You are on page 1of 4

Urriaren azkenean, gaztaina etxean (Olaia L.

Garaialde)
Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da;
esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan,
harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren,
badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta
ekintzak ere.

Hator, hator, neska-mutil, etxera, gaztaina ximelak jatera», esaten


du gabon kantak. Ez da bakarra; Eguberrietako euskal kanta askok
gaztainei erreferentzia egiten diete. Gabonetako egun guztietan
gaztainak plater nagusia zirela dio Felix Mugurutza ikerlariak: «Oso
gureak ziren, baina orain erabat ahaztuta dauzkagu». Gaztainen
historia eta erabilera ikertu ditu, eta lehen oinarrizko elikagai zela
dio: «Gure elikagaien artean puntakoenak izan dira, eta horrekin bizi
ginen; batez ere neguan. Goseari aurre egiteko modu bat zen». Modu
askotan jaten ziren: adibidez, erreta, egosita eta zopan.

Euskal Herrian, gaztainak jateaz gain, esportatu ere egiten zituzten.


«XVII. mendean izan zen aldi gorena. Baserriak handitu ziren;
Luxenburgo, Belgika eta halako herrialdeekin harreman handia
genuen; eta itsasoan oso ondo moldatzen ginen». Produkzioa
«ikaragarria» izan zela azpimarratu du: «Kubara ere iritsi ziren
gaztainak. Historia uste dugun baino askoz zabalagoa da». Garai
batean Euskal Herria ekoizle indartsua izan arren, gaur egun
ekoizlerik handiena Txina da: bi milioi tona inguru ekoizten ditu.

XIX. mendearen amaieran, izurrite bat egon zen, eta oinbeltzak ia


gaztainondo guztiak desagerrarazi zituen. «Orain, Portugaletik
inportatzen ditugu, gehienak izurritean galdu zirelako», nabarmendu
du Mugurutzak. Hala ere, gaztainondoak landatzeko proiektuak
martxan dira: «Eukaliptoa eta pinua landatu ordez, gaztainondoak
landatzen hasi dira». Ikerlariaren arabera, gaztainondoen paisaiak
«oso politak» dira, eta kolore «ederrak» sortzen dituzte:
«Berreskuratzeko borrokatu behar dugu».

Duela bost urte, gaztainen inguruan ikertzen hasi zen Beñat Itoiz;
besteak beste, historia, gaztaina eta zuhaitz motak eta erabilerak
aztertu ditu. Euskal Gaztain Etxea sortu du, Makean (Lapurdi), eta,
bertan, gaztainak ekoizten ditu. Guztira hamasei tona jasotzen ditu
Itoizek: «Hamazazpi biltzaile ditugu; hiru tona biltzen ditugu, eta
gainerakoak inguruko herrietatik ekartzen ditugu».

1
Jasotako gaztainekin, esate baterako, zopa, garagardoa, marmelada,
ogia, ozpina, galletak, txokolatea, pasta eta risottoa egiten ditu
Itoizek. «Ez dut ezer asmatu. Historian izan diren jateko moduak
hartu ditut, eta, hortik abiatuta, historiari eta ohiko jateko moduari
lotuta, gaztainak ekoitzi ditut». Urriaren azkenean, gaztaina etxean,
dio esaera zaharrak; hala ere, urrian ez ezik, sasoi guztietan
erabiltzen ditu gaztainak Itoizek. Beraz, modu batean edo bestean
egunero jan daitezke gaztainak Euskal Gaztain Etxean.

Udazkenean, hostoekin batera, morkotsak(erizos) erortzen dira, eta


gaztainak jateaz gain, lehen azala oihalak tindatzeko erabiltzen zutela
esan du Mugurutzak: «XVIII. mendeko dokumentuetan agertzen da,
baina, egia esan, ez dakigu asko. Gaur egun, azala ez da deusetarako
erabiltzen, eta jan ere, oso gutxi».

Urriaren erdialdetik urtarrilaren hasierara, asko dira kalean lanean


egoten diren gaztaina saltzaileak. Txumari Borda duela hamasei urte
hasi zen gaztainak saltzen, eta Sara Agirre duela hogei, biak Iruñean.
Sasoikako lana denez, gainerako hilabeteetan beste jardun batzuetan
ibiltzen dira. «Gaztainetatik bakarrik ezin da bizi; agian, erdigunekoek
gehiago saltzen dituzte», azpimarratu du Agirrek.

Urritasuna

Egunero berdin hasten da gaztaina saltzaileen lana: gaztainak


aukeratu, sua piztu, eta, txingarrak egiten diren bitartean, gainerako
guztia muntatzen dute: argiak eta euritik babesteko gauzak. Ordu
erdi pasatuta, gaztainak erretzen hasten dira. Gaztaina onak
aukeratzeko moduak azaldu ditu Bordak: «Batzuetan, uretan jartzen
ditut; ur gainean geratzen direnak dira txarrak. Beste batzuetan,
eskuz aukeratzen ditut, edo amak laguntzen dit hautaketa egiten».
Beroarekin, gaztainak dilatatu egiten dira; hortaz, erre baino lehen,
ebaki txiki bat egin behar zaie. «Gaztaina txarrak baztertzeko beste
teknika bat da», azaldu du Bordak.

Iaz, ez z..,ituzten hain maiz erosi behar izan gaztainak, baina, aurten,
errazago usteltzen (pudrir) direnez, hiru egunetik behin eskatzen ditu
Agirrek: «Lehortea egon da; gaztainondoek ez dute eguzkirik eduki
abuztuan, ezta urik ere irailean. Gainera, har (gusano) pila bat
dituzte». Hortaz, prezioa ere garestitu egin da.

