You are on page 1of 20

Belen, Susana, Nora eta Ainhoa Zestoako Haur Hezkuntzako

irakasleak gara eta bertako teknologia berrien erabilera


hobetzeko asmotan gara. Baina ez dakigu zehazki nola, ez
baitugu teknologia berrien kontsumitzaile hutsak bihurtu nahi;
alegia, bestelako xederik gabe teknologia berriak erabili eta
ondorioz horien kontsumitzaile hutsak bihurtzea.

Teknologia berriak irakaskuntza kontruktibista bat


eraikitzeko lagungarri bilakatu daitezke, beti ere modu
kontziente batean erabiltzen baditugu. Aitzitik, gaur egungo Haur
Hezkuntzako irakaskuntza horretan erotzen dela uste dugu.
Teknologia berrien erabileraren nobedade, moda edo itxurakeria
horretan erotzen gara eta lagungarri bihurtu ordez, etsai
bihurtzen zaizkigu. Ez dugu disfrutatzen eta haurrei ere ez diegu
sentimendu hori transmititzen, nahiz eta horretan saiatzen
garen.

Gauzak honela, une oro kontuan izan ditugu ondorengo


puntu hauek:

- Haur Hezkuntzako haurrekin ari garela lanean.


- Amara Berri metodologian oinarritzen dela guk lan
egiten dugun ikastetxea, beraz, arau minimo batzuk
errespetatu behar ditugula.
- Oraintxe bertan kontatzen hasita 22 egun ditugula
(asteburuak barne) proiektu hau hasieratik amaierara
eramateko.

Eta guzti hau hobetzeko asmoz ondorengo jarduera-segida


proposatu dugu:
1. JARDUERA: Okindegira irteera prestatzen.

Gutariko bat kolektiba saioan haurrekin solasean ari dela batek


atzo baserriko ogia jan zuela esan du. Haurrak esandakoa
aprobetxatuz, irakasleak ogia nola egiten den galdetu die. Haurrak isilik
geratu dira, irakasleari aukera polita iruditu zaio ogiaren gaia lantzeko
eta deskantsu garaian beste irakasleekin hitz egin du nola landu
dezaketen eztabaidatzeko, arratsaldean bilera bat antolatu dute.

Bileran adosturikoa:

Herriko okindegira joango dira ogia nola egiten den ikustera.


Bertan, okinak ogiari buruzko azalpenak emango dizkie eta horretarako,
gai honi buruz dituzten zalantzak eta interesak argitzeko irteeraren
aurretik, haurrek galderak prestatu beharko dituzte.

Horrez gain, irteera grabatzea interesgarria iruditzen zaigunez,


LHko telebistako arduradunak gonbidatuko ditugu okindegiaren
guneak, ikasleek egindako galderak, okinak emandako azalpenak eta
ogiaren prestakuntza grabatzera. Bestalde, irakasleak argazki kamera
bat eramango du informazioa jasotzeko eta posible bada haurrek ere
aterako dituzte argazkiak, eurak ere protagonista sentitu daitezen.

2. JARDUERA: Irteera “Txoko” okindegira.

Okindegia itxita dagoen une batean eta eskolako orduan joatea


pentsatu dugu (arratsaldeko hirurak aldera).
Orduan, hara iristean, okindegia ikusiko dute gelan aipatutako
pausuak jarraituz. Ondoren gelan prestatutako galderak egingo dizkiote
okinari. Okinak hauei erantzungo die beste azalpen batzuekin osatuz.
Amaitzean, okindegia ikusiko dute; ogia egiten duten tokia lehendabizi,
eta saltzen duten gunea, ondoren. Bertan, okinak ogia nola egiten den
azalduko die, pauso guztiak beraien aurrean egiten ari diren bitartean.
Jarraian, saltokian ogi mota ezberdinak erakutsiko dizkie, zein osagaiez
eginda dauden adieraziko die, eta dastatzeko aukera izango dute.

Irteeran zehar, haurrek aldez aurretik prestatutako galderez gain,


momentuan sortutako beste galdera batzuk egin nahi badituzte, egiteko
aukera izango dute, azkenik eskolara itzuliko gara.

Jarduera talde handian burutuko da, hala ere, okindegian talde


txikietan banatuko gara.

