You are on page 1of 10

Zerumugari begira

Agustin Arrieta Urtizberea

1.1. Egia, ongia eta edertasuna. Banan-banan desiragarriak dirudite, baina gehienetan ez datoz banan-banan eta gehienetan ezin da horietako bat aukeratu besteen gainbeherarik gabe. Hain da zaila oreka, eta hain da ederra. 1.2. Garai, toki edo talde batzuetan egia (edo bere anaia/arreba den ezagutza, jakintza) aldarrikatu ohi da beste ezeren gainetik. Beste garai edo toki edo talde batzuetan edertasuna aldarrikatu ohi da beste ezeren aldean. Lehenengoak arriskutsuak, besteak kaskarinak. 1.3. Ba al dago edertasuna gaizkian? Beti al da itsusia gaizkia? Ba al dago zoritxar ederrik? Arteak aukera horiek azalarazten eta jorratzen ditu. 1.4. Moztu behar dizut hanka, zure hobe beharrez. Edertasuna? Egia? Ongia? 1.5. Egia ederra al da beti? Miseria berdaderoa ederra al da? Gosea dioten begi egiatiak ederrak al dira? Putreen bazka ukaezina ederra al da? 1.6. Edertasun faltsua; nola erortzen garen haren atzaparretan! 1.7. Eta egia ona al da? Ona al da egiaz jabetzea? Matrix-en (Matrix mota asko dago) banengo, ez dakit egia jakin nahiko nukeen. Nire alabari ez nion gertatutakoa kontatu, ez nion ezer kontatu, egia ezkutatu nion, bere hobe beharrez. Ez nion esan bere adineko gazte batek bere buruaz beste egin zuela. Nahiago izan nuen isilik egon. Egien eta ezagutzaren lurralde amaiezinean mugak jarri behar al dira, ongiaren izenean akaso? 1.8. Ongia, ederra eta egia, hiru balio batera, aukera bat da, baina konbinazio gehiago dago, 7 aukera gehiago, hau da, (2 ber 3)-1: ongia+itsusia+egia, ongia+itsusia+faltsua, ongia+ederra+faltsua, gaizkia+itsusia+egia, 2.1. Zer esan nahi dugu hilkorrok inoiz ez edo beti esaten dugunean?

2.2. Zein da inoiz ez eta beti horien goiko muga? Eta behekoa? Ni neu al naiz muga? Gutarrak? Unibertsoa? 2.3. Batzuek eternalak garela diote eta, aldi berean, kezka nagusia goiko mugan paratzen dute, etorkizunean. Eta behekoa? Zuzen baleude, a ze amildegi legoke iraganean, a ze misterio (ustezko) jaiotzaren aurretikoan! Nire burua hain gutxi ezagututa ezingo nintzateke bizi. Oroimen-hutsune ikaragarri izango genuke denok. Alzheimerra unibertsala eta sortzetikoa litzateke. 3.1. Ez da garrasirik iristen, itsasora jaurtitako harri batek eragiten duen dardararen pareko dira gerrarik basatienak espazio urdin-gorriaren altzoan. Zein da gerra horien zentzua? Zein da Lur planetako zentzua espazio urdin-gorrian? 3.2. Zenbat denbora igarotzen da, zenbat minutu, zenbat segundo, garrantzitsua naizela pentsatzen dudanetik ezer ez naizela pentsatzen dudan arte? Nola da posible hain segundo gutxitan hainbeste amiltzea, edo hainbeste goratzea? Non dago zentzua? 3.3. Haiek barne-bizitzaren gorabeherak dira. Gorabeheretan sortzen da zentzua, eta, halaber, galbideranzko aukera. Philipe Claudeli irakurru nion, gizon etsiak ez du galdurik. Erantsiko nuke, zentzu ezaren eraginez. 3.4. Bizitzaren gorabeherak eragiten du gugan haren gaineko kontakizuna, narrazioa, historia. Eta kontakizuna gorabeherari atxikitzen zaio, ezin aldendu harengandik, hari oratzen zaio. Harekin txirikordatzen da. 3.5. Baina badago bestelako jokoa, istorioa sortzen dugunekoa, fikzioaren jokoa. Zertarako den fikzioa galdetzen dute. Zentzua(k) eraikitzeko, baina historiak duen loturarik edo menpekotasunik gabe. Eta zentzu horiek, fikziozkoak badira ere, argia ematen dute. 3.6. Fikzioa atseginaren iturrietako bat da, fikzioa baita zentzua sortzea, sortze hutsa edo, nahi bada, eraikitze hutsa.

