You are on page 1of 18

ESTILOAREN OSAGAIAK

W. Strunk-en The Elements of Style euskaraz

Idazkolako takatekoak
SARRERA

Ia urtebetez aztertu dugu W. Strunk-en The Elements of Style (1918) eskuliburua gure
blogean. Jakina, ingeleserako balio duten guztiak ez dira baliagarriak euskararako, eta,
alderantziz ere, beste horrenbeste esan liteke.
Liburua berariaz hautatu dugu, oinarri-oinarrizkoa delako. Gainera, Estatu Batuetan
idazkera-libururik erabilienetako bat izan da, eskola nahiz bulegoetan. Beraz, badu
berme nahikorik. Estiloa hobetzeko hemezortzi gomendio jasotzen ditu egileak, eta,
horiekin batera, aurkezten tipografia-ohar batzuk eta gaizki erabilitako hitz eta
esapideen zerrenda bat.
Liburuaren lehenbiziko edizioa erabili dugu, denetan bakunena. Geroztik, beste atal
batzuk erantsi zizkion E.B. White irakasleak, 1959an; hargatik, gaur egun, Strunk and
White izena ematen zaio liburuari. Oso-osorik duzue sarean: hemen eta hemen.
Irakurleak, orobat, kontuan izan beharko du ingelesezko edizioko atalen zenbakiei eutsi
zaiela, jatorrizkoari aiseago segitzeko, eta letra etzanezkoak guk gehitutako argibideak
direla, testua gure beharrizanetara hobeto egokitze aldera.
Egunen batez, agian, lan hau osatuko dugu, laugarren ediziokoak ere aletuta. Gerokoak
gero.
II. OINARRIZKO ERABILERA-ARAUAK

3. Adierazpen parentetikoak koma artean sartu

Ez da erraza gomendio hau aplikatzea; sarritan zaila izaten da erabakitzen ea hitz bakar
bat (beraz edo beharbada, esaterako) edo perpaus labur bat parentetikoa den ala ez.
[Parentetikoak parentesi artean sar litezkeen osagaiak dira].
Bihar(,) beharbada(,) ez naiz joango lanera.
Ariketa fisikoa(,) berez(,) ez da ona bihotzerako.

Parentesi artean idatziz gero, bateko, esaldiak irakurtzean inflexio, koska, txiki bat egin
behar da komen parean, eta, besteko, semantikoki hanpatu egiten dira koma arteko
osagaiak.
Adierazpen parentetikoak bezala, mendeko perpausak ere koma artean sartzekoak dira,
non eta ez diren perpaus osagarriak.
Etxera itzuli zenean, hura izan zen anabasa aurkitu zuena!
Ez zuen zekien guztia kontatu, etxekoak ez mintzearren.

Baina:
Mireni esan zion asteburuan mendira joango zela.

Esan dezagun, hala ere, mendekoa galdegaiaren lekuan (aditz nagusiaren atze-atzean
edo aurre-aurrean) ageri bada koma hori kentzekoa dela.
Zentzatzen zarenean deitu telefonoz, eta hitz egingo dugu.

Idazle zuhurrak ez lituzke lotu behar perpaus beregainak komen bidez.


4. Juntagailuaren aurretik koma jarri, perpaus koordinatuak lotzean
Hiriko agiririk zaharrenak galdu dira, eta haren sorrerako historia ezin osa
dezakegu.
Egoera arriskutsua da, baina oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.

Eta da lotura-partikuletan orokorrena, xehetasunik gabekoena. Perpausen artean


erabiltzen denean, bi perpausen artean nolako edo halako lotura dagoela adierazten du,
ezer ere zehaztu gabe. Adibidean, lotura kausa-ondoriozkoa da. Bi esaldiak honela
berridatz litezke:
Hiriko agiririk zaharrenak galdu direnez, ezin osa dezakegu haren sorrerako
historia.
Egoera arriskutsua izan arren, oraindik badago onik ateratzeko aukerarik.

Bi zatiko esaldietan [perpaus koordinatuetan], juntagailu batek aurkezten badu bigarren


zatia, koma jarri beharko da juntagailuaren aurretik.
Ez zuen ahoa zabaldu, ezta ahaleginik egin ere.

Bigarren zatia lokailu batek aurkezten badu, berriz, puntu eta koma erabiliko da, koma
barik.
Ez zuen ahoa zabaldu; hala ere, ahalegina egin zuen.