3. JARDUERA: Okindegiari buruzko elkarrizketa.

Irteera egin ondoren, honi buruz hausnartuko dugu. Honetarako,


LHkoek grabatutako irudiak jarriko ditugu jangelan, bertan baitago
proiektorea; horrela ikasleek informazio gehiago osatzeko eta izateko
aukera izango dute. Irteerari buruzko bideoa ikusten duten bitartean,
irakasleak hainbat galdera egingo dizkie, ikasleei jasotako informazio
berria interpretatzen laguntzeko.

• Zer ikusi zenuten irteeran?

• Nola egin zuten ogia okinek?

• Zer osagaiak behar izan zituzten ogia egiteko?

• Zenbat ogi mota erakutsi ziguten?


• Zer desberdintasunak zeuden ogien artean?

• Nolakoak ziren ogiak?

• Zein gustatu zitzaizkizuen gehiago?

• …

Horrela ikasleek, bideoa ikustean eta beraien artea hitz egiten,


informazioa gehiago osatu ahal izango dute.

4. JARDUERA: Ogiaren osagaiak.

Okindegian egon eta gero, irakasleak ikasleek jasotako


informazioa prozesatu duten ala ez ebaluatzeko asmoz, ogiaren
osagaiak eta beste osagai batzuk azaltzen diren fitxa bat sortuko dute
ordenagailuan (paint programan). Haur Hezkuntzako gela bakoitzean
ordenagailu bakarra dagoenez, banaka, ogiaren osagaiak borobildu
beharko dituzte.

Jarduera honen bitartez, batetik, haurrek oinarrizko osagaiak


identifikatzen dituen ebaluatuko dugu eta bestetik psikomotrizitate
finaren eta saguaren erabilera trebatzen ahaleginduko gara.

5. JARDUERA: Ogiaren sekuentzia.

Okindegian jasotako informazioa, kasu honetan, ogiaren


sekuentzia prozesatu duten ala ez ebaluatzeko, irakasleak ogia egiteko
lau pausuak okerreko ordenan azaltzen diren fitxa bat banatuko die
ikasleei. Banaka, haurrek lau pauso hauek margotu eta moztu egin
beharko dituzte eta batetik laura doazen lau laukitxo dituen beste fitxa
batean, orden egokian itsatsi beharko dituzte.

Jarduera honekin ikasleek sekuentzia ezagutzen duten jakin ahal


izango du irakasleak.

Irakasleak bigarren aldiz bilera bat egitea pentsatu dugu. Orain


artekoa ondo doan edo ez aztertzeko, proiektuaren alderdi positiboak eta
negatiboak aztertzeko...

Oso gustura gaudenez orain artekoarekin, gaia lantzen jarraitzea


erabaki dugu.. Hain juxtu, irina lantzea izango da gure hurrengo
xedeetako bat.

6. JARDUERA: Irina.

Talde handian, borobilean eserita, irinari buruzko elkarrizketa


sortuko dugu. Horretarako ondorengoa esango diegu: ”Ogiaren osagaiak
ikusi genituenean, irina horietako bat dela ikusi genuen” Eta jarraian,
honako galderak egingo dizkiegu haurrei:

• Zer da irina?

• Nolakoa da?

• Zertarako erabiltzen da zuen etxeetan? Zein gauza egiten da


irinarekin?

• Non aurkitu daiteke?

• Zuen ustez, nondik dator? Zerekin egiten da?


Honekin, haurren aurre ezagutzak ezagutuko ditugu.

7. JARDUERA: Irina aztertzen.

Etxetik, irinari buruzko datuak ekartzeko eskatuko diegu, eta


honetarako gurasoei ere gonbidapena luzatuko diegu.

Hau guztia aurrera eramateko gurasoei eskutitz bat idaztea


pentsatu dugu; haiek jakin dezaten haurrek zer ekarri behar duten eta
zertarako behar dugun. Hauxe da gurasoei bidaliko zaien eskutitza:

Guraso agurgarriak:

Eskutitz honen arrazoia ondoren laburki azaltzera goaz.

