You are on page 1of 60

– –
Besamotza
Etxean behin eta berriro esaten zidaten: "segi bilatzen". Berdin eskolan: "segi
galdetzen". Gero lagunarteak eta askotariko kezkak etorri ziren, sozialak, kulturalak,
politikoak, eta horietan ere, "segi bilatzen" errepikatzen zidaten bidaideak aurkitu nituen.
Ordudanik dakit "zergatik" bakoitzaren ondoan "zergatik ez" jarriz gero, aukera berrien
etorbidea zabaldu egiten dela eta askoz aberatsagoa dela handik aurrerako bidea. Baita
dibertigarriagoa ere. Guztiei esker ikasi dut, azkenik, ibiltzeko modu bakarra dagoela,
haizeak nahierara eramango ez bazaitu: nork bere bidea egitea.

Asko eskertzen ditut irakaspenak, bizitzarako arma egokiak izan zirelako. Orain,
alta, ikasitako hori hankamotz geratu zaidala ohartu naiz, nire buruari behin eta berriro
galdetuta ere, erantzun agerikorik ez duten egoeren aurrean zer egin ez baitakit.

Kontraesanak deitzen diegu, bizitzearen ondorio esan beharrean. Egunotan bolo-


bolo dabilen auziak eman dit horretaz pentsatzeko bidea. Poztu daiteke bat giza-
eskubiderik behinena urratu duen pertsonari bere giza-eskubideak osoki errespetatuko
zaizkiolako? Bai, poztu daiteke bat, ni poztu egiten naiz, behintzat. Poza, baina, ez da
algara, ez da "puntu eta kitto"-ko alegeratasun, ezta arinkeria ere. Poztu eta mindu daiteke
bat aldi berean? Baiezkoan nago.

Harry Truman AEBko Presidentea bere onetik ateratzen omen zen iritzi-
ugaritasunean, eta horregatik, gobernuaren aholkulari ekonomialari besamotzak nahi
zituela esaten zuen, hau da, "on the other hand", "bestalde-rik", azalduko ez ziotenak,
zuria edo beltza eskainiko zioten sinplekeriaren bozeramaileak.

Badira erantzuten asmatuko ez ditugun galderak eta soluziorik ez duten estualdiak.


Badira sekula ulertuko ez ditugun hutsuneak, inoiz onartuko ez ditugun urrunaldiak.
Bizitzan irtenbidea aurkitzen ikasi dugu, baina umezurtzak gara aterabide bistakorik ez
duten bizitzako bihurguneetan.

Herritar besamotzak hezi ditugu, baina soluzio sinplerik ez dago, pauso errazik ere
ez ibili beharreko bide malkartsuan.
Josu Iñaki Belasko eta Ainhoa Ispizua senar-emazteen ezbeharra kontatu genuen joan den
ostiraleko BERRIAn. Istorio horrek milaka istoriotxo gordetzen ditu, eta horietako batzuk burutik
aldendu ezinik izan ditut egunotan, bikotearen Bermeoko etxean egon nintzenetik: Ainhoaren
indarra, umorea, adorea, sakrifizioa, zintzotasuna, ezintasun sentimendua... eta, batez ere,
zaintzailearen bakardadea. Lan istripu baten ondoren gaizki ateratako ebakuntza batek
mugikortasuna mugatu zion Josuri duela ia bost urte. Igogailurik gabeko eraikinean bizitzeak, eta
urritasun maila aitortzerakoan erakundeek dituzten irizpide ezberdinen ondorioz etxe egokitu bat
eskatu ezin izateak, etxezuloan kateatuta egotera behartu du Josu. Eta Ainhoa ere senarra etxetik
atera ezinik duen kateari lotuta dago.

"Berarentzat nago", dio Ainhoak; "beragaz neu nago etxezuloan sartuta". Josuren ezbeharrak
erabat aldatu eta baldintzatu du Ainhoaren bizitza: lana utzi behar izan zuen, senarrak norbaiten
beharra duelako une oro. Josuri mendekotasun handia aitortu ziotela eta, Mendekotasunaren
Legearen ondorioz esleitutako 400 euro inguruko diru laguntzak ordezkatzen du Ainhoaren soldata.
"Eta fakturak pagatu behar dira". Baina zaintzeak ere gaixotzen du, eta senarra leku batetik bestera
lekualdatzean egindako esfortzuak bizkarrean etendura eragin dio Ainhoari. Beldur da: "Ni gaixotzen
banaiz, akabo"; 29 urte ditu.

Ainhoak aitortzen du ez dela batere erosoa kazetariak etxera sartzen uztea, "gure intimitatea
azaleratzea", baina haien egoera salatzera behartuta daude. Tabernara kafe bat hartzera joateko
aukerari "askatasun" deitzen dio, eta askatasun hori luxutzat du. Bakarrik sentitzen da; inguruan
baditu senideak eta lagunak, baina eguneroko jardunean, senarra zaintzean, bakarrik dago.
Batzuetan mamuak
ikusten ditut…
Gaurkoan, egunero bezala, goizeko zortzietan sartu naiz bulegora, argiak
piztu ditut, oinarekin ordenagailua pizteko botoiari sakatu diot, poltsatik bazkariko
tupperrak atera ditut eta goiko solairura igo naiz bazkaria hozkailura sartzeko.

Ur bete edalontzi batekin jaitsi naiz, nire aulkian eseri eta nire lankideekin hitz
batzuk trukatu ditut. Azken aldi honetan hiru lagun besterik ez gaude bulegoan.

Arratoia eskumako eskuarekin eutsi eta nire ezkerretara abiatu dut begirada
aurreko egunean utzitako paperetan apuntatutakoa irakurtzeko. Ostiaz! Ez daude!
Bestaldera begiratu dut. Joder!! dena txukunduta dago!! Orri bat bestearen
gainean, post -it-ak muinotxu bat osatuz ordenatuak, boligrafoak potean
sartuta...!!! ¡¡¡La madre que me pario!!! Nik atzo dena hankaz gora utzi nuen,
egunero lez!!

-Bego, atzo Gina etorri ahal zen?


-Bai, asteburuan ez zuen etortzerik izan eta atzo garbitu zuen bulegoa.
Bitxia egiten zait heldu bat negarrez ikustean ingurukoek babesa eman eta
lasaitzen saiatzen igarotzen duten denbora eta hartzen duten ardura ikusi ondoren,
euren haurrak negarrez egon eta jaramonik egiten ez dien gurasoen aurrean
egotea. Bitxia eta gogorra, oso gogorra.

Haurrek, eta batez ere, txikienek, ez dute kapritxoz negar egiten. Behar bat
dutelako egiten dute negar, eta behar hori komunikatzeko bidea negarra dutelako.
Normalean gosea, egarria, hotza, beroa, fardel zikina, gosea, logura, mimo beharra,
mina, babes beharra, kontaktu fisiko beharra edo bestelako arrazoiren bat izango
da eta beraiek behar hori asetzeko gai ez badira, normala da laguntza eskatzea.
Ezin dugu espero bere eskaerekin email edo whatsapp bat bidaliko digutenik.

Negarra oinarri-oinarrizko komunikazio tresna da, eta komunikazioak


funtziona dezan, negar horren hartzaileak negar hori entzun, aztertu eta beharra
ase behar luke. Bularra ematen duten amek, euren haurtxo jaioberria (edo
koxkorxeagoa -niri urtea betetzear dagoenarekin gertatzen zait-) negarrez
entzutean bularrak minbera jarri eta esnea jariatzen hasten dira. Beste zenbait
espezietan ere ikusi dute erantzun automatiko hori.

Azken urteetan ordea, negarrez uztearen aldeko ahotsak zabaldu dira.


Horrelako gomendioak ematen dituztenek haurrak gaizki heziko ditugula,
mimatuak izango direla, kapritxoa besterik ez dela eta horrelako arrazoiak
erabiltzen dituzte. Haurtxoek, jaiotzetik helduak izorratzeko asmo eta gaitasuna
izango balute bezala.

Guk ez dugu uste horrek mesede egiten dionik inori. Ez haurrari, ez negarra
entzuten duen inori ere. Gainera, geroz eta ikerketa gehiagok erakutsi dute,
haurtxoei negarrez egoteak sortzen dien estresak epe luzerako eragina dutela
(autoestimu arazoak, harremanetarako arazoak, mesfidantza...). Esan bezala,
haurtxoek behar bat dutelako egiten dute negar, eta behar hori asetzean berehala
isiltzen dira. Bakea denontzat. Hortaz, zergatik utzi negarrez?
Emakumeak urduri daude, bata besteari begira, igerilekuaren ertzean. Baina ordainagiria
ekarri behar al zen? Lasai, monitoreak esango digu. Dena da galdera eta kezka. Gaur hirugarren
adinekoentzako aquagym-eko ikastaroa hasiko dute, eta ezin dute lehen eguneko urduritasuna
ezkutatu.

Aldagelatik irteten direnek, aurrez aurre emakume taldea aurkitzean, haiengandik


urruntzen saiatzen dira, urgentziaz, erlekumea saihestuko balute bezala. Zizt egingo dieten
beldur dira, antza, eta ziztadarekin kutsatuko dietela zerbait, nik dakit, zimurren bat agian, edo
loredun bainujantziek agerian uzten dituzten izterretako barizeak, edo eskuak okertzen dizkien
artrosia. Mesedez andrea, esanez albo batean uzten dituzte, eta haien keinuetan mespretxua eta
errukia nahasten dira.

Eta emakumeak albo batera egiten dute, noski, beti traba egiten daudela sentitzen
dutelako, beti daude erdian, mundu honetan probetxuzko gauzak egiten dituztenen bideak
oztopatuz etengabe. Uretara korrika doazen gizon eta emakume gazteek, horiek bai egiten
dituzte probetxuzko gauzak: enpresak gidatu, errepideak egin, liburuak idatzi, legeak onartu,
etxeak eraiki…

Beraiek ez. Beraiek etxea eramaten dute, beti egin duten bezala, ilobak jasotzera joaten
dira eta parkean askaria ematen diete, gaixorik dauden senideak zaintzen dituzte, beste etxe
batzuetara eramango dituzten tupperrak bete, atuna eta tomatea potetan sartu eta senideen
artean banatu, edo supermerkatuan komuna garbitzeko lixiba erosi. Ez dute besterik egiten.

Ez dute garrantzi handiko gauzarik egiten, bakarrik igerilekuaren erdialdean egon,


mundua altxatzeko misioa dutenen bidean traba eginez.

Emakume nagusiena izango da nire ustez gure gizartean gehien gutxiesten den taldeetako
bat. Ospea kentzeaz gain, gainera, hainbeste aldiz uzten dira barregarri… Batzuetan ez da
erraza bainu-txano baten azpian dagoen balioa antzematea. Uretako betaurrekoak kendu behar
dira horretarako.
Gogoeta eta eztabaida ugari sortzen ditu feministen artean emakume
elkarteen gaiak, baita nigan ere. Emakume elkarteak baliagarriak al dira
borroka feministarentzat? Ez al dira sarri emakumeen rolik eta funtziorik
atzerakoienak birsortzeko espazioak? Baina aldi berean ezin ahal dira
makramea eta punto kruza emakumeen ahalduntzerako arma izan?

Ez zait erraza egiten galdera hauei guztiei erantzutea. Azken aldian


emakume elkarteekin harreman dezente izan dut, eta erakutsi didate gauzak
ez direla nik uste bezain sinpleak. Egia da emakume taldeak ez direla talde
feministak, baina feministak topatu litezke emakume taldeetan, egunerokoan
beren taldekideak sentsibilizatzen eta mobilizatzen atsedenik hartu gabe lan
egiten duten emakumeak. Bestalde, zenbait emakumerentzat, elkarteetan
parte hartzea oso garrantzitsua izan da beren buruarekiko eta beste
emakumeekiko harremanean; lagun sareak eratu dituzte, erabaki hartze
prozesuetan parte hartu edo mota guztietako ekintzak antolatu dituzte.
Ezbairik gabe ahalduntze prozesu bat abian jartzeko pausoak eman ditzakete
elkarteetan.

