You are on page 1of 7

GIPUZKOAKO HIRI-HONDAKINAK -1.zatia1.

- INGUMENAREN GAINEKO LEGE-ESPARRU EUROPARRA


Sortzen ditugun hondakinen arazoa kudeatzeko hurrenez hurren finkatzen dituzte ekintzak Europako Ingurumen Zuzentarauek, era hierarkikoan, lehenengotik azkeneraino. Kudeaketa horren ardatza hondakinak baliatzea eta birziklatzea da. Bada, Hondakinen gaineko Europako Batzordearen 2008/98 Zuzentarauak dioenez hurrenez hurren zera egin behar da: 1. PREBENTZIOA. Hondakin-sorrerari ahal den heinean aurre egiteko neurriak hartu. 2. BERRERABILI, ahal bezainbeste, baztertzen duguna. 3. BIRZIKLATU, ahal den neurrian, berriz erabiltzerik ez dauden hondakinak. 4. ERRAUSTU, energia-iturri gisa baliatuz beste erremediorik gabe sortutako hondakinak, berriz erabiltzerik ez daudenak eta birziklatu ezin direnak. 5. DEUSEZTATU: zabortegietara eraman edo erre, energia sortzeko erabili gabe. Hauxe da aukerarik okerrena; berez, ez da zertan egin behar. Hondakinen kudeaketa aurreko 4 urratsak eginez burutu daiteke, eta halaxe burutu behar da. Bosgarren aukera hau, energia baliatzeko sortzen diren errautsetarako bakarrik onartuko genuke, hala behar balitz.

2.- ONARTUTAKO ERABAKIEN KRONOLOGIA


Hamabost urte badira Gipuzkoan zaborrak kudeatzea nolako arazoa den jabetu ginela. Hori horrela izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakiak hartu izan ditu, Gipuzkoako errealitatea sakon ezagutu ondoren eta kontuan izanez ingurumenari buruzko arautegirik aurreratuena (Europako Zuzentarauak eta transposizio-arautegia), eta horrela, helburu zehatzak eta bideragarriak borobildu dira. 1982an Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketarako Egitasmo Zuzentzaile bat onartu zen, inolako ingurumen kontrolik ez zuten udal zabortegi penagarri haiek amaitzeko. Sortu ziren mankomunitateak, itxi ziren kontrolik gabeko zabortegiak eta orduantxe hasi zen bilketa sailkatua. Sasietak eta San Markok ontziak bereizteko bi instalazio jarri zituzten lanean. 1993an Irungo Bentetako zabortegia itxi zen, auzoak gogor eginda. 1996an Debagoieneko Akei erraustegia itxi zen, ingurumen arau guztietatik kanpo zegoelako. 1995-1999 legealdian pentsatu zen Gipuzkoako zabortegietan tokia zegoela eta irauteko gai zirela lurraldean sortzen ziren hondakinak pilatzeko.

Baina, ingurumenaren gaineko legeri europarra harago joan zen eta esan zuen zabortegiak zirela, aukera guztien artean txarrenak (nahiz eta ongi bete iragazgaiztasun- eta mantenu-baldintzak), ingurumena galtzeko gauza baitira (zabor solidoetatik ateratzen diren likido kaltegarriak botatzea, metanoa nahiz beste gas kutsatzaileak isurtzea, beroketa, usain txarra eta era guztietako enbarazuak eragiten dituztenak, hala nola ingurumena hondatzen dutenak). 2001ean Estatuko legeriari ezartzen zaio Europako 1999/31/CEE Zuzentaraua, hondakinen isurketei dagokiena: hondakinak ezabatzea legez mugatuko da eta ingurumen aldetik bide hoberik ez dagoenean bakarrik bota ahal izango dira hondakinak zabortegietan. Era berean, 1481/2001 Errege Dekretuak hondakinen isuriak gutxitzeko baliabide zorrotzagoak finkatzen ditu eta ekonomikoki bideragarriago bihurtzen dute zabor gutxiagoren aldeko apustua egitea, berrerabilpenarena eta birziklatzearena. 2001ean 2001/77/CE Zuzentaraua onartzen da, argi-indarra edo elektrizitatea energia berriztagarrien bidez sortzea bultzatzen duena. Halakotzat hartzen du errauskailuetatik lortzen den energia eta energia elektrikoa lortzeko aintzat hartzen du errauskailua eta iturri fosilen ordezko egiten. 2002an Tolosako San Blas zabortegia ixten da. 2002an Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala, GHHKPI, onartzen da (Plan Integral de Gestin de Residuos Urbanos de Gipzukoa), hainbat aukera sakon aztertu ondoren. Plangintza-dokumentua da eta bi irizpide nagusitan oinarritzen da: batetik, hondakinak ahal den heinean gutxitzea, prebentzio-, kontzientziazio eta sentsibilizazio-lana eginez; eta bestetik, hondakina baliabidetzat hartzea, ahalik eta material gehien berreskuratuz eta daukaten energia aprobetxatuz. 1982an hasitakoaren bidetik, zaborra sailkatuz biltzeko eta bilketarako sistema hobetzeko ahalegin handia egingo du Administrazioak maila guztietatik eta etengabeak izango dira horren aldeko kanpainak. 2000-2010 hamarkadan nabarmen haziko da hiri-hondakinen bilketa sailkatua: %17,4tik %43,31ra. 2007an hitzarmen bat onartzen dute Foru Aldundiak eta 7 Mankomunitatek eta Hondakinen Kudeaketarako Partzuergoa (lurralde mailako kudeaketa) sortzen dute. Zubietako errauskailua eraikitzea pentsatzen da (kokapena luze eta zabal eztabaidatutakoa uzia da eta Zubieta hobesten da), eta Donostialdeako 130 mila tona zabor Gipuzkoako beste hiru zabortegietara eramatea erabakitzen da Zubietako errauskailua eraiki artean. Honela, eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeen laguntzari esker, itxi egiten da Errenterian arazo larriak sortu besterik egiten ez dituen San Markoko zabortegia. 2007ko udal hauteskundeen ondoren, San Markoko eta Debagoienako Mankomunitateetako ordezkari politikoek berebiziko oztopoak jarriko dituzte San Markoko hondakinak eramatea ahalbidetzen Hitzarmena betetzeko.

