You are on page 1of 19

1

José María Arguedas (1911-1969)

“Ni ez nago akulturatuta. Ni, deabru zoriontsua bezala,


indioz eta kristauez, kitxuaz eta gaztelaniaz mintzo naizen
perutarra naiz. Hizkuntza artistiko ere bihurtu nahi nuen
neure barneko izate hori… Eta badirudi halako adostasun
aski zabala ere badela bazter hauetan, arrakasta pizka bat
bederen lortua dudala ahalegin horretan.”

Azaleko irudia Aldo Estradarena da.


3

Azalpen txiki bat

Urtearen parte handiena egiten dute Xabier eta


Aitorrek Perun. Cuscon, hain zuzen ere.
Aurten ere, aurreko urteetan bezala, beren ikasturtea
Perun egin ondoren, Amurrioko aldia izan dute eta,
eskolatik eskolara, Aresketa Ikastolan ibili dira azken
asteotan.
Orain, hau idazten dudanerako, egina da, edo eginxea
bederen, Amurrioko aldia aurtengoz.
Guraso naizenez, eta egoera berezi horretan, beti
saiatu izan naiz neure semeei esaten zer diren. Inoiz ez
zer ez diren. Eta beti esan diet euskaldunak direla eta
cuscotarrak direla. Euskaldunak dira eta qusqurunam
kanku. Waskurunam kanku eta cuscotarrak dira. Eta
euskaldun izateko modu posibleetan ere, amurrioar izatea
tokatu zaie. Baita Aresketa Ikastolako parte ere, modu
ezohiko samarrean bada ere, halabeharrez.
Aurten, eta ez galdetu niri zergatik, ez bainuke
erantzuten jakingo, ondo iruditu zaigu gure joan-
etorriaren lekuko zerbait moldatzea. Horretan
ahalegintzen baikara beti, geure txikian eta geure
ahalean: Euskal Herritik Perura zerbait eramaten,
eta Perutik Euskal Herrira zerbait ekartzen.
Eta ipuin bat gogoratu zaigu egokiena. Hemen
eskuartean duzuen José María Arguedasen Punkuaren
Ametsa (Pongoq Mosqoynin) (1965).
4

Aspaldi saiatu nintzen euskaratzen, baina berrikitan


bakarrik iruditu zait benetan nintzela euskaraz jartzeko
gauza. Hona, beraz, Perutik Amurriora eta kitxuatik
euskarara, ekarritako ipuin txiki bat, nire ustean ederra.
Har ezazue, mesedez, LH 6. mailako lagunok,
Xabiren esker oneko opari gisa, hala ikaskideek, nola
baita irakasleok ere, Aitor eta Koldok.
Ondo ibili eta… ondo bidean, datorren urtera arte.
JAVIER CUADRA

Ipuin hau opari bat da nire lagun eta gelakideentzat.


Etortzen naizen bakoitzean zerbait berria eramaten dut
Perura: konfidantza, Aitorren aurpegia, matematikan
atzeratuta gaudela oihukatzen digunean; Koldo haserre,
ze ez dugu froga errepasatu…
Baina inportanteena alaitasuna eta zuek nire
bihotzean eramaten zaituztedala.
XABIER CUADRA
Amurrion, 2020-03-6
5

PUNKUAREN AMETSA
Nagusiaren etxe handirantz abiatu zen gizona.
Morroia zen eta punkutza (1) betetzera joan behar
zuen, hau da, nagusiaren etxeko zerbitzu
derrigortua. Txikia zen gizona, gorputzez makala,
kemenez eskasa eta erabat errukarria; bere
arropak, piltzar zaharrak.

Nagusiak ezin eutsi izan zion farreari gizontoak


etxeko galerian agurtu zuenean.

—Benetan gizakia ote haiz hi, edo gauza bat


beharbada? —galdetu zion, han lanean ari ziren
zerbitzuko gizon eta emakume guztien aurrean.

Bere buruaz lotsaturik, punkuak ez zuen


erantzun. Han geratu zen, zutik, beldurturik,
begiak izoztuta bezala.

