You are on page 1of 23

Hezkuntza, desafio sistemikoen aurrean∗

Joseba Azkarraga Etxagibel

Mondragon Unibertsitatea (HUHEZI), LANKI Ikertegia

Laburpena:

Hezkuntzari loturiko sektore zabaletan falta da Wright Mills-ek irudimen soziologikoa deitu zuena.
Mendeko aldagaia da hezkuntza, gizarte-ikuspegi zabalagotik ulertu eta azaldu beharreko azpisistema.
Oraindik zuzenago esateko: hezkuntza, oro har, eta ikastetxean gertatzen den guztiaren zati handia
zehatzago, ezin da azaldu hezkuntza-logikatik, baizik eta gizarte-logikatik eta paisaia historikoaren
analisitik.

Hots, nekez ulertuko dugu hezkuntzan gertatzen ari dena, galdetu gabe, besteak beste: ordena sozio-
produktibo berriak zein subjektu behar duen; garai likidoek nola eragiten dioten identitatearen
eraikuntzari; familian gertatzen ari diren aldaketa sakonek zelan hautsi duten sozializazio kontratu jakin
bat; edota zenbaterainokoa den pantailek eskuratu duten gizarteratze ahalmena.

Era berean, hezkuntzaren gaineko gogoeta ezin da deslotu gure munduak bizi duen krisi sistemikotik,
emergentzia globaleko egoeratik. Sarri, azpisistemetako bati (eskolari) eskatu ohi zaio sistema osoaren
kontraesanak konpontzeko, ezinari ohore egin nahian bezala. Baina, desafioa ez da nola sortu
kontraesanoi aurre egingo dien hezkuntza-sistema ona, baizik eta nola eraiki gizarte hezitzailea, krisi
sistemikoari aurre egiteko gai izango dena: nola prestatu garapen-eredua modu inteligentean birformulatu,
bizierak sakon aldatu eta biziaren azpiegiturari eusteko gai izango diren subjektuak. Dagoenaren
erreproduzitzaile bainoago, ipar eraldatzailedun hezkuntza integrala behar dugu inoiz baino gehiago.


Lerrootara ekarri diren gogoetak honako liburutik jaso eta egokitutakoak dira: J. Azkarraga, Hezkuntza,
gizartea eta eraldaketa koperatiboa, LANKI-Mondragon Unibertsitatea, 2010 (gaztelerazko bertsioa
ere badago, Educación, sociedad y transformación cooperativa).

1
1. Irudimen soziologikoa indartu beharraz

1.1 Donostian gertatu zen…

1918ko apirilaren 6an eta 8an, Arrasate probintzia osoko erreferente bihurtu zen hezkuntzaren
eremuan. Arano maisua hamar ikasle hartuta joan zen hiriburura, Gipuzkoako Ateneora, bere
pedagogia-metodoen erakustaldia egitera. Aranok gidatutako erakustaldiak, kalkulu mentaleko
metodoan oinarriturikoa nagusiki, izugarrizko arrakasta izan zuen eta arrasto sakona utzi zien
bertaratutakoei (tartean ziren gobernadore zibila, alkatea eta itsas armadako komandantea,
besteak beste). Maisuari Alfontso XII.aren Gurutzea eman zioten ordainez, eta Arrasatera
itzulitakoan, harrera beroa egin zioten herrian.

Erakusketari ekin aurretik, Aranok hitzalditxoa eman zuen. Hezkuntzaz mintzatu zen, baita
hezkuntzak zituen desafioez ere. Koka gaitezen garai hartako testuinguruan: haurrak 8 urte
zituztenean hasten ziren eskolan eta, gehien bat praktikoa zen ikaskuntza-prozesuaren ondoren,
lantegietara joaten ziren gehienak. Giza bizitza mamitzen ari zen gorantz zihoan
industrializazioaren ingurumarian.

Hezkuntzari buruzko hausnarketa egin eta gero, ikasleek kalkulu-frogei ekin zieten. Aranok
batuketak egiten jarri zituen hamar ikasleak; gero, zatiketak eginarazi zizkien zenbaki handiekin
eta zatikiekin; eskatu zien ogerlekoak eta errealak pezeta eta zentimo bihurtzeko; biderkatzeko
eta zatitzeko ariketak egin zituzten... Denak txundituta geratu ziren langileen eta sarrailagileen
seme-alaba haien gaitasunarekin eta ariketok ebazteko erakutsitako segurtasunarekin.
Bertaratuek egiaztatu zuten ikasle haiek ohiz kanpoko adimena eta oroimen miragarria zutela.

Arano ez zen mugatu kalkulu-erakustaldira. Kristau-dotrinari eta Osasunaren Kodeari buruzko


galderak egin zizkien ikasleei, erreferente moral sendoak eta sakon sustraitutako kristau-
ohiturak zituen gizarteari zegokion moduan. Esate baterako, alkoholaren eragin kaltegarriei
buruz galdetu zien. Nortasunaren heziketari buruzko erakusketa izan zen hura, edo, nahiago
bada, gizabanakoak arrakastaz sozializatu izanaren erakustaldia; alegia, garai hartako gizarte-
ordenak oinarrian zuen zuzentasun morala ere barneratua zuten ikasleek. Ikusleek txalo-
zaparradaz erantzun zuten.

Gertaera hura gertatu zenetik 90 urte baino gehiago igaro dira. Ez dugu orriotara ekarri uste
dugulako sistema pedagogiko hura etorkizuneko arrasto garrantzitsua izan daitekeela, bistakoa
da. Aurkakoa, izatekotan. Besteak beste, kalkulagailuak eta beste zenbait aurrerapen
teknologikok ez die toki handirik utzi kalkulu mentaleko eta memorizatzeko metodo harrigarri
haiei. Beste bi arrazoi nagusik bultzatu gaituzte gertakari hura aipatzera. Batetik, hezkuntza

2
bereziki zaindu den alderdia izan da euskal eremuko zenbait lekutan1. Bestetik, begirada
historikoa abiapuntu egokia da hobeto ulertzeko gizartearen eta hezkuntzaren bilakaera. Are,
ulertzeko ezin dela ulertu hezkuntzan gertatzen dena gizarte moldeari sakon erreparatu barik.

Hots, jakina da gizarte molde bakoitzak funtzionala zaion subjektua fabrikatu ohi duela, eta
hezkuntza prozesuak beti egon ohi dira subjektibotasuna ekoizteko prozesuen erdigunean.
Gizartea eraldatzearen aldeko indarrek ere subjektibotasuna ekoiztearen garrantziaz
(hezkuntzaren garrantziaz) jabetu izan dira gehienetan: klase popularrek aberastasuna sortu eta
banatzeko tresnez materialki (bir)jabe daitezen, ezinbestekoak dira sinbolikoki (bir)jabetzeko
prozesuak, deskolonizazio kulturalak; zalantzan jarriz barneratutako mendekotasun ideologikoa;
ulertuz boterea eskuratzeko, transformazio psikiko eta kulturala behar dela. Gizartea
eraginkortasunez eraldatzeko, ezinbestekoa da hezkuntza kritikoak eman nahi lukeen bertutea:
dagoenaren mugen aurka edo existitzen denaz harago pentsatzeko ahalmena.

1.2 Hezkuntza, menpeko aldagaia

Begirada historiko azkarra nahikoa da ohartzeko gaur egun behar dugun hezkuntzak ez duela
zerikusi handirik kalkulu mentalerako trebetasunarekin (aurrerapen teknologikoen ondorioz),
eta dotrinako testu eztabaidaezinak buruz errezitatzeko gaitasunarekin (gaurkoa bezalako garai
multizentrikoan, ez du tokirik moral heteronomo bat modu akritikoan barneratzeak). Aranok
hain ederki gauzatutako eredu hura, XX. mendearen hasierako gizarteari zegokion subjektua
sortzeko garatu zen. Gizarte hark ezaugarri jakin batzuk zituen. Lehen modernitate gisa ezagun
den markoa eratzen ari zen: manufakturetako diziplina; industrializazio-prozesu hazkorrak
markatutako gizarte eta ekonomia eredua; hizkuntza, kultura eta nortasun nazional bakarra
ezartzeko prozesua; mutilengan zentraturiko eredu patriarkala.

1
Atzerago ere begiratu genezakeen, euskal mugimendu ilustratuak pedagogiari eman zion garrantzia
aipatuz: Bergarako ‘triunbiratu noblea’ osatzen zuten euskal pertsonalitate handiez mintzo gara,
Xabier Munibe (Peñafloridako kondea), Joakin Egia Agirre (Narroseko III. markesa) eta Manuel Ignazio
Altuna (Rousseau-ren adiskidea). Hezkuntza herri baten motor sozioekonomiko eta kulturala dela
jakinik, 1775ean Bergarako Euskal Mintegi Aberkoia sortu zuten Bergaran. Besteak beste,
emakumeen sustapena bilatu zuten, eta berariazko mintegia antolatu zuten horretarako, Gasteizen.
1788an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1.300 bazkide zituen jada. Baina proiektu horiek guztiak
bertan behera geratu ziren, Independentzia Gerra gisa ezagutzen denaren ondorioz, frantsestuak
deitutakoak galtzaile atera baitziren gerra horretan. Geroagoko kontuek ere antzekoa berresten dute:
Aranoren ostean bailara berean Arizmendiarrietak estrategia edukatiboan oinarritu zuen XX.
mendeko euskal berrikuntza sozialik handienetakoa: Arrasateko kooperatibagintza. Euskal lurraldean
hezkuntzari eman zaion garrantziaren adibideak dira.

