You are on page 1of 3

HASI IDAZTEN: SARRERA

Jo dezagun euskaltegian honako idazlan hau egitea proposatu dizutela: idatzi


herriko aldizkari batean, trafikoari buruzko iritzi artikulu bat, administrazioak edo
dena delakoak hausnar dezan.
Beno, bada, lehenengo eta behin eginkizuna gehiago zehaztu beharko dugu.
Hara:
– ‘Herriko aldizkari batean’dio. Zein herritako aldizkarian, ordea?
Berdin idatziko al zenuke Barakaldoko herri-aldizkarian ala
Elgoibarkoan? Erreferentzia berberak erabiliko zenituzke? Batak eta
besteak ezaugarri berdinak eta antzeko irakurleak dituzte?
Garrantzitsua da oso, zein izango den hartzailea eta idatziko dugun
medioak dituen ezaugarriak zehatz azaltzea.
– ‘Trafikoari buruzko iritzi artikulu bat’dio. Testugintzari buruzko
informazio zuzena ematen digu baina gaia ez al da zabalegia? Ez al
genuke apur bat gehiago zehaztu beharko: adibidez, trafikoak
eragiten dituen hildakoak edo trafikoa dela-eta, egunero galtzen
dugun denbora edo gai honi buruz Barakaldon hartu diren azken
neurriak edo… Hobeto gaia bere osotasunean hartu beharrean, apur
bat zehazten baduzu.
– ‘Administrazioak edo dena delakoak hausnar dezan’ dio.
Garrantzitsua da honetan ere gehiago zehaztea. Agian, oso
desberdin idatziko baitugu, administrazioari hausnarrarazi nahi
badiogu edo gu bezalako hiritar bati.
Honen azpian dituzu gai hori bere horretan hartuta idatz daitezkeen lau sarrera.
Irakur itzazu:

Asko eta gehiegi


Lan istripuek eraginda, 112 pertsona hil ziren iaz Euskal Herrian. Ehun eta
hamabi… hotel bat betetzeko adina langile. Asko dira asko. 1.700 pertsonatik
gora hiltzen omen ditu HIESak munduan eguneko. Mila eta zazpiehun… frontoi
bat lepo egiteko beste. Asko dira asko. 2. 992 pertsona zendu ziren egun
bakarrean New Yorkeko atentatuan. Bi etxe-orratzerraldoitan zeuden ia guztiak.
Asko dira asko. Bada, 3.000 bidaiari akabatzen ditu errepideak egunero. Pentsa
egunero errepikatzen dela New Yorkeko sarraskia mundua zeharkatzen duten
errepideetan. Hildakoak ez dira asko, gehiegi baizik.

Hiltzaileak
Ikusi berri dut, asteburuko prentsan hain zuzen, iragarki bitxi bat. Bertan,
Mansonek , Sharon Tate-ren hiltzaileak, eta Oswaldek, Kennedyrenak,
begietara begiratzen zidaten, afitxean lekutxoa egin nahian bezala… nori eta
neuri! Zirrara itzela sentitu nuen. Baina zirrara hotzikara ere bihurtu zitzaidan
iragarkiaren leloa irakurri nuenean. Alegia, zera zioen: orduko 140 kilometrotik
gora bazabiltza, ez duzu bizitzarekiko hauek baino errespetu handiagorik. Zer
pentsatua eman zidan iragarkiak. Trafikok egiten dituen kanpaina hauek
direla-eta, ohituta nengoen neure burua biktimatzat hartzen, baina hiltzaile ere
izan nintekeela ikusi nuen, hau da, Sharon Tatek edo Mansonek berak gida
zezaketela nire autoa.

Errosario eta San Bartolome


Aldizkari honetako albiste labur batek zioenez, urtarriletik aurrera San
Bartolome kalea oinezkoentzat utzi eta Errosariokotik bideratuko omen ditu
autoak udalak. Merkadilloa lekuz aldatzea erabaki zuenetik, ez du udalak hau
bezainbesteko neurri eztabaidaturik hartu. Hautsak harrotu dira Elgoibarko
kaleetan. Pozik ikusten ditut San Bartolome kalekoak; haserre, aldiz, Errosarion
bizi direnak, urtarriletik aurrera prozesio luzeak izango dituztelakoan.
Txanponak bi alde dituela, alajaina, baina hiritarroi begira egokiak al dira
honelako neurriak?

Trafikoa
Astebururo, astebururo badira 12km eskas egiteko ordubetetik gora behar
duten gidariak. Arazoa areagotu egiten da gainera hiri handietako gidarien
artean. Ez da makala hauek behar duten pazientzia. Gobernuari edo udalari,
kasuan kasu, dagokio neurri egokiak hartzea arazoa saihesteko. Nire ustez,
ezinbestekoa da arazo honi irtenbideren bat bilatzen saiatzea. Eta
lehenbailehen gainera. Zeren eta, arazoa edozein delarik ere, zenbat eta
lehenago konpondu guztiontzat hobeto.

Lau sarrera hauetan, hartzailea kontuan izanda, idazleak oso erabaki


desberdinak hartu ditu: lehenengoan, hartzailea kopuruaren handitasunaz
jabetzea nahi izan du; bigarrenean, izua eragin; hirugarrenean, herri zehatz
batetako irakurleekiko hurbiltasuna adierazi; eta, laugarrenean… Ai,
laugarrenean! Ez du inolako erabaki estrategikorik hartu, hizkuntzari bakarrik
erreparatu diolakoan nago. Sarrera horrek nekez beteko ditu, lehenagoko
batean aipatu genituen hiru ezaugarriak: arreta erakarri, aurrera egiteko gogoa
piztu eta zure aldeko jarrera sustatu. Sarrera hori ondo dago zuzentasunaren
aldetik, baina komunikazioaren aldetik, eta komunikatzeko idazten dugu, gatzik
gabea da, apenas ezer esaten duen.
Orain zeuri dagokizu idazten hastea. Hartu berriro ere eginkizun-orria eta
erabaki nolako sarrera egingo duzun, zer eragin nahi diozun hartzaileari, nola
lortu ahal duzun bere arreta erakartzea, aurrera egiteko gogoa piztea eta zure
aldeko jarrera sustatzea. Halaber, erabaki lehenago idatzitako tesia sarreran
txertatuko duzun. Erabaki horiek guztiak hartutakoan, ekin sarrera idazteari.