You are on page 1of 32

1.

MARKO TEORIKOA

1.1. Ahozko literatura


Lan honen helburua ahozko literaturaren1 erabilera jakin bat ikertzea
denez gero, ezinbestekoa da kontzeptua zehaztea. Izan ere, "ahozko
literatura"ren definizioa ez da pentsa litekeen bezain nabarmena, sorkari bat
ALkotzat jo ahal izateko ez baita nahikoa ahoz adierazita izatea. Atal honetan
saiatuko gara izendapen honen azpian dauden edukiak ulertzen eta ordenatzen,
betiere oso kontuan izanda zein den gure helburua, hau da, era honetako
testuak eskolan erabili ahal izatea eta haiei etekina ateratzea haurren
hezkuntzarako.

1.1.1. Zer da AL? Definizioa eta ezaugarriak


Erromantizismoa garatu eta hedatzen ari zen garaian, "1846an, [...]
William J. Toms izengoitiaz ezagutua denak sortu zuen folklore hitza,
Londreseko Ateneum aldizkarian atera zuen idazlanean" (Etxebarria, 2009, 12.
or), eta Europan zehar ere hedatu zen termino hau, mugimendu
erromantikoaren parte ziren literaturazale eta ikertzaileek erabili baitzuten.
Euskal Herrian ere harrera ona egin zioten mugimendu erromantikoari: 1884an
Erriko Yakintza (Sociedad El Folk-lore Vasco-Navarro gazteleraz) izeneko
elkartea sortu zen, Unamuno, Vicente Arana eta Camilo Villabasoren eskutik.
Termino horren antzekoa erabili zuen Azkuek bere azken lanari izenburua
jartzerakoan: Euskalerriaren Yakintza (Etxebarria, 2009, 12. or.).

Gai honen inguruan egindako ikerketak, idatzizko literaturari buruzkoekin


alderatzen baditugu batez ere, urriak izan dira duela gutxi arte. Horren erakusle
1 Hemendik aurrera "AL" gisa adieraziko dugu "ahozko literatura".

3
da terminologiaren inguruan dagoen adostasun eza edo aniztasuna. Folklore
kontzeptua asmatu zenetik, ALri erreferentzia egiteko beste termino batzuk ere
erabili izan dira eta erabiltzen dira oraindik ere, esanahia zeharo berdina ez den
arren zenbait kasutan: herri literatura, literatur lanen sorkuntza eta transmisioa
nabarmentzen dituena (olerkiak, kontakizunak, ipuinak, kantuak, koplak,
etab.); tradiziozko literatura, sortu ziren lanen transmisio modua azpimarratzen
duena (ahozkoa eta belaunaldiz-belaunaldikoa); ahozko tradizioa,
belaunaldietan zehar transmititzen den ezagutza ezaugarri literariorik gabe
definitzen duena; edo folklorea, ahozko adierazpideetatik sortutakoa herriaren
jakintza gisa definitzen duena (Paya, 2013). Ikusten dugunez, terminoen arteko
ezberdintasun nagusia termino bakoitzaren aztergaian datza, ikertu nahi
denaren arabera bata edo bestea erabili ohi direlarik.

Izenak berak bultza gaitzake pentsatzera AL ahoz errezitatu, narratu edota


abestutako edozein literatur lan izan daitekeela, hau da, idatzizkoa ez dena.
Egia izan daiteke literatura idatziaren ezaugarriekiko ‘aurkakoa’ edo oso
ezberdina dela, baina ALk bere ezaugarri propioak ditu, hau da, ez direnak
idatzizkoaren ezaugarrietan edo hauen ukazioan oinarritzen.

Juan Mari Lekuona (1982, 20. or.) izenaz beraz baliatzen da AL zer den
azaltzeko edo definitzeko, eta "ahoan loratzen den literatura" litzatekeela
diosku. Baina ez hori soilik: "Ahoz expresatzen da; baina, baita ere, belarriz
ikasten eta gozatzen, eta buruz jasotzen eta gordetzen" (Lekuona, 1982, 20.
or.). Lekuonak idatzitakoaz baliatuko gara ALren definizio bat osatzeko, honela
adierazita: AL osatzen duten testuak dira ahoz adierazten diren, entzumenez
ikasi edota gozatzen diren eta buruaz jasotzen zein gordetzen direnak.

Lekuonak, ordea, ez zuen esaldi hori idatzi definizio absolutu gisa


erabiltzeko eta Mircea Eliadek proposatutakoa ere jasotzen du liburuan.

4
Eliadek (1956) zioenez, ahozko literatura "noizpait norbaiten ahotik irten dena
eta oroitzapen kolektiboak gorde duena" (3-28. or.) da. Definizio horrek
ezaugarri asko islatzen ditu hitz gutxirekin, hala nola anonimotasuna eta
ahistorikotasuna ("norbait" eta "noizbait"), ahozko adierazpenaren garrantzia
("ahotik") eta bertan herri xeheak duen balioa zein funtzioa ("oroitzapen
kolektiboak gorde") azpimarratzen dira (Lekuona, 1982, 20. or.). Igone
Etxebarriak (2009, 17. or.) Eliaderen definizioan ageri diren ezaugarriak banan-
banan bereizi eta aztertzen ditu; zerrenda honen bidez laburtu genitzake:

1. Egile ezezaguna izatea.

2. Iraganean egileak berak igorritakoa eta entzuleek jasotakoa


izatea.

3. Memorian gordetakoa izatea, lehenbiziko entzuleena eta


hurrengo belaunaldiena.

4. Ahotik belarrira transmititua izatea.

Beraz, Lekuonak eta Etxebarriak bereizitako ezaugarrietatik abiatuta,


ALren alderdi batzuk nabarmentzen ari zaizkigu: egilearen identitatea, sorrera
denbora (iragana), testuak kontserbatzeko modua eta transmititzeko modua.

Horretaz gain, eta Xabier Payak (2013, 21. or.) dioenez, "ahozko
literaturaren baitakoa izateak ez du esan nahi bertso, balada edo ipuin horrek
osoki ahozko jardunbideen bitartez sortua izan behar duenik". Ekoizpena aldez
aurrekoa izan bada, batez ere, logikoa da pentsatzea ekoizleak idatzi egin zuela,
bere garaian, sortutako hura hobeto gogoratu ahal izateko, bere publikoari
kontatu artean. Dena den, ideia hau ez dago kontrajarria enuntziatutako
ezaugarriekin; beraz, ezaugarrien zerrendara gehitu genezake:

5
5. Ekoizpena igorpenaren une berean edo aldez aurretik egindakoa
izan daiteke eta jardunbide ezberdinak erabili ahal izan dira
honetarako.

Hala eta guztiz ere, zerrendatutako ezaugarriei kasu eginez zenbait genero
ALtik kanpo geldituko lirateke, hala nola gaur egungo bertsolaritza (1.a ez du
betetzen, eta askotan 3.a ere ez, ez baita memoria gordelekua, baizik eta
grabaketa), Patxi Zubizarretaren ipuin bat (umeei ahots altuan kontatuez gero
4.a soilik beteko luke) eta gaur egungo pastoral bat (2.a eta 3.a ez dira
betetzen). Orduan, honako galdera hau egin genezake: Eliaderen definiziotik
eratorritako lau ezaugarriak ezinbestekoak dira sorkari zehatz bat ALren baitan
kokatzeko?

Payak (2013) ikuspegi berri bat proposatzen du ALren kontzeptuari buruz.


