You are on page 1of 16

XVI.

MENDEA: EUSKAL IDATZIEN LEHENENGO EMAITZAK


© Aurélie Arcocha-Scarcia (UNIVERSITÉ MICHEL DE MONTAIGNE - BORDEAUX
III / IKER-UMR 5478) a.arcocha@iker.cnrs.fr
© Beñat Oyharçabal (CNRS / IKER-UMR 5478) b.oyharcabal@iker.cnrs.fr
Iturria: http://www.basqueliterature.com/basque/historia/klasikoa/XVI.%20mendea

Sarrera
Gaur egunera arte iritsi diren euskarazko literatur testurik zaharrenak XVI. mendekoak
dira bereziki2, eta idatzi horien agerpenaren ezaugarriak oso desberdinak dira Espainiako
erregeen mendekoak izan ziren Iberiar Penintsulako euskal lurraldeak (Gipuzkoa,
Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaia konkistatu berria), edo Frantziako erregeek
gobernatzen zuten lurralde franko-akitaniarra izan. Horrez gain, kontuan hartu beharko
litzateke «Nafarroa Berria» (Lafont 1970: 51-52)3, Frantziako eta Espainiako erresumen
artean existitu zen erresuma, eta, Nafarroa Garaia galdu izanagatik ere, sendotuz joan
zena 1523. - Henrike II.4 erregearen aurrean zin egiteko Behe Nafarroako estatuak batu
ziren urtea- eta 1527. urteen artean ?erregea Margarita Angulemakoarekin ezkondu
zenekoa.
XVI. mendean, liburu gutxi batzuk osorik edo zatiren batean, euskaraz inprimaturi zirela
badakigu. Frantzia-Akitaniako aldean lau liburu argitaratu ziren euskara hutsean:
Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (Bordele, 1545); Leizarragak egindako Itun
Berriaren itzulpena, Iesus Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria; eta ABC eta
Kalendrera opuskuluen argitalpena, horiek ere egile beraren itzulpenak eta guztiak La
Rochellen inprimatuak 1571n. Espainietako Erregearen lurralde euskaldunetan hiru lan
argitaratu ziren, euskaraz eta gaztelaniaz: Sancho de Elsoren kristau ikasbidea, Doctrina
Christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos
estados, en Castellano y Vascuence izenburua zuena, (Iruñea, 1561)5, Sevillako Nicolás
Antonio6 bibliofiloak eta Isastik aipatua (Villasante: 64), ez da haren ale bakar bat ere
gorde; Refranes y Sentencias comunes en Bascuence, declaradas en Romance con
numeros sobre cada palabra, para que se entiendan las dos lenguas7 (Iruñea, 1596)8
egile ezezagunarena, eta Betolaça doktoreak Jerónimo de Ripaldaren kristau-ikasbidearen
itzulpena: Doctrina Christiana en Romance y Basquenze izenekoa (Bilbao,1596 )9.
2004ko otsailean 1566 urte inguruko eskuizkribu bat, gehienbat euskaraz idatzia, aurkitu
zelako berria zabaldu zen, eta horrek iguripen filologiko eta literarario berriak zabaldu
zituen; horri esker, XVI. mendearen bigarren erdialdean, Euskal Herri penintsularreko
euskal literatur ekoizpena zer-nolakoa zen ulertu ahal izango dugu.
Lerro hauen xedea, XVI. mendeko euskarazko literatur ekoizpenaren gaineko ikuspegi
orokor eta kontrastatua ematea da; arreta berezia eginez Etxepareren Linguae Vasconum
Primitiae izenekoan (LVP) (1545). LVP, izan ere, inprimitutako liburu batean herri-
hizkuntza batean islatutako literaturako egile-proiektu bakarra da10: liburu hori, era
berean, «inprimatzeko egintzara» hertsiki loturiko XVI. mendearen lehenengo zatiko
Europako mugimendu humanistiko garrantzitsuarekin lotu behar da. Gainera, euskararen
funtsezko aldi horretako «liburu-lekuko» bakarra da. Baina «liburu-zurtza» ere bada. Egia
esan, inprimaketa-asmoak gauzatzea, Etxeparerentzat, «modernotasunera» (Zumthor)11
arrakastaz iristeko modua izan zen, baina ez zuen jarraitzailerik izan mende osoan.
Ikuspegi horren barruan, lehenengo eta behin, euskarazko literatur zati ugari horietako
lehenari buruz hitz egingo dugu. Jarraian, Lazarragari egozten zaion eskuizkribua
aipatuko dugu labur (CDL). Eta, azkenik, LVPren irakurketa proposatuko dugu, haren
materialtasuna azpimarratuta: LVP, anakronismoetatik askatutako «liburu-objektua»
(Febvre). Horrela, LVPren eta Etxepareren jarreraren ohiko ikuspegia goitik behera
berritzea lortuko dugu: liburu ezezaguna agertuko da.