Ikastolan ingurune fisiko eta sozialaren inguruan egin nahi ditugun


jarduera batzuetarako, beharrezkoa zaigu zuen seme-alabek datorren
astean irin apur bat (100gr,) eta irinaren inguruko materiala (argazkiak,
idatziak eta abar) ekartzea, egingo dugun lanetarako oso lagungarria
izango zaigulako. Horretarako baliabide ezberdinak erabili ditzakezue,
hala nola, aldizkarietako informazioa, sukaldaritzako liburuetako
informazioa, internet bidezkoa...

Besterik ezean, hurrengo bat arte agurtzen zaituztegu,

Haur Hezkuntzako irakasleak


8. JARDUERA: Zer egin daiteke irinarekin?

Ikasleek materiala ekartzen dutenean, denon artean erabakiko


dute gelan zer egin dezaketen. Orduan, denon artean hitz egingo dute
adostasuna lortzeko asmoz. Proiektu desberdinak egon daitezke:

• Mural bat osatzea.

• Aldizkari bat sortzea.

• Errezeta-liburu bat egitea.

• …

Azkenik, denen artean aldizkari bat egitea adostuko dute.

Dena den, erabakia hartu ondoren, lehenengo arazoa azaltzen da:

• Nola egiten da aldizkari bat?

• Nondik bilatu dezakegu informazio hau?

• Zer materiala beharko dugu?

• …

Arazoa konpontzeko, LHko ikasleengana joatera erabaki dugu,


“Gaztegiro” aldizkaria nola egiten duten ikusi eta ikasteko. Bertan,
aldizkariaren inguruko ideia bat jaso dugu eta ondoren gelara itzuli
gara gure aldizkaria egiteko asmoz.
9. JARDUERA: Taula. Irina duten elikagaiak.

Ordenagailuan joko bat dagoela proposatuko zaie. Honela,


pantailan agertzen den taula osatu beharko dute. Hau da, produktu
motaren arabera, irina duen ala ez klikatu beharko dute.

Haurren gaitasun mailaren arabera jarduera hau painten edo


word-en egingo genuke. Hau da, painten xagua mugituz X bat egin
behar dute eta word erabiltzeko gai badira BAI edo EZ idatzi beharko
dute.

ELIKAGAIAK
10.JARDUERA: Garia.

Orain arte landutako ogi eta irina, gariarekin erlazionatzea izango


da ondorengo pausoa eta horretarako, honi buruzko haurren aurre
ezagutzak jasotzeko, elkarrizketa bat sortuko da.

Irakasleak ondorengoa esanez: “Orain arte ogia nola egiten den


landu dugu, baita irina ere, baina irina nondik lortzen da? Lurrean
ateratzen da letxugak bezala edo behitik ateratzen da esnea bezala edo
zer? Honela ikasleek gariaren berri badute, hainbat galdera egiten
joango da irakaslea ikasleen erantzunak bideratzeko bestela irakaslea
izango da garitik datorrela adieraziko diena:

• Ba al dakizue zer den garia?

• Nolakoa da?

• Non ikusi duzue?

• Zertarako balio du?

Talde handian egingo dute, borobilean, denak ikus dezaten


horrela, elkarrizketa errazteko asmoarekin. Jarduera honetan haurrek
gariari buruz dakitenaz jabetuko dira bai irakaslea baita ikasleak ere.
11.JARDUERA: Irteera errotara.

Pagoetan, Aiako
herrian dagoen
Agorregi burdinolara
joango gara, bertan
irin errota bat ikusiko
dutelarik. Agorregin,
gari errota bat dago
eta bertara joango
gara haurrekin.
Bertan, garia irina
bihurtzeko prozesua ikusiko dugu, errotaren funtzionamendua aztertuz
eta gariaren xehatzea ikusiz.

Lehenik, kanpoko ur-bideak ikusi eta zertarako diren, nora


doazen aztertzen lagunduko diegu. Hauek jarraituz, errotaraino iritsiko
gara eta bertara sartuz, errota nola mugitzen den eta aleak nola
xehatzen diren ikusiko dugu. Gainera, monitoreak, irin integralaren eta
irin zuriaren arteko aldea azalduko digute eta ikasleek biak ikusteko
aukera izango dute.

