You are on page 1of 7

EDUARDO ZUBIAURRE (ADEGI-KO PRESIDENTEA)

"Lan erreforma enpresariontzat ona


da, lan harremanak orekatu baititu"

Adegi oso pozik dago lan erreformarekin, enpresarien eta langileen arteko botere
harremana irauli duela uste duelako: enpresetan aldaketak egiteko «eskuak lotuta»
eduki ondotik, erabakiak azkar, merke eta baimenik gabe hartu ahal izatea.

Eduardo Zubiaurrek (Eibar, 1962) ez dio aitzakiarik jartzen Espainiako Gobernuak


onartutako lan erreformari: "Zuzena, egokia eta positiboa da. Beharrezkoa zen eta
eraginkorra izango da".

Lan erreformarekin oso pozik zaudete. Zein hobekuntza ekarriko dizkie enpresariei?

Lan harremanak orekatu egin ditu. Aspalditik ari gara esaten gure lan harremanak eta
lan merkatua ez zirela egokiak gaur egun lehiatzeko eta enpresak aurrera ateratzeko.
Oso zurrunak ziren, eta, ondorioz, enpresek eskuak lotuta zeuzkaten lan harremanak
egoera berrira egokitu nahi zituztenean. Hori agerian geratu da krisi honetan,
horrelako legediak izan dituzten herrialdeetan. Espainia da kasu adierazgarriena:
behin-behinekotasun handia du eta langabezia izugarri hazi da.

Enpresen egokitze prozesuak askotan egin dira sekulako kostu pertsonal eta
ekonomikoarekin, eta iskanbilekin. Enpresa asko ixtera behartu ditu, ezin izan
direlako egokitu baldintza berrietara. Legedia Europako baldintzetatik oso urrun
zegoen, oso desorekatua zen, oso paternalista, oso protekzionista, Francoren
garaitik zetorrena.

Adegik eta enpresarien beste elkarte batzuek aspalditik eskatu dugu beste lan araudi
bat, hobeto lehiatzeko. Europako ereduetara hurbiltzea eskatu dugu. Gustatzen
zaigun eredua malgusegurtasuna da: araudiak malgutasuna ematen die enpresei, lan
egiteko eta erabakiak hartzeko; langabezian geratzen direnei, berriz, babes sarea eta
bitartekoak —enplegu politika aktiboak, prestakuntza—, lanera azkar bueltatzeko.
Horretarako, lan erreformak eman dizkigun tresnak behar ditugu. Aldaketak gertatuz
gero, erabakiak eta neurriak hartzeko, azkar, merke eta administrazioaren baimenik
gabe. Lehen enpresek denbora gehiegi pasatzen zuten erabakiak hartu gabe.

Esan duzu lan harremanak orekatu egin direla. Horrek esan nahi du lehen
desorekatuta zeudela? Sindikatuen edo langileen alde lerratuta?

Bai. Enpresentzat ia ezinezkoa zen beharrezko neurriak hartzea jarduera jaisten


zenean, langile gehiegi zeuzkanean edo lan baldintzak egokitu nahi zituenean —
lanorduak gutxitu, enplegua erregulatzeko dosierra indarrean jarri—. Ezinezkoa zen
azkar, merke eta liskarrik gabe egitea. Lan araudiak eta negoziazio kolektiboak
eragozten zioten. Horrek sekulako arazoak eragin ditu enpresetan. Egoera txarrak
gainditu dituzten enpresariek sekulako kezka izan dute berriro langileak kontratatu
behar izan dituztenean.

Lan erreformak ba al dauka abantailarik langileentzat?

Askoz ere errazagoa da kontratazio finkoa. Legediak zaildu egiten du behin-behineko


kontratazioa. Enpresa bati egoera aldatzen bazaio, behar izanez gero, askoz ere
errazago hartu ahalko ditu neurriak: lanorduak gutxitu, dosier bat aplikatu, baldintzak
aldatu eta, kasurik txarrenean, jendea azkar kaleratu. Argudioak eta arrazoiak mahai
gainean jarrita, baina azkar, merke eta era normal batean, inolako baimenik gabe egin
ahal izango baitu.

