You are on page 1of 16

ZIENTZIA ETA FILOSOFIA Fernando Migura

Idazki labur honen bidez, IX. Nazioarteko Ontologia Kongresuko antolakuntza batzordeak luzatutako gonbidapen atseginari erantzunez, Philosophy and the Origin of Science izenpean antolatutako mahai-inguruan parte hartzeko erabili nituen ohartxoak itxuratzea eta osatzea nahi nuke besterik gabe. Hemen idatziz agertuko den gehiena Agustin Arrieta eta Miguel Mori kideekin partekatutako mahai-inguruan, nola edo hala, adierazten saiatu nintzen era laburrean. Historialaria ez naizenez, hasieratik erabaki nuen zientziaren sorreraren gaiari uko egitea eta, horren ordez, zientzia eta filosofiaren arteko erlazioak orokorrean aztertzea aukeratu nuen. Orain, orduan esandakoari zerbait gehitzeko aukera izan dut baina jatorrizko asmo berbera guztiz mantentzen saiatu naiz. Asmo honi dagokionez, hasieratik nere helburua ondoko tesi hau sustatzea zen: zientziaren eta filosofiaren artean ez dago ebaketa zorrotzik, ezagutzari dagokionez, continuum berean kokatu beharko genituzkeela. Mahainguru baten xede nagusia eztabaida sortaraztea izaten denez, modu nahiko kategorikoan defendatu nuen

aipatutako tesia. Testu honen idazkeran kutsu hori islatu nahi dudanez, zorroztasun maila ez da izango idazki akademiko luzeago baterako eskagarria izan daitekeena. Hau guztia esan ondoren, hasiko naiz, mahainguruan bezala, zientziaren inguruan (eta, askotan, horretan murgilduta) ibili diren bi filosofo ezagunen iritziekin. Wittgensteinek Tractausean (4.111) esaten digu filosofia zientzien gainetik edo azpitik baina ez haien alboan dagoen zerbait dela. Mailaketa honen interpretazio arruntera jotzen badugu, esan beharko genuke garai horretako Wittgensteinek filosofia eta zientzia zorrozki bereizten zituela bai helburuei bai metodoei eta, baita ere, emaitzei dagokienez. Dena den, badago pentsaterik Tractatuseko Wittgensteinentzat filosofia, natur zientzien "gainetik" dagoela. Pixka bat aurrerago (4.1121) Wittgensteinek dio psikologia ez dagoela beste edozein natur zientzia baino ahaideagoturik filosofiarekin: ezagutzaren teoria psikologiaren filosofiatzat hartzen baitu. Gaur egun, batez ere, filosofia zientziaren "azpian", zentzu ezezkor batean kokatzeko joera zabala aurkitzen dugu. Mahainguruan gogora ekarri nuen ere Russellek, History of Western Philosophy bere liburu lodian, filosofia teologia eta zientziaren artean kokatzen zuela. Baina, beharbada, interesgarriagoa da Russellek Filosofiaren Arazoak liburuaren azkeneko kapituluan filosofiaren balioa aldarrikatzerakoan erabiltzen duen argudioa. Betidanik, helburua filosofia gutxiestea zenean, filosofia eta zientzia kontrajarriak izan dira 1

lortutako emaitzen arabera. Itxuraz, zientziak emaitza ugari eskaintzen dizkigu; filosofiak, ordea, antzinako galderen inguruan biraka dabil beti. Russellek gogorarazten digu, testu horretako hasierako pasarte batean, zientziak filosofiatik sortzen joan direla (astronomia eta psikologiaren, aipatzen ditu). Emantzipazio horren irizpidea dagokion eremuan lortutako emaitzen zehaztasuna izan da. Beraz, eremu batean lortutako emaitzek zehaztasun maila bat eskuratu bezain pronto, eremu horri buruzko zientzia bihurtzen ziren (gogora ekartzen digu zeruei buruzko Newtonen lan nagusiak "Natur filosofiaren printzipio matematikoak" izena zuela). Russellek dio, neurri handi batean, filosofiaren ziurtasun eza agerikoa dela erreala baino. Horrela, filosofia emantzipazio prozesu horren eraginez geratzen joan den hondarra litzateke. Askotan hondar hori hondakin gisa ulertu izan da. Ikuspegi horri irakurketa baikorra emanez gero, ezagutza filosofikoa zientziaren osagarria litzateke. Baina nahiz eta historikoki zientzia eta filosofiaren arteko erlazio genetikoa onartu, filosofia zientziaren goitik edo azpitik egon edo teologiaren eta zientziaren artean egon, hondar, hondakin edo osagarri moduan ulertuta ere, badirudi zientzia eta filosofia, desberdinak izateaz gain, banandurik

daudela. Beste askotan, desberdintasun hau azpimarratzeko zientzia aurrerakoi bat eta aurrerakoia ez den filosofia kontrajartzen dira. Baina inork ezin du ukatu filosofian ere aurrerakuntza nabarmena gertatu dela: nahikoa da gaur egungo etika,

