Sole..., zer duzu, Sole?

Ana Jaka García

Nire amets hartan, bera zen niregana hurbiltzen zena, ametsa zelako bera etortzea nahikoa zen, ez dut gehiegi gogoratzen. Muxu bat eman zidan agian, edo besarkada bat, ez du ajola, elkar maitatzearen zorioneko sentsazio hura zen garrantzitsuena, nire desirak betetzera zetorrela, ezkutuko eta egiazko desira horiek: gelan ikusten nuen bakoitzean desiratzea, kafetegian berarekin nengoen bakoitzean, edozein egoeraren atzean ezin eutsi nituenak. Nire ametseko horma txuriko etxe hortan ere desiratzen nuen, etengabe begiratzen nuen bitartean, eta orduan, ezer gutxi adierazi gabe -leku eroso bat zela uste dut, eserleku bigun batean ni agian-, nire begirada topatzen zuen berak eta ezin zion niri muxu emateko gogoari heldu, estu estu inguratzekoari, eta ni, dardarka bere besoetan, bere usainak eta horren gertu eduki eta aldegiteko bere gogo ezak liluratuta. Bera ere txuri txuri zegoen, bere ilehori luzeak nire eskuen artean, nik hobeto muxukatzeko atzera eramanak, eta inguruan, dena txuri eta argitsua, dena betetzen zuen argi batean, biok bakarrik sartzen ginen paradisu txurian. Eta orduan esnatu egin nintzen. Nire ohe txikian aurkitu nuen nire burua, eta gero, ikasgela, oraindik itzaletan zeuden hormak eta horietan ilunago ziren posterretako laukizuzenak nabarmentzen joan nintzen, sabaitik zintzilik zegoen argiontzi txikia eta Paulinaren itzala beste ertzeko ohean, gora eta behera bere arnasa lokartuz. Honetaz guztiaz ez ohartzen saiatu nintzen, begiak itxi nituen muxuaren jarraipena bilatzen, nork ematen zidan? Bai, Jone zen, berea zen nirearekin itsasita nuen aurpegia, bertan jarraitzea nahi nuen, zer gertatuko zen gero? Irribartsu niri begira eta berriro muxukatzen irudikatu nuen, gela txuriko beste aldetik hurbiltzen irudikatu nuen, nirekin etzatzen, nire gainera xamur xamur erortzen uzten, eskutik heltzen eta muxu emateko aupatzen, gerritik heltzen, nire ahora makurtzen... Aldaketa txikiak asmatu nituen ametsatik irten gabe baina aldi berean bertan jarraitu ahal izateko. Esnaturik nengoen ordea, burura igotzen hasia zen odola eta beroak ihes egiten zidan, hanketatik gora, eskuetatik bihotzera, haragiaren zentimetro bakoitza biluzik bezala utzi arte. Sorbalda makurtzera, kiribiltzera eta maindirez estuki estaltzera behartu nintzen, bero gehiago ez galtzeko, eta buru gaina ere estaltzera, goizegi erne ez zedin. Minutu gutxi batzuetan, esnatu nintzen mementuan ametsa jarraitzeari eskaintzeko gai ez izateko damuz beteriko minutuetan, iratzargailuak jo egin zuen. Denbora nuen oraindik, egunero bezala, mando urdinak egiteko, baina jaikitzen lehenengoa izatea erabaki nuen. Horrela bakar bakarrik gozatuko nuke bainugela, eta poliki ernatu, sukaldean, Unibertsitateko bidea hartu aurreko gosari azkar batean, beste pisukideekin topatu baino lehen. Goiz hartan, aurreko jarlekuan Jone ikusterakoan, ezin izango nioke begirik kendu, eta modu berri batez begiratuko nioke gainera. Izan ere, nahiz eta bere adats hori eta luzeak eta bere jarrera axolagabeak, polita dela jakingo ez balu bezala agertzen zuena, bere begirada urduri eta aldi berean gozoak –begi urdinak al ditu?- erakartzen ninduten aspaldidanik, ezin izango nuke gauean amestutakoa ahaztu. Begien hondoan gure muxuaren aztarnarik ikusiko ote lukeen beldur nengoen, ni izango nintzelako, eta ez bera, haren aurrean ipiniko niona muxua, amets hartan aldierantziz gertatzen zen arren, nirea zelako orain muxua, nik fabrikatua, eta, azkenean, neska hori benetan gustokoa nuela aitortu behar nuelako, azkenean nire inkontzientetik aterata zela, grazia izpirik ere egiten ez zidan arren, beragatik sentitzen nuena. Goiz hartan, bestetan baino isilago egongo nintzen, nire fantasia hausnartzen, ezinezko edo debekatua bihurtuko