3
Gizaki mota diziplinatua sortzea zen helburua, kode moral jakin bati lotua, hizkuntza-hautu
jakin baten arabera garatua, nazioaren ideia jakin bati atxikia, emakumeak gobernatzeko
trebatua, lehen modernitate hartako egitura sozial eta produktiboen eskakizunei erantzuteko
funtzionala (justuak ez ziren egitura sozial eta produktiboetara ongi egokituko ziren subjektuak
sortzea, horixe helburua).

Bada, gaur ere, ez dago ulertzerik zer ari den gertatzen hezkuntzan, begiratu gabe gizartean zer
ari den gertatzen. Ikuspegi soziologikotik begiratuta, mendeko aldagaia da hezkuntza, gizarte-
ikuspegi zabalagotik ulertu eta azaldu beharreko azpisistema. Oraindik zuzenago esateko:
hezkuntza, oro har, eta ikastetxean gertatzen den guztiaren zati handia zehatzago, ezin da azaldu
hezkuntza logika hutsetik, baizik eta gizarte logikatik.

Subjektua sortzeko prozesu konplexuetaraino joan gabe ere, premisa horren adibide asko daude,
eta ulertzeko oso errazak dira:

- Emakumeak lan-merkatuan sartu zirenean, hezkuntzaren munduko iraultzarik


handienetakoa gertatu zen: 0-3 urteko haurren %80 eskolatu zen.

- 70eko hamarkadan, boom demografikoa gertatu zen, baina egoera oso bestelakoa zen 90eko
hamarkadan. Horren ondorioz, ikastetxeek beren arteko nolabaiteko gerrari ekin zioten,
haurrak bereganatzeko.

- Gaur gero eta hedatuago ditugun pedagogia aktiboak historiaren une jakinean agertu ziren:
pedagogia-eredu tradizionala baliorik gabe utzi zuten, beseak beste, komunikabideek,
informazioaren teknologia berriek eta fordismo-osteko enpresa-antolaketarako eredu
berriak.

Era horretako adibideak lagungarriak dira batzuetan lanbro artean ageri dena ikusteko: neurri
handi batean, hezkuntza gizartearen mendeko aldagaia da (hori baino gehiago bada ere).
Ondorengo lerroetan labur jasoko ditugu gaurko hezkuntza hobeto ulertzeko zenbait osagai,
hainbat arlotan: ordena produktiboa; familia eta sozializazio prozesua; ordena soziokulturala;
identitatearen eraikuntza; eta gaurko metabolismo sozioekonomiko hazkorraren iraunezina.

4
2. Gaurko gizarteari begiratua

2.1 Fordismo-ostea

Ezagutzaren gizartean, garapen ekonomikoa gero eta gehiago dago ezagutzaren eta jakintza
berriak eskuratzearen mende. Egoera horrek aldatzen dihardu bai kapitalaren bai lanaren papera.
Osagai ukiezinak eta giza subjektibitatea bilakatu dira, besteak beste, etorkizuneko gakoak.

Dimentsio produktiboari erreparatuta, ezagutzaren iraultzak serie labur eta sofistikatuak


ekoiztea ekarri du. Maiz hitz egin da lantegi malguari buruz. Produktuen bizi-zikloa gero eta
laburragoa denez, jo eta ke ari gara berrikuntzaz eta etengabeko hobekuntzaz hitz egiten.

Malgutasunaz gain, bada beste aldaketa bat, funtsezkoa dena hezkuntza gaietan interesa duen
edonorentzat: adimenaren banaketa ekitatiboagoa. Taylorismoak eta fordismoak hierarkia eta
antolaketa piramidala behar zuten lan-antolaketaren printzipio nagusi gisa: goi-karguen esku
zeuden erabakia, sormena eta inteligentzia, eta gainerakoek —Aranoren ikasleek, besteak
beste— diziplina handiz exekutatzen zuten haiek erabakitakoa. Une historiko jakin batean
erabateko kalitatea eta antzeko kontzeptuak agertu izanak argi adierazi zuen guztien adimenari
egin behar zitzaiola tokia, ekoizpen-prozesu guztian zehar.

Hau da: gizarte industrialeko lehengo langile diziplinatu eta ekimen gabeak ez du jada balio,
bide horretatik gaur ezingo baita lehiatu gorabidean datozen potentzia berriekin. Subjektu
historiko berria sortu behar da: langile estimulatua eta motibatua, saiatua, aplikatua bezain
inplikatua, eta ekoizpen-prozesuaz interesatua. Ezaugarri hauek dira erabakigarrienak: sormena,
berrikuntza, autonomia, motibazioa, ekimena, talde lana, eta sareko lana egiteko gaitasuna. Aldi
berean, teknologia berrien potentzialtasunari bide emateko gai izan behar du langile berriak.
Balio hauek izatea eskatzen da enpresan: kontzientzia kolektiboa –ia familiarra–, taldearen
barruan solidaritatea, fideltasuna eta enpresari leialtasuna.

Esaten dugunean ekoizpen-prozesuan pertsona guztien adimena txertatu behar dela, adimenaren
adiera zabal batez ari gara, gaitasun kognitiboak baino askoz gehiago biltzen duena: afektuak,
emozioak, sormena, baita motibazioa ere. Enpresan fardel horien guztien jabe izanik sartzen
denak ziurtatuago izango ditu lan-baldintza onak; horren ordainetan, autoerrealizazio
pertsonalerako baldintza egokiak lortuko ditu (horixe da gizarte postindustrialeko kontratu
berria). Gutxiengoari baldintza horiek bermatzeko, ordea, bestelako baldintzak sortzen dira lan-
indarraren zati handi batentzat: zalantza, segurtasunik eza eta prekarietatea.

5
Beraz, fordismo-osteko ordena sozioproduktiboak eta bertako enpresek herritar jator orok behar
lituzkeen giza gaitasunak sustatu nahiko lituzkete: parte-hartzea, solidaritatea, zuzentasuna,
talde-lana, sormena, zintzotasuna, autoestimua, pentsamendu kritikoa, arrazoitzeko gaitasuna,
erantzukizuna, kudeaketa pertsonala, interpretatzea eta komunikatzea, informazioa bilatzea eta
ebaluatzea, era askotako pertsonekin negoziatzea eta lan egitea, erabakiak hartzen jakitea,
lagunkoia izatea... Finean, altxorra den gizabanakoa.

Halaxe mintzo zen prentsan giza baliabideetako zuzendaria den bat:

“Trebetasun teknikoak eta gaitasun profesionalak jada ez dira


garrantzitsuenak; orain, konpetentzia emozionalak behar dira, jarrera
positibo eta proaktiboek zuzenduak. Titulazio akademikoak eta laneko
esperientzia soilik balioetsi ordez, beste era bateko baliabideak eta
ahalmenak ere balioesten dira gero eta gehiago; esate baterako,
prestakuntza emozionala eta proiektu solidarioetan laguntzea.
Hautatzeko garaian, ez dago ezer erakargarriagorik bere buruarekin
gustura eta bakean dagoen pertsona baino, eta motibazioa eta gogo
bizia etxetik dakarrena baino.”2

2.2 Familiak aldatzen, sozializazio pauta berriak

Onartuta dago sozializazioa dela subjektibitatea ekoizteko prozesu nagusia. Eta bistakoa da
garai historiko bakoitzean baldintza berezi batzuk egoten direla prozesu horretarako. Silvia
Bleichmar psikoanalistaren hitzak erabiliz: “Subjektibitatearen ekoizpena sozializazioren
helburu garrantzitsua izanik, argi dago botereguneek erregulatu izan dutela beti gizateriaren
historian zehar; hau da, sistemari eusteko eta norberaren boterea mantentzeko zer-nolako
gizabanakoa behar den zehazten duten botereguneek” 3.

Badakigu lehen sozializazioa dela garrantzitsuena, familiaren bitartez egiten den hori.
Sozializazio horren bidez eskuratzen dira hizkuntza, errealitatea interpretatzeko oinarrizko
moduak, eta identitatearen eta nortasunaren funtsezko osagaiak. Hortxe eratzen da gizandreon
zorua, nolabait. Hortxe eratzen dira gizakiaren garapen kognitibo, emozional eta
portaerazkoaren funtsezko oinarriak. Bi arrazoirengatik, hain zuzen: batetik, sozializazio hori
karga afektibo handiz gertatzen delako (gerora sekula izango ez duen adinako karga afektiboaz);
bestetik, haurrak erabat identifikatzen direlako helduen munduarekin (haurtxoak ez du

2
Borja Villasecak 2009-03-22an El País egunkarian argitaratutako artikulua: “El perfil profesional que
viene”.
3
BLEICHMAR, Silvia: La Subjetividad en Riesgo, Editorial Topia, Buenos Aires, 2005.