Europan ALri buruzko lehen landa-lanak eta bilketak egin zirenean,
Erromantizismoaren garaian, askotariko ezaugarriak zeuzkaten bilduma
horietan jasotzen ziren ipuin, kantu eta abarrek; Payak egindako ahozko euskal
literaturaren antologian, lehen bilketa horietako lanek amankomunean
zeukatena azaltzen da: "Lanok oro har testuinguru komun honetan koka
litezke: funtsezkoa da igorleak aditzera ematen duena hartzaile batek edo
batzuek entzuna izatea. Komunikazio une eta gune horri performance esaten
zaio" (Paya, 2013, 20. or.).

Performance delako hau ahozko literatur adierazpideen une


garrantzitsuena da eta, idatzizkoan ez bezala, igorpena (kontatzea, abestea...)
eta harrera (entzutea) aldi berean gertatzen dira: "une horren
esanguratsutasunak baldintzatuko du bertso, balada edo ipuin horrek
ahozkotasunaren zikloan egingo duen bidea" (Paya, 2013, 20. or.). Horren
arabera, Payarentzat performance kontzeptua, hau da "igorletik hartzailerako

6
jauzia esan-entzunez egitea", izango litzateke ALren baitakoa izateko
"ezinbesteko baldintza bakarra".

Ondorioz, ALren barruan zer literatur lan sartzen diren definitzeko,


lehenago adierazitako bost ezaugarri horietatik bakarra da gelditzen zaiguna,
ahozko transmisioari (igortzea eta jasotzea) dagokiona, hain zuzen ere.
Aurrerago jasotako gainontzeko ezaugarriak ere ALren bereizgarriak dira,
baina ez ditugu ezinbestekotzat joko sorkariren bat sailkatzeko orduan.

Horren harira, Payak (Paya, 2013, 21. or.) ahozkotasunaren zikloaren


kontzeptua azaltzen digu, non bost urrats bereizten diren:

1. Ekoizpena: igorleak bere sorkaria aldez aurretik prestatu edo momentu


horretan bertan egin dezake. Beraz, ekoizpena buruan pentsatuz, idatziz
edo beste moduren batez egina izan daiteke.

2. Igorpena: igorleak sortutakoa bere publikoari transmititzea da eta, hau


ere, hainbat eratan gauzatu daiteke: ahoz, ahoz eta keinuen bidez,
idatziz edo bestelakoen bidez.

3. Harrera: hartzaileek igorlearen mezua jasotzean datza, eta izan daiteke


entzumen bidezkoa, ikus-entzunezkoa, irakurketa bidezkoa edo
bestelakoa.

4. Gordetzea: hartzaileak mezua denboran zehar ez ahaztean datza, hau


da, informazioaren kontserbazioan. XX. mendearen hasierara arte,
ahoz-ahokoa eta idatzia izan da gordetze hori, grabazioak (audioa edo
ikus-entzunezkoa) direlarik gaur egungo baliabide erabilienak. Horren
ondorioz, "oroimenaren balio hautatzailea" ahuldu egin da, grabazioak
den-dena gorde baitezake, esanguratsua izan ala ez. Ordura arte
oroimenean gordeta gelditzen ziren sorkariak igorleak modu oroigarrian

7
kontatutakoak eta hartzaileentzat esanguratsuak suertatzen zirenak
baino ez ziren.

5. Errepikapena: gordetako mezua berriro igortzean datza, azken bi pausu


hauek errepikatuz belaunaldiz-belaunaldi mezuak transmititu izan
direlarik. Hau ere, ahoz eta idatziz egin izan da duela gutxi arte, gaur
egun grabazioen erreprodukzioak tokia kendu dielarik.

Dena den, ALren genero guztiek ez dituzte ahozkotasunaren zikloaren


pausu guztiak betetzen, egile berak bere antologian azaltzen digunez:

Tradiziozko generoak dira hasieran egile jakin bat edo batzuk dituen
sorkaria hartzaileek jaso eta belaunaldiz belaunaldi iraunarazteko xedea
dutenak; literatura ez tradizionala, aldiz, performance delakoan hasi eta
amaitu egiten da eta behin-behinean ez du ezer iraunarazteko asmorik.
(Paya, 2013, 21-22. or.)

Orduan, tradizioko generoek ahozkotasunaren zikloaren pausu guztiak


betetzen dituzte eta tradiziozkoak ez direnek lehenengo hirurak bakarrik. Baina
bereizketa horren muga ez da hain argia eta J. M. Lekuona bera transmisio
eredu mistoak ere bazeudela ohartu zen. Talde horretan sartzen du bertsolaritza,
"badirelako entzuleek buruan gorde eta belaunaldiz belaunaldi pasatu dituzten
bertsoak eta bertsoaldiak" (Paya, 2013, 22. or.).

Beraz, ALren definizioari dagokionez, lan honetan erabiliko dugun


irizpidea honako hau izango da: sorkariaren transmititzeko modua; hau da:
igorpena eta harrera ahoz eta entzumenez gertatu behar dira, hurrenez hurren,
eta une berean, performance delakoan gertatu behar dira biak. Modu horretan,
ahozkotasunean jarriko dugu eskolako jardunaren erdigunea eta tradiziozko
generoez gain beste hainbat genero landu ahalko ditugu, hala nola bat-bateko
bertsolaritza, gaur egungo ipuinen kontaketa, literatur-jolasak edo antzerkia,
betiere genero horien lanketa performancean oinarritzen badugu. Izan ere, eta

8
gorago esan dugun bezala, eskolan lan egiteko oso komenigarria suertatuko
zaigu kontzeptu eta ezaugarri hauek ezagutzea eta historikoki zer testu
motarekin lotuak izan diren jakitea: baina ez testu mota batzuk baztertzeko eta
beste batzuk onartzeko (adibidez, genero tradizionalak batetik eta ez-
tradizionalak bestetik), baizik eta bakoitzaren nolakotasuna ezagutzeko eta
horren arabera erabili ahal izateko.

9
Garziak adierazten duen bezala, genero bakoitzaren ekoizpena,
transmisioa, harrera eta funtzio soziala baliatzen ditu aztergaiak bereizteko.

Beraz, antologian jasotzen diren ALren genero eta azpigenero guztien


azalpen bat emango dugu orain, horietako gutxi batzuk erabili behar baditugu
ere. Azalpenak azalekoak edo sakonagoak izango dira, eskolan egingo dugun
ikerketarako izan dezaketen erabilgarritasunaren arabera. Horretaz gain, ALren
genero batzuek aipagarriak diren alderdi asko dauzkate eta beste zenbaitek,
ordea, ezaugarri sinple eta arruntagoak. Horrek ere azalpenen sakontasunean
eragina edukiko du; genero epiko-lirikoa, adibidez, oso zabala da eta bere
azpigeneroen artean dauden ezberdintasunak azaldu beharko ditugu; heziketa
generokoak, aitzitik, adierazpen motzak dira eta hauen funtzioa edota esanahia
oso laburki azaldu ahalko dugu, eskolan ikertzeko genero garrantzitsuenen
artean egongo bada ere.

1 Genero epiko-lirikoa

Aski ezaguna da zein izan zen lehenengo euskal liburua, Bernat Etxeparek
idatzitakoa, Linguae vasconum primitiae gisa bataiatua eta 1545. urtean
argitaratua, hain zuzen ere. Ez da, ordea, hain ezaguna euskal ahozko literatur
lan zaharrak ere kontserbatzen ditugula, liburu hori baino antzinagokoak
direnak.