Aristotelesenarekin alderatzea, edo egungo gogoaren filosofia Descartesenarekin alderatzea edo gaurko metafisika, Leibnizenarekin alderatzea. Ikuspegi tradizional horiek guztiak "dialektikoki gaindituak" agertzen zaizkigu egungo filosofiaren baitan. Gainera ez genuke ahaztu behar, zientzi teorien izaera hutseginkorra dela-eta, zientziari egokitzen zaion aurrerapenerako gaitasuna modu neurtuan eta baldintzatuan ulertu beharko genukeela. Noizean behin, desberdintasun orokor horren alde argudio inozo

partzialak erabili ohi dira. Adibidez, etika, balio moralen eremuari buruzko filosofiaren adar tradizionala izanik, zientzietan aztertzen dituzten gertaeren eremura erabat murriztu ezina dela ondorioztatu da. Ikuspegi horren arabera izan behar duena gertakarietan (de facto denean) oinarritzea Falazia Naturalistan jaustea litzateke. Arrisku horren aurrean badago gogorarazterik falazia naturalistak salatzen duen ebaketa zorrotza ez dela erabat onartua. Etikan teoriak naturalistak egon badaude eta hauetako baten alde apostua eginez gero, etikan aztertzen diren termino nagusiak zientzia enpirikoen metodologia arruntarekin aztertu daitezkeen propietate naturalak lirateke besterik gabe. Bestalde, kontu horri beste buelta bat emanez, denaren eta izan behar duenaren arteko bereizketak, antropologiaren ikuspegitik, estamentuzko gizarte tradizionalean zentzurik 2

ez zuen, Ilustrazioko gizakiaren banakotasunaren produktu historiko kontingente bat litzateke. Morala erakunde hierarkikoen izaeran gauzatzen zenean, gauzak ziren izan behar zuten moduan, besterik gabe, eta ez zegoen tokirik gertaeren eta balioen artean irekitako leizerako. Baina, aldi berean, azkeneko horren onargarritasuna ustekizun filosofiko eztabaidagarri batean oinarritzen da: moraltasuna produktu kultural kontingente hutsa besterik ez dela. Filosofiaren beste adar tradizionalerako ere, hain zuzen, epistemologiarako, oraindik ere bultzatzen ari dira batzuek naturalizazio programa jakin bat. Horren helburu ezaguna epistemologia psikologiara murriztea da. Bestalde, kontuan hartu beharko genuke ere filosofiaren pean logika kokatzen dela; berez, zientzia formalen artean sailkatzen dena. Ni ez naiz naturalizazio programa hauen aldekoa, baina aipatzen ditut adierazgarriak direlako filosofiaren eta zientziaren arteko ebaketa zorrotza gainditzeko muturreko bide gisa. Horrek guztiak adierazten diguna zera da: diziplinen araberako banaketak ez dira hartu behar erabatekoak balira bezala. Beraz, bereiztutakoa ez da izan behar beti benetan desberdina. Filosofia zuritzeko, proposatutako naturalizazio programak alde batera utzita, azter dezagun zientziaren eta filosofiaren arteko desberdintasunei buruz esan ohi dena. Zientzia eta filosofia erabat banatzeko nagusiki erabilia izan den irizpidea epistemologikoa izan da: zientziak eskaintzen digun ezagutza, gertaera enpiriko kontingenteak azaldu nahi dituenez, a posteriori da; aldiz, filosofiarena, azterketa logiko-kontzeptualean eta argumentazio razionalean oinarrituta, a priori da. Kutsu neopositibista duten mota horretako zedarriketa garbiak baliogarriak izan daitezke ikuspegi pedagogiko batetik, baina guztiz zaharkituak geratu dira. Defendaezinak dira, batez ere, kritika pragmatista jasan zuen ondorengo filosofia analitikotik ikusita. Nahikoa da gogora ekartzea ekarpen ezagun batzuk aurreko banaketa horren zorroztasuna zalantzan jartzeko: natur zientzietako oinarriko identifikazio teorikoak a posteriori izanik, aldi berean, beharrezkoa izan daitezke, zentzu filosofiko mamitsu batean, Kripkek aldarrikatzen duen ikuspegi esentzialista ospetsutik begiratuta. Aipatutako adibide horretan era garden batean gauzatzen da zientziaren eta filosofiaren arteko interakzioa. Zientzia baieztapen enpirikotik haratago dauden ustekizun filosofikoen menpe garatzen da eta, bestalde, egungo filosofiak azkeneko ekarpen zientifikoekin bateragarria behar du izan. Esan genezake filosofiak ez dagoela behartuta zuzenean zientzietako metodo enpirikoak erabiltzera baina ezin dituela saihestu haien aplikazioari esker lortutako emaitzak. Adibide polita eskaintzen dizkigu kilogramoaren berdifinizioaren inguruko egungo auziak. 2011ko, urtarrilaren 24an egunkarietako 3

berrien artean ondoko hau aurkitzen dugu: Paris ondoan, Svresen, gordeta dagoen platinozko eta iridiozko kilogramo-patroiak pisu galdu du eta unitate-patroi hori berdefinitu behar dute beste irizpide berri bat erabiliz. Beraz, filosofiako esaldi