—Ea!! —esan zuen nagusiak— sukaldeko


lapikoak garbitzen jakingo ahal duk!… Edo esku
ezteus horiekin erratza astintzen, behintzat!!!…
Eraman ezak hemendik zabor hau!! —agindu zion
nagusiak etxaldeko langileen buruzagiari.
6

Belaunikatu eta eskumuina eman zion punkuak


nagusiari. Gero, dena konkortuta, sukalderaino
jarraitu zion langileen buruzagiari.

Gorputz txikia zuen punkuak, baina bazuen


gisako edozein gizonek adina indar, eta ongi egiten
zuen agintzen zioten guztia. Baina bere aurpegiak
beti zuen halako beldur aire bat. Etxeko zerbitzari
batzuek farre egiten zioten itxura horrekin ikusten
zutenean; beste batzuek, berriz, hartaz errukitzen
ziren. «Umezurtzetan umezurtz; bere begietako hotz
hori Ilargiko haizearen kumea da, eta bere bihotza
tristuraz betea da», horrela irten zitzaion berehala
sukaldeko andre mestizoari (2) gizona ikusi
zuenean.

Gizonak ez zuen inorekin hitz egiten; isilik


egiten zuen lan; isilik jaten zuen. Agintzen zioten
dena betetzen zuen, «Bai jauna, bai andrea»,
besterik esan gabe.

Beharbada beldurti itxura zuelako, edo


beharbada haren arropa zeharo piltzartuengatik,
edo beharbada hitz egin nahi ez zuelako, kontua da
inoiz ez bezalako erdeinua hartu ziola nagusiak
7

gizonari. Iluntzero, zerbitzariak etxeko galeria


luzean «Agur María» errezatzera biltzen zirenean,
orduantxe martirizatzen zuen nagusiak punkua
beste zerbitzarien aurrean.

Burutik heltzen zion eta beherantz erakartzen


zuen, belauniko jartzeraino; eta horrela jarria
zuelarik, eskuzarta txikiak jotzen zizkion
masailean.

—Txakurra haiz hi, nik uste —esaten zion—.


Zaunka egin ezak!!

Gizonak ezin zuen zaunkarik egin.

—Lau hankan jar hadi! —agintzen zion orduan


nagusiak.

Punkuak obeditzen zuen eta urrats batzuek


egiten zituen gero lau oinean.

—Korri albokara, txakurrek bezala! —segitzen


zuen nagusiak aginduak ematen.

Gizonak bazekien punako (3) txakur txikien


gisara lasterka egiten.
8

Nagusiak gogotik egiten zituen orduan farre


lodiak, eta gorputz osoa astintzen zitzaion algara
batean, lehertzekotan bezala, farrearen farreaz.

—Itzul hadi! —egiten zion oihu, punkua galeria


handiaren muturrera trostan iristen zenean.

Eta punkua berriz itzultzen zen, albokara


lasterka, neka-neka eginda.

Bien bitartean, «Agur Maria» errezatzen


segitzen zuten gainerako zerbitzariek, astiro,
bihotz barruko haize xuabearen antzera.

—Orain tente jaso belarriak bizkatxa! Bizkatxa


(4) haiz orain. —agintzen zion nagusiak gizontto
nekatuari— Bi hankan jarri, eskuak elkarlotuta,
bizkatxen antzera.

Eta jaio aurreko denboran amaren sabelean


bizkatxa batek irakatsi balio bezala,
animaliatxoaren itxura berdin-berdina egiten zuen
punkuak, peto-petoa, bizkatxa txikiak haitz
gainean otoitzean bezala zutik geratzen direnean
bezalaxe. Belarriak, ordea, ezin zituen zutitu.
9

Gero, botarekin zakarki jo gabe, galeriako


adreiluzko zorura botatzen zuen nagusiak gizona.

—«Aitagurea» erreza dezagun! —agintzen zien


orduan nagusiak bere indiarrei, iladan zain
zeudenak.

Astiro zutitzen zen orduan punkua, nekez,


baina berak ezin zuen otoitzik egin, sekula ez
baitzegoen zegokion lekuan, lekurik ez baitzegoen
berari zegokionik.

Ilundutakoan, galeriatik patiora jaisten ziren


zerbitzariak eta etxaldeko herrixkarantz abiatzen
ziren.