Kantu epikoak
Mitxelenaren (1960, 40. or.) arabera, euskal monumentu literario
zaharrenak XIV. eta, batez ere, XV. mendeetako gertakariei erreferentzia egiten
dieten kantuen zatiak dira. Testu horiek Erdi Aroko euskararen agerpenak dira,
ahozko tradizioz gordeak izan direnak eta, soilik transmisio hau gertatu eta
gero, idatziz jasoak izan direnak (Mitxelena, 1964, 6. or.) guri transmititu

11
dizkiguten arte XVI. eta XVII. mendeetako historialariek (Mitxelena, 1960, 40.
or.). Bestalde, alderdi literarioei eta poetikoei dagokienez, kantu zahar horiek
ez dira "mespretxagarriagoak" idatzizko lanekin alderatuez gero. Kalitatearen
alorrean ez ezik, kuantitatiboki ere arrakasta handiaz gozatu zuen genero
epikoak Euskal Herrian. Kantu hauek dira horren adibide: Urrexolako
guduarena (XIV. mendearen bigarren erdikoa), Abendañoko Pedroren porrota
Mondragoekoen aurka kontatzen duena (1443), Mondragoeri su eman
ziotenekoa (1448), Santa Ilia haitzuloko kantua (Araotzen, Oñati) eta
Bereterretxeren kantu zuberotarra (Bereterretxe gaztearen erailketa XV.
mendearen lehenengo erdian gertatu zen) (Villasante, 1979, 39. or.).

Baladak
Baladak kantu narratibo laburrak dira, gehienbat gertaera edo istorio
motzak kontatzen dituztenak. Hauen gaiak maitasunezko istorioak eta
erailketak (edo heriotza biolentoak) dira nagusiki. Pertsonaiei dagokienez, ez
daukate garrantzi handirik, hauen karakterizazio eskasak erakusten digunez,
istorioaren ekintzaren aktore izan arren. Era berean, lekuak, espazioa eta
denbora azaleko ezaugarri orokorrekin baino ez dira deskribatzen. Baladen
testuak, eta musika neurri txikiago batean, etengabe eraldatzen ari dira,
performance bakoitza ezberdina delako. Izan ere, transmisioa kultura formal
apala zuten pertsonen bitartez gauzatu da (Paya, 2013, 98. or.).

Baladak kantatzen zituzten abeslariek ez zituzten ezagutzen hauetan


aipatzen diren gertaerak, baina ez zituzten alde batera uzten. Testua berriro
doitzen zuten, horretarako zentzurik gabeko esaldiak sartu behar bazituzten ere;
izan ere, baladek iraganetik datorrena mantentzeko joera dute. Baladak bertsoz
idatziak daude eta amaieran errimak izan ohi dituzte. Dena den, horiek ez dira

12
errima jasoak izaten, baizik eta antzeko soinuen errepikapenekin sortuak, eta
entzulearentzat atsegina izatea da horien xedea (Paya, 2013, 99. or.).

Ipuinak
Ipuina oso genero zabala da, baina ipuin tradizionalaz ari bagara, gizartean
belaunaldiz belaunaldi transmititu ohi diren fikziozko gertaerak biltzen dituen
narrazio gisa deskribatuko dugu. Transmisioa kolektiboa izan ohi da, eta ez
dago egile zehatzik, narratzaile bakoitzak bere arrastoa gehitzen dio. AL
tradizionala den heinean, ipuina bizirik eta etengabe aldatzen dago,
kontalariaren eta entzuleen arabera (Etxebarria, d. g.).

Ipuinetan ezaugarri estilistiko batzuk oso ohikoak izaten dira. Horrela,


sarrera lasai baten ondoren ekintzak gero eta tentsio handiagoa hartzen du eta
azkenean berriro erlaxatzen da. Asko errepikatzen dira ekintzaren garapenari
tentsio handiagoa emateko elementuak, eta elementu hauen erabilpenak
memorian erregistratzen laguntzen duen teknika gisa ere balio du. Ipuinetako
gertaeretan agertzen diren pertsonaiak, eta horien kokaleku diren espazioa eta
denbora, xehetasunik gabe aurkezten zaizkigu. Pertsonaiek, ezaugarri
indibidualei baino, estereotipoei erantzuten diete: gurasoak eta seme-alabak,
aberatsak eta pobreak, onak eta gaiztoak... Narratzaileak, sarritan, ekintza bere
inguru hurbilean kokatzeko joera du, baina, berez, ezaugarri unibertsalak dira.
Ekintzak kateatzeko modua erraza da, normalean bata bestearen ondoren
gertatzen dira, egitura sinple baten arabera (Etxebarria, d. g.).

Formula jakinak erabiltzen dira hasieretan eta bukatzeko moduetan, eta


batzuetan pertsonaiak izendatzerakoan ere bai; adibidez, "Egia bada, sakelan
sar." edo "Haiek ondo bizi izan baziren gu ondo bizi gaitezen." ipuinak
bukatzeko formulak dira (Etxaniz, 1986, 140. or.). Azkenik, ezin daiteke esan

13
euskarazko ipuinek jasotzen dituzten gertakariak euskal jatorrizkoak direnik,
Europan hamaika adibide antzeko baitaude (Paya, 2013, 92. or.).

Ele zaharra edo kondaira


Ele zaharrak ere kontakizun laburrak dira, baina ekintzaren pertsonaiak eta
lekuak zehatzak izan ohi dira, ipuinetan ez bezala. Kondairetan naturaz
gaindiko elementuak agertzen dira: jentilak, ingumak, iratxoak, etab.
Pertsonaia fantastiko hauen kasuan ere, zaila da baieztatzea guztiak euskal
jatorrizkoak ote diren ala ez (Paya, 2013, 92. or.).

Alegia edo fabulak


Alegiak ere kontakizun laburrak dira eta irakaspen bat izan ohi dute,
haurrei irakasteko helburuarekin gehitu izan dena. Pertsonaiak animaliak izan
ohi dira eta pertsonifikatuak agertzen dira gehienetan(Paya, 2013, 92. or.).

Herri lirika
Lirika tradizionala edo herri lirika ahoz transmitituak izan diren olerki
lirikoz osatutako azpigeneroa da. Aldaera poetiko hau kultura baten hasierako
pausuetan agertu ohi da; egileak ezezagunak dira edo, denboraren poderioz,
egiletzari buruzko informazioa galdu da. Euskal Herriko lirika herrikoiaren
produkziorik esanguratsuena ezin da ziurtasunez datatu: askotan bilketa-urtea
erabiltzen da lehen datazio gisa, nahiz eta testu askok lehenagoko gertaera
historiko bat edo dataren bat aipatzen duten. Era honetako olerkiak XIV.
mendeko testuetan agertzen dira lehenengo aldiz eta horregatik, tradizionalki,
lirika herrikoiaren urrezko arotzat hartu izan da (Paya, 2013, 88. or.). Juan Mari
Lekuonaren (1982) iritziaren arabera, ordea, lirika herrikoia baladen
ondorengoa da, eta XIX. mendeko bertsolaritzaren aurrekoa.

14
Lirikaren ezaugarriez gain, beste genero batzuetako ezaugarriak ere
aurkitu ditzakegu olerki hauetan: lehen pertsonaren erabilpen eza,
elkarrizketak, narrazioaren erabilpena, etab. Gaia maitasunaren ingurukoa da
herri lirikan, egileen atsekabeak eta sentimenduak agertzen dituelarik (Paya,
2013).

Kantu asko elkarrizketa bat bezala osatuak daude eta Juan Mari Lekuonak
hiru urratseko egitura identifikatu zuen hauetan: kontakizuna, bakarrizketa,
elkarrizketa. Izan liteke, hala ere, bi urrats baino ez izatea. Egitura silogistikoen
eta mendeko perpausen ugaritasunak pentsarazten digu literatura idatziaren
eragina izan duela (Lekuona, 1982). Haur folklorearen bilduma izeneko
lanean herri-olerkien adibide hau ageri da:

AITITA DELA ez zeukaten gauzek prezio


TXUNTXULUN BERDE, txarra

amama dela mazusta; aita hara heldu zenean.

aita joan da Bitoriara Bitoriatik alboan dago

ama lepoan hartuta. herri txiki bat: Gamarra.

