You are on page 1of 1

Tarajal

“Egitateak dira guardia zibil batzuk gomazko pilotak jaurti zizkietela lagun batzuei. Itsasoan igeri
ezinean, bakean eta inoren kontra bortxa erabili gabe ari ziren lagun horiek eta ez ziren inorentzat
arrisku. Hortik aurrera epaileek esan dezakete a eta ma, baina ezin dituzte egitateak ezabatu” Alberto
Moyanok twitterren esana eta bere hustasunean egia adierazten duena, egoerari muturrekoaren
muturrekoz baldintza eta inguruabar guztiak ezabatzen zaizkiolako, izan ere, horixe izan zen Tarajalen
gertatu zena, 15 lagunek lehorrera ailegatu nahi zuten, eta beste batzuk ez zitezela ailegatu ekiditeko
gomazko pilotak jaurti zizkieten igerian ezinean zebiltzanei.
Arrazoi dezakegu argudiaturik 15 lagun horiek emigranteak zirela, Afrikatik ekintza ilegala egin
nahiean ari zirela, berariena ez zen lur batean sartzen saiatzen ari zirela; argudia dezakegu emigrazio
ordenatuarena, argudia dezakegu emigratzeko eskubidea, kolonialismoa, aldaketa klimatikoa; argudia
dezakegu, beste aldetik, pilotak jaurti zituztenak estatu bat defendatzen ari zirela, obeditzen ari zirela,
beldurtu egin zirela, legearen babespean ari zirela. Nahi adina inguruabar argudia dezakegu, baina
lekuak eta egoerak biluztu egiten dituzte gertaerak, eta egitateak bere hutsean gelditzen dira: 15 lagun
itsasoan ezinean, guardia zibilak pilotak jaurtitzen itsasoan zeudenen kontra.
2020 uztailaren 28an Cadizeko Probintzia Auzitegiak ez du onartu auzia artxibatzearen kontrako
apelazio helegitea eta ondorioz hortxe geldituko da auzia, Botin dotrinaren ondorioz, alegia, fiskaltzak
eta akusazio partikularrak ez badu auziperatua epaitzeko eskatzen, herri akusazioa ez da nahikoa izango
lagun hori epaitzeko; hala ere, epaileak ez zuen onartu hildakoen bi familien akusazio partikularra.
Erantzunkizunik gabe geldituko dira, beraz, heriotz horiek: ez guardia zibil haiek, ez beren gainekoek,
ez garaiko Barne Ministroak, Jorge Fernandez Diezek, ez dute isunik txikiena ere pagatuko.

Horren dira, ordea, egitateak hutsak: 200 lagun itsasoan lehorrera ailegatu nahiean, eta ezinean; guardia
zibilak, lehorretik, gomazko pilotak eta ke poteak jaurtitzen. 15 lagun itota. Kito

You might also like