3.7. Baina fikzioa fikzioa da, eta istorioa ez da historia. Istorioak historia ordezkatzen duenean, akabo, 1984. 4.1. Batzuek diotenez, adiskidetasuna, maitasuna bezala, norberak sumatzen duen zerbait omen da, besteenganako barne-sentimendu bat, norberak baino hobeto inork azaltzerik ez duena. Nik badakit, jakin, hura maite dudala, haren adiskide-mina naizela. Zuk ez dakizu, ezin duzu jakin, nik hura zenbateraino maite dudan. 4.2. Edo, beste batzuen iritziz, adiskidetasuna, maitasuna bezala, jokatzeko modu bat da. Barne-sentimendu bat baino, kanpo-alderantz zuzentzen den jokabidea da. Adiskidetasuna, maitasuna bezala, erakutsi behar da. 4.3. Hark esaten zidan bera ausarta zela. Zergatik?, galdetu nion. Nik dakidalako, sumatzen dudalako, erantzun zidan. 4.4. Ausardia erakusteko aukera izan zuen, eta korrika egin zuen ihes, ausarta zela ozen adieraziz, berak bazekiela, ausardia erraietako zoko pribatu batean gorderik baitago. Norberak baino ez omen du zokoaren giltza. 4.5. Maitasunaz, zer esan? Bai, maite dut. Ez dakit nola gertatu den hau, ez dakit zergatik jipoitu dudan. Baina, jakin ezazue, maite dut, nik hori badakit, ziur naiz. Inork ezin du nire ziurtasuna zalantzan jarri, inork ezin du iritsi niri zoko pribatua. Denak zaudete oker. Ni naiz jakintza horren jabe, jabe bakarra. 4.6. Armairuak hutsik geratu ziren. Seme-alabak eta emaztea joan zitzaizkion. Zergatik joan ziren berak hainbeste maite zituenak? Nora joan beharko zuen garrasi haiek egitera, maite zaituztet ozen eta bakarti horiek esatera? 5.1. Zein garrantzitsua den distantzia! Ze min ematen (edo ze traba egiten) digun aldameneko umearen negar zintzoak! Ze hotz geratzen garen milaka umeren negar urrunaren aurrean!

5.2. E-maila ez erabiltzea erabaki zuen: zehatzago, e-mailak ez erantzutea erabaki zuen. Ordu gehiegi pasatzen zituen e-mailak erantzuten, e-mailak irakurtzen. Moztu beharra dago! Hala, tarteka, oso tarteka bakarrik begiratzen zuen bere postontzi elektronikoa, eta gero eta mezu gutxiago jasotzen zituen. Azkenean spam batzuk baino ez. Tristurak jo zuen. Normaltasunera itzultzea erabaki zuen. 5.3. Ez dira jabetu. Elkarri mezuak bidaltzen dizkiote. Ez dira jabetu. Bezperakoaren berri ematen ari zaizkio elkarri. Ez dira jabetu. Burua altxa gabe, telefonoari begira, beste ezeri erreparatu gabe. Bagoi berean doaz. 5.4. Bizikletan zihoan. Eskuin aldean hondartza. Olatuak jostari zetozen, elkarren gainean jarriz. Aurrera egin zuen. Hondartza desagertu zen begi-bistatik, baina olatuen helmugaratzearen eta iraungitzearen hotsa entzuten zuen bere bizkarrean, gero eta urrutiago. Denboraren igaroaz jabetu zen, areago denboraren igaroa entzuten ari zen. Atsedena behar zuen, bat-bateko neketan blaitu zen-eta.. 5.5. Handik dator, korrika, ni bezala, auskalo nor den. Gerturatzen ari da, gero eta ezagunagoa gertatzen ari zait. Ah bai, orain bai, aspaldidanik ikusi gabe. Haren oin eta hauspo hotsak entzuten ditut dagoeneko. Zer egin? Bai bera da. Zer egin? Aio, esan dit ustekabean. Aio, esan diot. Nork bere noranzkoari heldu dio. Trenak etorri zaizkit gogora, eta trenbide paraleloak, lautada horia zeharkatzen dutenak. 6.1. Ongi jokatu dugulako inpresioa daukagunean, nia azpimarratzen dugu, niaren askatasuna goresten dugu, niak jokabidea bideratu izanaz harro gaude. Ni izan naiz, ni baino beste inor ez. Harrotasunaren iturria. 6.2. Haatik, gaizki jokatu dugulako inpresioa daukagunean, orduan ez, orduan nia ezkutatzen dugu, orduan kanpokoaz gogoratzen gara, askatasuna lainotzen dugu. Hargatik eta honengatik izan da, mekanismo bihurtzen gara, termostato bihurtzen gara, nolako kanpo-giroa, ezinbestean halako erantzuna; beno, ia ezinbestean, matxurarik

