You are on page 1of 2

Lehengo egunean Deustuko unibertsitatean eztabaida edo elkarrizketa bat

izan genuen. Gazteek ez dutela euskaraz egiten.


Hori unibertsitatean bertan ikusten dugu. 14.000 bat ikasle ditugu hemen
eta euskaraz jakin arren, eskuarki beraien artean erdaraz egiten dute.
Badira salbuespen txalogarriak. Deitoragarri da, ordea, Euskal Filologiako
ikasleetan ere, batzuek erdaraz egiten dutela ikustea.
Dena dela, gaitzerdi euskal gazteek bakarrik erdaraz egingo balute.
Euskaraz dakiten nagusiak ere erdaraz aritzen dira.
Jakina, horrela hondamendira goaz. Ez dakitenek ez dute euskaraz egingo
eta dakitenek ez badute egiten, hor ez dago segidarik.
Esaera den bezala, gaitzari behar duen erremedioa eman behar zaio. Gure
kontuan aurreneko galdera hauxe da: zergatik euskaraz dakitenek ez dute
euskaraz egiten.
Gure artean batek hauxe esan zuen: «Batzuek erdaraz egitea ohoretzat
daukate». Hots, erdaraz egitea dotoreago iruditzen zaiela, euskaraz egitea
baino.
Gehienoi hau ez zela arrazoia iruditzen zitzaigun. Izan ere, euskara orain ez
da lehen bezala gizajo edo ezjakinen hizkuntza. Aitzitik, euskara
intelektualen, unibertsitateko jendearen eta ikasien hizkuntza da.
Zoritxarrez, Euskal Herriko jende xeha, ezjakina, pobrea da euskaraz ez
dakiena. Prostitutek, drogazaleek, miserian bizi diren etorkinek, gizarteaz
kanpo dabiltzan gaizkileek ez dakite euskaraz. Euskaraz mintzo den gizartea
goi mailako gizartea da.
Etorkin batek behin esan zigun bezala:
-Euskara luxua da. Zuek luxu hori izan dezakezue. Guk ezin dugu luxu hori
geure egin. Gu Euskal Herrira bizimodua ateratzera etorri gara. Euskara
luxu bat da. Beharrezkoarekin konformatu behar gara, gaztelaniarekin.
Egungo egunean -hor aldaketa handia gertatu da- euskaraz eginez zeure
burua dotore, argi, ikasia egiten duzu. Eta euskalduna zarela erakusten. Eta
egia esan, Euskal Herrian euskaldun izatea, erdaldun izatea baino dotoreago
eta estimatuago da.
Garai batean gauzak oso diferenteak ziren. Baziren euskaraz ongi jakin eta
erdaraz ez zekitenak. Horiek batzuetan gizajo konplexua izaten zuten. Orain
ordea, euskaraz dakitenek badakite erdaraz ere eta erdaldun hutsak baino
gorago daudela sumatzen dute:
-Nik erdaraz eta euskaraz dakit. Zu baino jantziago naiz.
Oraindik egongo dira banaka batzuk erdaraz eginez bere burua goratu
egiten dutela uste dutenak. Nafarroako eta Iparraldeko baserrietan ikusi dut
hori. Gero eta gutxiago, baina.
Hegoaldean kontua oso diferente da. Hemen beste arrazoi bat aurkitu behar
dugu. Eta arrazoia oso sinplea eta begi bistakoa da: gehienek erdaraz
egiten dute ERRAZAGO EGITEN DUTELAKO.
Erdaraz erraz egiten dute eta euskaraz nekez.
Hau entzun eta berehalaxe galdetzen genuen: Zergatik egiten dute erdaraz
errazago?
Arrazoi asko dago. Batzuek euskaraz ez dute sekula ondo ikasi. Erdal
familietan jaio dira eta ikastolan ikasi duten euskara azalean gelditu zaie.
Hau batez ere hiri handietan ikusten da. Gurasoek ez dakite euskaraz baina
haurrak ikastolara edo ikastetxera bidaltzen dituzte, euskaraz ikas dezaten.
Ikastola barruan dauden bitartean pixka bat egiten dute baina ikastolatik
irten eta berriz ere erdaraz. Etxean erdaraz, kalean erdaraz, telebistan
erdaraz.
Erdal giroan bizi denak erdaraz errazago egingo du. Nola eskatu pertsona
bati euskaraz egiteko, erdaraz errazago egiten badu? Ez dago eskubiderik
horretarako. Hizkuntzak barreneko aberastasuna erakusteko dira. Erdaraz
hobeki moldatzen bazara, erdaraz egingo duzu.
Hemen, baserritarrek esaten duten bezala, etengabeko soka bat gertatzen
da, puska ezinezko katea (circulo vicioso). Errazago egiten dutelako,
erdaraz egiten dute. Eta euskaraz egiten ez dutelako euskara gero eta
zailago egiten zaie. Erdaraz gero eta errazago, euskaraz gero eta nekezago.
Egoera negargarri honentzat irtenbide bat bakarrik dago. Euskara
beharrezkoa egitea. Orain beharrezko hizkuntza erdara da. Erdaraz egiten
duten euskaldunek garbi ikusten dute hori. Erdara guztirako da. Euskarak
toki batzuetan bakarrik balio du.
Euskara beharrezkoa balitz, nahitaez euskaraz egingo lukete orain erdaraz
egiten duten horiek. Eta euskaraz eginez, gero eta errazago egingo lukete.
Oraingoz erremedio bat gelditzen zaigu. Ikastetxeetan ikasleei euskal
kontzientzia eman. Ikastetxeetan euskaraz oso ongi irakasten zaie ikasleei.
Maiz ez zaie, ordea, euskal kontzientziarik ematen. Hots, gazteek ez dute
ikusten zergatik egin behar duten euskaraz. Euskal kontzientziarik gabe
gazteek ez dute euskaraz egingo.

You might also like