You are on page 1of 9

ANTZINAKO ERROMA

Antzinako Erroma, Erroma hiriaren inguruan sortu zen. Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten K.a. 753. urtean. Hamabi mendetan zehar hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, errepublika eta inperioa. Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armadaren eta asimilazio kulturalaren bidez. Halaber, Antzinako Erromak gainbehera handia jasan zuen, eta 476. urtean desagertu zen inperio handia. Erromako zibilizazioak gaur egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarriak ezarri zituen, besteak beste, lege, gerra, arte, hizkuntza, arkitektura eta literatura alorretan. Antzinako Erroma: bilakaera historikoa Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek sortu zuten Erroma K.a. 753. urtean. Lehen erregea Romulo bera izan omen zen; batasun politikoa lortu zuen eta monarkiak 250 urte iraun zuen. K.a. 509. urtean herritarrek Tarkino erregea kargutik bota egin zuten eta Errepublika ezarri. K.a VI. mendetik aurrera Erromako Errepublikak Mediterraneo inguruan lurralde handiak konkistatu zituen. Denborarekin, gatazka ugari izan ziren eta Julio Zesar diktadore jarri zuten. Egonkortasun apur bat ekarri zion Erromari. Zesar erail zutenean, Oktavio Augustok, K.a. 27an, eskuratu zuen boterea eta, errepublika deseginda, inperioa ezarri zuen: botere militarra, politikoa eta erlijiosoa eskuratu zituen. K.o. III. mendetik aurrera inperioa krisian sartu zen: barne zatiketa handiak gertatu ziren, enperadore-aldaketa asko, estatu-kolpeak eta gerra zibilak noiznahi. 476. urtean Romulo Augustulo, azken enperadorea agintetik kendu zuten barbaroek. Erromatar Inperioa desagertzearekin batera Antzinaroari amaiera eman zitzaion.

EKONOMIA Bereziki nekazaritzan eta merkataritzan oinarritu zen. Nekazaritza Nekazaritzan mahastiak, zerealak eta olibondoak lantzen ziren bereziki. Patrizioen eskuetan zeuden lursail handiak izaten ziren gehienetan, esklaboen esku-lanaz baliatuta. Hirietatik gertu zeuden eremuetan frutak eta barazkiak ere lantzen ziren, hirietako merkatuak hornituz. Artisautza Hiriak ugaritzeak eta handitzeak artisautza ere zabaldu zuen. Landa-ingurunetan nekazaria askotan artisau ere bazen, baina hiriak denda eta lantegi txikiz beteta zeuden: zapatariak, bitxigileak, zeramikagileak, okinak, harakinak... Eraikuntza arloko artisauak ere ugari zeuden: igeltseroak, arotzak, iturginak, margolariak, harginak... Lanbide libreetan aritzen zen jendea ere ugari zen: medikuak, irakasleak, bankariak, eta, zer esanik ez, merkatariak. Merkataritza Merkataritza, batez ere elikagaiena, oso garrantzitsua zen, bereziki hirietan. Arlo horretan oso kontuan hartzekoa da Erromak zuen hedadura. Europa, Asia eta Afrikako hainbat lurralde bereganatzean, Mare Nostrum (Mediterraneoa) ingurua merkataritzagune izugarria bihurtu zen. Lehorreko merkataritzak garrantzi handia hartu zuen. Erromatarrek inperio osoa elkartzen zuen 90.000 km-ko galtzada-sare handia eraiki zuten, merkataritzarako ere oso baliagarria izan zena.

