You are on page 1of 3

Kristala eta beira, berdin ala ezberdin?

Egilea: Liher Unanue Urdapilleta Arloa: Geologia www.gaiak.net 2014/02/02 Urte luzeetan zehar euren artean ezberdintasunik ba ote den arduratu gabe erabili ditugu kristala eta beira terminoak. Azken urteotan, ordea, hainbat birziklatze kanpainatan elkarrekin nahasi ezin diren material gisa azaldu dizkigute, gure harridurarako. Argitu beharko litzateke beirak eta kristalak esanahi ezberdinak hartzen dituztela gizarteko arlo ezberdinetan. Alde batetik, kaleko hiztegian biak erabili ohi dira elkarren artean ezberdintasunik egongo ez balitz bezala. Industrian eta zientzia munduan, aldiz, ongi bereizten dituzte bi gaiok, modu oso ezberdinean bada ere. Ikuspegi zientifikotik erreparatuz gero, kristalak prozesu geologikoetan bakarrik sor daitezke eta naturan dauden mineral ezberdinak sortzen dituzte. Beira, ordea, modu naturalean zein artifizialean sor daiteke. Industria arloan, ostera, artifizialki sorturiko beirak konposizioaren arabera batzuk beira eta beste batzuk kristal moduan sailkatzen dira. Zer da kristal bat? Zientziaren ikuspuntutik ari bagara, kristala naturan prozesu geologikoen ondorioz sorturiko solido bat da. Solido hori espazioko hiru dimentsioetan hedatzen den eredu errepikakor eta antolatu bat da, non atomoak, ioiak edota molekulak elkartzen diren. Kristalak egitura geometrikoak dira eta atomoak bertan patroi jakin batzuen arabera antolatu zein kokatzen dira. Oinarrizko egitura geometrikoa gelaxka bat bezala irudikatzen da, forma geometriko zehatz bat duena eta atomoen kokagunea adierazten duena. Naturan aurkitzen diren mineral guztiak oinarrizko 14 gelaxkatan (unitate-gelaxkatan) antolatzen dira. Gelaxka horiek Bravais-en sareak izenaz ezagutzen dira eta horiek 7 kristal sistematan biltzen dira (ikus Bravais-en sareak irudia). Arroka ezberdinak osatzen dituzten mineral guztiek kristal egitura horiek jarraitzen dituzte. Mineral horien egiturek garapen txikia izanez gero, kristal soilak begi bistaz identifikatzea zaila izaten da. Kristalak ongi garatzen badira, aldiz, egitura makroskopikoak eratu eta aise ikus daitezke begi bistaz. Kristal makroskopikoen adibide argiak dira, esaterako, bitxigintzan erabiltzen diren opaloa, granatea eta diamantea bezalako harribitxiak. Beiraz zer jakin beharko genuke?

Berriro ere azalpen zientifikora jotzen badugu, beira material inorganiko gogor, hauskor, garden eta amorfo bat da, naturala edo artifizialki sortua izan daitekeena. Amorfoa dela esaten denean, atomoak ez direla modu erregularrez antolatzen esan nahi da, hein batean antolakuntza kaotikoa duela, eta horixe da, besteak beste, kristalarengandik ezberditzen duena. Naturan sortzen diren beira gehienak sumendiekin loturiko materialak dira. Beira horiek magma batean urturik egotetik une batean lurrazalera igarotzen dira erupzio baten eraginez. Kasu horietan, materialaren hoztea eta solidotzea ia batbatean gertatzen da eta atomoek zein molekulek modu antolatuan kokatzeko denborarik ez dute izaten. Ingurune bolkanikoetan egoten diren beiren artean ezagunena obsidiana da, nahiz eta badiren beste hainbat, esaterako, takilita, lechatelierita, etab. Meteoritoek lurra kolpatzean ere sor daitezke beirak, adibidez, moldavita. Indusketa arkeologikoetan aurkitu diren aztarnen arabera, gizakia K. a. 5000. urtea baino lehenago hasi zen beira sortzen eta lantzen. Harrezkero, mendez mende, zibilizazioak teknika hobetuz eta erabilera berriak aurkituz joan dira. Gaur egun ere, artifizialki sorturiko beirak egundoko garrantzia du gure gizartean, erabilera anitz baititu. Beira erabiltzen da, besteak beste, botilak, edalontziak, leihoak, bitrozeramikak, zuntz optikoak, laborategiko materiala, labeak, beira-zuntza, lente optikoak, etab. egiteko. Egungo beira komertzialak 7-12 osagai izatera heldu daitezke, lortu nahi diren ezaugarrien arabera. Hala ere, beira arrunta sortzeko, oro har, 3 ezinbesteko osagai behar direla esan genezake: silizea (SiO2), karea (CaO) eta sodio oxidoa (Na2O). Izango duen erabileraren arabera, 3 horiez gain edo 3 horien ordez, PbO, B2O3, Al2O3, BaO, Fe2O3, etab. botatzen zaizkio nahasturari. Adibidez, sagardo botilen beirari kolore berdea emateko nahikoa da nahasturari Fe2O3 pixka bat gehitzea. Beirateriak (edalontziak eta kopak, esaterako) distira ederra izan dezan berun oxidoa (PbO) nahastu behar zaio. Europar Batasuneko legediak zehazturikoaren arabera, industria arloan, beirak duen berun oxidoa (PbO) % 10 baino gutxiago denean, beira deitzen zaio, % 10 baino gehiago badu kristala eta % 30etik gora duenean berun ugariko kristala. Hortik dator, beraz, guztiak beira izan arren, batzuei beira eta besteei kristala deitzea. Berunaren ehunekoaren araberako sailkapen horretan, botilak, ontziak eta flaskoak beira izango dira; edalontziak eta leihoetakoak, aldiz, kristala. Zergatik ezin dira nahastu beira eta kristala birziklatzean? Modu laburrean esateko, konposizio ezberdina dutelako; adibidez, biek duten berun oxido (PbO) kopuru ezberdinak urtze tenperatura ezberdina izatea eragiten du. Gehien erabili eta birziklatzen dugun botila, ontzi zein flaskoetako beirak urtze tenperatura baxuagoa du leiho edota edalontzietakoak baino. Birziklatze prozesuan beira eta kristala elkarrekin urtu nahiko bagenitu, guztiaren urtze tenperatu altuagoa izango litzateke eta energia gastua askoz handiagoa. Ondorioz, birziklatze prozesua modu egokian egiteko eta energia aurrezteko ezinbestekoa dugu beira eta kristala bereiztea. Lehen batean, bi gai horiek egoki sailkatzeak

zaila dirudien arren, birziklatze kanpainetan ematen diren irizpideak jarraituz gero, ez dugu inolako arazorik izango gure xedea lortzeko.
Kristal Sistema

Unitate gelaxka

Triklinikoa Sinplea Monoklinikoa Oinarrian zentratua Gorputzean zentratua Aurpegian zentratua Oinarrian zentratua

Sinplea Ortorronbikoa

Hexagonala

Erronboedrikoa Sinplea Tetragonala Sinplea Kubikoa Gorputzean zentratua Aurpegian zentratua Gorputzean zentratua

Bravais-en sareak

You might also like