You are on page 1of 28

Fikzioaren beharraz

Askotan erasaten dit kezka horrek. Benetan ba al dugu fikzioaren beharra? Eta, jakina, fikzioa eta literatura parekatzeko ohitura aski zabalduta dagoenez, pentsa genezake orobat ea literaturaren premiarik dagoen, eta berdin pinturarena edo zinemarena, edo beste edozein arterena. Ez al dira denbora-pasa hutsak? Gure idazle gazte baten azken liburuak berriarazi dit, aspaldiko partez, kezka hori. Biok ia adinkide garenez, gure belaunaldikoen, ez gazte ez zahar, biziminen kontakizun bikaina iruditu zitzaidan obra, baina argumentuak galarazten zidan haria. Zerk harilkatzen zuen eleberri hori? Mataza ugaria zen, ezbairik gabe, baina, hala ere, eleberri gehienetan bada kontagai bat bestela bezala eramaten zaituena akaberaraino (edo hala behar luke, bederen). Ni, ordea, liburuko mikroistorioek bultzatzen ninduten aurrera, eguneroko bizitzako horiek, gazteok nola sistematizatzen diren ikusteko eta sentitzeko. Hor dugu belaunaldi-eleberri termino gaitzespen-kutsukoa. Ez da hori, haatik, kezka. Alde batetik, narrazioen linealtasunaren kezka dugu: zer dela eta atxiki behar dugun molde zaharkitu hori. Eta, bestetik, egituraren ardura: nola osatzen den puzzlea. Zer litzateke Scott Fitzgeralden Tender is the Night bikaina denboran atzera-aurrera ibili gabe? Edo Rayuela, hala (jolas eta guzti) antolaturik ez balego? Eta hor hasten naiz fikzioari susmo txarra hartzen. Zertarako errealitatea antzeratu nahi hori? Ez al da egokiagoa historiari buruzko saiakera on bat hura ulertzeko eleberri historiko arrakastatsu bat baino? Ez, noski, denbora-pasa faktorea (edo oharkabeko didaktika) kontuan hartzen badugu. Saiakerak edo albisteak irakurtzean, baina, enpatiak lagundu ohi digu geure gogoan istoriook osatzen, egiantz osoz. Fikzioak, haatik, giza faktorea du alde, tresneria zorrotz bat gizakiaren azpikontzientea kitzikatzeko, enpatiari eragiteko, dena hankaz gora uzteko. Artean, berdin: Munch-en Oihuak eta Goya-ren akuaforteek ez al digute iradokitzen argazki arterik gabeko batek baino gehiago? Ez dago zalantzarik horretan. Eta berdin, hiperrealisten lanek, adierazpideagatik beragatik, zeren adierazkortasunez beterik baitago errealitatea halako tresna antigoalekoekin xehe islatu nahia.

Gurean, berriz, idazle-jendea ia tematurik dago antzerkiko hiru unitate klasikoekin: denbora, lekua eta egintza; eta, hala, kamustu egiten dute fikziozko literatura (literatura huts-hutsik edozein idazki izan baitaiteke). Arkatz kamuts bat arkatza da halere, baina, zorroztu ezean, hobe duzu bizkarrean hazka egiteko erabili idazteko baino. Ez larritu: hizkuntza moldeak ez ditugu berbakizun hartuko, badaezpada ere, zeren askoren iritzian ez da arazo literatura hizkuntza-sorkuntzarako elbarri egotea sarritan, edo denek berdin idazteko egindako hautua (berez ez da hautua, ezin[beste]a baizik). Funtsezko dugu fikzioa, izenburuko galdera erretorikoa gorabehera, baina ez, beharbada, fikzio belaxka hori, sarritan hipersentiberatasun aurrerakoi bat beste baliorik ez duena, edo denborapasarako jostagarri huts dena. Beste era bateko fikzioa ere beharrezko dugu. Historia-fikzioko lan gailenek sendotzen didate uste hori. Zweig, Schwob, Sciascia, Tavares Nolako gozatua har daitekeen horien alegiazko historiak irakurrita! Horietatik Schwob-en Bizi alegiazkoak baino ez dugu euskaraz, ordea. Fikzioak gainditu egin behar du errealitatea. Kondentsatu egin behar du. Bestela, emadazue errealitatea, emazkidazue jarleku publikoak jendeari begiratzeko.

Baso bete paper

Garazi eta Landerrenak irakurrita, begitandu zait ez ote nituen fikzioarekikoak aiseegi egin. Fikzioaren on-gaitzak agertzea eta gaur egun gurean diren joerak kritikatzea (txarrean nahi onean kritikatu) ez baita beharleku makala; zutabegintzaren mugek, gainera, ez dute batere errazten egitekoa. Hartara, alegia batez baliatuko naiz gaurkoan, bide batez fikzioaren balio erantsia erakusteko ere. Fikzioa baso artifizial bat da, errealitatea baso natural bat den neurri berean. Eta artifizial izate horretan, aukerak ugari dira: itxuratu egin dezake errealitatea, egiantza izan (Bertizko basoak bezala, esaterako); edo artifizioa erabat bere egin, ezkutatu barik (lorategi japoniarretan bezala). Denetan, hitzarmen bera dago basogile/idazlearen eta ibiltari/irakurlearen artean: hau fikzio bat da. Hemendik aurrera ez ditut agerira ekarriko bitasunok. Basogileak ezin joka dezake baso hori lehenbizikoa balitz bezala, edo baso naturalik ez balitz bezala. Errealitatea arakatu beharra dauka, eta aurretiko ereduei begi eman, ibiltariak txundiarazteko, dela izadiaren tankera berrituz dela bihurrituz. Lurra ere kontuan izan beharko du, eta humus oparokoa aukeratu, aurretik eroritako arbolek ongarritua. Ezin zaio lanari ekin, beraz, aitzindari gisa, bestela ibiltaria lehen ikusian ohartuko baita amarruaz. Basoaren egiturak ere badu lebarik. Izan daiteke baso sarri bat, erretaula barroko batek beste zokondo eta barren dituena, edo izan daiteke baso sinple bat, ustezko sinpletasun batean egina, sinpletasuna dohain handia baita, hautu egokiz, mehazte-lan nekagaitzez baizik lor ezin daitekeena. Jakina denez, sinpletasunak badu beste adiera bat, xinpletzarra izatea ez baita bertute, herren baizik. Erreparatu bonsaiei, nolako egitura argia izaten duten, baina ederki inausi eta alanbrezko zurkaitzez gidatu ondoren. Sinpleki sinpleak dira, baina ez inozoak. Eta, gero, badira betiko locus communis horiek, argibide-oholetan ageri direnak, basoaren kontzientzia hazarazi beharrean aspergarri gertatzen direnak... Sortuko dira adar berriak... Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak... Eman ta zabal zazu munduban frutuba... Aurkezpenok ere zaindu beharra dago, basoaren xehetasunak erakutsiz, artifizialtasunik batere gabe beharbada. Egin dezagun basoa sortzen amaitu duela diseinatzaileak. Orduantxe hasiko da zahartzen, hazten edo galtzen. Goroldioa hedatuko da enborren iparraldean, basopea ugalduko da, belar eta lahar, eta, hala, denboragarrenera, bere berezko izatea hartuko du.

Animaliak ere iritsiko dira. Lehenbizi, paumak, basoaren jabeak ekarrita, eta horien kurkurraren arabera beste batzuk ere agertuko dira edo ez, zeren paumak ikuskizuna maite duten animalia xelebreak baitira, eta, haien kanturik ezean, nekez bilduko da beste animaliarik oihanera. Demagun okil batzuk datozela hegan, eta mokoarekin joka beste okil batzuei hots egiten dietela, eta, gustura egonez gero, habia egingo dute bertan, eta, basoa emankor eta eskuzabala bada, kumeen kumeek ere aterpea hartuko dute han. Edo litekeena da, sarri hala izaten da-eta, basoa ahaztuta geratzea, naturalizatzeraino, eta inork ez jakitea hori baso artifizial bat izan dela. Edo, halako batean, jabeak, diru premian, erabaki dezake arbola guztiak botatzea paper-oretarako, eta, apika, ore horrekin liburuak egingo dira, errealitatea artifizialki antzeratu edo desitxuratzeko, eta orduan etorriko dira kritikariak, eta irakurleak, eta saldu gabe geratzen diren aleak papergai izango dira berriro, eta horrela berraragitzeen gurpila hautsi arte papera hipoteka-kontratu bihurtuta, hipotekak literatura baino iraunkorragoak izaten baitira, berrogei edo berrogeita hamar urte iraunkorrago.

