DURAKOGAIN (815m) GANBORALDE (707m) eta ASENTSIOMENDI (686m) 2009-06-28

Ohi baino ordu erdi beranduago, hots, 8:30etan eta ez 8:00etan, 18 mendigoizale abiatu ginen Kirikiñotik. Txango honen ibilbidea bestela baino laburragoa zenez, abiatzeko unea ordu erdi batean atzeratzea erabaki zen, jendeari lo egiteko denbora gehixeago eman asmoz.

Oinez ibiltzen hasteko gunea Krutzeta mendatean zegoen eta hara joateko autobusa Dima-tik joan zen Barazarretik joan beharrean, lehena bigarrena baino laburragoa zelakoan. Baina oker genbiltzala egiaztatu genuen, ia bi ordu eman genuen gure jomugara iristeko eta, hori ikusita, itzulera Barazarretik egin behar genuela erabaki genuen. Krutzeta (690 m.) mendatera 10:15etan iritsi ginen, autobusetik jaitsi eta puntu horretatik ekin genion txangoari, usategiek erakusten ziguten marrari jarraituz. Eguraldia bikaina zen, ikuspegiak zoragarriak eta txangoa nahiko lasai hartu genuen.

Hesi askotatik igaro behar izan genuen, denak ondo adierazita, eta beti aldapan gora baina ez oso malkartsu ibiliz, Durakogain (815 m.) gailurrera heldu ginen, 30 minututan gutxi gorabehera.

Tontorretik Orisol, Anboto, Udalatx, Aloña, Orkatzategi, Kurutzeberri, eta abar ikusi genituen, ikuspegi izugarriak.

Jaitsiera ere oso erraza izan zen, landaretza ugari zuen zelai batetik, ikuspegiez gozatuz, eta gero autobusera joateko erabili genuen GR pista batetik jarraitu genuen.

Aurrera joz, artzainen txabola batzuen ondotik igaro ginen eta haratago San Adrian baselizatik. Hemen beren hamaiketakoa hartzen ari ziren bi mendizale arabar agurtu genituen. Gu guztiontzako nahiko jana ez zutela eta ezer emateko gogo handirik ere ez zutela ikusita, aurrera jo genuen.

Gure ibilbidean, aurrean zelai ederra, hormigoizko eserlekuak eta mahaiak eta gerizpe nahikoa zituen aterpetxe moduko baten ondotik igaro ginen. Hantxe erabaki genuen gero itzuleran bertan hartuko genuela hamaiketakoa.

Pista utzi genuen eta Ganboralde gailurrera igotzen hasi ginen. Tontorra baino lehentxeago, hesi bateko igarobidean, txangoaren antolatzaileek animali baten buruaren hezurren hondarrak erakutsi zizkiguten (zein motatakoa zen esaten ez naiz ausartzen, izan ere, gai honi buruzko nire jakinduria ez da nahikoa). Burua tantai baten puntan jarri zuten, igarobide ondoan, ondo lotuta, garaikurra bat balitz bezala. Aurreko tontorrera baino errazago heldu ginen Ganboralde (707 m.) gailurrera eta hemen ere izugarri ikuspegiez gozatzeko parada izan genuen, izan ere gure lurraldeko mendi ezagunetarik asko genituen inguruan, gure aurrean. Goizeko 11:20ak ziren bigarren tontor honetara iritsi ginenean.

Beroa geroz eta gehiago nabarmentzen hasita ginen, egun sargoria izango genuela antz ematen zitzaion, eta, lehen esan bezala, aurreikusita zegoen baino lasaiago jarraitu ginen oinez, oraingo honetan denok elkarrekin, inor atzean utzi gabe.

Ganboralde-tik jaitsiera oso atsegina gertatu zitzaigun, hasieran garo artean eta gero pinudi batetik zehar.