analitikoen eredutzat har daitekeen ondoko esaldi hau, "Svresen gordetako dagoen kilogramoa-patroiak, d undean, kilogramo bat pisatzen du", a priori egiazkoa litzateke (finkatutako neurrien sistemaren arabera), baina aldi berean, kontingentea den esaldia litzateke; kontingente Kripkek ulertzen duen moduan ulertuta. Zientziaren eta filosofiaren lotura hori honela adierazi zuen Daniel Dennettek, Darwin's Dangerous Idea liburuan: "There is no such thing as philosophy-free science; there is only science whose philosophical baggage is taken on board without examination". Baina filosofiarik gabeko zientziarik ez dagoela ez du bakarrik esan nahi osagarriak direla; bereiztezinak ere badira ukiguneetan. Nola bereizi era ez arbitrario batean, adibidez, logika formala matematikatik? Nola bereizi zientzia kognitiboetan gogoaren edo psikologiaren filosofiatik egindako ekarpenak edo psikologia

teorikoenetik egindakoak? Nola bereizi hizkuntzaren filosofiatik garatzen diren semantika eta pragmatika hizkuntzalaritza teorikoan aztertzen direnetik? Nola bereizi fisika teorikoenaren printzipio kualitatibo orokorrenak fisikaren filosofiatik edo metafisika formal analitikotik? Zientzia eta filosofia bereiztezinak direla ukigune batzutan esaten dudanean ez dut adierazi nahi filosofia zientzia dela; ukitzen diren neurrian continuum berean daudela baizik. Haien arteko aldea graduzkoa da: filosofia zientzia baino espekulatiboa da; zientzia, enpirikoagoa da. Baina biek eredu razional berbera konpartitzen dute. Hori ez da bakarrik agerikoa gertatzen teoria zientifikoen aurkezpenak (justifikazio testuinguruan) ebaluatzen direnean; filosofian eta zientzian hain garrantzitsuak diren gogo-esperimentuak aztertzerakoan ere agerikoa gertatzen da. Filosofiako gogo-esperimentuak zientziarenak baino espekulatiboagoak dira, beraz, ez dira hain erabakigarriak; baina hezurdura logiko berbera dago jokoan. Gaur egun filosofia giza zientzien artean sailkatzen da askotan. Giza zientziei, gizarte zientziekin batera, egokitu zaien helburu nagusia, fenomenoen ulermena izan ohi da, natur zientziek eskaintzen dizkiguten azalpen hutsetatik bereiziz. Baina dikotomia klasiko hori ez da egokia filosofia sailkatzeko: filosofiak fenomenoak ulertzeaz gain azaldu behar ditu, baita ulertu azalpenak eta azaldu ulermenak ere. Bestalde, diziplina bat zientziatzat hartua izateak (edo ez izateak) badauzka beste ondorio praktiko nabarmenak diziplinen prestigio sozialaren, erabilgarritasunaren eta diru-laguntzen aldetik. Horrek esplikatzen

du "zientzia" izenaren babesa bilatzeko egungo joera akademikoa, eta gaizkiulertutako filosofiatik aldentzeko kontrako joera okerra.

FILOSOFIA ETA ZIENTZIA Miguel Mori Igoa

Zientzia eta filosofia gizartean

Gaiaren muina aztertu baino lehen, komeni da filosofiaren eta zientziaren egoera jendearen artean eta komunikabideetan gainbegiratzea. Badago oso hedatuta dagoen ikuspuntu naif bat, institutuko ikasleek, adibidez, orokorrean izaten dutena, klaseak hasi baino lehen, eta askotan, irakaslearen ahaleginak zapuztuz, kurtso bukaeran ere. Horren arabera zientzia eta filosofiaren arteko erlazioa ezagutza eta espekulazioaren artekoa litzateke. Zientziaren sinonimoak demostratuta, frogatuta, erreala, egiazkoa lirateke eta filosofia espekulazioan murgilduta egongo litzateke; proposizioak frogatzerik ez dagoen eremu berezi batean, non edozein iritzi tokia daukan edo iritzi guztiek balio epistemologiko bera duten. Filosofo askok filosofia definitzerakoan, azpimarratu dute bidearen garrantzia helmugaren aurrean, baita filosofiaren eremuan, erantzunak baino, galderak direla benetako interesa dutenak; eta askok, muturreraino eramaten dute ideia hori eta uste dute filosofia erlatibismo absolutuaren eremua dela. Ikuspuntu epistemologiko horretan, iritzi guztiak errespetagarriak direnetik, hau da aztertu eta eztabaidatu behar direnetik, iritzi guztiak egiazkoak direla esatera heltzen da. Norberak bere egiak izango lituzke eta nahiz eta bi pertsonen iritziak kontrajarriak izan, plano epistemologiko berean egongo lirateke. Deana Kuhn psikologoak, epistemologia anizkoitza deitzen dio

ikuspuntu honi eta epistemologia dogmatikoarekin eta kritikoarekin kontrajartzen du. Zientzialariek ez bezala, zientzialari askok ikuspuntu kritikoagoa dutelako, ikasleek eta jende askok zientziaren ezagutza dogma moduan ikusten dute, eta filosofia berriz, doako barra edo telebistako berriketaldi informal gisa antzematen dute. Bestalde, badago gero eta hedatuago dagoen beste ikuspuntu bat: zientismoa; horren arabera laster zientziak filosofia ordezkatu egingo du. Betidanik galdera filosofiko gisa ikusita izan diren galdera batzuk, beste garaietan hainbat gai metafisiko batzuekin gertatu den bezala Demokritoren atomismoa, esaterako, filosofiaren esparrutik zientziaren eremura lerratu egin baitira. Esate baterako, giza kontzientziaren izaera edo garuna eta gogoaren arteko erlazioa eta Jainkoaren existentzia. Lehen filosofiak bakarrik aztertzen zituen gaiak, gero eta gehiago, zientzialarien ahotan 6

