You are on page 1of 4

Eguberri 2013 : Marc Aillet jaun apezpikuaren mezua

Ahulenen zerbitzari
Jesusen sortzeak gizadiaren historia osoki bertzelakatu du, bere helburua eman baitio, bai eta behinbetiko norabidea. : Jainkoa gure bizian sartu da, gu munduaren eta bekatuaren giltzapetik atera gaitezen, eta betiereko bizitzean sar. Gertakari horrek esperantzaz betea den geroa ideki balinbadauku, heriotzetik, jadanik argi bizi bat emaiten dio gure oraiko biziari, bere zozial ondoriotaraino. Pobrezian eta umiltasunean sortuz, Jesusek xumeeneri eta ahuleneri lehen lekua eman diote gizakien elkartean, eta hetaz arta hartzea gomendatzen dauku. Krexan, Maria bere amaren besoetan , Josepe justuaren behako samurraren pean lo dagon sortu berriaren baitan, bakotxak entzun dezake beharrira murmurikatzen : Baliotsua zira neretzat, eta maite zaitut . (Izai 43) Eguberri, argi bat da hondakinaren kulturaren pean (Aita saindua da hola mintzo) bizi den mundu baten gainean jalgi dena, ahulenak sortzetik heriotzeraino beti ta beti alde batera utziak baitira boteretsuenen interesengatik. Gogoan ditut Ekialde hurbileko girixtinoak, bereziki Ziriako haurrak, bai eta Centre Afrique (1) eskualdeko girixtinoak Eguberri hau hersturan eta izu-ikaran iraganen dutenak. Betlemeko Jesus haurari so gaudela, gure soaren aldatzera deituak gira, bai eta konpromisu sendoak hartzera pobreenen alde, gaitzetsiak eta bide bazterrean utziak direnen alde. Hurbil ditugun hauteskundeek, bai herrietako, bai Europakoek, emanen daukute parada arduraz guzien ongiaren alde lan egiteko, horrek bakarrik baitezake segurtatu guzien duintasuna ttipienetarik hasi-ta. Goretsi behar bada nola hautetsi ainitzek betetzen duten beren kargua, beren burua ahantziz, bereziki gure herri xumeetan, lehiatu behar gira ere gure mende huntako arazo eta desafio handieri buruz hautagai argiak sustatzera Gogoan izan dezagun Europa mailako mobilizazioa Gutarik bat enbrioiaren zaintzeko (2) edo La manif pour tous ezkontzaren eta familiaren alde, eta haurraren dretxoak zaintzeko,nehor kondenatu gabe ; eta ere zergeri buruz izan den asaldatzea (bonet gorriak) oraiko enpleguaren defentsaren alde, bai eta enpresa ttipien zaintzeko , zergaren bidez oraiko ekonomia- politikak ito baitezake gure herri eta nazionen mugak aise gainditzen dituzten interesen fagoretan. Horiek guziek ez ote dute irakusten iratzarri direla jendeen kontzientziak bai Frantzian, bai zozietatean politika eta komunikabideen mikrokosmoak duen bere interesen eta boterearen tentaldiari buruz. Eguberriko izarra Baionako hiriaren karriketan ibilki da Abenduaren hastetik azken eguneraino eta Katedralean bururatuko du bere ibilaldia. Hor argituko da osoki zinbolo edo ikur hori.Lehen Magoak Ekialdetik etorriak gidatu zituen Betlemeko krexara.Ustegabean hor ikusi zuten haurra bere ama Mariarekin , jakitatez, boterez eta aberastasuunez puxantak ziren errege horiek, eta ahuspez jarri ziren haren aitzinean eta adoratu zuten. (Luk 2,10) Behin betikotz bazterrerat utzi zuten beren indar xoilez mundua kanbiatuko zutelako ustea, eta gizonak salba ditzazken iraultza bakarraren zerbitzuko umilki jarri ziren, Kristo Jaunak bere heriotzeaz eta pizteaz bakear en eta maitasunaren zibilizazionea eraikitzeko.Eguberri on guzieri ! Urte berri on eta saindu ! + Marc AILLET, Baiona, Lezkar eta Oloroneko apezpikua.

