You are on page 1of 1

Hitzak

Reicharen Lengoaia Viktor Kemplerer filologo alemanaren liburuan, nazismoaren garaian


hizkuntzak izandako iraulketa aztertzen da hitzen esanahiaren aldaketei segituz. Sanjurjo
jeneralaren hilobitik ateratzearen harira familiak esandakoek ekarri didate gogora.
Adiskedetzearen, elkarrizketaren eta errespetuaren defentsatik mintzo gara azaldu dute.
Erreparatu hitzei. Beste testuinguru batean Euskal Gatazkaren konponketarako ere balioko zuten,
edo Palestinako Gatazkarako edo, estutzen banauzue, Trumpen ahotan jarrita, AEBtan hemendik
aurrera izango den politikaren ildoak markatzeko. (Esan gabe doa Sanjurjo jeneral golpistaren
hezurrak ez dituztela kalean barreiatuko, familiari emango zaizkio nahi dituen tokian hilobiratzeko).
Kontua da hitzek zentzua galdu dutela, eta zentzu galtze horren jabe eskuina egin dela, filologo
alemanaren garaietan bezala. Zer esan nahi du demokrazia hitzak amets demokratikoa, joko
demokratikoa, eztabaida demokratikoa, ikuspuntu demokratikoa, diktadura demokratikoa,
afera demokratikoa, opor demokratikoak bezalako esamoldeak barra-barra erabiltzen direnean?
Izenondoak zentzua galdu duela eta autoritarismorik oldarkorrena ezkuta daitekeela hitzaren
atzean, eta, neurri horretan, boterea duenak eransten diola esanahia hitzari.
Zer esan nahi du terrorista hitzak disidentziarik nimioena ere kondenatzeko erabiltzen denean?
Ezer ez; baina hitzek oraindik izandako esanahiaren arrastoa gordetzen dutenez, badute
errealitatea konbokatzeko sorginkeria. Terrorista bat da norbait, zerbait, pentsamolde bat (sic) ere
izan omen daiteke, helburu politikoak lortzeko izua erabiltzen duena; horraino ongi, baina izua zer
den hitza ahoskatzen duen boteredunak erabakitzen du. Alegia, eskuinak(egun zentroa du
izena). Eskuina egin da hizkuntzaren jabe, hustu eta esanahi berria eransteko ahalmena lortu du.
Hortik ezkerraren (hitzik ez daukat ezkerra definitzeko) porrot ikaragarria. (Ez legoke esan beharrik
baina bada ez bada: Hillary Clinton ez da ezkerrekoa, eta Sanjurjoren familiari bost axola
adiskidetzea).

You might also like