Kontratu mugagabeei buruz hitz egiten ari zarenean, zer ari zara, Espainiako
Gobernuak «ekintzaileei laguntzeko» sortu duen kontratu mugagabeaz?

Erreformako kontratu batzuek laguntza bereziak jasoko dituzte. Lan erreforma honek
behin-behineko kontratuak zailtzen eta finkoak errazten ditu. Hori da bere filosofia.
Orain arteko bikoiztasuna desegin nahi du: alde batetik, lan finkoak daude, kalte-
ordain handiekin, berme handiekin eta aldaketak egiteko oztopo ia gaindiezinekin;
bestetik, behin-behineko lanak daude, malguak, iskanbilarik gabeak, merkeak eta,
behar izanez gero, bertan behera uzteko modukoak.

Kontratu berri horri mugagabe deitu diote, baina gazteen proba epea urtebetera
luzatu dute, eta, urtebete baino lehen kaleratuz gero, ez dute kalte-ordainik jasoko.

Zenbait taldetako langabeek lana ahalik eta azkarren lortzea da lehentasuna, talde
horien langabezia gutxitzea. Bi gaztetik bat langabezian dago Espainian.

Enpresek normalean behar duten pertsona kontratatzen dute, beharrezko


gaitasunekin eta behar duten lanerako. Normalean, pertsona onek eta egokiek
enpresan irauten dute, ez dira urtebete baino lehen kaleratzen.

Ez al da paradoxa enplegua sustatu nahi duen erreforma bat kaleratzeetan


oinarritzea?

Kaleratzeetan baino gehiago, enpresen malgutasunean. Kasurik okerrenetan


kaleratzea gerta daiteke; baina, funtsean, erraztu egiten du egoera okertzen denean
lan baldintzak aldatzea, enplegua erregulatzeko dosierrak indarrean jartzea eta lan
hitzarmenetako baldintzak ez betetzea. Enpresariak lan araudia eta ziurtasuna behar
ditu erraz eta kezkarik gabe kontratatzeko. Lan erreforma ona da enpleguarentzat,
enpresariak bitartekoak izango dituelako: lana daukanean langileak kontratatzeko, eta
ez daukanean neurriak hartzeko.

Paradoxaren eredua Danimarka da. Europako langabezia tasa apalena dauka, %5ekoa,
eta bertan langileek ez dute kalte-ordainik jasotzen kaleratzen dituztenean.
Danimarkan, jakina, langileak kaleratzen dituzte, enpresak krisian daude, eta jendeak
lanpostuz aldatzen du; baina lan merkatua oso dinamikoa da.

Kalte-ordainik ez dute jasotzen, baina gizarte laguntzak Euskal Herrian baino


handiagoak dira.

Langabezia saria jasotzen dute, eskaintzen dizkieten ikastaroak egiten badituzte;


bestela, ez. Danimarka eta Herbehereak dira gure eredu. Oso barneratuta daukate
beti ez direla arituko lanean lanpostu eta enpresa berean.

Alemania da zuen ereduetako bat. Hango egoera gainerakoena baino hobea da,
baina badu bere ifrentzua: milioika langile ditu minilanak egiten, soldata eskasekin.

Sistema bat aurkitu dute jende askori lana erraz eskaintzeko. Prestakuntzarik gabeek,
beste aukerarik ez daukatenek... gutxienez halako lanak dituzte.

Gure eredua malgusegurtasuna da, eta hori Danimarkan aplikatzen dute.


Malgusegurtasunak malgutasuna bermatzen du, baina zein da langilearentzako
segurtasuna?

Lana aurkitzeko gaitasuna. Gaitasun hori eskaini egin behar zaio. Langileak,
langabezian geratuz gero, babesa behar du. Diru sarrera batzuk bermatu behar
zaizkio, ezin da ezer gabe geratu. Baina horrek ez du esan nahi langabezian edo
laguntzak jasotzen ari den bitartean ezer egin gabe egon behar duenik. Betebehar
batzuk izan behar ditu: astero frogatu behar du lan bila aritu dela, curriculumak
aurkeztu dituela...