Baina pauso hauek nahikoak al dira? Ez al zaie borroka feministarekiko,


emakume eta gizonen aukera berdintasunarekiko, konpromiso argiago bat
eskatu behar, batez ere, helburu hori bete asmoz ematen diren diru-laguntza
publikoak jasotzen dituztela ikusirik?
Ingeleseko cloud-computing edo laino-konputazioa deritzona da, ezbairik gabe, egun
Interneten nagusitzen eta informatika tradizionalaren oinarriak kolokan jartzen dituen joera
berria. Webaren bitartez geroz eta enpresa gehiagok eskaintzen dituzten zerbitzu eta
aplikazioak izendatzeko edota irudikatzeko erabiltzen den metafora da laino-konputazioa.
Interneten ostatu hartu eta sare horren bitartez, edozein plataformatan (Mac OS, Linux zein
Windows) erabili ditzakegun, eta kasu gehienetan doakoak diren, aplikazio eta zerbitzu
informatikoek osatzen dute laino birtual hori.

Spotify dugu webeko hodeian oinarritzen diren debaldeko programa (publizitatea


tartekatzen du. Ordainpeko bertsioa ere badu, publizitaterik gabekoa) horietako bat; gure
ordenagailuan instalatu, baina Internetetik zuzenean elikatuz, eta streaming teknologia
erabiliz, disketxe ugariren musika entzuteko aukera ematen baitigu programa arrakastatsu
horrek.

Baina zenbateko kostua du Spotify bezalako doako zerbitzu bat martxan jartzeak?
Erresuma Batuko The Guardian egunkariko teknologia editore Charles Arthur-ek kontuak
atera eta gutxi gorabeherako kopuru bat eman digu; ostatatze, streaming eta musikari zein
disketxeei ordaindu beharreko egile eskubideak kontutan hartuta, Spotify airean mantentzea,
hileko, 7 milio libera inguru (7,5 milioi euro inguru) kostatuko litzateke. Sekulako dirutza
gaurdaino finantziazio modu eraginkorrik aurkitu ez duen euskarri baterako, Interneteko
proiektuen bideragarritasuna eta errentagarritasuna, oraindik orain, batere garbi ez dagoen
kontua baita.
Bizitzan bide bat hartzen dugunarekin batera beste bide edota bizimodu batzuk
uzten ditugu alde batera eta betiko. Oro har, erabaki hori heldutasunaren ildotik ulertzen
da: pertsona batek inozentzia galdu eta ametsak amets direla konprenituko luke, eta
aurrera egin ahal izateko errealitatearen argi arrunt baina seguruak hartu behar direla
aintzat, eta ez ilusioaren argi eder baina, ai! engainatzaileak. "Zer gertatu zitzaion ura
edatera espejismora joan zen txoriari?", galdetzen zaio pertsona gazteari. "Bada egarriak
hil zela", erantzuten eta erakusten zaio.

Arazoa ez da ordea goizetik gauera erabakitzen, nahiz eta bide kontuak, metaforak
berarekin duen gezur horrekin, halaxe pentsarazi. Aitzitik, egunero erabakitzen dugu
zerbait uztea eta beste zerbait onartzea, eta urtebete soil bat igaro eta atzera begiratzen
dugunean bizimoduz aldatu egin garela iruditzen zaigu. Aldaketak gero eta ttikiagoak
direla, hori bai, eta, noski, ezin dela konparatu 10 urtetik 15era gugan eta gure jokaeretan
antzeman genuena, 45 urtetik 50ra antzeman dezakegunarekin. Zeren, jakina, kasu
gehientsuenetan behintzat, 50 urteko pertsonari ilusio gutxi gelditzen zaizkio errealitate
pusketen aldera eman ahal izateko, eta bere bizimoduari buruzko irudipen subjektiboa
gertuago egoten da karriletik doan trenaren iruditik, airean libre dabilen txoriarenetik
baino. Normalean, jende adintsua bizimodu jakin batean errotuta egoten da, edo bestela -
lagun batek umore beltzez esaten zuenez- bizimodu batean datza.

Has gaitezen orain galdezka: Nora joaten ote dira ilusioak, ilusio zaharrak, bizitzak
desegindakoak? Erraustu egiten dira erabat ala errainu edo fantasma bezala diraute
gugan? Baliorik gabeko xinplekeriak ziren, eta zuzen jokatu genuen beraz haiek guztiak
baztertzearekin, ala zapuzturik gelditutako bizimodu argitsuago baten ernamuinak?

Ez diet galdera guzti horiei erantzungo, baina, erantzunaren lagungarri, oilategi bat
deskribatuko dut, nire arratsetako ibilietan egunero ikusten dudana. Oso ttikia da oilategia,
100 metro karratuko esparru bat besterik ez, erdian etxetxo bat duena. Nagusiak -"el
extremeño" esaten diote herrian-, pitxi eta horniduraz betea dauka den dena, eta, haien
artean, toreotzarekin lotutakoak dira nabarmenenak. Esate baterako, bere lekuxka horren
atarian berak Cortijo El Cordobés dioen txartel bat dauka jarrita, eta gainera, ildo beretik,
berak ahal bezala osatutako torero eta zezen baten figurak koroatzen dituzte sarrera ateko
bi zutabeak; eta neskaren baten ile txirikordarekin egindako zezen-isats bat ez da falta;
ezta zezenaren adarrak imitatzen dituen egurrezko tramankulu bat ere. Bestalde,
arrosategi ttiki baina eder bat dauka, eta ederraren ederrez, kolore biziz pintatuko anforak
azaltzen dira altura guztietan, etxetxoaren teilatuko angeluetan edo haren atarian
zutitutako egurrezko hesola batzuen gainetan. Eta dena dago txuri eta txukun, bera bizi
den etxea ez dagoen bezala.

Bere traketsean, modu beharbada patetikoan, Extremaduratik etorritako


nekazariaren jokaerak erantzun bat ematen digu. Ez, ilusio zaharrak ez dira erabat erraustu
eta galtzen, eta handik edo hemendik azaldu egiten dira; pertsonari Bizimodu Nagusia
bukatzen zaionean, batez ere, jubilatzean edo. Eta azaltzen direnean, azaltzen
zaizkigunean, susmo batek hotzikara bat sortzen digu bizkarrean, agian huraxe zela,
utzitakoa, benetan maite genuen bizimodua...
Aste honetan, sare sozialetan New Yorkeko lehen elurteari buruzko informazio
gehiago aurkitu ditut (asteartean hasi omen ziren lehen elur malutak ikusten hiri handian)
Filipinetako hondamendiari buruzkoak baino. Haiyan tifoiak utzitako dekoratu
makabroarenak baino, gehiago agertu dira nire ordenagailuan zuritzen hasitako New
Yorkeko Central Parkeko irudiak. Filipinak oso urrun daude, argi dago. Eta urruntasuna kasu
honetan ez da kilometrotan neurtzen, ez behintzat kilometro fisikoetan, bai ordea gure
arimetatik eta sentitzeko gaitasunetik dagoen distantzian. New York epizentroan dago, New
Yorken bizi direnak gu gara baita ere, gu bezalakoak dira. Filipinetakoak, ordea, besteak dira.
Hondamendia gertatu eta hemengo komunikabideek bertoko biktimaren bat badagoen
jakitean jartzen duten ahalegina horren adierazle garbia da.

Urruntasuna ez da kilometrotan neurtzen, baten herrian bertan ere, batzuk urrun


daude eta beste batzuk gertu. Batzuen sufrimenduak ez gaitu astintzen beste batzuen
sufrimenduak legez. Batzuetan azalari atximurka egin behar izaten diogu benetan bizirik
gauden egiaztatzeko, benetan bihotza dugula sinesteko. Lanik gabe geratu den lagun baten
egoerak zulo bat eragiten digu ariman, eta zerbait egin beharra sentitzen dugu egoera hori
konpontzeko edo salatzeko behintzat. Baina gurekin zerikusirik ez duten kaleko eskaleen
zorigaitzak ez gaitu erreakzionatzeko behar bera pizten.

Ez da ariketa txarra, zentzu honetan, gutako bakoitza inguruan ditugunentzat urrun


ala gertu gauden egiaztatzeko ahalegina egitea. Gertatzen zaigunak zenbateko eragina duen
batzuengan eta besteengan. Nahiz eta horrelakoak mugako egoeretan bakarrik ikusten diren
argi.

New Yorken elurra egin omen du aste honetan. Zein polita egiten den New York
elurtuta. Gabon hauetan elur horrek izango du lekua etxe askotan jarriko diren jaiotzetan. Ez
dut uste hango figuraren batek ere Filipinetako biztanleen aurpegierarik izango duenik.
Eztulka irten da Isidro anbulatoriotik, bastoiari helduta. Erradiografiak egin behar
dizkiotela esan dio medikuak, eta bera brometan hasi da, betiko legez: ea zertarako
hainbeste froga, alferrik dela, geratzen zaionagatik… Txantxetan dabil. Oraindik oso ondo
dagoela erantzun diezaioten esaten ditu horrelakoak. Oraindik ondo dagoela entzuteko
beharra du eta.

Anbulatorioaren parean ospitalea dago. Furgoi beltz bat irten da handik.


Ehorztetxekoa. Aurrez aurre ikusi du Isidrok eta, bat -batean, inguruan dagoen guztiari
erreparatu dio. Gorpua daraman furgoia semaforoan geldituta dagoen bitartean, emakume
batek zebrabidea zeharkatu du aterkia esku batean eta telefono mugikorra bestean,
barrezka; aulkitxoan eserita doan ume bat negarrez dago eta haren aita txupetearen bila
dabil, estu; bi mutil koskor espaloian ari dira jolasean, putzuen gainean salto eginez;
haizeak arbolen adarrak mugitzen ditu bortizki… Mugimendua da nagusi, bizitza,
heriotzaren furgoiaren inguruan.

Orduan pentsatu du agian munduak ez gaituela behar guk uste dugun beste.
Pertsona baten historia bukatzen den egunean bertan, minutuan bertan, munduak bueltaka
jarraitzen duela, biraka, ezer gertatu ez balitz bezala. Norbait hiltzen den segundoan
bertan, beste norbait arropa eskegitzen ari dela bere etxeko balkoian, edo azterketa bat
egiten,, edo bere bizitzako lehen sexu-harremanean, urduri eta trakets. Norbait hiltzen den
segundoan bertan olatuak ertzean apurtzen ari dira, etengabe; eta beste norbait
komunean dago oinetako azazkalak mozten; edo kafetegi batean, aurrean duenaz
maitemintzen. Horregatik esaten dio Isidrok medikuari ea zertarako hainbeste froga, ez
duela merezi. Baina, aldi berean, beti geratzen da erantzun itxaropentsu baten zain,
badakielako, horren guztiaren gainetik, bera dela, eta ez beste inor, bere munduaren
zentroa.
Seme-alabarik ez izatea erabaki duten emakumeak zergatik jartzen diren etengabe
zalantzan, galdetzen diot neure buruari. Esaldi sonatu ugari jasan behar izateaz gain, “erdi-
emakumetzat” hartzen gaituzte sarritan. Amatasuna benetako emakume bihurtzen gaituen
formula magikoa balitz bezala.
Niri, emakume zentzudun orori bezala, amatasunak hautu erabat librea behar duela
iruditzen zait. Askotan ez da horrela, ordea.
Egoista izatea leporatzen zaigu eta isilarazten gaituzte asaldatuta, “ez zara ama eta beraz
ezin duzu iritzirik eman” bezalakoak esanez, eztabaidan parte hartu nahi dugunean.
Politikaria ere ez naiz eta politikaz hitz egiten dut; sinestuna ere ez naiz, baina erlijioaz
hitz egiten dut, eta ez naute horregatik aparte uzten.
Hitz-jario androzentriko hori amarrua besterik ez da nire aburuz. “Amatasuna eta
hazkuntza naturala” bezalako diskurtsoek indartutako amarrua da gainera, “amatasunaren
mistika” sor dezakeen jardun arriskutsua.
Nekatu naiz inguruan eta batik bat hedabideetan hainbat esamolde aditzeaz: “Ama
izatea bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena izan da edo amatasunaren esperientzia
emakumeari gerta dakiokeen ederrena da”.
Errespetatzen dut baina emakume bakoitzak bere esperientziaz hitz egin beharko luke,
subjektiboa objektibizatu nahi izan gabe, balore unibertsal bihurtu gabe. Horrela, balore
patriarkalak areagotu besterik ez da egiten.
Sistema honek ugaltzeko behar gaitu, eta horretarako, familia tradizionalaren gaineko
diskurtsoa lantzearekin batera, familia, sexualitatea eta autonomia ulertzeko gainerako moduak
ezkutatu eta gaitzesten ditu. Horratx beraz, “onak” izateko eta ez “arraroak”, haurrak ekarri
behar dira mundura, baina lesbiana bikote batek izan nahi baditu, diren oztopo guztiak eta bost
jarriko zaizkie.
Hori gutxi ez, eta uste zabaldua da emakumeak haurrik ez izatea erabaki duenean,
bikoterik ez izatea ere erabaki duela esatea, edota sexurik ez praktikatzea. Sozialki antzu
bihurtzen gaituzte, funtsean betikoaz ari garelako: familia tradizionala erreproduzitzeaz.
Eskolan maixuek ia-denetaz egiten ziguten berba. Dela matematikez, dela
gramatikez solasten ziren guk, umeok, jakintza baten edo bestearen teoria ikas
genezan. Gainera, geure ezaguerak praktikan jartzeko eremua ere bazen eskola, non
kirolean edo sukaldaritzan (Estatu Batuetan, adibidez) genituen trebeziak erakuts
baikenitzakeen. Gaur, imajinatzen dut egoera antzekoa dela, baina zaharren hitzak,
zuhurraren hitzak direnez, zuhur jokatzea nahiago dut, hanka ez sartzeko.