I. Literatur testuen zatiak


a) Pirinioetako iparraldeko gune geografikoan gorde diren XVI. mendeako literatur
konposizioak oso gutxi dira. XVII. mendeko Oihenart historialari eta poetaren lekukotza
fidagarriari esker, badakigu euskaraz idatzi zuten egile gehiago ere badirela; izan ere,
euskal olerki-arteari buruzko eskuizkribu batean lehendik ezezagunak ziren egileen
izenak ematen ditu: Jean Detchegaray, Etxepareren garaikidea eta une pastoraleren12
egilea, hau da dagoeneko galduta dagoen Arzain gorria13 izeneko pastorala. Frantsesaren
eta okzitanieraren artean ere, testuen arteko migrazioak gertatu behar izan dute,
abestietan. Horren lekukotza daukagu, esaterako, XV. mendeko (edo XVI.eko) abesti
frantses batetik ateratako euskarazko bertso batean, Zoaz zoaz ordonarequi. Jeanne
d'Albreten erregetzapean pertsona letratuen arteko komunikazioaren lekuko den beste
ekoizpen mota bat Henrike III.a (gerora Frantziako Henrike IV.a izango zena) haren
semearen jaiotza zela eta, euskaraz idatzitako laudoriozko olerkia da; hainbat
hizkuntzatan idatzi eta 1554. urtean argitaratutako liburu batean jasoa. Hizkuntza-
aniztasuna ugaritasunaren14 adierazlea da hemen, gertaeraren maiestatezkotasuna
azpimarratzen duen metaketa hiperbolikoaren parte da.
Aipamen berezia merezi dute hainbat baladek (Oihenartek eresiak deituak)15:
Bereterretchen Khantoria, Atharratze jaureguiko anderia, etab.16; hemeretzigarren
mendeko Jaurgain historialariak XV. eta XVI. mendean jazotako gertakariekin
erlazionatu zituen, baina haien transkripzioa XIX. mendekoa da (Chaho; Francisque-
Michel, Sallaberry), eta horrek oso zuhur jokatzera behartzen gaitu halako ekoizpenak,
edo testua behinik behin, datatzeko orduan.
b) Penintsulako aldean, goian aipatutako Refranes y Sentencias osatu gabeko ale
inprimatuaz, Esteban Garibai17 errege-kronikalari eta genealogistak idatzitako atsotitz
eta esaerez, Juan Undianok18 Miserere 51. salmuaz egindako itzulpenaz eta Nafarroako
Artxibategi Nagusian dagoen Juan Amenduxen elegia autografoaz gain, literatura-
korpusa kronikalari gipuzkoar, bizkaitar (goian aipatutako Esteban Garibai19, Garcia
Fernandez Cachopin eta Juan Iñiguez Ibarguen20 , etab.) eta arabarrek (Lazarraga
genealogista) idatzitako hamar bat eresi eta kantu anonimok osatzen dute -batzuetan,
gainera, oso zatituak- eta horiek guztiak gaztelaniazko liburu eta agirien egileak dira.
Aipatutako historiografoen arabera, testu isolatu horien jatorria aurreko mende osoan edo
XIV. mendean jazotako gertakarietan dago.
Korpus horri gaztelaniaz inprimaturiko beste literatur obra batzuetako zatiak gehituko
beharko litzaizkioke, hala nola Cantar de Perucho, Gaspar Gomezen Tercera parte de la
tragicomedia de Celestina (1536) izenekoan agertzen dena.
c) Aipatutako literatur testuen zatiak, aldi berean, XVI. mendea baino askoz lehenagotik
ere -Pirinioez gaindi, nahiz Iberiar penintsulan- baziren hizkuntza-jiteko zatiek osatutako
testuinguru zabalagoan sartzen dira. Euskaraz jasotako testu-lekukotzarik zaharrena,
Glosas Emilianenses izenekoen artetik 60. zk. duen eskuizkribuan dago, XI. mendearen
erdialdean datatuta daude.
Fuero General de Navarra izenekoan, notario-agirietan, gutunetan eta hainbat auzitan
idatzirik ere badira euskarazko hainbat hitz eta adierazpide, onomastika bai eta
etimologiak ere (Ibarguen-Cachopin).
Lope Garcia Salazarren (1399-1476) Bienandanças y Fortunas kontakizuna eta Ibarguen-
Cachopinen kronika ere aipatu behar ditugu, azkenak euskarazko esaldi eta hitz
interesgarriak dakartza, gaztelaniaz azalduta.
XVI. mendea baino lehenagoko bidaiarien hiztegiari zehazki dagokionez, hainbat dira;
batzuk oso laburrak -Aimery Picaud de Parthenay-le-Vieux (XII. mendea) izenaz
identifikaturiko erromes frantses baten bide-gidan latinez eta euskaraz jasotakoa, kasu-,
edo Coloniako Arnold von Harff erromesaren kontakizunean euskaraz eta goi-
alemanieraz idatzitakoa. XVI. mendean, Marineo Siculo humanista siziliarrak ere hiztegi
labur bat gehitu zuen De rebus Hispaniae memorabilibus (1533) lanean, eta gaztelaniazko
bertsioan: Cosas memorables de España. Aparteko aipamena merezi du Landucciren
hiztegi askoz luzeagoak, Nebrijan oinarritua, nola ez: Dictionarium Linguae Cantabricae
(1562), L. Michelenak aztertua (1958) eta B. Urgellek ere bai gaur egun (2008).
Aipatzekoa da Karlos V. Enperadoreak eta mandazain batek euskaraz izandako
elkarrizketa, Isastik jasoa. Hasierako hitz batzuetan adierazten duenaren arabera, «El
Emperador Carlos Quinto de gloriosa memoria gustaba de hablar vascuence, que por
temor al confesor, capellán y médico bascongados, como se nota en su lugar, o por
curiosidad aprendió algunas palabras» (Karlos V. Enperadoreak aparteko memoria zuen
eta euskaraz hitz egitea gustuko zuen, eta konfesorearen, kapilauaren eta medikuaren
beldurrez, euskaldunak zirelako, eta bertan igartzen denez, edo jakinmina zuelako,
euskaraz hitz batzuk ikasi zituen»21.
Amaitzeko, aipa dezagun Rabelaisen Pantagruelen hirugarren edizioan (1542) agertzen
den euskarazko zatia; eta horri XVI. mendeko eskuizkribu argitaragabe batean aurkitu
berri dugun otoitz liturgikoak gehi diezazkiokegu. Otoitzok, A. Thevet22 kosmografoak
idatziak dira (BnF, Paris).
Etorkizuneko azterlanek egile ezezaguneko literatur konposizioek (hala nola kantek,
eresiek eta abar) osatzen duten corpusaren inguruan indarrean dauden ikuspegien
problematika planteatu beharko dute berriz. Komenigarria izango litzateke, adibidez,
horien «antzinatasun-zeinuen» zein agerian uzten duten «zatikatzearen» (Zink 1996)
inguruko galderak egiten hastea23.

II. Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua


Juan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua izeneko koadernoaren aurkikuntzari esker
(Lakarra 2004), XVI. mendearen bigarren erdialdean penintsulako euskal probintzietako
sektore pribilegiatuek euskaraz egindako literaturaren adierazgarri zehatzak aurkitu ahal
izan dira lehen aldiz.
Eskuizkribuaren edizio paleografikoa eta edizio kritikoa egiteko lana Joseba Lakarrak
zuzentzen du gaur egun (JUMI ikerketa-taldea)24, eta, lan hori amaitzen denean, testu
filologikoki fidagarri bat izango dugu. Oinarri hori gabe, ezinezkoa da azterketa zientifiko
bat egitea, eta alderantziz: literaturaz gehiago jakin gabe eta hizkuntza-arrazoibide
soilekin, ezin izango da testua itxi.
Koadernoak 51 folio ditu, eta ez dago osorik. Itxuraz, garai bat baino gehiagoko hainbat
esku (hiru edo lau gutxienez) eta hainbat letra mota bereiz daitezke. Testuan bertan
agertzen diren aipamen batzuen arabera, egile nagusia Juan Perez Lazarraga izan zen,
Larreako Dorreko jauna eta Lazarragatarren leinukoa. Leinu horrek Oñati eta Agurain-
Zalduondo artean barreiatu ditu adarrak, eta «idazle ezagun bat eman du, jakintsu
genealogista bat, bere leinuaren erlazio genealogikoa osatzen urte asko eman zituena eta
1589. urte aldera burutu zuena (hainbat kopia daude artxibo pribatu batzuetan). Idazle
hori Juan Perez Lazarraga bera da, Larreako Dorreko jauna, aipatutako erlazio
genealogikoan hark berak aitortzen duen bezala» (Aguinagalde 2004: 3-5).
Aguinagalderen hipotesiari jarraiki, genealogista eta eskuizkribuaren egilea den «poeta»
pertsona bat eta bakarra dira.
Dirudienez, Juan Perez Lazarragak gutxienez 1564tik 1567ra bitarte idatzi zuen
koadernoa (data horiek 21., 23. eta 48. folioetan agertzen dira)25, baina hori ere ez dago
garbi26 eta geroagoko27 zatiak izango dira seguruenik.
Koadernoaren lehen herena artzain-obra batek hartzen du. Prosaz eta bertsotan idatzi zen,
baina osatu gabe dago. Baliteke gaztelaniazko artzain-nobelaren baten itzulpena edo
egokitzea izatea. Oraindik ez dakigu ba ote dagoen loturarik obra horren eta koadernoaren
gainerako zatiaren artean. Izan ere, beste zatian konposizio poetikoak ditugu
(maitasunezkoak, erlijiozkoak eta abar), batzuk -gehienak- euskaraz eta beste batzuk
gaztelaniaz (Lakarra 2004: XII).
Lazarragaren eskuizkribuak frogatzen duenez, XVI. mendeko kronikariek eta
genealogistek bildutako eta gaztelaniazko testuetan txertatutako literatura-zatietatik eta
euskaraz osorik edo zati batean inprimatu ziren liburu ospetsuetatik kanpo izan zen beste
literatura-produkzio mota bat euskaraz. Horren erakusgarri ditugu, adibidez, Mikoletak
"Modo de la vizcayna poesia y sus versos" atalean aipatutako bi poesiak (Michelena
(1964) 1990: 132-155), XVI. eta XVII. mendeetako "poesía galante vizcaína" izenekoa
(Sarasola 1990: 87-90), eta Oihenartek 1665eko Art Poétique Basque... eskuizkribuan
transkribatutako beste bi adibideak (Lafitte, 1967). Guztiak XVI. eta XVII. mendeetako
literatura-corpus komun baten barruan koka ditzakegu.
Literatura-ekoizpen motak, erabilitako kaligrafiak eta abarrek erakusten dutenez, obra
guztiz errenazentista da. Hala ere, ezin da Etxepareren LVP obrarekin parekatu.
Lazarragaren koadernoa eta LVP obra, XVI. mendeko garai desberdinekoak ez ezik,
geografia desberdinekoak eta, batez ere, ekoizpen mota desberdinekoak ere badira
(inprimatua eta eskuizkribua). Elkarren arteko zubirik gabeko bi ekoizpen paralelo direla
esan daiteke. LVP obra euskaraz idatzitako poesia-liburu bat da, hau da, erudizio-
tradiziorik gabeko hizkuntza arrunt ez-erromaniko batean idatzitakoa. Akitaniako
inprimategi baten bitartez zabaldu zen, Bordelen finkatutako lehen humanisten
belaunaldiaren ingurunean, peritestu editorialak erakusten duenez. Nabaria da ezin dela
erabilera pribatuko eskuizkribu batekin parekatu. Izan ere, Lazarragaren eskuizkribuak
gutxienez hogei urte geroago idatzitako zirriborro edo karpeta baten itxura du, eta egile
baten baino gehiagoren aipamenak biltzen ditu. Gainera, beste geografia batean eta oso
bestelako giro politiko-erlijiosoan idatzi zen (bi kontzeptu horiek hertsiki lotuta zeuden
XVI. mendean).