Literaturaren lainoan

Garazik zioenez, literaturaren esparruaren mugak aldatu egiten dira denboraren poderioz (beste berba batzuk erabili zituen hark, baina tira), eta, esaterako, Marx-en lanak literatura izan ziren XIX. mendearen erdialde hartan, eta egun ez (edo ez dira, eskuarki, halakotzat hartzen: Armiarmaren Euskarari ekarriak atarian, Groucho Marxen berri duzu, baina ez Karlena). Hala ere, onartu beharra dago Brumarioaren (edo lainotearen) hemezortzia, bederen, lan bikaina dela, literatura-balio handikoa. Gurean, Mario Onaindiak euskaratu zuen, Cceresko kartzelan zegoela, eta Lurrek argitaratu 1973an. Ez al da literatura esaldi jakituriaz beteriko hau: Historia errepikatu egiten da lehenbizi tragedia gisa, hurrena fartsa gisa? Literatura zer den ebaztean, kantitateak ere badu zerikusirik. Oparotasunak mokofinak sortzen ditu, urritasunak gosetiak. Har dezagun euskal literaturaren emaitzen zerrenda, ea zenbat lan diren literatura-sorkuntza hutsezkoak. Etxeparez geroztik (1545), ehun urte baino gehiago egin behar genuke aitzina halakoren bat aurkitu arte: Oihenarten O.ten gaztaroa neurtitzetan (1657), Lazarragarena inprimatu gabe geratu baitzen. Garaitsu hartan, obra gehienak itzulpen ziren, eta itzulpen petoak ez ziren asko egokitzapen. Eta, itzulpen edo egokitzapen izan ez arren, garaiko literatura militantea zen dena, orduan militante izateko zegoen modu bakarrean: Eliza Amaren egiak zabalduz. Eta hala lantzen dira orduko testuak unibertsitateetan: filologiaren ikuspegitik eta ez literaturabalioak kontuan izanda. Eta izan badituzte: Patxi Salaberrik Axularren Gero mehazturik apailatutako Axularren historiak gogoratzea besterik ez dago. Pentsatzekoa da hagiografiak irakurriz atsegin hartuko zutela garaiko euskaldunek, hango pasadizoekin, Laphitzekin batera San Ignazioren Matarko egonaldia aletuz (Laphitz-en Bi saindu heskualdunen biziak) edo Arrueren eskutik Santa Genovevaren ibilerak adituz sutondoan. Eta besterik sortu ez bazen izango zen, seguruenik, orduko euskaldun jendeak eta intelligentsiak besterik eskatzen (ezagutzen?) ez zutelako, outsiderrak outsider (Xaho, Oihenart, ahozkoa). Orain, iup, orainaldira egingo dugu salto, Gerardo Markuletaren adierazpen buruargiok irakurtzeko: Dezente egin dugu aurrera testu itzuli gozagarriak eskaintzeko ahalmenean, baina ez horrenbeste halako testuez gozatzekoan. Nork uka halakorik? Azken batean, euskal intelektualek talde trinko samarra osatzen dute, baina publikoa urria da, nahiz, egiari zor,

irakurle taldeek, Literatura Eskolak, Literaturiak, Eako Poesia Egunek eta bestek berealdiko ahalegina egiten diharduten. Ez gaitezen nahas, hala ere: horietan bitik bat sortzaile izaten da. Hortaz, arazoa zein den ez dago argi atzematerik. Amurizari duela gutxi entzun diogu gurea dela lehenbiziko belaunaldi alfabetatua, baina isildu zuen, nonbait, lehenbiziko belaunaldi osoki elebiduna ere bagarela; alegia, ez dela erdararik ez dakien euskaldunik. Eta, orduan susmoa har diezaiokegu argitaletxeen lanari, eta gure industria ez dela homologagarria esan, eta Hasier Etxeberriak aipaturiko simulakroaren teoriaren mamua zabaldu, baina argi dago horiek aspaldiko ajeak direla eta egun aski onbideraturik dagoela homologazioa. Rowling-en azken eleberria ingelesez plazaratu eta urte erdira, to, euskaraz. Eskandinaviar literatura beltza nahi? To, euskaraz. Camilleri gogoko duzula? Hartzank, euskaraz. Eta euskaraz sorturikoak aipatuz gero, berdin antzekoa litzateke zerrenda. Fruterian: Zer behar duzu? Hori ere badugu. Ona, bai, ona dago. Edo Zalduak esango lukeen bezala: Aizu, hamar mandarinatik bederatzi ez dira bikainak, baina bat horrekin loriatuko zara, erdalerriko fruterietan bezala.

Comprenez-moi

Garazik lehengoan berriro ekarri zigun gatazkaren gaia, Estatu Batuetako unibertsitate batek argitaratutako euskal gatazkei buruzko ipuin-antologia baten karietara; berriro diot, ez baitzen mokokada gutxi izan txoko honetan bertan horren kontura aurreko denboraldian. Gaiari heldu ez heldu aritu naiz gogoetan, ur handitan sartzea neke baita, baina, aizue, zerbait mamitsua esateko tenorea ere badut. Hiru astetik hiru astera txandaka dihardugunez, ahaztuxea izango duzue, seguruena, Garaziren artikulua. Haren kritika antologiaren aurkezpeneko hitzetatik zetorren: bilduma neutrala zela esan zen, eta ezin da, inola ere, neutrala izan. Ez zuen arrazoi falta, denok aldez edo moldez parte baikara honetan guztian. Ez ote zuten okerreko hitza aukeratu, objektibotasuna edo pluraltasuna aipatu beharrean, edo literatura-balio hutsen araberako hautua? Ezin jakin, halakoa izaten baita aurkezpenetako hitzen moxdadea... Antologia bat apailatu duen orok badaki bi moldetara baizik ezin direla osatu sorta horiek: antologia pertsonala (apetatsu izenondoa erabili zuen Jon Alonsok behin) edo kanonikoa egitea. Kanonikoa, orobat, izan daiteke lehendik ezarritako kanonaren araberakoa, edo kanona ezarri nahi duena. Aspaldi ez dela Txalaparta argitaletxeak ere gertatu zuen antzeko bilduma bat, Mikel Sotoren eskupean: Haginetako mina: Euskal gatazkari buruzko ipuinen antologia bat (2008). Liburu hark ere izan zuen kritikarik; besteak beste, gatazka eta haginetako mina parekatzea gaitzetsi zuten zenbaitek. Azpititulua hobea zen, ezbairik gabe, antologia bat zela nabarmentzen baitzuen; antologia bat, eta ez antologia. Bi liburuen aurkibideak alderaturik, ordea, zer kontu egin litezke? Demokratak eta biolentoak? Borrokaren aldekoak, distantziakideak (hara beste hitz bat hain gurea) eta etsaiak? Ba al dugu zenbakien premiarik (7-3, 6-5...) agerikoaz ohartzeko? Zenbakiek ere badakite gezurra esaten, eta ez dira objektibo, inkesten edo hauteskunde-emaitzen irakurkera alderdikoiek argi bai argi erakusten dutenez. Izan ere, bi argitalpenek antzekotasun handiak dituzte egileen joera politikoen arteko proportzioan; orekatu samarrak direla ere esango nuke. Ez ditut izenak multzoka jarriko, sailkapenok parte txarrekoak baitira (aro zaharrekoak, une oro historiko den herri honetan).