2008an GHK, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eratzen da eta zaborren Ekarpeneko Hitzarmena onartzen; 25 mila tona hondakin Bizkaira eramatea adosten da Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta San Marko ixtea lortzen da. 2008ko abenduan Hondakinen Foru Araua onartzen da. 2009an Gipuzkoako Hondakinen Lurraldeko Plan Sektoriala (PTS) onartzen da (azpiegiturak eta kokalekua). Partzuergoa egiten da hondakinen kudeaketaren kargu (lurralde mailan) ordainsari bakarra ezarriz. Zubietako plantaren Oinarrizko Proiektua idazten da. 2010ean hirigintza-hitzarmen bat sinatzen da Donostiako Udalarekin. Eusko Jaurlaritzak, bere Ingurumen Organoaren eskutik, Ingurumen Bateratuaren Baimena ematen du. Sarbidearen eta plataformaren lanak egiteko eskaintza ireki eta esleipena egiten da. Era berean, ireki egiten dira instalakuntzen (aurretratamendukoaren eta errauskailuaren) obra lanetarako eskaintzak. 2011n Europako Inbertsio Bankuaren Caixa-Banestoren finantzabidea lortzen da: 195-34-34 miloi, guztira 263 miloi euro. 2011ko martxoan UTE enpresa talde bati eraikuntzarako eta 5 urteko kudeaketarako esleipena ematen zaio.

3.- HONDAKINEN KUDEAKETA PLANAREN HELBURUAK


(2002ko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralari 2008ko Aurrerapen Agiria delakoan egindako aurrerapenak erantsiko zaizkio ). Zaborren gaineko Zuzentarauak agindutako ekintzak hurrenez hurren aplikatuz, hona Planak helburu dituenak: 0.- Prebentzioa: %16,6 ---------------------------------------------------------------------------------------------------------1.- Berrerabilpena, Birziklapena: %46,2 2.- Konpostajea: %10,8 (*) 3.- Errausketa. Hondakinak energia-iturri baliatzea: %43 Guztira, aurreikusten den tona kopurua: 495.000 Tona urtean. (*) Garrantzitsua da argitzea bilketa sailkatua eta birziklatzea ez direla kontzeptu baliokideak, zenbaitzuek bata bestearekin nahasten badute ere. Bilketa sailkatuaz ari garenean esan nahi da batzuk besteetatik bereizita biltzen diren hondakin-kantitatea, edozein delarik bilketa-sistema (edukiontzien bidez egina edo atez atekakoa). Birziklatzea, aldiz, egiaz berrerabiltzen den eta berrerabil daitekeen hondakinkantitatea da (eta sailkatuta biltzen den hondakin-kalitatearen araberakoa da).

