You are on page 1of 17

IV

Thomas Müntzer. SAXONIAKO PRINTZEEI SERMOIA1

AURKEZPENA

Thomas Müntzer (1488-1525) ez da bat ere estimatua izan Eliza protestante


nagusietan, ez historiografia protestantean, eta ikusiko da zergatik: ondoren ematen
dugun idazkia irakurri besterik ez dago. Luther-en etsai, kristau heretiko, matxino
makur bezala aurkeztu izan da. Bere itzal eta guzti, ordea, XVI. mendeko mugimendu
erlijioso, sozial eta politikoetan gorenean ageri zaigu, eta arrazoiz eman diote arreta
XX. mendeko hainbat pentsalarik (Ernst Bloch...) eta gizarte-mugimenduk. Erreforma
garaiko pertsonaiarik txundigarrienetakoa dugu.
Gera bedi argi: beste ezeren aurretik, Ebanjelioaren predikari konbentzitua eta
erradikala izan zen Tomas Müntzer. Eta Ebanjelioa ez zen beretzat “sinesmen”
kontua, gizartearen eraldaketa kontua baizik, eta bere garaiko gizartean hain
nabarmenak eta jasanezinak, hain ikaragarriak ziren injustiziak ezabatzeko eskatzen
zuen nahitaez. Ebanjelioaren berri ona ez zen “beste munduko” edo “geroko
bizitzarako” salbamen-itxaropena, baizik eta orain eta hemengo askapena,
askapen-itxaropena, askapenera deia.
XVI. mendeko lehen hamarkadetan, “munduaren amaiera” sentipen
“apokaliptikoa” bizi-bizirik zegoen, askok nahiago baitzuten mundu hura amaitzea
zegoen bezala jarraitzea baino. Beraz, Elizaren erreforma ez zitekeen bereizi
gizartearen erreformatik, zenbait doktrina tradizionalen interpretazio berria ezin zen
banatu injustizien aurkako borrokatik, pobreekiko gupida eta elkartasunetik. Eta
hortxe sortu zen, hain zuzen, “anabaptista” izen orokorrez ezagutu izan den eta joan
den mendearen erdi aldera “Erreforma erradikala” edo “Erreformaren ezkerra” deitu
zen mugimendua, ezin konta ahala taldez eta taldexkaz osatua. Baina “munduaren
amaiera”ren sentipenak baino areago, munduaren berritu beharrak bultzatzen zuen,
eta Jesusen Ebanjelioak eragiten zion hain zuzen horretara Jainkoarenganako
konfiantza xumez bezainbat hurkoarenganako konpromiso gartsuz. Eta Luther,
Zwingli, Kalbin eta horrelako erreformatzaile handiak teorikoegiak,
konformaerrazegiak, Eliz erakunde nahiz doktrina berriei lotuegiak eta, azken
buruan, agintari politikoen morroiegiak iruditzen zitzaizkien.
Hortxe kokatzen da Thomas Müntzer bete-betean. Luther-ek 1517an bere 95
tesiak argitaratu orduko bildu zen harengana, 30 urte zituela, baina laster agertu
zuen harekiko ezadostasuna, eta oso gogor hartu zuten elkar handik aurrera.
Nekazarien buruzagi bilakatu zen, baina printzeek, Luther-ek eraginda, berehala
zapaldu eta sarraskitu zuten Müntzerren mugimendu espiritual eta armatua. Thomas
Münzer bera, 1525ean, hogeita hamazazpi urte zituela, atxilotua eta torturatua izan

1
Jatorrizko testua, alemanez: ​http://www.mlwerke.de/mu/mu_001.htm

1
zen eta lepoa moztu zioten, torturapean bere fedeari uko egitera eta errito
katolikoaren arabera jaunartzera behartu ondoren.
Urtebete lehenago predikatu zuen ondoren ematen dugun sermoia Saxoniako
dukearen eta beste zenbait printzeren aurrean. Danielen liburuko 2. kapituluaren
iruzkina da. Mistiko sutsu bezain iraultzaile sutsu ageri zaigu Allstedt-eko artzaina.

TESTUA

Daniel profetaren bigarren kapituluaren azalpena, Allstedt-eko gazteluan


Saxoniako printze eta agintari saiatu maiteen aurrean Thomas Müntzer, Jainkoaren
hitzaren zerbitzariak predikatua.

Hasteko, Daniel profetaren profeziako aipatu kapitulua irakurri zen, bere esanahi
zehatzaren arabera itzuliz. Ondoren, predikua izan zen, honako testu honetan ezarria​:

Jakitekoa da kristau herri gaixo, miserable eta hondatuari ezin zaiola aholkatu ez
lagundu, baldin Jainkoaren zerbitzari saiatu eta nekagaitzek Biblia egunero azaltzen ez
badiote abesti, irakurketa eta sermoien bidez. Baina, horrela, apaiz bigunen buruak
kolpe gogorrak jasan beharko ditu etengabe,edota beren ofizioa utzi beharrean izango
dira. Nola jokatu, ordea, bestela, kristau herria era hain tamalgarrian otso amorratuen
bidez suntsitua den bitartean, Isaiasengan eta 81. Salmoan Jainkoaren mahastiari
buruz idatzita dagoen bezala (Sal 81,9-14)? Eta San Paulok irakasten du nola jardun
behar den jainkozko gorazarreetan (Ef 5,19).

Isaias, Jeremias, Ezekiel eta gainerako profeta maiteen garaian Jainkoaren


hautatuen elkarte osoa erabat eta osorik idolatrian erori zen, halako moduan non
Jainkoak berak ere ezin izan baitzion lagundu, baizik eta gatibu bidali behar izan
baitzuen kanpora eta jentilen azpian luzaz sufriarazi baitzion, harik eta haren izen
santua berriro aitortu zuten arte, Isaiasengan, Jeremiasengan, Ezekielengan eta 89.
Salmoan idatzia dagoenez (Is 29,17-24; Jr 15,11-16; Ez 36,8-12; Sal 89,31-38). Orain
ere, gure gurasoen garaian bezala, kristau herri gaixoa setatu egin da –eta ez orduan
baino gutxiago, baizik eta askoz gehiago– Jainko izenaren itxura faltsuaz, zeinarekin
dotore apaintzen baitira deabrua eta haren morroiak (2 Ko 11,13 hur.). Bai, dotore,
halako eran non Jainkoaren benetako adiskideak atzipetuak baitira eta, itxura
hutsezko garrez jantzirik, ez baitira ia gauza euren errorea ezagutzeko, Mt 24,24ak
garbi asko azaltzen duen bezala.

Horrek egiten du posible ustezko santutasuna eta Jainkoaren etsai jainkogabeen


zuribide hipokrita, esaten baitute eliza kristauak ez dezakeela huts egin. Huts egitea

2
saihesteko, ordea, Jainkoaren hitzaren gainean eraikia egon behar du etengabe;
hartara bakarrik babestuko da erroretik. Gainera, Elizak bere ezjakintasunaren
bekatua aitortu behar du. Hauxe da egia: Kristo, Jainkoaren Semeak eta haren
apostoluek eta haien aurretik profeta santuek kristau herri zintzo eta garbia abiarazi
zuten; hazi garbia erein zuten soroan, hau da, hautatuen bihotzetan landatua izan den
Jainkoaren hitz maitea, Mateok, Markosek, Lukasek eta baita Ezekielek ere idatzi
zutenez (Mt 12,24-30; Mk 4,16-29; Lk 8,5-15; Ez 36,29). Baina Eliza bereko zerbitzari
alfer eta zabarrek2 ez dute gauzatu eta gorde nahi izan haren zainketa arduratsua,
euren probetxua bakarrik bilatu nahi izan dute-eta, ez Jesukristorena.