Jarduera hau haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako haurrek


elkartuta eramango dugu aurrera. Lehen Hezkuntzako haurrek aurretik
prestatuak zituzten galderak egingo dizkie bertako begiraleei, gero
grabatu eta hilabetearen amaieran telebistaz emititzeko. Haur
Hezkuntzako haurrek elkarrizketa hori zuzenean entzungo dute modu
honetara informazioa zuzenean jaso dezaten.
Jarduera honek asko suposatuko du guretzat. Haur kopuru
anitzek hartuko baitu parte eta informazio ugari trukatuko baita
bertan.

12.JARDUERA: Errotari buruzko elkarrizketa.

Errotako grabazioari erabilpen ezberdina emango zaio Lehen


Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzakoek telebistako
emanaldirako aprobetxatuko dute. Haur Hezkuntzakoekin berriro
jangelara joango gara proiektore bidez bideo emanaldia eta argazkiak
(power point bidez) ikustera. Honela, ikasleei jasotako informazio berria
interpretatzen eta ondorioak ateratzen lagunduko diegu.

Berriro bildu gara bilera egiteko. Jada ez dakigu zenbatgarren


bilera den baina ez zaigu axola. Elkarrekin bildu eta gaiaren inguruan
hitz egin behar dugula ikustean elkartzen gara, uste baitugu hori dela
irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko arrakastaren giltzetako bat.

Besteak beste, ondorengo ondoriora iritsi gara:

- Orain arte egin duguna aztertu eta gero, ohartu gara etengabe ari
garela edukiak lantzen eta kamara eta argazki makina digitalaren
presentzia ere uneorokoa dela.

Eman diezaiogun bada deskantsu txiki bat gure teknologia berriei


eta baita haurrei ere. Gaurko honetan txotxongiloetara jolastuko dugu.
Hobeto esanda, txotxongiloa den laguntxo berri bat ezagutuko dugu.
13.JARDUERA: Gariaren uzta.

Ikasleen esperientziaz jabetzeko, Perutxu baserritarra etorriko da


gelara. (Perutxu txotxongiloa irakasleok gidatuko du). Perutxu,
aurkeztu egingo da, nor den, non bizi den eta bere lanbidea zein den
esanez:

“Kaixo lagunak! Nire izena Perutxu da eta mendian bizi naiz


baserri batean. Baserrian, lan asko egiten ditut: animaliak zaindu,
behiak jetzi, baratza landu... Gehien gustatzen zaidana, gari uztaren
inguruan egiten ditudan lanak dira. “

• Ba al dakizue zer den gari uzta?

• Noiz egiten da?

• Zenbat irauten du?

• …

Txotxongilo honen bidez, haurrek uztari buruzko elkarrizketa


egingo dute, dakitena adieraziz.

14.JARDUERA: Ipuina.

“Garia, Perutxu eta Egiptoarrak” ipuina irakurriko diegu gaian


pixka bat gehiago barneratzeko. Irakurri ondoren, edukiari buruz
elkarrizketa egingo dute, haurrek ulertu duten jakiteko eta horretarako
irakasleak galdera batzuk egingo dizkie.
• Zer gertatzen da ipuinean?

• Nola lortzen du garia Perutxuk?

• Nola jakin zuen noiz erein behar den garia?

• Zertarako nahi zuten herritarrek garia?...

• …

Ipuinaren bitartez gariak gure bizitzan duen garrantziaz eta


gariaren uzta prozesuaz jabetzearen lehen pausoak ematen lagunduko
die ikasleei.

IPUINA: “PERUTXU ETA BASAJAUNAK”

Bazen behin basajaunak eta lamiak bizi ziren garaian Perutxu


izeneko mutil bizkor-bizkor bat. Aralar inguruko herri txiki eta xume
batean bizi zen, herri polit askoa inon politik bada, baina jatekorik
gabekoa, alajaina!. Euskal Herriko txoko guztietara gose urteak etorri
zirenetik han ez zegoen gosea aseko zuenik eta bien bitartean
basajaunak mendi gailurrean ogia bapo janez bizi ziren. Izan ere,
basajaunak nekazaritzan landuak ziren eta ogia egiteko behar zuten
garia zeukaten. Horregatik ziren hain handiak eta indartsuak.
Perutxuren herrian, aldiz, ez zegoen garirik eta garirik gabe ezin ogirik
egin.

