baita bertan zegoen REko andereñoari nahi zuena eman ere:
beita.

REko aipaturiko maltzurkeria eta ezjakintasuna agerian geratu dira. Gizakiok jaiotzen
garenetik sexualitatedunak garela esateagatik eskandalizatuarena egiten dute,
sexologiari edo pediatriari buruzko ezein liburutan gauza bera esaten dela erreparatu
gabe. Dena dela, umeen sexualitateak ez dauka zerikusirik nagusionarekin, eta hori
azaltzen ere saiatu zen nire taldekidea, hain zuzen ere, agian ez modurik argienean.
Beraren hitzak sexu askatasunaren kontrakotzat jotzen dituzte, hori berori izanda salatu
nahi dena: sexu askatasunaren aurka joatea baino beste helbururik ez duten kanpaina
sentsazionalistak asmatzen dituztela komunikabide anitzek. RE-ko jaun-andre
“kazetariok”, jakin ezazue behingoz: EHGAMek eta sinatzen dugun beste elkarte
guztiok egiten dugun gauza bakarra da, denok, salbuespenik gabe, geure
maitasuna eta gure sexualitatea aske bizi ahal izan ditzagun lan egitea da eta,
eginbehar horretan emandako urte eta ahaleginengatik baino ez bada ere, gutxi
egongo dira gu baino sentsibilizatuago, era berean, abusu, engainu eta bortxaketa
guztien kontra borrokatzeko, tartean umeak egonik zein ez. Askatasuna eta abusua
ez dira bateragarri.

Beste zerbait ere esan nahi dut: zitalak iruditu zaizkidala beste talde batzuetako hainbat
ordezkarik irrati horretan bertan egindako adierazpenak, baten baten helburu bakarra
nire taldekidea atzamar salatzailearekin seinalatzea baino ez zela zirudien,
mendebaldean hedatuz doan eta REtik hain gogo handiz suspertu nahi bide duten su
garbitzailera jaurtikia izan dadin-edo. Bereziki patetikoak, baina argigarriak, iruditu
zitzaizkidan +Gehitu elkarteak irrati horretan bertan eginiko adierazpena eta beraren
ondoko komunikatua (elkarte honek ez zuen sinatzen manifestua, Bilbon ez duelako
presentziarik eta, hortaz, ez zitzaiolako sinatzeko eskatu ere egin eta ez, ulertarazi nahi
den bezala, uko egin ziolako). Sortu zirenetik susmatzen genuena agerian geratu da,
bere izenak iradoki lezakeenaren kontra, ez zetozela gay-les borrokara batuketa egitera,
kenketa baizik. Gure sexualitate anitzak aldarrikatzeak edo medio askok nahita
eragindako konfusionismoa salatzeak (sexualitatea abusuarekin eta delinkuentzia
sexualarekin nahastean), gay-lesbianen borrokarekin batere zerikusirik ez daukatela
esateak zer diren erakusten du. Arny kasua ere aipatu zuten, eta guri oso ondo etorri
zitzaigun, horixe baita salatu nahi genuenaren adibide paradigmatikoenetariko bat:
ustezko umeak, prentsaren arabera abusu guztien biktima zenak, 17 urte zituen.

REk, ostera, biharamunerarte ez zuen ahaleginik egin taldekidearekin edo EHGAMgo


beste inorekin hitz egiteko, gaizkiulertua -gaizkiulerturik egonez gero- argitzeko. Ez
zitzaion interesatzen, beharbada “esklusiba” izorratuko genion-eta. Dena dela, ia beti
gertatzen den bezala, bodebil honek guztiak badu alde positiborik. Beharbada gure
taldekidea REk jarritako tranpan erori zen, baina RE ere, berez, inork jarri ez zion
tranpan erori egin zen, erakutsi duen zitalkeria dela-eta, salatu nahi genuen manipulazio
mediatikoaren beste adibide paradigmatiko bat izatera pasatu baita.

28an bertan Kafe Antzokian urtero egiten dugun Urrezko Hirukia eta Trapuzko
Espartina sarien banatze-ekitaldian Gaztehgam taldeko neska-mutilek aho batez erabaki
zuten bat-bateko Espartina ematea REri. Asmoa goretsia izan zen bertan geunden
EHGAMeko eta polemikaren jatorrian zegoen manifestuaren sinatzaile ziren beste bi
elkarteko kideen aldetik, eta txalo andana jaso zuen aretoa leporaino betetzen zuten
ehunka lagunen aldetik.

Lintxamendu mediatikoaren biktima, ia, izan den nire taldekideak izen-abizenak ditu:
Jaime Mendia. Urte asko eman ditut berarekin batera militatzen eta ondo ezagutzen
ditut bere balio pertsonala eta lan-gaitasun agorrezina, hala nola sexualitatearen
eremuan duen prestakuntza sakona. Lerro hauetatik nire elkartasuna bidali nahi diot eta
adorea eman lanean segi dezan.

Imanol Alvarez
EHGAMeko kidea

You might also like