Horregatik, jainkogabeen kaltea, hau da, belar txarra, indartsu errotu arazi dute,
hemen aipatzen den giltzarria, zeinaz mintzo baita Isaias (28,16), oraindik txikia zelarik.
Ez, ez du oraindik mundu osoa bete, baina berehala beteko du, goraino bete ere.
Horregatik, eraikitzaileek, hau da, agintariek, kristau herri berriaren hasieran bertan
berehala egotzi zuten giltzarri eraikia (Sal 118,22-23; Lk 20,18). Beraz, diot ezen Eliza
hasieratik bertatik hondatzear dagoela, munduaren zatiketa-garaira arte3. Hain zuzen,
Hegesipok eta Eusebiok, ​Eliza Kristauen Historia​ko ​4. Liburuan, 22. kapituluan, esaten
dute elkarte kristauak apostoluen ikasleen heriotza arte bakarrik iraun zuela birjina.
Eta handik berehala adulteriogile bihurtu zela, apostolu maiteen bidez aldez aurretik
iragarria zegoen bezala. Eta Apostoluen Eginak liburuan, san Paulok hitz argi eta
garbietan esaten die Jainkoaren ardien artzainei: “Zain itzazue zeuen buruak eta
artalde osoa, honen zaindari jarri baitzaituzte Espiritu Santuak; larra ezazue Jainkoaren
Eliza, hark bere Semearen odolaz irabazi zuena. Badakit, ni joatean, artaldeari
barkatuko ez dioten otso amorratuak sartuko direla zuen artera. Zuen artetik ere
aterako dira batzuk irakaspen okerrak zabalduz, ikasleak beren atzetik eramateko.
Zaudete erne!” (Eg 20,28-31). Gauza bera dator san Judas apostoluaren gutunean.
Apokalipsiak ere (16,13) ere erakusten du. Horregatik ohartarazten digu Kristo Jaunak
sasiprofetengandik urruntzeko (Mt 7,15).

Garbi dago, zoritxarrez, ez dela ezer hain gaizki eta begirune gutxirekin begiratzen
denik Kristoren Espiritua baino. Inor ez daiteke, ordea, salbatu, Espiritu Santu berak
aldez aurretik salbamenaren ziurtasuna ematen ez badio, Erromatarrei 8an (8,9),
Lukas 12an (12,8) eta Joan 6an (6,63) eta 17an (2-31) idatzia dagoen bezala. Baina gu,
hartxo gaixook, nola iritsiko gara horretara, baldin eta jainkogabeen duintasuna halako
estimu handian baitaukagu, non Kristo, Jainkoaren Seme gozoak mundu honetako
titulu eta izen handien aurrean txotxongilo edo margoturiko gizontto bat dirudien?

2
Klerikoek.
3
Daniel profetak aurkezten dituen mundu-aroak gogoan dituela, Müntzerrek uste du munduaren azkenaldia
dela, jaun feudalen eta klerikoen menpeko garaia.

3
Bera da, ordea, zinez egiazko harria, mendi garaitik itsasora jaurtia izango dena (Dn
2,45; Sal 46,3), mundu honetako burgoikeria burlatia dela eta. Bera da giza eskurik
gabe mendi garaitik erauzitako harria, Jesukristo deritzona (1 Ko 10,4), esklabotza
handia nagusi zenean jaio zena, Oktavianoren garaian, mundu guztia mugimenduan
zegoela eta erroldatzen ari zela (Lk 1,52; 2,1). Orduan, espiritualki indargabea zen
batek, kaka huts miserable batek, mundu osoaz jabetu nahi izan zuen, baina ez zion
ezertarako balio izan, bere handinahi eta harropuzkeriarako baizik. Bai, uste izan zuen
bera bakarrik zela handia. Oi, zein txikia izan zen orduan giltzarria, Jesukristo, gizakien
begietan! Ukuilura baztertua izan zen gizakien zaborra bezala (Sal 22,7). Halaxe
zokoratu zuten lege-maisuek, gaur egun ere egiten duten bezala. Bai, apostolu
maiteen ikasleak hil zirenez geroztik, haren nekaldia antzeztu dute. Kristoren
Espirituari iseka egin diote eta halaxe egiten diote oraindik ere, 69. Salmoan (69,11-12)
idatzita dagoen bezala. Lotsagabeki lapurtu diote, lapurrek eta hiltzaileek ohi duten
bezala (Jn 10,1). Kristoren egiazko ahotsetik aldendu dituzte ardiak, eta egiazko Kristo
gurutziltzatua asmazio hutsezko idolo bihurtu dute. Nolatan gertatu da hau?
Erantzuna: Jainkoaren ezagutza garbia baztertu dute eta haren ordez “jainko jaun”
dotore, fin, urrezko bat ipini, nekazari gaixoek musuka dezaten, Oseasek 4. kapituluan
argi eta garbi esana daukan bezala. Jeremiasek ere ​Negar Kantak ​liburuan esaten du:
“Lehenago jaki ongi maneatuak jan zituztenek zikinkeria eta kaka jaso dituzte orain”
(Nk 4,5).

Oi lazkeria higuingarria, Kristok berak ere aipatzen duena (Mt 24,15)! Zein era
lastimagarrian iraindua den deabruzko mezarekin, idolatriazko prediku, zeremonia eta
bizi-moldeekin! Eta, azken buruan, han ez da besterik ezer gelditzen egurrezko “jainko
jaun” hutsal bat baino. Bai, egurrezko apaiz idolatra bat eta herri zabar kaiku eta arlote
bat, Jainkoari buruzko azalpenik sinpleena ere ulertzeko gauza ez dena. Ez al da hau
zorigaitza, bekatua eta lotsa? Uste dut hobeki ezen sabelaren piztiak eta zerriek, zeini
buruz mintzo baitira Mt 7,6 eta 2 P 2,22, Jesukristo harri noblea oin azpian erabili
dutela erabat, ahal izan duten guztia. Mundu guztiaren oin-trapu bihurtu da, beraz.
Horregatik, sinesgabe guztiek, turko, jentil eta judu, arrazoi osoz barre egin digute eta
pailazotzat hartu gaituzte, beren fedeko espirituaz ezertxo ere jakin nahi ez duen
jende eroa hartu behar den bezala. Horregatik, bilau desesperatu horientzat Kristoren
nekaldia ez da festa-barraketako jazarpen-jolas bat besterik, 69. Salmoan (69,11)
idatzia dagoen bezala, oinezko soldadu txar batek ere inoiz pairatu ez duena.

Horregatik, senide maiteok, zikinkeria honetatik altxatu eta Jainkoaren egiazko


dizipulu bihurtu behar dugu, Jainkoak berak eskolatuak. Horretarako nahitaez behar
dugu Jainkoaren indar handi eta miresgarria, hark goitik emango diguna honako hauen
gaiztakeria izugarria zigortzeko eta suntsitzeko. Hauxe da Jainkoaren jakinduria txit

4
gardena, Jainkoaren beldur garbitik bakarrik dariona. Hark bakarrik armatu behar
gaitu esku indartsuz Jainkoaren etsaien kontra mendekua hartzeko, Jainkoarenganako
ardurarik handienaz, idatzia dagoenez (Sal 5,10; Jn 2,17; Sal 69,10). Hor ez dago
inolako aitzakia-biderik giza irizpide arrazionalentzat, jainkogabeen itxura neurri oroz
gaindi eder eta maltzurra baita, nola nabar-lore polita galburu horien azpian (Koh
8,14). Baina Jainkoaren jakinduriak badaki bereizten.