Bitoriako merkatuan Kakarraldoen bildurragatik

zapatu arratsaldean han geratu da senarra.


(Etxaniz, 1986, 56. or.)

2 Koplak

Koplak dira, Payaren sailkapenari kasu eginez, ahozko euskal literaturaren


beste genero multzo garrantzitsu bat; barruan hartzen dituen azpigenero
garrantzitsuenak honako hauek dira:

– Kopla zaharrak: aspaldiko sorkariak dira, herri jakintzaren adibide


argiak eta beste genero batzuekin lotuta azaltzen direnak euskal ahozko
literaturan.

15
– Dantza koplak: soinu-tresnarik ezean dantzariek eurek kantatu ohi
zituzten koplak dira, biziak eta alaiak.

– Errondarako koplak: eskeetan eta errondetan etxerik etxe kantatzen


dira, nagusiki Gabonetan eta Santa Ageda bezperan. (Paya, 2013, 78. or.)

Serie laburrak izan arren, gure ahozko tradizioaren altxor handienetako bat
dira. Askotan seriean interpretatzen dira, kopla bat bestearen atzetik kokatuz,
haien artean inolako loturarik izan gabe ere. Ez da haien jatorriari buruzko
daturik ezagutzen, oroimen kolektiboan biziraun dutela besterik ez dakigu,
zerbait iradokitzen dutelako eta herriak aintzat hartu dituelako. XX. mendeko
lehen hamarkadetan, Manuel Lekuonak oso ekarpen baliotsua egin zuen, kopla
hauek literatura irakasleen eta ikertzaileen ikasgaia izan behar zutela adierazi
zuenean. Berak mota horretako kopla zein abesti herrikoiak eta bertsolaritza
literatura mailara igo zituen, bere klase eta argitalpenen bidez. Garai hartako
kultur giroak balio berezia eman zien herri adierazpen horiei, eta Euskal
Pizkundea izeneko aldian ahalegin handia egin zuten genero horretako
materialak biltzeko (Etxebarria, d. g.).

Lekuonak adierazi zuen bezala, kopla zaharrek lau bertso dituzte, bi


bloketan banatuta. Lehen bertso parea elementu naturalen bidez adierazitako
ideia abstraktu bati buruzkoa da. Bigarrenak, aldiz, zerbait errealagoa
adierazten du, itxuraz aurrekoarekin loturarik ez duena. Hala ere, kopla hauek
oso ondo kontserbatu dira herri mailan, eta, beraz, jendearen gogamenean bi
aldeen arteko nolabaiteko elkarketa bat gertatzen dela ondoriozta daiteke, hau
da, kopla zaharrek haien osotasunaean (bi bertso pareek) erakargarria den
zerbait iradokitzen dutela (Lekuona, 1964, 79-80. or.).

3 Heziketa generoa

16
ALren genero guztiek transmititzen dituzte komunitate baten ohiturak eta
usteak eta, neurri horretan, esan daiteke nolabaiteko funtzioa dutela ondoko
belaunaldien heziketan. Heziketa generoa deitu izan dena, berriz, bereziki
hezitzailea da, soilik funtzio honetarako sortuak izan baitziren bertan biltzen
diren sorkariak. Payak genero honek biltzen dituen azpigeneroak deskribatzen
ditu, haur-jolasekin hasten delarik:

Ezaguna da munduko kulturen abiapuntu nagusia ume baten heziketan


kantua izaten dela, haurren lehen hitzen pizgarri, gogoaren jostagarri eta
aurreneko jolasen akuilagarri; heziketa horren aldian aldiko pausatzaile
ere kantua bera izaten da, mundu osoan erabiltzen baitira sehaska kantak;
azkenik, neska-mutikoen adimenaren legami izaten dira asmakizunak edo
igarkizunak (Paya, 2013, 131. or.).

Haur jolasak
Kantu batekin girotzen diren haurrentzako jolasak dira. Bertan, haurren
hizkuntzaren freskotasuna eta samurtasuna agerikoak dira. Ohikoa izaten da,
haur-jolasen barnean irakaspenak, umeentzako errima erakargarriak eta
errepikapenezko formulak egotea:

ARRE ARRE MANDOKO AEIOU

bihar Iruñerako, Ama, merienda biogu.

etzi Tolosarako. AEIOU

-Handik zer ekarriko? Ama lapikoan daukagu

-Zapata eta gerriko. aita etorri orduko

-Haiek zeinentzako? dena jango dugu.

-Etxean dagoenarentzako. (Etxaniz, 1986, 28-30. or.)

Sehaska kantak

17
Sehaska kantak etxeko ume txikiak lokartzeko xedearekin kantatzen diren
abestiak dira eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira. Lokartzeko giro
epela eta samurra sorrarazi behar da eta honetarako oso lagungarriak dira:
kantuek berez duten erritmo geldoa, errepikakorra eta monotonoa, melodiaren
erraztasuna eta hitz arrunten gertutasuna. Umeen negarrei, lo-gureari, ametsei
eta abarrei egiten zaie erreferentzia umeak lokartzeko xedeaz:

HAURTXO TXIKIA NERE MAITETXO


SEHASKATXOAN POLITA ZARA

negar ta negar gehiago,


polit guztien izarra
amets beltz batek esnatu eta,
Lo goxotxo bat egin bihotza
etsaien beldurrez dago.
nere maitea zara ta.
Ixildu zaitez, ez beldur izan.
(Etxaniz, 1986, 107-111. or.)
-Amatxo, zure zai nago.

-Nik magalean gordeko


zaitut, nere maitea, egin lo.

Igarkizunak eta aho-korapiloak


Igarkizunak jolasa dira batez ere, deskribapen beilatu batetik edo
onomatopeien bidez adierazitakotik abiatuta asmatu behar da zertaz ari den.
Igarkizunek sarrera edo formulatzeko modu zehatz bat dute, eskualdearen
arabera formula desberdinak iritsi zaizkigularik: "zer dala eta zer dala"
(Bizkaia), "pipitaki papatakin nik baitakit gauza bat" (Zaraitzu), "eztukala
igartzen" (Aezkoa), "eztakizuela zer dan" (Leintz), etab. (Azkue, 1989, 377.
or.). Hasiera emateko formula hauen atzetik, igarkizunaren muina agertzen da,
asmatu beharrekoaren arabera ezberdina izango dena:

"Bethi handitzen ari eta hala ere lekutik ez higitzen", (zuhaitza) (Azkue,
1989, 384. or.).

18
"Kenduaz hazi eta gehituten dena", (zuloa) (Azkue, 1989, 381. or.).

"Urtearen hasieran gizen-gizen jaio eta guenean argal-argal hilten dana"


(egutegia) (Azkue, 1989, 383. or.).

Azkuek (1989, 376-377. or.) bi taldetan sailkatu zituen igarkizunak:


deskribatzaileak edo "zeatzaileak", igarri beharrekoa "oso osorik nolabait
zeatuz" agertzen dutenak, erantzuna pixkanaka emanez; eta iradokitzaileak edo
"itaunarazleak", informazioa zeharka ematen dutenak, "gauzen izaerari aipurik
ere " egiten ez dutelarik.

Aho-korapiloak ahoskatzeko zailak diren esaldiak dira. Ahoskera ikasteko


onak dira, edo mintzamena arintzeko ariketa gisa. Batzuetan, jolasa da ikustea
nork esaten dituen azkarrago, edo zortzi, hamar, hamabi aldiz esaldia
errepikatzea arnasarik hartu gabe, adibidez:

"Akerrak adarrak okerrak ditu. Adarrak okerrak akerrak ditu.