GIZARTE-ANTOLAKETA
Erromako biztanleria, oro har, oso hierarkizatua zegoela esan behar da. Hiru multzo handitan banatuta zegoen: patrizioak, plebeioak eta esklaboak. Emakumearen egoera ere, kontuan hartzekoa da. Patrizioak. Gizartearen gailurrean zeuden. Erromako jatorrizko biztanleen oinordekoak ziren, armadako, politikako eta erlijio munduko kargu goren guztiak biltzen zituzten, eta aberastasun ikaragarriak eskuratu zituzten. Plebeioak. Erromatar gehienak plebeioak ziren. Gehienak nekazaritzan edo artisautzan lan egiten zuten soldata txiki baten truke; nekazari txikiak, soldatapeko langileak, merkatari txikiak, artisautzako langileak... ziren gehienak. Besterik ezean, armadan sartu ohi ziren soldadu arrunt gisa. Esklaboak. Nahiz eta Antzinaroan esklabotza ia gizarte guztietan agertu, inon ez zuen lortu Erromatar Inperioan adinako garrantzirik eta hedapenik. Esklaboak gizartearen oinarrian zeuden, baina gizartetik kanpo. Edozein familiak zituen esklaboak, bat edo beste etxe apaletan, eta ehunka edo milaka latifundio handietan. Jabearen ondasuntzat hartzen ziren, etxea, gurdia edota zakurrak bezalaxe. Esklaboei ez zitzaien inolako eskubiderik zor, erosi eta saldu egin zitezkeen, eta jabeak esklaboa hiltzeko eskubidea ere bazuen, hori ez baitzen hilketatzat jotzen. Esklaboa hiltzea zakur bat akabatzearen pareko ekintza zen. Emakumea antzinako Erroman. Grezian baino gehiago errespetatzen zuten emakumea, askatasun gehiago ere bazuen: etxetik bakarrik atera zitekeen, jaietan senarrarekin agertzeko eskubidea zuen, ikasteko eskubidea ere bai... Baina bere lehen eginbeharra etxekoandre izatea zen: haurrak hazi, esklaboen lana bideratu eta etxeko jarduerak gainbegiratu. Legearen aurrean eskubide batzuk bazituen, dibortziatzeko eskubidea adibidez; baina ez zuen boto-eskubiderik eta ezta kargu publikoetarako hautagai izatekorik ere. Beti gizonezkoren baten mende zegoen, aitaren mendetik senarraren mendera pasatzen baitzen emakumea.

KULTURA
Erromak guregan izan duen eragina handia dela nabarmena da. Guk erabiltzen dugun alfabetoa erromatarra da; mendeak eta beste hainbat gauza zehazteko erabiltzen ditugun zenbakiak ere erromatarrak dira (I, III, V, X, M, C); gaur egun erabiltzen dugun egutegia haiek sorturikoa da. Europako hizkuntza asko latinetik datoz (gaztelania, frantsesa, italiera, portugesa, katalana) eta beste hainbatek latinaren eragin handia izan dute (ingelesa, alemana, euskara). Erromatarren garaiko hirigintza ere ezin ahaztu, haiek sortutako hirietan bizi baikara oraindik; gure zuzenbidea ere ez litzateke ezer izango oinarri erromatar guztiak kenduko bagenizkio. Egutegia Hasieran, erromatarrek 304 eguneko urtea zuten, martxoan hasitako hamar hilabetetan banatuta: Martius, Aprilis, Maius, Junius, Quintilis, Sextilus, September, October, November eta December, lehen laurak jainkoei eskainiak. K.a. 700. urtean beste bi hilabete erantsi zizkioten: Ianuarius eta Februarius. K.a. 46. urtean Julio Zesarrek, urtea eguzkiaren arabera antolatu zuen, 365 egun eta sei orduko iraupena emanez. Sei ordu horiek zirela eta, lau urtetik behin egun bat gehiago erantsi zitzaion urteari otsailean. Urtea urtarrilaren batean hasi zen handik aurrera. Apirila, ekaina, iraila eta azaroak 30 egun izango zituzten, otsailak 28 eta besteek 31. Zuzenbidea Erromatarrak senatuan harreman pertsonal pribatuak eta publikoak arautzen hasi ziren. Legezko arau horiekin bilduma edo kode batzuk egin zituzten. Horiei esker hiritarren eskubideak babes zitezkeen, eta gainera, inperio osorako lege komunak zirenez, horrek epaileen lana asko erraztu zuen. Zuzenbide erromatarra inperio osoan zabaldu zen, eta inperioa desagertuagatik ere mantendu egiten da, gaur egun mendebaldeko herrialde gehienen zuzenbidearen oinarri bihurtu baita. Hizkuntza Erromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen. Inperioko hedapenak latina zabaldu eta sakabanatu zuen. Denborak aurrera egin ahala hizkuntza garatu eta zatitu zen. Latinezko literaturak greziar egileen eragin handia jaso zuen eta, gauza bera, musika arloan. Erlijioa Erromako erlijioak hainbat ezaugarri izan zituen. Oro har, K.o. IV. mendean kristautasuna onartu arte erlijioa politeista zen.

