You are on page 1of 2

ALIENAZIOA EZ DA ENGAINUA

Aritz Arrieta del Arco

Gero eta ohikoagoa da entzutea komunikabide ezberdinek jendea manipulatzen dutela.


Jendea ez dela ohartzen munduan benetan gertatzen denaren inguruan. Berdin zaiola zer
gertatzen den auzi zehatz ezberdinekin. Horiek guztiak, jendea alienatuta bizi denaren
adierazpen ezberdinak besterik ez dira. Baina alienazioaz hitz egitean ezin da
engainuarekin alderatu edo identifikatu. Ez dut esan nahi komunikabideek ez dutela
gezurrik esaten eta jendearen ikusteko modua beren erara moldatzen. Hau onartu edo
ukatu daiteke, baina ezin da alienazio gisa ulertu. Alienaturik, bizi garen mundu
honetan, denok aurkitzen gara. Gure egunerokotasuna zeharkatzen duen fenomenoa da,
eta ezinezkoa da bertatik ihes egitea. Baina, engainua ez bada, nola ulertu fenomeno
hori?

Alienazioa ulertu behar da kapitalismoan pertsonen arteko harremanek edo erlazioek


hartzen duten forma zehatz gisa. Gizarte aurre-kapitalistetan estratu sozialen arteko
loturak eta bereziki horien arteko dominazio-harremanak zuzenak ziren, begi bistakoak.
Estamentuak ongi definiturik ageri ziren, eta kazikeak zein manupekoak bazekien bere
kondizio soziala zein zen. Baina kapitalismoan ez dira agerian gelditzen. Askatasunaren
eta berdintasunaren printzipioak dira gure berezko kontzientzia egituratu dutenak.
Egitura juridiko eta politikoaren aurrean, denok ditugu eskubide berdinak. Printzipio
unibertsal eta absolutu horiek betetzen ez direnean, pertsona batzuen borondatearen
erruz izaten da.

Berez, orain arte esan dudana ez da gezurra. Kapitalismoan pertsona oro askea da, eta
berdintasunean aurkitzen da. Baina denok dakigu hemen ezer ez dela debalde, eta letra
txikia beti dela komeni irakurtzea. Ezezagunek zerbait oparitu nahi digutenean bezala,
beti pentsatzen dugu trukean eskatuko digutenaren inguruan.

Kapitalismoan berdina gertatzen da. Askeak eta berdinak garela esaten digute, baina
hala izateko zein baldintza bete behar diren askotan ez dira agerian gelditzen.
Askatasunaren atzean, truke-harreman zehatz bat dago. Pertsonek beti izan behar dute
zerbait trukerako. Gizarte aurre-kapitalistetako adibidea jarraiki, kapitalismoan
langilearen eta kapitalistaren arteko harremana argigarria da. Bi horien artean agerian
gelditzen dena truke-harreman sinple bat da. Batek lan-indarra dauka saltzeko, eta
besteak trukean dirua ematen dio. Baliokideak diren bi gauza trukatu dituztela ematen
du. Batak dirua behar du bizitzeko eta besteak lan-indarra ekoizpen-prozesua abian
jartzeko. Elkar behar dute beren beharrak asetzeko. Baina letra txikia irakurtzen badugu,
ikusiko dugu kapitalistak lan-indarra erabiltzen duen denbora tartean, langileari trukean
eman diona baino askoz gehiago irabazi duela. Truke-harreman sinple bat zenak,
esplotazioan oinarrituriko harremana ezkutatzen zuen.
Honekin ez nator kapitalistaren irudia determinazio moralez estaltzera. Oso gaiztoa den
errepresentazioak edonon ikus ditzakegu, baina analisi zehatz baterako oztopoak direla
iruditzen zaizkit. Horiek zentralitatea hartzen badute behintzat. Garrantzitsuena da
ulertzea ageriko truke-harreman horrek estaltzen duen benetako izaera. Adibidea
besterik ez da, harreman ezberdinetan ezkutuan geratzen dena beti baita gehiago,
ikusten dena baino.

You might also like