6
hautatzeko edo errefusatzeko aukerarik). Horregatik, adin-tarte horretan barneratzen den
mundua askoz ere tinkoago txertatzen da pertsonen barruan, geroagoko sozializazio-prozesuen
bidez transmititutako munduak baino.

Gaur egun, familia ahulduta dago sozializazioaren eragile gisa. Besteak beste, aldaketa handiak
daudelako aipatutako bi alderdi horietan. Batetik, lehen sozializazioko edukiak transmititzeko
karga emozionalean: familian izaten ari diren eraldaketa handien ondorioz, oinarrizko funtzioak
hezkuntza-erakundeetara transferitzeko mugimendua dago. Bestetik, hautatzeko aukera gero eta
goiztiarragoa da: ikuspegi historikotik begiratzen badugu, haurrak gero eta ‘mundu’ eta talde
gehiagorekin egoten dira kontaktuan, eta gero eta aukera berezitu gehiago dituzte; gainera, gero
eta goizago izaten dituzte kontaktu eta aukera-aniztasun horiek (eta helduek konfiantza eta
segurtasuna galdu dute belaunaldi berriei zer eskaini behar dieten zehazteko).

Jakina da familia asko aldatu dela instituzio gisa4, gutxienez lau zentzutan, bere kanpo-
dimentsioari dagokionez: a) Emakumeak lan-merkatuan sartu dira masiboki; b) seme-alaba
kopuruak behera egin du; c) banaketa eta dibortzioen gorakada bizkorra; d) eta guraso
bakarreko familia-kopuruaren gorakada (baita sexu bereko familia berriak ere). XXI. mende
honen hasieran, familia nuklearrak utzi dio erdia gehi bat izateari euskal gizartean.

Barne-dimentsioari dagokionez, aldaketak ez dira txikiagoak: a) ohikoa bihurtu da gurasoen


autoritatea gainbehera doala entzutea; b) ama funtzio tradizionala gainbeheran dago (baita
aitarena ere); c) oro har, familia nuklearraren nolabaiteko higatzea; d) familiako harreman
horizontalen (gizona – emakumea) eta bertikalen (gurasoak – seme-alabak) demokratizazioa; e)
eta harremanen indibidualizazioa familia barruan.

Oro har, gaurkoak familia-egitura malguagoak eta hauskorragoak dira, eta barne dinamika
indibidualizatuagoa dute (esan ohi den gisara, nekezago suertatzen da gosaria edo afaria
familian konpartitzea). Horrez gain, gutxitu egin da heldu esanguratsuek beren seme-alabekin
ematen duten denbora erreala; eta ez da ahantzi behar hezkuntza, besteak beste, denbora kontua
dela. Denbora hori beste erakunde batzuek betetzen dute, ikastetxeek batez ere. Baina horrez
gain, denbora hori gero eta gehiago betetzen da komunikabide masiboen eta mundu birtualaren
eraginpean ere. Sozializazio-eragile batzuk ahultzen ari diren bitartean, beste eragile batzuek
gero eta pisu handiagoa dutela sozializazioaren balantze orokorrean.

4
AZKARRAGA, Joseba: “Zure seme-alabak, nireak eta gureak”, ondoko lanean: Berandu baino lehen,
Alberdania, 2009, 194-204.

7
2.3 Konplexutasunaren eta aniztasunaren areagotzea

Gertaera hori gure garaiko oinarrizko ezaugarrietako batekin lotuta dago: konplexutasun
sozialarekin eta erreferentzia-markoen aniztasunarekin. Historiaren zatirik handienean,
pertsonek uste izan dute beraiek bizi zireneko errealitate kulturala zela mundua: mundua
egonkorra zela, ez zela sozialki eraikia eta aldagarria, ez zela beste mundu posible batzuen
artean bat gehiago. Giddens-ek dioen bezala (Modernitatearen ondorioak lanean), gizarte
aurremodernoetan lau konfiantza eremu nabarmentzen ziren —eta ezin dugu ahaztu giza
esperientziaren %99 gizarte horietan garatu dela—; konfiantza eremu horietan eraikitzen zen
giza esperientzia:

a) Ahaidetasun-sistema, elkar babesteko loturez osatua, gatazkak egonda ere eta


fluxu afektiboak edonolakoak zirela ere.

b) Tokiko komunitatea, segurtasuna eta egonkortasuna ematen zuten harreman


lokalez osatua.

c) Kosmologia erlijiosoa, segurtasun existentziala ematen zuena, bizitzaren eta


munduaren azalpen mitologiko eta erlijiosoen bidez.

d) Tradizioa, ohiturez blai, errutina sozialez ongi hornituta, eta gauzak egiteko
modu ezagun eta adostuz beterik.

Gaur egun, ez gara bizi garai tradizional aurremodernoko mundu natural bakar horretan. Gizarte
modernoen konplexutasun izugarriak nabarmen aldatu du egoera hori: hainbat esperientzia
ezberdin sortu dira, lanaren banaketaren eraginez, eta bereizketa sistemikoaren eta sinbolikoaren
eraginez; gure errealitatea hainbat azpisistema sozialek osatzen dute, eta azpisistema bakoitzak
bere logika autonomoa eta bere portaera-moldeak ditu; hainbat lengoaia eta hainbat ikuspuntu
kontrajarri daude gizarte berean (erlijioak utzi zion egia iturri bakarra izateari).

Bestalde, testuinguru polisemiko, polizentriko eta anitzean (baloreen ikuspegitik), ikuspuntu


bakar batek ere ezin du eskaini azken oinarria edo funtsa, eta batek ere ezin du lortu gainerako
ikuspuntuekiko hegemonia (gizarte tradizionaletan, oro har bizitza soziala antolatzeko modua
—ekonomia, artea, politika…— balio erlijiosoen eta balio tradizionalen mende egon izan da).

Kontuak kontu, ikastetxera iristean haurrek duten nortasun-garapenak bereizgarri hauek izaten
ditu muinean, gaur egun: ingurune hurbilak eskainitako erreferentzia-markoen aniztasuna eta,
absoluturik ezean, ahultasuna.

Aniztasunak agindutako testuinguruan, gizabanakoei eusteko balio zuten kanpo-euskarriak


(kultura, tradizioa eta instituzio seguruak) erlatibizatu egin dira, eta galdu egin dute integratzeko
8
gaitasuna. Eta gizakion bizitzan gertaturiko mutazio horrek ondorio nagusi hau du:
gizabanakoek beraiek aurkitu behar dute beren baitan egonkortasuna, heldulekua eta bizitzeko
behar duten zentzua, eta ez hainbeste beraiengandik kanpo.

2.4 Identitatea hautatu behar, psikismo prekarioak

Bestela esanda: identitatea nork bere barruan jorratu beharreko zerbait bilakatu da, jada ez da
kanpotik esleitzen den zerbait. Hau da: gero eta konplexutasun handiagoaren eraginez,
gizabanakoek hautatu egin behar dute hainbat jarduera-, identitate- eta bizitza-aukeren artean.
Konplexutasuna eraginez, hautatzeko inperatiboak bizi gaitu.

Egun, identitatea ezegonkortasun, prekarietate eta zalantza handiagoko testuinguruan eraiki


behar da. Testuinguru horretan, erreferentzia puntu likidoak dauzkagu oinarri sendoen ordez.
Eta horrek antsietatea, zalantza eta estutasuna sortzen die gizabanakoei. Hein batean, horrek
azaltzen du erregresiorako gaurko zenbait saiakera, hala nola fundamentalismoak (segurtasun
eskaerak baino ez dira), erreferentzia tradizionaletarako bueltak (beste garai bateko
solidotasunak berreskuratzeko grina), edota kultura terapeutikoak eskuratu duen garrantzia.

Beraz, identitatea konfiantza gutxiagoko testuinguruan eraiki behar da gaur egun (testuinguru
tradizionaletik oso urrun). Izan ere, konfiantza izateko nolabaiteko sendotasun normatiboa eta
nolabaiteko egonkortasuna behar da (iraunkortasuna eta jarraikortasuna), eta ziur egotea guztiak
arauei lotuko zaizkiela. Alderdi horiek guztiak masiboki ahuldu dira, globalizazioaren eraginez.