«Dozena bat, mesedez», eskatu dio bezero batek Agirreri. «Hiru


euro», erantzun du hark. Txin-txin, diruaren hotsa. Dozena batean
hamabi gaztaina jarri ordez, hamabost edo hamasei jartzen ditu
Agirrek: «Batzuk txarrak ateratzen direlako egiten dut; ez dago
gaztaina txarrak saihesteko modurik».

2
Irailaren erdialdetik urtarrilaren hasierara ibiltzen dira gaztaina
saltzaileak lanean. Sasoikako lana denez, gehienetan beste lan
batzuk egiten dituzte. Bordak mantentze lanak egiten ditu ospitalean;
Agirre Correosen aritzen da.

Goizeko zortzietan hasten da lanean Agirre, eta gaueko hamarretan


amaitzen du; hala ere, lana «oso gustuko» duela esan du:
«Jendearekin sortzen diren harremanak oso bereziak dira, baina kale
hau oso txarra da, haizeak gogor jotzen du eta».

Dioenez, txikitako ametsa du gaztaina saltzailea izatea: «Eugin beti


ibiltzen ginen gaztainekin; esaten nuen gaztaina saltzailea izanen
nintzela, eta, azkenean, lortu dut». Iruñeko Baiona etorbidean lan
egiten du, baina hasi zenean Golem zinema aretoetako plazan lan
egiten zuen: «Oso hutsik zegoen, eta oso iluna zen plaza. Mutilak
izorratzera etortzen ziren; hori ez diote gizon bati egiten».

Bordaren postua Iruñeko Oliveto kondearen etorbidean ( avenida


conde) dago. Autobus geltoki zaharraren ondoan saltzen ditu
gaztainak, 18:00etatik aurrera: «Okerrena da ura zapatetan sartzen
denean; bestela, txingarrekin berotzen gara». Bo-bo, entzuten dira
kotxeak. Hasieran, Atarrabian (Nafarroan) eta Iruñeko Iturrama
auzoan lan egiten zuten. «Periferian gutxiago saltzen da», esan du
Bordak. Agirrek eta Bordak elkarri laguntzen diote askotan; hala ere,
orokorrean gainerakoekin harremanik ez duela esan du Agirrek:
«Erdigunekoak gaztaina saltzaile peto-petoak dira, eta gu, aldiz,
bazterrekoak». Beste saltzaile batek behin esan ziona kontatu du:
«Zuk hiru euroan salduko duzu dozena; nik, berriz, bost euroan, eta
zuk baino gehiago salduko dut».

Ligatzeko gaztainak

Batzuek familiarekin biltzeko eta jateko ohitura dute; beste batzuek,


egun berezietan jaten dituzte. «Nostalgia eta erromantizismo puntu
batekin jaten dira gaztainak, oso barneratuak baititugu», esan du
Mugurutzak. Dena den, azaldu du gaztainak biltzeak eta jateak
harremanak sortzen dituela, modu batean edo bestean: «Lehen, jai
berezia zen gaztaina bilketa. Lan handia zegoen, eta kanpotik aldi
baterako langileak etortzen ziren; batez ere, oso neska gazteak».
Gizonek makilekin zuhaitzak astintzen zituzten, eta emakumeek
gaztainak biltzen zituzten: «Lan gogorrena ematen zieten
emakumeei».

Gaztainak biltzea gazteen artean harremanak sortzeko modua zen:


«Gazteen arteko harremanak oso zainduta zeuden, eta asko
kritikatzen zituzten. Eliza oso gainean zegoen, eta dena bekaturako
proposamena zen. Gutxitan zuten elkartzeko aukera, eta, gaztainak

3
biltzen denbora asko ematen zutenez, harremanak egiten zituzten;
bikoteak ere sortzen ziren».

Orozkon (Bizkaia), esate baterako, garai batean egiten zuten


erromeria berreskuratu dute. Hortaz, urriko azken igandean Gaztaina
Eguna egiten dute. Mendeetan, funtsezko jakia izan da Orozkon,
herriko ekonomia gaztainetan oinarritzen zelako. Beraz, Orozkoko
Udalak iragana berpiztu nahi izan du. Bilketaren osteko besta
agurtzeko modu bat zen. «Lehen, gazteek dantzatzeko eta elkartzeko
zuten aukera bakarra zen agurra. Beti mezatara joan behar zuten,
eta gurasoak eta apaizak begira egoten ziren; batez ere, neskei
begira». Hortaz, horrelako topaketak «oso deigarriak» izanen zirela
nabarmendu du ikerlariak.

Gaztainen eta hildakoen arteko harremanak azaldu ditu Mugurutzak:


«Gaztainekin lortutako lehenengo diruarekin, hildakoentzako meza
bat antolatzen zuten. Arimen gauak gaztaina batzea markatzen
zuen». Hortik dator urriaren azkenean, gaztaina etxean esaera
zaharra. Azarotik aurrera jasotzen ziren gaztainak hildakoen
arimentzat ziren. «Egun horretatik aurrerakoak ez ziren hartzen,
hildakoentzat zirelako», nabarmendu du ikerlariak. Hilabete horretatik
aurrera, ez zituzten astintzen gaztainondoak; gaztainak erori arte
esperoan geratzen ziren. Helburua gosea saihestea zela dio
Mugurutzak: «Haize gaztainak deitzen zieten: haizeak botatzen
zituenean, libreak ziren. Nahiz eta zuhaitzak pribatuak izan, edonork
hartu zitzakeen».

You might also like