ezean. Determinismoa goratzen dugu, erantzukizuna ahulduz. Ez dugu geure buruaz hitz egiten. Auto-engainua? Bere alkohol-zaletasun goiztiarra azaldu nahian-edo, Jack London handiak zioen, ni nire ingurumariaren emaitza baino ez naiz. 6.3. Batzuek uste dute determinismoa askatasunaren etsaia dela eta, alternatiba gisa, zoria aldarrikatzera ausartzen dira, zoria askatasunaren beste izena balitz bezala. Baina nire erabakimena nire garuneko zorizko erruletaren menpekoa balitz, libreago al nintzateke? Zorizko erruletak libre egiten al nau? 6.4. Ez dut termostato-antzeko bat izan nahi. Ados. Baina ez dut zorizko erruleta bat izan nahi. Ze beldurra! Non geldituko da bolatxoa hurrengo unean? 7.1. Descartes: pentsatzen ari naiz, beraz banaiz. Niaren agerpena, Nia pentsatzearen subjektu gisa. 7.2. Baina Lichtenberg-en haritik joz gero, zein edo nor da subjektua euria ari du diogunean? Hortaz, Descartesengandik aldenduz, pentsatzen ari du edo horrelako zerbait esan beharko genuke. Subjektuaren ukazioa? Niaren ukazioa badirudi behintzat, pentsatzea bera subjekturik gabeko gertakaria bailitzateke. 7.3. Ez bata ez bestea, ez Descartes ez Lichtenberg. Nia(k) barreiaturik dago (daude), zatikatua, pentsamendu, sentimendu, ekintza eta hitzetan barrena. Eta ni desberdinak eraiki daitezke zatiak jasoz, narrazio desberdinak osa daitezke, kontakizun desberdinak egin daitezke pentsamendu, sentimendu, ekintza eta hitz haietan oinarrituz. Pieza berberek zenbait puzzle osa ditzakete. Nik neuk ni desberdinak osa ditzaket, ni neu hori bera ere aldakorra izanik. 7.4. Eta besteek, aurrez aurre dauden horiek, beste nia eraikitzen dute, besteek beste narrazio edo kontakizun bat eraikitzen dute atzeman dituzten zatiak jasoz eta josiz. Besteek eraikitzen duten horixe ere ni naiz, nik neuk eraikitako nia bezain nia. 8.1. Hartu-emanak berdintzen gaitu

8.2. Muga, harresia, txarrantxazko hesia zegoen bi herriren artean. Biek, alde batekoak eta bestekoak, ikusten zuten Eguzkiaren ibilbide oso bera, baita zeru eta mendi berak ere. Biak bustitzen zituen euri berak. Biek arnasten zuten haize bera. Zergatik dira hain desberdinak? 8.3. Polisak egiten eta berdintzen gaitu, Eguzkiak, zeruak, mendiak baino gehiago. 8.4. Baina berdintze hori nahi al dugu? Zenbateraino? Harresia, handiagoa edo txikiagoa, beti jarri behar al da? Txarrak al dira harresiak? 9.1. Ikerketa, zientzia, ezagutza, jakintza, horiek guztiak, banakotasuna zurgatuz, orokortasunean oinarritzen dira. Ezagutzak banakotasuna gainditzea eskatzen du. 9.2. Baina banakoa hor dago, eta banakoak ez dio uko egiten banakotasunari, eta ezagutza estandarrari ihes egin nahi dio, akaso bestelako ezagutza mota planteatuz, fikzioa. 9.3. Fikzioa eskenatokia da non banakoa den erregea, banakoaren ikuspuntua, banakoaren sentimenduak, banakoaren kezka. Eta eskenatoki horretan proiektatzen dira ikusleak diren banakoen ikuspuntuak, sentimenduak eta kezkak. Gertakari banakoak nagusi dira, beren banakotasunean. Ez dugu zertan orokortu. Bizi behar dugu banakotasuna. 9.4. Fikzioa banakoaren jaia da. 9.5. Fikzio mota asko dago. Amonak bilobari kontatzen dion bat-bateko istorioa ere fikzioa da. Fikzioa da Ama Birjina, fikzioa da Hiru den Bata, fikzioa da hormak zeharkatzen dituen mamua. Literatura ere hor nonbait dabil, baina fikzioa orokorragoa da, literatura eta gauza gehiago (erlijioa, kasu) barnebiltzen baititu. 10.1. Emozio gehiegi, gaizki; emozio gutxiegi ere, gaizki. Emozioen ekaitzean arrazoimena txalupa ahula izaten da. Hondoratzeko arriskua benetakoa da. Baina emozioen erresumak itsaso ezin lauago dirudienean, beldurra ematen du. Emozioak

