You are on page 1of 6

MARI

BADITU BESTE IZEN BATZUK ERE. Nafarroako eskualdean, MARIBURUTE,


Udaben, eta MARIMUR, Leitzan; Bizkaian, MARIURRAKA, MARUBURRIKA,
Garain eta Berrizen; Gipuzkoan, ANBOTOKO DAMA, Zarautzen, MURUKO
DAMEA, Ataunen, eta AKETEGIKO SORGINA, Zegaman; Zuberoan, Santa-Grazi
aldean, BIDEKO EMAZTE XURIA deitzen diote, Nafarroa Beheran, Bidarrainen,
ARPEKO SAINDUA, eta Oiartzunen MAIA.

Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da Mari, beste jeinu guztien buruzagia edo
nagusia. Lurraren pertsonifikazio andrazko honek, jaungoiko zerutiarrak iritsi aurretiko
herri matriarkalek gurtzen zuten mito lurtarren zantzuak ditu. Naturaren eta beronen
osagai guztien erregina da. Argi dagoela ematen du pertsonaia hau kristautasuna gure
herrira iritsi aurrekoa dela, eta aspaldiko euskaldunentzat jainkosa maila izango zuela.
Mariren ezaugarriak kontuan izanda, badirudi Europako mitologia zaharreko jainkosa
batzuekin izan dezakeela zerikusia; besteak beste, greziarren Persefone-rekin,
erromatarren Proserpina-rekin, edota eslaviarren Mati Zemilia ‘ama lurra’rekin.

Izen ugari hartu izan ditu, baina zaharrena Mari dela ematen du, eta, askotan, agertzen
den lekuaren izena eramaten du alboan: Txindokiko Mari, Anbotoko Mari, Mari
Muruko… Ez dirudi Maria kristau deituraren laburdura denik bere izena; aldiz, ematen
du euskal mitologiako beste pertsonaia zahar batzuekin, Mairirekin, Maiderekin eta
Maindirekin duela zerikusia.

Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean


zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea,
pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako
laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie;
aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu. Lapurrei lapurtu dutena kentzen die; eta
harrokeria erabili duenari, zertaz harrotu den, hura kentzen dio.

Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren
arteko oreka mantentzen du. Naturaren erregina da, eta, Mari hurbil denean, ekaitza
etortzen da. Leku askotan joaten ziren Marirengana kazkabarra uxatzeko eskatzera.
Horretarako, haren haitzulo sarreran, meza ospatzen omen zuen herriko apaizak. Horrek
adierazten digu, herriak kristautasuna bereganatu ondoren ere, ez zela desagertu
Marirenganako sinesmena.

Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu. Durangon,
eskuetan urrezko jauregi bat duela; Amezketan, lau zaldik daramaten gurdi baten
gainean zerua zeharkatzen ikusi izan dute; Oñatin, ahari baten gainean. Animalia
itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere
azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan. Bere haitzulo sarreran, ondoan ahari bat
duela ere agertzen da, hori baita bere animalia kuttuna. Anbotoko kobazulo aurrean,
ahariaren adarrean urrezko hari mataza bat biltze n ere ikusi izan dute.

Mari, pertsonaia mitologiko lurtarra den heinean, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik
nahiz osinetatik kanporatzen da. Leku askotan ikusi izan da, baina zulo entzunenak
hauek dira: Balzola, Diman; Supelaur, Orozkon eta Anboton; Atxorrotx, Eskoriatzan,
Zaldiaranen eta Aketegin; Agamunda, Ataunen; Murumendi, Beasainen; Marizulo,
Amezketan; Akelarre, Zugarramurdin; Lezia, Saran, eta abar. Norbait Mariren
bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen
bazaio, beti hika hitz egin behar dio, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio
inoiz bizkarra eman behar Mariri.

Mariren senarra Maju jeinua dela kontatzen dute Oñatin; aldiz, Goierriko elezaharrek
Sugaar dela esaten dute. Bere semeak Mikelats eta Atarrabi jeinuak omen dira.

Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik
desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa
hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo
kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan,
altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak
urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan
ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira
artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi
zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo
zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino
gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi
galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten
sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi
ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion
neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek
herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena
egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu
zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan
asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak
ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean
pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara.
Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen
ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska
pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara
egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.

Murumendiko dama Beasain udalerriko baserri batekoa omen zen. Hamar seme izan
omen zituen. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Beti gaixo
zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen mezatara joaten.
Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola
gehiago onartuko berretsi zion. Honela bada, bere gurdira igoarazi eta indarrean
mugiarazi zuen.
Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen
bistatik desagertu zen.
Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere
bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.

Behin batean Aralar mendilerroko artzain bati aharia harrapatu omen zion Anbotoko
Andreak. Artzainak galdetu omen zion Andre sorginari ea non zen aharia.

-“Nire sukaldean”, erantzun omen zion Anbotoko sorginak.

-“Emango al zenidake, arren?”

-“Bai, baldin bahator.

Artzainak fraide batekin hitz egin zuen aholkua eskatuz, eta horrek esan omen zion
Anbotoko Andrearen leizera aurreraka sartu eta atzeraka irteteko. Hala joan omen zen,
eta ahari hori buruko omen zeukan sorginak. Adarretatik heldu eta atera omen zuen
atzeraka aharia. Orduan Andreak esan zion:

-“Eskerrak eman iezaizkiok hi etorri bezala atera izanari, bestela hemen gelditu
beharko huen”.

AKERBELTZ

AKERBELTZ edo AKER

Gutxienez, Euskal Herriko 15 lekutan agertzen da jeinu hau. Oso ezaguna da, beraz; baina
ezagunena Nafarroako Zugarramurdin aipatzen dena da.

Aker beltz baten itxurako jeinua da hau. Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi
azaltzen da. Ezaugarri onuragarriekin agertzen zaigu batzuetan, eta beste zenbaitetan bere
alde iluna erakusten digu. Alde ona erakusten duenean Mariren antzeko dohainekin agertzen
zaigu, eta zenbait jeinuren nagusia edo buruzagia da. Ahalmen horiez gain, eragin ona du bere
babesera utzitako animaliengan, eta abere horiek sendatzeko gaitasuna ere badu. Horregatik,
aker bat (beltza izan behar du, nahitaez) hazteko ohitura dago zenbait baserritan, etxe-abereak
babestuko baititu abere horrek.

Badirudi jeinu honenganako sinesmena aspalditik datorrela Euskal Herrian, kristautasunaren


aurretik, hain zuzen ere. Kristo ondorengo III. mendean Akitanian aurkitutako erromatar
inskripzioetan agertzen zaigu jada Aherbelste izena. Hizkuntzalariek diotenez, ‘akerbeltz‘
esanahia izan dezake, eta garai hartan gurtzen zen jainko bat izan zitekeen, abere guztien
zaindaria eta nagusia, hain zuzen ere. Dena den, Koldo Mitxelena hizkuntzalari jakintsuak
zioenez, euskararen fonologia arauei begiratuz, nekez 'h' hasperena bilaka zitekeen 'k' batean,
eta jatorri hau zalantzan jartzen zuen.

Sorginen eta aztien batzarrak zuzentzen dituenean, Aker nahiz Akerbeltz deitu, bere alde
ilunarekin azaltzen zaigu. Batzar horiek akelarreak deitzen dira. Mundu guztian zabaldua
dagoen euskal hitz honen jatorria Zugarramurdi herriko haitzulo sarreran dagoen zelaitxo
batean dago. Zelai hau akelarre deitzen da, ‘akerrak bazkatzen duten larrea’, hain zuzen ere,
eta, bertan, sorginek eta aztiek Aker buru zutela egiten omen zituzten batzarrak. Bilkura
haietan, Aker gurtzen zuten astelehen, asteazken eta ostiraletan, eta haren esanetara jartzen
ziren. Jeinu honek kristau erlijioaren aurkako jarrera zuen, eta bere jarraitzaileei hori erakusten
zien. Kristautasuna gizartean txertatzen ari zen, eta, horren kontra, naturarekin eta izadiarekin
batutako sinesmen zaharrak gorde nahi zituztenak elkartzen ziren akelarrean. Azken batean,
badirudi kristau erlijioaren eta garaiko gizarte antolaketaren aurkako (XVI-XVII) mugimendua
zela.