III. Linguae Vascomum Primitiae (1545)


Era berri batean aztertuko dugu LVP obra. Lehenik eta behin, objektu / liburuaren
«atalaseak» -Genette-k erabiltzen duen hitza- aztertuko ditugu, eta testuaren inguruetan
geldituko gara. Ondoren, diskurtsoak aztertuko ditugu eta, horretarako, hiru ardatz
handitan egituratuko ditugu: diskurtso metalinguistikoa, maitasun-diskurtsoa eta
diskurtso politiko-erlijiosoa.
XVI. mendean euskaraz inprimatutako lehen literatura-obra da LVP, lehena eta bakarra.
Gainera, egile-asmoarekin sortu zen alde batetik -egileak oso ongi zekien euskal letrak
hizkuntzaren babesarekin eta ilustrazio poetikoarekin sortuko zirela-, eta inprimatzeko
asmoarekin bestetik, euskal letrak beste status batera iristeko modu bakarra inprimatzea
zela uste baitzuen egileak.

III.1. LVP obraren atalaseak


Arestian adierazi dugunez, LVP obra aztertzean komeni da «atalaseak» behar bezala
kontuan hartzea, hau da, testuaren beraren inguruko paratestuak, peritestua eta peritestu
editoriala. Genette-ren terminologia erabiliko dugu LVP obraren «munduratzea» hobeto
definitzeko.
Peritestualitatearen hainbat elementuk giro humanistikoarekiko lotura uzten dute agerian.
Adibidez: 1. Liburuaren izenburua: laburra, sinplea, tematikoa. 2. Prefazioaren funtzioa
betetzen duen eskaintza gisako epistolaren ezaugarria. 3. Testuaren amaieran agertzen
den latinezko Debile Principvm Melior / Fortvna Seqvatvr dibisaren berezitasuna.
Izenburuaren esanahia zein liburu osoarena argitzeko balio du, eta «kultura-seinalea» da.
Horrela, beraz, Genettek dioenez batez ere XVII. mendean garatu zen «amaierako
epigrafearen» baldintzak betetzen ditu.
Liburuaren inguru humanistikoa agerian uzten duten beste elementu paratestual batzuk
«peritestu editorialaren» berezkoak diren (stricto sensu) seinale guztiak dira. Adibidez:
1) Barneko portada. Latinez dago, Europako pertsona ikasi orok mezua berehala jaso
zezan, seguruenik. Barneko portadan, liburuaren izenburua (Lingvae Vasconvm
Primitiæ) eta egilearen izena eta funtzio soziala (per Dominum Bernardum Dechepare,
Rectorem sancti michaelis veteris)28 agertzen dira. Bigarren espazioa grabatuak hartzen
du. Horiek guztiak berriak ziren inprimatutako liburuetan. Izan ere, obraren egilearen
izena adierazteko kezka moderno hori ez zegoen Erdi Aroan (Febvre-Martin).
2) Liburuaren amaieran agertzen den azken oharra, Frantziako inprimategietan 1550.
urtera arte iraun zuen ohiturari jarraiki. LVP liburuarenak hiru urteko pribilegioaren
eskaria egiten du frantsesez. Mende hartan, ohar horiek orokor bihurtu ziren Frantziako
liburuetan, bai faltsuketen beldur, bai editoreei eragindako finantza-galerengatik.
3) Advertant impresor oharra. Inprimatzaileei eta irakurleei zuzenduta dago latinez, eta
Leizarraga itzultzailearen ABC obra (La Rochelle, 1571) baino mende-laurden lehenago
euskarazko ortografia-arauak eta ahoskera-arauak lantzeko gutxienez saio bat izan zela
erakusten du. Leizarraga izan zen alfabetoa, diptongoak, Letra elkarri datchetzanac,
laburdurak, puntuazioa eta silaba-ahoskera osorik eta zehatz finkatu zituen lehen autorea.
Hartzaileak haurrei eta gazteei irakurtzen erakusten zieten euskal irakasleak ziren,
Calvinoren29 kristau-ikasbide erreformatuaren testua ongi uler zezaten. Etxepareren
liburuko oharra, berriz, oso laburra da, eta LVP liburuan sartutako berrikuntzak baino ez
ditu aipatzen. Adibidez, "z letra inoiz ez dela m letraren lekuan ipintzen" aipatzen da
(quod.z.nunquam ponitur pro.m)30, edota Frantzian ofizialki Tory-k 1529tik 1533ra
bitarte sartu zuen ç grafia berriaren ahoskera zehatza azaltzen da (a, o eta u bokalen
aurrean). Etxeparek (edo Lehet-ek) idatzitakoaren arabera, grafia horren balio fonikoa i
eta e bokalen aurreko c grafiaren antzekoa da, hots, «z ce eta ci kasuan baino zertxobait
latzagoa» (paulo asperius quam .z. vt in .ce.ci). Oharraren egileak aipatzen duen z
txistukari horzkari ahoskabeak, beraz, frantsesez eta latinez ematen zitzaion balio fonikoa
zuen, hau da, ss (Tory)31.
4) Tipografia. LVP liburua letra biribil humanistikoan inprimatu zen. Moldeko letra hori
Toryk sartu zuen Frantzian, 1529. urtean, eta François Morpain-ek sartu zuen Bordelen
1542an. LVP liburuaren garaikidetasuna azpimarratzeko, kontuan hartu behar da
Frantziako erresuman irakurleek, eta tartean burgesek zein irakurtzen zekien jende
arruntak, «gotiko bastardoan» inprimatutako liburuak lettera antiqua izenekoan
inprimatutakoak baino gustukoagoak zituztela XVI. mendearen bigarren erdialdera arte.
Febvre-k dioenez, moldeko letra humanistiko hori mendearen bigarren erdialdean
zabaldu zen. Arrazoia sinplea da: "gotiko bastardoak" antz handiagoa zuen eskuz
idatzitako liburuen kaligrafiarekin.
5) Etxeparek prosan idatzitako eskaintza gisako epistolan eta «kopletan» erabilitako
puntuazioari dagokionez, begiratu labur bat nahikoa da ikusteko ez direla zorrotz
aplikatzen Frantzian bost urte lehenago Etienne Dolet humanistak La Pvnctvation de la
Langve Françoyse (in La manie de bien tradvire d'vne langve en aultre... 1540) obran
puntuazioaren inguruan bultzatutako arau berriak. Frantsesezko oharrean izan ezik, ia ez
dago komarik euskarazko corpusean. Amaierako puntuaren erabilerari dagokionez
(Doletek zioenez, esaldia amaitzean ipini behar zen, eta hurrengo esaldia letra larriz hasi),