Zoritxarrez, gai guztiek ez zuten pisu berdina eskolan. Adibidez, sexuaz ezer
gutxi kontatu ziguten maixuek. Baliteke uteroari buruz zerbait aipatu izana ala sexu-
organoez deskripzioren bat eman izana. Dena oso biologikoki, zer gerta ere. Eta
praktikaz are hotzago mintzatzen ziren: hegazkineko laguntzaileen plantak egin
kondoia nola ipini esplikatu, plastiko honen erabili beharraz hitz bi eta akabo.
Plazeraz, sexuaren garrantziaz, jardun naturala dela edo nola egiteaz hitzik ez. Beraz,
geure jakin-mina asetzeko ezer ez.

Gauzak horrela, beste iturrietatik edan behar genuen gazteok, horrek sexu-
praktiketan ekartzen dituen arazoekin. Hori gutxi balitz, hemen Vaya Semanitatik
datorren “Euskadin ez dago larru jotzerik” aldarria sinesteraino ere heldu gara
Jon Uriartek El Correon aipatzen dituen portaerak indarrean jartzen. Kanpoan ere
txakurrak oin hutsik, esaterako Estatu Batuetan Obamak hainbat aktore porno
jarraitzen zituelako asaldatu dira zenbait hiritar eta Errusian felazioak egiteko
eskola zabaldu berri da. Eta abar luze bat. Sexua gizakion lehentasuna izan ez balitz,
aipu hauek barregarria gertatuko lirateke, baina larru ez jotzeak
inor depresioraino ere bultza lezake.

Argi dago sexua ez dela naturaltasunez bizi mendebaldean. Beste arlotan


bezala, antzinako ohiturak geure pentsaeran eragin handia daukate oraindik (niri ere
lotsa ematen dit horrelakoak idazteak, #daitort). Balore atzerakoiekin hausteko
beharko genuke eskola, berbarako, sexua, hitz egitea edo jatea lez, natural-natural
datorkigun jarduna dela esplikatzeko eta sano bizitzeko argibideak emateko. Izan ere,
eskolan matematikak edo gramatika ikasten dugun heinean, sexuak ere ikasgai izan
beharko luke. Hori bai, praktikak nork bere kabuz bila bitza.
“I nork ez zuen esan erraza izango zenik” zioen Berri Txarrak taldeak. Aldaketei buruz
ari ziren kantatzen nafarrak, baina ezetz esateaz ere mintza zitekeen abestia, “ezet z
esat ea” baino gauza zailagorik ez baitago. Umetatik hartzen diogu beldurra ezetz
esateari eta “ez” esan beharrean, “ez daukat ” edo eufemismo/aitzakiaren bat
botatzen dugu “ezet za” dela aditzera emanez. Berbarako, eskale bat ek dirua
eskat zen zigunean “ez” esan baino, “solt erik ez dugu” edo horrelako aitzakia
merke bat erabiltzen dugu sarri.

Arrazoia zein den ez dakit. Susmoa daukat “ezet za”-k bazterketarekin lotura
zuzena daukala, hau da, pertsona bati ezetz esaten zaionean, pertsona ukat zera
ere ailegatzen dela pentsatzen dugu. Umeak eta jolastokietako futbol partidak
etortzen zaizkit burura, zeren eta jolasten utzi ez zitzaion umea koadrilatik kanpo
geratzen baitzen. Unibertsitate batean sartzeko eskaera errefusatzen digutenean
ere baztertuta sentitzen gara. Horregatik, bide okerra dela badakigu ere, isiltasuna
hautatzen dugu askotan, ostrukarena egiten eta mina eragiten. Koldarrak gara
nolabait.

Oso kuriosoa da hitzen atzetik ostentzeko dugun trebezia, aterpe gisa


erabiltzen baititugu sarri. Konplexuak garela erakusten du joera honek. Dena
den, batzuetan gauzak aurpegira eta gordinean -betiere errespetuz- esatea
komeni da. Errazena ez da beti erraz egiten eta ezetzari diogun beldur kosmikoak
hori erakusten du. Noizbait gainditu beharko dugu, mina ekiditeko bide onena
baita mugak ezartzea eta tinko jarraitzea. Nahiz eta diruditen aukera onak galdu,
hobe da aurrez ezetz esan, eskuen artean lehertzen utzi baino; hauxe da
eskarmentuak irakat si didana.
Nahiko erraza izaten da nahi ez duguna identifikatzea, seinalatzea. Egunero
gogorarazten diogu gure buruari zer ez dugun nahi, egunero esaten diogu: ez zait gustatzen
lan hau (hori lana daukanak, noski), edo ez zait nire gorputza gustatzen, edo ez ditut
gustuko nire auzokideak edo, nik dakit, herri honetan dugun eguraldi goibel hau…

Norberaren bizitzaren oposizioa izatea ez da zaila, eta egia esan, garrantzitsua da


ariketa hori egitea, hau da, zer ez duzun nahi ondo identifikatua izatea, eta ez zaizuna
gustatzen kritikatzea eta salatzea, noski. Baina batzuetan ahaztu egiten dugu geure
buruaren oposizioa izateaz gain, geure buruaren gobernua ere izan gaitezkeela, eta dena
aldatzea gure esku ez badago ere, egunero egin dezakegula, eta hori bai dagoela gure esku,
nahi duguna bisualizatzeko ariketa: nora joan nahi dugun, nora heldu nahi dugun. Eta
sinplea dirudien arren, ez da hain erraza.

Nahi ez dugun horretan gehiegi pentsatzeak, askotan nahi duguna ikustek o


beharrezkoa den energia kentzen digu. Eta nahi dugunaz pentsatzeak, geure burua hobeto
ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, helburu konkretuak finkatzen laguntzen digu, eta,
ondorioz, hauek lortzeko bidean eraginkorragoak izaten.

Publizitate munduan dabiltzan enpresek ondo dakite hori. Zerbait saltzeko,


jendearen nahiak irudikatu behar dira, modu eraginkorrago batean barneratzen baitira
haien azaletan desiratzen dutenaren irudiak, nahi ez duten gauzena baino. Hobeto
barneratzen ditugu mezu positiboak. Geureak egiten ditugu.

Baina ez da beti erraza gustatzen ez zaiguna une batez ahaztu eta zoriontsu egiten
gaituena ikusteko ariketa egitea. Horrek meditazio puntu bat eskatzen du eta, batez ere,
norberaren buruarekin zintzotasun dosi handi bat.

Arazoa ez da hainbeste botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duzun.
Garrantzitsua dena da botila zerekin bete nahiko zenukeen jakitea. Eta beti ez daukagu
hain argi.
Bizitza enkontru segida bat da. Heriotzagatik ez bada, ez dago betirako
agurtzen dugun lagun, ikaskide, familiakide edota bikotekiderik. Gutxien espero
dugunean, han egingo dugu berriro topo. Eta kasualitateak harritzen gaitu. Bide
bera hartu izanak.

Horietako bat, ezbairik gabe, umetako ikaskideen arteko enkontrua da.


Halako batean heltzen da ikastola utzi genueneko 20, 25 edo 30. urteurrena eta
norbaiti otutzen zaio ondo legokeela afari bat antolatzea. Eta gonbita jasotzen
dugun guztiok ere, nostalgiaz, joateko gogoa sentitzen dugu, elkarrekin bizitako
momentu eder haiek guztiak birgogoratzeko.

Eta biltzen garenean, batzuek berdin-berdin jarraitzen dutela konturatzen


zara; bai itxuraz, bai hitz egiteko moduz. Berehala sartzen zara hizketan
beraiekin. Beste batzuekin, umeak ginenean bezala, tentuz ibili behar: zer esan,
nola begiratu, zer azpimarratu… Eta beste batzuekin, bi muxu eta hobe ez
galderetan erori.

Guztiontzako eremu neutroa den gaia, ordea, irakasleena da. Batez ere,
gaiztoak ziren irakasle haien unibertsoa astintzea. Hor denok egiten dugu bat eta
ez dago ezer ezkutatu edo gorde beharrik. Larrutze oro dago ondo. Justifikatuta
baino areago.

Hala ere, harritzen zaitu, halako ezkutuko arrangura batek harrapatzen


dituela batzuk. Zeren eta batek esaten baitu: gogoratzen zarete halako
andereño/irakasleaz? Bizitza "inposible" egin zigun eta, orain, nire alabaren
irakaslea da. Badakizue zer esan nion ikasturte hasieran? Nirekin nahi zuena
egin zuela baina orain guraso naizela eta bizitza "inposible" egingo diona ni
izango naizela.

Ez genuen inork ezer esan. Gu guztiongatik hitz egin zuela zirudien.


Defendatu egin gintuela, nolabait. Eta laster konturatzen zara, denborarekin, gure
akatsak disimulatuko dituen artifizioren bat aurkitzeko gai egiten garela baina ez,
hala, ginena gainditzeko.
Liluratu egin ninduen neska hark. Bizikidetzarako Danborrak, Anidan elkartearen
proiektua ezagutzera joan nintzen Guggenheim Museora joan den apirilaren 25ean, baina
11 urteko neskatoari begirik kendu gabe ibili nintzen gau osoan. Kontzertu solidarioa izan
behar zuena deskubrimendu bilakatu zen.

Mehea eta txikia zen, bere adineko hemengo neskak baino askozaz gehiago.
Harrigarria zen haren beso estuek nola ateratzen zizkioten txinpartak bera baino askoz
handiagoa zen danborrari, eta harrigarria nola egiten zuen irribarre, ezpainekin ez ezik,
begi eta gorputz osoarekin ere.

Bi hankatan eusteko gauza izan denetik, amaren laguntzaile jardun du sexu -


negozioan, eta elkarteak abian jarritako proiektuarengatik ez balitz, horretan ibiliko zen nik
ezagutu nuen gau horretan.

Haren danbor-hotsak berriro entzun izan banitu bezala, burrunbada ikaragarria sortu
du nire barruan Nigeriako berrehundik gora neskato bahitu eta salgai daudela jakiteak.
Eskolara zihoazen, eta eskolara joan nahi izateagatik eraman dituztela azpimarratu dute
hedabideek. Egia izango da, noski, baina nire barrurako daukat basakeria honek badituela,
gezur eta egi biribil guztiek izan ohi duten moduan, izkina bat baino gehiago.

20 bat dolarretan eros omen daiteke neska hauetariko bat. Eskandalizatu egiten
gaitu entzute hutsak, are gehiago dakigularik hau ez dela salbuespen makabro bat;
antolatutako sareek aspalditxotik dakite Afrika txiroko herrixketan erraz eskura daitekeela
gero geurea bezalako herri ez txiroetan saldu ahal izateko merkantzia.