Orain, bigarrenik, harri hau mesprezatzen duen higuingarria astiroago aztertu


behar dugu. Jainkogabeen higuingarria zuzen ezagutu ahal izateko, ordea, Jainkoaren
errebelazioa itxaron behar dugu egunoro –Oi, guztiz preziatua eta bitxia bilakatu da
hori gure mundu bihurri honetan!–. Izan ere, pikaroen kolpe maltzurrak uneoro
gainera etorriko baitzaizkigu eta are gehiago eragotziko digute Jainkoaren ezagutza
garbia. Horren aurrean prest egon behar dugu Jainkoaren beldurraz horniturik. Beldur
hori gugan erabat eta garbiki erroturik balego, hartara kristau herri santua erraz
itzuliko litzateke Jainkoaren nahiaren jakinduria- eta errebelazio-espiritura. Hau guztia
Idazteunean jasoa dago. Baina Jainkoaren beldurrak garbia izan behar du, gizakien edo
izakien beldurrik gabea. Oi, guztiz beharrezkoa dugu beldur hori! Izan ere, arimak bi
jaun inolaz zerbitzatu ezin dituen bezala (Mt 6,24), ezin die inolaz beldur izan Jainkoari
eta izakiei. Jainkoak ere ezin digu erruki izan, Kristo gure Jaunaren amak esaten
duenez, baldin eta guk berari bakarrik bihotz osoz beldur ez badiogu (Lk 1,50).
Horregatik dio Jainkoak: “Beraz, ni aita banauzue, non da zor didazuen ohorea? Zeuen
nagusi banauzue, non da zor didazuen beldurra?” (Ml 1,6).

Beraz, printze maiteok, derrigorrezkoa da, egun guztiz arriskutsu hauetan (1 Tm


4,1-3), honelako gaitz maltzurrari aurre egiteko ardura gorena izatea, Idazteunean
aipaturiko guraso maite guztiek munduaren hasieratik egin zuten bezala. Izan ere,
garai hauek arriskutsuak baitira, eta egun hauek txarrak. Zergatik? Bakar-bakarrik
Jainkoaren indar noblea era hain tamalgarrian lotsagarri bihurtua eta laidoztatua
delako, non zorigaiztoko adituek gizaki gaixo arruntak desbideratu baitituzte euren
berriketez, Mikeas profetak dioen bezala (3,11). Gisa horretakoak dira, izan ere,
gaurko aditu gehienak, oso gutxi salbu; irakasten eta esaten dute Jainkoak bere
adiskide maiteei ez dizkiela gehiago bere jainkozko misterioak errebelatzen egiazko
ikuskarien bidez edo ahozko hitzaz, etab. Euren ezjakinean segitzen dute, beraz, eta
Jainkoaren errebelazioaz axolatzen den jendeaz trufatzen dira, jainkogabeek
Jeremiasekin egin zuten bezala: “Aizu, Jainkoak oraindik orain hitz egin al dizu? Edo
Jainkoari zuzenean galdetu al diozu berriki eta harekin aholkatu al zara? Kristoren
Espiritua duzu?” (Jr 20,7-8). Horrela jokatzen dute adituek destaina eta iseka handiz.

5
Ez al zen handia Jeremiasen garaian gertatu zena? Jeremiasek Babiloniako
gatibutza- zigorraz ohartarazi zuen herri gaixo eta itsua, Lot jainkozaleak bere suhiak
ohartarazi zituen bezala (Has 19,14). Baina oharpenok erabat eroak iruditzen
zitzaizkien. Profeta maiteari esaten zioten: “Bai, bai, Jainkoak aita batek bezalaxe
zuzenduko zituen gizakiak...”. Baina zer gertatu zitzaion jendalde isekariari Babiloniako
gatibualdian? Bada, Nabukodonosor errege paganoaren bidez lotsagarri geratu zirela,
besterik ez. Ikus testuak zer dioen (Dn 2,47)! Nabukodonosorrek Jainkoaren hitza jaso
zuen, nahiz eta tirano ahaltsua eta zigor-makila zen Jainkoaren kontra bekatu
egindako herri hautatuarentzat. Baina, Jainkoaren herriaren itsutasun eta
buru-gogorkeriagatik, ontasun gorena iragarri zitzaion munduari, san Paulok eta
Ezekielek esaten duten bezala (Erm 11,22; Ez 23,22-35).

Beraz, hemen esaten dut, zuen ikasbiderako, ezen Jainko ahalguztidunak ez


zizkiola errege paganoari bakarrik jakinarazi handik urte askotara gertatuko ziren
gauzak, profetei sinetsi nahi ez zieten Jainkoaren herriko burugogorren lotsaizun
ikaragarrirako. Era berekoak dira esperientzia gabeko gizakiak4 gure garaian. Ez dira
ohartzen Jainkoaren zigorraz, begien aurrean antzinako gauza berberak badituzte ere.
Zer egin behar du, beraz, Jainko ahalguztidunak gurekin? Bere ontasuna kenduko digu.

Testuak honela egiten du aurrera: “Nabukodonosor erregeak amets bat izan zuen,
eta ezkutatu egin zitzaion”, etab.

Zer esan behar dugu honi buruz? Esanezinezko gauza da, are ezohikoa eta
gorrotagarria, gizakien ametsei buruz jardutea, izan ere ameslariek eta ametsen
interpretatzaileek mundu guztia engainatu baitute, hasieratik gaurdaino,
Deuteronomioan eta Eklesiastikoan idatzita dagoen bezala (Dt 13,2-14; Si 34,7).
Horregatik adierazten da Danielen kapitulu honetan erregeak ez ziela sinetsi nahi
igarleei eta ametsen interpretatzaileei, esan baitzuen: “Konta iezadazue nire ametsa,
eta eman ondoren interpretazioa; bestela, gezurra eta iruzurra esango didazue”. Zer
gertatu zen orduan? Ez zekiten ametsa eta ezin zioten kontatu, eta esan zioten: “Oi
errege maite, ez dago munduan ametsa esan diezazukeenik. Munduan gizakiekin
inolako harremanik ez duten jainkoek bakarrik egin dezakete hori” (Dn 2,10-11). Bai,
oso zuzen eta arrazoizko eran hitz egin zuten beren adimenaren arabera. Ez zuten,
ordea, federik batere Jainkoagan, baizik eta jainkogabe itxurati eta kalakariak ziren,
jaunek entzun nahi zutena esaten zutenak, gure garaian ere adituek5 egiten duten
bezalaxe, gortean mokadu gozoak jate aldera. Baina horien kontra doa Jeremiasenean
idatzita dagoena (Jr 5,13; 8,8-9). Eta zenbatez areago hemen idatzita dagoena!

4
Espiritu Santuaren esperientzia gabekoak, alegia.
5
Luther eta bere lagunez ari da.

6
Danielen testuak esaten baitu zeruan Jainkoarekin elkartasuna duten gizakiak izan
behar luketela (Dn 2,28). Oi, adimen zorrotzekoentzat zail da hau irensten! Baina San
Paulok berak ere horixe nahi du Filipoarren gutunean (Flp 3,20). Halere, aditu horiek
Jainkoaren misterioak argitu nahi zituzten. Oi, horrelako lotsagabez, horretarako
dohainak dituztela erakutsi nahi dutenez, nahikoa eta gehiegi dauka munduak!