Baina, horretarako, lan egiteko aukerak behar dira, eta, gaur egun, Euskal Herrian,
oso gutxi daude.

Bai, aurrena lan egiteko aukerak behar dira. Horretarako, enpresek prest egon behar
dute jendea erraz kontratatzeko. Erraztasun hori, ziurtasun hori, zerk ematen dio
enpresariari? Jakiteak gero egokitzeko aukera izango duela. Ez dela arazoa izango
jende asko kontratatzea eta, gero, egoera aldatzen bada, kaleratzea.

Danimarkan oreka hori lortu dute. Emaitza zein da? Krisirik larrienean ere langabezia
tasa %3tik %6ra igo dela. Liskar gutxi daude enpresarien eta sindikatuen artean, lan
harremanak baketsuak dira. Lan merkatu oso dinamikoa daukatelako lortu dute.
Hemen izan dugun zurruntasunaren parekorik ez da beste inon egon, Portugalen eta
Grezian salbu.

Zurruna diozu, baina enpresek langileak, kaleratu behar izan dituztenean, kaleratu
dituzte. Asko, gainera, kalte-ordain garestienarekin, 45 egunekoarekin, ezta?

Kaleratu dituzte, baina hiru urte eta erdiko soldata arteko kalte-ordainak ordainduz.
Hori izugarrizko kaltea da. Hainbat enpresak ezin dituzte halako kalte-ordainak
ordaindu, eta irauten ari dira, oso egoera larrian.

Enpresak beti izan ditu eskuak lotuta. Kaleratze espresa ankerkeria bat izan da.
Hemen, langile finko bat kaleratzen zenean, 28 urteko antzinatasuna bazuen,
enpresak hiru urte eta erdiko soldata ematen zion. Bi urteko langabezia saria ere
jasotzen zuen. Bost urte eta erdiko lansariarekin kaleratzen zen jendea, inolako
betebeharrik gabe. Hori sekulako kostua da gizarte batentzat.

Kaleratze objektiboak lortzeko administrazioaren baimena, hitzarmenak... behar ziren.


Horrek guztiak akordio berantiarrak, oso garestiak eta liskartsuak eragin ditu.
Enpresak ahuldu ditu, kalte-ordainetan xahutu dituztelako egoerara egokitzeko eta
enpresa birmoldatzeko baliabideak. Hori jasan duen enpresa batek, jarduera
berreskuratzen duenean, ze ziurtasunekin kontratatuko du? Kontratatuko du, baina
ahal duen gutxien, behin-behineko kontratuak baliatuz... Hori guztia, enpresa itxi
behar izan ez bazuen. Hori zen gure lan merkatua.

Orduan, lan erreformak hogei eguneko kalte-ordaina orokortzeak lagundu egingo


dizue, ezta?

Bai, laguntzen du administrazioaren baimena behar ez izateak, gutxiago ordaindu


behar izateak, eta, gainera, azkarrago egin ahal izateak. Enpresariak eguna ez du
pasatzen jendea nola kaleratu pentsatzen; alderantziz, enpresa nola jaso, nola handitu
eta jendea nola kontratatu pentsatzen du.

Lan erreformaren ondorioak neurtzeko orduan aintzat hartu behar da testuingurua.


Adegiren arabera, aurten Gipuzkoako enpresen %5 itxi egingo dira, eta goia joko du
dosierrak aurkeztuko dituzten enpresen kopuruak. Lan erreformak, gainera, langile
horiek kaleratzea erraztuko eta merkatuko du, ezta?

Baina askoz ere hobea da horrelako araudi bat edukitzea, egoera okertzen denean,
enpresak neurriak azkar hartzeko, egoerara egokitzeko eta lehenbailehen ateratzeko.
Era berean, kontratatzeko aukera daukanak askoz ere azkarrago kontratatuko du. Hori
da bizkortu behar duguna.

