You are on page 1of 1

Patria

Pereza ematen zidan. Zeharka begiratzen nion irakurtzen ikusten nuen jendeari;
metroan, trenean, hondartzan, kaleko ahulkietan, belarretan, adiskide baten
etxean sofan ikusi dut jendea liburu potoloa eskuetan: Patria, Fernando
Aranburu, 2016. Tusquet. Azal zuri beltza, guardasol gorriarekin, sinbolikoa,
sinbolikorik bada.
Pereza ematen bazidan ere, gustora irakurri nituen Joseba Gabilondo eta Iban
Zalduak idatzitako azterketa zorrotzak; Pau Luqueren eta Ander Zurimendiren
artikulu arinagoak, harik eta nekatu nintzen arte, sarean, izan dozenaka baitira
Patriaren ingurukoak.
Pereza ematen zidan baina, azkenean, eskuartean dudana idazten jarraitzeko
irakurtzea zuhurra eta ondratua iruditzen zitzaidalako, di-da batean egin dut
astebetean, eta egia esan behar baldin badut nobelak erraz egiten du aurrera.
Eta, hala ere, zer liburu kaxkarra. Eta faltsua. Faltsua ez nire konbikzio
abertzaleen kontra egiten duelakoz, baizik eta, denboraren manipulazioa salbu,
esan bezala, ongi eramana dagoena, berriz ere esateko, ez duelako fikzioaren
legeetako bakarra ere errespetatzen.
Izango dira, jakina, Joxe Mari eta Miren bezalako pertsonak abertzaleen artean,
baina haiek ere izango dute uneren batean erruki izpi bat, zalantza txikiren bat.
Biktimak, bestalde, hobekixeago islaturik daude, baina haiei ere sakontasun
psikologikoa falta zaie. Inguruaren islari dagokionez, Zalduak denbora
dekalagea izendaturikoa gertatzen da askotan, alegia, islatu nahi diren garaien
eta ideia, pentsamolde, moda, musika eta estilo eta abarren arteko bat ez
etortzea, Don Serapio apaizak jokatzen duen rola garratzitsuegia izatea islatu
nahi diren garaietarako, esaterako.

Patria nobelak ez dio ezer ez erakutsiko ez irakatsiko estatuko edozein


irakurleri, albistegiek urteetan ereindako idearioa indartu baino ez dio egingo.
Eta zentzu horretan, esanen nuke Arambururen liburua ohitura nobela dela ia-ia,
gure Txomin Agirrek idatzi zituen haien antzekoa: alde batetik, on-onak,
idazlearen ideologiarekin bat egiten dutenak; eta, bestetik, gaizto-gaiztoak,
kontrako ideologia adierazten dutenak. Zertarako ñabardurak egia hori bada!

You might also like