entzuten ditugu gaur egun. Adibidez, El pais egunkarian 2010/09/03an orri oso bat betetzen duen artikulu batean, titulu honen pean: Stephen Hawking-ek Jainkoa baztertzen du Unibertsoaren sortzaile moduan, zientzia eta erlijioa kontrajartzen dira gai hori aztertzerakoan, eta filosofia, filosofoak, edo argudio filosofikoak, ez dira aipatu ere egiten. Urteetan filosofiaren eremuan aztertzen zen galderari erantzunez, Richard Dawkin biologoak, esaterako, jainkoaren existentzia hipotesi zientifiko gisa aztertzen du. Bere iritziz, probabilitate urriko hipotesi baten aurrean egongo ginateke ( The god delusion bere liburuaren beste atal batean filosofikoki agnostizismoa aldarrikatzen badu ere). Egia da, bestalde, egunkarietan, bereziki titularrak osatzerakoan kazetariek zientzialariek diotena puztu egiten dutela eta urrunegi eramaten dituztela zientzialarien hipotesiak beraiek ematen dioten ziurtasuna handituz. Ezagutza moduan, zientziaren egundoko garapena dela eta jendartean filosofiaren tokia gero eta txikiagoa dela esan daiteke.

Bizitzaren zentzua, etika eta justizia Badaude eremu batzuk non orokorrean filosofiaren garrantzia onartuagoa dagoen. Nork bere bizitzaren zentzua edo norberaren kokapena bizitzan, etika eta gizartearen gobernantza eta gai hauen pean kokatzen diren hainbat arazo ezin dira zientifikoki ebatzi. Psikologiak ezin du bizitzaren zentzua argitu lege edo ondorio zientifiko gisa, ezta ekonomiak gizartean helburu ekonomikoak ezarri ere. Giza

zientziak, osasun arloko zientziak eta natur zientziak kontutan hartu beharreko ezagutzak dira gai hauek aztertzerakoan. Baliabide eta helburuen arteko zubi egokienak zeintzuk diren erabakitzerakoan, baina, azken finean, falazia naturalista saihestu nahi bada, zientziaren mugak onartu eta filosofiaren eremuan kokatzea egokiena dirudi. Historian zehar erlijioak erantzuten zituen galdera hauek, baina erlijioa geroz eta gehiago tokia utzi dio filosofiari. Ilustrazioa eta gero gai horiei buruz dauden

eztabaidetan argudio filosofikoak nagusitu dira. Esparru horietan bederen, ikuspuntu zientistak ez dauka horrenbeste arrakastarik eta sakratutasuna geroz eta galduago daukan gizarte batean filosofiaren papera

garrantzitsuagoa izan beharko luke. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntzaren curriculumean filosofiaren tokia indartzea eta ondo planifikatzea, hiritar kritiko eta kontzienteagoak lortu nahi baditugu.

Zientzia edo zientziak eta filosofia Filosofia eta zientzia konparatzerakoan, neurri handi batean, irudi faltsu bat islatzen dugu: zientzia guztiek metodo eta izaera bera izango balute bezala eta filosofo guztiak edo filosofiatzat hartzen dugun oro ezaugarri komun batzuk konpartituko balituzte bezala. Filosofa ulertzeko modu asko daude eta zientzia bakoitzak bere prozedurak eta helburuak, bere metodo eta aurresuposizio propioak ditu. Natur zientziak: fisika, kimika, biologia, zientzia aplikatuak: medikuntza, ingeniaritza genetikoa,, gizarte zientziak: psikologia, antropologia, soziologia, ekonomia, historia Zientzia edo diziplina bakoitzean, bere jarraibidean ndoxa bat garatzen da, diziplina horren partaideak konpartitzen dituzten hainbat oinarri substantiboak osatuta. ndoxa hori zientzialarien arteko adostasunean oinarritzen da, eta debate zientifikoetan zientzialari bakoitzak bere ikuspuntuak justifikatzeko erabiltzen du adostutako ndoxa hori arrazoien iturri moduan. Marcello Perak (1994) zientzia baten oinarri substantibo hauek aipatzen ditu:

Gertaerak. Jakina, gertaerak teoriaren arabera onartzen dira eta berez teoriaz kargatuta edo kutsatuta daude.

Teoriak. Gertaerak azaltzen dituzte, eta testagarriak dira. Gertaerak eta teoriak sare bat osatzen dute biek baitute erlazio estu bat eta elkarren arteko menpekotasun nabaria.

Suposizioak edo interpretazio teoriak. Hauek munduaren eta eremu zientifikoaren interpretazio ontologikoez osatuta daude. Adibidez, izadiaren uniformetasuna eta erregulartasuna. Interpretazio teoriak ez dira testagarriak.

Balioak. Teoriaren emankortasuna, edo sinpletasuna, adibidez,

aipatu daitezke

zientzialariek lehenesten dituzten balioen artean edo, are gehiago: behaketa eta teoriaren arteko konformitatea.