Bigarren zatiaren barruan [bigarren perpausean], mendeko perpaus bat edo


aurkezpeneko bat badago, ez da komarik erabili behar juntagailuaren ondoren.
Egoera arriskutsua da, baina# berehala esku hartzeko prest bagaude, oraindik
badago onik ateratzeko aukerarik.

Esan dezadan ez daukadala oso garbi azken hori hala den; alegia, egoera horretan
juntagailuaren ondoren koma behar duen ala ez. Izan ere, baldintzazko perpausa
parentetikotzat har liteke (Strunk-en beraren terminologia erabilita).
Egoera arriskutsua da, baina[, berehala esku hartzeko prest bagaude,] oraindik badago onik
ateratzeko aukerarik.

Dena den, aburua interesgarria da. Ezin uka.


5. Perpaus beregainak ez lotu komen bidez

Bi perpausek edo gehiagok, gramatikalki osoak izanik eta juntagailuen bidez loturik
egon gabe, esaldi konposatu bat osatzen badute, puntu eta komaz elkartzea da egokiena.
Stevensonen eleberriak entretenigarriak dira; abentura zirraragarriz beterik daude.

Ia bost eta erdiak dira; ezin gara hirira heldu ilundu aurretik.

Bi adibide horietan, jakina, puntuak erabil daitezke puntu eta komen ordez.
Juntagailu edo menderagailurik sartuz gero, berriz, koma da marka egokia.
Stevensonen eleberriak entretenigarriak dira, zeren eta abentura zirraragarriz
beterik baitaude.

Ia bost eta erdiak dira, eta ezin gara hirira heldu ilundu aurretik.

Dena den, puntu eta koma erabiltzea aukerarik onena da, bi perpausen arteko harreman
estua iradokitzen baitu argien: puntuak ez du halakorik egiten, eta juntagailu-
menderagailuek esaldi luzeagoak eta, batzuetan, behartuagoak sortzen dituzte.
Adibidean, kausa-ondorio harremana dago bi perpausen artean.
Ohartu bedi irakurlea bi perpausen artean testu-markatzaileren edo adberbioren bat ageri
bada (esaterako, beraz, gainera, orduan, hala ere...), eta ez juntagailu-menderagailurik,
nahitaezkoa da puntu eta koma erabiltzea.
Arau horrek baditu bi salbuespen: perpausak laburrak eta antzekoak badira, koma onar
daiteke.
Amak esan, guk egin.

Etxera joan, afaria prestatu, eta telebista aurrean jarri zen.

Lehenbiziko kasuan, esaerak, atsotitzak, esaldi klixetuak sar daitezke.


Bigarrena zinez interesgarria da. Aditz laguntzailearen elipsia dagoenean nolako
puntuazioa erabili erakusten digu; perpausak sinple samarrak direnean, bederen. Ez
pentsa, buru-hauste bat baino gehiago ekartzen dizkigu horrek.
Liburuaren bigarren arau edo gomendioan (ez dugu erabili laburpen antzeko honetan),
etsenplu adierazgarri hau dago:
Gutuna ireki, hura irakurri, eta ohar batzuk hartu zituen.

Hala ere, esan dugunez, egitura konplexuetan puntu eta koma baliatu behar genuke
elipsietan, batik bat perpaus bakoitzaren barruan komarik ageri bada.
Gutuna ireki, barruan zer zegoen ikusteko; hura irakurri, eta ohar batzuk hartu zituen.
7. Adberbio-esapideak aurrean daudenean perpaus nagusiko subjektuari dagozkio

Errepidean barrena astiro zebilela, emakume bat ikusi zuen bi haurrekin.

Zebilela adizkia perpaus nagusiko subjektuari dagokio, ez emakumeari. Idazleak


emakumeaz halakorik esan nahi izan balu, birformulatu behar zukeen esaldia.
Emakume bat ikusi zuen bi haurrekin, errepidean barrena zebilela.

Arau hau hausten duten esaldiak barregarriak izaten dira usu.


Egoera negargarrian egonik, oso merke erosi nuen etxea.

Ez dakit adberbio-esapidea (denborazko edo moduzko perpausak...) atzeratzea


konponbiderik seguruena ote den beti. Hala ere, funtsezkoa da ohartzea egoki atondu
behar direla perpaus osatugabe horiek (ageriko subjektua ments duten aldetik,
osatugabe). Aukera batzuk badira, behintzat.
Etxea, egoera negargarrian zegoenez, oso merke erosi nuen.

Emakume bat ikusi zuen bi haurrekin, errepidean barrena zebiltzala.

Kasuan-kasuko askabidea aurkitzea da kontua.