Zygmunt Baumanek oso modu soil eta ulergarrian definitu zuen zer den indibidualizazioa, eta
definizio horrek inplikazio sakonak ditu hezkuntzarako: giza identitatea ez da jada datua,
ezpada eraiki beharreko zerbait, hainbat aukeren artean egin beharreko hautaketa. Beck senar-
emazteek ere gauza bera diote: “Gizakiaren biografia deslotu egin da eredu eta segurtasun
tradizionaletatik, inoren kontroletik eta lege moral orokorretatik, eta gizabanako bakoitzaren
eskuetan utzi da —modu irekian eta eginkizun gisa— nork bere biografia eraikitzea, norbere
ekinbideen eta erabakien bidez. Txikiagotu egin da norbere erabakimenetik kanpo dagoen
bizitzaren zatia, eta gehiago dira norbere erabakimenaren eta autoeraikuntzaren baitan dauden
biografia zatiak. Biografia arrunta biografia hautatu bilakatu da, aldaketa horrek dakartzan
betebehar eta askatasun-izozte guztiekin.”5

5
BECK, Ulrich eta BECK-GERNSHEIM, Elisabeth: El normal caos del amor. Las nuevas formas de la relación
amorosa, Paidós, Bartzelona, 1998.

9
Ahulduta daude historikoki giza esperientzia zentzuz/identitatez hornitu eta portaera orientatu
duten instantziak, eta funtzio hori gizabanakoak hartu du bere erantzukizunpean, gero eta
gehiago eta gero eta lehenago. Hauxe da gaurko garai historikoaren berezitasun handietakoa:
erreferente klasikoak urtzen joan dira, eta identitatea eraikitzeko iturri berriak ahulak dira (ez
dituzte erreferentzia tinkoak eskaintzen). Gaur inoiz baino gehiago, identitatea norberak bere
kasa eraiki behar du eta, gainera, lehen baino material makalagoak erabilita (alegia, material
aldakorragoak, ez iraunkorrak). Hezkuntzaren ikuspuntutik, gertaera hori gure garaiko
gertaerarik garrantzitsuenetakoa izango da, seguru asko.

Horri gehitzen badiogu kultura mediatikoak arrakastarako gehiegizko itxaropena eta etengabeko
perfekzio-irudiak sustatzen dituela —gaur egungo haur eta gazteek idealarekiko askoz tentsio
handiagoa bizi dute (tentsio nartzisista)—, argi eta garbi ikusten da gaur egungo haur eta
gazteak bi zentzutan direla nolabaiteko biktima:

• Batetik, bitarteko instituzional eta kulturalen gabezia bizi dute identitatea euskarritzeko,
konfiantza-sentimenduak eta barne-segurtasuna eraikitzen laguntzeko.

• Bestetik, haurrek eta gazteek gizartearen exijentzia itzela jasan behar dute (idealtasun
handiagoari egin behar diote aurre). Exijentzia hori etengabeko irudi eta mezuen bidez
iristen zaie: arrakasta indibiduala, perfekzioa, edertasuna, estatusa, fama eta boterea
(horren adibide ezin hobeak izan dira Operación Triunfo eta gisako produktu
mediatikoak).

Hau da, irudi luke gaur egungo gazteek askoz gehiago egin behar luketela dezente
gutxiagorekin. Alberto Melucci psikologo kliniko eta soziologoak zioen gaur egungo
gizabanakoak gero eta aukera gehiago dituela eta, horren ondorioz, bere arazoek zerikusi
gehiago dutela etengabe aukerak egin beharrarekin eta bere esperientzia-eremuak murriztu
beharrarekin. Hots, gaur egungo arazoa ez da errepresioa (Freud-ek zioen bezala), baizik eta
barne-energiak gehiegi askatzea, merkatuak sortutako aukerak gehiegizkoak direlako eta arau
tradizionalak ahuldu egin direlako. Gaur, sufrimenduak zerikusi gehiago du aukera gehiegi
egotearekin, ez hainbeste gehiegizko autoritate errepresiboarekin, eta asaldura nartzisista gisa
agertu ohi da: daukagun nahia nonahi noiznahi nornahi izateko.

Eta, egoera horretan, merkatua agertu zaigu. Merkatuaren bidez bete nahi dira egungo gizarteak
bizi duen errepresentazio-hutsunea (psikismoak bizi duen zentzu hustuketa) eta pertsonarteko
harremanen desarautzea. Arrisku handia du horrek, nerabeentzat bereziki, nerabeak baitira
identitatea eraikitzeko lan zailean murgilduta daudenak. Operazioak bi mugimendu ditu, beraz:
batetik, hustasunaren (eta hutsaltasunaren) ekoizpen soziala; bestetik, hustasun hori betetzeko
objektuak (objektu komertzialak) ekoiztea.

10
Identitatea eraikitzea gizabanakoari berari dagokion zeregina bada, bistakoa da horrek zer
ondorio dakarren: ezagutzaren gizartean bizitzeak gehiago hausnartzea eskatzen du, gaitasun
erreflexibo handiagoa behar da. Hau da: etengabe pentsatu eta hausnartu behar dugu nola eta zer
norabidetan garatu nahi dugun gure bizitza (ez baikaude, lehen bezala, ohiturak edota tradizioak
gidaturik).

Aurrean horrenbeste aukera, cultura, mundu-ikuskera, portaera-ildo, balio eta bizi-zentzu


ditugunez, egunero arnasten dugu pluraltasuna eta erlatibismoa. Sartrek esango lukeen bezala,
aske izatera kondenatuta gaude guztiok. Gaur aukeratzera behartuta gaude; badago hor
paradoxa interesgarria.

2.5 Krisi sistemikoa

Paradoxa baten aurrean gaude: Mendebaldeko Modernitatea —komunismoa hondoratzean


garaipena ospatu eta historia amaitu zela oihukatu zuen hura— krisi estruktural sakonean dago
murgilduta, eta ez du ematen erraz aterako denik (bere kontzeptuetatik abiatuta, behinik behin).
Hainbat dira Mendebaldeko garapen ereduak bizi dituen sakonera handiko krisiak eta, ondorioz,
arrazoizkoa da krisi sistemikoaz hitz egitea, baita zibilizazio-krisiaz ere6. Besteak beste:

• Kapitalismo finantzarioaren krisia, eta horrek eragin duen ongizate estatuaren pitzadura.

• Inoizko ezberdintasun sozialik handieneko munduan bizi gara (bai eskala globalean
nola nazionalean).

• Klima-aldaketa (azken 10 mila urteetako egonkortasun biofisikoa dago zalantzan).

• Erregai fosil ugari eta merkeen agortzea (etorkizun labur samarrean, oso litekeena da
sistemak ez ponpatzea gure metabolismo urbano-industrialari eusteko adinako ‘odol’
jariorik, are gutxiago bere etengabeko dinamika hazkorrari eusteko).

• Munduko ekosistemen hondatze masibo eta hazkorra (gizakion ongizaterako


ezinbestekoa den euskarri biofisikoaren kaltetzea).

6
Hainbat lekutan jorratu dugu gaia, ikus: AZKARRAGA, J. (2011): Euskal harriak. Trantsizio sozio-
ekologikorako gogoetak, Alberdania; AZKARRAGA, J.; ALTUNA, L.; KAUSEL, T.; IÑURRATEGI, I. (2011a):
La evolución sostenible (I). Una crisis multidimensional, Mondragon Unibertsitatea – LANKI.
http://www.clubderomagv.org/debates/20120511/20120511evolsos1.pdf; AZKARRAGA, J.; MAX-
NEEF, M.; FUDERS, F.; ALTUNA, L. (2011b): La evolución sostenible (II). Apuntes para una salida
razonable, Mondragon Unibertsitatea – LANKI.
http://www.clubderomagv.org/debates/20120511/20120511evolsos2.pdf

11
Ez gara konpontzen ari gure munduaren kontraesanik beharba potoloena, bi hauen arteko
kolisioa: etengabe hazten ari den metabolismo sozioekonomikoa; eta mugatua den biosfera.
Gizadiak kolisio norabidea saihestu ez, berau biziagotzen, sakontzen, harrotzen dihardu. Ivan
Illitxek ohartarazi zuen progressio hitz latinoaren esanahia ‘erokeria’ ere izan daitekeela, baina
progresoa mundu guztiko txokoetan bihurtzen ari da funtsezko kontakizun.

Bizi izan gara baliabideak agortezinak bailiran. Gure posibilitate fisikoen gainetik, alegia. Festa
bukatzen ari zaigu, ordea: aro historiko berrian sartzen ari gara, deshazkundea dagoeneko
gertatzen ari baita. Gero eta gehiago gara munduan eta gutxiagora doaz gizakion ongizaterako
funtsezkoak diren hainbat baliabide: energia eta materialak; basoak; lur emankorrak; ur
edangarria; arrain poltsak; mineralak; gizakion arteko zaintza... Garapena antolatu duenari
garapenak inongo harremanik izango ez balu bezala espezie-kideekiko igurtziarekin nola
euskarri ekosistemikoekin, gero eta nabarmenago egingo zaio hautaturiko bidearen ilusioa,
gizakiaren muina ahaztearen ondorioz (bere izaera sozial eta ekodependientea ahaztearen
ondorioz).

