You are on page 1of 3

Joseba Kamio

Publizitaria eta antropologoa

Hauteskundeak 2.0 (II)

Iratxe Esnaolaren artikulua hizpide hartuta (07.05.23), hainbat


burutazio plazaratu nahi dut 2.0 teknologia eta politikagintzari
dagokienez, bertan egiten zen deskribapenaz haratago. Teknologiak,
eta batez ere Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiek (KIT),
antsietatea sorrarazten diete alderdi politikoei. Informazio-iturriak
biderkatu direnez, zailagoa da orain informazioaren kontrola. Azken
batean, orain arte medioen kontsumitzaileak izatea beste
erremediorik ez genuen; orain, ordea, gutako edozein izan daiteke
medio. Informazioaren masa-jario bertikalak bide eman dio
elkarrizketa zabal bati, eragina izango duena ohiko medioetan ere,
hauen gatekeeper funtzioa auzitan dagoelako erabat. Horregatik,
hedabide klasikoen kazetaritza-ereduak mugitu egin behar du
informazioaren monopoliotik elkarrizketa horren moderatzaile eta
galbahe lanetara, elkarrizketa horren edukiak eta aktoreak
esanguratsuagoak eta sinesgarriagoak direlako. Komunikazioaren
egitura aldatzen ari den honetan, herritarren eta sistema politikoaren
arteko harremana aldatzen ari da, eta alderdi politikoak oso motel
dabiltza oraindik. “Webgune bat behar dugu” diote, batez ere gauzak
okertzen zaizkienean, Internetek kutsadura magikoaren botereak bere
baitan bilduko balitu bezala: nola Internetek sekulako indarra duen
gaur egungo jendartean, webguneak botere transferentzia bat
bideratuko du gugana, eta voilà, gu ere indartsu izango gara.

Internet: antolakundearen komunikazio-sistemaren bihotza

KITak zuzen-zuzenean daude lotuta antolakundeen komunikazio


estrategikoaren beharrizanetara, eta, horregatik, "webgunea" egiteko
orduan, hauxe da agertzen den lehenengo galdera: zer esango diogu
jendeari webgunean? Galdera horrek antolakunde bat baino gehiago
eraman du nortasun-krisi batera, gure antolakundeek denbora gehiegi
eman dutelako beren publiko ezberdinekin inolako komunikazio
jatorrik garatu gabe, lau hitz-joko estandarizatu egiteko ez bada.
Hauxe da alderdi politikoen egoera ere, eta horrek eragin zuzena du
sistema-politikoaren nolakotasunean eta herritarrok sistema-politikoaz
dugun pertzeptzioan. Hortaz, KITak ez dira ez moda ezta teknologia
kontua ere, estrategia kontua baizik: une honetan edozein
antolakunderen komunikazio-sistemaren bihotza Interneten dago.
KITak, beraz, helburu jakin batzuen baitan kontsideratu eta ezarri
behar dira, komunikazio helburuen baitan, hain zuzen ere. Baina
horretarako premisa bat bete behar da: komunikatu nahi izatea. Eta,
kasu, ez da webgune kontu hutsa. "The Cluetrain Manifesto"
delakoaren lehenengo sententziak ongi adierazten duenez,
"merkatuak elkarrizketak dira".
Alderdiek komunitateak sortu behar dituzte

Alderdiek erabaki egin behar dute nola parte hartuko duten


elkarrizketan: webgune baten bidez, komunitate baten bidez (Harley
Davidson) edo sare sozial baten bidez (mySpace). Zalantzarik ez
daukat puntu honetan: alderdiok komunitateak sortu behar dituzte,
gu jakin bati nortasuna, leialtasuna eta taldekidetza-sentimendua
emateko. Informazioaren kontrolari muzin egin behar diote alderdiek,
eta mugatu behar dute eragina izaten saiatzera. Beste kontu bat da
komunitatea sortua izatea eta berau baliatzen ez jakitea, PNVri
gertatzen ari zaion bezala, seguruenik komunitatearen kontrol ezak
sortarazten dion antsietatearengatik. Egun, zoritxarrez, alderdi
batzuen zuzendaritza-estiloak kaxa beltzaren paradigma betetzen du:
inork ez daki zertan ari diren eta zertarako, eta, gainera, inork ez du
jakin behar, horrek arriskuak ekartzen dituelako... Askotan agertzen
dira medioetan, baina ez dute ezer kontatzen, eta jendea pixkanaka
telebista itzaltzen ari da: gazteen %70ak internet erabiltzen du
informatuta egoteko. Ez du balio gero abstentzioa dela-eta kexu
agertzea. Entzuteko ordua heldu da, aldebikotasuna, enpatia eta
konfiantza lantzeko ordua. Alderdirik ausartuko al litzateke bere
zuzendaritzaren bilerak grabatu eta YouTuben erakustera?