4.- PLANAREN HELBURUAK BETETZEKO AURREIKUSTEN DIREN AZPIEGITURAK


GARBIGUNEAK Lurraldeko Plan Sektoriala (PTS) onartu zenean 14 Garbigune zeuden Gipuzkoan. - Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Planak garbigune bat agintzen du 25.000 biztanleko. - Beste 2 (denera 16) aurreikusten dira 2016 urterako. HONDAKINAK ERAMATEKO GUNEAK Zaborra trinkotzen den tokiak dira, ondoren, Mankomunitate bakoitzetik hondakinen kudeaketarako amaierako azpiegiturara eramateko; alegia, egun, oraindik zabalik dauden zabortegietara eta, etorkizunean, errausketa eta baliaketa energetikoa egingo den plantara. Honela, zabor kopuru txikiagoa izanik, garraioaren kostua jaitsi egingo da. Lurraldeko Plan Sektoriala onartzean, 3 gune daude: San Marko, Debagoiena eta Debabarrena. Hondakinak eramateko guneen beharrean dira ondorengo Mankomunitateak: Urola Kostakoa, Urola Erdia, Debagoienakoa, Debabarrenakoa eta Sasieta.

ONTZIAK BEREIZTEKO PLANTA Lurraldeko Plan Sektoriala onartzean Urnietan eta Legazpin daude. Ez dago beste planta berriren beharrik.

KONSPOST-PLANTA Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralak konpostaz ipintzen dituen helburuak areagotu egiten ditu Aurrerapen Agiriak eta Materia Organiko Konpostagarriaren kopuruaz kontuak atera ditu, hau da, bilketa sailkatua egin eta landu ondoren konpost ezin hobea emateko gai denean lortutakoa: 73.426 tona 2016 urterako. Konposta ez da erraz aplikatzen: Gipuzkoako lur-sailak, baso, zelai eta nekazaritza lurrak, aberatsak dira osagai organikoz eta berezkoa dute oparotasun hori (%3 eta %8 arteko materia organikoa). Gainera, topografiak zaildu egiten du konposta batetik bestera garraiatzea. Beraz, pentsatzekoa da hondatu samar dauden lurretan eta lorategi publikoetan bakarrik zabal daitekeela konposta. Substratuen merkatuari dagokionez: lortzen den konpostak kalitatez bikaina behar du izan (homogeneoa, zikinik eta gatzik gabea) pinu-azalari eta zohikatzari lehia egiteko.

Aurrerapen Agiriak honako diru sarrerak aurreikusten ditu konpostplantetarako: Lapatxeko pilotu planta finkatzeko: 3.900.000 Sasieta-Ormaiztegi: 5.700.000 Debagoinako plantarako: 3.000.000 Biometanoa eta konposta egiteko Donostialdeako plantarako: 25.000.000 Konpost-plantok elikatzeko, etxeetako hondakin organikoaren hondarra bosgarren edukiontzian jasoko da eta herritarrei ez zaie eskatuko ahalegin berezirik dagokion zabor-poltsa uzteko.

ERAIKUNTZAKO HONDAKINAK TRATATZEKO PLANTA San Marko Mankomunitatean. Sasietan. 8.000.000 eurotik gorako inbertsioa dago aurreikusita.

GIPUZKOAKO HONDAKINEN KUDEAKETA ZENTROA (Zubieta) Balorizazio energetikorako planta bakarra (Errauskailua) Gipuzkoa osorako: oinarrizko hiri-hondakinen hondarretatik energia ateratzeko, eta gauza bera araztegietako lohietatik eta oinarrizko zaborrak birziklatu eta konpost prozesuek ematen dituzten bigarren mailako hondakinetatik. Biolehorketa bidez aurretratamendu biologiko-mekanikoa egiteko planta zentralizatua (edo bestela biologiko-mekanikoa). (2016an bilduko liratekeen 167.811 tona oinarrizko hondakin prozesatuko lituzke. Materialak berreskuratzen dira aurretratamenduaren ondorioz, eta, era berean, materia organikoa lehortuta, errauskailurako hondakina gutxitu egiten da eta beraren gaitasun kalorifikoa areagotzen). Zabor-zepak zahartzeko planta.

ZABORTEGIAK Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Planaren eta beronen Aurrerapen Agiriaren helburu estrategikoen artean zera dago: oinarrizko hondakinik batere ez botatzera heltzea, alegia, zabor eta hondakin gordinetatik ZERO ISURI lortzea. Era berean, oinarrizko hondakin horien eta bigarren mailakoen BALORIZAZIOAK GAILURRA jotzea, eta azken hondakinen GUTXIENEKO BOTATZEA iristea (bigarren mailako hondakinak lehen mailakoen balorizaziok ematen dituenak dira).

Hortaz, horrek guztiak esan nahi du soilik botako direla ezertarako (ezta energiatarako ere) aprobetxatu ezin diren bigarren mailako hondakinak, eta, beti ere, inguramenari eragin diezaioketen arriskua gutxitu edo ezereztu ondoren. San Markoren behin betiko itxieraz gain, Sasieta, Urteta eta Lapatxeko zabortegiak ixteari ekingo zaio. Horretarako 40 miloi euro beharko dela aurreikusten da.