—Hoa hi ere, txotxo! —agintzen zion orduan


nagusiak punkuari.

Eta horrela, egunak joan eta egunak etorri,


gainerako zerbitzarien aurrean iraulkarazten zuen
nagusiak. Farre egitera behartzen zuen, edo negar
egitera. Eta gainerako zerbitzarien burlagarri
bilakatu zuen horrela nagusiak punkua.
10

Baina… arratsalde batean, «Agur Maria»-ren


orduan, etxeko lagun guztiak galerian zeudelarik
eta nagusia ohi bezala punkuari begi zeiharrez so
egiten hasia zelarik, gizonttoa, nor-eta gizontto
isila, hizketan hasi zen, baita ordu artean inoiz ez
bezala egin ere, argi eta gora. Beldurti antz hura
zuen oraino aurpegieran.

—Jaun gorena, emadazu baimena, mesedez.


Hitz egin nahi nizuke neure aitatxo horri —esan
zuen.

Nagusia ezin sinetsiz zegoen, entzuten zuena


benetan entzuten ari ote zen…

—Zer? Hik hitz egin al duk, ala beste inor ari ote
da? —galdegin zion.

—Zure baimena emadazu, mesedez, hitz egin


dezadan. Zerorri hitz egin nahi nizuke, otoi —esan
zuen punkuak berriro ere.

—Hitz egin ezak, bada… baldin hizketan


badakik ere, behintzat! —erantzun zion nagusiak.
11

—Nire aita hori, nire bihotzeko jauna —hasi zen


gizona—, amets egin dut bart gauean gu biok hilak
ginela; elkarrekin, aldi berean hilak ginela zu eta
biok.

—Nirekin batera hi? Hi? (5) Ea, konta ezak hori,


indiarra! —esan zion nagusiak.

—Gizon hilak ginenez, nire jauna, biluzik


geunden biok bata bestearen ondoan, gure Aita San
Frantziskoren aurrean.

—Eta gero? Esadak! —agindu zion nagusiak


jakinminez, haserre bezain urduri.

—Gure Aita San Frantziskok biok elkarrekin,


biluzik eta hilik ikusi gintuenean, noraino iristen
diren eta noraino ikusten duten guk ezin imaginatu
dezakegun bere begi zorrotzez aztertu gintuen. Zu
eta ni, biok aztertu gintuen, bai; eta nire ustez
gutako bakoitzaren bihotza eta gutako bakoitzaren
izatea neurtzen ari zen, zer izan garen eta zer
garen… Zuk, gizon handi eta aberatsa zarenez,
tinko eutsi zenion haren begiradari, aurrez aurre.

—Eta hik?
12

—Ezin dut nik jakin nola nengoen, jaun handia.


Ezin dut nik jakin neure balioa…

—Ondo zagok. Segi kontatzen.

—Orduan, segituan, gure Aita handiak honela


esan zuen. “Aingeru guztietarik eder-ederrena
datorrela, eta horri lagun egin diezaiola beste
aingeru txiki batek, ezin ederragoa hau ere. Eta
aingeru txikiak urrezko kopa bat ekar dezala,
txankakazko (6) eztirik gardenenaz betea”.

—Eta orduan? –galdetu zuen nagusiak.

Inguruko zerbitzari indiarrak punkuaren


esanari erne zeuden, baina beldurrez…

—San Frantzisko gureak hura agindu bezain


laster, berehala agertu zen aingeru bat, dirdirka,
eguzkia bezain altua, eta gure Aita San
Frantziskoren aurreraino iritsi zen, urratsean
lasai… Eta aingeru handi horren atzetik aingeru
txikia ere etorri zen, ederra, lerdena, loreen dirdaia
bezain argi goxoaz inguratuta. Urrezko kopa bat
zekarren eskuetan txikiak.
13

—Eta? —estutu zuen nagusiak.