Horiei buruz esaten du Isaiasek: “Nire bideak ezagutu nahi dituzte, nire
zuzentasuna gauzatu duen herria balira bezala” (Is 58,2). Behinolako aztiak bezala dira
aditu hauek, Jainkoaren errebelazioa nabarmen ukatzen dutenak. Eta, gainera, Espiritu
Santuaren lana eragozten dute, mundu guztiari irakatsi nahi diotelarik. Eta beren
adimen esperientziarik gabean kabitzen ez dena, deabruarengandik etorritzat jotzen
dute segituan. Ez daude, ordea, beren salbamenaz ziur, hala behar luketen arren.
Sinesmenari buruz poliki mintza daitezke eta kontzientzia gaixo eta nahasietan
sinesmen mozkorra manea dezakete. Hori guztia euren irizpide lotsagabe eta
higuingarritik datorkie, lekaideen amets madarikatu eta pozoitu guztiaren engainu
gorrotagarritik jaso dute, zeinaren bidez deabruak bere nahi guztiak gauzatzen dituen,
are hautatu jainkozale asko engainatu dituen, ezagutzarik batere gabe istorioei eta
ametsei beren sineste zentzugabekoan erreparorik gabe leku eman dietenean. Eta era
honetan, deabruaren errebelazioa dela medio, idatzi dituzte beren erregela eta
akerkeria hutsak, zeinaren kontra San Paulok bortizki ohartarazten baititu Kolosarrak
(Kol 2,8). Baina lekaide ameslari madarikatuek ez dute inoiz jakin nola itxaron behar
den Jainkoaren indarra. Gainera, zentzugabe tematurik daude, eta gero eta argiago
agertzen da mundu guztiaren aurrean bekatua eta lotsa besterik ez direla, pikaro alfer
batzuen gisan. Halere, itsuak dira beren ergelkerian. Superstizioak beste ezerk ez ditu
okerbideratu, gaurko egunera arte okerbideratu ere, zeren eta, Espiritu Santuaren
–Jainko-beldurraren maisuaren– etorrera-esperientziarik gabe, jakinduria jainkotiarra
mesprezatuz, ez baitakite bereizten ongia gaitzetik, itxura onaren pean ezkutatua
dagoelarik. Horiei buruz hots egiten du Jainkoak Isaiasen bitartez: “Ai zuek, gaitzari on
eta onari gaitz esaten diozuenok!” (Is 5,20). Horregatik ez da gizaki jainkozalearen
modua ongia gaizkiarekin batera gutxiestea. San Paulok esaten baitie tesalonikarrei:
“Ez gutxietsi profezia! Aztertu gauza guztiak! Baina denetan on dena hartu!”, etab. (1
Tes 5,20-21).

Hirugarrenik, jakin behar duzue Jainkoa bere aukeratuen alde dagoela osoki,
halako eran non, punturik txikienean ohartarazi ahal balitza, segituan egingo bailuke,
baldin haren aukeratuak, euren fede-gabezia eta guzti, oharpena onartzeko gauza
izango balira. Hemen Danielen testua bat dator San Pauloren Korintoarrenarekin,
zeina san Isaiasenetik hartua baita: “Inork ikusi eta entzun ez duena, gizakiari inoiz
bururatu ez zaiona, Jainkoak bera maite dutenentzat prestaturik dauka. Baina

7
Jainkoak hori guri agertu digu bere Espirituaren bidez, Espirituak izan ere dena
aztertzen baitu, baita Jainkoaren barne-sakona ere”, etab. (1 Ko 2,9-10; Is 64,3).

Labur esateko, zera daukat ziur: jakin egin behar dugu eta ez soilik airean sinetsi
zer eman digun Jainkoak, zer deabruak edo zer naturak. Izan ere, gure adimen
naturala horretan ere fedearen zerbitzura jarri nahi badugu, arrazoiak bere ahalmenen
muturreraino iritsi behar du, Erromatarren gutunean eta Barukengan adierazia
dagoenez (Erm 1,16-23; Ba 3,12-18). Baina, Jainkoaren errebelaziorik gabe, gure
adimena ez da gai kontzientzia onean ezer erabakitzeko. Gizakiak argi eta garbi ikusiko
du hemen ezin duela bere buruaz zerua iritsi, baizik eta bere barnean zoro bihurtu
behar duela. Bai, mezu hau guztiz arrotza zaio mundu zuhur, grinatsu eta lizunkoiari.
Izan ere, mezua jaso orduko agertzen dira oinazeak, erditzen ari denarenak
bezalakoak. Orduan konturatzen da Daniel (2,17-18), eta harekin gizaki jainkozale oro,
ez berak ez beste inork ezin duela arrazoi naturalaz Jainkoa ezagutu. Hori esan nahi du
jakintsuak, dioenean: “Jainkoaren nagusitasuna ikertu nahi duena, haren handitasunak
zapalduko du” (Qoh 3,11). Izan ere, zenbat eta natura Jainkoa atzematen gehiago
ahalegindu, orduan eta urrunago izango du Espiritu Santuaren eragina, 139. Salmoak
garbi adierazten duen bezala (Sal 139,6). Bai, baldin gizakiak ulertuko balu argi
naturalaren burgoikeria, orduan, zalantzarik gabe, ez luke Idazteun lapurtuetan6
hainbeste laguntza bilatuko, adituek zatitxo batekin edo birekin egiten duten bezala,
baizik eta berehala sumatuko luke Jainkoaren hitzaren eragina bere bihotzetik
jariatzen. Ez, ez luke iturritik ur ustela aterako (Jr 2,13)), gure adituek gaur egiten
duten bezala. Izan ere, natura graziarekin nahasten dute inolako bereizkuntzarik gabe
eta, hartara, arimaren sakonenetik sortzen den hitzari bere ibilbidea eragozten diote,
Moisesek esaten duen bezala: “Hitza ez dago urrun zugandik. Hara, zure bihotzean
dago”, etab. (Dt 30,14).

Beharbada galdetuko didazu: nola iristen da bihotzera? Erantzuna:


Jainkoarengandik datorkigu goitik behera, bilaketa-ahalegina handia denean, baina
hurrengo baterako utziko dut hori. Ahalegin hori, Jainkoaren hitza izan ala ez, sei edo
zazpi urteko haurrak garenean hasten da, Zenbakiak liburuan adierazten denez (Zen
19,20). Horregatik aipatzen ditu San Paulok Moises eta Isaias Erromatarren gutunean
(Erm 10,8.20; Dt 30,14; Is 65,1), eta Jainkoaren errebelazioaren bitartez arimaren
sakonenean entzuten den barneko hitzaz mintzo da. Eta Jainkoaren lekukotasun
biziarekiko abegikor eta sentibera ez den gizakiak ez daki Jainkoari buruz ezer
funtsezkorik esaten, ezta ehun mila biblia irentsita ere.

6
“Idazteun lapurtuak”: Espiritu Santuaren barneko argitasunik eta esperientziarik gabe interpretatzen direnak.
Horixe leporatzen die Müntzerrek Lutherri nahiz katolikoei.

8
Horiek horrela, edozeinek ikus dezake zein urrun dagoen oraindik mundua fede
kristautik. Areago, inork ez du hura ez ikusi ez entzun nahi. Norbait Hitzarekiko
abegikor eta sentibera izango bada, ordea, Jainkoak bere desira grinatsuak kendu
beharko dizkio aurrena. Eta Jainkoaren bulkada bihotzera badator, giza grinen7 irritsak
oro hilaraztea nahiko du, Jainkoari leku emateko eta, horrela, haren eragina jasotzeko.
Izan ere, aberea den aldetik, gizakiak ez du atzematen Jainkoak ariman esaten diona,
eta Espiritu Santuak eraman behar du ganorazko kontenplaziora, legearen ulertze
garden eta garbira; bestela, bihotzez itsu geratzen da itsua eta zurezko Kristo bat
asmatzen du beretzat eta bere burua okerbideratzen du.