Ziurgabetasun erraldoia bizi dugu etorkizunari begira, natural galdetzen hasiak baikara ba ote
dagoen etorkizunik giza espeziearentzat. Horregatik zioen Baumanek gure zibilizazioak
hegazkin erraldoi baten traza zuela, supersonikoa, azken teknologiaz eraikitakoa. Ziztu bizian
doa, eta bidaiariok jabetu gara kabinan ez dagoela piloturik.

3. Gaurko hezkuntzari begiratua

3.1 Oro har, bestelako subjektua sortu behar

Ordena sozioproduktibo berriaren beharrei eta bestelako prozesuei erreparatuta, bistakoa da ez


garela ari gizarte industrialeko subjektu historikoaz, ez gara ari Arano maisuak hain ederki
eraiki zuen subjektu hartaz: lantegiko lanerako diziplinatua, eta ondi atxikia moral kristau
zurrunari, ordena patriarkalari eta estatu-nazioari buruzko ideia aurrefabrikatu jakin bati. Gaur
egungo subjektuak bestelako gizarte eta gizabanakoarekin du zerikusia, ezaugarri berriak dituen
garai berria eratzearekin: ezagutzaren gizartea; modernotasun likidoa; gizarte industrialaren
berezko harremanak eraldatzea (besteak beste, familiaren eraldaketa sakona); gain-
informazioaren aroa; bizitzan mugikortasun sozial, geografiko eta laboral handia kudeatu
beharra; malgutasuna; nork bere identitatea eraiki behar izatea ziurtasun eta helduleku
gutxiagoko munduan… Horrez gain, bere burua etengabe birmoldatzeko eskakizun sistemikoa
onartu behar du langile berriak, eta jakin beharko du bere gain hartzen bizitza guztian ikasten
jarduteko erantzukizuna.

12
Hari horri tiraka, erraz ondoriozta daiteke zer ikastetxe mota eta hezkuntza-eredu dauden jokoz
kanpo, guztiz disfuntzionalak direlako: erreferentzia-markoak inposatzen dituztenak,
esperimentazioa itotzen dutenak, irtenbide aurrefabrikatuak transmititzen dituztenak,
oroimenaren estimulazioan oinarritzen direnak, agintearekiko atxikimendu eztabaidaezinean
hezten dutenak, eta abar. Hau da: Arano maisuaren hezkuntza ereduan dago joko historikotik
kanpo, hain zuzen ere, bai eta eredu haren bertsio aurreratuagoak ere, oraindik gure hezkuntza-
sisteman dirautenak.

3.2 Eskola, erakunde totala

Eskola tradizionala bigarren mailako sozializazioaz arduratzen zen: nortasunaren oinarrizko


muina (lehen mailako sozializazioa) konponduta zegoen (familiak konponduta), eta eskolaren
funtzioa zen gizabanakoak integrazio sozialerako prestatzea (gizarteak behar zituen ezagutzak,
balioak, jarrerak eta konpetentziak sustatzea). Eskema horixe da jausi dena. Eta arrazoi bat
baino gehiagorengatik jausi da: a) familiak jada ez duelako lehengo neurri berean betetzen paper
tradizionala; b) ordena sozioproduktiboak bestelako giza profila eskatzen duelako,
gizabanakoaren nortasun osoa inbertitzeko gai dena (konpetentzia tekniko hutsetik harago); eta
c) gaur egungo herritarren aspirazioei arreta indibidualizatuagoa eta pertsonalizatuagoa eskaini
behar zaielako.

Hortaz, hauxe da eskolaren aldaketaren muina: haurraren garapen kognitiboaren oinarrizko


nukleoa eratzeko zeregin tradizionalaz gain, nortasuna garatzeko zereginari heldu behar diola
modu sistematikoan eta oso txikitatik. Horren ondorioz, beste era bateko ezaugarriak ere sustatu
behar ditu: elkartasuna, talde-lana, sormena, pentsaera sistemikoa… Eta, horrez gain, garapen
kognitiboa bera ere ezin da gauzatu informazioa transmititzeko eta pilatzeko bide klasikoaren
bitartez. Jakin-mina, ikasteko gogoa eta jakiteko gogoa sustatu beharko ditu, informazioaren
zirkulazio hain masiboaren eta gero eta ikaragarriagoaren aurrean. Eta informazioa prozesatzen
irakasteko, oinarrizko erreferentzia-marko soziokognitiboak finkatu beharko ditu (izugarrizko
akatsa izango litzateke pentsatzea ezagutzaren transmisio orok desagertu behar duela eskolaren
jardueran).

Horregatik esaten da gaur egungo ikastetxea erakunde osoa edo totala dela, gero eta gehiago:
konpetentzia teknikoetan hezteaz arduratzen da, baina baita prestakuntza moralaz eta
gizabanakoaren oinarrizko nortasunaren garapenaz ere. Ez dugu esan nahi lehen ez zela ezer
egiten bigarren alderdi horri dagokionez, ezta gutxiago ere; kontua da alderdi horren eskaria
handiagoa dela orain (hainbat funtzio mugitu dira familiaren eremutik eskolara). Nortasunaren

13
garapena jada ez da zeregin pribatua, zeregin instituzionala izatera igaro da, eremu publikoan
kokatutako zeregina.

Bestalde, ekoizpen-prozesuak berak eskatzen du gaur egungo hezkuntza ez mugatzea


konpetentzia tekniko jakin batzuk dituzten langileak prestatzera. Egokitzeko, kritikoki
pentsatzeko eta komunikatzeko gai diren pertsonak ere hezi behar ditu; zientziak ulertu eta
teknologia berriak ondo erabiltzen dituzten pertsonak, balio anitzekoak, erantzukizunez jokatzen
dakitenak; ekimena, jakin-mina eta sormena dutenak; arriskua gustuko duten gizabanakoak,
erabakiak hartzeko eta lideratzeko gai direnak; eta komunitate-zentzua eta erantzukizun soziala
dutenak, mende honetako desafio itzelen aurrean. Enpresariak eurak hasiak dira honela hitz
egiten: gizabanako osoak sortu behar dira, beren alderdi emozionala, afektiboa eta sortzailea
moztu gabe dituztenak. Aldaketa nabarmena dela: nortasunaren garapen integralaren
aldarrikapena jada ez da soilik hezitzaile aurrerakoiena.

Nortasunaren garapena hezkuntza-jardueraren muinean txertatzean, eskolaren alderdi guztiak


eraldatzen dira: curriculumaren definizioa, hezitzaileen prestakuntza, familiekiko harremana,
diseinu instituzionala (erakunde-eredua), ebaluazio-irizpideak, eta abar. Eta, horrez gain, sekula
ez bezalako arreta eskaintzea eskatzen du: arreta pertsonalizatua eta aniztasuna aintzat hartzea.

Eta hori guztia gutxi balitz, arazo sozial bakoitzak adieraziko du gabezia bat dagoela gaur
egungo hezkuntzan: drogak, genero-indarkeriak, bestelako indarkeriak, kontsumismoak, bide-
hezkuntzak, aniztasun sexual eta afektiboak, elikadurarekin loturiko patologiak… Adibide
egokia da elikadurarekin lotutako arazoa (anorexia eta bulimia, esaterako). Lehenik, familia-
bizitzako elikadura-denborak eta elikadura-patroiak galduko dira. Bigarrenik, hedabideek
gorputzaren perfekzioa islatzen duten irudiz zamatuko gaituzte. Azkenik, baldintza
estrukturalak horiek izanik, seinalatuko da ikastetxeak hartu beharko lukeela bere gain hain
zeregin oinarrizkoa: jaten ikastea eta nork bere burua ez hondatzen ikastea. Gizarte-arazo larria
adierazi (adibidez elikadura-nahastea) eta segundo batera, tertulia-kideak esango du
konponbidea hezkuntzatik etorriko dela. Eta hori esan eta minutu batera, gehiago finduko du
esanez konponbidea ikastetxetik etorriko dela, eta horrela beste bultzadatxo bat emango dio
familiak eta oro har gizarteak beren erantzukizunari ihes egiteko duten joerari.

Tranpa da eskola konponbide guztien iturri edo arazo guztien erantzuletzat jotzea, arrazoi
askorengatik (besterik da erantzule bat gehiago izatea). Tranpa da, besteak beste, eskolak
borroka latza duelako bera baino gehiago izan daitezkeen eragile sozializatzaile berriekin, hau
da, Internetekin eta era guztietako hamaika pantailekin (eta pantailetako produktuek sarriegitan
ez dute diseinu pedagogikorik).