Jainko ugari zituzten, baina nagusiak Jupiter (jainkoen eta gizakien aita eta erregea), Juno (Jupiterren emaztea eta arreba, ezkontzaren babeslea) eta Minerva (jakinduriaren jainkosa) ziren. Greziarrekin izandako harremanen ondorioz, haien jainkoak bereganatu zituzten, eta jainkoek giza irudia hartu zuten. Olinpokoak ziren jainko nagusiak, publikoak, eta estatua zen haien gurtzaren zaintzailea eta arduraduna. Jainko bakoitzak bere eguna zuen egutegian, eta egun horretan festa eta joko ugari antolatzen ziren. Jaiak eta errituak (fruituen eta animalien sakrifizioak) apaiz berezien ardura ziren. Augusto enperadorearen garaian, enperadore bera ere jainkotu egin zen eta horri ere festa, otoitza eta gurtza egiten zitzaizkion. Kristautasuna. Erlijio monoteista da (mono + theos: jainko bakarrekoa) eta hori ez zetorren bat ordura arteko erlijioekin eta ohiturekin; gainera, ez zuen onartzen enperadoreari egindako gurtzarik ere. Hori zela eta, gatazka ugari izan ziren kristautasunaren eta bere jarraitzaileen aurka. Kristautasuna ekialdeko probintzietatik sartu zen pixkanaka Erromara. Erlijio horrek hedapen handia izan zuen herri xehean, plebeioen eta esklaboen artean, batez ere; kristautasunak gizaki guztiak askeak eta berdinak direla aldarrikatzen baitzuen. Erromako apezpikua eliza katolikoko agintari goren bihurtu zen. K.o. 313. urtean Konstantino enperadoreak kultu askatasuna onartu zuen.

HIRIGINTZA
Erroma hirien hiria, inperio osoko hiriburua, II. mendean 1.200.000 biztanle izatera iritsi zen. Eraikin handienak han egin ziren, eta bere garaian munduko merkataritzagune handiena izan zen. Probintzia guztietatik iristen ziren produktuak galtzada bidez edo itsasoz. Erromatar Inperioan zehar, Erromaren ereduari jarraituz, ehunka edo milaka hiri eraiki ziren. Hiriko gune nagusia foroa zen. Herritarren bilgunea zen eta eraikin publiko nagusiak biltzen ziren: tenplua, basilika, kuria, tribuna, azoka, termak, dendak, tabernak Hiriaren beste atal nagusi bat ur-banaketarako sistema zen. Hirira ura garraiatzeko putzuak, zisternak eta iturriak zeuden. Kanpoaldetik hirira ura garraiatzeko akueduktuak egiten zituzten. Hirien artean komunikazioa errazteko galtzada edo errepideak eraiki ziren.

ARTEA

Eskultura Eskulturan proportzio klasikoak erabili zituzten eta gizaki eta jainko irudi biluziak egiten zituzten hainbat lekutan, apaingarri izan zitezen: hirian zehar, etxe partikularretan, anfiteatroetan, zirkuetan Eskulturaz apainduak zeuden garaipen-arkuak eta zutabeak eraikiak zituzten enperadoreek, gerraren bateko garaipenaren oroigarri, gerra istorioak deskribatzeko. Pintura Greziarren antzekoa zen, gizakien irudietan eta mitologian oinarritua. Eguneroko ekintzak eta mitologia-istorioak agertzen ziren, bai hormetan eta baita zoruan ere. Jauregietan eta patrizioen etxeetan erretratuak ere aurkitu izan dira. Bestelako arteak. Aipagarriena mosaikoa da. Mosaikoak maila gorena lortu zuen: Erroman asko erabili zuten hormak eta zoruak apaintzeko. Batik bat, eguneroko bizitza, eszena mitologikoak eta zirkuko eszenak irudikatu zituzten. Arkitektura Artearen barruan arlorik nagusiena izan zen. Bi atal nagusitan bana dezakegu: a) Ingeniaritza mailako lan publikoak

Galtzadak edo errepideak. 90.000 km inguru zituen galtzada-sareak. Galtzaden sareak Inperio osoko gune nagusiak Erromarekin lotzen zituen, haren nagusitasuna bideratzeko (armadaren joan-etorriak erraztuz) eta merkataritza erosoago egiteko.