lidaken edozein aipamena saihesten. Neska hura mutilekin ibiltzen zen eta nire lagunek bazekiten eta ni, inoiz mutilekin ateratzen ez nintzela, haientzat inkognita nintzela, beharbada ez oso susmagarri oraindik, eta nahiz eta ez ninduen arduratzen -esaten nion nere buruaripentzatsen zutenak, ez nuen nahi nire errebelazioa porrot egingo zuen maitemin zentzugabea izatea. Jone bestelakoa balitz... gutxienez gure artean istorio bat gertatuko balitz, amaiera zoriontsua izan ala ez izan, Paulinari, eta beharbada besteei aurrerago, kontatzeko, nire sentitzeko era uler zezaten... Bien bitartean, dena burutazioak besterik ez ziren, nik asmatutako txori hegalariak. Niri laguntzeko saiatuko ziren txoriak uxatzen, txorakeri horiek guztiak ahaztuko nituelakoan, mutil egokia agertuko zelakoan, lasai egoteko eta ez kezkatzeko, pasatuko zitzaidala. Jonerena, ezer gertatuko ez zela jakitearekin nazkatzerakoan, pasatuko zitzaidan noski, edo, noizbait, hura zerbaitetaz ohartuko zenean eta bortizki bere bizitzatik urrun bidaliko ninduenean. Aspaldian izandako lagun min harekin, Martarekin, gertatu zitzaidan bezala, lagun min izate hori niretzako inoiz izan ez zelako ohi den bezalakoa, ni orduan konturatzen ez nintzen arren. Marta ahaztu behar izan nuen. Egunero patioko bazter batera erretzera laguntzen nuen, eta oso triste aurkitu nuen egun batean maite zaitut esatea atera zitzaidanean, ia berehala, niri hitz egiteari uko egin zion eta tristurak jota utzi ninduen, askoz ere berandu arte ezer ulertu barik. Ezer eskatzen ari nintzaionik ez nekien, sentitzen nuena ezer erromantikorik zenik ez nekielako, inoiz mutil ezta inori ere muxurik emana ez nuenean, eta mutil bat edo beste gustatzen saiatzen nintzenean, nire zortzigarren mailako neska guztiak bezalakoa izateko. Ondoren bai, muxukatu nintzen mutilekin, kotxe edo txozneen atzekaldean, baina Martak sentiarazi zidan gaixotasun hura ez zidan inoiz beste inork eragin, eta ez nuen berriro ere halakorik sufritu nahi. Jonerena pasatuko zitzaidan, noski, baina Paulina neskei buruz arituko litzateke, nire sentimenduez, orokorrean, eta hori pasatzea ezinezkoa ikusten hasia nengoen. Jone izango zen, edo beste edozein neska, amets egiteko neska erakargarriak topatuko nituen nonahi, nire ametsak serioski hartzeko aukerarik ez izan arren, gorputzik, pisurik, oroitzapenik ez zuten eta ukituezinak ziren ametsak zirelako, Martak urte luzeetan inposatu zidan isiltasuna bezalakoak.

Petra eta hura bezain altu eta deigarriak ziren beste neska batzuekin eseritzen zen Jone. Petra ikusgarriena zen alde haundiz, arropa bitxiengatik –“caniche” deitzen zuen jaka txuri artilezkoa eta ostrukaren antzera ibiltzera behartzen zuten takoi zabaleko bota altuak eraman ohi zituen- eta lotsagabekeriagatik, baina ikasketak oso serioski hartzen zituela, inoiz irailerako ez uzteko ahaleginak egiten zituela eta edozeini laguntzeko prest –haren bizkarrean gehien kritikatzen zutenak barne- zegoela esan behar dut. Jone askoz ere diskretuagoa zen baina berak ere besteon arreta bereganatzen zuen, Petrarekin zegoelako beti edota haren izaera lotsatia baina, aldi berean, ausarta eta ankerragatik, asmatzerik ez zegoen norbait edo zerbaitetaz Petrarekin barrezka egoten zela mementu ezustekoenetan. Gauza da, normalean bospasei lagun egon arren -zehazki zenbat ziren ere ezin dut gogoratu-, bikote esklusiboa osatzen zutela, elkarrekin beti, ikasgelan, bietako baten pisuan ikasten, eta festetara ere, biak edo bietako inor ez etortzea zen ohikoena.

Lehenengo maila aurrera zihoala, esaldi ugari gurutzatuak nituen aurreko iladako ikaskide hauekin. Jonek nire apunteak hartzeko era gustukoa zuen eta faltatzen zen guztietan pasatzen nizkion, baina Petra zen gehien faltatzen zena. Pub batean egiten zuen lan asteburuetan eta astelehenetan, eta gero ostiraletan ere, eta gero edozein egunetan, ikasi ahal izateko, gelara etortzeari utzi zion, batez ere amets hura izan nuen maiatz hartan, Joneren atzean eseritzen hasi nintzen maiatz hartan. Tontakeriak esaten nizkion, berrehun pertsonak apunteak hartzen genuen gela hartan gertatzen zirenak txisteak egiteko aitzaki, eta berak barre egiten zuen eta ni zoriontsu egiten ninduen. Berarekin eseritzen ziren neska altu haiek aspertzen zutela uste dut, eta eserlekuko atzekaldean ezartzen hasi zen. Ni, maila bat gorago, nirearen ertzean eseritzen nintzen eta aurrerantz makurtuta idazten nuen, Joneren ilea usaintzeko, irakaslearen hitzaldia buru belarri jarraitzen nuenaren itxurak egiten, txintik ere esan ez ziezadan Paulinak, azkenean beste aldera eserita zeuden besteengana gero eta gehiago hurbiltzen zenak. Bestelakoak ziren gauzak Petra zegoenean: binaka aritzen ziren ahopeka eta inbiriaz hiltzen ninduten baina ni aurrerantz makurtuta jarraitzen nuen eta, ahal nuenean, haien txantxetan sartzen nintzen eta, horrela, Petra ere atzekaldean ezarrita eseritzen hasi zen, hanken gainean karpeta, nahiz eta geldirik egoteko neska ez izan eta kokaera maiz aldatu. Jone, Petra eta bere lagun luzeen eta Paulina eta nire beste pisukideen bitartekoa izan nintzela esan daiteke. Elkarrekin joan ginen denak azterketak egin aurreko azken festara, azkeneko eskola egunean ekain jasangaitza muturrean genuela, indar hartzeko antolatu zena. Horren ondoren, bakoitzak egin zezala egin beharrekoa. Pisuan giro lasaia zegoen eta ondo ikasten zen. Paulina eta biok, elkarri laguntzeko eta elkarrekin atsedenak hartzeko, ordutegi bateratua jarraitzen genuen, baina asteburuetan norberaren herrira banatzen ginen, indarberritzeko, eta pisua hutsik geratzen zen. Burua lau minuturo joaten zitzaidan, Jonengan pentsatzen, eta azterketa egunetan pozik jaisten nintzen Unibertsitatera, betazpidun eta burua hutsa geratzeko edota galderek ustekabean harrapatuko zidaten beldurrez eta ikasle zintzo eta sistematikoaren paranoia guztiekin izanda ere, harengandik hurbil eseriko nintzelako eta, irten eta gero, berak ez bazuen nik baino askoz lehenago bukatzen azterketa, kafea eta zigarroa elkarrekin hartuko genituelako eta bat gutxiago komentatuko genuelako arinduta, eta baita barre egin ere, biak batera, ondoan inor izan ala ez izan. Historiaren eta geratzen ziren azterketen artean egun batzu genituen atseden pixka bat hartzeko ekain madarikatuan. Izan ere, hurrengoa Teologia zen, moralari buruzko hamabost orri, eta horiek irakurri gabe ere erraza zen azterketa gainditzea, horren “zentzuzkoa” bait zen apaizak irakatsitakoa. Gainera, sei egun genituen prestatzeko. Ikastunenok ere asteburu lasaia har genezakeen, beraz. Paulina eta besteak herrira zihoazten eta, hasiera batean, ni neu ere baina, kafea hartu ondoren, besterik erabaki nuen. Oso pozik zegoen Jone, Lehenengo Gerratea eta ez Bigarrena egokitu zelako eta, horri esker, ia suspenditutzat ematen zuena gaindituko zuelako, eta nota onarekin agian. Pozez txoratzen zegoen eta ospatzeko gogoekin.