Tranpa horren aurrean bi dira gogoratu beharrekoak:

14
• Giza ekintza orok dimentsio hezitzailea du —baita ez ekiteak ere—. Hezkuntza ez da soilik
erakunde jakin batzuetan gertatzen den zerbait, eta ezin da mugatu profesional jakin
batzuen zereginera (zenbait erakundek eta bertako profesionalek erantzukizun berezia izan
arren). Hezkuntza jarduerak komunitate osoa zeharkatzen du: familiak hezten du,
ikastetxeak hezten du, baina baita hedabideek, eskola-orduz kanpoko jarduerek, gizarte
mugimenduek, enpresek, instituzioek eta komunitate osoak ere.

• Hezkuntza-jarduera ezin da mugatu bizitzako aldi jakin batera. Bizitzaren ziklo osoa hartu
beharko litzateke kontuan hezkuntza-ikuspegitik (sehaskatik hilobira arte), are gehiago
ezagutzaren gizartean —baieztapen hori guztiz bateragarria da bereziki garrantzitsuak diren
bizitza-une eta biografia-aldi batzuk egotearekin (lehen haurtzaroa eta nerabezaroa) —.
Giza garapena bizitzako etapa guztietan gertatzen da, eta hezkuntza inoiz amaitzen ez den
gertaera da.

Horregatik, gizartearen hezkuntza beharrak ezin ditu eskolak berak bakarrik ase. Errealitate
horretatik abiatzen ez bagara, sasi konponbideak baino ez dizkiegu emango hezkuntzako arazoei
eta arazo sozialei.

Eskolaren krisiaren zenbait arrazoi soziologiko


Gizarte-aldaketak Eskolari dakarzkion ondorioak

Aldaketak ekonomia globalean Eredu sozial eta produktibo berriaren eskakizun berriak: eskolak Subjektu berria
moldatzeko ardura hartu behar du (konpetentzia teknikoez harago, giza profil
integrala behar da).
Eraldaketak familian Zenbait funtzio familiatik eskolara labaindu dira. Eskola ez da arduratzen soilik
bigarren mailako sozializazioaz, lehen mailako sozializazioaz ere arduratu behar
du (nortasunaren oinarrizko muinaren garapenaz).
Gizartearen Sistema osoak dituen arazo eta zailtasun egiturazkoak azpisistemetako batek –
desinstituzionalizazio-prozesua hezkuntza instituzionalizatuak– konpontzea nahi da. Gizarte-arazo orok du bere
korrelazioa hezkuntzan. Kontraesan sozialak hezkuntza-hutsune bilakatzen dira,
estatusari dagokion ordainik gabe. Eskolak funtzio gehiegi ditu.
Teknologia berriak Pantaila sozializaziorako eragile masiboa da. Haurrak gero eta lehenagotik eta
gero eta denbora gehiagoz egoten dira ia inolako hezkuntza- edo pedagogia-
diseinurik gabeko pantailen aurrean. Eskolak borroka desorekatuan dihardu.

15
3.3 Aniztasunari erantzun behar

Hau da, eskolak etxeko-lan gehiago du, jarduerarako marjina txikiagoarekin, nolabait. Eta hori
gutxi balitz, gaur egun hezkuntzaren munduan gehien entzuten den terminoetako bat lehen
aipatutako aniztasuna da, totem berria bailitzan. Aniztasunari fronte guztietan erantzutea oso
konplexua da, eta horixe da eskolaren buruhausteen jatorria, hein handi batean.

Aniztasun kontzeptuaren atzealdean, gure garaiak duen oinarri partekaturik eza dago, neurri
batean: ez dago gizarte-proiektu partekaturik, eta ez dago bat-etortze handiegirik eskolak sortu
beharreko balioei buruz eta balio horiek ulertzeko edo zehazteko moduari buruz (horren adibide
dugu Herritartasunerako hezkuntzari buruz Espainian dagoen eztabaida). Ez dirudi belaunaldi
berriak sozializatzeko ardura duten eragileek adostasuna dutenik hezkuntzaren zentzuari buruz
eta sustatu beharreko balioei buruz (ez, behintzat, garai batean besteko adostasunik).

Aniztasuna onartzeak, ikuspegi pedagogikotik zailtasun handiak ekarri arren, baditu oso alderdi
positiboak ere, noski. Beste gauza askoren artean, aniztasunari erantzun beharrak pikutara
bidaltzen du lehengo misio historikoa: estatu-nazioaren lurraldetzat jotzen den hori kulturalki
eta linguistikoki homogeneizatzekoa.

Edonola ere, aniztasuna askoz harago doa: arreta pertsonalizatua fronte guztietan behar da, eta
horrek izugarrizko ahalegina eskatzen du, pedagogia aldetik, antolaketa aldetik eta
profesionalen aldetik.

Gaur egun, desberdintasunak aldarrikatzen dira gero eta gehiago. Besteak beste, badakigulako
desberdinak direnak modu berean tratatzea diskriminazio negatiboa dela (hezkuntzan generoari
eman izan zaion trataerak erakusten du zenbateraino den gutxiegi —inozoa eta kaltegarria ez
denean— guztientzat curriculum bera duen eskola mistoa).

Eskolaren motxila askoz gehiago bete da (maisu-maistrekiko begirune soziala jaitsi den
bitartean). Horrez gain, prestakuntza despertsonalizatua zentzugabea da gizarte-ikuspegitik.
Izan ere, belaunaldi berriak euren bizi-ibilbidean etengabe hautatzen ibili beharko dute, eta
eredu pedagogiko estandarizatuak ez ditu horretarako prestatzen. Oso lan pedagogiko
pertsonalizatua behar da, eta erritmo eta desberdintasun pertsonaletara hobeto egokitzea, bai
garapen kognitiboari nola garapen afektibo-emozionalari dagokienez. Bestalde, informazioa
hain ugaria den testuinguruan, auto-ikaskuntzarako trebetasunak behar dira; horrek irakasleak
liberatu egingo ditu informazioa emateko lanetik eta, ondorioz, tarte gehiago utziko die arreta
pertsonalizatua eskaintzeko.

Paradoxikoa da: historiako hezkuntza-sistemarik onenak ditugu, prestakuntza-mailarik altuena


duten irakasleak ditugu, eta historian sekula izan duten diru-kopururik handiena dute

16
poltsikoratzeko zein kudeatzeko; eta, hala ere, krisi sentimendu sakona dago oro har, eta noraez
sentimendua bereziki irakasleengan, hezkuntza-sistema balioa galtzen ari dela ikusten baitute
(eta beraiei ere balioa kentzen diétela, bai ikasleek bai familiek bai gizarte osoak).

3.4 Pedagogia aktibo berriak

Zeri zor zaio pedagogia aktiboen eztanda? Zenbaitzuen ustez irakaskuntza- eta ikaskuntza-
prozesu berrien arrakasta, logika pedagogiko hutsen bidez azal liteke; proposamen berrien
berezko nagusitasun pedagogiko humanista gailendu bailitzan. Gure ustez, pedagogia horiek
indartu izana ezin da nagusiki ikuspegi horretatik azaldu. Beste behin ere: hezkuntzan gertatzen
diren aldaketak ulertzeko modu laño samarretatik harago, soziologiaren hoztasun deserosoak
erakusten digu gizarte molde batek eraiki ohi duela funtzionala zaion hezkuntza eredua. Ordena
sozioproduktiboak dituen behar berriak aipatu ditugu dagoeneko, baina bada gehiago.

Lehen, hezkuntzak balio iraunkorra zuen ezagutza eskaintzen zuen. Gogoratu Arano maisua eta
haren eredu pedagogikoa. Hezkuntzaren bidez, gizabanakoak bizi guztirako altxorra jasoko
zuen, izan familiaren/komunitatearen bidez (gizarte aurre-modernoetan) edo izan eskolaren
bidez (gizarte moderno industrialetan). Gaur egun, ezagutza aldakorragoa, prekarioagoa eta
iragankorragoa da. Ezagutza berriak etengabe ekoizten direnez, ezagutzaren transmisioa jada ez
da hezkuntzaren ardatza. Gainerako merkantziek bezalaxe, gaur egungo ezagutzak bere baitan
programatuta du iraungitzea, sakelako telefonoa bailitzan. Hauxe da arazoetako bat: ezagutzen
kontsumoa, gainerako objektuena bezalaxe, zentzurik eta norabiderik gabeko pilatzea bilaka
liteke; jakintzen kontsumo arina, eskuratu diren abiadura berean utziko baitira bazterrean.