Aurresuposizioak. Ez dira gertaerak edo teoriak, hala ere, zientzialariek, zientzia zehatz batean, onartzen dituzten hainbat ideia dira, beste datu edo arrazoiak zalantzan jartzen ez duten bitartean. Horren kontra egitekotan, frogaren zama kontra egiten duenak dauka.

Prozedurak. Esperimentuak, behaketa partehartzailea, galdeketak Instrumentuak.

Baieztapen zientifikoak debate zientifikoetan oinarritzen dira; argudiatzearen bidez eztabaidatu eta adostu egiten dira. Aipatutako oinarri substantiboak erabiliz, edo kritikaren bidez aldatuz. Zientziaren filosofiaren ikuspuntu legendarioak proposatzen duenaren arabera, naturak epailearen lana egingo luke debate hauetan, azken hitza izango luke. Marcello Perak beste modu batean ikusten du debatearen bilakaera. Naturak epailearena baino lekukoaren papera du, hainbat muga eta baldintza ezartzen ditu teoria eta gertaeren arteko harreman korapilatsuetan. Zientzia bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta bere ndoxa propioa. Stephen Tolminek zioen bezala, eztabaidaren oinarri batzuk komunak dira debate eremu guztietan, baina, beste askok eremu edo testuinguru batekoak zein bestekoak dira Filosofia, bere aldetik, diziplina denez eztabaidaren bidez eratzen da zientziak bezala. Eztabaida filosofikoak ere bere oinarri eta prozedura propioak ditu, eta proiektu filosofiko ezberdinak, ere, oinarri eta prozedura ezberdinak onartzen dituzte. Aipatu dezakegu hemen adibide paradigmatiko bezala gogo esperimentuaren kasua. Gogo esperimentuak Searlearen gela txinatarra edo Thomsonen biolinjtzailea, adibidez, toki garrantzitsua dute filosofian, baina ez dira bakarrik filosofian erabiltzen, natur zientzietan ere aurkitu daitezke; Galileoren adibide klasikoak eta Ensteinen igogailua eta Schrdingeren Katua aipatu daitezke hemen. Diziplina bakoitzean gogo esperimentuak erabiltzen dira debateetan, aipatutako beste oinarri substantiboekin batera eta bi funtzio betetzen dituzte; bata, defendatzen den teoriaren alde edo kritikatu nahi den teoriaren kontrako argudioak dira, eta bere pisu eta garrantzi erlatiboa debatean ezarriko da; bestea, funtzio erretorikoa, gogo esperimentuek beste modutan ulertu edo irudikatzeko zailak diren hainbat arazo era berezi batean argitu dezaketelako eta eraginkorragoak izan daitezkeelako beste zientzialariak konbentzitzeko . Zientzialariek bere metodologia kurtso eta testu liburuetan esaten dutena ez dator bat zientziaren filosofia tradizionalaren ikuspuntu legendarioarekin, ezta zientzia egiterakoan, zientzialariak egiten dutenarekin. Zientziaren soziologiak eta zientziaren historiak frogatu duten moduan. Zintzialariek inplizituki aurresuposizio filosofiko ugari erabiltzen dituzte. Horrela, adibidez, kontzeptu edo teoria kategorialak kausa-efektu, propietate- eta eremuari dagozkion hainbat interpretazio ontologiko, hau da, testagarriak ez diren 9

hainbat interpretazio teoriak. Azalpen teoriek, beren aldetik, orokorrean eremuaren berariazko metodologia errespetatzen badute ere, zientzialarien arteko

eztabaideetan, datu eta frogatutzat ematen diren teoriez gain, egiantzezkoak diren edo kontrako argudiorik ez aurkitzekotan onargarriak diren argudioak erabiltzen dituzte. Ziurgabetasuna ez da filosofian edo erabaki praktiko bat hartzerakoan agertzen den egoera, zientziaren sorkuntzaren prozesuan eta lege zientifikoak testuinguru zehatzetan aplikatzerakoan, ziurgabetasuna ez da salbuespena araua baizik. Horren ondorioz, filosofia eta zientziaren arteko tartea ez da askotan defendatzen den bezain zabala. Bestalde interpretazio teoria desberdinak erabili badaitezke behaketa datu batzuk azaltzerakoan, ezin ditugu interpretazio teoriak landu datu enpirikoei eta azalpen teoriei bizkarra emanez. Filosofiak zientziaren aurkikundeez baliatu behar du bere proiektuak garatzeko. Egun, gizateriak eta naturak dituzten arazoei era egokian aurre egiteko, diziplina anitzeko ikuspuntuek ezinbestekoa dirudite. Beraz, filosofia eta zientziaren arteko zubiak zabalik daude eta bien arteko ernalkuntza fruitu interesgarriak ematen ari da. Zientziaren dibulgazioa egiten dutenean, zientzialariek diziplinaren aspektu zehatzak gaindituz, zientziaren egoeraren irudi osoa edo orokorra ematen saiatzen direnean, zuhurtasun zientifikoa erlaxatu egiten da eta zientzialariek filosofiaren eremuan buru belarri murgiltzen dira. Zientzialarien ekarpen filosofikoak oso baliotsuak dira filosofiarentzat eta segur aski zientziaren lanak erraztuko dira baldin eta zientzialariek zientziaren eta hizkuntzaren filosofiaren analisiak kontutan hartzen badituzte. Bi egien teoriak ez du hemen zentzurik. Ezin da filosofia egin zientziaren aurkikundeei bizkarra emanez. Natur zientzia eta humanitateen arteko mugak gainditu behar dira eta elkarlana bultzatu.

