You are on page 1of 2

Robotak

KARMELE JAIO ​/ DEIA / 2020-12-18

I​ NTERNETEKO orrialde batzuetara sartzean, ordainketa bat egin nahi

dugunean, adibidez, iruzurrak ekiditeko "Ez naiz robota" izenburua duen froga
gainditu behar izaten dugu. Zein iruditan ikusten dituzu trafiko seinaleak? Markatu
X batekin. Halako galderak egiten dizkigute eta irudiak markatu behar izaten
ditugu, gizakiak garela frogatzeko. Horrela gizakiak garela frogatu ahal bagenu
bezala.

Zenbait egoeratan, inoiz pentsatu izan dut pertsona batzuei halako froga pasatu
beharko geniekeela. Denda batean sartu eta “egun on” esan gabe saltzaileari zer
nahi duten eskatzen dioten pertsonei, adibidez; edo taberna batean zerbitzariari
txistu eginez deitzen diotenei; edo lan bilera bat hasi baino lehen bertan bildutakoei
zelan dauden galdetzeko beharrik ikusten ez dutenei. “Ziur ez zaretela robotak?”
Askotan izan dut galdetzeko gogoa. Eta askotan pentsatu dut froga egin beharko
geniekeela ziurtatzeko gu bezalako gizakiak direla.

Izan ere, batzuek ahaztu egiten dute euren alde humanoa beste gizaki batzuekin
harremanetan daudenean. Edo ez dute egoki ikusten euren alde hori agertzea, ez
badaude lagun arteko harreman batean. Egon gaitezke akordio ekonomiko bat
negoziatzen, baina horrek ez du esan nahi biltzen gareneko lehen minutuetan ezin
dugunik komentatu sekulako euri zaparrada edo auto-pilaketa bat aurkitu dugula
bilerarako bidean, gaur bizkarreko minez jaiki garela edo gure alaba gaixorik
dagoela ohean eta bilera bukatu bezain laster deitu behar diogula. Ez dakit, gizakiak
gara, ez makinak. Eta egon beharko litzateke elementuren bat gure harremanetan
makinak ez garela egiaztatuko duena, ezta? Edo "Ez naiz robota" froga pasatzera
behartu behar dugu jendea?

Egiaztatua daukat, gainera, aurrekoari gizaki baten modura hitz egiten diozunean,
halako komentario bat eginez, adibidez, berak ere ate bat irekitzen duela, hoztasuna
edo urruntasuna desagertu egiten direla, eta horrek hobetu egiten duela
elkarbizitza. Eta, bide batez, baita berarekin lortu nahi zenuen akordio ekonomiko
hori, zergatik ez.

You might also like