Okerrak akerrak adarrak ditu. Baditu bere, bereak ditu";

"Zorri barri sarri larri eta barregarri";

"Iputz-apezak napar-istupez atorra; napar-apezak iputz-istupez


atorra". (Azkue, 1989, 364-365. or.)

4 Eguneroko generoa

ALren arloan kokatu daitezkeen performance batzuk edozein pertsonaren


eguneroko bizitzan gertatzen dira: ez dute publiko handien edo testu luzeen
beharrik. Eguneroko generoen barruan txisteak, zirtoak eta atsotitzak kokatzen
dira (Paya, 2013), oso erabilgarriak izan daitezkeenak eskola eremuetan.

Txisteak
Txisteak narrazio motz eta dibertigarriak dira (batzuetan dramatizatuak)
eta narrazioaren indar pragmatikoa beti amaieran kokatzen da. Txisteak, alde

19
batetik, komunitateko tentsio-puntuen isla dira, eta, bestetik, kultura bateko
kideek partekatzen duten umore motari buruzko ideia bat egitea ahalbidetzen
dute. Euskal txisteek ez dute berezitasun nabarmenik beste kulturetakoekin
alderatuta; esan daiteke euskal umorea gertakari erreal eta hurbilekoetan
oinarritzen dela, eta sarritan, lagun edo pertsonaia ezagunen batean. Euskal
Herriko txisteen pertsonaia ezagunenak Fernando Amezketarra eta Lazkao
Txiki dira (Paya, 2013).

Zirtoak
Zirtoa, ateraldia edo ditxoa esaldi edo erantzun barregarri bat da, hau da,
bat-bateko burutazio edo erantzun bat beste esaldi bati erantzunez. Xabier
Payak (2013) azaltzen digu "halako esaldiak erabiltzen dituenari ditxolaria edo
zirtolaria esaten" (141. or.) zaiola. Baina edozeinek ez du izendapen hori
merezi; izan ere, "praktika aski zabaldua izanagatik Euskal Herrian, erantzun
ezohikoenak eta barregarrienak ematen zituzten herritarrek baino ez zuten
hartzen ditxolari izena" (141. or.). Erantzunak oso laburrak izaten dira eta
erriman oinarritzen dira gehienbat.

Esaera zaharrak edo atsotitzak


Esaera zaharrak edo atsotitzak esaldi laburrak dira, baita hitz solteak ere,
gai askori buruzko herri-jakintza jasotzen dutenak. Esaldi erritmikoak izan ohi
dira, soinu- eta hitz-jolasekin.

Gaur egun ezagutzen den lehen atsotitz bilduma Refranes y Sentencias


comunes en bascuence da, 1596an argitaratua eta 539 atsotitz zenbakituta
dituena, euskaraz eta gaztelaniaz. XIX. mendean, erromantizismoaren eraginez,
esaera zaharrak biltzeko interesak indarra hartu zuen. Juan Antonio Mogelek
asko sartu zituen Peru Abarka izeneko liburuan. Ikerketarik eta bilketarik

20
garrantzitsuenak XX. mendekoak dira: Julio Urkixo, R. Mª Azkue, Damaso
Intza eta Gotzon Garate idazleek oso ondare aberatsa berreskuratu dute
(Etxebarria, d. g.).

Esaera zaharren artean mota ezberdinak bereizi daitezke, tratatzen duten


gaiaren arabera sailkatuak: zenbakienak, umorezkoak, izaki bizidunenak,
eguraldiari buruzkoak, gorputz zatienak, eta abar:

Umorezkoak: Eguraldiari buruzkoak:

"Bene-benetan, katua "Arrats gorri, bihar eguzki zuri;


berbetan.", "Amen, ez da goiz gorri, arrats euri." edo "Edur
gauza onik hemen." edo urte, gari-urte.", (Etxaniz, 1986,
"Hara bi, zu bat eta bestea 99. or.)
ni." (Etxaniz, 1986, 66. or.)

Izaki bizidunei buruzkoak: "Asko daki saguak, baina gehiago katuak." edo
"Esaera zaharrak gezurrik ez, otsoak otsakiri hozkadarik ez." (Etxaniz, 1986,
96. or.)

5 Genero errituala

Genero erritualeko sorkariek ez dute testu luzerik; alderantziz, esamolde,


kontu edo kantu laburrak dira. Komunitatean sistematikoki errepikatzen diren
gertaeren harira erabiltzen dira, denbora eta espazio jakin batzuetan partekatuz.
Eguneroko generoarekiko ezberdintasunaren muga ez da batere argia, asko
baitira izaera erritualeko esparru ugaritan egunero gertatu ahal diren
performanceak (Paya, 2013).

6 Bertsolaritza

21
Bertsolaritza da euskal literaturaren adierazpen bereizgarriena jasotzen duen
generoa. Bertsolariek egin zituzten eta gaur ere egiten dituzten bertso-saio,
bertso-kantaldi eta bertso-lehiei oso balore handia eman zaie literatura
ikertzaileen artean. Izan ere, nazioarte mailan ere euskaldunen AL bertsolari eta
bertsozaleekin erlazionatu ohi da (Etxeberria, 2009).

Bat-bateko bertsolaritza
Bertsolaritza gai bati buruzko bertso kantatuak inprobisatzean datza.
Ekitaldi-motaren arabera, egon daiteke bertsolariei gai edo gida bat
proposatzen dien pertsona bat, gai-jartzailea; beste kasu batzuetan, bertsolariak
beraien inguruan, gaurkotasuneko gaietan eta abarretan inspiratzen dira; oso
ohikoa da, halaber, bi edo gehiagok jardutea, dialektika moduko bat sortuz,
iritzi desberdinak erakutsiz.

Bertsoaren argumentua edo edukia pixkanaka garatzen da, eta amaierarako


uzten da ideia nagusia, mezuaren muina. Bertsoaren edo ahapaldiaren kalitatea
baloratzeko orduan, kontuan hartzen da ea neurria errespetatzen den eta errima
edo puntua egokia den, betiere poto egin gabe, hau da, hitz bera errepikatu
gabe. Jakina, oso garrantzitsua da gaiaren eremutik ez ateratzea eta
koherentziaz garatzea norberaren bertsoa (Etxebarria, d. g.).

Bertsolaria genero honetako subjektu aktiboa da eta bi gaitasun hauek


menderatzen ditu: oroimen-gaitasuna eta inprobisatzeko gaitasuna. Horietaz
gain, bertsolarien beste ezaugarri bat ezinbestean aipatu behar da hauen izaera
deskribatzeko: buru-argitasuna edo -azkartasuna, hau da, grazia edo txispa
(Lekuona, 1964, 46. or.). Subjektu pasiboa bertsoa entzuten ari den herria da,
bertsolariak duen inspirazioaren parte delarik. Horrela, oso ohikoa izaten da
publikoak bertsoaren azken zatia asmatzea eta koroak abestea. Konpenetrazio

22
psikologiko hori eremu politikoan ere eman izan da subjektu aktibo eta
pasiboaren artean, agintari batzuen ikarak sorraraziz zenbaitetan: Iparragirre
Gipuzkoatik kanporatu zuten foruen inguruan abesten zituen kantengatik
(Lekuona, 1964).

Bertsolariek elkarrekin, taldeka edo gutxienez bi taldetan jardutea da


ohikoena, elkar suspertzeko. Lehiakortasun bat sortzen da haien artean, eta,
horren ondorioz, ikusleak bete-betean sartzen dira eztabaidan..

