You are on page 1of 4

Berria.

info

2009-01-18

EITBren erronkak
Josu Amezaga
EHUko irakaslea

Gauza asko aldatzen ari dira telebistaren panoraman, arlo teknologikoan, enpresa arloan zein

arlo sozialean. Artikulu honetan saiatuko naiz, batetik, aldaketa horietako batzuk

azpimarratzen; eta, bestetik, egoera berriei heltzeko egiturazko arazo batzuk nabarmentzen.

Bereziki telebistari erreparatuko diot, nahiz eta medioen arteko loturak (telebista, irratia,

Internet) oso kontuan hartzekoak diren.

Digitalizazioa

Urte eta erdi barru Hego Euskal Herriko etxeetan hartuko diren telebista emanaldiak digitalak

izango dira, itzalaldi analogikoa dela-eta. Digitalizazioak dakarren beste aldaketa bat kanalen

biderketa da: kanal analogiko batek okupatzen duen frekuentzian hiruzpalau kanal digital sar

daitezke.

Hizkuntzari dagokionez, digitalizazioak aukera berriak dakartza: esaterako, DVD diskotan

bezala hizkuntza aukeratu ahal izango da, edota azpitituluak jarri eta kendu, teleaginteko

botoia sakatuz. Azken horrek ateak zabaltzen ditu entzunez ondo ulertzen ez diren hizkuntzak
idatziz laguntzeko, besteak beste. Aukerako audio eta azpitituluekin, orain arte ezagutu dugun

kanal bat = hizkuntza bat eskema zaharkituta egon liteke hemendik gutxira.

Aldaketa teknologiko horiek eragina izango dute, beste batzuekin batera, telebista erabiltzeko

moduan. Bestalde, ez dugu 2010eko apirilera arte itxaron beharko haiek ikusteko: aipatutako

guztiak errealitate dira gaur egun, eta epe laburrean joerak areagotu egingo dira.

Eskaintza

Teknologia ez ezik, eskaintzaren egitura ere ari da eraldatzen. 1982an beste kanal birekin

lehiatu behar zuen ETBk, hegoaldeko Euskal Herrian. Gaur egun etxe gehienetan dozenaka

kanal jasotzen dira, antena, kable, satelite edo Internetez. Horrek kanalen arteko lehia eta

edukien banalizazioa ekarri ditu; baita publikoaren fragmentazioa ere (gaikako kanalak,

sektore jakinetara zuzendutako kanalak eta abar).

Biderketa hori euskarazko emanaldietan ere gertatzen ari da: duela gutxira arte euskarazko

kanal bakarra iristen zen etxe gehienetara. Orain ETB3 azaldu da, eta laster euskara hutsezko

tokiko telebistak izango ditugu EAEko eskualde guztietan. Horri gainerako tokiko telebista

guztiek bete beharreko euskarazko emanaldien kuotak gehituko zaizkio, bai eta datorren

urtean ETB4 elebiduna ere. Beraz, hemendik bizpahiru urtera EAEko etxeetan euskarazko

hiruzpalau kanal jaso ahal izango dira, gehi beste pare bat elebidun (beti ere, ordurako

euskarazko kanalez hitz egiterik badago).


Publikoa

Publiko potentziala asko handitu zaio euskarazko telebistari: ETBren sorreran Baskongadetako

populazioaren %22 euskalduna zen, eta %15 ia-euskalduna. 2006ko erroldaren arabera, aldiz,

%37 dira euskaldun, eta %22 ia-euskaldun: orotara %59 euskarazko emanaldiak uler

ditzaketenak. Publikoaren ezaugarriak ere aldatu dira: euskaldunak ez dira, jada, familia

euskaldunetan bizi soilik: haien erdia ia-euskaldunekin edota erdaldunekin bizi da, eta

hizkuntzaz homogeneoak diren etxeak gero eta gutxiago dira: kide guztiak euskaldunak diren

etxeak EAEko %17 dira, eta guztiak erdaldunak direnak %30. Gainerakoak linguistikoki mistoak

dira.

Euskarazko telebistak izan dezakeen publikoa beraz ez da soilik familia euskaldunetako kideek

osatua: familia mistoak, giro erdaldunean sakabanatutako euskaldunak, edo euskara ulertu bai

baina ohitura edo erraztasunik ez dutenak ugalduz doaz. Horiei guztiei ere nola zuzendu sakon

hausnartu beharko da, baliabide digitalak kontuan hartuta. Beti ere telebistak euskararen

normalizazioan garrantzizko lekua izan behar duela sinesten badugu.

Ondorio batzuk hizkuntza politikoari dagokionez

Euskararen aldeko hizkuntza politika bat garatu nahi izatekotan, joko zelaia asko

aldatzen du digitalizazioak. Izan ere ETB sortu zenean, zalantza gutxi zegoen telebistak

hizkuntzaren berreskurapenerako izan behar zuen garrantziaz (nahiz eta garrantzi hori

oraindik enpirikoki gehiegi ez den inoiz justifikatu). Gaztelerazko zein frantsesezko

telebistaren sarrerak Euskal Herrira ekarri zuen eragin linguistikoa gogoan,

alderantzizko prozesuarekiko konfiantza zegoen (hots telebistaren bidez euskara etxe

guztietara sartzea), eta posiblea ikusten zen, muturrera eramanda, linguistikoki


homogeneoa izango zen telebista-lurralde bat irudikatzea, euskarazko medio publikoak

bultzatuz eta medio pribatuak horretara behartuz. Gaur egun ordea, hori lehen baino

utopikoagoa dela dirudi. Gauzak horrela, hizkuntz politika egin behar duten

erakundeek modu berriak bilatu beharko dituzte, digitalizatutako kulturan euskararen

garapena bermatzeko.

Bestetik, digitalizazioak agente berriak ekarri ditu telebistaren eremura: enpresa

egitura berrietatik hasi, ikusle-ekoizleenganaino (youtube erako produkziotxoak).

ETBren sorreran zeuden agente bakarrak administrazioa eta enpresa pribatuak soilik

izan zitezkeen telebistagile, baina gaur egun abaniko hori zabaltzen ari da. Bere ibilbide

historikoa botere politikoari zein merkatuari baino gehiago herri ekimenari zor dion

hizkuntza batentzat, egoera berri hau aberasgarri bilakatzea, erronka handienetako bat

dugu gaur egun.

You might also like