LVP liburuan ongi markatuta dago prosazko hitzaurrearen esaldi jakin batzuen amaieran,
baina ez sistematikoki. Zenbaitetan, zuriune tipografiko batek eta hurrengo esaldiari
hasiera ematen dion letra larriak adierazten dute puntu horren tokia. Gainerako kasuetan,
koplaren edo ahapaldiaren amaieran agertzen da, frantsesezko laisse izenekoan edo
gaztelaniazko koplan bezala. Erabilera tradizionala da: gogoan izan behar da Juan del
Encinak bere Cancionero (1496) obran emandako araua; honako hau zioen koplaren
puntuazioaz: en fin de la copla ha se de poner colu(mna) q(ue) es un pu(n)to solo32
(Encina (1496) 1928: vj). LVP liburuko poesietan, lerro bakoitzaren batasun semantikoa
eta gramatikala amaieran puntuaziorik ipini gabe markatzen da (salbuespenak
salbuespen), eta hurrengo lerroa letra larriz hasten da33.
6) LVP liburuaren barneko portadan eta hitzaurrearen amaieran agertzen diren zurezko
grabatuak. Bi grabatuek Kristo dute ardatz. Pasioaren Gurutzearen irudia agertzen da,
erdian bi kasuetan. Ikono horiek Frantziako joera guztietako erreformatzaileen gustukoak
ziren oso. LVP liburuan asmo jakin batekin erabili zirenik ziurtatu ezin bada ere,
azpimarratu beharra dago Erasmoren lema kristozentrikoa ekartzen dutela gogora:
«Helburu bakarra, Kristo norberaren aurrean jartzea». Imitatio Christi obra sinbolikoki
aipatzeko modu bat da. Adierazi beharra dago kontraste handia dagoela erlijio-grabatu
horien eta izenburuaren konnotazioaren artean (konnotazioa erabat profanoa da).
7) Azal pertsonalizatua argitaratu eta urte batzuetara jarriko zioten seguruenik, eta guk,
era arbitrario samarrean, peritestualitate editorialaren eremuan sartzea erabaki dugu,
zehazki non ez badakigu ere. Egia esan, liburuen koadernaketa zein salmenta
inprimatzailearen ogibideari lotutako jarduerak ziren XVI. mendean. Geratzen den LVP
liburuaren ale bakarraren luxuzko azala Julien Vinson bibliofiloak deskribatu zuen
1891ean. Condeko printze-printzesen liburutegian zegoela adierazi zien, beste
xehetasunik eman gabe. 2006an eta 2007an LVP liburuaren ale hori Parisko Tolbiacen
dagoen Frantziako Liburutegi Nazionalean aztertu ondoren, zehaztasun batzuk gaineratu
ditzakegu jabearen inguruan. Zehaztasun horiek harrera azpimarratzen dute34. Kanpoko
larruzko azalean agertzen diren arma heraldikoak Luis Borboi Conderenak (Luis I.a,
1530-1569) dira, hau da, 1548tik aurrera Joana Albretekoaren senarra eta 1555-1562
urteetan Nafarroako erregea izan zen Antonio Borboikoaren anaia gaztearenak. Baliteke
LVP liburua haren familia politikoaren liburutegi batekoa izatea: koinataren, hots, Joana
Albret erreginaren liburutegikoa izan liteke. Beharbada, erreginak Margarita Nafarroakoa
amarengandik jarauntsi zuen liburutegia. Izan ere, ama poeta zen (Heptameron obraren
egilea), eta ideia erreformistekin konprometitutako idazle asko babestu zituen, hala nola
Lefèvre d'Etaples edo Clément Marot poeta. Margaritak, gainera, liburutegi onak zituen
Nafarroako lurretan, Pauen, Odosen eta Neracen. Horrez gain, bizirik zegoen 1545ean,
LVP liburutegia inprimatu zen urtean, alegia. LVP liburuak errege-liburutegira (gaur egun
BnF) iritsi arte egin zuen ibilbideari buruz, berriz, ezer ez dakigu. Barneko azalean
dagoen zigilu gorriak (Bibliothèque royale zigilu-markarekin) adierazten duenez, liburua
seguruenik XVIII. mendean sartu zen gaur egungo BnFan.
LVP liburua semiotikoki «irakurgarria» zen kanpoko edozein hartzailerentzat, betiere
latinez baldin bazekien eta liburuaren unibertsoa osatzen zuten korronte humanistikoen
berri baldin bazuen. Zeinu paratestual jakin batzuek -hala nola izenburu tematikoa eta
azken dibisa latinez idatzita egoteak, aukeratutako tipografiak eta abar- berehala
adieraziko zioten LVP liburua bere mundukoa zela, hau da, Frantziako
Errenazimenduaren lehen zatikoa (dakigunez, garai hura oso irekita egon zen Italia
errenazentistatik iristen ziren korronterik berrienetara).
LVP liburuaren hartzaile nagusia, berriz, hizkuntza-komunitate jakin batekoa zen:
liburuan euskaraz garatutako diskurtsoa irakurtzen eta ulertzen zekien komunitatekoa.
Hartzaile horrek ongi zekien, «hitzaurre-instantziak» esaten ziolako eta liburuaren status
materialak liburu inprimatuaren paratestualitate bereziarekin ere esaten ziolako, bere
herri-hizkuntzak, ordura arte erudizio-tradiziorik izan ez zuenak, muga bat gainditu zuela
liburua inprimatu izanari esker. Zalantzarik gabe, pertsona ikasien kezka burutsua da.
Lafon ere konturatu zen poetika aztertu zuenean: «un art déjà sûr préside à leur
composition et à leur mise en place. Le poète utilise avec adresse les procédés variés,
anciens ou plus récents, que la langue lui offrait» (1951) 1999:756). Etxepare ez da inola
ere «herrikoia» («ezikasi» hitzaren zentzuan behintzat), eta Oihenartek 120 urte geroago
(Frantzian XVI. mendearen lehen erdialdean nagusi zirenez bestelako irizpide estetikoak
zeuden garaian) Etxepareren kontra agertutako mespretxuzko iritziak ez dira hitzez hitz
ulertu behar, aldez aurretik bi idazleen poetiken arteko alde saihestezina kontuan hartzen
ez bada.
LVP liburuaren paratestualitatearen atalaseetan eta atarietan sartu ondoren, liburuaren
diskurtso-aniztasuna aztertuko dugu: 1) hizkuntza babesteko eta ilustratzeko diskurtsoa
edo diskurtso erreflexiboa; 2) maitasun-diskurtsoa; 3) diskurtso politiko-erlijiosoa.