Neskatoak etxeratzeko eskatzen ari den kanpainan parte hartzeko eskatu zidaten
joan den astean. Zalantza egin nuen, ez baitakit nori zuzentzen zaion erregua: neskatoak
bahitu dituzten basapiztiei edota horren berri izan eta salerosketa geldiarazteko deus ere
egiten ez dutenei. Edo egiten ez dugunoi. Azkenean, egin egin nuen, 11 urteko neskato
beltzaranaren irribarrea ez zaidalako burutik kentzen. Etxeratu ditzatela, bai, albait
azkarren, baina gero bertan, etxean, ez ditzagun berriro bakarrik utzi.
Ez dakit noiztik dudan joera hori, agian txikitatik egin dudan zerbait da. Barraketara
joan, eta noriaren argiekin edo karruselaren jira-birarekin liluratuta geratu beharrean, nire
begiek barraketako atzealdera egiten zuten beti ihes, karabanak zeuden aldera, eta han
ikusten nuen emakume bat karabana artean arropak eskegitzen edo agure bat zigarroa
erretzen aulki tolesgarri batean eserita. Gauzen atzealdea ikusteko joera izan dut beti; argia
eta distiraren aurretik, itzala ikustekoa. Gaur ere, zirkoko pailazoak barregura baino
gehiago, errukia sortarazten dit, bere penak uxatzeko kamerinoan makillajea kendu
bitartean whisky bat edaten imajinatzen baitut; edo kontzertu erraldoi horietako batera
banoa, askotan kosta egiten zait dena ahaztu eta musikarekin gozatzea, ekitaldiko
segurtasun arduradunak hura bukatzeko izango duen gogoa imajinatuta; edo aldizkari
batean luxuzko etxe baten barnealdea ikustean, harekin liluratuta geratu beharrean, nekatu
egiten naiz guzti hura garbitzeko beharko den lanaz pentsatzeaz, edo han bizi den familiak
herentziagatik izan ahal dituzten liskarrak imajinatuta.

Duela gutxi Port Aventuran izan nintzen seme-alabekin. Heldu bezain pronto,
gorantz begiratzeko eskatu nion seme nagusiari. Errusiar mendi erraldoiaren aurrean nire
semeak erakutsiko zuen sorpresa eta emozio aurpegia ikusi nahi nuen. Baina semeak
erantzun zidan: kable horietatik hau dena funtzionatzeko behar den elektrizitatea doa.
Ikusi zuen lehen gauza kable batzuk izan ziren, errusiar mendia baino lehen. Itzala, argia
eta distiraren aurretik.

Kezkatu egin nintzen, semeari gauzen atzealdea ikusteko joera transmititu diodala
pentsatuz, eta erabaki nuen ez dela bidezkoa umeari ilusioa izateko eta amets egiteko
eskubidea kentzea. Ondorioz, ez dakit zenbat atrakziotara igo nintzen berarekin, eta,
behingoz, oihuka eta barrezka, izugarri gozatu nuen, ume baten antzera. Primeran pasatu

genuen, baina nire semeak arraro begiratzen dit oraindik.


Semaforoa gorri jarri da. Autoko leihatila jaitsi dut, trafikoa ireki bitartean, kanpoko
aire eta zarata sartzen uzteko. Nire aurreko, eskumako eta ezkerreko gidariek, ordea,
alderantziz egin dute: gelditu orduko, gora eragin diote leihatilari, paper-saldoa eskuetan
dakarren gazteari muturraren aurrean itxi ere. Amona zenarekin gogoratu naiz, hark ematen

zioten guztia hartu egiten baitzuen, jaramonik egingo ez bazuen ere, edukaziorengatik.
"Egunon, gazte ", esango zion semaforoko mutilari, auskalo zer iragartzen duen papertxoa
hartuko zuen, eta "eskerrik asko " erantzungo zion, irribarre eginez. Berehala botako zuen

papertxoa, edo niri emango zidan irakur niezaion. Edukazioarengatik.

Semaforoa ireki da eta aurrera egin dugu gidariok. Gaztea, ordea, espaloian geratu da,

hurrengo trafiko-etenari itxaroten. Ez dakit zenbat diru atera ahal izango duen gaur. Ez dakit
lanpostu horrek ba ote duen gutxienekorik egunaren amaieran sos batzuk eskuratzeko, zenbat
ordu eman behar dituen, zenbat paper banatu, eta paper bakoitzetik zenbat balizko erosle edo

bezero erakartzea eskatzen zaion. Ez dakit nork ordaintzen dion, ezta zeren arabera
kalkulatzen den bere errendimendua (produktibitatea deituko diote horri ere?), baina ez dut
zertan hori guztia jakin hutsaren hurrengoa izango dela imajinatzeko.

Gaztea da, pertsona bati gazte esan ohi diogun adin-tarte lauso horretakoa. Nire iloba
izan liteke, edo nire ilobetako lagunen bat. Edo ni neu izan nintekeen (ez orain, duela urte
batzuk baizik) bizitzak beste aire bat ekarri izan balu niretzat. Edo nire alabak izan litezke (ez

orain, baina bai urte batzuk barru) bizitzak beste aukerarik emango ez badie. Gazt ea da
mutila, baina zahartzen utzi dut semaforoaren ondoan jarrita, argi gorriaren zain.

Gure gizartean argi gorriak, alta, aspaldi piztu ziren, baina guk aurrera jarraitzen

dugu, leihatilak itxiz eta bestaldera begira. Irribarrerik eskaini gabe, ezta edukazioarengatik
ere.
Munduan zazpi mila hizkuntza omen daude, beste horrenbeste moldetatik sortuak,
neurri eta hedadura desberdinetara iritsi direnak. Batzuek bide emankorra egin dute
historian; hiztun gutxirekin hasiko ziren eta mendeak igaro eta gero, gaur egun direnak
izatera iritsiko ziren. Batzuk oso-oso handiak dira, ia hegemonikoak eta beste batzuk,
ordea, txikiak, eta egunero borrokatzen dira garatzen jarraitzeko aukera berriak irabazteko.

Hizkuntzalariek ederki azaltzen dute hau, baina hiztun soilak garen askorentzat
oraindik misterio hutsa da nola garatu eta nola indartu edo ahuldu egiten diren
hizkuntzak. Alabek maiz galdetzen didate kontu honi buruz, hamar urteko gaztetxoei
etengabeko galderak egitea dagokielako. Nork erabaki zuen bizi garen tokia izendatzeko
"etxea" berba erabiltzea? Beraiek halakoak galdetzen dituzte eta nik dakidan apurrari
imajinazioa eransten diot erantzuten saiatzeko.

Argi-egile izango zelakoan, Calvet barometroari buruz hitz egin diet aste honetan.
Louis-Jean Calvet soziolinguista da eta matematika aplikatua oinarri hartuta, software bat,
tresna bat sortu du munduko zazpi mila hizkuntzen hurrenkera finkatzeko, askotariko
irizpideak kontuan hartuta. Adibidez, zenbat hiztun dituen, eta horietarik zenbatek duten
ama hizkuntza. Edota zenbat itzulpen egiten diren bertara eta bertatik. Literaturako zenbat
Nobel saridun dituen eta zenbat artikulu Wikipedian. Eta abar.

Geureari, etxeari "etxe" esaten dion euskarari, 51. postua eman dio Calvet sistemak.
Ez dago gaizki, esan diet alabei, gutxienez gure atzetik badirelako beste 6.949 hizkuntza.
Begira geratu dira, esandakoaren digestioa egiten bezala. Hori ona da? galdetu didate.
Txarra ez, esan diet nik, fede handirik gabe. Begiratzeko moduarekin garbi azaldu didate
beraiei bost axola diela beste 6.949 baino hobeto kokatuta egotea gurea, ez dutela
hizkuntzen arteko lehiaren logika ulertzen, euskara normal eta zernahitan erabiltzeko
aukerak izatea nahi luketela.
Terrazan, freskagarri baten aurrean, egunkaria irakurtzen. Ezetz egin diot zirtzileria
saldu nahi zidan mutil beltz kankailu bati, ezetz eskusoinu zahar batekin mahairik mahai
zebilen agure errumaniar bati, ezetz ume txiki bat aldakan zeraman arabiar emakume
gazte bati. Ezagun baten seme koskorra ere etorri zait herriko traineruaren aldeko zozketa
baten txartelekin. Hamar erosi dizkiot. Ez adio ez deus, alde egin du diruak jasota; ez dit
eskerrik ere eman, balirudike behartuta nengoela txartelok erostera bere aitaren laguna
izategatik.

Egunkariaren orri-pasak berea emandakoan, Petros Márkaris nobelagilearen krisiari


buruzko artikulu-bilduma bat zabaldu dut, inork jarduna ez eteteko esperantza gutxirekin.
Liburuak Damoklesen ezpata du izenburua, eta krisia ozpintzen eta ozpintzen ari den zauri
mingarrienetako batetik —Greziatik— idatzita dago. Bertako istilu guztien erditik eta
bertako historiatik. Ez da liburu zail pisua, edo teorikoa, edo gehienoi ulergaitza egiten
zaigun hizkera ekonomikoaren santutegitik idatzia. Bizia da —bizitzatik sortua eta biziki
idatzia, alegia—, aise irakurtzen da, eta krisiaz gutxitan esaten diren kontu inportante
batzuk azpimarratzen ditu.

Europako krisia soilik finantzaria dela pentsatzen duena, arazo finantzariak


bukatutakoan krisia bukatuko dela uste duena, oso oker dago. Bizitzen ari garen krisia,
Márkarisen ustez, balore europarren krisia da nagusiki. Elkartasunaren balioa, adibidez:
zutabeetako bat izan zen ongizatearen gizartea eraikitzerakoan, munduarentzat
eredugarria izan da irakaskuntza, osasuna, familia edo emigrazioa bezalako alorretan.
Eredugarria eskubide zibilei dagokionez ere. Gaur, ordea, hori guztia akabutan da: gurean
hain errotua zegoela ematen zuen mundu ikuskera horrek indarra galdu du, oso oinarri
sendoa zeukala uste genuen pentsamendua huts egiten hasi zen eta arnasa galtzen ari da.
Dirua balore etikoen eta politikoen gainetik jarri izanak ekarri zuen krisia, eta uste dugu
dirua balore politikoen eta etikoen gainetik jarrita lortuko dugula krisia gainditzea. Oso ondo
bizi ginen, eta hala bizitzen segitu nahi dugu. Ez da aspirazio txarra, baldin horrek ez
badakar printzipioak oroitzapenen kutxan gordetzea.

Krisiaren erdian iparra gal ez dezagun, Márkarisek, balore moralez gainera,


kulturarena azpimarratzen du. Aipua luze samarra da, baina liburuaren ardatza laburbiltzen
duelako dakart hona:

“Grezia kultur maila handiko herri bat zen. Ez zen poesia soilik, ez antzerkia soilik,
ezta musika soilik ere: izen asko eman ditzaket. Horra Theo Angelopoulos lagunaren
pelikulak adibide gisa. Baina 1980an, pobrezia gainditu genuela ospatzeaz gainera,
ospatzen ari ginen pobreziaren balore moral eta kulturalak ere baztertu izana. Orain
pobreziara itzultzen ari gara, baina balorerik gabe. Gehien kezkatzen nauen auzietako bat
da: gero eta pobreagoa izan, orduan eta gehiago behar dituzu balore moralak, gero eta
beharrezkoagoa duzu kultura”.

Itxura lerdeneko beste beltz bat hurbildu zait zirtzileriaz betetako gurditxo bati tiraka.
Begira geratu natzaio.
Gula
Garai batean bekatu nagusia zen gula munduan, eta hamaika izen hartzen zituen
bere izate sendo eta zabalean. Euskal Herrian bertan, sabelkeria deitzen zioten batzuk,
eta besteak berriz gormandiza edo jalekeria. Elizak mehatxu batean aritu beharra
zeukan haren eragin bortitzari aurre egitearren: "Gulara eroria, gosez eta egarriz ibiliko
da, ur xorta bat ere ezin erdietsiz, amitua eta flakatua", azaltzen zuen. Jendeak,
pietate handiko egun haietan, errespetuz entzuten zuen predikua, baina, ai!, beste
dozena bat buñuelo eskatzen zituen hurrengo urratsean.

Aldaketak suertatu ziren, ordea, eta gula, gaur egun, hil zorian dagoen mamu
bat besterik ez da; desbizi ere armiarma-sarezko herrialde ospelean desbizi da,
zapuztuta eta etsita. Non ote Neron enperadore hura, bazkaldu orduko -ostera jan ahal
izateko- gonbito egiten zuena? Non ote Versallesko oturuntza haiek, zeinetan,
hamazazpi platera desberdinen ondoren, esnegainez egindako elefante bat, tamaina
arruntekoa, ateratzen zuten postretzat? Non "La grand bouffe" filmean azaltzen diren
bezalako joerak? Vanitas Vanitatis, egun horiek joanak dira betirako. Inork ez dio gaur,
gulari, holako adoraziorik. Ez holakorik eta ez bestelakorik.