Zubiak eta akueduktuak galtzaden osagarriak ziren eta ugari eraiki ziren, hainbat galtzada eta hirietan. Akueduktuen bitartez hiriaren ur-beharrak asetzen ziren: edateko ura, bainuetxetarako ura, nahiz garbiketak egitekoa. Akueduktuaren hasiera ura aurkitzen zen lekuan kokatzen da, iturbururen baten edo. Han ur-biltegi bat eraikitzen zen ura biltzeko, biltegitik ura akueduktuko ubidera isurtzen zen eta handik hirirainoko bidea egiten zuen urak. Akueduktua kontu handiz eraiki behar izaten zen, desnibel apur bat behar izaten zuen uraren mugimendua errazteko. Ubidearen euskarria porlanez, harriz edo adreiluz egindako arkuak osatzen zuten. Beharren arabera, arkuek altuera desberdina izaten zuten. b) Eraikin handiak Esanguratsuenak hiriko bizitza eta ikuskizunei loturiko eraikinak ziren. Termak Edozein hiri garrantzitsuk termak edo bainu publikoak zituen, esklaboek zainduak. Horietan, hiritarrek bainu beroak, saunak, masajeak, etab. hartzeko aukera zuten. Hainbat espazioak izan ohi zituzten: gimnasia egiteko palestra deitzen zen patioa; caldarium-a, bainu beroa hartzeko igerilekua; frigidarium-a, bainu hotzak hartzeko kanpoko igerilekua; apodyterium-ak edo aldagelak, bankuren batekin eta arropa gordetzeko arasekin; eta laconicum-a edo lurrun-bainua hartzeko espazioa. Termen inguruan tabernae-ak zeuden, janaria eta edaria saltzen zituzten dendatxoak. Termak eguerdian irekitzen ziren eta iluntzean ixten. Bainua hartzeko emakumeak eta gizonezkoak bereizi egiten ziren, bereizteko tokirik ez bazegoen txandakatu egiten ziren, ordu batzuk gizonezkoak eta beste batzuk emakumezkoak. Termak harreman sozialak izateko leku aproposak ziren, maiz bilera informalak hantxe bertan egiten zituzten. Teatroa Teatroetan, batez ere, tragediak eta komediak antzezten zituzten, baina baita mimoa, pantomima eta antzerki laburrak ere. Teatro erromatarrak zirkulu-erdi forma du eta honako zatiak bereiz daitezke: aurreko eszenatokia, scenae frons, normalean bi ilara zutabez osatua; haren aurrean proscaenium-a egoten zen, han egiten zen antzerkia; orchestra, zirkulu-erdia forma zuen espazioa eszenaren parean kokatzen zen, han agintariak esertzen ziren eta koroak abesten zuen; adituz, orchestra-ra iristeko pasabideak eta cavea ikusleen eserlekuak. Arkitekto batzuk lurraren aldapa baliatzen zuten cavea egiteko. Teatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten. Teatrora hiritar guztiak joan zitezkeen: gizonak, emakumeak, umeak eta batzuetan baita esklaboak ere. Aktoreak aldiz gizonezkoak izan ohi ziren, eta maskarak eta ileordeak

erabiltzen zituzten. Aktore lanbideak oso prestigio gutxi izaten zuen; horregatik, atzerritarrak eta esklaboak kontratatzen zituzten. Anfiteatroa Anfiteatroa bi teatro elkartuz egiten zen, gehienetan forma biribila edo obalatua zuen. Borrokak ikusteko aukera izaten zen, ezagunenak gladiadoreen borrokak ziren. Anfiteatroak honako zatiak izaten zituen: arena, erdiko obaloa, han egiten ziren ikuskizunak, haren azpian sotoak zeuden, gladiadoreak arena-ra atera aurretik itxaroteko lekuak, baita animalien kaiolak eta dekoratuak mugitzen zituzten makinak ere; bestalde, ikusleentzako eserlekuak zeuden, cavea delakoak. Anfiteatro batzuek euria eta eguzkiarengandik ikusleak babesteko toldoak jartzen zituzten. Gladiadoreen arteko borrokaz gain, animalien artekoak (hipopotamoak, krokodiloak, elefanteak, tigreak eta hartzak), nahiz gladiadore eta piztien artekoak egiten ziren anfiteatroetan. Gladiadoreak gehienetan gerra presoak, heriotza-zigorra zutenak edota esklaboak izaten ziren. Borrokaldia desfile handi batekin hasten zen eta agintariaren aurrera iristen zirenean gladiadoreek Ave Caesar, morituri te salutant agurra egiten zuten; ondoren borrokan hasten ziren. Maiz borrokaldiak gladiadore galtzailearen heriotzarekin bukatzen ziren, galtzailea zaurituta geratzen bazen, ikusleek bizitza barkatzea eska zezaketen. Azken erabakia agintariaren esku zegoen Erromako anfiteatroak, koliseoak (Coliseum), 50.000 ikuslerentzako tokia zuen. Zirkua Erromako ikuskizunik ospetsuenak eta gustukoenak zirkuan izaten ziren. Zirkuan, batez ere, zaldi-lasterketak eta gurdi-lasterketak egiten zituzten. Lasterketa horiek bi zaldikoak, hirukoak, laukoak (quadriga zen zabalduena) eta hamarrekoak ere izan zitezkeen. Lasterketak taldeka izan ohi ziren, eta taldeak arropen koloreen arabera bereizten zituzten. Kolore baten alde edo kontra apustu ugari izan ohi zen, eta talde batzuek jarraitzaile elkarteak ere sortu zituzten. Gurdien gidari irabazleak, diru-saria eta erramu-koroa jasotzen zuen. Arrakasta horren adibidea Erromako Maximo zirkua da, 250.000 ikusle biltzera iritsi baitziren.