Antologiek badute, izan, kanona sortzeko ahalmen hori, baiki, eta Lpez jaunaren zorioneko errelatoa eraikitzeko adreiluak izan daitezke. Adreilu ezin apalagoak, gertakarien kontaera ofizialaren eraikuntzan, eskoletan-eta irakatsiko denaren, kale-izendegietan zertuko denaren osagarri. Irabazleen monumentua izango da eraikina, baina oraindik ez dakigu-eta nor aterako den irabazle bakealdi xelebre honetatik (haiek, gu, zuek, denok?). Kimera bat litzateke besterik espero izatea. Ikuspegi-zabaltasuna, azken beltzean, norberaren esku dagoke: norberak hauta dezake zer antologia osatu; gogaideena bakarrik irakurriko duen, edo ausartuko den norberaren usteak kordokaraziko dituzten testuei heltzen. Har dezagun Itxaro Bordaren Boga boga, eta Amaia Ezpeldoi, idazlearen alter egoa, ezin argiroago mintzatuko zaigu borrokatu armatuaren kontra: Kontzientziarik hoberenarekin krimenik likitsenak bete daitezkeela ondorioztatu berri dut. Bordak berak ezin hobeto islatu zuen mundu abertzaleak zokoratutakoen ostrazismoa Hautsak errautsak bezain poesia-liburu miragarrian. Har genezake, gisa berean, Mikel Antzaren Atzerri (Iban Zalduak idatzitako Hirudi batek ernarazia), azkenaldiko testurik zirraragarrienetako bat, zinez ahaltsu eta zintzoa. Liburuan, halako batean, pertsonaia batek esaten dio beste bati: Tu ne comprends pas ma douleur. Ondo pentsaturik, komatxo arteko bi aipuak lubakiko bi aldeetakoek erabili dituzte inoiz. Konprenitzen duzua?

Negarrak eta aitzakiak, plazerez

Onartu beharra daukat nagi heldu niola Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso liburuari. Azkenaldian kanporako idatzi eta filmatutako lan horietan betiko lekuak baizik ez ditut aurkitu, eta, beraz, ez zen harritzekoa ere nire aurretiko jarrera hori. Gogoetagaiz mukuru dago liburua, asko jakinak baina beste batzuk burua alhatzeko egokiak. Horietako bat dugu euskal idazlearen negarrerako isuria. Euskal idazlea ia beti negarrez ari omen da: gutxi saltzen dela, gutxiago irakurtzen Azken batean, gure neurri horretan, arranguraz. Ez da erakargarria jokamolde hori, Zalduak dioenez, baina ba omen dugu galtzaileen aldeko halako enpatia bat txertaturik denok, eta abar, eta abar. Ni beti saiatzen naiz liliak aurkitzen zabortegian (ai, Aresti!), eta garraio publikoan goitik behera eskaneatzen ditut auzokoen liburuak, baina ez dut halako ale askorik aurkitzen (nork du, ba, irakurtzeko gogorik goizeko zazpietan?, nor ez dago unatuegi etxerakoan liburu bat zabaltzeko?). Zalduaren tesia da euskaraz idazten duela beste batzuek aurretik euskaraz idatziak irakurriz izugarri gozatu duelako. Hara, horra euskal idazleen lorpen txiki-handi bat: euskal idazlez erditzea. Duela hilabete batzuk EHUko Letren Fakultatean izan ginen jardunaldi batean, eta hango hizlari batek, Sherry Simon quebectarrak, harriduraz galdetzen zion bere buruari nolatan segitzen zuten Quebeceko idazleek frantsesez idazten merkatu anglosaxoia hain handia izanik. Atzemanezina den gako bat ba omen dago erabaki horretan. Gu horretan ere ez gara hain diferente (uste dut esaldi hau larregitan idatzi dudala azken boladan). Bada horretan guztian, Zalduari kasu egitera, atseginbide bat. Eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ezta euli-kaka ere. Aurreko belaunaldiko idazleetako askok aitortua dute militantziaz hasi zirela euskaraz idazten, euskal literatura bat sortu guran. Hala mintzatu zaizkigu, esaterako, Saizarbitoria edo Sarrionandia. Zalduaren erantzun epikureoagoa, berriz, arras bestelakoa da, ez hobea, ez kaskarragoa, baina bai garaikidea. Interesgarria da idazle trans-irakurlearen gako hori. Nik, urteotan, autobusean ez hainbeste, baina hurbilean, bai, gurutzatu dut halako batean euskaraz irakurtzen hasi den kristaurik. Eta, aspaldi ez dela, horietako batek inpentsan bota zidan: Itxaro Bordaren liburua ikusi neutsun lehengoan. Ona da?. Harritu zitzaidan, harritu zitzaidanez. Eta han hasi nintzen zezelka: Bai, baina iparraldeko berbetea darabil, eta badakizu. Hain barneratuak ditugu aitzakiok: inor

denboragarrenera halako kontuekin etortzea baino nahiago geuk aurrez esan. Koldarra! Kakontzia! Ez, ba, jaun-andreok, handik gutxira irakurleberri hori etorri zitzaidan, esanez, hitz bat edo beste gorabehera, gustura ari zela. To! Itzultzaileon oraintsu arteko ospe eskasa ere oso aitzakia arrunta da; euskal itzultzaileon ospea, mundu zabalean gu baizik ez omen ginen-eta itzulpen onik egiteko antzerik ez geneukanak. Aspaldi errotu zen aitzakia, eta hor dirau, literatura topikoz beteriko mundua baita, eta denok ditugu geure aurreiritziak liburuak aukeratzean, neurrian hasi eta hizkuntzan buka. Batzuetan, beraz, badirudi Tabucchi-k eta Pavese-k gaztelaniaz idatzi zutela, edo behintzat sinesgarriago direla hizkuntza horretan. Beste batzuek, berriz, ahal dela jatorrizkoa irakurri beharra aldarrikatzen dute, baina, tira, norberak ikusiko zerekin gozatzen duen, nolako irritsak dituen, zerekin urtzen den. Literatura atseginbide ere da, plazererako ate, batzuetan mingarri, besteetan amultsu. Plazera gauza serioa da, aizue, ez txoriburukeria.

Badu ofizioa

Horra literatura-iruzkinak idazten nituen garaian erabili ohi nituen eufemismoetako bat. Liburu bat, epel utzi arren, ondo idatzirik zegoela adierazteko jotzen nuen esamolde horren bila. Ezin argiago mintzatu gure mundu txiki honetan. Ofizioren adiera irudizkoaz ari nintzen, jakina, idazlearen antze edo trebetasunaz; ez ogibideaz. Korapilotsuagoa baita auzi hori. Oso euskal idazle gutxik dute literatura dirubide bakartzat, kritikariek eta idazleek berek gogorarazten digutenez (aspaldi ez dela Lourdes Otaegik, berripaper honetan bertan). Arruntean entzuten da kexua: bestelako lanak egin behar izaten dituztela (gidoiak, itzulpenak, artikuluak...). Eta halako dirubide osagarriak dituztenak ere pribilegiatuak dira, azken batean idazkuntzaren arrimuan jarduten baitute. Zein da gure idazleen lanbide nagusia? Irakaskuntza, seguruena. Ba al du eraginik (didaktikorik edo bestelakorik) sorkarietan? Profesionalizatze ezak, ordea, badu bere ifrentzua. Itxaro Bordari, esaterako, askotan entzun diogu postari izateak laguntzen diola errealitatearekin harremanetan jartzen. Ez da iritzi horretako bakarra, mundua zabala (eta arrotza) baita. Jorge Valadas portuges idazlea, esaterako, argiketaria da, bere iritzi-askatasunari eusteko (idazleen esanak, badakizue). Berriro dugu, ezinbestez, errealitatearen eta fikzioaren arteko talka, bien arteko harremana. Askotan glosatu da tirabira hori, Borges liburutegiko sagua eta Cortzar bizizalea aurrez aurre jarrita, besteak beste. Bizikizun guztiak literatura bihurtzeko tema ere kritikatua izan da, esperientziaren poesia deitua batez ere: ez dagoenetik zerbait atera beharra edo, autolaguntza-liburuetan bezala, gauza txikietan laketzeko ahala. Eta hor ditugu auzoan Cline edo Jean Genet, muturreko bizipenen edasle. Nolako liburuak idatziko zituzten bata kolabo zokoratua eta bestea litxarrero-txaperoa izan ez balira (hemendik eskaria: otoi, berrargitaratu Gauaren muturrerainoko bidaia eta euskaratu Lapur baten egunerokoa)? Biak aipu ditu Mikel Antzak bere azken liburuan, biziaren gordinak askatutako kontzientziaren jarioaren erakusgarri. Literatura, hala, nekez da ofizio, Aturritik Ebroraino, eta desorduetan egin beharreko lana izaten da, bulegoetan higatu edo, Inma Erreak zioenez, harrikoa egin eta gero egin beharrekoa. Aise irudika ditzakezue idazleak nahiz itzultzaileak (literatura itzultzetik ere inork gutxik