-Aizue, neskak, nahi duzuena hartu, nik ordainzen dut. Zer izango da, Sole? Txikito bat bazkaldu aurretik? Barre egin nuen. Paulinari so egin nion. Presaka joateko keinuak egin zizkidan. Ordubateko autobusa hartu nahi zuen eta nirea eta laurdenetan ateratzen zen. Etxerantz joateko esan nion, beharbada nik hurrengoa hartuko nuela, ea zergatik ez zen bera ere gelditzen –aho txikiarekin-, eta berak lepoa jaso eta ezetz esan zidan, bazihoala eta astelehenean bueltatuko zela, eta gero, agur Jone eta Petrari, geratzen zirenak. -Beltza, beraz- esan nuen. Eta mementua bukatu arteko parentesia ireki nuen, itxiko nuen gero, Jonek aldegiterakoan, eta arratsaldeko edo zena zelako autobusaz arduratuko nintzateke orduan. Bi edo hiru edo lau ardo hartu genituen baina zerbitzariek gaiztotasunez begiratzen ziguten eta, hitzik esan gabe, Nafarroako Unibertsitatea, hamar ateratzeko azterketa eginda ere, ez zela mozkortzeko lekurik aproposena gogoratzen ziguten. Aldendu ginen, beraz. Gogo biziz, zera galdetu nuen: -Eta orain, nora? -Ez dakit zuek baina ni, etxera, zerbait hartu eta lo egitera. Lan egin behar dut gaueanesan zuen Petrak. Jonek ere hoberena etxera joatea zela erabaki zuen, baina baita gauean Petraren lantokira bisita egitera joan gintezkela ere, bertan zerbait hartzera; niri izugarri idei ona iruditu zitzaidan, eta ez nuen gurasoen etxera joateko asmoaz ezer ere aipatu. Asteburu osoa geratuko nintzen agian, azken finean, hainbeste liburutaz hustu beharra neukan eta gauak itxura ona zuen.

Esnatzerakoan deitzekotan geratu zen Jone. Petraren etxean ikasten emana zuen gau guztia -berarekin festetarako ezezik liburu aurrean ere begiak irekita mantentzeko pizgarriak konpartitzen zituen- eta arratsalde osoa lo egiten pasatuko zuen. Horregatik ez nintzen kalera ateratzeko ordua hurbildu arte deitzera ausartu. Sofa gainean etzango nintzen, telebista ikusten eta loaren etorrera itxaroten. Haren beharra nuen, izan ere, lo egina nuen gauean baina gutxi eta gaizki, azterketa bezpera guztietan bezala. Ahalegina burutu ondoren leher eginda baina askatuta bukatzen nuen beti eta eguraldiko aurrerapenaren musikatxoak lotara eramaten ninduen berehala baina, betazalak erori eta eguzkiak leihotik berotzen ez zuela deskubritzen esnatu arteko ordu haiek salto batean pasatzeko hainbeste behar nuen arratsalde hartan, ez zen modurik egon. Begiak milaka aldiz itxi eta beste hainbestez ireki nituen, astunak sentitzen nituen baina ez zuten zorioneko klikik egiten. Burura ekartzen nuen Jone, berarekin egoera erromantikoak asmatzen nituen begiak itxita, telebistaren soinua jaitsi nuen, itzali eta berriro piztu, ohean etzan nintzen, etxea inoiz baino isilago zegoen... ez dakit, zerbait nahi denean ... Arratsaldeko zazpiretan lozorro hartaz nazkatu nintzen eta dutxa hartu nuen. Gauean zer jantziko nuen pentsatzen hasi nintzen. Armairua ireki eta arropa dendeei denbora gutxi eskaintzen diedala eta soinean janzki bat baino gehiago eraman behar dela gutxitan pentsatzen