Bertso-paperak
Bertso idatziek emaitza landuagoa erakusten dute, bertsoak sortzeko
prozesua antzeko samarra izan arren: bertsolariak erabiltzen duen metodoa
berbera da, baina bertsoak birpasatu eta hobetzeko aukera izanik, ez baitago
ikuskizun publikoetan dagoen urgentzia, denborari dagokionez. Behin bertsoak
onduta zeuzkatela, bertsolariek eskolatutako pertsona batengana jotzen zuten,
pertsona horrek idatziz jaso zitzan (Paya, 2013).

Bertso-paperek jasotzen zituzten gaiak askotarikoak ziren XVIII.


mendearen amaieran. Hauen gai bakarra pilotarien lorpenak izan zirela uste
bazen ere2, horiek ez ziren bertso-paperetan jasotzen ziren bakarrak. Dena den,
XIX. mendean gaiak ugaritu egin ziren: historiako gertakariak, gai sozialak,
eguraldiak eragindako kalteak, erlijioa, maitasuna, gerra, esamesak… Juan
Mari Lekuonak (1982) bertso-paperen aro ezberdinak sailkatzeko proposamen
hau egin zuen:

 Erromantizismo-aurrekoa (1800-1839):

◦ Nekazari giroa; eragina herrialde edo bailara mailan

2 (Juan Ignacio) "Iztuetak dio XVIII. mende bukaeran zabaltzen ziren bertso jarriek nagusiki
pilotarien balentrien berri ematen zutela" (Paya, 2013, 28. or.).

23
◦ Pernando Amezketarra, Zabala, Txabalategi…

 Erromantizismoa (1839-1876):

◦ Bertso-paperak indartzen dira, zabalkundeari eta hizkuntzari


dagokienez

◦ Etxahun, Otxalde, Xenpelar, Bilintx…

 Aurre-berpizkundea (1876-1935):

◦ Aldaketa handiak: industria, abertzaletasuna, mugimendu


literarioak, bertsolari batzuen mezu sozio-politikoa...

◦ Pello Errota, Udarregi, Kepa Enbeita, Txirrita… (109-118. or.)

Bertso-paperek arrakasta handia izan zuten, bat-bateko txapelketak


antolatzen hasi arte batez ere, eta bertsolarien lanak saltzeko figura berezi bat
sortu zen: bertso-saltzaileak. Inprentan argitaratutako bertso-paperak hartu eta
herririk herri ibiltzen ziren azoketan saltzeko xedearekin.

Bertso-paperek lehen zeukaten funtzioa eta indarra zeharo galdu dute.


"Argia astekariak eta beste zenbait argitalpenek atal osoak eskaini izan dizkiete
bertso-paperei", baina egungoek ez dute ia harrerarik, "musikariren baten
ahotara iristen direnak aparte" (Paya, 2013, 59. or.).

7 Herri antzerkia

Herri antzerkia izeneko genero honek herritar xumeek herritar xumeentzat


egindako ikuskizunak biltzen ditu. Emankizunak herriko plazetan, frontoietan,
kaleetan, edo zelai irekietan antzezten dira, ez antzokietan. Euskal Herriko
adierazpide ezagunenak maskaradak, pastoralak eta irri antzerkia dira. Genero
hau ez-tradiziozkoa den heinean, historia zehatza eta ezaguna duen generoa da
(Paya, 2013).

24
Pastorala
Zuberoako antzerki herrikoi bereizgarria da pastorala edo trageria
deritzon azpigeneroa. Jatorriz Erdi Aroko misterioak ziren obra hauen gaia, eta
beranduago gaiak aldatzen joan baziren ere, hasierako egitura ia berdina
mantentzen du. Oinarrian dutena liturgia dramak dira eta antzeko ikuskizunak
daude Europako nazio gehienetan. Eliza eta botere zibila askotan pastoralen
aurka agertu izan badira ere, Euskal Herrian bizirik diraute (Paya, 2013).

Maskarada
Maskarada antzerki-emankizuna da eta Zuberoako inauteriekin batera
antolatzen da. Azpigenero honetan dantza, bertso eta kantuek leku berezia
hartzen dute. Historialarien arabera, genero hau Europatik zabaldu zen
Zuberoara XVI. mendean. Ordutik, gazteek prestatzen zituzten maskaradak eta,
behin prestaturik, herriz herri mozorrotuta ibiltzen ziren. Mozorroak garai
hartako Euskal Herriko ogibideetan oinarritu zituzten eta gaur egun laurehun
urte lehenago bezala antolatzen dira (Paya, 2013).

Irri antzerkia
Antzerki komikoa edo irri-antzerkiak dira publikoari barre eginarazteko
xedea duten emankizun ikusgarriak. Iparraldeko xaribari edo antzezpen irri-
eragileen multzoak osatzen du azpigeneroa. Ikuskizun hauek antolatzearen
helburua da gertakari zehatz bat salatzea, horretarako satira bezalako
baliabideak erabiliz. Ezkontza eta ezkongaiak izaten dira azpigenero honen gai
nagusia, Payak (2013) azaltzen digunez, "plazara eramaten zituzten eta bertan
antzezkizun bat eratzen zuten bikotearen kontura nahi adina irri eginez" (126.
or.).

25
8 Genero aplikatuak

ALren barruan genero aplikatuak ere aipatu ohi dira. Xabi Payaren antologian
jasotzen den azkena da genero aplikatua, non elizako sermoiak soilik azaldu eta
jasotzen dituen. Genero aplikatuen atala egotearen zergatia Garziak (2007)
azaltzen digu:

By including these forms, I aim to suggest that research into the oral
tradition in general [...] should also deal (if not primarily) with those oral
genres that have arisen in the context of the modern media. (62. or.)

Beraz, genero aplikatu deitu nahi die denborak aurrera egin ahala sortu diren
adierazpideei, hedabide modernoen ikerketan hastea premiazkoa dela
azpimarratzen duelarik (Garzia, 2007). Payarentzat (2013) gaur egungo
adierazpide berri horiek "ikasgai esanguratsuak izan daitezke" (149. or.), baina
horien inguruko ikerketa baliagarrien falta dela eta, ez du hedabide
modernoetatik sorkaririk jaso.

Sermoia
Sermoia da apaizak mezan ematen duen hitzaldi erlijiosoa, doktrina
kristaua predikatzeko xedez. Euskarazko sermoilaritza oso emankorra da
ikerketarako, Euskal Herrian ez ezik atzerrian ere misiolaritzan aritutako abade
eta fraide ugari izan baitira (Paya, 2013).

Besteak
Gaur egungo hedabideei dagokienez, Garziak (2007) antzerki modernoa,
irratigintza, zinema eta telebista biltzen ditu genero honen azpigenero nagusi
gisa (ikus 2. taula). Genero hauek, izenak berak adierazten duenez, eguneroko
bizitzan aplikagarriak dira, eta ezaugarri honek biziki interesgarria bilakatzen
du generoa gure eskolako lanketari dagokionez.

26
1.2. ALren presentzia Lehen Hezkuntzan

1.2.1. Legedia
EAEko Curriculum Dekretuan(3), "Euskara eta Literatura" eta "Gaztelania
eta Literatura" deituriko arloak "hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako
konpetentziaren" barruan kokatzen dira. Bi arlo horiei dagozkien etapako
helburuetatik, laugarren helburua da literaturari buruz aritzen dena:

4. Hainbat generotako literatura-testuak irakurtzea eta entzutea, eta, hala,


literaturaz gozatzen ikastea, horrek sentsibilitate estetikoan aurrera
egiteko, norberaren hizkuntza-ondarea aberasteko eta identitate kulturala
eraikitzeko aukera ematen duen aldetik. (Eusko Jaurlaritza [EJ], 2015,
118. or.)