ateratzen baitu hazkurria)... aise irudika ditzakezue, nioenez, iluntze unatu horietan, beren maiteak eta albistegiak oro abandonaturik. Erreflexuak urri diren lurralde hori aztalkatzen dute arratsean, gaubeilak literaturagintzan zer ondorio izango dituen igarri gabe. Nola mudatzen dira idazleen letrak profesionalizatuz geroztik? Itzultzaileak nabarmen ikusten ditu larunbat goizean erreflexu faltak eragindako istripuak; idazleak ere bai: Bart bikaintzat hartua, biharamunean zakarrontzian apurtua izan liteke adagio egokia sentipen horretarako. Bada kontzientziaren flakaldiokin olgatu izan den idazlerik. Fernando Pessoari, kasurako, lvaro de Campos halakoetan agertzen zitzaion, nekatuegi edo logale zegoenetan. Fernandoren desirarik desiratuena, ordea, Lisboa ondoko herrixka batera erretiratzea zen, idazteari erabat emanda bizitzeko, errentetatik bizimodua ateraz; Virginia Woolfen gela eta dirubidearen ordaina Europaren sudur atlantikoan. Euskal idazleak idaztea ofizio huts ez izateak izan du onurarik, hala ere, idazleak oskoletik irten behar izan baitu: hitzaldiak eman, irakurraldiak egin, ikuskizunak taularatu, arizale hasi, ikastetxeetara joan (Idazle Elkartearen oinarrietako eta batasun-eragileetako bat). Horri esker, idazletza egun ez da hain eginkizun bakartia. Idazle batzuen izorramena eta irakurle askoren poza.

Barruan direnak

Musikan nola, literaturan ere tenpus jakin bat dute lan guztiek, egileak berak erantsia baina baita irakurleak berak hautatua. Askotan gertatzen zaigu harako abesti hartakoa: Geldiro, hil egingo nauzu eta. Halaxe akabatzen baititugu lanok (hain kitsch), irakurgaien itxaronzerrendak hartaraturik edo gure bizimoduaren berezko bizkortasuna ezin eztiturik. Denak behar du bere denbora, bere erritmoa. Berriki, Markos Zapiaini irakurri diot ehun urte behar lituzkeela erositako liburu guztiak irakurtzeko, eta Angel Erro ere halatsu mintzatu zaigu arestian, etsiturik. Jakina, irakurgailu digitaletan metatuak ditugun testuak irensteko, mila urte inguru behar genituzke (zer esanik ez, mp3etako kanta guztiak belarriratzeko). Bada, hala ere, ezintasun hori goititzen saiatu denik ere. Ezagun da gure mundu txikian euskal idazle editore bihurtu berri batek entzun egiten dituela liburuak autoan, irakurgailu digital batekin ahots bihurturik. Denak behar du bere denbora, ordea, bere erritmoa. Eta beharrizan hori are nabariagoa da pieza laburreko lanak irakurtzean. Poemak, ipuinak, aforismoak ezin baitira eleberriak bezala irakurri, orri-pasan; aitzitik, irakurri eta pausatu beharra dago, idazteko moldearen pleguan. Erraz da esaten, baina zail egiten. Urtarrilean, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren azken poema-bilduma irakurri nuen, zerbait handia esperoan duenaren aldarteaz. Han-hemengo iruzkinek, Angel Erroren gomendioak, itxaronaldi berantetsiek ezin zidaten huts egin, eta, orduan, nahi ez zela, oldarrean hasi zitzaidan barruko larridura. Eta, jakina, Ithakara goizegi iritsi nintzen, eta Penelopek zer afaldu nahi nuen galdegin zidan, lasterregi iristeagatik demandaka, Laertesen hil-mihisea amaitzerik izan ez zuela eta. Jokamoldearen okerraz jabeturik, om eginda, liburuari berriz heltzeko asmoa hartu nuen, Rikardori arrazoia emanez, Baietz, bitan esan beharra izan duela. Eta konturatu naiz, konturatu, gogoa apur batean denboraren estugarri horietatik libratuz gero liburua antzaldaturik agertu zaidala. Ez da literaturaren magia, inondik ere. Nori ez zaio gertatu paisaia baten mila xehetasunak oharkabean pasatzea presaka dabilelarik (lan-bilera baterako bidean, esaterako) eta halako batean, pausajea mantsoturik, mila xehetasun horiek bat-batean agerira ateratzea?

Ariketa-jolasari buru emateko, liburuak neure gogoan piztutako izenburuak asmatzen jolastu naiz (horrainokoa baita nire sormenaren neurria). Ohartu orduko, Hirudirako hitzordua iritsia zen, ordea, eta erdi-lanak ere egin gabe pentsu horiek jasotzeari ekin diot. Hona, beraz, zer argumentu, artelan, sorkari, gaixotasun bildu dituen niretzat Rikardo Arregiren azkenaren lehen herenak. Hasi aurretik, ez dezagun ahaztu irakurleak ere bere eraginak dituela, aurretik irakurritakoenak nahiz ondotik gogoan erabiliak (eraginen adiera zehatz ukronikoa baita, hasi aurrekoa eta amaitu ondokoa). Stefan Zweig-en Atzoko mundua. Mr Borges, I presume: ispilu-jokoz beteriko film labur rioplatensea. Ibai eta ni: nouvelle honetan, izadiaren aldarteak erakusten digu harreman baten akabera. Kekaumenos: Cavafisek idatzi gabeko biografia. How To Be Gay Being Gay by Richard I Queer of the Basques. Zeru horiek: margolan zerutiarren bariazioak olio maiorrean. Space Invaders: bideo-joko vintage hori. Terminal internazionala: itzultzaile baten aireportuko enkontruak (ikasketa amaierako lana). Aniztasuna ikasgelan: ikastetxeetan kulturartekotasuna lantzeko ikus-entzunezko materiala. Poeta bertsolariaren lekuan jendaurreko ekitaldietan: dirulaguntzarik gabe geratutako ikerketa-proiektua. Usher etxearen sindromea: ager-itzalka ari diren etxeek sorturiko nahaste arina. Ataraxia helburu: autolaguntzazko gida klasikoa. Esaten ez dudana da esaten dudana dio Rikardo Arregik.