dudala aitortu behar izan nuen. Beno, jakina da bakeroak denekin ados doazela. Bakeroak beraz eta goian? Kamiseta, noski, baina zein? Nola jantziko zen Jone? Gelara joaten ohi zen bezala, ziur aski ez, bera bai dendetara joaten zela eta soinekoak erosten zituela, ziur. Nola joan zen azkeneko festara? Soinekoarekin, noski, egia da. Beno, eta zer? Ez dagoenean ez dago. Nire kamiseta gustokoena, panpin bat marraztua zuen urdin estu hori, nahiko modernoa zen eta gelara inoiz ez nuen eramaten eta berak gustokoa zuela esan zidan hori... Berriro berdina? Nire bigarren kamiseta gustokoena begiratu nuen, laranja, jantzi nuen... ez, urdina, ze arraio! urdina. Bakeroak, kamiseta eta botak, bai, jaietara eramaten nituen botak, punta borobila duten bota ponpox eta modaz inoiz pasatzen ez diren... ziur? Beno, azken finean, okerrago zen zapatilekin joatea, horiekin bai geratuko nintzela ume... Laburbiltzeko: kamiseta, bakeroak, botak eta larruzko zamarra... negukoa oso, jaka gorri txanoduna hobe? Gerrian lotuta erosoagoa da, jakina, larruzkoa oso goian lotu behar baita mahukak heltzeko. Zergatik Jone eta, neurri askoz ere haundiagoan, Petra bezalako neskak ez dira inoiz gauza hauetaz arduratzen? Dotore ateratzen dira zorroa eta guzti, eta gero, enbarazu egiten badie ba, kexatuko dira edo galduko dute eta gehiago kexatuko dira eta gauez ateratzeko poltsikoak eta galtzerdiak behar dituen ni bezalako jende praktikoa nazkatuko dute. Barrezka begiratu nion nire ispiluko aurpegiari, Petra gogoratzen. Ikasgelako azkeneko festa hartan hankutsik itzuli zen etxera. Ez zen oso dibertigarria izan orduan, ikaragarrizko mina zuela oinetan eta dirutza kostatu ziotela orain eskutan apurtuta zeramatzan botek milaka aldiz esan zigulako Paulina eta bioi San Juan auzora elkarrekin bueltazen ginen bitartean. Telefonoak jo zuen orduan. Jone zen, nik uste baino lehenago, nire etxera zuzenean zetorrela Alde Zaharrera elkarrekin joateko. Zoragarri! Baina... afaldu gabe nago –pentsatu nuen. Baina, beharbada bera ere afaldu gabe etorriko zen, eta ez nuenez berak mauka-mauka harrapatzea nahi, hozkailura ea zerbait eskaintzeko nuen begiratzera joan nintzen –zelako tristura hura ireki nuenean!-. Botak lotzen nituen bitartean asmatuko nuela erabaki nuen. Bere larruzko txupa marroiarekin, eta bakero zakarrekin, eta -jainko maitea!- oihan basatien eta ez dakit buruan piztu zitzaizkidan zenbait tontakeriko usainaz bere ile askatuarekin iritsi zenean, eta sukaldean zigarroa erre genuenean, kalera jaitsi baino lehen, larruzko jakarekin azkenean, hotz egingo ote zuenaren beldur, eta kalean ikusi nuenean nire burua, afaldu gabe nengoela ahaztuta nuen erabat, jateko gogorik ez, bakarrik parranda egitekoa nuelako. Hurrengo egunerarte afaldu gabe ateratzearen ondorioaz ez nintzen jabetu, baina ziur nago hori izan zela horrenbeste eta horren gaizki mozkortzearen arrazoi nagusietako bat.

Hondamendia goizeko lauretan edo bostetan gertatu zen, gutxi gora behera. Gaua ederki zihoan, niretzako behintzat.Tabernaz taberna Jonerekin solasean, kañak hartzen eta gero eta animatu eta berritsuago, umeek bezala gozatu nuen. Niretzako bakarrik nuen Jone, ez ginen ezta Petra ikustera joan azkenean eta, nahiz eta gaueko zenbait mementutan hortaz ohartu, lotsa ematen zidan arren, ez akordatzearena egin nuen, ez ikusi nahi ez nuelako, Joneren atentzioa lapurtuko zidanaren beldur nintzelako baizik. Berak proposatzen bazuen, ados –pentsatu nuen-, baina bitartean... zertarako Petrarekin konpartitu, Jonerekin bakarrik egotea baldin bazen