deabrutzea, minimora eraman nahi izatea, arriskutsuagoa izan daiteke. Ze latza den itsas zabal ezin bareagoan ez atzera ez aurrera egotea! 10.2. Batzuek aldarrikatu dute emozioak, grinak eta pasioak gorputzarenak direla, ez arimarenak, eta saiatu dira (ustezko) arimatik bakarrik edaten, bakardadean, baraurik, isiltasunean, hilduran,... Saiatu dira gure gorputz alderdia ukatzen, arima hutsean bizitzen. Nolako hanka sartzea! 10.3. Pederastia, ume lapurretak. Non? Nork? Mystic River. 10.4. Ez da nahikoa legea arrazoimen osoz finkatzea. Legea sentitu behar da. Ongia ezagutzeak ez dakar ongia praktikatzea. Zenbat jakintsu putakume! Ez da nahikoa giza eskubideak aipatzea, aldarrikatzea. Ez da nahikoa giza eskubideak zeintzuk diren jakitea. Ez da nahikoa giza eskubideak onartzen direla esatea. Giza eskubideak sentitu behar dira, geure egin behar ditugu. Giza eskubideak praktikatu behar dira. 10.5. Ezin zuen bere grina bridatu, grina gaiztoa, amildegira eraman zezakeena. Jabetzen zen. Tratatuak irakurtzen zituen, legedia ezagutzen zuen, denek, bai tratatuek bai legeek, grina hark ekar zitzakeen ondorioen aurka egiten zuten. Eta jabetzen zen, baina ezin zuen bridatu. Terapia ere egin zuen, ezkutuan. Berak ezagutzen zuen bere gaitza, bere baitan zegoen, baina ondorioak besteek pairatuko zituzten. Azkenean ohartu zen, garbi ikusi zuen konponbidea: beste grina bat behar zuen, grina ordezkatzailea. Grina ez zen bridatu behar, bideratu behar baizik. Bilduma-zale amorratu bihurtu zen. 10.6. Damua. Damua eskatzen zaie. 10.7. Damututa al zaude? Bai, damututa nago. Baina hori ez da nahikoa. Orduan, zer egin behar dut? Damua praktikatu. Eta noiz usteko duzu damua praktikatu dudala? Nik esango dizut noiz zauden damututa. Baina,...

10.8. Pentsamenduaz, adimenaz harantzago, edo honantzago, animaliak omen gara, alderdiren bati dagokionez goi-mailakoak akaso, baina animaliak, zuhaitz ebolutiboari lotutako animaliak. Ekar ditzagun gauzak beren onera. Ez nahastu fikzioa eta ez-fikzioa. Eta Gorputzik Gabeko Arima fikzioa da, Ama Birjinaren antzekoa. 10.9. Arima ez da gauza bat, ez da bisitari, ez da beste nonbaiten sartzen den ezer. Arima gaitasun sorta da, bizian txertatutako gaitasun sorta. Landareak, animaliak, gizakiak, bakoitza bere neurrian bere tamainan arimaduna da, baita gu geu gaitasunez urri gabiltzanean ere, egoera begetatiboan kasu. 10.10. Descartesek uste du animaliak, gizakia ez bezala, eraiki daitezkeela (baliabideak eta animalien gaineko behar bezainbesteko ezagutza edukiz gero), animaliak, gizakia ez bezala, makina-antzekoak baitira, oso konplexuak izan badaitezke ere. Makina erraldoi baten gisan irudikatzen du natura, eta gizakia, arimaduna den heinean, makina horretatik kanpo geratzen da. Amildegi zeharkaezina eraiki du Descartesek gizakiaren eta bestelako animalien artean. Horregatik, haren ustez, Frankestein ez da posible, ezin da gizakirik eraiki. Baina natura makina erraldoia al da benetan? Eta gizakia hain aparte al dago benetan? 10.11. Batzuek diote gu Jainkoaren itzala garela. Jainkoa da eredua, eta gu haren erretratu inperfektua. Baina nik, aukeran, nahiago animaliei eta landareei erreparatu. 10.12. Jainkoa eraiki dugun beste fikzio bat da. Jainkoa gure alderdi batzuen islatxo bat baino ez da, eta gure alderdi horiek (gure adimena, kasu) dardara imioak baino ez dira naturaren baitan. 11.1. Esperientziak gauza bat erakutsi du. Pertsona bat justiziari, duintasunari, zuhurtziari buruz etenik gabe mintzatzen baldin bada eta, batez ere, haiekin kontaktuan balego bezala, lehenengo pertsonan egiten badu, kontuz! Nik badakit zer den justizia. Ni naiz justizia.