(1) Fededunen bihotz onari artamendatzen diot Alliance internationale deitu obra. (Communaut de Batitudes taldeari lotua dena cBangui-ko komentuan laguntzen dituzte han bilduak diren dohakabeak) 60 avenue du Gnral Compans, 31700 Blagnac. (Chques lordre de AAi Bangui) Galde horrek bi miliun sinadura hurbil bildu dituEuropan giza enbrioiak suntsitzen dituzten ikerketen finantziatziaren kontra. Mobilizazione horri esker, hain segur Europako Parlamentuan baztertua izan da rapport Estrela delakoa, gorabideratu baiesten zuelakotz, Europa batuan, hilhaurtzearen dretxoa, haur ukaitea medikuntzat lagundurik, homosexual kupleen edo bikoteen probetxuarentzat eta ginder ideologiaren alde.

Eguberri On denei. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaia.


Jakin badakit zuetako askorentzat Eguberriek ez dutela inolako kutsu erlijiosorik; beste batzuontzat aldiz, Jai hauek Jainkoaren seme den Jesus haurraren jaiotzaren ospakizuna dira. Gaur egun gure herri eta hirietako kaleetan ikus ditzakegun apaingarriak esaterako, mezurik gabeko irudi geometriko distiratsuak alegia, gizartean dauden bi alderdi horien adierazgarri dira: erlijiosoa eta sekularra. Elkarrengandik zeharo aldenduta dauden eta euren artean komunikatzeko gai ez diren bi munduren ikuspegiak ote? Nik ez dut hori uste. Alderantziz, Eguberri laiko horien oinarrian dauden balioek zerikusi handia dute beste Eguberri kristau horiekin. Eta nola lotu bi errealitateak? Nola ekin biren arteko elkarrizketari komunean dituzten balioetatik abiatuz? Frantzisko, gure Aita Santuak Evangeli Gaudium Burubidean azaltzen dituen hainbat adierazpenen bitartez, galdera hauei erantzuten saiatuko naiz: Eguberria, hasteko eta behin, samurtasunerako deia dugu Zer esan nahi du Frantziskok samurtasunari ikararik ez izan! dionean lau haizetara? Samurtasunaren beldur gara? Ezinikusiari, zakarkeriari, gorrotoari, ikara izatea ohikoa da Baina beldur izaten gara halaber, gustuko dugun zerbait kendu diezaguketela uste dugunean. Eta samurtasunari beldur izateak ere badu zentzurik: hau da, seguru sentitzeko oinarritzat ditugun ideologiak, aurreiritziak, usadio berekoiak, itxurakeria, larderia, galdu eta biluzik gelditzeari diogun ikara baino ez da. Lagun hurkoa besarkatu eta maitatzeko ahalmena galtzen dugunean arazo larria daukagu. Frantzisko Aita Santua ekarri digun 2013 honetan, hark gaixo eta haurrekin erakutsitako samurtasunak hunkitu gaitu. Gehienak atzera botako gintuzketen desitxuratutako gaixoak laztantzen ikusi dugu Aita Santua; haien aurpegietan besteentzat ikusezina den edertasuna aurkitu izan balu bezala. Frantziskoren samurtasunari esker, baztertutako hainbat pertsonek gizatasuna berreskuratu dute eta modu berean, samurtasunari diogun beldurraren azpian dauden beste beldurrak azalerazi ditu: ahultasunari, afektibotasunari eta maitasunezko konpromisoari diogun beldurra, eta mozorro edo oskolaren atzean ezkutatzen den gizon-emakumea ezagutzeari diogun beldurra. Eguberriak duen beste balio nagusietako bat, jendearekiko hurbiltasunak eskaintzen digun poza eta ongizate espirituala; honi esker, zoriontsu izateko ezinbestekoa dugula ohartzen gara. Izan ere, ez da egia hobeto bizitzeko besteengandik ihes egin, ezkutatu, emateari eta partekatzeari uko egin edo eta erosotasunean murgildu behar dugunik. Alderantziz, hori suizidio geldoa da! Gure zorionaren oinarria bizitza honetan gutako bakoitzak duen zeregina aurkitzea da; alegia, mundu honetara ekarri gaituen zergatia (Nola ez gogoratu Eguberri garaian It s a wonderful life Qu bello es vivir filmea!). Baina bizitzan egiaz partekatzeko, besteei gorputz eta arima emateko, behar-beharrezkoa dugu jakitea pertsona orok merezi duela gure emate hori. Honetan, fededunok abantaila daukagu,

