Gaur egun, hirien garapena funtzioen antolaketa txukun, argi eta garbi batean oinarritzen da.

Gizartearen hazkundeari erantzuten dion hirigintza sisteman. Lurzoruak funtzio ezberdinetako gunetan banatzen duen sistema:

Pribatutasuna eta atsedenaldiari erantzuten dioten etxebizitza blokeak. Isiltasuna eta
baretasuna eskaintzen diguten guneak. Erosketak egiten ditugun bitartean aisialdi guneak izan ditzaketen merkatal zentroak. Gure seme-alabak galdu edo busti ezingo diren espazio seguru eta itxiak. Hau bai lasaitasuna! Unibertsitate-gunetan barne, gizartetik at, gazteen ezinegonak, eragotzi gabe, gauzatzen duten espazio urrutiratuak. Kutsadura gure bizi espazioetatik urrundu egiten dugu. Lantokiak berdez inguraturik parke teknologikotan bilakatzen ditugu. Hau bai bizigarritasuna! Funtzio guzti hauek lurzoru gune ezberdinetan argi banandurik. Haien arteko komunikazioen beharrei, gaur egungo gizartearen abiadurari, erantzuten dieten azpiegiturak ezinbestekoak bihurtzen dira. Hau bai azkartasuna!

Hirigintza sistema honek emankortasunari eta ekonomiari erantzuten dio, baina … zer
ahazten zaigu?

Funtzioen banaketa honek gizon, heldu, langile eta auto baten jabeari erantzuten dio. Baina
hirian badaude beste kolektibo batzuk sistemak ahazten dituenak. Ezaugarri hauek betetzen ez duten pertsonei, horrelako banaketek menpekotasuna sortarazten die. Hirian zehar haien eguneroko bizitzan zailtasun ezberdinekin aurkitzen direlarik. Askotan beste pertsona baten zaintzaren beharra sortzen da. Zaintzak eta etxeko lanak ez daukate inongo garrantzirik gaurko ekonomian. Funtzioen banaketak ez du laguntzen lan hauek egiterako orduan. Emakumeak, gehienetan, bolondres, lan hauek garatzen ditu, haren denboran murrizketak eraginez. Ataza guzti hauek gizarte mailan elkar banatu behar ditugu, komunitate ehun zurrun bat sortaraziz. Honetarako auzokideen arteko elkarbizitza ezinbestekoa ikusten dugu. Zer egin behar da auzokideen elkarbizitza garatzeko (gehiago ez izorratzeko)? Eskala txikiko merkatalgoa sustatu, auzoko azpiegitura sarea indartu (kulturalak, zaintza ahalbideratzen duten ekipamenduak, …), eguneroko eginkizun anitzei erantzuten dion garraio publikoa areagotu, auzoko taldeek sortzen dituzten ekimenak bultzatu, historian existitu den auzolana kontutan hartu, … Azken finean, elkarbizitza sortzeko, bertakoak sentitu behar gara. Auzoaren sorkuntza prozesuan parte hartzean espazio honen parte gara, gureganatzen dugu. Honetarako hirigintza egiteko eskala txikitu behar dugu eta parte-hartze sistema errealak planteatu behar ditugu, non, erabakiak, herritar guztien artean hartuko ditugun.

Idei hau garatzeko emakumeok auzoa marrazten proiektua aurkeztu genuen. Momentuz hiru
auzoei eskaini diegu: Honen bitartez, Iralabarri eta Uribarriko emakumeen diagnosia daukagu eta Otxarkoagan otsailaren 2an gauzatuko dugu. Diagnosi honen bitartez, ekimen baten jarduera adostu genuen, ikusitako arazoak auzo osoari plazaratzeko: Iralabarrin garraio publikoaren inguruko ekimena gauzatu genuen ekainean eta Uribarrin urtarrilean, segurtasunaren ingurukoa. Tailer hauek burutzeko auzo elkarteen elkarlanaz gain auzoko talde ezberdinen kolaborazioa izan dugu, eta parte hartu zuten emakumeek ere ezin ditugu ahaztu. Honengatik gure esker anitzak zuentzako. Zuek zaretelako auzoari bizitza ematen dioten ezinbesteko kolektiboak.

DnonA2-ko Aitziber Virgel Mendoza a2ak-ko Gaizka Mendez Alonso