Aspektu ideologikoak eta estrategikoak: ez nahastu

2.0 teknologien aldeko hautua, beraz, bi hausnarbide


ezberdinetatik egin daiteke: batean, aspektu ideologikoak nagusitzen
dira, eta, ondorioz, lehenetsi egiten da partizipazioa, kontsideratzen
delako hori dela jendarte-eredu osasuntsu bati dagokiona. Oinarri
ideologikoen rebelazioa da, nortasun oso bat definitzen duena, baita
posizionamendu estrategiko oso bat ere; bestean, bigarren
hausnarbidean, nagusitu egiten da zuzendaritza- eta kudeaketa-estilo
eraginkor bat, eta pentsatu egiten da 2.0 teknologiak askoz ere
eraginkorragoak izango direla antolakundearen helburuak betetzeko.
Bi ikuspegiok legitimoak dira, nire ustez.Horrenbestez, aspektu
ideologikoak eta estrategikoak bereiztea komeni zaigu. Batzuetan 2.0
teknologietara jotzen dugu inolako beharrik ez dagoenean, modaren
modaz; eta, beste batzuetan, ahaztu egiten zaigu komunikazioaren
baldintza modu eraginkor batean komunikatzea dela, eta horrek
aldebikotasuna eskatzen duela. Gure alderdia eta gure publiko
ezberdinen arteko elkar ulertze mailarik gorena eskuratzea da
helburua, eta, horretarako, entzun egin beharra dago, input
kualitatibo oso aberatsa delako. Softwaregintza soziala, beraz,
harreman publikoen esparruan dago bete-betean.

Politikoek ez dituzte edukiak sortzen


Edukietan dago gakoa, edukietan eta erabiltzailearen erabilera-
esperientzia emankorrean. Edukiek erakartzen dute internauta, eduki
esanguratsuek. Edukiak interesgarriak izan behar dira informazioaren
kalitatearen aldetik, baina aspektu emozionalek ere badute
garrantzirik. Testua oraindik nagusi den arren, Internet ikus-
entzunezkoetara jotzen ari da gero eta gehiago, eta, ondorioz,
edukiek ikuspegi multimedia landu beharko lukete. Edukiek, bestalde,
sinesgarritasun minimoa behar dute. Web 2.0 delakoa jarrera bat ere
bada, konpartitzeko eta elkarrizketa batean aritzeko borondatea
erakusten duena. Elkarrizketa horretan, estekatzea da elkarrizketa gai
batetik bestera eramateko modua, eta inork ez zaitu estekatuko eduki
esanguratsurik eta sinesgarririk ekoizten ez baduzu. Beraz, 2.0
teknologiek ezaugarri jakin bat exijitzen digute erabiltzaileoi emankor
izango badira: komunikatzeko grina. Ostera, politikoek ez dute
edukirik sortzen, salbuespenak gora-behera, eta kontuz ibili behar
dute epe motzeko errentagarritasun-ikuspegiekin, min handia egin
baitiezaiokete edozeinen sinesgarritasunari... Baina edukien
auziarekin batera erabilera-esperientziarena dago. Ezin da ulertu
Interneten arrakasta esperientzia emankorren ikuspegitik at.
Interneten eduki gogoangarriak aurkitu eta haien berri ematea
lagunei nahiz komunitate globalei, YouTube edo Zabaldu kasu,
esperientzia asegarri eta gogoangarria da internautarentzako,
komunitatearen barruan estatus jakin bat lortzeko bidea delako.
Garrantzitsuena ez da edukia bera, edukiarekin “trafikatzeko” irrika
eta esperientzia baizik. Saria ez da ekonomikoa, kasu bakan batzuk
kenduta, baizik eta emozionala, meritokrazia bat ezartzen baita
komunitatearen baitan. Eta, kasu, meritokrazia bedeinkatu horrek
dinamizatzen du komunitatea, bestela jai; gehienok begiratu besterik
ez dugu egiten (%80).

Internet ez da makina bat, gu gara Internet

Pantailaren bestaldean jendea dago, pertsonak, zer edo zer


gogoangarria entzun-irakurri-ikusteko gogoz daudenak. 2.0
teknologien ezaugarririk garrantzitsuena horixe bera da: pertsonak
hurbildu dituzte; pertsonen arteko interakzioa ikaragarri bultzatu
dute. Ez da kasualitatea softwaregintza soziala merkatuko liderra
izatea edukiak kudeatzeko sistemen alorrean, blogak kasu, jakin
badakigulako harreman estu-estua baitago teknologia eta
ideologiaren artean. 'Software for social change' delakoak
komunitateetako kideen arteko harremanak eta informazio nahiz
esperientzia trukaketak ahalbidetzen ditu, komunikazio horizontal eta
kooperatiboak abantailak ematen baitizkigu herritarroi,
liberalismoaren jario bertikal eta hipotesi indibidualisten aurrean.
Inteligentzia kolektiboaren dimentsio berri bat?