Horregatik, begira zein mingots gertatu zitzaion Daniel maiteari erregeari historia
argitzea, eta zenbateko arretaz bilatu eta erregutu zion Jainkoari. Beraz, Jainkoaren
errebelazioa jasotzeko, gizakiak dibertimendu orotatik ihes egin behar du eta
egiarekiko ganorazko zaletasuna izan (2 Ko 6,17). Eta, horrelako egia-ariketaren bidez,
egiazko ikuskariak faltsuetatik bereizten jakin behar du. Horregatik dio Daniel
maitagarriak 10. kapituluan: “Gizaki batek burua izan behar du erabat zapuztu behar
ez diren ikuskarietan”, etab. (Dn 10,1).

Laugarrenik, jakin behar duzue, zein ikuskari edo amets datorren Jainkoarengandik
eta zein naturatik edo deabruarengandik ezagutu nahi duen gizaki hautatuak bere
espiritu eta bihotz osoarekin, baita bere adimen naturalarekin ere apartaturik egon
behar duela bere grinen kontsolamendu mundutar orotatik, eta Jose maiteari Egipton
(Has 39) eta Danieli kapitulu honetan bezala gertatu behar zaiola. Izan ere, gizaki
sentsualak ezin du onartu Jainkoaren hitza (Lk 7,25), zeren eta karduek eta sasiek,
hots, mundu honetako ardurek, Jaunak esaten duen bezala (Mk 4,18-19), ito egiten
baitute Jainkoak arimari zuzentzen dion hitza. Horregatik, Jainkoak bere hitz santua
arimari zuzentzen dion arren, gizakiak ez du atzemango, trebatu gabe badago eta bere
baitan biltzen ez bada eta bere arimaren sakonean begiratzen ez badu. Gizakiak ez du
bere bizitza ohitura txar eta grinekin gurutziltzatu nahi, Paulo apostolu santuak
irakasten duen bezala (Ga 5,24). Horregatik, Jainkoaren hitzaren soroak karduz eta
sasiz eta lahar handiz beteta segitzen du, zeinak erauzi behar baitira Jainkoaren
egintza honetarako, gizakia zabar edo alfer izan ez dadin. Hartara agertuko da
soroaren emankortasuna eta azkenik uzta ona.

Orduan bakarrik konturatuko da gizakia Jainkoaren eta Espiritu Santuaren egoitza


dela bere bizitzako egunek dirauteino. Bai, bere bizitzan Jainkoaren lekukotasuna

7
Hitzez hitz: “haragiaren”.

9
bilatzeko bakarrik izan dela sortua egiazki. Lekukotasun horiek zatika sumatuko ditu
aurrena, irudien bidez, eta gero osoki bihotzaren sakonean.

Bigarrenez, gizakiak ikusi behar du horrelako irudi eta parabolak, nahiz


ikuskarietan nahiz ametsetan, zehaztasun guztiarekin egiaztaturik daudela biblia
santuan, deabrua tartean nahastu ez dadin eta Espiritu Santuaren ukendua eta bere
gozotasuna honda ez dezan, jakintsuak euliei buruz esaten duen bezala, bertan hiltzen
baitira (Koh 10,1).

Hirugarrenez, ikuskariak gertatzen diren moduari erreparatu behar dio gizaki


hautatuak: ez daitezela giza ekintzaren eraginez sortuak izan, baizik eta Jainkoaren
borondate ezeztaezinetik isuriak. Eta arretaz kontu egin behar du ez dadila
ikusitakoaren zatirik txikiena ere alferrik gal, baizik eta eraginkor izan dadila osoki.
Baina deabruak zerbait egin nahi duenean, bere imintzio ustelek salatzen dute eta
haren gezurrak agerian geratzen dira azkenean, gezurtia baita (Jn 8,44).

Gauza bera adierazten da kapitulu honetan Nabukodonosor erregeari buruz eta


ondoren, 3. kapituluan, argi eta garbi egiaztatzen. Jainkoaren oharpena segituan
ahantzi zuen erregeak, zalantzarik gabe bere grina lizunkoiak atseginetara eta
kreaturetara zuzenduak zituelako. Halaxe gertatuko zaio bere irritsak etengabe ase
nahi dituenari eta aldi berean, inolako nekerik gabe, Jainkoaren egintzan parte izan
nahi duenari. Egoera horretan, Jainkoaren hitzaren indarrak ere ezin babestu ahal
izango du. Jainko ahalguztidunak bere adiskide maiteei guztiz atsekabeturik
daudenean irakasten dizkie gehienetan egiazko ikuskariak eta ametsak, Abraham
jainkozalearekin egin zuen bezala (Has 15,1-6; 17,1-2): erabat izuturik zegoenean
agertu zitzaion Jainkoa. Jakob maiteari ere bere anaia Esaurengandik guztiz
atsekabeturik ihesi zihoala etorri zitzaion ikuskaria eta zeruraino iristen zen eskailera
bat ikusi zuen, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera (Has 28,12); ondoren, berriro
etxeratu zenean, anaia Esauren beldur eta ikara zen; orduan, Jauna azaldu zitzaion
ametsetan eta berarekin borroka egin zuen eta Jainkoak izter-giltza hautsi zion (Has
32,24-32). Halaber, Jose jainkozalea gorroto zuten bere anaiek, eta halako larrialdian
bi amets arriskutsu izan zituen (Has 37,5-11); eta ondoren, Egiptoko kartzelan
bihotz-bihotzeko larrialdian aurkitzen zela, halako moduan argitu zuen Jainkoak goitik,
non ikuskari eta amets guztiak argi zitzakeen (Has 39,20; 40; 41).

Honetaz guztiaz gain, beste Jose santuak ere esperientzia-faltazko eta


lizunkeriazko beldurrekin topo egin zuen, Mateoren lehen eta bigarren kapituluetan
esaten zaigunez (1,20-23; 2,13.19). Lau amets izan zituen, bere larrialdian
atsekabeturik zegoela, eta ametsen bidez lasaitua izan zen (Mt 1,20; 2,19), jakintsuei

10
lo zeudela aingeruak jakinarazi zien bezala Herodesengana ez itzultzeko (Mt 2,12).
Halaber, apostolu maiteek ere arretarik handiena jarri behar izan zieten ikuskariei,
Apostoluen Eginak liburuan garbi kontatzen den bezala. Bai, egiazko espiritu
apostolikoa, patriarkala eta profetikoa da ikuskariak espero izatea eta larrialdi
mingarrian haiek jasotzea.

Horregatik, ez da harritzekoa “Anai Zerri Gizen”ek eta “Anai Eroso Bizi”k8


ikuskariak errefusatzea. Baina norbaitek Jainkoaren hitz garbia ariman sumatzen ez
badu, ikuskariak behar ditu. Hala, San Pedrok, Apostoluen Eginak liburuan, ez zuen
ulertzen legea, eta zalantzak zituen jakiei eta jentilei buruz, ea hauekin harremanak
izan ote zitzakeen (Eg 10,10-16). Orduan, bere arimaren asaldura betean, Jainkoak
ikuskari bat eman zion. Lau muturreko oihala ikusi zuen zerutik lurrera jaisten lau
hankadun aberez beteta eta ahots bat entzun zuen: “Hil eta jan!”. Gauza bera gertatu
zitzaion Kornelio jainkozaleari, zer egin ez zekienean (Eg 10,3-6). Paulori ere, Troade
aldera zihoala, ikuskari bat azaldu zitzaion gauean. Mazedoniako gizon bat zen, zutik,
erreguka esanez: “Zatoz Mazedoniara eta lagun iezaguzu”. Eta halako ikuskaria izan
eta gero –dio Eginak liburuko testuak– “Mazedoniarantz ateratzeko prestatu ginen,
ziur baikeunden Jainkoak deitzen zigula hara” (Eg 16,9-10). Era berean, Paulo Korinton
predikatzeko beldur zenean, Jaunak gauean ikuskari baten bidez esan zion: “Ez duzu
beldurrik izan behar”, etab. “Ezin izango dizu inork kalterik egin, nire herri izango den
jende asko dut nik hiri honetan”, etab. (Eg 18,9-10).