III. DISKURTSO ANIZTASUNA LVP-AN


III. 1. Hizkuntzaren inguruko diskurtso erreflexiboa
Frantseserako (hots, LVP liburuan aipatzen den erreferentziazko hizkuntza bakarrerako)
egiten ari zena euskarara egokitzea izan zen Etxepareren asmoa, eta euskararen defentsa
bat aurkeztu zuen lehen aldiz (aurreko mendearen amaieratik aurrera hori moda-modan
egon zen inguruko herri-hizkuntzetan). Ikusi dugunez, defentsa hori diskurtso
metalinguistiko paratestual bat da LVP liburuan, eta izenburu tematikoaren, hitzaurrearen
latinezko azken dibisaren eta tipografiaren bidez adierazita dago.
Hala ere, hizkuntza-diskurtsoa zabaldu egiten da ondoren corpusaren barruan, azken bi
poemetan (Contrapas eta Sautrela), hizkuntzaren alegorizazioaren bidez (Contrapas
poeman), aukeratutako forma prosodikoaren bidez eta testuaz haraindiko beste migrazio
batzuen bidez. Bi poema horiek ahaidetuta daude Frantziako rondeau generoarekin.
Adierazi beharra dago genero horren forma berrituak Sebilletek jaso zituela Art Poëtique
obran (1548), 1556). Rondeau generoaren egitura errepikaren erabilera berezian
oinarrituta dago: égitura zirkularra da, generoari lotuta egon zen, eta beharbada artean ere
lotuta zegoen dantza bezalaxe35. XVI. mendearen lehen erdialdeko Frantzian, Grands
Rhétoriqueurs izenekoek eta Clement Marotek moda-modan jarri zuten berriz Erdi Aroko
rondeau generoaren teknika, oso plastikoa. La Pleiade izeneko talde poetikoak, Du Bellay
buru zuela, baztertu egin zuen genero hori mendearen bigarren erdialdean. Adierazi
beharra dago Etxeparerentzat rondeau generoaren eta dantzaren arteko lotura gardena zela
artean. Izan ere, Contrapas eta Sautrela dantza-izenak dira, eta kontrapasa zirkuluan
dantzatzen zen36. Baliteke Etxeparek, bere garaian modan zeuden rondeau guztiez gain
(trioleta, «rondeau sinplea», «rondeau bikoitza», «perfektua»), beste aldaera batzuk ere
ezagutu izana eta birtuosismora jo izana lingua vasconum-aren lehen fruitu haiek
aurkezteko. Beharbada Etxeparek contrepas dantza ezaguna (eta oso dantzatua) izango
zuen buruan Contrapas poema idaztean, eta, beharbada, rondeau motako errepikaren bi
formak (luzea eta rentrement izenekoa, berehala aipatuko ditugunak) contrepas dantzaren
ohiko bi pausoei zegozkien, hots, pauso luzeari eta pauso etenari. Izan ere, Contrapas
poemaren errepikak arau berezia du: 1) hiru lehen koplen amaieran, tipografikoki
isolatua, hasierako errepika luzea (Heuscara ialgui adi ca(m)pora) errepikatu egiten da,
baina amaiera aldatuta; eta 2) hurrengo hiru koplen amaieran, rentrement edo palinodie
izenekoa errepikatzen da (Sébillet 1548). Teknika horretan, ahapaldi bakoitzaren
amaieran ez da aipatutako hasierako errepikaren hemistikioa errepikatzen (rondeauetan
egin ohi zen bezala), Heuscara hitz esanguratsua baizik (bi zuriune tipografikoren artean,
isolatzeko), Lemaire de Belges réthoriqueur-aren Grande concorde et petite avarice
izeneko rondeau ezagunean bezala. Rondeau horretan, grande adjektiboa baino ez da
errepikatzen hurrengo bi ahapaldien amaieran. Clément Marotek ere teknika hori imitatu
zuen Aux damoiselles paresseuses d'écrire à leurs amis rondeauan. Rondeau horretan,
hasierako errepika Bonjour: et puis, quelles nouvelles da, eta rentrement delakoa, berriz,
bonjour hitza baino ez. Baliteke Contrapas poesiaren ialgui adi errepikaren aditz-
sintagma Margarita Nafarroakoaren Madame Charlotte parlait à son âme rondeauari
lotuta egotea. Izan ere, rondeau horren hasierako errepika saillez dehors, mon âme, je
vous prie da, eta rentrement delakoa, berriz, Saillez-dehors. Hau da, Etxepareren ialgui
adi ospetsuaren frantsesezko bertsioa. Sautrela poesian, Frantziako rondeauan
oinarritutako beste aldaera bat aukeratu zuen Etxeparek. Aldaera horretan, poema
zirkularki ixten da, amaieran errepikatzen den hasierako errepikari eta anplifikatzeko
balio duen aurreko dantza-doinu bati esker.
Lehen ilustrazio horretan (en abyme), hizkuntzak bere buruari buruzko gogoeta egiten du
eta eraldatu egiten da liburuak aurrera egin ahala. Bigarren ilustrazioa, berriz, 11 poesiak
osatzen dute, eta erretorika gaiaren ingurukoa da.

III.2. Maitasun-diskurtsoa
Maitasunezko poesia guztiek oso erretorika landua dute. Bi multzo bereizi behar dira.
Lehen hiru konposizioek osatzen dute lehena. Horien funtzioa, idatzita dauden
hizkuntzaren ahalmenak erakustea ez ezik, egilearen «niaren» jarrera ezartzea eta argitzea
ere bada. Ordena honetan agertzen dira:
1) Amorosen gaztiguya; «ni» poetikoak (egilearenak, kasu horretan) bere ezkontzazko
fede-egintza aldarrikatzen du lehenik eta behin. Ez da maitasun "mundanoaren" esparruan
kokatzen, maitasun espiritualaren esparruan baizik.
2) Emazten fauore; oso lotuta dago XVI. mendearen lehen zatian Europako literaturan
modan egon zen emakumeen aldeko Declamatio izenekoekin (aurreko garaietan aldekoak
eta kontrakoak ziren aldi berean). Emakumeen dohainak zerrendatzen dira, eta gizonaren
eta emakumearen arteko koitoaren ebokazioak dakarren klimaxarekin amaitzen da
zerrenda. Kuarteto horren harrerak XIX. mendean arazoak izan bazituen ere (zentsuratu
ere egin zuten), erabilitako doinua beti da jasoa, inoiz ez lizuna, Lafon irakasleak adierazi
zuen bezala (Lafon (1952) 1999: 772).
3) Ezconduyen coplac; ezkonduen kontrako Declamatio bat egiten da bertan.
Maitasunezko hurrengo zortzi poemak ohiko kasuistikan sartzen diren fikziozko hainbat
maitasun-egoeraren arabera egituratuta daude. Poema horien funtzioa maitasunaren
arriskuak islatzea eta argitzea da. Baina ez da alde batera uzten Etxepareren helburu
orokorra, hau da, euskarak edozein maitasun-erretorikatan duen plastikotasuna agerian
uztea.
Bost poesia Okzitaniako kortesia urrunetik iritsitako tradizio neopetrarkarraren barruan
kokatuta daude: «Amoros secretuqui37 dena», «Amorosen partizia», «Amoros gelosia»,
«Amorez errequericia» eta «Amore gogorraren despita». Maitasun-harremana adulterio-
harremana da nagusiki, generoak eskatzen duen bezala, edota arerioek eragotzitakoa.
Nolanahi ere, maitasunak sekretua eta sufrimendua dakar maitaleentzat eta, bereziki,
gizonarentzat (gizonezkoaren «nia» maiz agertzen da poemetan).
Hiru poema kortesia-tradiziotik kanpo daude: Potaren galdacia, Amorosen disputa eta
Ordu gayçarequi horrat çaquiçat38 elkarrizketa-poesiak dira (azken hori lau lerroko
ahapaldi bakarra da eta, zalantzarik gabe, hasitako elkarrizketa-poesia baten zati bat da).
Galdutako beste poesia baten zati bat izan liteke, edota, besterik gabe, Lafonek dioenez,
egikera prosodiko berdina duen aurreko poesiako «Amorosen disputa» kuarteto bakan
bat.
Emakumezkoa jadanik ez da lortezina, bertikaltasuna hautsi egin da, gizonezkoa ez da
maitasunez desegiten bere damaren aurrean, berak zuzentzen du maitasun-harremana.
«Amorosen disputa» poeman argi eta garbi aipatzen den bortxaketa (Oray nahinuçuya
heben vorchatu), ez da agerian geratzen, eta baliteke bi gazte ezkongaberen arteko
maitasun-jolasaren osagaia izatea. Emakumearen gorputza ez da gogora ekartzen, eta
desira erotikoa ezabatuta dago. Egilea maitasun-erretorikaren kortesia-egituran askoz
erosoago bazegoen ere, erretorika-jokoa aldatzea eta disputatio batzuetan modu
«lotsagabea» esperimentatzea erabaki balu bezala gertatzen da dena. Disputatio horietan,
maitasunaren pathosa alde batera utzita, modu horizontalean planteatzen da gizonaren eta
emakumearen arteko harremana, eta umorea eta ironia erabiltzen dira. Horrek ere agerian
uzten du euskararen plastikotasuna, maitasun-erretorikaren aldaera guztietara egokitu
baitaiteke.
Hala ere, maitasun-diskurtsoa ez da diskurtso nagusia LVP liburuan. Hizkuntzaren aldeko
jarrera garbiarekin batera, beste diskurtso bat agertzen da, zoliagoa, baina funtsezkoa:
politiko-erlijiosoa.