Intelektual-ez

Zuek lerrook irakurri aurretik adiskide bati pasatzeko ohitura dut, ez baita komeni ageriko plazara agertzea aurretik besteren iritziak jakin gabe. Eta gaurko alea bidali nionean, halako kezka bat sumatu nion, gogortxo ari ote nintzen. Hartara, gaurko zutabetik izenak ezabatzea erabaki dut, tribuko giro ona ez zapuztearren. Izenen ordez, beraz, A1 eta A2 siglak erabiliko ditut (Julian Barnes-ek teknika postmoderno horren efektismo kaxkarra salatu arren), eta irakurleak berak bilatu dezala nortaz ari naizen, horretarako gogorik izanez gero. Azken batean, gertakariek dute garrantzia, eta ez egileek (edo ez hainbeste, beharbada). Horrenbestez, zutabearen abiabururako prest nuen intelektualen zereginari buruzko paragrafoa kendu behar izan dut. Ezabatu, besteak beste, nola Octavio Paz mexikar poetak zioen idazleak engaiatua izan behar duela, baina oharkabean alegia, ez berariaz, pastixerik edo panfletorik sortuko ez badu. Ezabatu, gisa berean, engaiatutik engainatura alde bakarra letra bat dela, kontsonante sudurkari bat hain zuzen (hitz-jokoa onegia zer sastarretara botatzeko; barka). Kontua da asteotan euskal intelligentsiak eman dizkigula intelektual ez denaren zenbait adibide. Erakusgarriok ez digute aditzera emango zer ez duen izan behar intelektualak, ezpada zer ez den intelektual bat edo, bestela esanda, nor ez diren intelektualak. Izan ere, xinplea ez da intelektuala. Esan liteke atzera egin dugula, orain muina ez dela intelektuala engaiatua den ala ez; gakoa besterik da: intelektualak ezin du sinplekeriarik esan. Izan liteke eskuineko edo ezkerreko, baina ez sinplista. A1ek dakarkigu lehenbiziko adibidea, erakunde publiko baten buru bihurtutako antzerkigile eta antzerkilaria hura: Itzulpenek ez dute balio, artifiziala geratzen delako. Fikzioa guk sortu behar dugu, euskaraz, horrek elikatzen duelako eguneroko euskara, euskarak baditu horretarako tresnak. Topiko bat da hori, adierazpen mailegatu bat, ez gogoeta beregain bat. Uste dut jarrera hori bakarrik pareka daitekeela otomandarren itzulpen-politika ataka-estuarekin, esentzialismo beranduko batekin edo beste zaharkeria gutxi batzuekin. Hala ere, A1ek hitzok esan egin zituen, eta gaitz erdi, nahiz kazetari batek idatziz jaso zituen gero (scripta manent). Euskal sortzaileen aldeko aldarriek buru-beroturiko baten adierazpenak izan daitezke, zeren, azken batean, erakunde publiko batean aritzen baita, euskal kultura atzerrian zabaldu guran.

Intelektualtasunaren gorena, ordea, A2 idazle-komunikatzaileak jo zuen, ordenagailuz jo ere, aurrez pentsaturik eta maltzurkeriaz, eta hala argitaratu zen gure arteko egunkari diglosiko batean. Hasteko eta bat, etorkinen bizkar uzten du euskararen iraupena: Kanpotik etorritakoen kopurua % 6 izan arren bakarrik, etorkizunari begira, portzentaje hori zaintzea benetan esanguratsua izango da gure herriko hizkuntzen bizikidetza orekatzeko. A2k ez die erreparatu diru publikoz euskaldundutako klase ertaineko funtzionario-jendearen hizkuntzaohiturei, nonbait. Pobreak beti dira errudun merke. Horrainokoak kultura politiko jakin baten ondorengo izan daitezke (izan gaitezen onberak), jelarekin garbituriko mundu batenak, baina hortik aurrera idatziek paroxismoraino goratzen dute arrazakeria. Kirolaz ari da, eta afrikar kirolarien nagusitasunaz, beltz izenondoari buruzko umorezko aipu eta guzti: Bestetik, [] Nazioarteko Kros Txapelketan, urtero lez, beltzak nagusi [] (kasu honetan uste dut ondo dagoela beltza terminoa erabiltzea, inork ez duela gutxiestetzat hartuko, alegia, korrikalarien artean bi mundu lehiatzen baitziren: beltzak eta gainontzekoak) []. Intelektualak jakin behar luke beltz terminoa aspaldi bere egin zutela afroamerikar kontzientziadunek, black panther, black power eta black nation lekuko, diskurtso arrazistaren sinplekeria, amorragarri izateaz gainera, irrigarri izan ez dadin, besterik ez bada ere. Bidali egin beharko nion nire adiskideari artikulua berriro, zuenganatu aurretik.

Pessoal

Aitor dut, lehengo igandean Lander Garroren artikulua irakurri orduko idatzia nuen aste honetako nirea, baina Landerren hitzak irakurri ahala, semearen soketako gora-beherak ikusi bitartean, zutabe berria idaztea erabaki nuen, egunkaria frontoian utzi aurretik (badakit, ez dator inondik ere harira aterkiak, betaurreko ilunak eta enparauak galtzeko dudan abildadea, baina, ohartuko zaretenez, derrigorra nuen gertakaria girotzea). O poeta um fingidor zioen Fernando Pessoak, eta hari hartu zizkion hitzok Sarrionandiak, polizia-etxeko tortura-saioak aletzean. Olerkaria itxurazale hutsa duzu hori Autopsikografia izeneko poeman jaso zuen portuges idazleak, aitorpen autobiografiko antzeko batean. Fingidor izenondoa, ordea, Cavalcanti Filho-ren ustean, ez da itxurazale hutsa, eraikitzailea baino, igeltseroek hormak itxuratu (fingir) egiten baitituzte penintsulako portugesez (euskaraz ere antzeko polisemia du itxuratu aditzak, bestalde). Ez da debaldeko erudizio-erakustaldia hori, ikusiko duzuenez. Zer dela eta ematen diete gaurko idazleek bizkarra errealitateari?. Horra, gutxi-asko, Landerren kezka. Artikulua aldatzeko erabakia harturik, etxerakoan, Norbanakotik kolektibora zioen pintada batek bide egin zigun zebrabide baten barrena. Gazte-erakunde berri bat eratzeko prozesuak utzitako marka zen hura, aierua niretzat. Eta beharrik zenbait pieza egokitzen lagundu zidan. Ezbairik gabe, indibidualismoaren gakoa aintzat hartzekoa da, guztiz ezaguna den arren denentzat, ia moral berri galdearen parean. Denek hitz egiten dute horretaz, ezkerreko guruek nahiz Praexku aita santu berriak. Beraz, Nia ea Bestea dituzkegu karaz kara. Nitasun ondo taxutua du eta antzeko aipuak izaten dira idazleek gogotsuen bilatzen dituzten kritikak. Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa) eta Grgoire Bouiller-en Txostena niri buruz (Pasazaite) irakurri ditut egunotan, biak ala biak nitasun nabarmeneko testuak. Jaidura hori boladan dagoela ere esango genuke, hamaika izendapen erantsirik (autofikzio, autoimitazio edo autotxoke). Meaberena bereziki buruargia da, eta argigarria, nork bere burua bistaratzeko saio horren argi-itzalak ageri dituelako, kontzientzia handiz, sigi-saga bakoitzean irakurleari ohartaraziz bai beharbada exhibizionismo-eragiketa horri honela edo hala iritziko diola baina idazlea horren jakitun dela.

Boullierren liburuak beste izari bat du, bizitza ia osoa bat hartzen baitu bere baitan, baina bitxia da zeinen antzeko diren idazkeraren aldetik bi lanok: esaldi laburrak, lotura-ardatz bat (hemen gaixotasunak, Meaberenean begia), gordintasuna... Nork ukatu, ordea, Ni txiki horiek guztiek Gu handi bat osatzen dutela, soziala eta pertsonala ez baitaude hain bereiz. Juanjo Olasagarrek maisukiro erakutsi zigun Gezurrezko maletak ederrean, iraultza pertsonalak eta sozialak ondoz ondo paraturik. Idazleak, hala, eraiki egiten du, itxuratu egiten du bere mundu hori, baina mundu hori gurearen parte ere bada, jakina. Egia da bizipenen larriak zerikusia duela emaitzan, ez direla berdin, esaterako, Bilbotik NYra abiatzea sentiberatasun goreneko bidaia nostalgiko batean, eta biziaren hegiraino bertaraino iristea eta leizean behera begiratzea. Norberaren bizikizunek nahikoa indar ez badute, fikziora erabat jotzea litzateke konponbiderik zuhurrena. Eta, hala ere, gaur egun gure gazteak atzerrira lan bila doazen bitartean, oraindik erasmusei buruzko kontakizun... belaxkak ateratzen dira, edo kosmopolitismo sotilekoak. Horretan bada, izan, halako, nola esan, fribolitate txiki bat, baina ni ez naiz nor halako obrak epaitzeko, irakurri ez ditudan liburuez jardutea bailitzateke. Eta, hala ere, Ezkerraldeko seme honek oraindik ez du testu askorik irakurri bere gaztetako industria-gainbeherari buruz, ez euskaraz, ez erdaraz. Eta, hala ere, harritzekoa al da? Ez al dugu etxean telebista-kanala berehala aldatzen Corrugadosko beharginen negar-anpuluak ezin jasanda. Ez al dugu ihes egin nahi? Ez al dugu ihes-literatura eskatzen? Koldarregiak gara.