Ez baitago erabateko etsipena mamu guztien esku, aldian behin begitxo bat
zabaltzen du Gulak. Sumatzen al da argirik urrunean? Zabaltzen al da leihatilarik?.
Normalean ezetz iruditzen zaio Gulari, eta bere lozorroan jarraitzen du. Baina gaur ez
da hola gertatu. Gaur, inauteri bezpera honetan, zabalik ikusi du leihatila, piztuta
urrunekoa argia. Inauteriak! Jai ederra da! Bere eguna! "Ez dut auzia galdutzat jo
behar!", esan dio Gulak bere buruari, pilpilka bihotza, puztuta bere ilusio guztiak
buñueloak bailiran. Aldarte horrekin, astindu hegoak hautsa kentzeko eta burua altxa
du.

Aritu da Gula hegan, kokatuta dago jada jatetxe eder bateko sabaian, habe
baten babesean. Mahaiak beteta daude, talde handiak osatzen dituzte bezeroek:
gizonezkoak hemen, gizonezkoak han, matrimoniyuak tartean. Builaka ari dira denak,
algararen bat entzuten da noizean behin. Umeak txantxo jantzita da ude. "Agg!", hots
egiten du Gulak ume haiei begira. Futbolariak eta printzesak alde batera, gainerako
guztiak hanburgesaz mozorrotuta baitaude. Baina instant bat izan da. Berehala etorri
da bere onera. Gose usaina dago jantokian, azeitunak irensten ari dira asko, koskorrik
gabe daude dagoeneko ogi-opilak. "¡Viva Pantagruel!", hots egiten Gulak bere
kolkorako.

Baina, ixo!… badoa ugazaba-andrea --begirada fier, libretatxoa tente--


gizonezkoz hornitutako mahai baterantz. "Zer hartuko duzue?", dio agur modura.
Arnasa hartuz, zerrendari ekiten dio: "Tomate konfitatuak dauzkazue, edo hegaluzez
beteta alli-oli saltsarekin, edo okelaz beteta Carolaren eran, trufa beltzen nahaskia ere
badaukazue, eta pasta txipiroiekin, pasta soja-saltsa eta oilaskoarekin, arraingorri
pastela, arrain gorria meuniere eran, itsaskabra pastela, ganbak tenpuran…".

Ugazaba andreak zerrendarekin jarraitzen du, gizonezkoek aingeruek bezala


egiten dute irribarre. Eta Gulak ere irribarre egiten du; zerukeriarik gabe, baina zabal.
Gizonezko batek keinu egiten dio ugazaba-andreari. "Niri, letxu entsalada bat tipula
pixka batekin", dio. Luze gabe, bere bost kidek baiespena ematen diote. "Oso ideia
ona", dio izkinakoak. Libretatxoan idatzita dago jada: letx&tip 6. Beste hiruk zainzuriak
eskatzen dituzte, "baina ez maionesarekin" -zz ozp 3-; azkenekoak, berriz, ezerezaren
alde jokatzen du garbi: "Legatza bakarrik hartuko dut. Plantxan. Patatarik gabe,
mesedez". "Oso ideia ona. Nik berdin", txalotzen du izkinakoak. Oihartzunak
lagunduta bezala, hitz haiek behin eta berriro igotzen dira sabaira. Begira zer aurpegi
daukan Gulak: arestiko irribarrea izoztuta datza bertan.

Mahaiko hamar gizonezkoak hizketan ari dira, lanturuak eta hasperenak sortzen
dira beren ezpainetatik: "Kolesterol", dio batek; "tentsio altua", besteak; "azido
urikoa", hirugarrenak, "oraindik beste hamar bat kilo galdu behar ditut",
laugarrenak…zorionez, Gulak ezin ditu hitz agonalak entzun. Dagoeneko atera da
iheska jantokitik, hegaka doa armiarma-sarezko herrialderantz. Kristalezko teilatu
baten gainetik pasatzean, bere irudia ikusten du aspaldiko partez: " Pterodaktilo bat
ematen dut!", dio izututa, hegoei areago eraginez.
Txiklea
Igandero bezala, gaur goizean ere ibiltzera irtengo da eta, igandero bezala, gau
pasa egindako hainbat gazte ikusiko du beren begirada abailduarekin, pentsamendu
sakonetan murgilduta baleude bezalako aurpegiera kontzentratuarekin. Ez diote elkarri
begiratzen, ez dute elkarren artean hitz egiten, eta zerbait esan behar badute, karranka
zakar baten gisako zerbait ateratzen zaie zigarro bat eskatzeko, ze ordu den galdetzeko.
Nekatuta daude, ohean leudeke ondoen, baina luzatu egin nahi dute denbora, txikle bat
baita gaua, txikle bat bizitza, ematen duen arte luzatzen den denbora antzua …

Izerdia botatzera irten denari nagia ematen dio gazteak horrela ikusteak. Hain
aspertuta. Baina ibiltaria bere gau-pasekin gogoratuko da gaur ere. Bera zenean gau-pasa
egindakoa, ibiltzera hain goiz irteten zirenak iruditzen zitzaizkion aspergarriak, bizitzari
etekinik ateratzen ez zekitenak, denbora antzuaren txikleak…
Madril. Metroa. Bagoia erdi hutsik doa. Halako batean eskale bat sartu da,
espantuka, HIESa duela eta hiltzera doala oihukatuz. Gauden guztiok, batzuk ala
batzuk gaupasarekin, altxatu eta gure dirutxoak ematera hurbildu gatzaizkio.
Seguru aski ez zen duela bost -sei urte gauza bera gertatuko. Daukagun egoera
ekonomikoa dela eta gero eta gehiago erreparatzen omen diogu aldamenari
baina orduan zergatik ez gara elkartu eta matxinatzen?

Beldurragatik diote. Beldurrak gizakion arteko enpatia indartzen omen du


baina aldi berean antolatzeko ezgauza uzten gaitu. Ez gara laborategiko saguak,
baina, esanen nuke, beldurrari dagokionez ez garela horrenbeste urruntzen
beldurra oso oinarrizko emozioa baita. Beldurrak, beraz, laborategiko saguak
bezala aztoraturik uzten gaitu eta mugitzeko ezgai. Gizakitik dugun puskak horixe
egiteko baino ez digu ematen, altxatu eta limosna emateko.

Ez naiz ni izango karitatearen gaitzak aldarrikatuko dituena, izan ere,


karitatea karitate eza baino gehiago baita, baina, egun, karitatea beldurraren
eragina da. Beldurtuta gaude, eta horregatik ez gara antolatzen.

Krisirik ez omen dago diote askok eta askok, dagoena zera baino ez omen
da: eskuinaren oinarri ekonomikoak ezartzeko eraso itzela, eta zentzu horretan
beldurra eragiten digute haien eraso ideologikoari ez erreparatzeko.

Beharbada beldurraz gain helburuak ere falta zaizkigulako ez da


desadostasun oldea -hitzik neutroena erabiltzearren- proiektu konkretuan
gauzatzen. Hondo gutxi utzi dute nonbait marxismoak eta sozialismoak; dagoen
haserreari forma emateko adina ez behintzat.

Gezurra da ez dagoela dirurik, gezurra da gure ahalmenez gaindi bizi izan


garela, gezurra da hori denik gauzak egiteko modu bakarra, gezurra da ezin dela
besterik egin.
Bitartean, konbikzio horiek gogoan, beldurrak gure baitakoarekin hunkitu,
altxatu eta metroko eskale guztiei limosna ematen segituko dugu: sagutasuna
gainditu, eta gure buruak gizaki sentitzeko modu bakarra delakoan. XX. mendea
faltan izaten hasi behar ote dugu?
Ispiluaren aurrean jartzen naizenean, nire neurria ikusten dut, bere horretan. Huraxe
naiz ni, bere argi eta itzalekin. Atentzioarekin begiratzen diot ispiluari, hark erakutsitakoa
baita nire ahalaren muga. Ez da egonkorra, aldatu egiten baita egunean zehar hamaika aldiz,
baina beti jasotzen da ispiluak bueltatzen didan irudian. Begi-zuloak erakusten ditu, lo
eskasa eta txarraren ondorioak gogorarazten dizkidalako. Batzuetan, begiratu distiratsua
bueltatzen dit, ilusioa eragiten didaten pertsona eta gauzek nigan pizten dutena. Eta
askotan ispilua lurrinduta ageri da, kostatzen zaidalarik naizena bereiztea, inguruko laino
itxi eta trinkoa etxe barrura sartzen baita ezinbestean.

Ispiluak erakutsi behar digu zer garen, baina azken boladan egunkarietan ispilatzen
ari gara, hango irudiaren atzealdean geu garenaren zerbait topatuko dugulakoan. Ustel-
usainak oka egiteraino eraman gaitu, baina belaunetik gora sartu gara lokatzetan plisti-
plasta axolagabean, handik nolabaiteko probetxua aterako dugulakoan. Eta saltsaren
erdian, gu zerbait desberdin garela esanez lasaitu egiten gara. Iruzurrak, ustelkeria,
zurikeria edota besteengan erraz antzematen diren akatsak ez direla gurean ikusten, jendea
gero eta berekoiagoa dela, baina guri solidaritatea geneetan txertatuta eman zitzaigula.
Besteak erdi-bidean geratzen direla, biderik errazenean, baina guri ongi egindako gauzak
ateratzen zaizkigula berez. Arduratsuak izateko programatuta gaudela, hitzezko pertsonak
garela, hitz betekoak. Eta abar.

Ba al dakigu zein den gure ispilua? Ezezkoan nago, oraindik garenaren neurria zein
den erabakitzeke dugula, alegia. Nora begiratu behar dugun ez badakigu, laster begioker
amaituko dugu. Nora joan ez dakienak beti aurkitzen du aitzakia nahikorik iritsi ez izana
beste norbaiten errua dela esateko. Nolakoa den ez dakienak beti erabiltzen du besteen
ispilua bere burua edertzeko. Edo Narzisoarena egiten du, bere balizko edertasunarekin
itsutuko den arte.
Goizeko zortziak eta erdiak dira. Edwin dagoeneko bulegoan dago. Manhattan erdi aldeko
banku batentzat egiten du lan, eta eguneko finantza mugimenduei begirik kendu gabe, zer
gertatzen ari den jarraitzea eta diru mugimenduak proposatzea da bere zereginetako bat.

Ordu berean, hiriaren beste alde batean, Richard bere ikasleei egun ona ematen ari zaie. 15
urte daramatza Braille sisteman nola irakurri eta idatzi irakasten. Bat-bateko gaixotasun batek itsu
utzi zuen Richard, 9 urte zituenean.

Biek oso bizitza estilo desberdina duten arren, badute elkarren arteko lotura bat. Eta ez da
familiakoa: kirolak eman diena baizik.

Egun batean, Edwinek boluntarioak behar zirela irakurri zuen egunkarian. Beste aukera
askorena artean, eta bere korrika egiteko afizioaz jabetuta, berehala proposatu zioten ea
Richarden gidari izan nahi zuen. Eta honek, nola egiten zen hori erakusten bazioten, baietz.
Horrela ezagutu zuten elkar duela ia bi urte.

Gaur egun, laguntasunaz gain, astean bizpahirutan Central Parkera lasterka egitera joateko
konpromisoak lotzen ditu. Baina baita beste zerbaitek ere: bien esku bana soka bereko muturrei
lotuta joaten dira, eskua emanda bezala. Eskumuturrera lotutako soka horrek erakusten dio
Richardi zein norabidetan eta zein erritmotan korrika egin.

New York, beste hiri erraldoi asko bezala, ez da ezinduentzat egokitutako hiri bat.
Alderantziz, desastre bat da: gurpildun aulkientzat egokitutako leku gutxi, eskailera asko, eta abar.
Baina asko dira, eguneroko bizimoduan, bakarrik edo laguntzarekin, oztopo arkitektoniko horiei
guztiei, edo gizarteak berak jartzen dizkienei, aurre egiten dietenak. Bejondeiela!