Perutxuk herria ahitzen ari zela ikusita zerbait egin behar zuela
pentsatu zuen eta basajaunek garia eman nahi ez bazioten kentzeko
bidea aurkituko zuela hitza eman zuen. Nola kendu, ordea, garia
basajaunei? Esatea errazagoa da egitea baino. Gau osoa eman zuen
begirik bildu gabe pentsatu eta pentsatu eta:
- Badakit, egundoko ideia bururatu zait, bai horixe! Eta
primeran pasako dut, gainera, basajaun itsusi horiei
eskarmentua ematen!

Eta salto batean ohetik irten eta ganbarako kutxa zahar batetik
aitona zenaren abarkak jantzi zituen. Abarka zabal-zabalak, bakoitzean
halako bi hanka sartzerainokoak. Eta haiek jantzita mendian gora
abiatu zen basajaunen erreinura. Bidean aitak ikusi zuen eta zera esan
zion:

- Nora hoa, Peru, aitonaren abarkak jantzita?

- Ogia egiteko gari bila aita, gari bila.

- Ai nire seme gaixoa! Goseak burua galduarazi dio! –Baina


Perutxuk irrifar bihurri bat eginez aurrera jarraitu zuen basajaunak bizi
ziren tokira iritsi arte. Basajaunen erreinua gari ederrez baterik zegoen
eta bertaratu zenean basajaun itsusi bat ikusi zuen garia pilatzen
kantu kantari. Gari pilo handi-handi bat egina zeukan eta Perutxu han
zegoela konturatu gabe kantari jarraitu zuen:

- Tan-tararan, tan-tararin hostoa erortzean garia erein, tan-


tararan, tan-tararin gari erein.

Gure Perutxu txikiak ederki entzun zituen hitz haiek eta bere
artean pentsatu zuen:

- Hostoa erortzean garia erein! Kontxo-kontxo!

Uste baino ozenago esan zituen, ordea, hitz haiek eta basajaunak
ikusi egin zuen:
- Zer egiten du ume mukizu honek hemen! Ez diagu garirik
emango, alferrik ari haiz! –Eta Perutxuk pentsatuta zeukan tranpa
orduantxe egiteko garaia iritsi zela erabaki zuen.

- Ez, zera…Pentsatzen ari nintzen zu handia izango zarela,


baina ez ni bezain bizkorra! –bota zion desafioa.

- Zeeeeerrr? Jakin al daiteke zergatik esaten duan hori! –


erantzun zion basajaunak haserre.

- Baaa, ni zu baino salto handiagoa egitekoa gai naizela,


horixe!

- Ume hau seko zoratu zaiguk! –esan zien basajaun itsusiak


bere lagunei.

- Baliteke ni zoratuta egotea, baina ezetz salto batez gari


pilo horren gainetik pasatu!

- Baietz! –Eta bi aldiz pentsatu gabe basajauna korrika hasi eta


iiiuuuup! Gari piloaren gainetik salto egin zuen.

- Horra! Gai naizen edo ez! –harro-harro basajaunak. – Tira,


orain hire txanda duk mutiko bizkor hori!

- Banoa!

Eta bat, bi eta hiru esan ondoren Perutxuk salto txiki bat egin eta
gari piloaren erdi-erdian erori zen bere abarka zabal haiekin.
Basajaunek, noski, salto txiki hura ikusita barre egin zioten, baina ez
ziren konturatu gari pilora erori zenean Perutxuri gari ale batzuk sartu
zitzaizkiola abarka barrura.
- Bai, bai zuek egin barre nire kontura, baina ederki asko
sartu zaizkit gari aleak niri abarketan! –Baina basajaunek ezer
susmatu ez zezaten lotsatu plantak eginez urrundu zen haien
lurraldetik apustua galdu izan balu bezala.

Basajaunak hain tontoak ez ziren, ordea, eta berehala konturatu


ziren Perutxuk ziria sartu ziela eta haren atzetik abiatu ziren korrika
mendian behera.

- Ume mukizu horrek adarra jo ziguk, arraioa!!!

