You are on page 1of 2

INFERNUA nola den

Zer dela uste duzu infernua?


Hura da demonioaren eta bere zerbitzarien leize izugarri
bat, non betikotasun guztian egon beharrak diren oinazez
lehertzen. Hura da beti sutan dagoen labe ikaragarri bat,
behin ere itzaliko ez dena, eta bekatariak berak izango
dira hango egurra, ilintxak eta ilintiak. Hura da sufre
irazekiz irakiten dagoen aintzira edo putzu bat, non
Satanas, Antekristoa eta bekatuaren erakusleak egon
beharrak diren betiraunde guztian. Hura da neke eta
pena guztiak, onaren kutsurik gabe, aurkitzen diren
lekua.
Hara amiltzen dira biraogileak eta umeak ongi hazteko
arretarik ez dutenak. Hara amiltzen dira edanari eta
aisiari ederretsirik, etxeaz, zorraz eta beste eginbideaz
ahaztuta bizi direnak. Hara amiltzen dira lagun hurkoei
bekaturako bidea ematen dietenak, dela hitzez, dela
ezkontzaren haustearekin, dela bestela. Hara amiltzen
dira bekaturako bideak, etxeak eta lagun gaiztoak, ibilera
lotsagarriak utzi nahi ez dituztenak. Hara amiltzen dira
irabazi debekatuetan eta besteren gauza -dela herriarena,
dela besteren batena- bihurtu nahi gabe bizi direnak. Han
daude oinazez lehertzen, adiaz eta orroaz.
Gaitzerdi litzateke, noizbait bukatu beharrak balira neke
hauek; baina ez dira behin ere bukatuko. Joango dira
urteak urteen gain, eta ez zaie puskarik txikiena ere
kenduko. Galde Luziferri, galde Kaini, galde han
aurkitzen diren guztiei. Luzifer munduaren hasieratik han
dago, eta hasieran bezala daude haren oinazeak. Sei mila
urte bezala dira Kain hara jaitsi zela, eta ez dira batere
arindu haren penak. Milioika joango dira urteak, eta ez
dira gutxituko haren nekeak. Ezagutzen dute hau han
aurkitzen diren dohakabeek. Badakite beste asko
-beharbada bekatari handiagoak- zerura joan zirela,
zeren garai onean zentzatu eta bihurtu ziren Jaunagana,
eta, ai!, esango dute, Ni hemen eta betiko! betiko! betiko!
Betiko hau izango da har bat, arimari hozka bezala beti
ariko zaiona eta behin ere hilko ez dena. Kendu nahiko du
har hozkari hau, baina, ezin kendu duela ikusirik, hasiko
da biraoka bere gurasoen eta lagunen kontra. Gutxi da
hau!; madarikatuko ditu Jaungoikoa bera, Birjina txit
Santa, aingeruak eta santuak. Bukatu nahiko du bere
burua eta hots egingo die mendiei eta haitzei: amildu
zaitezte nigana; baina alferrik, zeren ihes egingo duen
heriotzak han aurkitzen diren dohakabeetatik.
Eta hau guztia ikusirik, ez ote zara zure Jaunagana
bihurtuko?

You might also like