—«Aingeru nagusia: urrezko kopan daukaan


eztiaz estal ezak zaldun hau; eta luma leun
samurrak izan daitezela hire eskuak haren
gorputzetik igarotzean». Horrela agindu zion gure
Aita San Frantziskok. Eta horrela, aingeru
goresgarriak bere eskuetan eztia jaso zuen eta
harekin margotu zuen zure gorputza, burutik hasi
eta oinetako azken azkazaleraino, ezti gozoaz
estaliz. Eta zutitu zinen orduan zu, gora, handi, eta
zeruaren erlantzean zure gorputzaren distira ohi
baino are ikusgarriagoa zen oraino, urregorrizkoa
balitz bezala, gardena.

—Eta halaxe behar zian, noski!! —esan zuen


nagusiak, eta gero galdetu:

—Eta hiri?

—Zuk zeruan handioski distiratzen zenuen


bitartean, beste agindu bat eman zuen gure Aita
San Frantzisko handiak: «Zeruko aingeru
guztietarik kaxkarrena datorrela orain. Eta ekar
14

dezala aingeru horrek gasolina-lata bat gorotzez


betea».

—Eta orduan?

—Gehiago balio ez zuen aingeru kaxkar bat


etorri zen orduan gure Aita Frantziskoren
aurreraino, bere oin ezkatatsuen gainean ozta
zebilela; xahartuta zegoen eta bere hegal eroriei
eusteko indarrik ere ez zeukan kasik. Ontzi bat
zekarren eskuetan.

—“Aizak, xaharra!! —agindu zion gure Aita San


Frantziskok aingeru gizaxoari— estali gizontto
honen gorputza ekarri duan lata horretako
gorotzaz; ahal duan moduan, baina oso-osorik.
Aguro!” Orduan, latatik gorotz eskutadak atereaz,
aingeru zaharrak erabat estali ninduen bere esku
iharrez, neurri eta ganora gabe. Eta lotsatuta
agertu nintzen ni orduan zeruaren argitasunean,
gorotz kiratsa gorputz osotik zeridala…

—Eta halaxe izan behar zian, noski —berretsi


zuen nagusiak—. Segi ezak! Edo horrenbestez
bukatu zen kontua?
15

—Ez, nire aitatxo nirea, nire jaun nirea, ez zen


kontua horrenbestez bukatu. Gero, biok Aita San
Frantziskoren aurrean berriz agertu ginenean,
begiratu zigun berak berriro, zuri eta niri. Eta
Zerua asetzen zuten bere begi haiekin, ez dakit nik
nolako barreneraino iritsi zitzaigun, baina bere
begiradaz gauak eta egunak, oroimenak eta
ahanzturak berdindu zituen. Eta honela esan zigun:
«Aingeruek zuekin egin behar zutena eginda dago.
Zuen txanda da orain. MIAZKA EZAZUE BATAK BESTEA.
ASTIRO, PATXADAZ. DASTA EZAZUE».

Aingeru xaharra gaztetu egin zen orduan.


Kolore beltz bizia eta garai bateko kemena
berreskuratu zituzten haren hegalek. Eta Gure Aita
San Frantziskok agindua eman zion aingeru
zaharberrituari, zeharo eta erabat bete zedila bere
agindua.

**********
16

*Punkutza.

Besteak beste, bizkarrean eraman behar zuen punkuak


bere nagusia, hau beti lehorretik ibil zedin eta oinak ez
busti. Legez debekatu zenean ere, ohiturak errotuta
segitu zuen oraino urtetan mendialdeko bazterretan.
17