mundu honetan gehien desiratzen nuena? Berari ere ez zitzaion bururatu, oso gustora edo beharbada mozkortuta zegoelako, era batera edo bestera, taberna bakoitzean biontzako egin genituen barra txokoetara ez zion inori hurbiltzen utzi. Zakarkeriaz uxatzen zituen mutilak, eta nik barre egiten nion, baina pixka bat izututa: alde batetik, haien erantzunagatik, eta bestetik, Jone beragatik ere. Izan ere, haren begietan galanta edo jatorra irudituko balitzaio mutilaren bat, bere jokabidea bestelakoa izango zatekeelako, eta akabo gure txokoa! Baina hori ez zen gertatu azkeneko tabernara iritsi ginen arte. Nahiko ezaguna zen Jone hartan, beti han bukatzen zuelako ohiko ziren beste batzuekin, pertsiana jaitsi eta gero. Bere begirada distiratsura ohituta nengoen ordurako. Zuzenki begiratzen zidan, irribartsu, eta liluratzen ninduen. Sentzazio atsegin horietan murgilduta, begi marroi baina oso argitsuak -horiak ia ia- horiek arakatzen nituen, miraria posiblea bailitzan. Keinu bat, ez oso zuzena beharbada baina bai pixka bat zalantzagarria, egitera nihoanean baina, barruak nahastuta sentitu nituen eta korrika joan behar izan nuen komunera. Itzultzerakoan -zorionez ez nuen botaka egin- gaueko xarma galdua zela konturatu nintzen. Tipo harroputz batekin berba oso animatuan ari zen Jone. Zatarra zen tipoa, baina nahi duen guztia lortzen duenaren ziurtasuna nabari zitzaion. Joneren ondoan eseri nintzen, tipoaren beste aldean, eta horregatik ez dut uste ikusi ninduenik, nik nahi nuen bezala. Oso minutu luzeak igaro nituen, Jone buelta noiz emango, edo, nola edo hala, gaua berriro edozergatik niretzako dibertigarria bihurtuko zain. Jada oso baju entzuten ziren kitarra batzuren erritmoa zabuka jarraitzen zuten mozkor batzuei begiratu nien, erdi hutsik zegoen barrari bizkarra emanez, diskoak ordenatzen zituen zerbitzariari begiratu nion, eta, batez ere, Joneren adats luzeen atzean erdizka ikusten zen tipoari begiratu nion, bere begirada zikinari, nire lagunarengan tinko, irentsiko zuela ematen zidan. Nire burua ikusi nuen eta patetikoa ikusi ere, nire kaña berotua zurrutaka edaten, pixka bat gehiago iraun zezan; azkeneko zurrutada, zapore txarreko eta oso gaizki erori zitzaidan hura, eman behar izan nion arte. Orduan bai, adore nahikoa bildu nuen Joneren atentzioa deitzeko. Sorbaldan ikutu nuen leunki eta buelta eman zuen, ezustean hartuta, aurpegia pozik: -Sole..! Zer duzu, Sole?- Esateko era hain gozo eta kezkatuta izan zen, oraindik jostalari baina bapatean xamurra eta serioa ere, ezin izan niola barrukoari heldu. Iritsiko ez zena itxaroten egoteak sortutako egonezina, bakardadea, porrota, joan nahi gabeko joateko gogoak, begirada galduak, eta ez dakit nik zenbat emozio esanezinek –horrela sentitzen bait nituen garai horietan- gora egin zidaten eta eztarrian lotu, eta ezin izan nuen ezer adierazi, nahiz eta zerbait esan nahi izateko aurpegia izan; segundu bukaezin pare batez isilik geratu nintzen, berriztatu nintzen arte. Nire egoera disimulatzeko irribarre erdia marraztu eta ahots erlatsez zera esan nion: -Banoa etxera. Eta bera berriz, eta orduan mutila behin betiko bigarren plano batean geratua zela, Jone ez zuela segundu batez buelta eman berehala mutilarekin itzultzeko, berriro nirekin, begietara begiratuz, zegoela konturatu nintzen:

-Zer duzu, Sole? Ai, Sole..! Badakit zer duzun-. Eta eskutik heldu ninduen eta aterantz eramaten utzi nion, eta bertan, pertsiana jaitsita eta tabernaren sarrerako kristalezko atearen artean, erdiko leku ilun horretan, egingo genuena biok jakinda, besotartean estutu ninduen eta zera galdetu zidan: -Muxu eman nahi didazu, ezta? Eta nik, ozta-ozta: -Bai. Eta orduan, bere besoek gerria inguratzen zidatela, muxu eman zidan, eta nik burua hartu nion eskutartean, lepoa eztiki laztanduz, belarrien atzetik, inoiz imajinatu ez nuen bezala, gau hartatik eta ondoren bizi izan ditudan beste gauetatik hoberen oroitzen dudan estreinako modu batez. Muxukatzen utzi nion eta bere ezpainen ukitua eta mingainaren sarrera jaso, eta pozak txoratuta eta kontrolik gabe sentitu nuen nire burua, eta, aldi berean, gertatzen ari zenaz oso jabe: hura zela neska batek ematen zidan lehenengo muxua eta Jone zela neska hori eta hori zela une hartan gehien desiratzen nuena. Horregatik, bere aurpegia nirearengandik bereiztu zenean, irribartsu begiratu nion, segundu bakar batez, berriro ere oso estuki besarkatzeko, besarkada horretan betirako geratu behar genuela ematen zuelarik. Baina berriro banandu ginen, edo bera niregandik, edo ni beragandik, bost axola zitzaidan niri orduan, hura inolako bukaera zenik ez bait nekien, eta konfidantza osoz, umeak bakarrik fidatzen diren bezala, oraindik gaua eta besarkatzen jarraitzeko astia geratzen zitzaizkigula uste nuelako. Eta Jonek orduan, eskutik helduta, hartara eraman baino lehen jarri zidan aurpegi jostari berdinaz, ezer aldatu ez bailitzan bezala –ni ez nintzen une hartan konturatu-, zera esan zuen: -Mutil batekin egitea bezala da. Eta esaldi ulertezin hura entzun eta gero, pentsatzera bultzatu behar izan nuen nire burua eta hitz horiek zientifikoegiak ematen zutela onartu, ez zutela zer ikusirik nik jasotako muxuarekin, beraz ondorio berdina atera behar izan nuen: baietz, fisikoki berdin berdin zela mutil edo neskekin, eta horretarako, zenbait mutili emandako musuak gogora ekarri behar izan nituen eta ez zidan grazia izpirik egin hortan pentsatzeak, eta biziki haserretu zitzaizkidan barruak, nahiko nahasiak eta oraindik Joneren laztanen egarri zeudenak. Pertsianara hurbildu zen eta igotzen saiatu –ez zegoen guztiz jaitsita- eta tipo bat etorri zen –aurrean izanda ere ez nuen bereizten, begiak ez nituelako Jonengandik kentzen- eta pertsiana igo zuen eta igota eduki, atea kanporantz bultzatuz bere besopetik atera gintezen. Kalean ez zebilen inor. Esnatuta geratzen zirenak taberna barruan zeuden. Gu biok bakarrik. Gaua zen oraindik, baina ez erabatekoa, guztiz beltza ez zen, zeruan egunaren etorrera somatzen zen, eta hotza egiten zuen, eta nik Joneren ondora hurbildu nahi nuen, edo, hobe esanda, bera niregana hurbiltzea nahi nuen, kokatua sentitzeko, galduta eta noraezean ibili beharrean, bere gorputzetik zein distantzitara jarri jakin gabe. Batera ibili ginen, nahiko gertu baina ikutu gabe. Ni pixka bat moteltzen nintzen, atzerago geratzeko, ea Jonek buelta ematen zuen eta aurpegira begiratzen zidan. Ez nuen lortzen eta, nire begiak ikusten ez zituela, begiratzen nion, oraindik irribartsu, norabaitera ninderamala uste nuelako. Toki batean geratuko ginen eta orduan mutil batekin egitea bezala da esandako hori

