You are on page 1of 1

Bob Dylan

Leonard Cohen. A ez, barkatu, Bob Dylan esan behar nuen baina Nobel
sariak Leonard Cohen entzuten eta hari buruz irakurtzen eta letrak arakatzen
harrapatu nau. Bob Dylanekin izan nuen harremana, jenio bat izan zen
noizbait niretako, baina musika, literatura eta artearekin lotura sentimentala
dudanez, bizitakoarekin lotzen dut, uneko esperientziarekin eta kantak,
liburuak edo dena delakoak nigan eragin zuen munduaren ez bada, une
haren esperientzia zabaltzeko ahaltasunarekin.
Horregatik, nire bizitza aldatu delakoz, lehen balio zidaten hainbat artistak ez
didate jada balio, arakatu, berriz praktikatu eta hutsik uzten naute. Atxagaren
Obabakoak, esaterako, edo James Joyceren Ulises berak, Lorcaren poemek,
edo Umbeto Ecoren El nombre de la Rosa-k, edo apuratzen banauzue
Pessoaren El Libro del Desasosiego-k, Audenen poemek edo Bob Dylanen
kantek. Zerbait gertatu da nigan sortu zuten lilura hura (ze nostalgia!) ez
sortzeko. Aldiz oraindik eusten diote hunkitzeko gaitasunari Gil de Biedma,
Pessoa eta Cernudaren hainbat poemek, Virginia Woolfen Mrs. Dalloway-k,
Imanol Irigoien pintorearen Argiaren barne distantziak poema liburuak,
Prousten Denbora galduaren bila nobela tzarrak, Gogolen Arima hilak, edo
Lehonard Cohenen kanta gehienek.
Arteaz barkatu hitz potoloa- gozatzea koiunturala da, denborazkoa,
ausazkoa, zalantzazkoa eta badaezpadazkoa. Eta horregatik gero eta
sendoagoa da artearen nire ikuspegi sentimentala, alegia, gero eta gutxiago
interesatzen zait liburuek edo kantek edo koadroek sisteman daukaten
balorazioa, eskola, hausteko indarra, garaiko gailur izaera, adituen iritziak
eta, aldiz, gero eta gehiagotan erreparatzen diot senari, lan horiek nigan
denborapasa gozagarri sentsaziotik hasi, kontsolamendutik pasa eta nire
errealitatea hedatu eta eraldatzeko ahalmenari. Edadearen gauza onak, jada
ez dut irakurtzen egunean egoteko, jakintsu izateko edo nire irakurle-ikusle-
entzule estatusari eusteko.
Horregatik: Gora Leonard Cohen! Zorionak Nobel Sariagatik!

You might also like