Otzara nola bete

Liburu bat gure eskuetara nola iristen den hartu nahi nuke hizpide gaur; alegia, irakurtzeari lotu aurreko urrats ezinbesteko hori. Aurrena esan dezadan liburu-saltzaile txarra naizela, baina erosle patxadatsua, eta eskerrak, bestela honezkero liburu-metek botako ninduten etxetik erremediorik gabe. Aurreiritziak ditut lehenengo babes-lerro, eta lehenbizikoa idazle hasiberrien emaitzak mesfidantzaz hartzea. Kritika onik edo konfiantzazko baten baten gomendiorik tartean ez dela, nekez erosiko dut halako libururik. Gustuko idazleen lanek, ordea, ez dute horien beharrik izaten. Liburua zer argitaletxek plazaratzen duen ere badu zerikusia erabaki horretan. Lehengoan, lerroon lehenbiziko irakurleak esan zidan Bai, baina halako argitaletxek atera badu, niretzat bada nahikoa berme. Beste lagun batek Durangoko Azokan argitaletxe txiki bateko saltzailearekin izandako elkarrizketa ere esanguratsua iruditu zitzaidan. Saltzaileak: Aukera ona egin duzu. Eta nire lagunak: Hemen erosiak beti dira hautu onak. Beraz, editorea ere gako izaten da. Ez ditut ahotan hartuko gure argitaletxeak, baina atzerrikoetatik, esaterako, Espainian Acantilado-k edo Pre-textos-ek ateratzen dituztenak gogoko izaten ditut, edo Companhia das Letras-ek Brasilen ateratakoak, edo New Yorkeko Melville House-k ateratako nouvelleen bilduma, edo Everymans Library saileko klasikoak (izena aspaldi mudatu beharko zuen arren). Egunkarietako kritikak sarri beranduegi iristen dira erosteko erabakian eraginik izateko, eta, gainera, gaur egun ez daukat erreferentziazko bide-erakuslerik lagunarte horretan, egia esateko, nahiz tarteka esker txarreko egiteko horrek ale ederrak ematen dizkigun. Klasiko ezezagunak azaleratzen, ordea, Esti Ezkerra dugu aspaldian andre eta jabe, eta haren artikuluak irakurrita behin baino sarriagotan etorri zait liburu bat edo beste erosteko gogoa (edo bulkada). Kritikari estraofizialen gomendioak ere hor dira: adiskideenak, Twitterreko adituenak eta besterenak. Hala ere, horiek guztiak liburu-denda zapaldu aurreko urratsak izaten dira. Demagun orain liburu-dendara iritsi garela, eta zoko-miran hasiak garela. Mahaietako nobedadeen artean bila hasiko gara, ea zer dagoen. Azalei erreparatuko diegu lehenbizi. Eta azaletan denetarik bada. Gurean askotan kritika egin zaie zenbait argitaletxeri

euskarazko liburuen azalak umeentzako modukoak direla-eta. Berriki Literatura Unibertsaleko azken diseinuari ere halako zerbait leporatu diote batzuek. Diseinu soilagoak nahi, nonbait, gure arteko xorrotxenek. Hala ere, nik esango nuke azalek ez nautela inoiz limurtu, nahiz ezin ukatuzkoa den balio estetiko nabarmena izan dezaketela eta etxerako edergailu apainak izan daitezkeela (azken batean orain artekoan erositako liburu guztiak ezin baditugu irakurri, zergatik ez utzi azaloi gure ingurua edertzen). Kontrazalak edo atzeko azalak (horretan ere ezin ados jarri), berriz, gehienetan osagarri hutsak izaten dira, liburuko pasarte hautatuak jasotzen baitituzte inolako argibiderik gabe. Hedabideetako kritiken arrastorik ez da izaten euskaraz liburuetan, eta, lehenbiziko edizioan hutsune hori ulertzekoa den arren, edonork estimatuko luke, nik uste, kritikarien iritziak eskura izatea. Gure liburu-dendak, gainera, ez dira prestaturik egoten liburua hartu eta orri-pasan ibiltzeko edo han-hemengo pasarte bat patxadaz irakurtzeko. Ez dago besaulkirik edo eroso paratzeko moduko lekurik. Atzerriko argitaletxe askok irakurraldi arin horietarako modua ematen dizute sarean: lehenbiziko kapitulua osorik eskainiz PDF formatuan. Gurean, ordea, ez dago hain hedaturik ohitura osasungarri hori. Etxean denean ditugu apalategiak: gela batean kontsultarakoak, beste batean literaturakoak, beste batean erdarazkoak, logelan oraindik irakurri gabekoak mehatxari. Eta harrigarria da zer egile gutxik duten liburu bakarra gurean, eta horrek zerbait esan nahiko du, nahiz orain ez naizen gauza misterio hori zulatzeko.

Dakiguntxoa

Literatura ez da zientzia zehatza, hizkuntza ez den ber. Letretako eta zientzietako kulturak oraintsura arte aurrez aurre paratu dizkigute, elkarren aurkako balira bezala. Eta barneratu egin dugu topikoa. Lagunak esan diezazuke gauzak metaforekin ez esateko mesedez (poesia erabiliz, esan zidan harako adiskide hark), eta berdin unibertsitateko katedradun batek esango dizu halako lanpostutarako zientzietako bat aukeratu duela atalari beste ikuspegi bat emateko. Halako dardarizo bat eragiten didate aipamen horiek guztiek. Orduan, liburu bat irakurri, eta botako dizute: Utzi hitzontzikeriak, eta esan, ea, ona ala txarra da?. Jaurtigaiaren parabolaren ibilaldi zehatza behar bagenu bezala. Jos Saramago-ren O Ano da Morte de Ricardo Reis eleberrian bezala, Marcendak galdetzen dionean Ricardori ea gustatu zaion antzezlan bat. Poetak errealitateari buruz luze jardun ondoan, neskak, azkenean, galdetzen dio: Ederki, baina gustatu zaizu, bai ala ez?. Irrigarria da sinpletasun-eskari hori, baina era berean irrigarri da liburuei buruzko jardun ustez jantzi batzuen estetizismoa. Ez dut inondik esan nahi kritikaren emaitza beti elkorra denik, baina, era berean, ezin ukatuzkoa da ez dela zientzia zehatza, zientzia dialektikoa baizik, diskurtso bat garatu behar baitu ikergai duen objektuaren (liburuaren) gainean. Horretarako zenbait tresna ditu, zenbait ikuspegi: marxista, lakandarra, freudtarra, postkolonialista, estrukturalista, kultura-ikasketena, genero-ikasketena Ikuspegi horiek diskurtsoa eraikitzen laguntzen dute, eta, beharbada, liburuaren irakurle arruntaren ikusmira zabaltzen, baina ez dira objektiboak, ikuspegiak berak ere lerrokaturik baitaude. Azken batean, zergatik eskatzen diogu iritzia baten bati, esate baterako, auto berria erosterakoan? Hura fidatzekoa delako, aditua. Hitz potoloa, aditua. Aditu horrek badaki zer automobil-aukera dagoen merkatuan, badaki zer ezaugarri duen bakoitzak, aldizkariwebguneetan zer esaten duten Eta literaturak zer dela-eta izan behar du bestelakoa? Zer dela-eta ematen diogu literaturari balio erantsirik? Halako batean, bada, baten batek erabakitzen du aditua izan zaitezkeela literaturaren zer honetan, eta txoko honetan idaztea proposatzen dizu. Orduan, pentsatzen duzu: Tira, bazakiat zer aukera dauden merkatuan, denak probatu ez arren; han-hemen esaten direnen berri badiat; klasikoez ere zerbait esateko moduan nagok. Gutxi-asko, herrian autoei buruz gomendioak