baino beste edozer esango zuen, ordurako ahaztuta banuen ere –nahita ahaztuta-, edo ez zuen ezer esango, hitzez –diot-, eta berriro berarekin egongo nintzen, gertu, oso gertu, era batera edo bestera, momentu hartan asmatuko genuen erara. Kaleko, etxeko atariko edo bere logelako -hori urruti xamar zegoen baina agian beharrezkoa zen bertaratzea- edozein bazterra biontzako paradisu pribatua bihurtuko genuen. Eta horregatik, azkarrago ibiltzea erabaki nuen. Paretik begiratzen nion orain eta bere aurpegia ikusi nuen, nekatuta zeukan, begietan distirarik ez. Plazara irten ginen eta orduan, muxu emateko itxi zituenetik lehengo aldiz begiratu zidan: - Taxia hartuko dut etxera joateko, zuk?- esan zuen. Gaueko bukaera hura ezin zitekeela onartu gabe, zalantzan egon nintzen une batez, zera esan baino lehen: - Ez nuen etxera joateko asmorik, goiz da oraindik... Nahi baduzu... zurekin joan naiteke? - Ados... Eta horrek zer esan nahi zuen? Bere etxera ala taxi berdinean nirera joan nintekeela? Komeni zen gonbidapena bultzatzea? Mementuz, hobe ezer ez esatea eta lehenengoarekin jarraitu nahi izango zuelako itxaropena mantentzea. Beharbada kotxean animatuko zen... Taxia hartu genuen, beraz. Atzekaldean eseri ginen biok. Eserlekuaren gainetik luzatu nuen besoa, Jone atzetik inguratzeko, berak hurrengo pausoa emango zuelakoan, eta egin zuena zera izan zen: hankak aurreko eserlekurantz luzatu, ia etzanda jarri, eta zenbateko neke eta logurea zuen esan. Besoa jaitsi nuen orduan, lepoaren atzetik igaroz, eta berak begiak itxi zituen eta burua leihoan ezarri, nigandik urrunen zegoen tokian, nire besoa jarrera absurdoan geratzen zelarik. Kendu nuen, beraz, eta esan: -Mutil batekin egitea bezala, ez da hala? Baina ez zuen ezer erantzun, begiak ireki ere ez. Berriz saiatu nintzen: -Ez dut uste. Zer aposta mutil batekin... Begiak ireki eta oso erne begiratu zidan bapatean eta beldurra eman zidan. Bide hortatik, gaizki, ohartzen ari zitzaidan. Ez nuen ezer lortuko, zerbait lortzerik baldin bazegoen. Haserretzen hasia nintzen, bukatu al da? Akabo froga? Esaldia zakarki bukatzeko gogoa nuen, taxistari gelditzeko eta jaisteko esan eta oso dramatiko jarri, bera ere jaitsi zedin eta zerbait, zerbait atsegina, erotikoa izango ez ba zen ere, esan ziezadan azkenean... baina itxaroteko astia nuen oraindik, bidea geratzen zen eta agian... bukatu baino lehen... azken finean, berarekin joatea onartu zuen... nora? Baina, dirudienez, muga gainditua nuen, zeren eta salto egin zuen. Nik ezagutzen ez nuen baina oso ondo ziztatu nion amorru ezkuturen batek berotuta, ahotsaren doinua haserreturik, zera esan zidan: -Mutil batekin... zer?! Eta ezin izan nuen ixilik egon, joku gogorraren aldeko apostua egin nuen, galtzaile ni aterako nintzela ohartu gabe, ni nintzelako bestea desiratzen nuena, eta agian horregatik, ez nuelako nahi berak adarra jotzerik:

-Etxera joateko hainbeste gogo ez zenituen izango...- horretaz ziur ez nengoenez dudan gelditu nintzen segundu pare batez, baina gogotsu bukatu nuen –bakarrik, behintzat. -Zer demontre esan nahi duzu? Gauza ez da nik txoriburutzat nuenik. Egia esan, hori, kontzienteki behintzat, ez zait inoiz iraina iruditu. Izorratzen zidana zera zen: nirekin ez zuela etorri nahi, hori zen dena, baina, beharbada, haren sentikortasuna, nik ez nekien zerbaitengatik, mindu nuen, edo, okerragoa zena, nire erruki emateko estrategiak nazkatu zuen, edo auskalo. Ez nengoen ni analisiak egiteko, nengoen bezala, ametsa jarraitzeko irrikitan, nahiz eta besarkada hautsita izan aspaldidanik eta kaleko hotzarekin bakarrik egon, gure arteko hotzarekin bakarrik. Ez nuen asmatzen hitz errazenak esaten, ezta isiltzen ere, amets hartatik jaiki berriko amorruari bidea emateko gauza nintzen bakar bakarrik. -Zuk mutilekin nahi duzuna egiten duzu, ez da hala? Denak zure esanetara edukitzea dibertigarria izango da, ezta? Besteetaz hitz egiteko era ederra! -Zer uste duzu?! Zer dela eta esaten didazu hori?! Zer axola zuri egiten dudana?! Nor zarela uste duzu nitaz aritzeko? -Ez, inor ez. Ez naiz inor-. Oraingo honetan hitzaldi patetikoa bota nuen, ai, ze nolako teknika nirea! Dena pikutara joana ez zen horregatik, ezta etxerako bidean esan nituen txorakeri guztiengatik ere –bukatua zen Joneren esperimentua eta kitto-, baina ziur nengoen imajina daitekeen baino askoz gehiago sartu nuela hanka, agian beste era batera gertatu izan zitezkeela gauzak, nik espero nuen samurtasun osoz ez ba zen ere, bai agur adiskidetsu batez edo oroitzapen polit edo dibertigarri bat konpartituta. Ziurra da nik ez nuela liskar honen guztiaren errua izan, baina zein gaizki geratu nintzen gero, narras eta poto eginda, haserre, maitemindua, nire buruari Jone neska nazkagarri eta harroa zela eta besteon sentimenduekin jokatzen zuela milaka aldiz esaten nion arren... Baina okerrena zera zen: negarra eragiten zidan nahaste honen guztiaren erdian gauza bakarra bereizten nuela, lotsagabe, makerra, interesatu, erasotzaile, mozkor eta, jakina, lesbiana izatearen erruduntasunaren sentimendu astun eta aintzinakoa.

