You are on page 1of 4

4-Hedabideak eta Iritzi Publikoaren eraikuntza:

Donald Trumpen garaipena AEBetako hauteskundeetan

AEB Ameriketako Estatu Batuetako iritzi publikoa ez ezik, Mendebaldeko


herrialdeena ere hein handi batean asaldatu zuen 2016ko azaroan Donald Trump
hautagaiak AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi izanak. Alderdi
Errepublikanoaren hauteskunde primarioetan ezustean arerio guztiak atzean utzi
zituen eta Alderdi Demokrataren hautagai Hillary Clintoni jarki ostean, beroni ere
gailendu zitzaion Trump. Egiari zor, botoen zenbaketa absolutuan, demokraten
hautagaiak bi milioi botoko aldeaz irabazi zion Trumpi, baina hark erdietsi zituen
AEBetako Kongresuan presidente izendatu ahal izateko ordezkari gehiago, eledun
gehiago aukeratzen diren estatu giltzarri ia guztietan garaipena eskuratu eta gero.
Hedabideek bitartekotutako iritzi publikoa erabat aurka zuelarik irabazi zituen
hauteskundeak Trumpek, eta horrenbestez gertaera hori arrazoitzeko zailtasunak
izan zituzten aditu eta ikerlariek. Zentzu horretatik eratortzen da hain zuzen ere,
postegia izeneko kontzeptuaren ezarpena, euskarri gabeko mezu sorkuntzen, eta
hiritarrak limurtzeko emozioaren erabileraz, Trumpen geraipena azaltzen duena.

New York Times egunkariaren 2016ko maiatzaren 19ko artikuluan Lynn


Vavreckek azaldu zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen izaera
erabat framingari loturik zegoela, hau da, hauteskundeetako masa komunikazioak
herrialdeko errealitatea aurkezteko zuen moduari. Izan ere, hiritarrei errealitatea
ikusi ahal izateko betaurreko batzuk edo beste batzuk (metaforikoki) jantzaraziz
hauteskundeak irabazi ohi direla arrazoitu zuen Vavreckek. Hari jarraiki, Alderdi
Errepublikanoaren barruko hauteskundeen norgehiagokan Trumpek hautesleen
mintzagaietan ezarri zituen AEBek azken urteetan izandako atzerapenen enfasia,
Clintonek azken urteetan erdietsitako hobekuntzetara ikuspegia bideratzen zuen
bitartean. Hori horrela, New York Times egunkariko iritzi emailearen argudioari
jarraiki, herrialde bat hazkunde ekonomikoan barneratuta dagoenean, hautesleek
joera daukate aukeraketan arriskua ez hartzekoa, eta egoera hain ona ez denean,
arriskatzeko jarrera handiagoa agertzen dute. Mundu mailako bilakaera, eta azken
hobekuntzak albo batera utzita, AEBetako eboluzioa, beheranzkoa edo, bederen,
malkartsua izan den heinean, ondorioztatu daiteke, beste faktore batzuekin batera,
Trumpena bezalako aukera ziurgabeentzat testuinguru aproposa ahalbidetu zuela.

Halaber, horri gehitu behar zaio, AEBetako hedabide gehienak Trumpen


hautagaitzaren aurkakoak zirela, eta Hillary Clintonen aldekoak horrenbestez. Ildo
horretan, hautagai demokratak iazko azaroko hauteskundeen aurretik 57 kazeten
ageriko babesa jaso zuen bitartean, Donald Trumpek 10 egunkariren sostengua
eskuratu zuen bakarrik. Areago, 2012an Mitt Romney hautagai errepublikanoaren
aldeko botoa eskatu zuten bederatzi egunkarik 2016an Alderdi Demokrataren
hautagai Hillary Clintoni eman zioten beren sostengua. Hori dena kontuan hartuta,
Donald Trump milioidunak bere burua agerrarazi ahal izan zuen elite boteredun
tradizionalen mendeko hedabideek jazartutako herriaren hautagaia bailitzan. Ildo
berean, berebizikoa izan zen 2016ko hauteskundeetan, Barack Obamak abiatu
zuen bideari jarraiki, Interneteko sare sozialen erabilpena. Hedabide tradizionalen
aurkaritzari gainjartzeko ez ezik, hautesleriaren zati handia bere alde jartzeko
laguntza eman zioten Donald Trumpi XXI. mendeko hedabide eta iritzi sortzaileek.