Edwin eta Richarden artean bezala, soka hor dago. Gizarteari dagokio orain horri heltzea,
eta tira egitea. Baina orain artekoa ikusita, hori bai urtero bertan behera geratzen den maratoia!
Neska bat ikusi dut metroan. Irakurtzen ari da, kontzentratuta. Liburu
elektronikoa du esku artean. Arrotz samarra egin zait irudia. Zintzoki hitz eginda: ez
zait gustatu. Baina hasieran, ez dut zergatia ulertu. Izan ere, ez naiz teknofoboa
batere. Liburu elektronikoa hedatu egiten bada, liburu zerrenda zabala eskaintzen
badu, prezioz eskuragarria baldin bada… nik ere erabiliko dut, noski. Paperezko
liburuaren ordezko gisa baino, paperezko liburuaren osagarri moduan.

Orduan, zergatik nire ezinegona, liburu elektronikoa irakurtzen zuen


neskaren aurrean?

Berehala ohartu nintzen. Liburu elektronikoak karkasa aldatzen ez duenez,


ezin nuen jakin neska zer ari zen irakurtzen. Eta horrek amorratu egiten nau pixka
bat.

Jendeak irakurtzen duenari erreparatzeko joera daukat. Izenburua ikusgai ez


badago perspektiba desberdinak probatzen ditut, izenburua harrapatu arte.
Obserbazio soziologiko-literarioa. Gogoan daukat, duela bost urte-edo, Madrileko
metroko bagoi bakar batean bederatzi Da Vinci Kode zenbatu nituela. Eta pozik
ematen zuten irakurle horiek: klub sekretu bateko kide-edo.

Baina are gehiago gustatzen zait horrelako paisaia monotonoan bestelako


liburuetan sartuta dagoen jendea topatzea. Hara hor norbait Madame Bovary
irakurtzen, edo Vila-Matasen azkena, edo Isaac Rosaren El Vano Ayer eleberri
zoragarria. Eta horko zoro hori ez al dabil ba poesia irakurtzen? Eta beste hori
Simon de Beauvoir-en memoria liburua!

Ondo etortzen dira horrelakoak. Ez dakit ispilu-neuronen errua izango ote


den, edo inbidia hutsa, baina bagoietan ikusitako titulu horietako askok irakurtzeko
gogoa piztu izan didate.

Bukatzear dago hau guztia liburu elektronikoaren hedatzearekin?


Azkenean, heldu da ahoa gehiegi irekitzen edota besoa gehiegi luzatzen duten gurasoei
kargu hartzeko ordua. Edo beste era batera esanda, zigorrak jarri ahal izateko araubidea.
Urteak dira eskola kirola abian jarri eta astebururoko dinamikan gurasoon partaidetza
derrigorrezkoa egin denetik. Gu txikiak ginenean, ez zegoen eskolaz kanpoko ekimen handirik
eta are gutxiago eskola kirolik (eskolako ateetatik kanpora zabaltzen zenik). Eta eskolaz
kanpoko gainontzeko ekimenetan (kirol eta arte mailakoak izan), bada, bakarrik abiatzen ginen
partida edota erakustaldietara eta, noski, bakarrik bueltatzen. Guraso gutxik jarraitzen zituzten
aipatu kirol eta kultur ekimenok. Orain, ordea, ez dago partidu bat galtzen duen gurasorik.
Badagoelarik, gainera, entrenamenduetara ere joaten denik.

Guraso askoren eskape bilakatu dira eskolaz kanpoko ekintzak. Bai asteburuan kalera
ateratzeko estakuru gisa ikusita, zein beste ikasleen gurasoekin harremanean jartzeko eta,
nola ez, amets egiteko bide bezala. Edo beste era batera esanda, astean zehar erreprimitutako
kexuak atera ahal izateko. Ohikoa da, jada, seme-alaben partidetan gurea ez den eguneroko
aurpegia janztea; gurasoon aldartea erabat eraldatzen ikustea. Arbitroaren aurka jotzen dugu,
beste ikasleen gurasoen kontra eta baita gure seme-alaben kontra ere, zer egin behar duten
eta zer ez garrasi batean adieraziz palkotik, zelaitik edo kantxa albotik.

Jasan ezina izatera heldu da egoera. Jasan ezina arbitroentzat, gainontzeko


gurasoentzat eta, batez ere, kirol sanoa praktikatu behar duten ikasleentzat. Hori dela eta,
araudi bat zehaztuko dela jakitera eman zaigu, zeinak biraoka, garrasika edota harrika hasten
diren gurasoen jarduna geldiarazteko balioko duen.

Kontua da arau berri honen aplikazioak noraino luzatuko dituen tentakuluak. Seme-
alabengan, hau da, kirolariengan nola eragingo duen.
Tabernan, kafe makinari begira ebaki bat hartzen ari naizela, pentsatu dut
makinengandik ere badagoela zer ikasi. Telefono mugikorretatik hasita, kontuan
izan beharko genuke geuk ere haiek bezala poliki gastatzen doan bateria bat dugula
eta komenigarria dela ezer egin aurretik zenbat energia geratzen zaigun begiratzea.
Guretzat benetan garrantzitsuak diren gauzetarako gordetzeko batez ere.

Honetaz asko daki inprimagailuak, "inprimatze zerrenda" filosofiaren


asmatzaileak. Lehentasunak markatzea zein garrantzitsua den erakusten digu, eta
gauzak banan-banan egitea komeni dela. Bizitza etengabe aukeratzea baldin bada,
ezinbestekoa da lehen lerroan zer doan jakitea, zerk duen bigarren mailako
garrantzia, eta zerk ez duen inolako garrantzirik. Une bakoitzean zer den
garrantzitsuena erabakitzea da gakoa.

Eta ordenagailuak. Ordenagailuek badute elementu bat geure burua


osasuntsu mantentzeko giltza moduan ulertu dezakeguna. Pantailaren bazter
batean, han dago, gure salbazioa izan daitekeena: zakarrontzia. Gainetik kendu
nahi dugun hori guztia botatzeko lekua, sobera dugun guzti hori, geure buruan
pisu gehiegi hartzen ari den hori. Ahaztea da gure zakarrontzia, eta askotan zaila
den arren, batzuetan ahaztea ondo dago, osasuntsua da. Gustatzen ez zaiguna
ahaztea, geldiarazi eta izozten gaituzten damu eta tristurak ahaztea. Benetan
garrantzitsua ez dena albo batera uztea, burua libratzeko eta argitasun gehiagoz
pentsatu ahal izateko. Burutik zaborra kendu. Makinak ondo diseinatuta daude
gauzak ezabatzeko. Nahikoa izaten da botoi bat sakatzea.

Ez gara makinak, eta ez dut uste inori makina izatea gustatuko zaionik, baina
batzuetan zelako bakea ematen duen kafe makina bat baino ez zarela pentsatzea.
Kafe makina bat, besterik ez. Une batzez gelditu eta ezertan pentsatu gabe egoteko
aukera izatea, norbaitek beste ebaki bat eskatu arte.
“Ditxosozko pultserak!", bota du alboko mahaian bazkaltzen dagoen gizonak nire semea
koloretako gomatxoekin eskumuturreko bat egiten ikusi duenean. Kafea hartzen ari gara eta
bitartean umea gomatxoekin entretenituta dago. "Zeuk ere horrelakoak egiten dituzu?", galdetu
dio nire semeari, bekokia zimurtuta. Eta iruditu zait "zeuk ere" horrekin gizonak esan nahi ziola
nolatan dabilen eskumuturrak egiten mutila izanda. Nolatan ez dagoen jatetxeko kanpoaldean
futbolean edo hango arboletako batera igotzen, adibidez.

Nire semeak baietz erantzun dio, berak ere egiten dituela, noski. Nola ez du egingo bada
bere gelako guztiek egiten baitituzte. Umeen artean beti egoten da modaren bat indarrean. Orain
koloretako gomatxoez egindako eskumuturrekoak, aurretik beste batzuk izan dira, eta izango dira.
Eta nik, moda hauek amorru pixka bat ematen didaten arren, gomatxoen azken honi zerbait
positiboa ikusi diot. Ez bakarrik nire semea kontzentratu eta lasaitu egiten delako eskulana egiten
eta ez diolako telebistari begiratzen bitartean. Hori ere bai. Baina hain justu jatetxeko gizonaren
"zeuk ere" horrekin du zerikusia moda honetatik gehien gustatzen zaidana: mutilek zein neskek
jarraitzen dutela. Batzuk zein besteek egiten dituzte eskumuturrekoak eta jartzen dituzte.
Eskumuturrekoak egin eta jartzea ez da nesken kontua bakarrik. Horrela ulertu dute neska-
mutilek eta etorkizunean itxaropen izpiren bat ikusten laguntzen dit horrek.

Kontua ordaindu eta mahaitik altxatu denean, alboko gizonak eskumuturrekoa


arrebarentzat egiten ari den galdetu dio nire semeari, eta honek ezetz, berak jarriko duel a bukatu
bezain laster. Pozik begiratu diot semeari, itxaropenez, nahiz eta nire poza, gomatxo baten
antzera luzatu den hori, laster bueltatu den bere ohiko neurrira ikusi dudanean mahaiaren albo
batera baztertu dituela nire semeak arrosa koloreko gomatxo guztiak. Arrebari oparituko dizkiola
esan dit.
Mailak
Neska parkeko bankuan dago eserita. Mutila zutik dago, bere aurrean. Eztabaidan ari
dira. Baina ez daude maila berean. Neska behean dago, eserita, eta bere mutil lagunari
erantzuten dionean, burua jaisten du, esandakoarekin mutila oraindik gehiago haserretzeko
beldurrez bezala. Mutilak goitik begiratzen dio, ez dio bista gainetik kentzen, eta une oro ari
da neskari zerbait aurpegiratzen, haserre. Eztabaidan ari diren bi gazte dira. Mutila jeloskor
dagoela ematen du. Mutilak egiten dizkion akusazioetatik defendatzen ari da neska, ahal duen
bezala. Entzuten dudanagatik, beste mutil batekin harremanetan egon izana aurpegiratzen dio
mutilak. Neskak ezetz, ez daukala mutil horrekin ezer, lagun bat besterik ez dela. Mutilak
baietz, irakurri dizkiola mugikorrean dituen azken mezuak. Puta bat dela esan dio, oihuka, eta
gogoratu dio behin baino gehiagotan esan diola ez hitz egiteko gehiago mutil horrekin,
badakiela ez zaiola gustatzen. Neskak gero eta beherago du burua.

Eztabaidan ari dira. Baina ez dira maila beretik hitz egiten ari. Mutilak zauritutako
arraren posiziotik hitz egiten du, ezin du ulertu bere neskak beste mutil batekin harremanean
hasteko izan duen ausardia. Bere gizontasuna jokoan dago. Neskak bere jarrera etengabe
defenditu eta justifikatu behar duenaren posiziotik hitz egiten du, egin duena ez dagoelako
ondo. Bere jarrera defendatzen saiatzen bada ere, berak barneratua baitauka lagun batekin
txateatzen ibiltzeagatik duen errua. Gaztetxoen gauzak dira, esango luke batek handik
pasatzean. Bihotzaren kontuak. Baina ez. Ez dira maitasunaz ari. Beste gauza batzuk ari dira
azaleratzen eztabaida horretan, txikitatik ikasi dituzten hainbat balore era sinesmen daude
hor: emakumeek gizonen esanetara egon behar dutela, behin mutil lagun bat izatean, ezin
duzula harremanik izan beste mutilekin, hitz batean, "emakume batengandik espero dena" egin
behar duzula. Neska eta mutil bat eztabaidan ari dira, baina ez daude maila beretik hitz
egiten. Mutila goian dago. Neska behean.
Ez da kontua gazteek etorkizunean zer egin nahi duten edo zer egiteko
gaitasuna duten; zein eraldaketetan parte hartuko duten. Kontua da, ustez
gustukoak dituzten ikasketak egiteko zein bide hartu behar duten jakiteko, ia-ia
ingeniaritza bat ikasi behar dela.

Aurreko astean izan dugu, suposatzen dut ikastetxe gehienetan bezala,


batxilergoa ikastera doazen ikasleen gurasoentzako orientazio-bilera. Bertan azaldu
zaigu ikasleekin zein nolako lana egiten ari den ikastetxea (ikasleei zuzendutako
orientabideak eskaini, unibertsitatean dauden ikasleekin topaketak antolatu,
ikasleen indarguneak eta ahuleziak antzeman, etab.) eta hemendik aurrera hartu
behar dituzten erabakien aurrean zein nolako bideak eta eskaintzak dauden.