11.2. Ezagutu ditudan pertsonarik justuenek ze gutxi hitz egiten duten justiziaz! 12. Grossmanek Tvardovski adiskideari Bizia eta Patua liburuaren zirriborroa bidali zion, ea argitaratzeko aukera zeukan edo ez jakiteko. Tvardovskik lan bikaina zela aitortu zion, aparta eta sekulakoa, jenio batena, baina liburua ezin zela argitaratu: Ez dago gurean egia argitaratzerik; ez dago askatasunik. (Felipe Juaristik kontatua, in Vassili Grossman, Azken gutuna eta beste. Erein, 70. or.). Iruzkinik ez! 13. Bizitza osoa eman dut plantak egiten. Baina gaurkoan ez, behingoz ez. Lan gogorra izan da ez naizen hori agerraraztea etenik gabe, atsedenik gabe. Gela erraldoi hura margotzen ari ginen denon artean, eta batek Txusi pintura zuria bota zion brotxa lodia astinduz. Txus kexu agertu zen, eta haren inguruan jarri ziren denak, marrazoak balira bezala. Txus berezia zen, eta tarteka denon burlak jasaten zituen. Erasoa hasi zen. Egun hartan goitik behera margotu zioten arropa, eta arropa ez zena. Zer gertatzen zaizu?, esaten zioten burlaizez, eta brotxa kuboan murgildu eta gero, marra bat egiten zioten kamiseta berdean, edo praka urdinean, edo beste edozein tokitan. Eta orduan niri begiratu zidaten, eta zuk zer! Ez diozu ezer egingo? Eta plantak egin nituen, eta kuboa irauli nuen haren gainean. Denak barrez hasi ziren. Txus joan zen. Eta nik ere itxurak egin nituen, barre egiten nuelako itxura. Gaur lotsa sentitzen dut. Ni naiz hura egin zuena? 14.1. Nork esaten du lotsa txarra dela, baztertu beharrekoa, kaltegarria? Lotsak pertsona lotzen du, zapaltzen du. Omen. 14.2. Ustelkeria gora eta behera. Lotsarik ez. Lotsarik gabeko gizarteak legearen esku utzi du etikaren eginkizuna. Lotsa ez da inon sumatzen. Garrantzitsua den gauza bakarra horixe baita, legearen aurrean erruduna ez izatea edo legeari izkin egitea. Etikaren eta legearen ibaiak bat datoz, bat egiten ari dira. Lotsarik gabeko gizartea

gaixorik dago. Dena ondo dago, Sheriffak harrapatzen ez banau. Legetik at, lotsa sumatzen duen jende kopurua etikaren termometroetako bat da. 15. Generoaren auzia. Genero bereizkeria, arazo latza. Konponketa erraza da: bidaia trans-sexuala. Denok sexu batetik bestera igaroko bagina? Ar izatetik eme izatera, eme izatetik ar izatera, egun batetik bestera. Eta, bukaera aldera, Jekyll doktoreari gertatzen zitzaion bezala (Jekyll izatetik Hyde izatera igarotzen zenean, edo alderantziz), aldaketaren kontrola galduko bagenu, eta ustekabean batetik bestera pasako bagina, non geratuko litzateke genero bereizkeria? Bidaia trans-sexuala da konponbidea. 16.1. Txanoa eta bufanda kendu zituen, eskularruak ere, berokia erantzi, ilea askatu,... eta bere edertasuna piztu zen. 16.2. Iruditzen zait ez naizela bizitzen ari. Hori esan zidanean, haren egoeraz jabetu nintzen, eta edertasuna txori baten antzera hegan joan zen.

Bizipoza txertatzen duten horiei

10

You might also like