Eduki multzoen ezaugarriak azaltzerakoan, ordea, bigarren multzoa


ahozko komunikazioarekin erlazionatuta dagoela azaltzen da. Horrez gain,
ahozko komunikazioarekin lotutako trebetasunei oso garrantzi eskasa eman
zaiela kritikatzen da, nolabait:

Ahozko komunikazioarekin lotutako hizkuntza-trebetasunak ahaztuak


izan ditu erabat gure eskola-sistemak. Eta [...] behar-beharrezkoa da
hizkuntza-trebetasunon garrantzia behar bestetan azpimarratzea, [...]
horiek emango baitiete aukera ikasleei beren komunikaziorako
konpetentzia guztiz garatzeko. (EJ, 2015, 119. or.)

Salaketa moduko honen jarraian, hizkuntza-erabileraren bi alderdiak


(ekoizpena eta ulermena) era integratuan lantzea komeni dela esaten da. Izan
ere, elkarri estu lotuta daude hitz egitea eta entzutea, idaztea eta irakurtzea,
etab. (EJ, 2015). Segidan, laugarren eduki multzoa azaltzen da, literaturari
dagokiona hain zuzen ere. Eduki horien xedeak hauek dira: "ikasleak
irakurtzen ohitu daitezen saiatzea", lehen zikloari dagokionez eta, bigarren

3Hemendik aurrera "CD" gisa adieraziko dugu "Curriculum Dekretua".

27
zikloan, "haien irakurzaletasuna sendotu" dadin ahalegintzea, "literaturaz
gozatzen ikas dezaten" (EJ, 2015, 119. or.).

Hurrengo atalean, Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko edukiak


zehazten dira. Gure aztergaiak laugarren multzoan (literaturari dagokionean)
kokatuta daude gehienbat, baina bigarren atalean ere badugu aipamenik.

Laugarren atalak, "Literatura-hezkuntza" deitzen denak, ALren


adierazpide dezente biltzen ditu: "ipuinak, poemak, kontakizunak eta bertsoak",
eta "literatura klasikoko eta haur literaturako lanak" (antzerki-lanak eta aurretik
aipatutakoak), besteak beste. Zenbait metodo ere aipatzen dira, adibidez
"irakurketa gidatua", "esperientziak besteenekin kontrastatzea", "modu
dramatizatuan irakurtzea" eta "poemak errezitatzea", haien artean. Azkenik,
ahozko literatura generoak (narratiboa, lirikoa eta dramatikoa) izendatzen dira,
eta baita "bertsolaritza eta ahozko euskal literaturako beste genero batzuk" ere.
Bigarren ziklorako zehazten diren edukiak lehenengoen antzekoak dira (ikus 2.
eranskina, 1.1.2. atala), baina konplexutasuna areagotu egin delarik. Ikasleak
autonomoagoak izatea espero da eta, beraz, "errezitatzea, eta horretan, tonua,
erritmoa, ahoskera eta abiadura zaintzea."

"Euskal curriculumaren berariazko edukien zehaztapena" deritzon atal


honetan, "era orientagarrian eta irekian, etapa osorako aurkezten diren edukiak
[...] euskal curriculumaren berariazko edukien zehaztapena dira", dekretuaren
arabera. Laugarren multzoa bi zatitan bereizten da oraingoan: "literatura idatzia
(zerrenda orientagarria)" eta "ahozko euskal literatura".

Lehenengo atalean, parentesien artean esaten den bezala, euskal idazleen


zerrenda bat ageri da eta, bertan, egile bakoitzaren zenbait obra aipatzen dira
bereziki aproposak direnak . Beraz, 19 idazle dituen zerrenda "orientagarria"

28
eskaintzen digute, "orientatzeko" lauzpabost liburu, ipuin edo bilduma gehituz
idazle horietako bakoitzari. Zerrendan agertzen diren idazlanak oso
erabilgarriak izan daitezke LHn literatura idatzia lantzeko (eta baita AL
jorratzeko ere) baina ez da batere zehazten nola: ez adin-tarteak, ez testu-motak
(poemak, ipuinak, atsotitzak) ezta ariketa motak ere (banakako irakurketa,
taldekakoa, ahots altuan egindakoa, kontaketak, berridazketak, etab.).
Zerrenda horretatik atera daitekeen informazio bakarra obren izenburu batzuk
irakurtzean inferitu dezakeguna da, adibidez: "X. Olaso (Auskalo! Igarkizun
eta aho-korapiloak, 2000 [...])". Dena den, atal hori literatura idatziari
zuzenduta dagoenez, ez dugu honetan gehiago sakonduko.

"Ahozko Euskal Literatura" deritzon bigarren atalean ALren zenbait


genero zerrendatzen dira:

• Koplak: Santa Agedako koplak, dantza koplak…

• Genero epiko-lirikoa: alegiak, ipuinak eta ele zaharrak. Baladak.

• Heziketa generoa: haur jolasak, sehaska kantak eta igarkizunak.

• Egunerokoak: atsotitzak, zirtoak, txisteak…

• [...] (EJ, 2015, 130. or.)

Bertsolaritzari dagozkion azken hiru atalak kenduta, literatura idatziaren


zerrenda orientagarriarekin gertatu bezala, ez dira batere zehazten genero eta
azpigenero bakoitza lantzeko nondik-norakoak (testu zehatzen proposamenak,
landu beharreko alderdi garrantzitsuenak, adibideak...). CDn aurkitu dezakegun
bakarra da ahozko euskal literaturaren generoen zerrenda eta horietako
bakoitzaren parte diren zenbait azpigeneroren izenak. Bertsolaritzari
dagokionez ordea, baliabide ugari eskaintzen zaizkigu eta ez edozein modutan
zerrendatuta, hiru ataletan banatuta eta zentzuzko ordena eta hierarkia jarraituz
baizik.

29
1.2.2. AL eskolan lantzeko arrazoi eta modu
batzuk
Belaunaldiz-belaunaldi, umeek literaturarekin duten lehenengo kontaktua
haien guraso edo aitona-amonen magalean izan da, kantuak, ipuinak, jolasak,
etab. jasoz. Eta ez soilik literaturarekin, norberaren garapenerako
ezinbestekoak diren ikaskuntzekin ere lehen harremana edukiko dute:

Con la sabiduría decantada de la experiencia colectiva, el niño inicia


lúdicamente aprendizajes múltiples: comportamientos, prácticas
exploratorias, habilidades motrices, destrezas corporales, desafíos,
riesgos, competiciones, ritmos. Complejas urdimbre, impulso vital del
juego. (Pelegrín, 2008, 11. or.)

Tradizioz heldu zaigun ALk gozamena sorrarazten digu, hizkuntza


aberasten laguntzen digu eta irudimena garatzeko pizgarria da . Tradizio eta
folklore guzti horrek eragin handia edukiko du haurraren heziketa globalean.
Izan ere, hizkuntza zer den ezagutzeko, erritmoa eta soinuaren nozioak
barneratzeko edota haien arbasoen kulturaren berri edukitzeko, besteak beste,
oso baliagarria izango baitzaie (Etxaniz, 1986). Beraz, baieztatu dezakegu AL
era egoki batean lantzea onuragarria dela LHko ikasleentzat, hizkuntzaren,
afektibotasunaren eta jolas-izaeraren arloen ikuspegitik, behintzat. Orduan,
nola landu beharko genuke AL eskolan? AL definitu eta bere ezaugarriak bildu
ditugunean (ikus 1.1.1. atala), ahozko jardunbideetan performance kontzeptuak
duen garrantzia adierazi dugu.

[...] toda comunicación vocal [...] implica, como vocal, y por lo menos por parte de
dos sujetos, locutor y oyente(s), la misma. aunque no idéntica, inversión de energía
psiquica, de valores miticos, de instinto social y de lenguaje. Radicalmente social,
tanto como individual [...]. (Zumthor, 1991, 31. or.)