Baina beharrezko al da Idazteuneko lekuko asko aipatzea? Ez litzateke egundo


posible izango duke eta agintariek, horrelako arazo garrantzitsu eta arriskutsuetan,
Jainkoaren errebelazioan bizi izatea, baldin eta egiazko predikariak izango ez balituzte
haiek etengabe erne jartzeko, alde guztietan seguru eta akatsik gabe joka dezaten,
Aaronek Moisesengandik entzuten zuen bezala eta Dabidek Natan eta Gadengandik.
Horregatik zeuden apostolu maiteak guztiz ohituak ikuskarietara, Eginak liburuko
testuak 12. kapituluan egiaztatzen duen bezala (Eg 12,7-9). Aingerua Pedrorengana
joan eta Herodesen kartzelatik atera zuenean (Eg 12,5-17), pentsatu zuen ikuskaria
zela eta ez zekien aingerua berarengan askapena gauzatzen ari zela. Baina Pedro
ikuskarietara ohitua egon ez balitz, nolatan bururatuko zitzaion hori ikuskaria zela?

Hortik ondorioztatzen dut nik ezen, giza grinazko9 iritziengatik, hots, nahiko
ezagutzarik gabe, ikuskarien etsai izan nahi duena eta, inolako bereizmenik gabe,
denak errefusatu ala denak onartu nahi dituena –hain zuzen ere, ameslari faltsuek
munduari halako kalteak eragin dizkiotelako jende handinahi edo sabeltzainen bidez–,

8
Luther, alegia.
9
Hitz hitz: “haragizko”.

11
holako hori ez dela urrutira iritsiko baizik eta Espiritu Santuaren kontra joko duela. Ikus
Joelen 2. kapitulua, non Jainkoa garbi mintzo baita munduaren aldaketari buruz,
Danielen testu honetan bezalaxe. Azken egun hauetan, mundua egoki prestatu nahi
du, bere izena egiaz goraipatua izan dadin. Beren lotsaizunetik askatu nahi du eta bere
Espiritua izaki ororen gainera isuri, eta gure semeak eta gure alabak profeta izango
dira eta ametsak eta ikuskariak izango dituzte, etab. Izan ere, kristau herriak ez badu
apostoliko bihurtu behar, Joeli jarraiki (Eg 2,16-21), zertarako predikatu orduan?
Zertarako dira orduan ikuskariak Idazteunean?

Egia da eta nik benaz dakit Jainkoaren Espirituak gizaki hautatu eta jainkozale
askori azaltzen diela gaur ezen premiazkoa eta beharrezkoa dela erreforma
erabakigarria, garaiezina, oraindik etortzekoa10. Eta gauzatu egin behar da. Jar dadila
kontra nahi duena, baina Danielen iragarpenak guztiz indarrean jarraitzen du, baita
inork sinetsi nahi ez badu ere, Paulok Erromatarrei esaten dien bezala (Erm 3,3).
Danielen testu hau eguzki dirdaitsua bezain argia da, eta ekintza zinez bidean da jada
munduko bosgarren erreinuaren amaierarantz.

Lehenengo inperioa urrezko buruaz irudikatua dago; Babiloniako inperioa zen.


Bigarrena, zilarrezko bularraz eta besoaz; mediarren eta pertsiarren inperioa zen.
Hirugarrena greziarren inperioa zen, bere adimenagatik sonatua, brontzeaz adierazia.
Laugarrena, erromatarren inperioa, ezpataren bidez irabazia, bortxaren inperioa izan
dena. Bosgarrena geure begien aurrean daukaguna da11, burdinazkoa, eta pozik
bortxatuko luke, baina geure begiez ikusten dugun bezala, burdina lokatzaz nahastua
dago. Sigi-saga eta karabilka dabil lurbira guztian egitasmo maltzurrez. Zeren
engainatzen ez dakienak eroa izan behar du. Gure egunotan ikus daiteke ederki nola
aingirek eta sugeek elkarrekin pilan larrua jotzen duten. Apaizak eta erlijioso gaizto
guztiak sugeak dira, Kristo bataiatu zuen Joanek deitzen dituen bezala, eta munduko
jaun eta agintariak aingirak dira, Lebitarrena liburuan, sinbolikoki, arrainei buruz etab.
esaten den bezala. Horrela, deabruaren inperioa buztinez basitu da.

Ai ene, jaun maiteok, zein ederki kolpatuko dituen Jaunak ontzi zaharrak
burdinazko makila batekin. Horregatik, agintari txit goren eta txit estimatuok, zuen
ezagutza Jainkoaren ahotik ikasi behar duzue, eta ez zaitzatela okerbideratu apaiz
losintxariek, ez zaitzatela atxiki euren pazientzia eta ontasun itxuratiez. Izan ere, giza
eskurik gabe menditik ateratako harria12 handi egin da. Ezjakinek eta nekazariek zuek
baino askoz argiago ikusten dute. Bai –goratua bedi Jainkoa!–, hain handia egin da

10
Müntzerren ustez, Lutherren erreforma ez da egiazkoa, Espiritu Santuak eragina.
11
Inperio Erromatar-Germaniar Santua.
12
Kristo, alegia.

12
harria non, beste jaun edo auzokoren batzuek ebanjelioaren izenean zuek pertsegitu
nahi izango bazintuztete, beren menpekoek berek uxatuko lituzkete. Ziur dakit hori.
Bai, handia da harria, handia denez! Mundu ergelak beldur dio aspaldidanik.
Ustekabean harrapatu du harriak, oraindik txikia zela. Zer egin behar dugu, bada, guk
orain, hain handia eta bortitza egin baita eta hain bortizki jo baitu bat-batean pilare
handiaren kontra eta buztinezko eltze zaharrak apurtu?

Horregatik, Saxoniako agintari maiteok, jar zaitezte ausarki giltzarriaren gainean,


san Pedrok egin zuen bezala (Mt16,18), eta bila ezazue Jainkoaren borondateak
ematen duen irmotasuna. Berak eutsiko dizue tinko harriaren gainean. Orduan zuen
urratsak zuzenak izango dira. Bila ezazu segituan Jainkoaren justizia eta heldu zintzo
ebanjelioaren kausari. Zuek uste baino hurbilago baitaukazue Jainkoa. Zergatik izutuko
zaituzte, bada, giza mamuak?

Begira hurbiletik Danielen testu honi. Nabukodonosor erregeak hil egin nahi zituen
jakintsuak, ametsa argitu ezin ziotelako. Merezia zeukaten, zeren eta haren erresuma
osoa zuzendu nahi baitzuten beren jakinduria soilarekin, baina ez ziren gauza euren
asmoa betetzeko. Horixe gertatzen zaie gaur gure elizgizonei ere. Eta zinez esaten
dizuet: baldin kristau herriaren egoera penagarriaz jabetzeko eta ongi ikusteko gauza
bazinete, Erregeak liburuan Jehu erregeak (2 Erg 9 eta 10) bezalakoxe karra izango
zenukete, eta Apokalipsia liburu osoak azaltzen duen bezalakoxe karra. Eta ziur dakit,
zuek oso nekez eutsiko zenioketela ezpataren indarra erabiltzeari. Izan ere, kristau
herri santuaren hondamendi negargarria hain da handia, non inongo mihik ezin baitu
adierazi.

