You are on page 1of 1

Zenbat eta makurrago...

Segur aski eztabaida arrotza egingo zaizue berez arrotza delako baina
gurean ere izan dugu ETAren hainbat atentatuek eraginik.
Eztabaida bolo-bolo dabil ezker erradikaleko foroetan, irakur bedi, ezker
abertzaleko, podemita, Sandersen aldeko, okupa, ezkerreko musulman
eta abarren artean. Trumpen irabazteak, desastre ikaragarria den
neurrian (lenineraz kontradikzioak areagotzen dituen neurrian),
erabateko aldaketaren hurbilago paratzen gaitu, eta zentzu horretan
aldaketarik ezean etorri datorren hondamenditik, dela aldaketa
klimatikoa bide, dela erabateko guda tarteko, dela gizartea Erdi Aro ilun
bilakatze zio. Argi dago Clintonek irabazi balu, gauzek berdin-berdin
segituko zutela; Trumpek irabazteak, aldiz, diote batzuek, amildegiaren
ertzera hurbilarazi, behera begiratu eta mugiaraziko gaitu.
Eztabaida bi pentsalarien inguruan gauzatu da: alde batetik Zizek
filosofo esloveniar prima donna; bestetik, Chomsky, hizkuntzalari
ezkertiar amerikarra.
Bietako inori ez zitzaion Hillary Clinton gustatzen. Biek zuten argi Clinton
establishmen-aren ordezkaria zela; alegia, botere ekonomikoa eta
politikoaren txirikordaren arrimora negozioak egin eta bizi den jende
horren hautagaia, baina Chomskyrentzat zenbat eta makurrago
(trumpago), hobe leloak jendearen baldintzak txartzeaz gain, ez du
Zizekek erantsi dion indar eragilerik izango, eta Trumpek amildegian
behera erortzeko benetako arriskua dakar. Zizekendako, aldiz, Trumpen
politikak ezkerreko jendea elkartu eta kontradikzio nagusia sakonduz
aldaketa sor dezake.
Hauteskundeen aurretik elkarrizketa bana egin zieten Al Jazeera
telebistan, nonbait, igarrita zuten ordurako hainbat nazio
musulmanetatik (hainbat zenbatzaile zehaztuak ez du Qatar edo Saudi
Arabiarako balio) AEBetan sartzeko debekua etortzear zegoela.
Marxen motoa historia errepikatzen da, lehen tragedia modura, gero
fartsa moduan egia baldin bada, Obamaren garaia tragedia izan da,
(hutsean utzi ditu ia esperantza guztiak, zenbait nazio desegiten
laguntzeaz gainera), aber fartsak zer dakarren...

You might also like