III. IDAZKUNTZAREN FUNTSAK

8. Paragrafoa testuaren unitate gisa erabili: paragrafo bat, gai bat

Paragrafoa idatzi ondoren, hura banatzea mesederako den aztertu.


Gaiak paragrafoka banatzearen helburua agerikoa da: irakurleari laguntzea. Paragrafo
bakoitzaren hasiera seinale bat da, gaiaren garapeneko beste urrats bat adierazten duena.
Eleberrigintzan, esaterako, bilakaera handia izan du paragrafoen antolaerak.
Flaubert-ek, esaterako, bere lanen azken edizioetan batu egin zituen paragrafoak,
eleberrigintza antzerkigintzatik urruntzeko asmoz. Kontzientziaren isuriaren estreinako
zantzuak izango ziren haiek.
9. Araua da paragrafo bakoitza gako-esaldi batekin hastea eta horren arabera
amaitzea

Gomendatzen dugu paragrafoaren asmoa hasieratik bertatik agertzea, eta asmo hori
gogoan izatea amaierara arte.
Guztiz baztertzekoa da digresio batekin amaitzea, edo xehetasun hutsal bat emanda.

Paragrafoa idatzi luzeago baten zati bada, adierazi behar dira aurreko testuarekiko
loturak edo testu osoarekikoak.
Paragrafoaren gorputza era batera baino gehiagotara lotu hasierako gako-esaldiarekin.
Gako-esaldiaren esanahia argitu daiteke, beste modu batera formulatuz, hura zehaztuz,
aurkakoa ezeztatuz, azalpenak edo adibideak emanez; edo garatu egin daiteke, haren
ondorio eta loturak erakutsiz.
11. Baiezkako adierazpenak egin

Adierazpen argiak egin. Hizkera geza, belaxka, zalantzatia saihestu. Ezezkako moldeak
soilik erabili ukazioak edo antitesiak aurkezteko.
Ez zen askotan garaiz iristen. > Oso gutxitan iristen zen garaiz.

Ez dut gogoratzen zure izena. > Ahaztu dut zure izena.

Arau gisa, komeni da ezezkako esapideak baiezka aurkeztea. Euskaraz, ez+izenondo


egiturak tai gabe ugaldu dira.
ez-garrantzitsu > hutsal, garrantzirik gabe

ez-kontrolatu > kontrolgabe


12. Hizkera zehatz eta doia erabili

Idaztearen artea aztertu duten guztiak bat datoz esatean irakurlearen arreta handitzeko
edo atxikitzeko modurik seguruena dela zehaztasunez eta doitasunez idaztea.
Ez dira xehetasun guztiak eman behar; ezinezkoa litzateke, eta, gainera, hori ez da
helburua; baina xehetasun esanguratsu guztiak eman behar dira, eta ez modu lausoan.
«Adierazpen zehatzen nagusitasuna zor zaio, hain zuzen, hitzak pentsamendu
bilakatzeko ahaleginari, ez baitugu abstraktuan pentsatzen konkretuan baino» (Herbert
Spencer: Philosophy of Style).
13. Debaldeko hitzak baztertu

Idazkera ahaltsua zehatza da. Esaldi batean, ez litzateke alferreko hitzik izan behar, edo
paragrafo batean, alferreko esaldirik; hain zuzen ere, margolan batek debaldeko
marrarik edo makina batek alferreko zatirik ez duten arrazoi beragatik.

Horietariko batzuk erlatibozko esaldiak dira.


?Ezetz esaten ez dakien pertsona da hura.

Hark ez dakit ezetz esaten.

Zehaztasunaren legea urratzeko modurik arruntenetako bat da ideia bakun bat, urratsez
urrats, hainbat esaldi edo perpaus beregainen bidez ematea, esaldi bakar batean egoki
moldatu beharrean.
Macbeth handinahia izan zen. Horrek eraman zuen Eskoziako errege izan nahi
izatera. Sorginek esan zioten nahi hura bete zezakeela. Garai hartan, Duncan zen
Eskoziako errege. Emazteak bultzaturik, Macbethek hil zuen Duncan.
Horrenbestez, Duncanen lekua hartzeko gai izan zen. (38 hitz)

Emazteak bultzaturik, Macbethek, bere handinahia asetzeko, Duncan hil zuen, eta,
sorginen iragarpena betez, Eskoziako errege bihurtu zen. (17 hitz)
Kontu handiz hartu beharreko gomendioa dugu hau, zeren sarri askotan dena esaldi
bakarrera ekartzea onerako barik kalterako izaten baita, batez ere idazlaria guztiz
trebea ez denean. Ez dezagun ahaztu euskara ez dela ingelesa bezain eroso ibiltzen
periodo luzeko idatzietan.
14. Esaldi lokabeen sortak baztertu