Elezaharrek diotenez, batzar haietan Akerbeltz edo Aker adoratzen zuten kristau-mezaren
parodia eginez. Bertan, ogia, arrautzak eta dirua eskaintzen zioten. Jeinuak bere jarraitzaileei
predikuak igorri ondoren, giza haragia jaten omen zuten mahai baten inguruan. Jan-edanaren
ondoren, txistuaren doinua lagun, Akerbeltzek dantzan jarduten zuen sorginekin. Eta
gehiegizko edanaren ostean, partaide guztien artean sexu harremanak edukita amaitzen zuten
akelarrea, orgia batean. Akelarrea amaitzean, sorgin eta azti guztiak Akerren esanak betetzera
joaten ziren beren bizitokietara.

JENTILAK
Mairu, Mairi, Maide eta Intxixu jeinuak ere antzeko ezaugarriak dituzte.

Euskal Herri osoan da entzuna pertsonaia mitologiko ezagun hau. Gipuzkoan batez ere, baina
Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Lapurdin ere ageri zaizkigu jeinu honi buruzko aipamenak.

Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren.
Izena 'gentil' hitz latindarretik dator, eta horrela deritzoten pertsona fedegabeei. Kristautasuna
etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe
urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta. Besteengandik aldenduta bizi
baziren ere, fededunekin bakean bizi ziren. Kristauek jentila deitzen zioten pertsona
fedegabeari. Ezaugarri hauek Jentilen sorrera erromatar garaian kokatzen duten arren, gero
aipatuko dugun legez, atzerago eramaten gaituen zantzuak badaude.

Gizaseme basatiak, erraldoiak eta indartsuak ziren, leku batzutan begibakarrak. Harkaitz puska
ikaragarriak urrutira botatzen zituzten, eta, hori dela eta, leku askotan agertzen diren
harritzarrei Jentilarri deitzen zaie. Hala, Bizkaian, Arrakundiagan; Gipuzkoan, Mutrikun eta
Azkoitian; Nafarroa eta Gipuzkoa artean, Aralarren. Harrespil eta trikuharri ugari eraiki dituzte
Euskal Herri osoan. Besteak beste: Jentilbaratza deritzote Aranon, Nafarroan, harrespilak
dauden zelai bati eta Jentiletxe Ataunen dauden trikuharriei. Oro har, monumentu
megalitikoen sortzaile bezala agertzen zaizkigu.

Lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak, lehen errotariak … ere izan
dira jeinu hauek. Lehenengo elizen eraikuntzan ere lagundu omen zuten haien indar
itzelarekin. Hala izan omen zen Bizkaian, Ondarroan eta Markinan; Gipuzkoan, Zumarragan eta
Oñatin; Araban, Opakuan; Nafarroan, Urdiainen…

Elezaharrak dionez, laino dizdiratsu moduan zetorren jainko zerutiarra iristean, jentil guztiak
Jentilarri izeneko trikuharri baten azpian lurperatu ziren; jentilen askazia horrela desagertuz.
Elezahar honek, Erromatarrak etorri haurretik, euskal kulturak jasan zuen eragin garrantzitsu
bat iradoki digu: Euskal Herrian antzinatik zegoen sinesmen lurtarraren aurrean, herri
indoeuroparrak (Zeltak e.a.) jangoiko zerutiarrak ekarri zituzteneko hura . Elezaharrak dioen
bezala, jainko berria zerutik dator lainoa itxuran. Jentilak, jainko berrien erasoaaren aurrean
lur barnera doaz, Ama Lurraren babesera.

