You are on page 1of 2

AMONAREN KUTXA

Nire amonak kutxa ttiki bat oparitu zidan duela urte batzuk. Kutxa hori
eskuz landutako marrazki politez apainduta dago. Tapa ireki nuenean ez nuen
ezer ikusi, baina amonak esan zidan:

“Nahiz eta ez duen ematen, kutxa honek gauza asko ditu barnean”. Eta ipuin
hau kontatu zidan:

Bazen behin batean, duela denbora asko eta asko, saskiak egiten zituen
otarregile bat.

Gizon hark asko zaintzen zuen etxe bazterreko gaztainondo basoa,


bertatik jasotzen baitzuen bere otarreak egiteko gaia, bai eta jaki asko ere
(gaztainak, perretxikoak eta ehiza). Ez zen bakarra basotik bizitzen. Beste asko
ere halaxe bizi zen: kattagorriak, azeriak, basurdeak, saguak, hontzak, eta
beste xomorro asko ere bai.

Behin kattagorri bat saltoka zebilela adaxkatik adaxkara, gaztaina bat


erori zen lurrera. Gaztaina hura erraz jan zezakeen har batek, edo sagu batek,
edo basurde batek, edo pertsona batek, baina ez zen horrela gertatu.

Udazken hartan euri-jasa handiak bota zituen, eta gaztaina maldan


behera, urrutira eraman zuen urak. Hantxe gelditu zen orbel artean udaberria
iritsi zen arte. Eta udaberrian, hazi ttiki hartan bizia sortu zen. Bertatik, isats
xamur bat aurrena, eta bi hosto ondoren. Landare ttiki bat jaio zen, eta denbora
pasa ahala, handitu eta handitu, gaztainondo sendo bihurtu zen.

Goiz batean, bi gizon hurbildu ziren, aizkorak eta trontza bizkarrean


zeramatzatelarik. Zuhaitzari begira-begira gelditu ziren. Laster aizkorak hartu
eta lanean hasi ziren, zirt eta zart, kinki eta kanka, zuhaitza etzan arte. Ondoren
adar guztiak kendu zizkioten, enborra biluztuz, eta bertatik ohol zabalak egin
zituzten, gero saltzeko. Horrela jaitsi zen hirira gaztaina ttiki hartatik jaiotako
zuhaitz ederra.

Denbora pasatu zen eta zurgin batek, ohol eder haiek ikusita, erosi eta
etxera eraman zituen, bere alabarentzat armairu polit bat egiteko asmoz.
Ezkontzen zenean oparituko zion, bai horixe!

Ezkonberrien etxean agudo bete zuten armairua maindire zuriz, bai eta
haur jaio berriaren arropa ttikiz ere. Oso egun zoriontsuak izan zituzten urte
haietan. Eta poliki-poliki, udak eta neguak pasa ziren, zurginaren alaba xahartu
eta hil zen arte.
Tristuraz beterik, amona haren seme-alabak etxea hustu beharrean
aurkitu ziren, eta armairu hura hain zaharra izanik, desegin eta sutarako
egurretarako atera zuten etxetik. Horrela bukatu zen armairu haren historia.
Baina zerbait gertatu zen: amona zahar haren iloba batek oso esku ona zuen
egurra lantzeko, eta gaztaina ttiki hartatik jaiotako zuhaitzaren oholekin
egindako armairuaren zatirik ederrenak aukeratu zituen. Egur harekin kutxa ttiki
bat egin zuen. Oso dotore apaindu eta bere andregaiari oparitu zion bere
urtebetetze egunean.

Orain kutxa hori nire eskuetan dago, nire amonak horrela nahi izan
zuelako, ni bainaiz bere iloba guztien artean lehenengo neska.

Askotan pentsatzen jartzen naiz gauza horiez: kutxa ttiki horretaz,


horrenbeste maite dudan nire amonaz, eta duela laurehun urte baino gehiago
zuhaitzetik erori zen gaztaina ttiki hartaz.

(Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta azaldu dadila
Lezoko plazan… edo zure etxeko ganbaran.)

Egilea: Xabier Olaziregi (Lezo)

You might also like