III.3. Diskurtso politiko-erlijiosoa


Etxepareren erlijiozko poesiak bi multzo handitan bereiz daitezke, gure ustez39: 1)
«Kristau Ikasbidea» (Doctrina Christiana, DC), bizitzaren funtsezko uneetarako otoitzak
biltzen dituena, eta «Dekalogo» bat; 2) «Judizio orokorra» (Iudicio generala, JG).
Erlijiozko poesiak euskararen «defentsaren eta ilustrazioaren» funtsezko elementuak dira,
egilearen jarrera ideologikoa uzten baitute agerian. Euskarazko kristau-ikasbide bat lehen
aldiz eta itzuli gabe proposatze hutsa esanguratsua da: herri-hizkuntzan idatzitako
deboziozko testuak irakurtzeko eta buruz ikasteko gaitasuna zuten irakurle arruntekin
zuzenean harremanetan jartzeko eta irakaskuntza hori modu sinplean zabaltzeko
borondatea erakusten du. Nabari da, halaber, euskaraz mintzatzen zen Akitaniako
lurraldeetan irakurleak prest zeudela testu sakratuak beren hizkuntzara itzulita
irakurtzeko 1545. urtearen aurretik, hau da, Leizarragaren TB obra editatu baino mende-
laurden lehenago. Jarrera hori are interesgarriago bihurtzen da DCaren esparru lexikoa
aztertzen badugu eta funtsezko hitz batzuei (obra honac, oracione, gracia, vihoça eta
abar) edo enuntziazio-egintzako diskurtsoaren seinaleei erreparatzen badiegu:
esatari/egilearen «ni» nagusia, Jaungoikoari zuzentzeko erabiltzen duen «zua», eta
benetako kristau-ikasbidean hezi behar duen hartzaile/irakurleari zuzentzen zaionean
darabilen lagunarteko «hia», zenbaitetan aginteran agertzen dena (pensa eçac; orhit
adi...). Analisia sakontzen badugu eta testuaren puntu jakin batzuk aztertzen baditugu, gai
nagusi batzuk agertzen direla ikusiko dugu, hala nola fedetik kanpoko alderdien aurreko
barne-bizitzaren nagusitasuna, barne-otoitzaren garrantzia (forma liturgikoen gainetik),
gurutziltzatzearen begiespena eta abar. Devotio Moderna (DM) izeneko mugimendu
espiritualaren berezko gaiak dira, eta Thomas Kempis-en (1380-1471) De Imitatione
Christi (DIC) obran agertu ziren. Ez litzateke harritzekoa izango Etxeparek DIC obra
irakurri izana, eta, agian, DM korrontean sortutako antologia espiritualak (Rapiara edo
Collectaria izenekoak) ere bai. Korronte horren eragina ez ezik, Erasmorena ere jaso zuen
Etxeparek, zuzenean edo zeharka, Frantziako beste autore batzuen bitartez (Meaux
taldeko Lefèvre d'Etaples edo Briçonnet? Margarita Nafarroakoa?) edo Espainiako beste
batzuen bitartez (Vives? Juan de Valdes?). Etxepareren erlijiozko poesietan, Erasmoren
zenbait obraren eragina nabari da. Horien artean, honako hauek aipa daitezke: De amabili
concordia ecclesiae (1533) (erreforma katoliko baten alde lan egiteko prestasuna, betiere
zisma saihestuta, santuekiko eta Ama Birjinarekiko gurtzaren inguruko jarrera
moderatua, «obra onen» beharra -sola fides izenekoaz gain- eta abar); De praeparatione
ad mortem (1534); Enchiridion militis christiani (1504), DCaren Harmac eryoaren contra
azpikapituluan ez ezik, barne-azterketaren aldeko diskurtso orokorrean ere bai;
Encomium Moriae (1511), agintari zibilen kontrako aipamen batzuetan. Gainera,
Erasmoren (eta 1517ko Luteroren) beste eragin bat ere ikus daiteke, barkamenak
baztertzeko eta Purgatorioa ezabatzeko asmoa erakusten baitu Etxeparek (ezkutuan bada
ere). Etxepareren post mortem mundu-ikuskerak Erasmoren ikuspegiari jarraitzen dio:
geografia bipolarra (Paradisua / Infernua), Purgatoriorako lekurik gabe (barkamenen
merkataritzaren xede nagusia zen Purgatorioa, eta Lutero horren kontra altxatu zen).
Hala ere, ikuspegia osatzeko, aipatu beharra dago Erasmok Mossen Bernat echaparere(n)
cantuya obran izan zuen eragina. Obra horri leku berezi bat eskaini behar zaio, kontaketa
autobiografikoa baita, aske irten ondoren idatzia. Lejeunek zehaztutako genero
autobiografikoaren berezko ezaugarriak ditu: 1. Nia bereizi egiten da
egile/narratzaile/pertsonaiarengandik (izenburutik bertatik aurrera ikus daiteke hori). 2.
Egileak irakurlearekin finkatutako itun autobiografikoa errespetatzen da: kontatutako
gertaera erreala da, eta zorigaitza jasan zuen pertsona ni naiz. 3. Kanpoko errealitate baten
aipamena agerikoa da: niak kontatzen duenez, erregek (Joanes II.ak? Henrike II.ak?)
Biarnoko gortera joateko deia egin zion, eta bidegabeki espetxeratu zuen kalumniazko
salaketapean.
Jose Maria Huartek (1926) Nafarroako Artxiboan aurkitutako bi dokumentutan
oinarrituta, Nafarroako gerran Gaztelaren aldekoekin bat egiteagatik espetxeratu zutela
esan izan da. Baina, Gaztelako Koroaren aldekoa bazen, zergatik agindu zuen bere liburua
Frantzian inprimatzea, eta ez Espainian? Bi hipotesi aurreratu daitezke:
1) Espetxeratu izanaren arrazoia Huartek aurkitutako bi dokumentuetako batean jasota
dago. Dokumentu horri esker, Baionako gotzainak Etxepare (pertsona ikasia eta «ospe
onekoa») Garaziko bikario nagusi izendatu zuela, eta lurraldea hartua zuten Gaztelako
indarren oniritziarekin izendatu zuela dakigu. Badakigu, halaber, Garaziko haraneko
elizgizonen portaera lizunekin amaitzeko eman ziotela kargua, eta egin zuen lan
eraginkorrak ez zuela harrera ona izan, protestak izan baitziren: que no es la clerezía en
general sino algunos particulares a quien el ha corregido y traydo de mal y desonesto vivir
al bueno, y porque les ha bedado los juegos y otras dissoluçiones, lo quoal se conssentía
en tiempo de don Pedro de Mendicoaga. 1523an bikario nagusiaren kargua Ainciondo
delako baten esku zegoela jakinik, honako hipotesi hau aurreratu daiteke: espetxeratzea
1520tik 1523ra bitarte gertatu zen, hau da, Leheten heriotzaren (1520) eta Ainciondok
haren lekua bete zueneko aldiaren (1523) artean. Arrazoia Etxepareren erasmismoa
izango zen, eskuizkribuan argi eta garbi iradokitakoa eta Etxepareren jurisdikziopean
zegoen lurraldean garatutako jardun erreformistan islatua. Lan hori ezetsi egin zuten,
salaketa jarri baitzioten. Hala ere, nekez uler daiteke erregea erlijio-kontuengatik iraindu
zuela. Izan ere, 1518tik 1531ra bitarte Ane Nafarroakoa erregeordea zen40 eta
Etxepareren testuak kalumniazko salaketa baino ez du aipatzen, ezer gehiago zehaztu
gabe.
2) Hipotesirik sinesgarriena honako hau da; espetxeratzea geroago gertatu zen, 1541-
1545 urteetan. Urte horietan, Henrike II.a Biarnora joan zen Espainiarekiko hurbilketa
baten bila, ezin baitzuen Frantziaren laguntza lortu41.
Testuaren eskema kristikoa da, funtsean Jesukristoren Pasioan oinarritua. Kritika garbia
egiten dio botere tenporalari (erregeari), eta Jaungoikoaren boterea, benetako justiziaren
iturria, goraipatzen du. Baliteke testuaz haraindiko migrazioen fruitua izatea. Beste
adibide askoren artean, gogoan izan behar ditugu lehenago Margarita Nafarroakoak edo
Clément Marotek aipatutako presoaldiak (azken hori hainbat aldiz espetxeratu zuten bere
ideia ebanjelistengatik).
Laburbilduz, bere erasmismoa «egosi» duen erasmista izan zen Etxepare.
Jaungoikoarekiko elkarrizketa intimoaren aldeko gizona zen, Devotio moderna
mugimenduaren jarraitzailea, eta Imitatio Christi obraren eta San Pauloren epistolen
irakurlea. Meaux taldeko Lefèvre d'Etaplesen eta Briçonneten idazkien eraginik jaso al
zuen? Kontuan izan behar da talde horretako kiderik ospetsuenak Margarita
Angulemakoarengandik oso hurbil egon zirela 1517-1520 urteetan. Etxeparek Eliza
Katolikoaren erreforma zismara iritsi gabe lor zitekeela sinesten zuen, eta oso urrun
zegoen kalbinismotik. Margarita Nafarroakoak ere baztertu egin zuen kalbinismoa bere
bizitzaren amaieran, baina Joana Albretekoa (Margaritaren alaba) eta haren senarra
Antonio Borboikoa (geroago Nafarroako errege-erreginak izan zirenak) kalbinistak izan
ziren, baita, arestian ikusi dugunez, LVP liburuaren jabea zen Antonioren anaia gaztea
Luis Borboi Condekoa ere (Luis I.a).
LVP liburua Espainiako erresuman inprimatu ahal izango al zen? LVP obra hizkuntza ez-
erromaniko ulertezin eta, beraz, zentsurarako kontrolaezin batean inprimatzeak arazoak
sortuko zituen seguruenik. Izan ere, gutxienez hamabost urte lehenagotik, ortodoxia
katolikoa zaintzen zuen Espainiako Inkisizioak gero eta kontrol zorrotzagoa ezartzen
zuen Philosophia Christi (Bataillon) korrontearen jarraitzaileengan. Nekez inprimatuko
ziren zentsuratu gabe, adibidez, honako bertso hauek (erabat erasmistak dira eta, bertan,
barne-otoitza kanpoko edozein adierazpen liturgikoren gainetik zegoela adierazi nahi
zuen Etxeparek): Apezeq ez apezpicuq ez etare aytasaynduc / Absoluacen halacoaren
eceyn bothereric eztu / Iangoycua bethiere vihocera sodiagoçu / Guhaurc vano segurago
gure gogua diacuxu / Gogua gabe hura vaytan hiçac oro afertuçu.