Lan erreformak lanpostuak sortuko al ditu?

Uste dut baietz, baina berak bakarrik ez du ezer konponduko. Gauza gehiago behar
dira: proiektu bideragarriak, merkatuak, finantzaketa, langile egokiak... Orain arte
laneko araudia desabantaila izan da; orain, ez. Europako hainbat ekonomiaren pare
egongo gara. Mundua gero eta aldakorragoa da, eta egokitzeko malgua izan behar
duzu; bestela, kanpoan zaude.

Legea erraztu egin du enpresariak langileak kaleratzea, lan baldintzak aldatzea eta
hitzartutakoa ez betetzea. Ez al ditu langileak babesik gabe uzten?

Berriro diot: babes maila handiek zaildu egiten dute enpresaren jarduera eta
aldatzeko gaitasuna. Babes hori epe motzekoa izan daiteke, baina luzera begira
enpresaren proiektua ahuldu dezake. Erreformak, luzera begira, proiektuak
bermatzen ditu.

Lan erreformari buruzko balorazioan diozue dosierrek administrazioaren baimena


behar izateak oztopoak baino ez zituela jartzen. Orain ez duzue baimenik beharko.
Ez al dute behar gutxieneko kontrol bat?

Kontrola badago. Langileak auzitegietara joan ahal izango dira, dosier bat salatzeko.
Epaileak erabakiko du.

Bai, baina arrazoi ekonomikoen araberako dosierra zuritzeko nahikoa izango da hiru
hiruhilekotan salmentak edo diru sarrerak jaistea. Enpresa gehienek erabili ahal
izango dute arrazoi hori, ezta?

Horrek egoera argitu egin du. Lehen halako arrazoiak ematen ziren, baina epaileek
gehienetan ez zituzten onartzen. Epaileak enpresariaren eta langileen arteko akordioa
eskatzen zuen, eta akordioak zailak ziren. Ondorioz, dosierren irtenbideak
iskanbilatsuak, luzeak eta garestiak izaten ziren. Orain egoera argitu eta erraztu egin
da. Enpresek erabakiak azkarrago hartuko dituzte, eta azkarrago egokituko dira
egoera berrira.

Erreformak lehentasuna ematen die enpresetako lan hitzarmenei. Hori eskatzen


zenuten.

Ona da, negoziazioak eta lan baldintzak enpresaren egoerara egokituko direlako.
Hitzarmena enpresatik zenbat eta gertuago, hobe. Enpresan akordioa lortzen ez bada,
erreferentzia probintziako ituna izan daiteke, baldin badago. Bestela, Espainiakoa.

Lan baldintza kaskarragoekin.

Bai, zalantzarik gabe.

Horrek sindikatuak akordioak lortzera behartuko al ditu?

Espainiakoa erreferentzia ez izateko probintziakoa hitzartu behar da. Horrek


sindikatuei presioa eragingo die, akordioak lortzeko eta egoera berrietara egokitzeko.
Ez du balioko norberaren jarreran tematzeak.

Negoziatuko al dituzue probintzietakoak?


Bai, hori da gure lanetako bat, enpresei lana erraztea eta erreferentziazko esparruak
eskaintzea.

Sindikatu abertzaleek grebara deitu dute martxoaren 29an.

Gauden egoeran, grebak ez du onurarik ekarriko. Eskubidea dute deialdia egiteko, eta
langileen esku dago aintzat hartzea, edo ez. Hori ez dago gure esku.

Lan baldintzak aldatu egingo dira. Enpresetan liskarrak ugaritzea espero al duzue?

Neurriak hartu ahal izateko arrazoiak eman behar dira, eta prozedurak bete. Langile
bakoitzak badaki bere enpresa ze egoeratan dagoen, eta enpresariaren erantzukizuna
da proiektuari irtenbideak aurkitzea, gauzak hitzartuta. Orain arte guri xantaia egin
digute liskarrekin, eta hori ez da onargarria, are gutxiago gauden egoeran.

© berria.info

You might also like