Horregatik, Daniel berri batek altxatu behar du, errebelazioa azalduko dizuena.
Eta, Moisesek Deuteronomioan irakasten zuen bezala (Dt 20,2), zuen buru eta gidari
jarri behar du. Printzeen eta herri haserrearen amorrua bateratu behar du. Izan ere,
kristau herriaren hondamendia eta elizgizon faltsuen eta gaizto desesperatuen
iruzurra ongi ezagutuko bazenute, ez dago imajinatzerik zenbateraino haserretuko
zinateketen. Zalantzarik gabe, biziki haserretuko zinatekete eta erraietaraino eragingo
lizueke jakiteak ezen zuek hain onak izan zaretela eta haiek, aldiz, erabaki
lotsagarrienetara eraman zaituztetela hitzik goxoenekin, egia finkatuaren aurka. Burla
egin dizuete, santuen izenean zin egin dizuetenean ezen printzeak, beren lanbidearen
kariaz, jentilak direla eta ez daukatela hiriko batasuna zaintzea beste egitekorik.

Ai ene, maiteok, bai, harri handia bat-batean eroriko da eta jo eta lurrera botako
ditu arrazoiaren asmoak. Kristok esaten baitu: “Ez naiz etorri bakea ekartzera, ezpata
baizik” (Mt 10,34). Baina zer egin behar da halakoekin? Hauxe besterik ez: ebanjelioa

13
eragozten duten gaiztoak garbitu eta apartatu, deabruaren zerbitzari izan nahi ez
baduzue bederen, Jainkoarenak baizik, Paulok Erromatarrei gutunean esaten dizuen
bezala (Erm 13,4). Ez duzue zalantzarik izan behar: zuek pertsegitzera ausartzen diren
aurkari guztiak porrokatu egin nahi ditu Jainkoak. Bere eskua, izan ere, ez da uzkurtu,
Isaiasek esaten duen bezala (Is 59,1). Horregatik, oraindik lagun diezazueke eta
lagunduko dizue, Josias errege hautatuaren (2 Erg 22,1-23) eta Jainkoaren izena
aldeztu duten guztien ondoan egon den bezala. Beraz, aingeruak zarete zuzen
jokatzen saiatzen zaretenean, Pedrok esaten duen bezala (2 P 14). Kristok oso zorrotz
agindu zuen, esanez: “Ekarri hona nire etsaiak eta hil itzazue nire begien aurrean” (Lk
19,27). Zergatik? Ai ene, Kristori bere agintea hondatu diotelako eta, gainera, beren
bilaukeria kristau fedearen itxuran aldeztu nahi dutelako eta, horrela, beren
lotsagabekeria doilorraz mundu guztia galbidean jartzen dutelako. Horregatik esaten
du Kristo gure Jaunak: “Txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, hobe luke
errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute” (Mt 18,6). Nahi duenak
glosa ditzala hitz hauek, bateraka eta besteraka. Baina Kristoren hitzak dira. Kristok
orduan “txiki hauetako bat” galbidean jartzen duenaz hori esan bazuen, zer esango
ote zuen talde handi baten fedea galbidean jartzen duenaz? Bada horixe egiten dute
gizaki gaizto ahalenek, mundu guztia galbidera eta kristau fede zuzenari uko egitera
daramatenek, eta oraindik esatera ausartzen direnek ezen inork ezin dituela ezagutu
Jainkoaren misterioak. Haien hitzak jarraitu behar dira eta ez haien egintzak (Mt 23,3).
Esaten dute ez dela beharrezko fedearen jatortasuna urrea sutan bezala probatzea (1
P 1,7; Sal 140,11). Baina era horretan kristau fedea okerragoa izango litzateke
zakurraren fedea baino, zeinak ogi-zati bat espero baitu mahaia jantzi bezain laster.
Horrelako fedea aurkezten diote aditu faltsuek herri gaixo itsuari. Baina ez da
harritzekoa, beren urdailaren mesedetan predikatzen baitute. Ez dira gauza euren
bihotzetik besterik ezer esateko (Mt12,34).

Baldin egiazko agintariak izan nahi baduzue, errotik hasi behar duzue gobernatzen
eta Kristok agintzen duen bezala behar duzue jokatu. Erauz itzazue haren etsaiak
hautatuen artetik, horretarakoxe baitzarete zuek. Maiteok, ez iezaguzue eskain
barregarrikeria ergelik, zuen ezpata erabili gabe Jainkoaren indarrak egingo omen
duela-eta, hartara ezpata zorroan herdoilduko bailitzaizueke. Jainkoak emango ahal
dizue horretarako dohaina!

Esan dezala nahi duena edozein jakintsuk, baina Kristok esana dauka: “Fruitu onik
ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da” (Mt 7,19). Munduaren
maskara eranzten baduzue, berehala igarriko diezue epaiketa zuzenez (Jn 7,24). Egin
ezazue epaiketa zuzena, Jainkoak agintzen dizuen bezala. Baduzue horretarako aski
laguntza, Kristo baita zuen maisua. Beraz, ez utzi Jainkoagandik urruntzen gaituzten

14
gaizkileei luzaroan bizitzen. Jainkogabeko gizaki batek ez baitu bizitzeko eskubiderik,
jainkozaleentzat eragozpen denean. Irteera liburuan Jainkoak dio: “Ez duzu bizirik
utziko gaizkilea” (Ir 22,2). Iritzi berekoa da san Paulo ere, agintarien ezpatari buruz
esaten baitu gaiztoen zigorrerako eta zintzoen babeserako emana zaiela (Erm 13,4).
Jainkoa da zuen babeslea eta berak irakatsiko dizue etsaien kontra borrokatzen. Berak
trebatuko ditu zuen eskuak borrokarako, eta berak eutsiko dizue tente. Baina, hori
dela-eta, gurutze eta nekaldi handia pairatu beharko duzue, Jainkoaren beldurra argi
dakizuen. Ez da hori saminik gabe gertatuko, baina perilean Jainkoarengatik
arriskatzea ez zaizue gehiago kostako aurkarien berriketa antzuari uko egitea baino.
Absalonek David jainkozalea bere gaztelutik bota bazuen ere (2 Sm 15,18), azkenean
haraxe itzuli zen berriro, Absalon urkatu eta lantzaz joa izan zenean. Beraz, Saxoniako
guraso maiteok, horretan saiatu behar duzue ebanjelioaren amoreagatik. Eta Jainkoak
amultsuki zigortuko zaituzte, bere semerik kutunenak bezala, haserre laburrez sutzen
denean. Zoriontsuak orduan Jainkoagan fio direnak. Esan ezazue lasai Kristoren
Espirituarekin: “Ez naiz beldur ehun mila inguruan izanik ere” (Sal 3,7).