Zentzu horretan, Etxe Zuriaren barruan Donald Trumpen bozeramaile den


Sean Spicerrek joan den urtarrilean nabarmendu zuen presidente hautatu berriak
arrazoibide eta zentzu osoarekin erabiltzen duela twitter kontua, eta hedabideen
eguneroko hizpideak zehazteko Agenda Setting ahalmen handia daukala: “Uste dut
ulermen gabezia dagoela, edo irudimena bestela, txioak logikarik gabe argitaratzen
dituenarena.(…) Zehatz-mehatz daki mintzagai bat nola bideratu, eta jakitun da
ekimen batzuen estrategia balioaz, helburua erdietsi ahal izateko”. Hori horrela,
Callum Borchersek The Washington Post egunkariaren 2017ko urtarrilaren 5eko
alean azaldu zuenez, kazetari eta berri emaile askok ezinegona agertu izan dute
Donald Trumpek ezarritako gai agendan beren burua harrapatuta aurkitzeagatik.
Eric Lipton New York Times egunkariaren berri emaileak twitterren eztabaida piztu
zuen hedabideek Trumpi “egunaren jabe” egitea nola onartzen dioten galdetuta.
Dena dela, Borchersek alderatzen duenez, Trumpi dagokionez, txioak aipatzeak ez
ezik, ez aipatzeak mesede ere egingo ziokeen AEBetako gaur egungo presidenteari,
balizko zentsurak hedabideak bere aurkari gisara ikusarazteko lagunduko bailioke.

Aldez aurretiaz landu dugun moduan, Donald Trumpen hauteskundeetako


garaipena arrazoitzeko post truth edo postegia kontzeptua azaleratu da munduko
kazetari eta askotariko adituen ahotan. Esan nahi baita, kontzeptu horri jarraiki,
Trumpek oinarri handirik gabeko gertaera eta hizpideak sortu zituen, emoziozko
oskolaz inguratuta, eta informazio objektiboen gaindi gailenduta, hautesleriaren
babesa lortu zuen. Aitzitik, argudio eta kontzeptu ezarpen horri kritika egin
dakioke, elite boteredunetik eratorritako ideologiazko arbuioa dela egotzita. Izan
ere, hedabideen bilakaera horrelakoa dela onartuta ere, masa komunikazioaren
propagandazko erabilera ez da gaur gaurkozkoa. Alegia, kontzeptuaren agerpena
ezarritako botere ordenaren edo iritzi publikoaren aurkako gertaera politikoak
gertatu direnean sortu denez, soilik horiei zilegitasuna kentzeko egina dela dirudi.

Areago, modernitatearen egia objektiboaren edo absolutuaren sinesmena


Trumpen aurkariek ere kaltetzen dute. Izan ere, Buzzfeed AEBetako Interneteko
hedabideak kritika ugari jaso zituen, Donald Trumpen inguruko sinesgarritasun
edo funts erabatekorik gabeko informazioa emateagatik. Informazioaren iturria
eta ardura Londresen kokatutako inteligentzia enpresa batena zen, eta hedabide
askok, Erresuma Batuko The Guardian kazetak tarteko, informazioa ziurtatu ezin
zutelakoan uko egin zioten txostena plazaratzeari. Bada, argitaratutako dosierrak,
besteren artean, AEBetako presidentearen sexu joerak deskribatzen zituen eta
baita Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidentearen xantaia jasateko arriskua
zeukala. Hori horrela, besteren artean, Washington Post and New York Times
egunkarietatik jasandako kritika jarioaren aurrean Ben Smith Buzzfeed
hedabideko albiste buruak adierazi zuen, fidagarritasun erabatekorik gabeko
informazioa argitaratzea, “egoera zinez ezatsegina izan bazen ere”, “egin
beharreko” zerbait zela. Smithen hitzetan, hedabideen gaur egungo ingurumenean
adierazpen gezurrezkoei ere bide ematera behartuta daude prentsako beharginak.
Hala, hedabideek informazioaren galbahe gisara (gatekeeper modura) jarduten
zuten garaia ere amaitua dela agerrarazi zuen Buzzfeed hedabideko arduradunak.
Talde txikietan testuaz eta gaiari buruz sakonean hausnartu ondoren, erantzun
ondorengo galdera hauei, eta klase amaieran irakasleari eman taldeko erantzunak.

1-Nola azalduko zenukete zuek hedabideek eraikitako iritzi publikoa erabat aurka
zuen hautagaiak hauteskunde prozesu luzearen ostean presidentetza lortu izana?

2-Donald Trumpen garaipenak masa komunikazioaren eragina mugatzera eraman


beharko ote lituzke komunikazioaren teoriak, zuen ustez? Hausnartu zergatik.

3-Sare sozialek eta Interneteko hedabideek AEBetako ikuskizunezko hauteskunde


prozesuan eta iritzi publikoaren osaeran nolako eragina izan zutela uste duzue?

4-Postegia kontzeptuaren erabilpenarekin lotuta, Trumpen garaipena nahiz bere


aurkako hedabideen etengabeko framingak masa komunikazioaren erabilpenean
aro berria zabaltzen al dute, edo aurreko manipulaziozko erabilpenen segida al da?

You might also like