Ondoren goizeko azken tontorrera abiatu ginen oso bidezidor zabal, polit eta zailtasunik gabetik. Azken zatia zailxeagoa zen, kamamila lorez beteta zegoen zelai batetik Asentsiomendi (686 m.) gailurreraino. Han Aramaioko borrokaren omenez Gurutz handia dago ezarrita.

Tontorretik Aramaio-ko auzo batzuk ikusi genituen, besteak beste Unzilla eta Barajuen.

Argazkiak eginda eta denok elkarrekin, 11:45etan Asentsiomendi-tik hasi ginen jaisten, atzera, GR pistatik.

Lehen esandako tokian hartu genuen hamaiketakoa, oso giro atseginean, tokiak merezi zuela baieztatuz. Gelditzen zitzaigun bidea pista beretik egin genuen Krutzeta mendateraino. Beroa handia zen eta pistatik egin genuen ibilaldia astun samarra gertatu zitzaigun, alde batetik zati batzuetan ezik gehienetan eguzkipean ibili ginelako eta, beste alde batetik, hamaiketako handia egin genuelako, asko jan eta edatearen ondorioak jasan genituelako alegia. Eskerrak bidea laburra izan zen. Autobusa utzi gintuen tokitik gertu zegoen gure zain, oraingoan gerizpean eta pista bukatzen den gunean justu. Jendea heltzen ari zen eta jantziz aldatzen ari zen bitartean, errepidean bertan autobusetik ehun metrora zegoen behatoki batera hurbildu zen talde txiki bat. Behatoki horretatik oso ondo antz ematen zaio Aramaio bailaren edertasunari.

13:15etan Algorta aldera abiatu ginen, oraingoan Barazarretik, eta 14:30etarako Kirikiñora heldu ginen. Gozatzeko moduko txangoa izan zen eta ez oso zaila, nahiz eta amaieran beroa nahiko nabarmendu genuen.

HERI-REN IRITZIA Ohi bezala ordukotasuna erabat gordez, hasi ginen bidaia autobusez. Hasierako inpresioa nahiko etsigarria izan zen, oso mendigoizale gutxi (18) baikinen, baina txangoa oso erakargarria zen, Aramaioko Bailaran ibili behar genuelako, ‘Suitza txiki’tik hain zuzen. Bai, batzuek izen horrekin ezagutzen dute Araban kokatuta dagoen bailara berezi eta orlegi hau. Herri hau Bizkaia eta Gipuzkoarekiko mugatik oso hurbil dago eta mendi burgoiez inguraturik: batzuk oso malkartsuak, Anboto eta Orisol adibidez; beste batzuk ez hainbeste, Tellamendi eta Durakogain, azken hau gure jomugetako bat zelarik. Dima mendateko aldapa gogorrak eta bihurgune itxiak atzean utzi ondoren, autobusa Kruzeta-ra heldu zen, zeramatzan pertsonen erdia zorabiaturik, baina ibiltzeko gogo handiz. Durakogaineko igoera errazari lasaitasunez ekin genion, bazirudien ‘erbiak’ oporretan zeudela eta, ondorioz, denok elkarrekin ibili ginen uneoro. Era berean jarraitu ginen Ganboralde igotzen, ikuspegiak, eguraldi bikainak lagunduta, izugarriak zirelarik. Eta halaxe heldu ginen gure azken gailurrera, Asentsiomendira. Hemen ere ikuspegi politez gozatu ondoren, itzulerari ekin genion. Handik pixka batera zelai eder batera heldu ginen eta hantxe hamaiketakoa ez, bankete edo oturuntza bikain bat dastatu genuen. Itzuleran, autobusean, txistekontalariek bidaia alaitu ziguten, eta honela ibilbidea oso laburra egin arazi ziguten. Laburbilduz, txangoa erraza baina polita, oso entrenamendu egokia hurrengo asteburuan egin behar genuen ‘Txindoki oilar’rera igotzeko. Hantxe ikusi nahi zaituztet denak.

Sign up to vote on this title
UsefulNot useful