Jentilek badute antzekotasunik Galiziar eta Asturiar mitologiako Mouro izakiarekin. Oso
antzinako izakiak omen dira, fedegabeak hauek ere, oso indartsuak, eta antzinako harrizko
eraikuntzen egile. Bestalde, Asturiasko Mouroak, ezaguna ez den arrazoi bategatik lurrazpian
bizitzera derrigortuak izan omen ziren eta meatzari bihurtu ziren.

Ezaugarri honek, jentilen akaberan laino dizdiratsua zela medio gertatu zenekoa ekartzen digu gogora.

Aragoin ere badira Omes granizos deituriko alegiazko izakiak, Jentilen ezaugarri antzeko batzuk
dituztenak: erraldoiak dira, bertako mendi eta haitzekin dute harremana eta Piriniotan antzina bizi izan
ziren gizakiak omen ziren.

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen
zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino
distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota
nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika
abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten
azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen
zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori,
benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Ondoko irudian
agertzen zaigun trikuarria da Aralarko Jentilarria.

Jentilak Leizadiko koban batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodei artean agertu omen
zen. Halako izarra ikustean, jentil hauek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zen
ezin asmaturik omen zebiltzan.

Halako batean, koba barnean erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera zuten,
eta pala edo endai baten laguntzaz begiak ireki omen zizkioten, hark izar hura zer zen
antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere, “Ah, ene umeak: Kixmi jaio da,
galduak gara oraintxe! Bota nazazue amildegian behera!” Eta hala hil omen zen jentil zaharra.

Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala
galdu omen ziren.
Egino herriko gizaseme bat mendira joan zen beste askotan bezala, baina zoritxarrez Jentilak
topatu zituen eta bereraien bizilekua zen Jentilkobara eraman zuten. Bertan, Jentil amon bat
zegoen eta gizona ikustean esan zuen: - Gibeltxo freskoak nahi ditut! Gibeltxo freskoak nahi
ditut! Eginoko gizona egoera larriaz ohartuta, ihaes egiteko asmoz, tripak nahastuta zeuzkala
eta beharrak egitera kanpora ateratzen uzteko eskatu zien. Jentilak gizonaren asmoak
antzeman zituztenez, soka batekin hanka lotu zioten eta harkaitz baten atzera joateko esan
zionten. Denbora gehiegi zeramala eta, zertan ari zen galdetu zioten, eta gizonak ez zuela
amitu erantzun zuen. Ondoren soka adar bati lotu zion, eta jentilek sokari ten egitean bertan
jarraitzen zuela pentsatu zuten. Gizonak mendian gora ihaes egin zuen, baina Jentilak
konturatu zirenean, erabat oldarturik, txakur piztiak lagun zituztela gizonaren atzetik abiatu
ziren. Baina, maldan gora zihoazela, une batean txakurrak eremu baten inguruan biraka hasi
ziren, eta aztarna galdua izango zutela pentsatu zuten. Gizona alde eginda, urrun izango zela
pentsatu zuten, eta haitzulora itzuli ziren. Eginoko gizasemea ordea, haritz batera igota
zegoen, eta horrelaxe jentilen atzaparretatik ihes egitea lortu zuen.Zaldibiako Ausa gaztelun
Jentilak bizi ziren. Bat Nafarroara joan zen gari bila eta zazpi idinarru bizkarrean zituela
zetorren. Iristen ari zela, Ausa azpian dagoen iturrian alaba aurkitu zuen, eta honek atsedena
hartzeko eta iturriko ur frexkoa edateko esan zion. jentilak honela erantzun zion:

- Alaba, jakin izan banu behin bazen ere, zama utzi nezakela eta atsedena hartu nezakela, ez
nuen zalantza izpirik izango beste zazpi idinarru ekartzeko.

You might also like