Oharrak
1. J. Lakarra eta B. Urgelli eskerrak eman nahi dizkiegu lan honen Sarreran eta lehenengo
atalean (I. Literatur testuen zatiak) egindako ohar eta zuzenketengatik .
2. XVI. mendea baino lehenago idatzitako literatur atalak ere badirela uste dugu.
Esaterako, «Nafarroako herri-otoitza», 1975ean Gifford eta Molhok Iruñeko Katedraleko
7. kodigoan aurkitua. Cf. Mitxelena (1964) 1990, 57-58. orr.). Cf. Aurrerago I. Literatur
testuen zatiak atalean.
3. «Nafarroa Berria».Albreteko etxeko errege-erreginen antzinako lurrek osatzen zuten,
1512an Fernando Gaztelako erregeak anexionatu zuen Nafarroako antzinako erresumako
lurralde historikoa izan ezik, eta Margarita Angulemakoak 1527an Henrike II.arekin
ezkontzean eskuratu zituen lurraldeak gaineratu zitzaizkien.
Fernando Katolikoa hil ondoren, Nafarroako gerrak beste 15 urte iraun zuen, antzinako
erresuma berreskuratu nahi zuen Albreteko familia legitimoaren eta Karlos V.aren artean.
Azken horrek ahal izan zuen guztia egin zuen Behe Nafarroa ere («mendiz bestaldekoa»)
militarki anexionatzeko, baina Albreteko familiaren esku utzi zuen behin betiko 1527-
1530 urteen inguruan.
4. Behe Nafarroako Estatuen bilerak erakusten du Karlos V.ak galdua zuela jada itsasoz
bestaldeko portuak konkistatzeko itxaropena 1527-1530 urteetarako (Goyhenetche 1999:
98).
5. Kristau-ikasbide horren aleen inprimaketari eta banaketari buruz, ikus Ricardo Urrizola
Hualde: «Sancho de Elso y su Doctrina Cristiana en 'castellano y vascuence'», FLV, 38.
urtea, 101. zk., 2006, 109-14 or.; ikus Goñi Gaztambide: "Sancho de Elso y su Catecismo
bilingüe: nuevos datos", FLV, 27. urtea, 68. zk., 1995, 7-22 or.
6.Ikus Nicolas Antonio: Bibliotheca Hispana nova, Erroma, 1672. Ricardo Urrizola
Hualdek aipatua, op. cit. 109. or.
7. Teknika Pierre d'Urterengan agertzen da oraindik (G. Bilbao 2008).
8. Osatu gabe dagoen alea da. Ikus L. Michelena (Textos Arcaicos Vascos, 1964), B.
Urgell (Hiztegi Hirukoitza-ren osagaiez, 2000) eta, batez ere, J. Lakarraren edizio
kritikoa: Refranes y Sentencias (1596). Ikerketa eta edizioa. Edizio kritikoa,
Euskaltzaindia, Bilbo, 1996. Ikus, halaber, Joseba Lakarraren azterlanak: «Refraneros
vascos antiguos anteriores a Oihenart» in Gorka Aulestia (ed.), Los escritores. Hitos de
la literatura clásica euskérica. Sancho el Sabio Erakundea, Gasteiz, 141-175. or.;
"Filologi-ikerketak Refranes y Sentencias-ez: historia eta kritika", Enseiucarrean 13,
Deustuko Unibertsitatea, 1997, 23-76 or. Ikus aurrerago Garibairen atsotitzen eta esaren
eskuz idatzitako bildumak.
9. J. Urquijok eta Vinsonek Viva Jesus obra (Mitxelena, 1956) XVI. mendeko kristau-
ikasbide baten edizio berantiar bat izan zitekeela adierazi zuten, baina hipotesi hutsa da.
Jatorrizkoa XVII. mendekoa izan daiteke (J. Lakarrak dioenez).
10. Egileek azpimarratua. Hori oinarrizkoa da, gainerako «obrak» ahozkoak, zatiak,
enkarguak edo nahasteak baitira.
11. Izan ere, XVI. mendea «une époque tournante, où le monde ancien bascule dans la
modernité» izan zen (P. Zumthor, 1993).
12. Ez da gaur egun ezagutzen dugun Zuberoako herri-antzerkia (tragedia edo pastoral
izenekoa), Europan XVI. eta XVII. mendeetan modan egon zen artzain-antzerkia baizik.
Ikus B. Oyharçabalen interpretazioa (2004, 209-210 or.): "Il est fort probable que le terme
pastorale dans cette citation a pour contenu celui qu'il avait en français classique. La
première édition (1694) du dictionnaire de l'Académie française en donne une définition
on ne peut plus claire: pièce de théâtre dont les personnages sont des bergers et des
bergères. Selon les éléments dont nous disposons, il est vrai très peu nombreux, on peut
donc supposer que la pastorale Le berger rouge d'Etchegaray appartenait à ce qui
constituait l'un des trois genres majeurs de la comédie à cette époque, à savoir, la tragédie,
la tragicomédie et, donc la pastorale. On le sait, ce terme, tout comme celui de tragédie
avec lequel il fut longtemps en concurrence, fut utilisé par la suite comme terme
spécifique pour désigner les représentations de théâtre populaire données en Soule et dans
la région, mais il s'agit-là d'un emploi dérivé, que l'on ne saurait attribuer également à
Oihenart sans risquer de commettre un regrettable anachronisme lexical". Irakurri
garatutako arrazoibide osoa 208-212 orrialdeetan.
13. Arzain gorria, hitzez hitz, El Pastor Rojo da gaztelaniaz eta Le berger rouge
frantsesez, baina beharbada kolore "gorriak" artzainaren ilearen kolorea adierazten du.
Hori adieraziko balu, El pastor rubio eta Le berger blond itzuli beharko litzateke, eta
idealizazio neopetrarkista bat izango litzateke, artzain ilehori maitemindu baten
ebokazioa.
14.Gero ere gauza bera gertatzen da: ikus Iturbe (Contribución..., 1657).
15. Ikus Oihenartek 1657an emandako definizioa: "eressiac, les vieilles chansons qui
contiennent quelque histoire, ou narration".
16. Ikus Jean de Jaurgain: Quelques légendes poétiques du Pays de Soule,
berrargitarapena: Lacour / Rediviva, Nîmes 1992.
17. Madrilgo Liburutegi Nazionaleko eta Parisko Sainte Geneviève Liburutegiko
eskuizkribuak (P. Urquizu 2000:152-153).
18. Ikus A. Unzueta Echevarria: Nuevos datos sobre el reformador de ermitaños y poeta
vasco Juan de Undiano, FLV 14. urtea, 39. zk., 1982.
19. Esteban Garibai, gortearen enkarguz atsotitzak eta esaerak biltzeaz gain (J. Lakarrak
dioenez), liburuzaina eta Felipe II.aren kronikaria izan zen. Haren obrarik ospetsuena