Ez dakit nola baina azkenean loak harrapatu ninduen goiz hartan. Gau hark gehiago iraun izan balu, tabernako ateen artean Jone eta biok besarkaturik, elkar muxuka, gainontzekoa ahaztuta -mundua, logurea, nekea, taxista...-, denbora luzez geratu izan bagina, batez ere, eguna inoiz etorri izan ez balitz..., bere kuriositatea eta nire desioa elkartu zituen horditasun hartan geratu izan bagina, inoiz elkarrengandik banatzeko beharrik gabe... Guztiz jaitsi nuen pertsiana, argi izpirik sar ez zedin, gauak oraindik zirauenaren itxura egiteko eta horrela loari engainatzeko, lehenbaitlehen irits zedin. Gora begira etzan nintzen. Paulinak oparitu zizkidan ilargi eta izarretako eranskailuak jarrita izan banitu, begiratzeko zerbait izango nukeen, baina iluntasuna besterik ez zegoen. Begiak itxi nituen, Joneren musua oroitzen saiatu nintzen, baina ihes egiten zidan jada, mozkorregi nengoenean harrapatu zidalako eta denbora gutxi barru,

lepoan, belarrien atzetik, laztandu izanaren sentsazioa bakarrik geratuko zitzaidan. Tximistak bezala etortzen zitzaizkidan bere begi haserretuak, taxian gertatu zen liskarran ikusitakoak eta, hauek atzera uzten laguntzen, loa etorri zen, ametsik gabeko lozorroa, eta hortan, azkenean, bakarrik geratu nintzen.

Paulina asteleheneko hamarrak aldera iritsi zen. Zain nengoen, gogorik gabe, ezertarako gogorik ezbait nuen, baina itxaropentsu. Ikasten jarriko ginen biok batera, eta bere erritmoa jarraitzera behartuko ninduen, eta nik nire indar guztiez, indar gutxi izanda ere, onartuko nion, eta aurrera jarraitzen lagunduko zidan, ondokoarekin goldea aurrera bultzatzen duen idia bezala. Sukaldean, pijama jantzita aurkitu ninduen, bera etorri arte ez bait nuen ikasteko asmorik. Guztia kontatuko ginen lehenengo eta gero, lanera. Ni ikusteaz eta hain ondo pasatu izanaz irribartsu begiratu zidan. Ikasten ez zegoen adiskide bakarrarekin atera zen eta honek gogotsu hartu zuen, noski, eta egundoko parranda egina omen zuten biek, eta, gainera –nola ez nuen begietako distira horretan ikusi?- norbait ezagutu zuen. -Ez dakit zerbait ikasteko gauza izango naizen gaur... Txoratuta nago. Eskerrak Teologia dela... Irribarrez begiratu nion. Asko pozten zidan horrela ikusteak. Teologiari izorrai! Beheko tabernara edo Parkeko Kafera joango ginen gosaltzera eta bertan den dena kontatu behar zidan. Larunbat gauean gertatu omen zen, hilabete batzu lehenagotik gustatzen zitzaion mutil batekin. Baina mutila txiki txikitatik neska batekin ateratzen zen, eta horregatik Paulina ez zen inoiz hurbiltzera ausartzen, ederra iruditzen zitzaionik ezta inori ezer esatera ere, besteek zerbait asmatuko ote zutenaren beldur. Baina asmatu zuena mutila bera izan zen, eta, andregaia Valladoliden azterketak burutzen ari zela, mozkorra zegoenez zer egiten ari zen ez zekiela, eta Paulina etxera bazihoala kasu, bidea elkarrekin egitea eta atarira iritsi aurreko parkeko zuhaitzen artetik Paulinaren gogoa asetzea deliberatu zuen. Isilean gorde nahi zuen Paulinak, baina ezin. Nik entzuten nion, kezkatuta orain mutila nor zen banekienean eta beharbada dezente sufriaraziko ziolako nire lagunari, neskalaguna utziko ez zuenik ezta gaueko apeta besterik zenik ez omen zuelako esan mutilak. Eta xehetasunak ematen aurrera zihoala, ahulduz joan zitzaion ahotsa Paulinari, eta mutila izan zela hasi zena ziurtatu zuen, eta hobe zela ametsik ez egitea, eta begiak tristetzen zitzaizkion, eta zera gehitzen zuen: -Ondo pasa dut gero!- Baina ez zen erabat animatzen, eta ilusioa ere ez zitzaion erabat joaten, eta hori zela eta ez nion goizegi desengainatuko zukeen ezer esan. Tipo hori Paulinaren balioaz ohartu eta berataz maitemin zedin erregutu nuen, edo beste norbait ager zedila, eta hau baino zintzoago izan zedila. -Jakina, Paulina! On egin dizu! Ondo pasa duzu, ezta? Ba hori da garrantzitsuena. Ikusiko dugu. -Eta zu, zer? Zer moduz asteburua?