Juntagailuz edo erlatiboz loturiko bi perpauseko esaldi lokabeen zerrendak saihestu


behar dira.
Atzo iluntzean izan zen bazkideentzako zikloko hirugarren kontzertua, eta ikusle
asko erakarri zituen. Edward Appleton bakarlaria aritu zen kantuan, eta Bostongo
Orkestra Sinfonikoa musika jotzen. Bakarlariak lehen mailako artista zela erakutsi
zuen, eta orkestrak frogatu zuen ondo merezia duela bere ospe ona. Zikloak
piztutako interesak gogobete ditu antolatzaileak, eta urtero antzeko zikloak
eskaintzea pentsatzen hasi dira. Laugarren kontzertua maiatzaren 10ean
(asteartearekin) izango da, non beste programa erakargarri bat aurkeztuko baita.

Paragrafoa, belaxka eta ezdeusa izateaz gainera, guztiz ahula da, esaldien simetria
mekaniko eta errepikakorra dela eta.
Monotonia hori eteteko, erabil daitezke esaldi bakunak, puntu eta komaz loturiko
perpausak, eta hiru perpausek (nagusi nahiz mendekoek) osaturiko esaldiak. Testu-
markatzaileak baliatzea ere ez da ideia txarra.
Ikusle asko izan ziren atzo iluntzean bazkideentzako zikloko hirugarren kontzertuan.
Edward Appleton bakarlariak eta Bostongo Orkestra Sinfonikoak, biek ala biek, erakutsi
zuten ondo merezia dutela beren izen ona. Zikloak piztutako interes handia dela eta,
antolatzaileak pentsatzen hasi dira urtero antzeko zikloak eskaintzea. Laugarren kontzertua
maiatzaren 10ean (asteartearekin) izango da. Orduan ere, beste programa erakargarri bat
aurkeztuko da.
15. Ideia lotuak gisa berean adierazi

Egitura paraleloetan, eduki eta funtzio bertsuko adierazpenek beharrezko dute itxura
antzekoa izatea.

Idazle hasberriek sarri urratzen dute arau hau, adierazmoldea etengabe aldatu beharra
dagoelakoan.
Lehen, ikasliburuen bidez irakasten zen zientzia; orain, laborategiko metodoa
erabili ohi da.

Lehen, ikasliburuen bidez irakasten zen zientzia; orain, laborategiko metodoaren


bidez.

Lehenbiziko formulazioak zalantza edo herabetasuna du agerian; bigarrenak, aldiz,


idazleak bere hautua egin duela eta eutsi egiten diola.
Eta antzeko ideiak asko badira (hogei, egin dezagun)? Orduan, idazleak pentsatu
beharko du ez ote den hobe izango taula batean denak ematea.
Strunk-en gomendioa lausoa izan daiteke. Esan dezagun irakaslearen asmo bakarra
zela nabarmentzea adierazpen paraleloak egitura bertsuen bidez ematea argigarria
dela, ez besterik.
16. Lotura estuko hitzak ez banatu

Hitzen kokapenak erakusten digu, nagusiki, zer harreman duten berbek beren artean
esaldian. Beraz, idazleak, ahal dela, ez ditu banatu behar gogoan loturiko hitz multzoak.
Subjektuaren eta aditz nagusiaren artean ez da perpausik tartekatu behar, aurreratu
baldin badaiteke.
?Wordsworth-ek, Txangoaren bosgarren liburukian, xeheki deskribatzen du eliza
hau.

Txangoaren bosgarren liburukian, Wordsworth-ek xeheki deskribatzen du eliza


hau.

Arau horrek ez du balio erlatibozko perpausetarako edo aposizioetarako, ezta, suspensea


sortzeko, esaldia nahita eteten denerako.
Bestetik, erlatiboak bere aurrekariaren ondotxoan agertu behar du.
Garrantzi handikoa da hitzak egokiro kokatzea esaldian, batez ere hizkuntza
postpositiboetan (seinaleak amaieran ageri baitira). Horren erakusgarri paregabea
dugu perpaus osagarrien antolaera.
?Mikelek esan zion etxean ez zegoela lanik.

Etxean Mikelek esan zion ez zegoela lanik.

Mikelek esan zion ez zegoela lanik etxean.

?Arrebak esan zidan, etxera iritsi zenean, liburua aurkitu zuela.