ONDORIOAK - Hiri-hondakinen (zaborren) kudeaketak dakarren arazoa konpontzea, askozaz ere konplexuagoa da errauskailua bai / errauskailua ez soila baino. - Hondakinen kudeaketari buruz dauden politiken artean, planifikaziorik aurrerakoiena garatu dugu Gipuzkoan eta erreferentziatzat hartu ditugu Europa osoko Estaturik aurreratuenetan erabakitako aterabideak, teknologiaz eta ingurumena zaintzearen aldeko kontzientziaz lehen mailak dabiltzala kontuan izanez. - Hondakinen kudeaketarako soluzio posible guztiak aztertu ondoren, bi aukera besterik ez daude, jakinik ezinbestean sortuko dugula zabor-hondar bat ezingo dena berriro ezertarako erabili, ezingo dela birziklatu ez konpost bihurtu: zabortegia edo erraustegia. - Hondakin-hondarrarentzat ez dago zabortegirik kutsadura gutxiago eragingo duenik, ingurumena eta pertsonen osasuna gutxiago kaltetuko dituenik eta probetxu handiagoa atera dakiokeenik, azken-azken teknologia bidez egindako errausketatik energia lortzeko sistema baino. - Energia elektrikoa sortzeko errausketa da Europako herrialde aurreratuenek darabilten soluzioa. Bide horretatik jo ez duten herrialdeak atzeratuta dabiltza eta Europako Zuzentarauen aurka, ingurumena zaintzeko aginduak urratuz. - Zero isuria edo Zero zaborra delakoak gauza bakarra esan nahi du: prebentzioz jokatu, berrerabili, birziklatu, konpost-lana eta balorizazio energetikoa egin. Horixe da Alemaniako Berdeen zero-isuria. Ez dago zero zaborrik, zaborrak sailkatu eta era batera edo bestera bilduta (edukiontzien bidez biltzeak edo atez ateka egiteak ez dakar zero zabor). - Edozein delarik ere bilketa sistema, ezin saihetsi daiteke sortzen dugun hondakinen herena baino gehiago ez dagoela ez berrerabiltzerik ez konpost bihurtzerik ez birziklatzerik. Hortaz, nahitaez, hondar heren horrek ezinbestekoa du bietako bat: zabortegia edo errauskailua. Errausten ez bada eraman beharko da zabortegi berrietara zeintzuek ekarriko dituzten ezagunak ditugun inguramen eta paisaia arazoak, eta, gainera, Europako Zuzentarauak bete gabe utziko genituzke. - Makina bat txosten teknikoren ondorio guztiek baieztatzen dute (herrialde aurreratuenetako errealitatean frogaturik) urtero sortzen dugun hondakinen %40 inguruk ez duela balio energiatarako ez bada. Hortaz, zera da egin litekeena: tokiren

batera bota dezakegu eta bertan utzi, nola edo hala estalita horrek berekin dituen arazo guztiak jakinda edo aprobetxatu egin dezakegu argi-indarra sortzeko. . - Atez atekako bilketak, izugarri garestia izateaz gain eta oso deserosoa era horretara derrigorrez moldatu behar duen herritarrentzat, ez dakar inolako abantailarik Hondakinen Planaren aldean. Bildutako herena baino gehiago izango zabor-hondarra izango da hala ere. - Gipuzkoako Hondakinen Planak aurreikusita du zenbat berrerabil daitekeen, zenbatekoa den bilketa sailkatua eta, ondorioz, zenbat birziklatu eta konpost bihurtu daitekeen (bosgarren edukiontzia erabilita), Europako neurririk zorrotzenak bete arte iristen direlarik hemengo helburuak. Plan honek, gainera, ez du utziko beste zabortegirik irekitzea eta zabor-hondarra aprobetxatu ahal izango da ingurumenari nahiz pertsonon osasunari kalterik eragin gabe- energia elektrikoa sortzeko, teknologia aurreratuenaz egindako errauskailuaren bitartez. ---------------------------------------------------------------------------------------------------------Batzuk zabor-hondarra ezabatzeko errauskailuaren etsai amorratuak dira eta, jarrera hori egia absolutu eginda, beren gogoaren araberako errealitatea eraiki dute, egoerak eta zenbakiak behartuz eta ezkutatuz eta, azken batean, honen gaineko eztabaida osoa zentzugabekeria kolosal bihurtzeraino. Horrela pentsatu eta jokatzen dutenen argudioak eta eman beharreko erantzunak aurki helaraziko dizkizuegu dokumentu honen bigarren zatian: Gipuzkoako Hiri Hondakinak. 2.zatia.

You might also like