jakin badakigulako Jainkoarentzat gu guztiok merezi dugula Haren samurtasun neurri-ezina. Itxura guztien gainetik, gizabanako bakoitza sagaratua da eta gure senitartekorik kutunenari diogun maitasun bera zor diogu. Hirugarren lekuan, oinarrizko beste balioa, itxaropena dugu. Argi ibili gero ezkortasunean ez erortzeko, horrek, dena galdu dugula uste izan eta borrokari uko egitera garamatza. Zinez, errugabeenganako bidegabekeriak maiz nagusitzen dira; baina egia ere bada deuseztatutako lekuetan bizitza sortzen dela behin eta berriz, etengabe eta menderaezina. Egunero edertasuna jaiotzen da munduan! Alde honetatik ere, kristauok abantaila dugu, Pizkundean sinesteak itxaropenez janzten gaituelako. Bizitza honetan egindako maitasunezko ekintza guztiak betierekoak dira! Eta argi izan horietako bat bera ere ez dela alferrik galduko: gure malkoak, besteekiko kezkak eta ardurak, bihotz-zabaltasunak eragindako nekeak, lagun-hurkoarekin erabili dugun egonarria, Denak ere garrantzi handikoak dira. Horregatik guztiagatik Eguberritako balioetan sakontzea oinarrizkoa eta oso garrantzitsua delako Frantzisko Aita Santuak, kontenplaziozko espiritua berreskuratu eta bizitzak gordetzen duen misterioan murgildu eta arakatzera deitzen gaitu. Pascalek esan ohi zuen moduan: Gizonak behin eta berriz eta neurririk gabe gainditzen du gizona. Belengo portaleko Haurra, horren erakusgarririk handiena.

Gabon eta Urte Barriko mezua; Mario Izeta Gabikagogeaskoa


Bilboko gotzaia

Anai-arreba maiteok
1. Bai ederrak mendi gainetan, bakea iragarten dauan albistariaren oinak! Barri ona zabaltzen eta salbamena iragarten dabilenarenak!. Berba honeekaz, Isaias profeteak Jauna bere uri santura itzuliko dala iragarten dau, beratarrakaz bat eginez honeek gatibutzatik askatu ostean. Eleizak Jaungoikoaren Semea Belenen jaio dala iragarteko erabili izan dauan testua da, poztasunez eta itxaropenez betetako testua. 2. Gabonek Jaungoikoaren eta gizadiaren arteko behin betiko bategitea oinarritzen dabe. Alde batetik, Jaungoikoa jatsi egiten da, haragi egiten da Mariaren sabelean, eta ume jaioten da, apal, txiro, munduaren isiltasun eta iluntasunean. Ume baten samurtasun eta makaltasunean erakusten jaku Jaungoikoaren maitasuna. Berea da ekimena, Berak maite izan ginduzan lehenengo. Gure sufrimentuez jaubetu eta bere egiten ditu. Ez gagoz bakarrik. Jaungoikoa bizilagun dogu argilunez betetako bizitzan. Jaungoikoak gure alde emoten dauan behin betiko urrats honek erantzuna eskatzen dau. Goazen Belenera, dinoe artzainek. Jente xumeak, izarpean lo egiten ebenek, segurtasunez estalita ez egozanek erantzuten deutse aingeruaren iragarpenari eta eurak doaz Gabonen Misterioagaz bat egitera. 3. Geuk be bihotz xumea eta zabala behar dogu gaur Gabonetako deiari erantzuteko. Gure bizimoduak ez dau bategite hori errazten. Frantzisko Aita Santuak dinoanez, gaurko munduaren arrisku handia, kontsumorako eskaintza anitz eta ikaragarrizkoagaz, bihotz eroso eta zekenetik, azaleko gozamenen bilaketa gaixotitik, kontzientzia isolatutik sortzen dan goibeltasun indibidualista da. Beste hau be badino: Ebanjelioaren poztasunak Jesusegaz bat egiten dabenen bihotza eta bizitza osoa bete egiten dau. Haren salbamena bere egiten dabenak, pekatutik, goibeltasunetik, barruko hustasunetik, isolamendutik askatuak dira. Jesukristogaz beti sortzen eta birsortzen da poztasuna. Dei egiten deutsat kristinau bakotxari, edozein leku eta egoeratan egonda be, oraintxe bertan Jesukristogazko bategite pertsonala barritu daian edo, gitxienez, Haregaz bat egiteko bideak jarri daizan, egunero atseden barik saiatuz. Apaltasunez bat egin gurako neuke Frantziskoren gonbite honegaz eta Beleneko estalperantz joteko dei egin gurako neuskizue, Jaungoiko Umea gure bizitzan hartu eta onartu daigun.