30
Oso garrantzitsua da ahozkotasuna lantzen dugunean bi aktoreen paperean,
igorlea(k) zein hartzailea(k), sakontzea eta, testuinguruari dagokionez, denbora
eta espazioa kontuan hartzea. Bi rol ezberdinek barne hartzen dituzten
trebetasunak eskolan lantzea ezinbestekoa da ahozkotasunaren garapen egokia
lortzeko. CDan jasotzen da "hitz egitea eta entzutea, bai eta irakurtzea eta
idaztea ere, elkarrekin estu lotuta daudela, eta, beraz, komeni dela ikaskuntza-
jardueren sekuentzian hizkuntza-erabileraren bi alderdiak, ulerkuntza eta
ekoizpena, integratzea" (EJ, 2015, 119. or.). Denborari dagokionez,
gomendagarria da saioak motzak diseinatzea eta hauek sarritan egitea, adinaren
arabera moldatuz. Erritualizazioaz baliatu ahal gara ahozko poesia, edo AL
orokorrean, une eta gertaera jakinei lotzeko, baina haratago ere joan beharko
dugu, monotonian ez erortzeko. Saiatu behar gara AL momentu ez-ohikoetan
ere txertatzen, azterketak banatzean poema bat errezitatuz, adibidez. Espazioari
dagokionez, oso erabilgarria suertatu ahal zaigu ikasgelatik ateratzea: pasilloa,
jolastokia, irtenaldiak, etab. Modu horretan, "une bereziak sortzen dira" eta
ikasleei "oroimenean itsatsirik geratzen zaizkie" (Igerabide, 2003, 26. or.).

Zumthoren (1991) hitzetan, hauxe izango litzateke performancearen


definizioa: "La performance es la acción compleja por la que un mensaje
poético es simultáneamente transmitido y percibido, aquí y ahora" (33. or.).
Une horretan igorlearen figura, hartzaileak eta inguruko baldintzak aurrez aurre
jartzen dira, konfrontazio zehatzean. Igorlearen helburua ez da informazioa
transmititzearena bakarrik, informazio hori transmititzean hartzaileak bere
intentzionalitateaz jabetzen direla lortzea du xede: "Lo que ofrece materia para
hablar [...] es un doble deseo: el de decir y aquel en quien repercute el
contenido de las palabras dichas" (Zumthor, 1991, 32. or.). Beraz, ikasgeletan
ere landu beharko ditugu, AL jorratzen dugunean, hartzailearengan emozioak

31
eta erreakzioak sorrarazteko trebetasunak. Trebetasun horiek alderdi ezberdin
batzuen arabera baldintzatuta daude. Izan ere, aipatutako aktoreez gain,
performanceak bitarteko batzuk jartzen ditu jokoan: "ahotsa" (prosodia eta
modalitatea) eta "gorputza" (keinuak, dantzak). Elementu horien erabilpenak
performancearen transmisioan eragina dauka, hau esanguratsuago eginez. Aldi
berean, transmisioaren esanguratsutasunak baldintzatuko du sorkari horrek
egingo duen ibilbidea ahozkotasunaren zikloan zehar (Zumthor, 1991).
Ondorioz, AL ikasleekin jorratzen dugunean, testuari laguntzen dioten
bitartekoak (tonua, erritmoa, errima, errepikapenak, mimika, dantza, etab.)
erabiltzen trebatu behar ditugu, bai horiek igortzerakoan eta baita horiek
jasotzerakoan ere. Modu horretan bakarrik lortuko dute ALren bidez sentipenak
adierazten eta sorrarazten, haientzako esanahi afektiboa baldin badauka, beti
ere. "Barrutik kontatzea, barne-barnetik, [...] buruaren bitartez, baina ez
buruarekin" (29. or.), hau da, testuarekiko lotura afektiboa sortu behar dugu
gure barnean, hori ahoz transmititu ahal izateko: "burua, memoria, ahotsa,
keinua, intuizioa, begirada eta berbak erabiltzen", baina ez "horretan
pentsatzen" (Irusta, 2010, 27. or.)

2. ESKOLAKO EGOERAREN IKERKETA

2.1. Ikerketaren justifikazioa


CDa aztertu ondoren, hainbat ondorio atera ditzakegu. Batetik, euskal
ahozko literaturaren azpigeneroei dagokienez, edukien arteko oreka falta
igartzen dugu. Bertsolaritzaren inguruko programazioa nahikoa zehaztuta dago
irakasleari orientabide bezala erabilgarri suertatzeko, baina oso modu eskasean
zehaztuta daude gainontzeko azpigeneroak: "koplak", "genero epiko-lirikoa",
"heziketa generoa" eta "egunerokoak". Bestetik, ahozkotasuna lantzeko edukiei

32
dagokienez, CDan teknika eta kontzeptu batzuk zehazten dira eskolan
erabiltzeko: "irakurketa gidatua", "modu dramatizatuan irakurtzea",
"esperientziak kontrastatzea", "poemak errezitatzea", "tonua, ahoskera eta
erritmoa zaintzea", etab. Baina, ezin dugu baieztatu kontzeptu horiek
eskoletako eguneroko errealitatean lantzen direnik, kontrakoa ere baieztatu
ezin dezakegun moduan. Azkenik, CDan ez dira aipatzen zenbait kontzeptu
hainbat autoreren aburuz beharrezkoak direnak ALren ikaskuntza era egoki eta
aberasgarrian garatu dadin. Legeak kontzeptu horiek ez jasotzeagatik, ordea,
ezin dugu ondorioztatu eskoletan lantzen ez direnik.

Ondorioz, interesgarria iruditzen zaigu eskola ezberdinetan ikerketa bat


burutzea legedian jasotakoak eta eskoletako praktikek elkarren artean zer
harreman daukaten ikusteko. Hau da, zer neurritan betetzen da eskoletan CDan
ageri dena eta zer neurritan erabiltzen dira eskoletan CDan agertzen ez diren
praktikak?

2.2. Ikerketaren metodologia


Gure ikerketa abiatzeko, eskoletara presentzialki joango gara,
hezitzaileekin hitz egitera. Eskola bakoitzean, bi pertsona elkarrizketatuko
ditugu, ahoz. Posible bada, haietako bat zuzendaritza-taldekoa izango da eta
bestea LHko lehenengo zikloko hizkuntza irakaslea. Gainera, zikloko
gainontzeko irakasleek betetzeko galdetegi bat ere bidaliko diegu, ikuspegi
orokorrago bat bilatzeko asmoarekin. Bai elkarrizketak (ikus 3. eranskina), bai
galdetegiak (ikus 4. eranskina) bi ataletan banatuta daude: lehenengoa,
"ahozkotasuna lantzeko modua" izenekoa, eta "euskal ahozko literaturaren
azpigeneroak", bigarrenik. Lehenengoan, CDan agertzen diren teknika eta
kontzeptuak lantzen diren aztertuko dugu, batetik, eta performance kontzeptua

33
eta bere alderdi batzuk erabiltzen dituzten galdetuko diegu, bestetik. Bigarren
atalean, ALren zer azpigenero eta hauek zer neurritan lantzen dituzten
galdetuko diegu.

Behin informazioa jasota, eskoletan egon daitezkeen gabezia posibleak


identifikatzen saiatuko gara. Aldi berean, eskoletan praktikatu ditzaketen
metodo eta baliabide erabilgarriak jasotzen saiatuko gara. Azkenik, toki
batzuetako baliabide erabilgarriak beste tokietako gabeziak asetzeko erabiltzen
saiatuko gara, posible den guztietan. Horretarako, eskoletan jasotako
informazioa marko teorikoarekin osatuz, proposamen didaktiko bat diseinatuko
dugu LHko lehenengo zikloan AL lantzeko.

34

You might also like