Guri erabaki bera hartzea egokitu zitzaigunean kontuak errazagoak ziren


(nahiz eta erabakia hartzea beti den zaila, beti gelditzen baitzaizu uzten dituzun
aukerak baztertu izanaren sentsazio hitsa). Gaur egun, zorionez, aukerak askoz ere
zabalagoak dira baina goi mailako ikasketak egiteko baldintzak edota lortu behar
den nota eta atera behar diren batez bestekoak prestatzeko egin behar diren
kalkuluak benetan dira konplexuak. Areago dirudi daukagula sistema bat
unibertsitaterako sarbidean arrakasta izateko matematika ariketak egitera
bideratua, ikaslearen benetako konpetentziek bihar edo etziko gure gizartean zein
rol jokatuko duten eta nola garatuz eta egokituz joan beharko duten aztertzera
zuzendua baino.

Gaur ezagutzen ez ditugun ikasketa eta espezializazioetan jardun beharko


duten gazteei zuzendutako aurre-orientazioa oso ikusmira laburrekoa ematen ari
garela dirudi. Gazte hauen balio nagusiak zientziaren aplikazio anitzetan eta
pertsonaren harremanetarako gaitasunetan oinarrituko direla jakinik, nago,
oraindik datuak eta datuak biltegiratzeko sistema are eta konplexuagoak nola
egituratu pentsatzen jarraitzen dugula.
Ile bustia
Ile bustiarekin irten zara etxetik. Lehorgailua izorratu zaizu eta ezin izan duzu sikatu.
Haserre atera zara, a ze modu traketsa eguna hasteko. Etxetik lanera hamabost minutuko
ibilbidea duzu. Goizeko freskotasuna zure buru bustiarekin kontaktuan jartzean sortu dizun
hozkirria lepo eta sorbaldatik zabaldu zaizu, eta gihar guztiak gogortuta egin duzu bidea,
bulegora sudurretik muki urtsuak tantaka dituzula ailegatu arte. Sekulako lasaitasuna hartu
duzu bulegoko berogailuaren epeltasuna sentitu duzunean.

Lehorgailua bezalako tresna txiki eta balio handirik gabeko batek huts egin eta
egunaren hasiera guztiz baldintzatu dizu, oso gaizki eta deseroso sentitu zara. Orduan pentsatu
duzu zer izango litzatekeen lehorgailuarekin batera zure etxeko eta bulegoko berogailuak
funtzionatuko ez balute, edo etxean ur berorik izango ez bazenu, edo ertzera joanda, etxerik
edo bulegorik ere izango ez bazenu. Zelakoa da kale gorrian dagoen batek sentitzen duen
hotza? Zuk sentitu duzuna bezalakoa al da?

Minarekin legez, ez da berdin inoiz bukatuko dela jakitea ala ez. Agian zure mina erditu
behar duen emakume baten kontrakzioen antzekoa da, hau da, mina izugarria da, baina hasi
eta bukatuko dela jakiteak itxaropen izpi bat, lasaitasun bat, eskaintzen dizu; baina kale
gorrian dagoenaren mina gaixotasun kroniko eta mingarri bat duenarena bezalakoa da, hots,
etengabea eta bukatuko den esperantzarik gabekoa. Min sakona. Maiuskulaz idatzitako mina.
Gaur etxetik ile bustiarekin irteteak beste gorputz batzuen sufrimendura gerturatu zaitu.
Udalak eskainitako ohe batean lo egin eta goizeko zortzitarako motxila bizkarrean duela
kalean dagoen batek zer sentitu dezakeen pentsarazi dizu; edo etxean bi zi duen indarkeria
girotik ihesi, kalean euripean eta noraezean dabilen nerabe batek ur tanta lepotik sartzen
zaionean sentitzen duen hotzikara irudikatu duzu. Denok ez gara mundu berean jaiotzen.
Batzuk ile bustiarekin jaiotzera zigortuta daude.
Ileak
Eguzkipean
Eguraldi onarekin batera, hiriko zoro guztiak askatzen dituztela esan dit lagunak.
Aspaldi ikusi gabe, topo egin dugu kalean, eta bata bestearen aurrean hizketan
geundela, gizon bat agertu da gure artean sua eskatuz. Ezetz esan diogu, ez dugula
erretzen. Eta jarraian, zigarro bat eskatu digu. Ezetz guk. Segundo pare bat isilik egon
ondoren, euro bat eskatu digu. Nire laguna nazkatu egin da eta bakean uzteko esan
dio, nahiko modu zakarrean. Orduan, gizona barre algaraka hasi da, eta nire laguna
atzamarrarekin seinalatuz poliki-poliki aldendu da. Eguraldi onarekin, hiriko zoro
guztiak askatzen dituztela esan du orduan nire lagunak. Argi dago zoroaren barreak ez
diola inolako graziarik egin.

Elkar agurtu ondoren, kaletik aurrera nindoala, jendeari atentzioz begiratzeko


saiakera egin dut, nire lagunaren teoria benetakoa den egiaztatu nahian bezala.
Adineko emakume bat ikusi dut, zigarroari zupada emanez, begiak keinuka; ikusi dut
gizon nagusi bat, etxeko zapatillekin, makulu baten laguntzaz oinez; neska bat, begi-
zulo sakonekin, txakur bat daramala sokatik helduta, edo ez dakit txakurra ez ote den
bera daramana; bakarrik berbetan doan mutil bat; txandala jantzita doazen bi gizon,
bakoitzak eskuan zerbeza lata bat daramala; gizon bat eskurik gabeko telefono arekin
ozen berbetan, eskuak gora eta behera dituela; adineko emakume bat aieneka,
ustekabean korrika atera zaion iloba txikiari heldu ezinik; emakume bat telefonoz
berbetan, semea atentzio pixka bat eskatuz gonatik teinkaka duela; bi gaztetxo, mugikor
bana eskuetan, makina hark sorginduta bezala teklak sekulako abiaduran zapaltzen
kaletik aurrera egiten duten bitartean.

Eta bat batean, eskubi aldean dudan erakusleihoari begiratu eta nire isla ikusi
dut. Eta han ikusi dut emakume bat, tentel baten modura ahoa zabalik, bere hiriko
jendea lehenbizikoz ikusiko balu bezala. Nire lagunaren teoria baieztatu dut une
horretan bertan. Eguraldi onarekin zoro guztiak irteten gara kalera.
“Ez" esan zuen neskak baina mutilak ez omen zuen hori ulertu. Nola litekeen
galdetu dio poliziak eta mutil gazteak "ez" horren bitartez beste zerbait adierazten ari
zitzaiola ulertu zuela esan du. Neskak esandakotik harago ulertu zuela berak, dio
mutilak eta neska... tira, neska isilik geratu da oraingoan. Bien artekoa entzuten aritu
da, adi, kasuaren ardura duen ofizioko abokatua, adiskidea dudana, hau guztia
harriduraz eta minez kontatu didana.

Harrigarria baita ulertzeko modu hori, bi hizkirekin den-dena adierazten baitu ez


batek, dudarako zirrikiturik utzi gabe. Ez esaten duenak ate guztiak zarratzen ditu
ahapaldi bakarrean: ezetz esaten ari da. Abokatu adiskideak kontatu dit, ordea, mutil
gaztearen aburuz ez horrek bai esateko modua izaten dela; ez batek halako duda edo,
agertzen duela maiz.

Egunkariek tarte txikia eman zioten gertakariari, gisa bereko antzeko kasuak
aipatzen zituen piezaren goiburuan. Gauzak nola gertatu ziren ez dago, berez, oso garbi,
baina ez du gehiegi axola: tamalez, gutxi edo asko, imajinatu dezakegu gertatuaren
segida. Non izan den esan zaigu, baina berdin izan zitekeen beste toki batzuetan: plazan,
kale-kantoiren baten, edo norberaren etxean, balizko babesaren erresuman.

Bistaren azken egunean neska azterketak prestatzen ari dela esan dio abokatu
lagunari. Ikasturtea ez zen erraza izango, eta urduri egongo dela imajinatzen dut. Adin-
modu bertsukoak izanik, mutila ere azterketa-garaian egongo ote den pentsatzen jarri
naiz, eta haren ikasturtea zelan joango zen galdetu diot nire buruari. Zer esango zuten
biek, adibidez, bizikidetzarako ikasgaian irakasleak zer edo zer galdetuz gero. Zer
esango ote zuten bien lagunek, kasuaren berri baldin badute.

Abokatu adiskideari kontakizun osoa entzun eta gero, ondorio nagusi bat geratu
zait jira-bira buruan: aurrerapauso handia zatekeela, alegia, txiki-txikitatik ezetz esaten
eta ezetz entzuten erakustea. Bizitzak ikasbide latzak jartzen dizkigu, hitz sinple batek
erraz mendera ditzakeenak.
Telebistari begira daude tabernan, eta saiatu naizen arren, ezinezkoa izan da zer
zioten ez entzutea, hain baitzen gogotsua beren jarduna. “Bigarren postua ez da irabazten”,
bota du taldeko batek; “txapela da irabazi egiten dena, baina bigarren postua galdu egiten da
beti”. Besteek baiezko keinua egin diote buruarekin, ontzat emanez bere sententzia,
telebistatik begirik kendu gabe. Ez dakit zer ari diren ikusten, ausaz harrapatutako
esaldiak nire atentzio osoa eraman du-eta.

Charles Darwin-en eskola-historialean ageri ei da inteligentziaren mugara ozta-ozta


iristen zela. Albert Einsteini buruz, sekula ezer fundamentuzkorik egingo zuenik ez zela
espero idatzi zuen bere irakasleetako batek. Unamunok ez zuen Literaturako ikasgaia
gainditu. Milango Musikako Goi-Eskolak atzera bota zuen Giuseppe Verdi izeneko
ikaslearen sarrera-eskabidea, musika-karrera egiteko maila nahikorik ez zuela argudiatuta.

Bigarren sailkatzeko ere zail samar izango zuten horiek guztiek. Erraz esango zuten
guztiek (guraso nahiz irakasleek, eta baita eurek ere, ikasle txar horiek ez zutela sekula
ezer irabaziko bizitzan, are gutxiago arrakastaren txapelik.

Ikasturtea amaitutakoan, etxera heldu dira ikasleak, kalifikazioak eskuetan. Hizpide


luzekoa izaten da gai hori etxe gehienetan, eta baita adiskideen arteko topaketa nahiz
elkarrizketa hutsaletan. Urtea nola joan den galdetzen zaie ikasleei, eta urtea nola joan
“zaien” galdetzen diote elkarri ikasleen gurasoek, egindako ahaleginaren zenbakizko
rankinga osatzeko. Marra gorri bat dago 5 zenbakiaren inguru-minguruan; handik
beherakoa porrota da, bigarren dibisioaren infernua, eta handik gorako, berriz,
arrakastaren bidea hasten da, 7ra artekoa salbazioa, eta handik gorako guztiak su -festa.

Nik bigarrenak maite ditut, eta areago maite ditut sailkapenaren lehen postuetako
edozeinetan sekula eseri ez direnak. Balizko heroien aldean, abantaila handia dute: oraindik
garaiz daude onarpen hutsalaren pozoiarekin ez kutsatzeko, bizitzan beren postua,
sailkapenetatik urruti, irabazteko.
Barreaz hitz egitera natorkizue gaurkoan. Izan ere, bizitzako osagai dugu irria, kide
iheskorra, ordea, sarri askotan, baina behar beharrezkoa eta onuragarria gure
osasunerako. Zergatik eman garrantzia barreari, bada?

Definizioz, umore ona nagusi den egoeren zein momentuen aurrean gizakiok dugun
erantzun biologikoa dugu barrea. Ahoa nahiz aurpegiko beste zenbait atal mugituko ditugu
barre egiteko eta nork bere soinua sortzen du barre egitean, soinu berezia; zaila edo
ezinezkoa da, beraz, barre bera duten lagun bi aurkitzea.

Barre egiteak onura ugari dakarzkigu, zalantza barik. Barreak eragin sendagarria
duela diote aditu askok. Gogora dezagun, barre egitean, gure gorputzeko laurehun muskulu
inguru aktibatzen ditugula. Barre-algarak bihotza indartu, arnastea hobetu, endorfinak
jariatu, digestioa arindu eta harreman afektiboak sendotzen ditu, bestek beste. Estresari
aurre egiteko, esaterako, baliabide ezin hobea da, eta nork ez du estresik jasaten gaur
egun?