Toulmin, S. (1958). The uses of arguments. Cambridge. Cambridge University Press. Kuhn, D. (1991). The skills of argument. Cambridge. Cambridge University Press. Pera, M. (1994) The discourses of science. Chicago. The university of Chicago Press. 10

FILOSOFIAREN ETA ZIENTZIAREN ARTEKO ERLAZIOAZ Agustin Arrieta Urtizberea

Filosofoen artean badago nahiko hedaturik dagoen ikuspegi bat. Ikuspegi horren arabera, filosofiak badu, nolabait esatearren, zientziarekiko lehentasuna. Zer esan nahi da lehentasun hori aipatzen denean? Egia esateko, zenbait aukera dago lehentasun hori interpretatzeko:

1. Filosofiaren egiak apriorikoak dira, zientzia enpirikoarenak ez bezalakoak. Matematikak eta filosofiak ezaugarri hori komun izango lukete. 2. Filosofiak zientzia partikularrak ahalbidetzen ditu. 3. Filosofiak zientzia partikularrak oinarritzen ditu, hau da, zientzia partikularren oinarrizko printzipioetan arakatzen du, eta haien azkeneko justifikazioa ematen du.

Batzuetan tesi horiek elkarrekin doaz, besteetan independenteki agertzen dira, bestetzuetan horietako bi konbinatzen dira,... Oro har, ikuspegi horiei guztiei (eta bakoitzari) filosofismoa esango diegu (diogu). Filosofismoak, bada, hainbat aldaera ditu. Oro har, filosofismoa ez dela zuzena uste dut. Lehenik eta behin, ez dut uste filosofia guztiz apriorikoa denik. Esan nahi dut, adibidez, epistemologian, ontologian, bai eta filosofia politikoan ere, aintzat hartu behar direla, hurrenez hurren, praktika epistemologiko, ontologiko edo politiko partikularrak. Eta praktika horiek

aposteriorikoak dira (filosofia bere osotasunean ulertzen ari naiz. Jakina, filosofiak baditu apriorikoak diren zatiak). Bigarrenik, ez dut uste filosofiarik gabe zientzia partikularrak existitzea ezinezkoa denik. Beraz, filosofiak zientziak partikularrak ahalbidetzen dituela baieztatzeak, kasurik onenean, gehiegikeria dirudi. Azkenik, ez dut batere garbi ikusten zein zentzutan oinarritzen dituen filosofiak zientzia partikularrak. Areago, Russellek dioen bezala, ikuspuntu metodologiko batetik filosofia ez da zientziatik bereizten: filosofiak eta zientziak iturri berberetatik edaten dute, dela arrazoimenaz (indukzioak, dedukzioak, abdukzioak) dela oroimenaz dela behaketaz baliatuz.

11

Labur esanda, filosofismoaren arabera, filosofiak badu zientziarekiko lehentasunezko estatus bat. Nire ustez, filosofismoak zuloz betetako itsasontzia da, nahiz eta, ikusiko dugun bezala, egiaren zatitxo bat bere aldean egon daitekeen.

Zientziak eta filosofiak partekatzen duten kidetasun metodologiko horretatik (alegia, erlijioak partekatzen ez duen horretatik) abiatuz, okerreko ondorioa atera ohi dela iruditzen zait. Batzuen ustez, kidetasun metodologiko horretatik ondorioztatu behar da filosofiak txanda eman behar diola zientziari; bestela esanda, zientzia partikularrek filosofiari zegokion espazioaren zatiren bat betetzen dute (de facto betetzen ari dira) eta, horrenbestez, filosofia bera esparrurik gabe geratzen ari da. Filosofiak ez du zereginik. Pentsa daiteke denboraren azkeneko uneetan filosofiaren ordez zientzia partikularrak baino ez direla geratuko. Hala, filosofia iraganeko kontu bihurtuko zaigu. Ikuspegi horri zientifizismoa deituko diogu. Zientifizismoaren aurka ere agertu nahi dut neure burua. Beraz, ez naiz ez filosofista ez zientifizista, ez nago ados ez zientifizismoarekin ez filosofismoarekin.

Zehatzago mintzatze aldera, adibide batzuk ekarriko ditut gogora, eta adibide horien inguruan saiatuko naiz kokatzen filosofismoa, zientifizismoa eta, neolabait esatearren, neure burua.

1. NATUR GENEROEN AUZIA Natur generoen auzia klasiko bat da filosofiaren barruan. Egungo filosofian, inongo zalantzarik gabe, sarri askotan eztabaidatzen dira auzi horren inguruko arazoak. Natur generoaren auziak alderdi desberdinak ditu. Batzuk epistemologiari dagozkio (nola ezagutzen ditugu natur generoak?), besteak natur generoen metafisikari (zer da natur genero bat? Zeintzuk dira natur generoak?), hirugarrenak hizkuntzaren gaineko gogoetei (zein da natur generoen izenen hizkuntza-bizitza?). Seguru aski

natural/artifizial bereizketak badu dimentsio etiko eta politikoa ere. Auzi filosofiko klasiko baten aurrean gaude. Aristotelesek (Kategoriaken, esaterako), Lockek eta Leibnizek (Entseiuan eta Entseiu Berrian, hurrenez hurren) ideia interesgarriak proposatu dituzte auzi horren inguruan. Natur generoen auziak badu bere garrantzia filosofiaren historian ere. Baina zertan datza auzi hori?