Baina nirekiko daukat ezen orain gure jakintsuek Kristoren ontasuna erakutsi
nahiko didatela, itxurakeriaz eurentzat erreibindikatzen dutena. Baina ikusi beharko
dute Kristoren sumindura ere, zeinarekin erauzten baititu idolatriaren erroak, Paulok
Kolosarrei esaten dien bezala (Kol 3,5-10): aditu horiek direla-eta, Jainkoaren haserrea
ez daiteke aldendu elkartetik. Baldin, nire iritzian, harako errudun txikiak13 hankaz gora
bota bazituen, zalantzarik gabe ez zien barkatuko idoloei eta irudiei, han izan balira.
Berak Moisesen bitartez agindu zuen bezala, esaten baitu: “Herri santua zarete. Ez
duzue errukirik izan behar idolozaleekin. Hautsi haien aldareak, puskatu eta erre haien
irudiak, zuekin haserre ez nadin” (Dt 7,5-6). Kristok ez zituen hitz hauek indarrik gabe
utzi, baizik eta betetzen lagundu nahi digu (Mt 5,17)). Irudi hauek guztiak profeten
bidez azalduak izan dira, baina hitz hauek garden eta garbiak dira, beti indarrean iraun
behar dutenak. Jainkoak ezin du esan gaur bai eta bihar ez, baizik eta aldaezina da
bere hitzetan. Objekzio gisa jartzen bada ezen apostoluek ez zituztela suntsitu jentilen
idoloak, erantzuten dut: San Pedro gizon beldurtia izan zen. Galaziarrei gutunaren
arabera, jentilekin itxurak egin zituen (Ga 2,2.11-13). Apostolu guztien irudia izan zen,
halako moduan non Kristok hartaz esan baitzuen heriotzaren aurrean izugarrizko
beldurra zuela (Jn 21,15-19). Hortik erraz pentsa daiteke ezen Pedrok ez ziela eman
nahi jentilei bera hiltzeko aitzakiarik. San Paulo, ordea, gogor mintzatu zen idolatriaren
kontra (Eg 17,16-31). Eta atenastarren artean bere dotrina azkeneraino eraman izan
balu, zalantzarik gabe zeharo suntsituko zuen haien idolatria, Jainkoak Moisesen
bitartez agindu zuen bezala eta geroago martirien bidez, historia fidagarrien arabera.

13
Jerusalemgo tenpluko diru-trukatzaileak (ik. Jn 2,15).

15
Beraz, santuen ahuleziak edo laxokeriak ez digute aitzakiarik ematen gaizkileei beren
gisara bizitzen uzteko. Jainkoaren izena gurekin aitortu dutenez gero, bietatik bat
hautatu behar dute: fede kristauari erabat uko egitea ala idolatrak aldentzea.

Baina hor datoz gure adituak eta, Daniel aipatuz, euren era jainkogabe eta
makurrean esaten digute ezen antikristoa inoren eskurik gabe desegina izango dela.
Hori gehiegi da! Hori dioen edonor kikildurik dago jada, aukeratuak agindutako
lurraldera sartu nahi zutenean kanaandarrak kikildurik zeuden bezala, Josuek idazten
duenez (5,1). Halere, Josuek ez zion uko egin bere ezpataren aho zorrotzari. Ikus 44.
Salmoa eta Kronikak lehen liburua (Sal 44,4; 1 Kro 14,11). Hor ere irtenbide bera
aurkituko duzue: ez zuten irabazi lurraldea ezpataren bidez, Jainkoaren indarraren
bidez baizik, baina ezpata izan zen bitartekoa, guretzat jatea eta edatea bizitzeko
bitarteko diren bezala. Beraz, ezpata ere beharrezkoa da jainkogabeak suntsitzeko.

Baina gure aita maite printzeek, gurekin batera Kristo bera sinesten dutenek, egin
behar dute hori zuzen eta egoki gerta dadin. Hori egiten ez badute, ordea, ezpata
kenduko zaie (Dn 7,27), Kristo hitzez aitortuko bailukete eta egitez ukatu. Beraz,
horrela eskaini behar diete bakea etsaiei (Dt 2,26-30). Eta printzeek espiritualak izan
nahiko balute, baina Jainkoaren ezagutza kontuan izan gabe, orduan garbitu egin
beharko lirateke (1 Ko 5,13). Daniel jainkozalearekin batera beraien alde otoitz egiten
dut, Jainkoaren errebelazioaren aurka jar ez daitezen. Baina bestela jokatuko balute,
hilak izan daitezela inolako gupidarik gabe, Ezekias, Josias, Ziro, Daniel eta Eliasek
Baalen apaizak garbitu zituzten bezala (1 Erg 18,40; 2 Erg18,22; 23,5; 2 Kro 36,22-23;
Dn 6,27). Bestela, Elizak ez dauka bere jatorrira itzultzerik. Belar txarra erauzi egin
behar da uzta-garaian Jainkoaren mahastitik. Hartara, gari gorri ederra sakon
errotuko da eta indartsu haziko. Beren igitaia horretarako zorrozten duten aingeruak
dira Jainkoaren morroi zintzoak, jainkozko jakinduriaren ardura egiaztatzen dutenak.

Nabukodonosorrek Danielen ahotik jaso zuen jainkozko jakinduria. Haren aurrean


belaunikatu zen, egia bortitzak bere mende hartu zuenean, baina kanabera haizetan
bezala mugitzen jarraitu zuen, Danielen 3. kapituluak erakusten duenez. Orain ere,
jende-pilak hartzen du ebanjelioa poz handiz, dena ongi eta gozo doakien bitartean
(Lk 8,48). Baina Jainkoak jende hori probatzen edo arragoko sutan jartzen badu, ai
ene, orduan hitzik txikienarekin mintzen dira, Kristok ebanjelioan iragarri zuen bezala
(Mk 4,17). Liburutxo honekin ere, probatu gabeko jende asko minduko da zalantzarik
gabe, Kristorekin eta Paulorekin eta Jainkoaren lege osoko irakaspenekin batera
esaten dudalako agintari jainkogabeak, eta bereziki apaizak eta lekaideak, hil egin
behar direla. Ebanjelio santua heresia dela esaten digute eta aldi berean uste dute
kristaurik onenak direla. Horrela, horien ontasun itxuratia neurri guztien gainetik

16
haserretu eta amorratuko da, jainkogabeak defendatuko ditu eta esango du Kristok
ez zuela inor hil, etab. Eta Jainkoaren adiskideak era tamalgarrian airean gelditzen
dira, eta Pauloren iragarpena betetzen: “Azken egunetan atseginzaleek erlijiozale
itxura izango dute noski, baina ukatu egingo dute erlijioaren indarra” (2 Tm 3,1-5). Ez
dago munduan jainkozaletasun itxuratiak baino irudi eta maskara ederragoa duenik.
Horregatik daude bazter guztiak itxurati harroz beterik, eta horien artean ez dago bat
bera ere benetako egia esateko ausardia duenik.

Egia egun-argitan ager dadin, zuek, agintariok, Danielen kapitulu honen


bukaeraren arabera portatu behar duzue (Dn 2,48-49) –Jainkoak emango ahal dizue
halaxe egitea, gogoz edo gogoz kontra–. Alegia: Nabukodonosorrek Daniel santua
kargudun egin zuen, horrela erregeak epai on eta zuzenak eman ahal zitzan, Espiritu
Santuak inspiratuak (Sal 58,11-12). Izan ere, jainkogabeek ez dute bizitzeko
eskubiderik, hautatuek opa diezaieketena ezik, Irteera liburuan idatzita dagoen
bezala (23,29-33). Poztu zaitezte, Jainkoaren egiazko adiskideok, gurutzearen etsaiek
bihotza uzkurturik baitute! Zeuen egitekoa bete behar duzue, horrelakorik burutik
inoiz pasatu ez bazaizue ere. Jainkoaren beldur bagara, zergatik kikildu behar dugu
gizaki soil ezgauzen aurrean? Izan adore! Agintea beretzat nahi duenak, zeru-lurretan
indar oro eman zaionak (Mt 28,18), maite-maiteok, gorde zaitzatela betiko. Amen.

17

You might also like