Nire asteburua... Ezusteko kasualitate bati esker geratua nintzela nire amodio platonikoarekin esango nion, kañak batera edan genuela taberna paradisuaren bazterra bihurtu arte, bere ezpainak dastatu nituela eta paradisu horren barruan ematen nuela nire burua eta gero handik kanporatuta izan nintzela, biluzik, lotsaz eta amorruz beteta, eta baita istorioa jarraitzeko itxaropenik ez zegoela ere, eta egunero ikusiko behar nuenez, pila sufrituko nuela. Egunero? –moztuko zidan Paulinak, eta nik gelako norbait zela esan beharko nion, edo, agian, ez zen ohartuko edo nik ez nuen xehetasunik emango, pertsonai bat asmatuko nuen, edo ez nuen inolako erreferentziarik emango, ezta neska zela ere, dena esplikatu behar ez izateko, hasieratik, nire sekretutik hasi behar ez izateko, edo isilduko nintzen eta ez nuen piperrik ere esango. -Nire asteburua..? Bere izena, neskaren izena, ahoskatzeko gai izango al nintzen? Jonerekin eta ez beste inorekin geratu ahal izateko, pisuan bakarrik geratzea desiatu nuela aitortzen hasiko nintzen -Jonerekin, bai-, berarekin ametsetan egona nintzela azkenaldi hartan, ez nuela ezer gertatu behar zenik uste baina musu eman geniola elkarri eta desiratu nuela eta berak ere desira nintzala espero izan nuela eta, hala eta guztiz ere, berak probatu besterik ez zuela nahi, eta apur bat bakarrik, eta baztertu ninduela gero, errierta izan genuela, eta lur jota nengoela. Baina zati honetara iritsi baino lehen, nire ametseena argitu beharko nion, min egiten zidala gertatutakoak niretzako ez zelako froga huts bat, maiteminduta nengoela, eta nire gorputz osoa Joneren gose zegoela, lehenago ere beste neske batzuen gose egon zen bezala. Neskak gustatzen zitzaizkidala adierazi beharko nion hasieratik, filmaren hasieran erronboak jartzen dituenaren antzera, baina erronboek leku handiegia hartuko zuten pantailan eta Paulinak ez zuen besterik ikusiko, eta ez zen nire larunbateko tragediaz arduratuko, edo beharbada, bai, edo nire sekretuaren dramarekin nahastuko zuen, edo belarriak itxiko zituen eta ez ziola axolarik erabakiko zuen, nire burua lesbiana bezala aitortu baino lehen gauzak errazago zirelako, edo, agian, ulertu eta kontsolatuko ninduen eta kemena emango zidan, nik berari eman nion bezala. Aztarnak bilduko zituen gero, gelan aurrerantz ezarrita nola jartzen nintzen gogoratuko zuen, galderak egingo zizkidan, Unibertsitatean lasai egoten lagunduko zidan. Edo gainontzeko pisukideengana alboratuko zen gero eta gehiago, ni bazterrean utzita, Jone, Petra eta haien lagunen atzean, baina haiengana hurbiltzeko ilusiorik gabe, beldurra ere barneratuta, betirako atzeraka jarrita, eta Paulinarekin nituen hika-mika eta txantxetara itzultzeko aukerarik gabe. -Nire asteburua? Beno... ez dakit zertarako geratu naizen. Ez dut ezer egin, alferrontzi bat naiz. -Atera al zinen? Baietz esatea pentsatu nuen, Jonerekin atera nintzela, baina, Joneri zerbait esaten bazion, zer? Nola erantzungo zuen? Beldur ikaragarria nuen, nirea eta ez beste inorena zen beldurra, ametsgaiztoena bezalakoa, denbora pila pasatu arte desagertuko ez zen beldurra, azkenean esnatzen zarenean eta denak bere tokian dirauela ohartzen zarenean bezala. Baina oraindik ez zen garaia eta ez nion Paulinari ni negarrez ikusten utzi nahi.

-Ez, ez nintzen atera-. Hori gezurra zen. Ez nuen gezurrik esan nahi, baina behartuta ikusi nuen nire burua, Paulinak behartuta. Amorrua eta lotsa bikoiztuta itzuli zitzaizkidan. Lehenbaitlehen bukatu nahi nuen horrekin. –Etxera joaten bagara? -Benetan? Zergatik jartzen zidan horren zaila? Denbora emana nion animatzen, ezta? Bere herriko kabroiarekin bizitako istorioaz hitz egiten jarraitu nahi omen zuen. Tipo harroputz eta matxista zen ziurrenik eta ez nuen Paulinak jartzen zizkion begi samurrekin begiratu nahi. Ahaleginak egiten nituen begi horiek ez ireki arazteko eta bizitza kaka zaharra zela eta inork ez zuela tutik ere ulertzen eta horrelakoak esanez ez lehertzeko. Baina Paulinari begiratzen nion eta ezin nion ezer ukatu. -Bale. Bazkaldu eta gero jarriko gara lanean. Goazen Taskara! -Primeran-. Kezkati begiratu zidan Paulinak. –Ondo al zaude? Nahi baduzu, etxera joan gaitezke... -Ez, lasai. Ez dut lo askorik egin, aldatuta daukat erritmoa. -Hori da dena? -Asteburu guztia pikutara bota dudalako nago horrela, baina lasai, ez da ezer. Zer, bagoaz? -Bai, goazen. Taskara joan ginen eta gero, etxera. Lokuluxka egin nahi izan nuen bazkalostean baina ez zen modurik egon. Ez dut uste Paulinak ere lortu zuenik.