12

Gure inguruko errealitatea modu batean edo bestean zatikatzen dugu, eta pentsatzen dugu zatikatze hori (zeinaren arabera, mahaiak, planetak eta tigreak baitaude) naturala dela (antza, pentsatzen dugu egon daitezkeela errealitatea zatikatzeko era ez-naturalak). Errealitatea naturalki zatikatzeaz gainera, natura bera ere zatikatzen dugu, eta pentsatzen dugu naturan badaudela zuhaitzak, landareak eta animaliak, eta, modu zehatzago batez, pagoak, haritzak, tigreak eta zakurrak. Horiek natur generoak (edo naturaren generoak) dira. Zatikatze horrek badu isla bat bai hizkuntzan bai pentsamenduan. Hala, natur generoen izenei eta natur generoen kontzeptuei buruz ere mintza gaitezke. Areago, natur zientzia partikularretan ere sailkapenak egiten dira; modu batean edo bestean natura zatikatzen da. Fisika, kimika, biologia,... Natur generoen mapak egiten dira zientzia partikular horietan. Beraz, gure sailkapen naturalei sailkapen zientifikoak eransten zaizkie, eta eranste horrek ondorioak ditu. Kontuak kontu errealitatea eta natura zatikatzeko praktika zabal bat dago. Praktika hori batzuetan bizitza arruntari lotzen zaio eta, besteetan, jarduera zientifikoari.

Natur generoen auziaren aurrean jarrera desberdinak egon daitezke; besteak beste, lehen aipatu ditugun filosofismoarena eta zientifizismoarena:

a) Filosofo batzuek uste dute kontzeptuen gaineko gogoeta apriorikoa eginez badagoela esatea zein den naturaren antolaketa eta nola dagoen zatikaturik natura. Esaterako, filosofista batek defenda zezakeen naturak berezko zatikatzea lukeela, eta filosofoak, natur zientzien ekarpenak aintzat hartu gabe, agerian utz zezakeela zatikatzen hori. Kontzeptuaren hariari jarraitu behar zaio, besterik gabe. b) Beste muturrean, zientifizistak daude. Hauen ustez, zientziak emango dizkigu azkeneko sailkapenak. Areago, batzuek uste dute zientzia erakusten ari dela gure sailkapenetan, ohiko sailkapenetan, erabiltzen ditugun hainbat eta hainbat oinarrizko kontzeptu ez direla premiazkoa. Areago, uste dute zientziak erakutsiko duela natur klaserik edo generorik ez dagoela; bestelako kontzeptuek (energiek, indarrek,.) ordezkatuko dituzte natur generoak; natur generoak iraganeko kontu bihurtuko dira.

Bi jarrera horiek bide okerretik doazela uste dut. Batetik, filosofistak bazterrean uzten du zientzia enpirikoak (edo zientzia enpiriko batzuek; esaterako, giza hautematearen berri ematen dutenek) eman diezaguke(t)en informazioa natura 13

zatikatzeko eta sailkatzeko ditugun praktikak hobeto uler ditzagun. Gainera, zientzia enpirikoek praktika horien adibide ezin gardenagoak ematen dizkigute. Eta ez da baztertu behar praktika heterogeneoak izatea: agian, biologian eta fisikan egiten diren zatikatzeak oso bestelakoak dira! Hortaz, hori guztia aintzat hartu gabe, egin al daiteke gogoeta interesgarri bat natur generoei buruz? Bestalde, eta zientifizismoari dagokionez, ez dago batere garbi zergatik onartzen duen etorkizuneko zientziak natur generorik gabeko zientzia izango dela. Hori, kasurik onenean hipotesi bat da, eta, nire ustez, ez da hipotesirik onena. Izan ere, aldaketak aldaketa, zientziaren bilakaerak ez du ekarri sailkatzeko praktika ahultzea: sailkapenak alda daitezke, baina sailkatzeko praktika bera ez. Are gehiago, zientziaren praktika hori estu lotzen zaio eguneroko bizitzan daramagun praktikari, continuum batean kokatu behar dira biak ala biak. Natur generoen auzia dela eta, galdera filosofiko interesgarrien zerrenda luzea jar dezakegu mahai gainean. Ba al dago naturaren sailkapen substantzialik? Aristotelesek uste du halakorik badagoela. Edo sailkapen desberdinak al daude? Ba al dago sailkapen desberdinen arteko eragin-trukerik edo interakziorik? Edo, agian, errealitatea sailkatzeko era asko dago, elkarren arteko inongo eragin-trukerik gabe? Errealitatea sailkatzeko moduak erlatiboak al dira? Ba al daude lehentasunak? Esaterako, fisikak ematen digun sailkapenak lehentasuna al dauka gainerako sailkapen aldean? Zein da eguneroko bizitzan nahiz jarduera zientifikoan egiten diren sailkapenenen arteko erlazioa?,... Nire susmoa da zientifizismoak eta filosofismoak ezinezko bihurtzen dutela galdera horiei aurre egiteko edozein saialdi. Eta galdera horiek interesgarriak dira, inongo zalantzarik gabe.