honako hau izan zen: Los XL Libros del Compendio Historial Universal de todos los
reinos de España..., Plantin, Anberes, 1596.
20. Ikus Luis Michelena: Textos arcaicos vascos..., ASJU, 1990, eta J. Arriolabengoa
Unzueta: "Erdi Aroko kanta ezezagunak Ibarguen-Cachopin kronikan", ASJU, 1996;
Ibarguen-Cachopín Kronika. Edizioa eta Azterketa, argitaratu gabeko doktore-tesia,
EHU, 2006.
21. Kapitulu honi buruzko informazio zabalagoa nahi izanez gero: ikus Michelena, Luis.
(1964) 1990 Textos arcaícos vascos, eta Sarasola, Ibon. 1990. Contribución al estudio y
edición de textos antiguos vascos in Anejos de ASJU, XI. Gipuzkoako Foru Aldundia-
Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia-San Sebastián.
22. Gvre Aita bat eta kredo bat (Sinhesten dut), azken hori osorik. Bi otoitz horiek
Leizarragaren itzulpen batzuei lotuta daudela dirudi. Ikus Oraison Dominicale en Basque
eta Le Symbole des Apostres en Basque in Description de plusieurs Isles par M. André
Thévet (BnF: Fonds français, 17174. eskuizkribua, 9. folioa).
23. Adibidez, J. Lakarrak dioenez, Bretainiako Kanta ez zen XV. mendean konposatu,
XVI. mendea ongi sartuta zegoenean baizik. Halaber, kontuan hartu behar da
"Erromantzetegia" XVI. mendearen bigarren herenean egon zela goren gorenean.
Halaber, ikus Sarasola, op.cit. 77-82.
24. Ikus G. Bilbaok eta R. Gomezek (JUMI) Koldo Mitxelena Katedraren II. Kongresuan
aurkeztutako txostena (UPV-EHU, Gasteiz, 2007ko urria).
25. Ikus F. Borja de Aguinagalde «Datación de un manuscrito en euskera del siglo XVI»
(2004: 4).
26. "Kasuren batean (Aguraingo erreketa) data bat dator kontatzen denarekin, ez, ordea,
konposizioarekin edo kopiarekin" (J. Lakarra).
27. "Kopiaketa-akats nabariak daude; kasuren batean, "berrikuntzak" ere agertzen dira:
joan zedin / joan zen, eta abar" (J. Lakarra)
28.Sancti michaelis veteris «Eiheralarre» da euskaraz.
29. Eta, beharbada, Daviden salmoen eskuz idatzitako euskarazko bertsioak irakurtzeko
aukera izan zezaten, horren berririk ez badugu ere. Baliteke itzulpen horiek 1562ko
Marot-De Bèze frantsesezko edizioan oinarrituta egin izana (esan beharra dago, bide
batez, edizio hori de facto erabili zela Gaskoniako eta Biarnoko hizkuntzetan
inprimatzeko).
30. Ikus J. Oroz Arizcuren: "Linguae Vasconum Primitiae: ¿1545?..." (Iker 21,
2008:453).
31. «Zeta comme dit Galeotus Martius (?) non est litera, sed duplex sibilus, Id est, duplex
SS (...). C'est-à-dire, Z nest pas lettre, mais est vng siflement double, qui vault deux. SS»
(Tory (1529) 1931: LXIIII).
32. Laburdurak kendu eta hitzak osatu egin ditugu, parentesi artean (artikuluaren egileak).
33. Puntuazioaren inguruan, ikus, halaber, Lafonek adierazitakoak, 1952 (1999): 761.
34. LVP liburuaren harrerari lotutako beste bi puntu adieraziko ditugu: Compendio
histórico de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa delakoaren XIX. mendeko
bertsio inprimatuan (egilea Isasti dela uste da; eskuizkribuak 1625eko data du, baina
1850ean editatu zen), Etxepareren aipamen bat eta LVP liburuko lau erlijio-ahapaldi
daude, 1545eko bertsio inprimatuan agertzen direnen desberdinak. Hona hemen
desberdintasunak: 1. Bereizketa hemistikioan; 2. Gaztelaniazko itzulpena; 3.
Gipuzkerarako egokitze partziala. Compendio obraren eskuz idatzitako jatorrizko
bertsioa egiaztatu egin beharko litzateke desberdintasunak Isastiri ala ondorengo
kopiatzaile batzuei egotz dakizkiekeen jakiteko. Izan ere, "gugana iritsi den obra
(Compendio) osatu egin da eskuz idatzitako kopietan", XVIII. mendetik 1850ean
inprimatu arte. Horri dagokionez, ikus J. L. Orella Geografías guipuzcoanas de la
modernidad: Baltasar de Echave y Lope Martínez de Isasti (1999). Oihenartek ere LVP
liburuko erlijiozko poesien artean aukeratutako ahapaldi bat aipatzen du, azentu
zorrotzarekin azken silaban (Notitia..., 2. edizioa, Paris 1656). Oihenartek, halaber,
Bernard Etxepare izena aipatzen du 1665eko zirriborro batean (eskuizkribuaren
izenburua: L'Art Poétique Basque). Besteak beste, Rouenen bigarren edizio bat izan zela
dio, eta egilea "Adrian" (edo Adrien) "Morront" (edo Morrontz, edo Morron) izan omen
zen. Edizio hori 1604-1630 urteen inguruan egin zen. Haren--edo homonimo baten--
aipamen gehiago ere aurkitu ditugu Roueneko udal-liburutegian, baina 1635. eta 1637.
urtera artekoak. Ikus, halaber, P. Lafitte: "Quand parut la deuxième édition de Linguae
Vasconum Primitiae?", GH, 39. zk., 1967.
35. Batzuek diotenez, rondeauak dantzatzen abesteko ohitura XV. mendean galdu omen
zen (1993: 247). Baina baliteke XVI. mendearen lehen zatian ere ohitura horrek bizirik
jarraitzea.
36. Etxeparek aipatzen duen kontrapasa contrepas izeneko dantza bat da. XVI. mendean
dantzatzen zen, eta seguruenik antza izango zuen gaur egun Rosellon eta herrialde
katalanetan dantzatzen den sardanaren aitzindari izan zen dantzaren batekin (edo dantza
multzoren batekin). Dantza horretan, pauso luzeak eta pauso etenak tartekatu egiten dira;
horixe du bereizgarri dantza horrek: «Le contrepas, ancêtre vraisemblable de la sardane,
comprenait (...) un contrapas dit sarda ou cerdan».
http://www.occitania.fr/tradit/vivant/sard/resume/dr.htm
37. 1545eko edizioan, segretugui irakurtzen da, secretuqui ordez.
38. J. Lakarraren itzul.
39. Lafonengandik aurrera, Doctrina Christiana izeneko zati bakarrean sartzen dira poesia
horiek.
40. Tucoo-Chala, Lafonek aipatua, 1952 (1999): 787
41. Tucoo-Chala, op. cit.: 787.

You might also like