4. Jaungoikoaren maitasuna danoi eskaintzen jaku. Gabon honeetan be behartsuei, lanik aurkitzen ez dabenei, etorkinei, gaixoei, nagusiei, bakarrik edo itxaropen barik bizi diranei iragarten jake. Eta geuri jagoku horreei Jaunaren iragarpena eroatea, Jaunaren itxaropenaren eroale izatea ekintza zehatzakaz. Jaunak bere aberastasuna gure txirotasunagaz alkarbanatu eban. Geuk be alkarbanatu daikegu daukaguna, asko ala gitxi izan. Zintzo jokatu eta arindu daigun hainbeste familiaren beharrizana. Gure ondasunak, gure denporea, gure gaitasunak, gure maitasuna dana izan daitela danontzat eta Jaunak askoz gehiago emongo deusku. Ondasunak, materialak zein pertsonalak, sozialak edo espiritualak, guztiontzat, dira, senidetasuna egin daigun eta senidetasunean bizi gaitezan. 5. Hain zuzen be, Frantzisko Aita Santuak bakearen munduko jardunaldirako idatzi dauan mezua senidetasunean oinarritzen da: senidetasuna gizakiaren funtsezko alderdia da, bere izatasuna hartuemonean oinarrituta dago-eta Hori barik ezinezkoa da gizarte zuzenik, bake egonkor eta iraunkorrik eraikitzea. Gure artean behin baino gehiagotan zaurituta agertzen dan senidetasunak etenbako bihotz-barritze pertsonal eta soziala eskatzen dau eta, bere zaurietatik osatzeko, egiaren eta zuzentasunaren eta parkamenaren eta adiskidetzearen gainean berregiten da. Azken batean, senidetasunak Jaungoikoaren guztionganako aitatasunean ditu sustraiak. Jesukristok, gizon eginez, anai-arreba izateko bidea erakutsi deusku, eta horretarako gaitasuna emon. Horregaitik, otoitzik ederrena, otoitz guztien oinarria, Aitagurea da, senidetasunean bizitzeko behar dogun guztia eskatzen erakusten deuskulako. 6. Gabon honeetan, gure bihotzetan, etxeetan, giza jarduera eta hartu-emonak garatzen diran lekuetan, eta oinazeak, larritasunak edo bakartadeak giza duintasuna mugatzen daben egoeratan barriro jaio daitela eskatzen deutsat Jaungoikoari. Belengo izarrak distira egin daiala gure bizitzako zeruan eta poztu eta itxaropenez bete gaitezala: Emmanuel jaio da. Atera gaitezan bere bila. Jaungoiko Umeak bedeinkatu zaiezala. Gabon zoriontsua eta urte barri on! Maitasunez, + Mario Izeta Gabikagogeaskoa Bilboko Gotzaina

You might also like