2. BESTE BI ADIBIDE: GOGO-EGOERAK, ETA AUKERAMENAREN AUZIA - Guk gure ekintzak azaldu orduko gogo-egoeretara jotzen dugu. Esaterako, aterkia hartu dut, euria egiten duela uste dudalako eta bustitzeko nahirik ez daukadalako. Hortaz, nire ekintza azaltzeko uste eta nahi batzuetara jotzen dut. Baina zer da uste bat? Zer da nahi ba? Psikologo eta filosofo batzuek uste dute zientziaren garapenak ordezkatuko dituela azalpen arrunt horiek: azalpen berrietan kontzeptu zientifikoak baino ez dira erabiliko. Esaterako, uste bat edukitzea izan daiteke garunegoera konplexu batean egotea. Hortaz, batzuek aldarrikatzen dute usteak eta nahiak eta horrelako gauzak fikzio bihurtuko direla, zientziaren garapenaren poderioz. Hala, eztabaida klasiko asko eta asko desegingo dira. Besteak beste, filosofiako gai klasiko 14

bat, alegia, arimaren eta gorputzaren arteko harremanaz arduratzen den gaia desegingo da. Beste behin, zientziak filosofoak duen kezka desegingo du eta zientziaren esparrura eramango du kezka hori. Horixe da zientifizismoaren beste aldaera edo aurpegi bat. Beste muturrean, filosofo batzuek uste dute zientzia enpirikoak ezin duela ganorazko ezer esan filosofiari berez dagozkion esparruetan. Esaterako, zientziak zer esango digu arimari buruz? Ezer ez! (Joan Paulo II.ak ere horixe zioen). Horra hor filosofismoaren beste aurpegi bat. Beste behin, bai filosofismoa bai zientifizismoa bide okerretik doazela uste dut. Arrazoia hauxe da: biek ala biek auziei aurre egin beharrean, muzin egiten diete, eta auziei muzin egitea ez dago filosofiaren agendan. Izan ere, filosofia, besteak beste, auzi sortzailea da.

- Azkenik, Libeten esperimentua ekarri nahi dut gogora. Benjamin Libet zientzialariak, 1979an, esperimentu/neurketa bat egin zuen. Esperimentuaren muina hauxe da. Eman dezagun eskua altxatzea erabaki dudala. Libeten esperimentuan neurtzen da noiz hartu dudan erabaki hori eta noiz jarri den abian prozesu hori nire kontzientzian. Halaber, neurtzen da prozesu hori garun mailan (edota maila neurologikoan) noiz hasten den. Harrigarriena da inkontzientea den prozesua (prozesu fisikoa) lehenago hasten dela prozesu kontzientea baino; hau da, mekanismoa abian jartzen da nik kontzienteki erabakia hartu baino lehenago. Batetik, zientifizistek pentsatzen dute esperimentuak izugarrizko garrantzia daukala aukeramen askearen auziari begira: esperimentuak erakutsi digu kontzientziak eta egoera kontzienteek ez dutela eraginik benetan (epifenomenoak dira!). Bestetik, filosofismoa dugu: bost axola zer dioten halako esperimentu zientifikoak! Aukeramen askearen auzia apriori (hots, kontzeptuen analisi hutsaren bidez) ebatziko dugu! Lehen bezala, uste dut Libet-en esperimentua (eta beste batzuk) kontuan hartzekoak direla aukeramen askearen auzi klasikoan. Horrelako esperimentu batek datu berri bat ematen digu, interpretazio arazoak ekar ditzakeen datu berri bat. Jarduera horretan filosofiak badu zeresana. Bestalde, inozoegia dirudi pentsatzeak ezen halako esperimentu batek arazo erraldoi bat behin betiko ebatziko duela. Aipatu auzi klasikoan iturri desberdinetako kontzeptuak txirikordatzen dira, eta zientzia partikular enpiriko bateko esperimentu zehatz bakar batek horrelako korapiloa hain erraz askatzea, ezinezkoa ez bada, zaila da.

15

3. ONDORIOA Zientzia ez da filosofiaren arerioa, konplizea baizik. Zientziak zabaleran eta sakonean hobetu du munduaren gaineko ezagutza, eta horrek tentsio berriak, galdera berriak, auzi berriak sortu ditu; eta filosofia saiatzen da hori guztia bateratzen eta berrantolatzen, hori guztia doitzen eta egokitzen. Filosofo zientifizisten aurka, ez dago arrazoi sendorik auzi filosofikoak desegingo direla pentsatzeko. Ez dago arrazoi sendorik aukeramen askea, natur generoak eta gogo-egoerak fikzioen erresumara pasako direla pentsatzeko, non Flogisto, Vulkano eta horrelakoak bizi diren. Filosofisten aurka, filosofiak ez du zientziarekiko lehentasunik. Baina horrek ez du inplikatzen zientziak filosofia ordezkatuko duenik. Filosofiak badu berezko eginkizun bat ezagutzaren maparen baitan. Oro har, auzi filosofikoak zientzia partikularretatik harantzago doaz eta, halere, auzi horiek zientzia partikularrekin harremanetan daude. Filosofia bere osotasunean ez da beregaina, baina badu berezko izaera.

16

You might also like