Arrebak, etxera iritsi zenean, esan zidan liburua aurkitu zuela.

Etxera iritsi zenean, arrebak esan zidan liburua aurkitu zuela.

Liburua etxera iritsi zenean aurkitu zuela esan zidan arrebak.

Izan ere, ahoz, prosodiak lagundurik, nahasgarri ez direnak ilun izan daitezke idatzian.
Hala ere, puntuazio doiak eta kokapen egokiak gainditu ditzakete behaztopa-harri
horiek.
17. Laburpenetan, aditz-aldi bera erabili

Antzerki-lanen laburpenetan, idazlariak orainaldia erabili behar luke. Poemak,


kontakizunak edo eleberriak laburbiltzean ere, komeni da hala jokatzea, baina
iraganaldia ere aukerakoa da, hala nahi izanez gero. Laburpenak orainaldian egitean,
aurretiko gertaerak orainaldi burutuan adieraziko dira.
Aldi batetik bestera, etengabe, aldatzeak ziurgabetasuna edo zalantza iradokitzen du.
Besteren adierazpenak edo usteak aurkeztean, baita saiakerak laburbiltzean edo
hizketaldiak jasotzean ere, idazlariak honelako esapideak saihestu behar lituzke: hark
esan zuen, hizlariak erantsi zuen, egileak uste du... Hastetik beretik adierazi beharra
dago testua laburpen bat dela, aldiro alferreko oharrik egin behar ez izateko.
V. GAIZKI EDO ALFERRIK ERABILITAKO HITZ EDO ESAPIDEAK

Ez dugu landuko liburuko IV. atala («A few matters of form»). Ez du interesik guretzat:
ingeles tipografia, ortografia eta puntuazioko arau gutxi batzuk baino ez ditu biltzen.
Bosgarren atala lantzean, euskarazko testuetan debaldetan baliatu ohi diren zenbait
hitz eta esapide kontuan izan ditugu, gehienak aipatu ez arren Strunken liburuan. Dena
den, komeniko litzateke gaia xehekiago jorratzea, hots, kalkozko idazkera eta hitz-jario
eder-ustekoa.

Bestek
Komunztadura singularrean egiten du.
Besteri esaten zaiona aintzat hartzen du Enekok.

... d(u)en pertsona da


?Mikel oso abegikorra den pertsona da.

Mikel oso abegikorra da.

Elkarren desberdinak
*Bi anaiak elkarren desberdinak dira izaeraz.

Bi anaiak desberdinak dira izaeraz.

Bi anaiek izaera desberdina dute.

Edutezko izenordainak
?Anek bere bizikleta eraman zuen oporretan.

Anek bizikleta eraman zuen oporretan.

Era
?Era zakarrean erantzun zion irakasleari.

Zakar erantzun zion irakasleari.

Zakarki(ro) erantzun zion irakasleari.

Hurrenez hurren
?Jone eta Iñaki, hurrenez hurren, Koreara eta Japoniara joango dira oporretan.
Jone Koreara joango da oporretan, eta Iñaki, Japoniara.

Kasu
*Lanerako aukeratzen dute kasuan, bihar bertan hasi beharko du.

Lanerako aukeratuz gero, bihar bertan hasi beharko du.

Konparatuta
?Europarekin konparatuta Asian basamortu gehiago dago.

Asian Europan baino basamortu gehiago dago.

Kontsideratu
Hiztegi Batuaren arabera «gogoan erabili, gogo eman» esan nahi du, eta zahar-marka
darama.
*Eddy Mercx txirrindularirik onena kontsideratzen zuen.

Eddy Mercx txirrindularirik onentzat (jotzen/hartzen) zuen.

Eddy Mercx txirrindularirik onena zen harentzat.

Literalki
*Lurrikarak, literalki, irentsi egin zuen herri osoa.

Esan daiteke lurrikarak irentsi egin zuela herri osoa.

Lurrikarak «irentsi» egin zuen herri osoa.

Nolabait
*Irailaren 11ko atentatuek nolabait aldatu zuten estatubatuarren segurtasunarekiko
jarrera.

Irailaren 11ko atentatuek, neurri/hein batean, aldatu zuten estatubatuarren


segurtasunarekiko jarrera.

Konturatuko zinetenez, gutxi dira erabateko galarazpenak zerrenda horretan, eta asko,
prosa soiltzeko eta doitzeko gomendioak.

Liburuko VI. eta VII. atalak ere («Spelling» eta «Exercises on Chapters II and II») ez
ditugu landuko hemen, euskal irakurlearentzat interes gutxiko direla iritzirik.

You might also like