Baumanek dioen bezala, historian “ikaskuntza eta hezkuntza beti sortu izan ziren iraunkorra zen
munduari erantzuteko: iraunkorra zen, iraunkorra izaten jarraitzeko asmoa zuen eta, gerora,
ordura arte baino are iraunkorragoa bilakatzeko itxura zuen munduari erantzuteko”. Mundu
horretan, Aranorenean, oroimenak bazuen zentzua, zaindu beharreko oinarrizko balioa zen.
Berriro Bauman: “Aldaketa berehalakoa bezain zoroa ezaugarri duen mundu iheskor honetan,
desabantaila bihurtzen dira ezarritako ohiturak, marko kognitibo sendoak eta balio egonkorren
alde egitea; hau da, hezkuntza ortodoxoak azken xedetzat zituen helburuak”.7

Zentzu betea du Baumanek dioenak: gaur egungo testuinguruetan, pertsonen biografia ez da


garatuko egoera sozial egonkorrean. Horregatik, arriskutsua bihur daiteke tinko atxikita bizitzea
pentsatzeko eta jokatzeko modu jakin batzuei, atzora arte funtzionatzen zuena disfuntzional
bilakatzen baita gero eta bizkorrago. Gaur kontua ez da memoria lantzea, baizik eta adimena,

7
BAUMAN, Zygmunt: Los retos de la educación en la modernidad líquida, Gedisa, 2007, 36-37 or.

17
ekinbidea eta emozioak heztea. Aranok ere egiten zuen hori, baina gaur egun aldatu egin da
hezkuntzaren zati horren forma, norabidea eta intentsitatea. Hau da, hezkuntza estandarizatua
gizarte eta ekonomia estandarizaturako zen egokia. Gaur, aldiz, ikasketa eta ibilbide
indibidualak behar dira.

Transmisio terminoak berak zentzua galdu du, subjektuak berak izan behar baitu ezagutzaren
eraikitzaile nagusi. Izan ere, ingurune aldakorrean sortutako ezagutzak balio gutxiago du
konpetentziek baino; hau da, izaerarekin lotutako bertuteek, jarrerazko bertuteek eta ezagutza
hori eraikitzeko garatutako teknikek baino. Etengabeko hezkuntza kontzeptua bera ere etengabe
birziklatu beharraren ondorioa da (jakintza berrietara doitu behar); baina, horrez gain, adierazten
du, norberaren barrunbeak aztertzen jarraitzeko beharra eta trebetasun psikosozial jakin batzuk
hobetzeko beharra ere (trebetasun sozial, emozional eta portaerazkoetan hobetu behar).

Baumanen ikuspegiak, ordea, funtsezko ñabardura bat behar du, bereizi beharrekoak baitira giza
nortasunaren muina eta azala. Lehenengoak sendotasuna behar du beti: ondo ezarri behar dira
gizakiaren oinarri kognitiboak, emozionalak, eta baloreei zein harremanei dagozkienak (lehen
haurtzaroan, batez ere). Are gehiago: sendotasun hori inoiz baino gehiago beharko da
ezagutzaren gizartean eta oso aldakorrak diren testuinguruetan, hain zuzen. Erabakigarria
izango da subjektua hondoratu ez dadin. Bigarren elementua —giza nortasunaren azaleko
geruza eta gizakiak behar dituen ezagutzak—, bai egon daiteke —eta egon beharko du—
aldaketen mende.

Beraz: zer gertatzen da hezkuntza moral, etiko, espiritual, humanista, emozional eta
sozialarekin, hots, pertsonaren background delakoa betetzen duen eta pertsonari bizitzaren
norabidea zehazten laguntzen dion hezkuntza horrekin? Ona litzateke hezkuntza-jardueraren
erantzuleak oro har (gurasoak, maisu-maistrak, irakasleak, adituak, ikertzaileak…) bulkada
berritzaileen korrontean ez galtzea eta bistatik ez galtzea hezkuntzaren azken xedea: beste
gizaki batzuei laguntzea beren hazkuntza sozial eta pertsonalean, eta horretarako, zentzuz
pilatuko diren funtsezko elementuak eskaintzea, aldi berean aukera emanez bizitzaren norabide
autodeterminatua jorratzeko.

Metodologia aktibo berriek ingeniaritza pedagogiko berri baten parte izanik, baliabide hobeak
eskaintzen dituzte auto-hornikuntza nartzisista positiborako (autoestimua, konfiantza eta
norbera baliozkoa izatearen sentimendua), hobeto eraikitzen baitituzte auto-hornikuntza hori
lantzeko zirkuituak. Motibazioan datza metodologia horiek arrakastatsuak izateko bermea.
Beraz, berebiziko garrantzia du motibazioak aztertu, ulertu eta ongi bideratzeak: badakigu
ikastea normalean jarrera kontua dela (aktitudea) gaitasun kontua baino gehiago (aptitudea).

18
3.5 Hezkuntza sistema, gazte nerabeen laguntzaile

Badirudi prekarioagoa dela nerabeek/gazteek beren bizi-proiektua gauza dezaten sozializazio-


instantziek egun ematen duten laguntza. Jakina da ehundura soziala ahulduta dagoela eta, batez
ere, sozializaziorako oinarrizko bi instantzia daudela ahulduta: familia eta eskola. Ingurune
likidoa(goa)n, badirudi giza bizitzak baliabide instituzional, familiar, sozial eta afektibo
gutxiago dituela. Testuinguru horretan, zailagoa da bizi-proiektuaren eraikuntzan gehien
balioesten den kapitala eskuratzea: kapital afektiboa, barne-segurtasuna, dena ongi joango dela
pentsatzeko oinarrizko konfiantza barneratzeko aukera (sentimendu hori besteekiko
elkarrekintzaren bidez sortzen da bizitzako lehen urteetan bereziki, bai eta bizitzako
gorabeherak positiboki konpontzearen bidez ere).

Hautatzeko marjina zabaldu eta hedatu egin da, eta horrek beti sortzen du ziurgabetasuna. Baina
ez da hor amaitzen kontua. Gure ustez, bi mugimenduk baldintzatzen dute gazteen gaurko
esperientzia:

• Batetik, aukeren areagotzea (ikusteko badago ere gaurko krisi ekonomiko erraldoiak
nola eragingo dien belaunaldi berriei). Lehen, erabaki asko eta asko kanpoko autoritate
jakin batzuek hartzen zituzten zuzenean (familiak, Elizak, estatuak...). Gaur egun,
ostera, herritarrok bizitzako esparru gehiagotan har ditzakegu erabakiak, eta esparru
bakoitzean aukera zilegi gehiago daude hautatzeko. Horrez gain, gero eta lehenago
hautatu behar da; horregatik, nortasuna garatzeko prozesuan, lehenago landu behar dira
hautatzeko gaitasuna eta haurrek/gazteek etapa bakoitzean izango duten autonomia
eraginkortasunez erabiltzeko gaitasuna.

• Baina, hautatzeko eta erabaki indibidualak hartzeko marjinak zabaltzearekin batera,


gaur egungo gazteek ez dute jasotzen zeregin horretarako baliabide instituzional eta
kulturalik. Alderantziz, helduarorako igarotze-errituak ahultzen eta desagertzen ari dira,
eta mendekotasun aldia, berriz, luzatzen: eskolatze-urteak luzatu dira; urte gehiagoz bizi
dira gurasoekin batera (eta gurasoek jokamolde permisiboagoak dituzte); urte gehiago
behar dira lanean hasteko (askoz gehiago, kalitatezko enplegua lortzeko, lortzekotan);
urte gehiago behar dira norberaren etxebizitza eskuratzeko; eta abar. Zaildu edo atzeratu
egin da heldu izatea definitzen duten elementuak eskuratzea: enplegua (independentzia
ekonomikoa), etxebizitza eta familia-proiektua. Beste era batera esanda: nerabeek
identitatea eraiki behar dute honako guztiak krisian dituen gizartean: erlijioa, politika,
ekonomia, ideologia modernoak, eskola, lana, familia, gurasoen autoritatea eta maitasun
erromantikoaren ideia bera. Eta horrek zera pentsatzera eroaten gaitu: beharbada kontua
ez da zailak diren gazteak ditugula, baizik eta desinstituzionalizazio prozesu sakona bizi
duen gizartea dugula. Gizarteak jada ez badie agintzen nerabeei hazteko —

19
adolescere—, ez badie eskaintzen hazteko aukera emango dien material sinbolikorik eta
existentzia-baldintzarik, ez dirudi bidezkoa denik gero haiei leporatzea desorientazioa
(edo okerragoa den beste zerbait).

Beraz, badirudi aurkako norabidean indar egiten duten bi indarrek astintzen dituztela gazteak.
Hau da, ez dago sinkroniarik gizarteak eskatzen duenaren (gero eta gehiago) eta eskaintzen
duenaren (gero eta gutxiago) artean. Hortik datoz konponbide zaila duten hainbat gatazka.
Baliteke gaur egungo nerabeen belaunaldia izatea historiako desorientatuena, batzuek dioten
bezala. Baina, hala izatekotan, horren zergatia ez datza haiengan: gehiago egin behar dute,
baliabide instituzional eta kultural gutxiagorekin.

Horren ondorioz, gero eta garrantzitsuagoa da zentzua aurkitzen laguntzea (esanahia eta
norabidea), eta garrantzi handikoa izan daiteke horretan eskolak bete beharreko funtzioa. Hori
bai: prestakuntza mota horretarako bestelako pedagogia behar da, irakaskuntza-ikaskuntza
prozesuan bertan txertatuko duena autonomiaren eraikuntzaren lanketa.

