You are on page 1of 1

Eguzki-loreak

Onartzen dut ez naizela gaztetan bezain lehorra, errazago samurtzen


naizela..., nola esango dut, kontu humanoekin, nahiz eta Gabonetan
nire gaztaroko lehorkeriara itzuli sentimentalkeriari dagokionez. Nik ere,
zuek ez eze, jaso ditut watsappez asmo onak eta maitasun
adierazpenak erakusten dituzten mezu, bideo eta argazkiak, batzuk-
batzuk eguzki-loreen forman.
Argazki horiekin ere jaso dut berri hau (itzulpena nirea da): Barkos
Gabonetan ere sektarismoak jota: jai hauek zoriontzeko euskal
nazionalismoari dagokion lore bat erabili du. Izenburua Navarra.com
atariko El Espaol egunkari digitalean irakurri dut. Berriaren garapenak
dio, hitzez hitz, Barkosek erabili duen lore lehor eta itxura txarrekoa
aurkitzen da bakarrik Piriniotan, Pais Vasco-n eta Kantabrian.
Erreparatu geografiaren erabilera zitalari, zeina artikulugilearen kontra
itzultzen baita, izan ere, horren arabera Pirinioak ez dira Nafarroa. Ez
eta Urbasa-Andia, nire etxe ingurua, nondik ekartzen baitziren eguzki-
loreak Arbizuko atari buruetan paratzeko.
Askorentzat, jarraitzen du berriak, eguzki-lorea baskoak babesten
dituen lorea da; horixe aukeratu du Barkosek nafarrei zorionak
emateko.
Nafarroan gertatzen ari den prozesuaren gauzarik interesgarrienetakoa
zera da: agerian uzten duela urteetan gertarazi den berrezarpen
ideologikoa zeina frankismoaren pean hasi baitzen.
Ideologia da besteen bartzak bai baina norberaren zorriak ez ikustea
ahalbidetzen duen errealitatearen zati ezkutu hori. Artikuluaren egileak
bere zorriak ez ikusteaz gain, besteren bartzak hiltzeko edozer
erabiltzeko dago prest, baita bazokak ere.
Eta bazokek beren lana egiten dute, egunero erabiltzen badituzu batez
ere. Nafarroa erregimen bat izan da, beste toki asko bezala, partidu
bera urteetan eta urteetan agintean egoteak erregimenak osatzeko
joera baitu; eta erregimenaren sostengatzaileek edozer egiteko prest
daude boterea berreskuratzeko. Eta niri osti txarrak barrunbeak
kiskaltzen dizkit. Gauden bake eta maitasun sasoi honetarako batere
ona ez dena.

You might also like