Eskerrak Perutxu buruz bezain azkarra zen arineketan basajaun


batek ia-ia aizkora batez bertan akabatu baitzuen, baina Perutxu garaiz
makurtu zen eta aizkora zuhaitz batean sartu zen. Azkenean,
harrapatzen ez zutela ikusirik mendira itzultzea erabaki zuten, garia
noiz ereiten zen jakin gabe ogia egiten asmatuko ez zutelakoan.
Perutxuk, ordea, ederki gorde zituen basajaun hark kantuan esan
zituen hitzak eta herrira jaitsi zen ilundu baino lehen.

Iritsi eta berehala herritar guztiak aztoratu zituen Perutxuk bere


oihuekin gehienak urreratu zirenean bere abarketatik gari aleak atera
zituen denen harridurarako!

- Akabo, gose garaia! Akabo! Garia lapurtu diet basajaunei! –


Eta herritar guztiak sinestu ezinik dantzan hasi ziren.

Baina agure zahar batek poza gehiegi zabaldu baino lehen hala
esan zuen:

- Bai, garia eduki badugu, baina nork jakin noiz erein!

- Hostoa erortzean, aitona! Basajaun bati entzun diot garia


pilatzen ari zela.
- Udazkenean erein behar dugu, orduan! –Esan zuen pozik
aitonak aste bete falta baitzen udara bukatu eta udazkena hasteko.

Eta halaxe egin zuten Perutxuk eta Perutxuren herritarrek.


Udazkena iritsi bezain laster garia erein zuten eta uzta jaso zutenean
ogia egin zuten. Perutxu bizkorrari esker horrela bukatu zen herritar
haien gosea eta ez pentsa! Baita gurea ere, guk egunero jaten ditugun
ogitarteko goxoak Perutxuri esker jaten baititugu.

15.JARDUERA: Horma-irudia.

Uztaren prozesua azaltzen den horma-irudi bat jarriko dugu


gelan, baina oraingo honetan modu ezberdin batean landuko dugu
horma-irudia. Haurrak mikrofono aurren ipini eta photo story
programaren bidez haurren ahotsak grabatu eta ordenagailura
pasatuko dugu prozesu guztia. Uste dugu jarduera bitxia eta polita
aterako dela, haurren hipotesiak islatuko baitira bertan eta denbora bat
pasa eta gero, garai baten zituzten ezagutzak jasota geratuko
baitzaizkigu.

Ondorengo argazki sekuentzia erabiliko dugu photo story-ren


grabaketarako:

16.JARDUERA: Uztaren murala.

Paper zuri handia ipiniko dugu paretan, bertan lau urtaroak


irudikatzen dituzten lau marrazki bereiziko direlarik. Irakasleak,
hainbat argazki ekarriko ditu gelara, batzuk uztaren ingurukoak izango
dira, besteak ordea, inguruneari buruzkoak. Haurrek, irudien artean,
uztarekin erlazionaturikoak identifikatu beharko dituzte eta haur
bakoitzak hauetako bat hartuz, muralean, dagokion urtaroan itsatsi
beharko dute. Honen bitartez, uztaren sekuentzia, irudikatuko dute eta
oso polita geratuko denez gelako horma batean zintzilikatuko dugu.

UDAZKENA NEGUA UDABERRIA UDARA

17.JARDUERA: Sastarrain baserri eskolara irteera.

Gaurko honetan gure haurrak sukaldari bihurtuko ditugu.


Horretarako, herrian bertan dugun Sastarrain baserri eskolara joango
gara eta bertako guneak (oilategia, ukuilu eta pikaderoa, baratza eta
negutegiak…) ezagutu ostean ogia egitera joango gara.

Iritsi zaigu unitateari amaiera emateko unea. Guzti hau aurrera


eramatea plazer bat izan da guretzat, beraiek beste disfrutatu baitugu eta
beraiek beste ikasi baitugu geuk ere. Besterik gabe, ondorengo
jarduerarekin agurtzen dugu unitatea didaktikoa.

18.JARDUERA: collage.

Orain arte jasotako informazio guztiarekin (argazkiak, liburuetako


informazioa, sukaldari liburuetakoa…) collage bat sortuko dugu
proiektuko unerik esanguratsuenak islatuz.