You are on page 1of 1

IRAULI EZAZU HEZKUNTZA, DIALOGOA

Argi dago hezkuntza sistema krisi sakonean murgildurik dagoela, bai, tamalgarria bada ere, epe motzean ez badugu zeozer egiten hil egingo da. Baina kontua da, zer egin dezakegu guk, etorkizuneko irakasleok, krisi beltz honetatik ateratzeko? Zaila da oso irtenbide egokia opatzea, baina argi dago konformistak izaten jarraituz gero, ez dugula ezer lortuko. Baina, zeintzuk dira irtenbide posibleak? Eta horietatik zein litzateke egokiena? Taldean sakon eztabaidatu dugu gaia eta bertatik utopikoak eta ez hain utopikoak diren irtenbideak atera ditugu. Azken urteotan egondako moldaketek hezkuntzaren egoera kaxkarra aldatu ez dutela ikustekoa da; hortaz, moldaketak egin ordez hezkuntza sistema berria eraiki beharko genukeelakoan gaude; bai, hezkuntza irauli eta 0 tik hasi. Baina nola ekin iraultzari hezkuntza politikarekin guztiz loturik dagoen gizarte honetan? Argi dugu iraultza eman ahal izateko politika hezkuntzatik at gelditu beharko litzatekeela. Hezkuntza dozenteen esku soilik egon beharko litzatekeelakoan gaude, hauek baitira benetan ikasleen beharrak ezagutzen dituztenak. Bertatik, irakasleen iraultza etorri zitzaigun burura. Hala ere, iraultza honek bere fruitua emateko, zentzuz jokatu beharko genuke, zentzuz eta ondo antolatuz. Horrela, modu kontrolatu batean dozenteen hezkuntza sistemaren aldaketarako hausnarketa kongresuak egin litezke. Hala ere, prozesu honek bere denbora beharko luke, ezingo lirateke aldaketak egun batetik bestera iritsi. Ez, ezin dezakegu egun batetik bestera etorkizunean iraungo duen hezkuntza baten oinarri sendoa eraiki. Horrela bada, aipaturiko irtenbidea, oraingoz nahiko urrun gelditzen zaigula ohartu ginen (urrun baina ez ezinezko). Alabaina, gertuko beste irtenbide baten bila dihardun genuen. Hala, iraultza irakasle bakoitzarengandik hasi behar dela argi gelditu zitzaigun. Ados ez bagaude ere, politikak hezkuntzan duen indarraz ohartu beharra daukagu baina ez dugu zertan onartu behar. Honekin zera esan nahi dugu, nahiz eta goitik guztiz mugatzen gaituen dekretua iritsi, klasean geure erara lan egin beharko genukeela, aldaketa txikiak ikasgeletan emanez. Horrela, honen aurrean guztiz garrantzitsua litzateke irakasleak baikortasunez, itxaropenez eta motibatuta jarraitzea, horrela gutxinaka bada ere aldaketak nabarmentzen hasiz. Laburbilduz, hezkuntza errotik irauli ahal izateko, irakasleak izango dira aldaketaren abiapuntu nahiz gidariak. Bai, irakasleen aldeko jarrera aldaketa xume batek etorkizuneko hezkuntza marka dezake.

You might also like