You are on page 1of 1

5. ARIKETA. Hezkuntza sisteman zehar.

Nire ibilbide akademikoari buruzko mapa kontzeptualean adierazi dudan moduan, nire bizitza osoan bi ikastetxeetatik pasa naiz. 0-3 urte bitartean ez nintzen eskolarizatua izan, hau da ez nintzen haurtzaindegira joan baina 3 urte betetzean, haur hezkuntza hasi nuen Urnietako Egape ikastolan. Lehen hezkuntza ere Egapen egin nuen, 12 urte bete arte. Haur eta Lehen hezkuntza etapa hau ez dut asko gogoratzen baina ez dut oroitzapen txarrik, beraz, gustura egongo nintzela pentsatzen dut. Bigarren hezkuntza Urnietako salesiar ikastetxean egin nuen eta baita batxilergoa ere, beraz 6 urte egon naiz ikastetxe honetan. 6 urte hauetan oso gustura egon naiz, oso oroitzapen ona dut ikastetxeaz. Izan ere, ikasle taldearekin eta irakasle taldearekin eduki dudan harremanarekin oso gustura egon naiz. Bigarren hezkuntzan, 30 bat ikasleko gela bat osatzen genuen, batxilergoan berriz 23 bat ginen soilik. Gelakideen artean noizean behin arazoren bat gertatzen zen, gela guztietan bezala, baina orokorrean harremana oso ona zen. Ikastetxe honetako gauza berezi bat aipatu behar banu, zalantzarik gabe irakasleekiko harremana aipatuko nuke. Izan ere, ikastetxe honetan, familia antzeko bat osatu genuen. Irakasleak oso gertukoak ziren orokorrean, bai klase orduetan eta bai klase orduetatik kanpo ere. Irakasleek oso argi zuten zein zen bere funtzioa, guri heziketa on bat eskaintzea eta etorkizunerako prestatzea hain zuzen ere, baina funtzio horretatik harago joatea bilatzen zuten. Esate baterako, matematikako irakaslea beti laguntzeko prest zegoen, zalantzak argitzeko eta galderak erantzuteko, askotan, klase orduetatik kanpo gurekin gelditzen zen eta azterketa eguna baino lehen klase partikularrak eskaintzen zituen errepaso gisa, guztia bere ordutegitik kanpo. Ingelerako irakasleak, gure tutorea zena, asko ezagutzen gintuen, aurpegira begiratu eta arazoren bat edo kezkaren bat genuela antzematen zuen. Eta biologiako irakasleak bestalde, klaseak emateko eta edukiak transmititzeko modu oso berezia zuen. Batzuetan kalera eramaten gintuen klase ematera, bere ustez, leku lasai eta baketsu batean informazio gehiago barneratuko genuen eta denbora luzeago batean iraungo zuen gure memorian. Ebaluaketa sistema nahiko berezia zela esango nuke. Barneratutako edukiei garrantzia handia ematen zioten, noski, baina nire ustez, jarrerari eta egindako ahaleginari beste eskoletan baino garrantzia handiagoa ematen zioten irakasleek. Aipatu berri dudan guzti hau nire ustez, faktore oso garrantzitsua da bakoitzaren ikasketa prozesua arrakastatsua izan dadin. Izan ere, ikasleek egunero ordu pila bat pasa behar dute eskolan, eta horregatik oso garrantzitsua da ikaslea gustura eta pozik joatea eskolara. Ikaslearen motibazio horretan, irakasle taldeak eta ikasle taldeak zerikusi zuzena dutela iruditzen zait.

You might also like