You are on page 1of 2

Jaizkibel mendia desmilitarizatuz gure lurrak berreskuratu!

Gure lurraldearen antolaketa eta erabilerak herritarrongan duen eraginak arduratzen gaitu,
lurraldea aztertu, ulertu eta honen inguruko proposamenak egitea baita gure ogibidea. Horregatik
Bidasoa eta Oarsoaldeako eskualdeen lurralde artikulazioan parte garrantzitsu den Jaizkibel
mendia, kanpo interes eta erabilpenetatik babestea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Jaizkibelgo tiro zelai militarrak zein Euskal Herrian dauden gainontzeko gune militarrek gure
lurraldea fisikoki okupatzen dute, herritarrok gure lurraldearekin dugun harremana baldintzatzeko
funtzioarekin.

Munduko Estatu guztien Indar Armatuek haien “Interes Nazional” deritzenak defendatzea izan
dute betidanik funtzio nagusia, bai kanpoko arerioetatik zein barnekoetatik. Interes horietan
garrantzitsuenetakoa izan ohi da Estatu soberanoen lurralde batasuna babestu eta bermatzea.
Interes horien defentsarako kokapen geografikoak eta haien arteko komunikazio bideek berebiziko
garrantzia izan dute, gure kasuan Espainiar zein Frantziar estatuek haien indar militarrak gure
herrian kokatuz.

Frantziak, Ipar Euskal Herriko kostaldean ditu azpiegitura militarrak, Lapurdiko itsasertzean.
Frantziar Itsas Armadak eta Lurreko Ejerzitoak Aturri ibaiaren inguruan dute bere zaintza eremua:
Angelun, 2015ean itxi zuten basea bi patruila ontzirekin; eta Baionan, Lurreko Ejerzitoak Operazio
Berezietako zentroa du hiriburuko zitadelan.

Espainiak aldiz Hego Euskal Herriko herrialde guztietan ditu azpiegiturak: Nafarroa, Araba, Bizkaia
eta Gipuzkoan. Lau gune nagusi eta entrenamendurako bi eremuk osatzen dute gure herrian
antolatutako Espainiar Indar Armatuen sare logistikoak.

Espainiako Indar Armatuen Lurreko Ejerzitoarenak dira lau azpiegitura nagusiak. Nafarroan,
Berriobeitin du kuartela, herrialdeko hiriburutik 5 km-tara. 81 hektareako eremua okupatzen dute,
hauetako 14 ha kuarteleko azpiegiturak direlarik eta gainontzeko 67 ha-k baso lurrak. Bizkaian
Mungian dute kuartela, herrialdeko hiriburutik 15 km-tara. Gipuzkoan aldiz, Donostian bertan,
Loiola auzoan. 17 ha-ko okupazioa du. Araban du Hego Euskal Herriko base nagusia Lurreko
Ejerzitoak, Gasteizen, Arakako Base militarra. 540 ha-ko eremua dute haien esku, 120 ha hiri
azpiegiturak direlarik eta 420 ha berriz baso lurrak.

Entrenamendurako bi gune dituzte: batetik, Gipuzkoan, Jaizkibelgo tiro zelaia, 365 ha-ko natur
eremua hartzen duelarik; eta Nafarroan Bardeetako tiro poligonoa, Aire Ejerzitoaren
entrenamenduak egiteko 2.222 ha-ko eremua, Europan dagoen tiro entrenamendu gune handiena.

Guztira Euskal Herriko 3.225 ha herritarron eskuetatik atera eta Espainia zein Frantziaren lurralde
logika eta antolamenduaren mesedetan daude. Euskal lurraldea osatzen duten 48 eskualdeetatik
7-tan zehar daude barreiatuta azpiegitura militar hauek, bertako herritarronak ez diren interesei
erantzunez eta bertako garapen komunitarioari inongo ekarpenik egin gabe.

Merkatal zentro handiek, azpiegitura obra erraldoiek, etabarrek eliteen aldeko espazioaren
erabilpena sustatzen duten bezala espazio militar hauek ere norabide berdina dute.

Ez ote litzateke egokiago gure geografian zehar ditugun zazpi eremu horiek natur guneak
babesteko, sektore agroekologiko bultzatzeko, etxebizitza komunitarioak eraikitzeko, ekonomia
sozialeko kooperatibak abian jartzeko zein haurrentzat jolas libreko guneak antolatzeko erabiltzea?

Lurralde antolamendu komunitario eta jasangarri propio baten alde, “Jaizkibeletik militarrak
kanpora” aldarriarekin bat egiten dugu.

Maiatzaren 13an Jaizkibelgo tiro eremuan 11:00tan egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbita
luzatzen dugu. 9:30etan Lezoko plazatik izango da irteera.

You might also like