Hezkuntzaren bidez pistarik ematen ez bada identitatea eraikitzeko, beste batzuek egingo dute.
Nagusiki merkatuak har dezake protagonismoa (krisiak krisi): nork bere burua merkatuaren
etengabeko mezuen eta objektu komertzialen eskuetan jartzea; eta mezu eta objektu horiek
erabiltzea identitatea eraikitzeko euskarri gisa. Argi dago gaur egungo hiperkontsumismoaren
helburua ez dela ondasunen eta zerbitzuen erabilgarritasuna kontsumitzea, baizik eta haien
esanahi sinbolikoa kontsumitzea: objektuek zentzua dutenez gero, erlazio psikologiko
konplexua ezarri ohi da subjektuaren eta kontsumorako objektuaren artean. Batez ere
nerabeentzat, irudi bat eraikitzea izan ohi da helburua, eta horretarako erabiliko da moda,
musika, teknologia, mass media, droga eta/edo bideo-jokoak. Identitatearen eraikuntza mota
hori merkatuak zuzendu ohi du kanpotik, eta eraikuntza hori kontsumo-objektu eta identitate
aurrefabrikatuen bidez elaboratuko da. Kapitalismo kontsumistak maisuki ustiatu ohi ditu
gazteen indibidualizazio nahi sutsua, bere burua eraikitzeko desioa eta masarengandik
bereizteko grina.

3.6 Inoiz baino gehiago, hezkuntza eraldatzailea

Nolanahi ere, krisi finantzario-ekonomikoarekin orain arteko hiperkontsumismo orokortuarenak


egin du. Eta itxura guztien arabera larriagotzen joango den krisi sistemikoak (ekonomiaz gain,
arnasestuka bitabiltza energia, klima, ekosistemak eta beste hainbat arlo) bide hori azkartu
besterik ez du egingo.

20
Seguruenera oraindik ez gara behar bezala jabetu barneratu beharrekoaz: aurrerapen (material)
mugagabearen ideian oinarritu den bizimoduaren heriotza. Ariketa zaila da, Moderniak hiltzen
utzi behar dituelako bere identitatearen berezko osagaiak: progresoa (hezkuntzaren bidez, hein
handi batean); hobekuntza material etengabea; “zenbat eta gehiago orduan eta hobeto” moral
soziala; egokrazia… Interpelazioa zinez da sakona: noranzko berriak sortu eta kolapsoa saihestu
aldera, kolapsora eraman behar genituzke ohiko esanahiak, zentzu-estruktura zaharrak, eraikiz
aldi berean ordena sozialaren liburu estiloan nekez sartzen diren semantika berriak. Ezin aurrera
egin, izan garena alboratu ezik.

Horrek eskatzen du, besteak beste, gure existentziak doitzea ditugun baliabideetara.
Gutxiagorekin bizitzea, alegia. Eszenategirik txarrena litzateke eskasia garairako trantsizioa
behartuta egin beharra, trantsizioa ez laguntzea austeritate boluntarioaren kulturarekin.
Poshazkundearen artikulazio identitario, komunitario eta psikokultural transbertsala behar
genuke.

Bide horretarako, gauza ona litzateke pedagogia kritikoa berrindartzea, existentzia


kontsumismoan oinarritzea akats ikaragarria dela azalduko duen pedagogia. Kontsumismoak
suntsitu egiten baititu bai subjektuaren barne-izaera, bai harreman sozialak eta bai biziaren
euskarri den sistema naturala. Gaur inoiz baino gehiago, Freire eta haren kontzientizazio
prozesua berreskuratu behar dira, irakasleek eta ikasleek beren esperientziak deskodetu ahal izan
ditzaten, pertsonek beren burua aurkitu ahal izan dezaten beren existentziari buruzko
hausnarketaren bidez, eta nia aska dezaten gezurrezko promesen nahiz ideologia
menderatzaileen atzaparretatik.

Bistakoa da zenbaterainoko garrantzia duten hezitzaileek. Mardonesek horrela adierazi zuen:

“Hezitzaileak burua janzten lagundu behar die ikasleei. Eta ez burua


soilik, baita bihotza eta aukera existentzialak ere. Hezkuntzak laguntza
hori ematea lortzen ez badu, ikasleak ez du izango ez egitura mentalik
ez bizi-orientaziorik; eta okerragoa dena, ez du izango gauzak
bereizteko gaitasunik. Unean uneko modaren mendekoa izango da.
Kanpoak ematen dion zentzu aldakorra biziko du, baina ez du izango
barne-egiturarik. Intsektu bat izango da, bizkarrezurduna baino
gehiago8.”

8
MARDONES, J. M.: “Educar para una sociedad más humana”, Retos educativos para la próxima década en
la Unión Europea y sus implicaciones organizativas: VII Congreso Interuniversitario de Organización
de Instituciones Educativas (VII CIOIE), Donostia, 2002ko uztailaren 4tik 6ra.

21
John Stuart Millek 1848an egin zigun gomendioari jarraituz, honela esan genezake: gaurko eta
etorkizuneko desafioak askoz zerikusi handiagoa du “bizitzeko artea hobetzearekin”, “uneoro
progresatzeko arteaz hain kezkaturik egotearekin” baino. Etorkizuneko proiektu
humanizatzaileak nekez izango du oinarritzat etengabeko gehikuntza materiala, eredu horrek
hondamendira baikaramatza. Garapen-eredu berria eraikitzeko premia dago, izaera biozentrikoa
izango duena (ez antropozentrikoa), ekosistema xahutuko ez duena, eduki postmaterialistako
bizierak proposatuko dituena (soiltasunean, urritasunean eta kontsumo arduratsuan oinarritutako
bizierak).

Gure existentziaren alderdi ez-materialari dagokionez, berriz, etorkizunerako proiektuak


honekin du zerikusia: giza esperientzia birsinbolizatzearekin; bizitza zentzuz elikatzearekin;
esanahi partekatuak lantzearekin; egitura komunitarioak eraikitzearekin; gizabanakoa gaur hain
indartsua den Egoaren diktadurapetik askatzearekin (eta horretarako beharrezkoa den
kontzientzia-egoera lantzearekin); dimentsio espirituala berreskuratzearekin; kultura-identitate
integratzaileak sortzearekin; eta gero eta likidoagoa den mundu honetan, gizabanakoari eskas
dituen eta oinarria emango dioten baliabide sinboliko-afektiboak eskaintzearekin.

Gaurko garapen-eredua modu inteligentean birformulatzeko prest dauden pertsonak prestatu


behar dira, gertu egongo direnak bizimodu berrietarantz eboluzionatzeko. Hezkuntza sozio-
ekologikoa zentzu zabalean ulertzen dugu:

- Norberak behar/nahi duen norabidea askatasunez finkatzeko konpetentzia, guztien


ongiarekin eta interes kolektiboarekin lotuta.

- Bizi-kalitatea lehenestea gauza asko edukitzearen aurretik, gizarte


produktibista/kontsumistan ohikoa dena irauliz.

- Izateari arreta handiagoa eskaintzea edukitzeari baino.9

- Askoz gutxiagorekin hobeto bizi gaitezkeela transmititzea eta ospatzea (zientifikoki


egiaztatuta dago).

- Etorkizun bideragarrirako funtsezkoak izango diren balioak berreskuratzea, hala nola


soiltasuna eta urritasunaren aldeko apustua.

- Naturarekin harreman eredu ez suntsitzailea ezartzeko konpetentzia.

9
Ken Wilber-en terminologia erabilita, honela esan genezakeen: gero eta gizarte-sektore gehiagoren
etengabeko trantsizioa, estadio egoiko batetik estadio trans-egoiko edo transpertsonal batera. Ikus:
Sofia Valdivielso, “Alforjas para un viaje. Desde la alfabetización y el desarrollo económico hacia la
alfabetización integral y el desarrollo sostenible”, in Harbans S. Bhola, eta Sofía Valdivielso, Hitos de la
Alfabetización para el Desarrollo Sostenible, UNESCO Institute for Lifelong Learning, 2008.

22
- Konpetentzia, baita ere, portaera eta kultura-eredu jakin bat garatzeko, bere baitan hartuko
dituena elkartasun globala eta etorkizuneko belaunaldiekiko solidaritatea.

- Oro har, biofilian oinarritutako bizikidetza berrezartzeko konpetentzia; hau da, harreman
ez-suntsitzailea naturarekin, espiritualtasunarekin, komunitatearekin eta norbere niarekin.

Hitz batean, behar dugun hezkuntzak inoiz baino gehiago behar luke izan eraldazalea,
dagoenaren erreproduzitzaile bainoago. Egungo garapen ereduak etorkizunik eskaintzen ez
badigu, biziaren azpiegitura hondatzeko duen ahalmen egundokoagatik, gizarte horren
erreprodukzio lanean jardutea estrategia kriminal batekin kolaboratzen jardutea izango litzateke.

23

You might also like