ematen dizkizun horren antzera. Literatura zientzia zehatz ez izateak lasaitzen zaitu; emaitza biribilik eman behar ez izateak ere bai. Hala ere, zuk ere badituzu zure adituak literaturaren zer honetan, eta haiengana jotzen duzu iritzi eske. Autoritatea gauza handia baita; ez inork izendatutako edo inbestituriko autoritatea, ezpada urteen poderioz irabazia. Jo dezagun autoritate horri liburu bat edo ipuin bat gomendatzen diozula, zure aditu izate berriak akuilaturik, eta hark atsegin izan ez duela, edo, bestela, demagun hark oso gogoko izandako liburu bat zuri erdipurdikoa iruditu zaizula. Orduan, mihiak zorrozten hasten zarete, dialektikan murgildu, eta ia guztietan konturatzen zara ahulgune eta indargune berak antzeman dizkiozuela obrari (zilegi bekit plan estrategikoetako hizkera hori baliatzea). Kontua da batentzat pisu handiagoa dutela batzuek eta bestearentzat besteek Gustua, gustu-kontua. Eta, jakina, gustuaz ikerketa soziologikoak egin daitezke, kanonak zein diren zedarritu daiteke (eskolako irakurgaietara edo salduenen zerrendetara jota), baina hori txakolinari buruzko ikerketa soziologiko bat egitea da, ezin baitira liburuen propietate organoleptikoak aztertu laborategian. Beharbada kritikarien gustuon berri izan behar genuke: italiar neorrealistak maite ditu, ez hainbeste latinoamerikar boomekoak; Bloom-en iritziak estimatzen ditu, eta ez da askorik aldentzen indarreko kanonetik.

Inportatu

Euskaldunok, izan, ez garenez, badugu gurea kanpoan zabaltzeko halako gogo ezin bridatuzko bat. Eman ta zabal zazu mundua fruitua abesten zuen Iparragirrek, baina hark Montevideon ondu zuen Gernikako arbola, eta barkakizun da ahapaldi hori, bai eta Etxahunen Montebidorat juailiak berset erdiragarriak ere: Hau da skaldnaren sistima tristia / Hrrnian beitie bere sinhestia / Ustez aisago egin han aberastia / Deus estien lekian, zer aperentzia / Hori da arrantzra larrerat juitia. Etxahunek Abadiak antolaturiko Lore Jokoetara aurkeztu zuen berset sorta hori, baina ez zen irabazle gertatu. Nago gaur ere ez luketela sarituko Barkoxeko koblakaria, larrean arrantzan jarraitzen dugulako, eta, zer esanik ez, kanpoan dugulako sinestea. Politikan, bistan denez, hala izan da beti: JFKren esperantzan ziren jeltzaleak; Nazioarteko Bake Batzordeari begira gaurko abertzaleak. Literaturan ere bai, jakina, baina ez kanpotik barrura, ezpada barrutik kanpora. Ulertzekoa da euskaldunok, izan, ez garenez bagarela erakutsi nahi izatea atzerrian. Hala, gure arteko baten baten liburua han edo hemen argitaratzen denean laster notizia dugu hedabideetan, baita literatura-aldizkaririk ezdeusenean pare bat poema plazaratu badira ere. Gure idazleek kanpoan lehiaturik erakutsi nahi izaten dute badirela nor, besteen pareko direla. Lagun itzultzaile batek behin kontatu zidan nola estutu zuen idazle batek erdarazko itzulpena hainbat lasterren amaitzeko, erdibana itzultzeko bere burua eskainiz. Larrimin hori bizi da letra-sortzaile askoren altzoan. Larrimin horretaz luze eta zakar idatzi du Joseba Gabilondok bere azken liburuan, New YorkMartutene saiakeran. Liburuan kanporako ari diren idazleak (Atxaga eta Uribe) eta barrurako ari direnak (Saizarbitoria) bereizten ditu dialektika lakandar halako batez baliaturik. Oharkabean pasatu da liburua, baina badu jakingarririk, zalantzarik gabe. Gure txakolintasunean, ardo nahi eta ezin izate horretan, berriz, Etxepare Institutua sortu zen, eta, berriro ere, Cervantesen etsenplua hartu zuten gure agintariek, hura itxuratzean (Euskaltzaindia sortzean, Espainiako Errege Akademia eta Frantziako Akademia eredu izan zituzten ginoan). Eta hara, orain zer bururatuko, eta argitara dezagun Etxepareren liburua hamaika hizkuntzatan munduko bazter guztietako liburutegietan banatzeko (Deiak liburutegirik onenak aipatzen zituen, suhar).

Eta, hara, herri txikia gara, ez gara aberatsak (baten batek besterik uste bazuen, orain ez du dudarik izango), eta, hala ere, kanpoan jarduteak harrotzen gaitu, adoretzen gaitu. Berdin, euskalgintzan: hiztungintzan dirutzak erabiltzen dira, baina euskaldun direnei apurrak baino ez zaizkie ematen gogoa alha dezaten. Erantzun beharrik ez daukan arren, egin dezagun galdera: ez al da onuragarriagoa euskaldun sail bati kanpotik irakurgaiak euskaraz eskaintzea gure idazle baten liburu bat kanpoan argitaratzea baino? Ez al dugu bizi behar (kultura kontsumitzea ere bizi-premien artean da)? Tinko jarraitu behar al dugu euskaldun, hiztun kopuruak emendatu arte? Eta esango didazue batak ez duela bestea kentzen, eta arrazoi duzue. Ez dago halako dikotomia zurrunik. Inportazioa eta esportazioa behar ditugu, baina ez dago kultura-inportaziorako berariazko politika sendorik, ekimen batzuk badiren arren. Bai, ordea, esportaziorako. Argazki kosmopolitak ederrago dira. Bitartean, goikoen zain egon gabe, jendea lanean ari da. Sortu dira argitaletxe berriak (Pasazaite), podcastak (Xerezaderen Artxiboa), datu-baseak (Euskarari ekarriak), argitalpen digitalak (Armiarma), blogak (Elearazi) Gure berezitasunak ez gaitzala bereizi.