OHARRAK

(1) *Punkutza: (Esp. Pongage, pongueaje), derrigorrezko


lana zen, lurjabe handi bati indiarrek dohainik egin behar ziotena.
Ordainez, bizileku ziztrina eta janari apur bat jasotzen zuen
punkuak. 1960 arte iraun zuen hainbat lekutan, gehiena Perun
eta Bolivian.
Punku, kitxuaz eta aimaraz, “ate” da, eta ontzat hartzen da
hitzaren jatorria horixe dela: zerbitzariak ate ondoan lo egin
behar zuela, nagusiak edonoiz agintzen ziona berehala
kunplitzeko gertu egon zedin. Bizpahiru hilabete irauten zuen
zerbitzu horrek, eta epe hori bukatzean beste punku berri batek
ordezkatzen zuen zaharra. Besteak beste, ibaietan nahiz pausu
zailetan, bizkarrean eraman behar zuen punkuak bere nagusia,
arretxikotan, honek oinak busti ez zitzan.
Izenik usuena, Peruko espainieraz, “pongo” da. Euskaraz
kitxuazko izena aukeratu dut, punku, eta hortik euskararako
asmatu behar izan dudan “punkutza” izena. Pongo idatzi zuen
Arguedasek kitxuaz ere bere ipuinean, eta ez zaituztet orain
horrekin aspertuko, baina labur esanda, kitxua hiru bokalez
idaztea erabakia da ordutik hona (a, i, u), eta ez espainieraren
eraginez egiten zenez, bost bokalez.
(2) Mestizo: Mestizo, oro har, bi jatorri diferenteko gurasoak
dituena litzateke, baina gizabanakoaz bestalde, kolektibitate
egonkor samar bezala ere ikus daiteke, talde etniko-kultural
bezala edo. Perun, adibidez, nahiz hainbat aldetatik
eztabaidatzeko eta errefusatzeko litzatekeen, usua izan da (eta
18

da) “zuri”, “indiar” eta “mestizo” sailkapen hirukoitza, eta nahiz


razialki ez duen balio, egia da kulturalki baduela balio
(auto)identifikatzailea.
Merezi du, konparazio, aipatzea guretzat arraro samar den
zerbait: “azeria” (atuq, kitxuaz), ez da gure europar mendebaldeko
ohiko ipuin eta alegietako “askojakina”, baizik-eta “listopasau
berritsua”, hau da, azkartzat dauka bere burua, baina beti
galtzaile irteten da azeria. Azeria, bestela esateko, herri
ipuinetan, “mestizoaren” errepresentazioa da, azkarra bere
ustean, baina guztiek (zuriek nahiz indiarrek) beti ziria sartzen
diotena. Arguedasen eleberri famatuenetako batek horixe
garatzen du: “El Zorro de Arriba y el Zorro de Abajo” (Goiko Azeria
eta Beheko Azeria)
(3) Puna: Andetako eskualdea da. Gehiena Erdialdeko
Andetako gorengo lurraldeetan zabaltzen da. Leku idorra da, eta
tenperaturaz oso gogorra. Aldeak alde, balio luke, nolabait,
euskarazko “bortua”k Zuberoan ulertzen duten bezala, mendian
gora. Egizue kontu “basamortu” hitzean dagoen “mortua”,
“bortua” (“puerto”) dela berez, eta ez “muerto”. Horretaraz gero
ere, hurbil dugu guk “Puerto de Orduña” delakoa. Peru-
Bolivietako puna, dena den, 3000 metrotik gora da eta izugarrizko
leku idor, zabal eta bakanduak dira, kasik jenderik batere gabeak
kilometro eta kilometrotan.
(4) Bizkatxa: karraskari txikia da, Andetako goi-lautadetan
oso ugaria. Talde ugaritan bizi dira, lur azpiko zuloetan. Belarri
luzeak dituzte, untxiarenak bezalakoak. Zutik ikus daitezke haitz
19

gainean, eguteran (“eguzkia hartzen”), eta ipuinean esaten den


bezala, otoitzean ari direla irudi luke, beren beso txikiekin.
(5) Ñuqanchis / ñuqayku: “Gu” esateko bi izenordain
erabiltzen dira kitxuaz (Ecuador-eko kitxuan ez): “nuqanchis”
erabiltzen da hitz egiten diozuna zeure taldean sartu nahi
duzunean (barneratzaile, inklusibo), eta “ñuqayku”
(baztertzaile, exklusibo) hitz egiten diozuna zeure taldetik
kanpo utzi nahi duzunean. Espainieraz nahiz euskaraz galtzen da
ñabardura hori, baina jaun nagusiaren eskandalua hortik dator:
punkuak, “ñuqanchis” esanda, nagusia bere masi, h.d., bere kide,
egiten du, bere berdina. Eta esan gabe ere badoa nagusi aidor eta
goratiari ezin onartuzko zaiola hori.
(6) Txankaka: Azukrezko kainaberatik egindako eztia da.
Chancaca bezala ezagutzen da Perun, baina izen asko du: panela,
gur…

You might also like