Barrea eta umorearen garrantziaz konturatu zirenen artean Freud neurologoa


aipatuko dizuet. Eragin negatiboa askatzeko, barre egiten zuten bere saioetan. Urte batzuk
beranduago, zenbait ikerketa zientifiko egin ondoren, Freudek egiten zuena estresa
askatzeko oso ona dela konturatu dira, gure kortexak karga elektriko negatiboak libratzen
baititu barre egin ondoren. Dena den, ez da gaur egungo aurkikuntza; izan ere, duela 4.000
urte, txinatar tenpluetan osasun arazoak zituzten pertsonak bildu eta barrea erabiltzen
baitzuten beraien arazoak konpontzeko.

Barrea, estresa arintzeko izateaz gain, hobeto sentitzeko ariketa ere bada. Besteak
beste, erlaxatzeko, kreatibitate handiagoa lortzeko, eta beldurrak zein depresioak
desagerrarazteko erabiltzen da. Helduok, baina, haurrek baino barre gutxiago egiten dugu;
barrearen onurak zeintzuk diren jakinda, ostera, horrek ez luke horrela izan beharko.

Ez da beharrezkoa, hala ere, barrez itotzea barreak mesede egin diezagun. Sarri,
irribarrea, irriño samurra, nahikoa da ingurukoak alaitzeko, beti ere benetakoa bada.

Egin diezaiogun barre geure buruari, egin dezagun barre elkarrekin eta oparitu
diezaiogun irribarre gozoa lagun hurkoari, debaldekoa da eta.
Gure etxe azpian txineraz erakusten duen akademia ireki zutela urteak dira.
Bertara, Txinatik ekarritako umeak eta gazteak gerturatzen dira, batik bat, euren
gurasoek bi kulturak eta hizkuntzak ezagut ditzaten nahi dutelako; baina hemengo jendea
ere gero eta gehiago gerturatzen da akademiara, bihar edo etzi, Txina Europako
merkatuaz jabetuko dela pentsatuta, abantailaren bat irabazi asmotan. Lana errazago
aurkitzeko modua izateko, alegia.

Mugimenduak, ostera, batera eta bestera egiten ikusten ditugu. Irizar Kooperatiba
Elkarteak Txina eta Indian dituen fabrikak itxi egin behar omen ditu. Arrazoia? Enpresaren
markari (produktuaren aurpegiari eta enpresaren irudiari) kalitate bermea erantsi nahi
diola. Eta Txina, bere aldetik, patenteak lortzeko gurpil eroan sartu nahian dabil, Made in
China-ren ordez Created in China jartzeko. Hau da, dena delako produktua Txinan egina
barik, Txinan sortua dela jakinarazteko.

Milioiak ari dira inbertitzen sorkuntza arloan: produktu berriak sortzetik produkzio
kate osoa txinatarra izan dadin eta mundu mailako merkatuan lehiakor. Arazoak, ordea,
anitzak dira. Eta lehenbizikoa, Txinaren bi izaera edota bi poloen arteko ezberdintasuna.
Botere gunean daudenen eta txiroen artekoa, hain zuzen ere. Izan ere, botere gunean
dagoenak aldaketak iragarri nahi ditu baina hariaren beste muturrean dagoenak ustiatua
izaten jarraitzen duen sentsazioa baitauka. Soldata duinagoak nahi ditu. Eta datozen
hamarkadetan, txinatar gazteen kopuruak beherantz egingo du (seme-alaba bat bakarra
izan dezaketen) ezarritako politikak direla eta.
Nire lagun Felixen seme bikiek ondo dakite...

Nire lagun Felixen seme bikiek hamarna urte dituzte. Hamarna urte, eta aitaren

gene bihurri berberak zeluletan barreiaturik. Normala dela esango didazue,

horrela agintzen baitu naturak, eta nik ezinbestean emango dizuet arrazoia. Baina,

zer nahi duzue nik esatea, aukeran nahiago nuen amaren aldekoak balira...

Lehengo batean, Felixekin terraza batean nengoela, guregana hurbildu ziren

biak baloi bana besapean zekartela. Aitarekin jolastokitik itzultzeko ordua negoziatu -

eta negoziaketa horretan garaile atera ostean-, nik zera galdetu nien, ea handitan

futbolariak izan nahi ote zuten.

Galdetu banien, galdetu nien ba!

Ezetz erantzun zidaten, profesionala izateko oso ona izan beharra dagoela eta

haiek erdipurdikoak zirela. Hamar urteko bi umeren ahotan, oso ikuspuntu errealista

iruditu zitzaidan, eta zoriondu nituen horren ume argiak izateagatik.

Geroago jakin nuen agian argiegiak zirela...

Anaietako batek politikoa izan nahi zuela esan zidan halako batean. Oraindik ez

zekiela zein alderditan, baina politikoek bazekitela bizitzen kolpe zorrik jo gabe, eta

aukera ona zela. Beste anaiak ere toki berera iritsi nahi zuen, nahiz eta horretarako

beste bide bat jorratzeko asmoa izan, eta, inolako lotsarik gabe, aitortu zuen handitan

jubilatua izan nahi zuela.


"Beraz, bi mukizu hauek dituk etorkizunean gure pentsioak ordaintzeaz

arduratuko direnak ..." esan nion, durduzaturik, nire buruari, eta horrela egon nintzen
harik eta nire ikuspuntua ez zela oso errealista ohartu nintzen arte.

Izan ere, mundu puta honek neo-liberalismorako duen joera ikusita, Felix eta

biok jubilatzerako ez da ez pentsiorik ez prestaziorik ere egongo, eta, gauzak horrela,

Felixen seme bikiek euren buruaz baino ez dute arduratu beharko.

Eta horrela ikusita, ez dago gaizki txikitatik gauzak argi edukitzea...


Gure etxe pareko apartamentu alokagarrian -non udako sasoi betean
astebeteko egonaldia ordaintzeko nire hil osoko soldata behar baita, eta halaber,
lepoa luzatuta ere, ez itsasorik, ez mendirik, gurea bezalako balkoi trastez j osiak
besterik ez baitira ageri- gizon bakarti bat jarri da apopilo.
Txundituta nauka tipoak. Balkoira ateratzen naizen aldiko, eta sarri xamar
izan ohi da lanean hortxe aritzen naizelako, terrazatxoan jarrita dago, esku artean
daukanari erne begira: batzuetan egunkaria, beste batzuetan mokadua, edariren bat,
eta gehienetan iphonea, alboko plastikozko mahaiaren gainean hautsontzi zahar bat
eta zigarro pizturen bat dituela. Marka da gero. Hondartza eta parajea beste
erakargarritasunik ez duen herri turistiko batera etorri, eta eguna apartamentuko
zokotik atera gabe igaro. Bero zakarrak teilatupe guztiak labe bihurtu dituenean.

Gaur goizean inoiz baino tenteago azaldu da. Terrazara atera orduko, bista
disimulurik gabe luzatu, katilu betea goratu eta agur egin dit konplizitatez. Hark niri
sortzen didan harridura errukitsu bera eragin diodala iruditu zait, eta
pentsamendua igarri zaiola: « Atso gajoa, halako inguru ikusgarrian egon eta eguna
apartamentu turistiko bateko balkoian ordenagailuaren aurrean pasatzea ere …».
Oso zorrotz hasi nintzen. Ez, nire umeek debekatuta izango zuten estereotipo sexistak
indartzen dituzten Disney Channel-eko eta halako telesailak ikustea. Ez zuten halakorik
ikusiko inolaz ere ez. Nire alabari ez nion erosiko printzesa mozorroa, ez nuen maitasun
erromantiko, pasibo eta bahitzaile baten biktima bihurtuko neskatoa. Eta abar.

Borroka latza izan da. Olatu bat gelditu nahian bezala sentitu naiz. Eta gaur ikusten
dut olatua nire gainetik pasatu dela eta inguruan dudan guztia busti duela. Indartsuegia da
haren indarra.

Aste honetan, telebista ikusten geundela, alabari esan diot oker dabiltzala
telebistakoak, ez daudela neskentzako edo mutilentzako bakarrik diren jostailuak. Alabak
estralurtar bati bezala begiratu dit. Non bizi zara, ama?, galdetu dit begiradarekin.
Orduan konturatu naiz. Egia. Ez da telebista oker dabilena: neu naiz errealitatearen
aurrean begiak itxita dagoena. Ezin diet sinestarazi egia ez dena: gaur egun, inoiz baino
gehiago, mutilentzat bakarrik eta neskentzat bakarrik diren jostailuak, gailetak, edariak,
motxilak, ipuinak daude.

Beraz, estrategia aldatzea erabaki dut. Taktika berri bat saiatu behar dut
ahaleginean nire indar guztiak galdu baino lehen. Futbolean bezala 1-4-4-2 estrategia
erabili beharrean, 1-4-5-1 erabiliko dut, hau da, aurrelari bat atzeratuko dut erdialdera.
Ez da atzera pauso bat, kontraerasorako prest egotea baizik. Ez dut beraz, indarrik
galduko telesailak edo mozorroak debekatzen. Ikusten utziko diet, janzten utziko diet, baina
han izango naiz, euren alboan, futbol zelaiko erdialdean presente. Eta azalduko diet zer
den nire ustez onartezina. Saiatuko naiz haiengan jarrera kritiko bat sortarazten. Egon
daitezela nirekin hantxe, zelaiaren erdialdean, jasotzen duten informazioa bereizten,
sexismoa, kontsumismoa eta beste hainbat “ismo” antzematen. Agian egunen batean baloia
hartu eta kontraeraso azkar bat egingo dute. Gola ospatzeko irrikan nago.
Erraza da atzera begiratzea. Oiloa bezala kotan jarri, bista nahi den tokira luzatu,

eta egia biribila ikusi uste izango dugu gure prismatik. Familiako korapiloa nondik
aska zitekeen, esate baterako. Edo behinolako gatazka historikoren batean erruduna
zehazki nor eta zergatik izan zen. Edota halakoren biografiak argi-ilunak non zituen,
dena begi bistakoa balitz bezala, urruntasunak dakarren sinpletzeak epaia merkeegi
duela konturatu gabe.

Partidak orainaldian jokatzen dira, ordea. Zalantzek eta kezkek mendean har
gaitzaketen denboraldi nahasgarrian. Nagiak eta ezinek bertan goxo egotera, deus ez
egitera, arreta ez jartzera, ardurak atzeratzera edo, latzago, besteren esku uztera
eraman gaitzaketen unean, ebidentzia kategorikorik ez dagoenean. Lanbroa du
orainak. Kotara igo ezinik, bidea hautatu eta urratu beharra.

Beti harritu izan naute bidegileek, unean uneko beldurrei aurre egin eta
noranzkoa garbi ikusten dutenek, arriskuak hartzen dituzten ausartek, norberaren
premiak lausotu eta daukatena hurkoari ematen diotenek, dena gal dezaketen arren
apustu egiteko prest daudenek, kolektiboaren mesedean jokatzen dutenek. Akitu arte
eusten diote orainari, iragana gainditzeari, geroa irabazteari. Ondo merezia dute bere
zerua.
Swift-ek, ez Taylor kantariak Jonathan idazleak baizik, zioen: «Gizakiak buruan eduki behar
du dirua, ez bihotzean». Bizitzeko dirua behar denez, on da buruak gobernatzea gure egintzak,
diru gehiegiak ez gaitzan gal, diru faltak ez gaitzan ito. Bihotza (na)hasten bada diru kontuetan,
sentimendu eskuzabalenak zekentzen dira eta zekenenak aberasten.

Swift-en burua mintzatu da, ez Jonhathan idazlearena Taylor kantariarena baizik, uko
eginez bere azkeneko diska Apple Music plataforman dohain egoteari. «Dohainik emango dizuet,
baldin zuen Iphoneak dohainik banatzen badituzue». Segidan, kantariaren bihotzak hartu dio hitza
buruari: «Ezin dut ulertu beti progresista eta eskuzabala izan den enpresa batek ez ordaintzea
sortzaileei. Diodana diot Applek egin duen guztiak eragiten didan maitasun, errespetu eta
miresmenez».

«Nirea nire, hirea bione! » formulak eskuzabala ematen du « nirea nire, baita hirea ere! »
nagusitzen hasi zenetik.
Argi-metxak

You might also like