Itzalpean

Ghettotik kanpo liburuez noiz hitz egiten dugun ekarri nahi nuke gaur hizpidera. Ezin ukatuzkoa baita literaturazaleen ghettoan beste molde batez hitz egiten dugula letrez, mokofinezia itxuratiz nahiz zinezkoz. Jos Lus Peixoto portuges idazleak idatzitako artikulu batek ernarazi dizkit halako pentsuak: Luta de Classes (Viso, 2013ko maiatza). Oso ideia interesgarriak biltzen ditu Peixotok lerrootan. Alde batetik, dioenez, haren kulturaren oinarrian ez dago elitismorik, eta, hartara, liburu bat oso saldua izateak ez dakar, berez eta ezinbestez, hura kalitate eskasekoa izatea; bestetik, liburu batzuk gaitzespenez sailkatzeko joera salatzen du Peixotok: ba omen dira etxekoandreentzako liburuak, esaterako. Batzuetan irudipena izan dut gazte-literatura izendapena ere gutxiesgarria ez ote den uste baino gehiagotan. Tira, egingo nuke askotan eragiketa errazegi bat egiten dugula: saldua=txarra. Azken batean, pentsamendua sinpletzeko modu bat da hori, eta, aizue, aurreiritziak ezinbesteko ditugu liburusamalda horretan hautuak egiteko: babes-mekanismo bat da, ezin baitugu enpirikoki egiaztatu salmahaiko liburu guztiak onak diren ala ez (eskerrak kritikariek arintzen diguten egiteko hori). Horretan ari nintzela, gogora etorri zait zenbat bider egin didaten berba Grey-ren itzal ospetsuez azkenaldian, ghettotik kanpo betiere. Ikastolako gurasoen kopauetan ere behin baino sarriagotan hartu ditugu ahotan, gaiak berez txantxarako ematen duen aukeraz baliaturik: ea latexa edo larrua hobea den; ea nola hobetu den bakoitzaren maita-bizitza; ea irakurri al duzuen nola emakume batek eskatu zion dibortzioa senarrari liburuko kutixiak egin nahi ez izateagatik Horrek erakusten du oraindik sexuaz bromaizean baino ezin dugula hitz egin talde zabaletan, baina, baita ere, trilogia horrek egundoko arrakasta izan duela, eskolaz geroztik libururik irakurri gabeko batek edo bestek liburuok irensterainokoa. Nik, ordea, ezin dizuet liburu sail horren on-gaitzez jardun, ez baitut alerik ere irakurri, eta uste dut, seguruenez, Anas Nin-en Venusen deltarekin bete dudala aurtengo literatura erotikoaren kuota (atseginez bete ere). Hala ere, bistakoa da liburuak bere bidea egin duela, eta eragin estaligordeak izan dituela askoren intimitatean ere. Adiskide batek lehengoan esan zidan tapper-sex saio bat antolatzekotan zela bere etxean. Eta, hara, tabu batzuk eranzten lagundu badigu, gaitzerdi. Ez al gara beti erostaka ibiltzen literaturaren eragin apalaz?

Artikuluko erdi-lanak beteta nituela (ez pentsa dena idatzaldi bakarrean ateratzen denik beti), amak hots egin zidan gure izeko zahar bat ospitalean zegoela etsipena harturik, eta, inpentsan, artikulu honekin gurutzatu zitzaidan haren irudia. Gure amamak goizeko ordu txikiak arte Boxeo izarrak ikusten zuen bitartean, gure izeko Julik liburuak irakurtzen zituen, gehienak nobela beltzak eta azkenaldian eskandinaviarrak (astean hiru, agidanez). Laurogeita hamabost urtetan ez zuen baztertua ohitura hori, eta askotan berotu egiten zen eta goizaldera arte liburuari helduta egoten zen hura ezin utzirik. Ez ziren maila gorengo liburuak izango, baina bai buru-ariketa bikainak harentzat. Lehengoan beste adiskide batek idatzi zidan esku artean zuen itzulpen bat zela kontu. Ironiaz ziostan kalitate handiko literatura zela hura (haurrentzako liburu sail koloretsu horietako bat), baina niri iruditu zitzaidan halakoen beharra ere badagoela, ezin baikara gogoeta sakonei emanda bizi egun osoan: atsegin hartzeko edo minak kentzeko liburuak ere behar ditugu. Azken batean, literatura, goi-arnasarik edo borrokarako deirik gabe ere, beste gauza franko izan daiteke: terapeutikoa, gizarteratzailea nahiz isolatzailea, amets-eragilea, solasgaia, denborabetegarria, lasaigarria nahiz pizgarria, musikala, bidaztia, jostagarria, bakardade-galgarria

Maletarenak

Bidaian abiatu aurretik, kulero-galtzontzilloak zenbatzeaz batera (buru-eragiketa bitxia, inondik ere), beste buru-hauste bat izaten du bagaje-atontzaileak: zer liburu eraman erabakitzea. Eta horretan dago nire ezagun bat ere, zuetako asko bezala. Gogo-aldarte nahasi samarra izaten da halakoetan. Demagun Italiara joatekoa dela liburuaukeratzailea, eta ez duela leku faltarik izango, popotan joatekoa baita. Demagun musika hautatzen ez duela lanik izan, azkenaldian Pirritx & Porrotx erabat nagusitu baitira bidaldi luzeetan. Ohe ondoko apalategira hurbiltzen da nagiturik, han lo baitautza irakurri gabeko irakurgaiak. Liburuek ez daukate ex-libris dotorerik, baina agerian dute non-noiz erosi diren, epitafio apal gisara. Apalean dauka Cesare Paveseren The Selected Works of C.P. bilduma (2007ko abendutik), lantzean-lantzean zabaldua eta aldez irakurria. Egokia izan liteke bidaiarako, oporlekuaren zaporea emendatzeko-edo. Edo egokiagoa al da bueltarako gordetzea, Italiako egunetako barea hainbat gehien luzatzeko? Ut, ut, bidaia-gida aski izango da. Ondoan, badira gure literaturako bi emaitza mardo, Twist eta Martutene (biak ere 2012ko apiriletik), arnasaldi luzekoak eta halako abagune baten esperoan gordeak. Hara, zalantza egin du: ez luke gure berunezko urteetako kontakizunik nahi bere buruan, San Gimignano-ren gorako joranak azpian hartzen duenean, demagun. Denbora aproposa, lekua afrusa. Beharbada, ezinbesteko beste liburukote batzuk paretik kentzeko tertzioa izan liteke. Thomas Mann-en La montaa Mgicak (2012ko abendutik) eta Musil-en The Man Without Qualitiesek (2010eko urritik) altxatzen dute besoa. Musil-enak lehentasuna leukake, aspaldi hasia baitu aukeratzaileak, eta laket izan zitzaion irakurritako apurra, baina hain da, nola esan, austrohungariarra, eta luzea (hamabost egun aski izango al dira?). Mann-ena freskagarri izan liteke Ferragostoko bero errean, baina Literatura Unibertsala bildumako liburuak ere zain dauzka bagaje-atontzaileak (batzuk bilduma osatze hutsagatik erosiak), bai eta Elkarrek aspaldi kaleratutako itzulpen haietako batzuk ere (tartean Faulkner-en Santutegia). Melville (2012ko azarotik) eta Proust (2010eko azarotik) agertu zaizkio xarmagarrien. Liburuzalearen betebeharra eta plazera aise nahas baitaitezke lerroaldeotan.

McEwan-en Hoben-ordaina ere (2013ko otsailetik) kilikagarri zaio, baina ez al da hobe filma erabat ahaztu arte itxarotea, interferentziak saihesteko? Andre Lonjo-ren Hamar (2012ko uztailetik), berriz, oso propiyoa litzateke, Italian girotua baitago, baina hegoaldekoegia ote den gure bidaiaren koordenatu ipartarretarako (eta lehengo ardura bera: itzuli osterako uztea hobe ez ote den). Saiakerak ere lausengari dabilzkio: Bloom-en pare bat liburu, Pruden Gartziaren La Espaa metafsica (2012ko irailetik), J.M. Olaizolaren El protestantismo en el Pas Vasco (2013ko urtarrila) Bloomenak behingoan baztertu ditu, klasikoez irakurri baino klasikoak irakurtzea onuragarriago delakoan. Gartziarena ere bai, horixe beharko baitzuen: espainiar uztarpea Italiaraino eramatea. Olaizolarena, aldiz, o, interesgarri da, eta probetxua atera liezaioke euskal itzultzaile protestanteez idazten ari den artikulutxoetarako. Orduan, ez bat ez bi, itzulpengintzaren historiari buruzko testu multzora lerratu zaizkio begiak. Ez dira gutxi: bat, bi, hiru dozena bat (Venuti, Woodsworth...). Kontzientziaren harrak hozka egin dio sabelaldean. Baso bete ur hartzera joan da ezkaratzera. Han, Garazi Arrularekin batera euskaratzen ari den Scott Fitzgeralden kontakizun-bildumarekin egin du topo, izenbururik gabe espiralarekin koadernatua hura. Semearen gelara sartu, eta Irrien lagunen aldizkariko ale batzuk hartu ditu; maletan sartu ditu txukun-txukun, kopuru doiko galtzontzilloen ondoan. Maleta itxi eta behegainean utzi du, oheratzeko apalategiko liburu artegen ondoan. Ez ahal diote loa galaraziko.

You might also like