You are on page 1of 2

TESTUAREN IDENTIFIKAZIOA:

Clara Campoamorrek egindako hitzaldi bat dugu aurrean. Clara Campoamor Rodriguez
espainiar politikaria izan zen, emakumeen eskubideen babeslea eta sufragio
unibertsalaren bultzatzaile nagusia Espainian.
Lehen mailako iturri historiko baten aurrean gaude, gertaera eta egilea garaikideak
direlako. Edukiera eta formaren aldetik, berriz, politikoa da, eskubide politiko batzuen
aldarrikapena egiten duelako. Testua Madrilen egina dago, Gorte Konstituziogileak bertan
elkartzen direlako, 1931ko irailaren 1ean. Garai horretan Espainiako Bigarren errepublika
jaiotzen ari zen. Gorte Konstituziogileak Konstituzio berri bat egiteko bildu ziren. Testu
honek izaera publikoa du, instituzio publiko batean eginiko hitzaldia baita

TESTUAREN ANALISIA

Ahoz emandako hitzaldi baten aurrean gaudenez, testuaren egituraketari buruzko analisi
eredua baztergarria da kasu honetan. Edozein moduz, aski argi ageri zaizkigu hitzaldia
ematen ari den pertsonaren asmoak, eta norabide horretan, lehen eta bigarren mailako
ideiak topa ditzakegu.

Lehen mailako ideia, eta garrantzitsuena, hauxe dugu: emakumeak, gizaki izateagatik,
sufragio (boto) eskubidea eduki beharko lukeela dio. Gauza jakina denez,
Campoamorrek gizon eta emakumeen arteko erabateko berdintasun juridikoaren baitan
kokatzen du eskubide hau ere. Honekin batera, bigarren mailako ideia batzuk ageri
zaizkigu, nolabait tesi nagusia indartzera datozen argudioak direlarik. Batetik, egiten ari
diren Konstituzio berria inoizko aurreratu eta onena izango dela dio. Bestetik,
Errepublikaren aldeko argudio argi bat botatzen du, esanez Errepublikak 15 egunean
lortuko duela monarkiak hainbat mendetan zehar lortu ez duena (emakumeen eskubide
berdintasuna, besteak beste). Azkenik, emakumeen eskubideak aitortzeari begira,
herrialde latindar guztien abangoardia gisa kokatzen du Espainia, huraxe litzatekeelako
emakumen sufragio eskubidea aitortzen lehendabizikoa.

TESTUINGURU HISTORIKOA ETA IRUZKINA:


1930.urtean Primo de Rivera diktadoreak dimititu eta erbestera alde egin zuen. Giro
antimonarkikoa zegoen, eta alderdi errepublikarrek Donostiako Ituna sinatu zuten. Azkenik
1931 apirilaren 12ko udal hauteskundeak ailegatu ziren, monarkiaren aurkako izaera
plebiszitarioa hartua zutenak. alderdi errepublikarrek hauteskundeok irabazi eta
ezinbestean, II. Errepublikaren aldarrikapena heldu zen.
Errepublika gazteak izan zuen erronka nagusia Konstituzio berri bat egitea izan zen,
Konstituzio aurrerakoi bat, herrialdea arlo guztietan modernizatzeko aukera emango
zuena, pribilegioekin amaituko zuena eta ahulenak babestuko zituena. Honekin batera,
hainbat erreforma proposatu zituzten. Horien artean, garrantzia berezia izan zuten
nekazaritzaren erreformak, Espainiak arlo honetan zuen arazo historikoa moldatzeko
helburua zuena, eta erlijio erreformak, Elizak historikoki Espainian izan zuen posizio
pribilegiatuarekin amaitu nahi zuena. Garrantzitsuak izan ziren, halaber, hezkuntzaren,
lan-eskubideen eta armadaren erreformak, baita zenbait eskualderi autonomia emateko
erabakia ere.
Esan bezala, hortaz, Errepublikak Konstituzio berri bat idazteko lanari ekin zion.
Horretarako Biltzar Konstituziogileak bildu ziren (parlamentua da, baina Konstituzioa
idazteko ardurarekin), eta parlamentarien artean Clara Campoamor zegoen. Sozialistak
eta ezkerreko errepublikanoak gehiengoa ziren, eta Errepublika demokratiko eta laiko bat
ezartzeko konpromisoa hartu zuten. Eskubide eta askatasun asko aitortu ziren:
emakumeen bozkatzeko eskubidea, dibortzio eskubidea, ezkontza zibila, eta
derrigorrezkoa eta lehen hezkuntza nahitaez eta doan jasotzeko eskubidea.
Emakumeek boto eskubidea lortu ahal izateko Clara Campoamorrek garrantzia handia
izan zuen, hasiera batean ezkerreko sektore asko erabakia atzeratzearen alde agertzen
zirelako. Erabiltzen zituzten argudioen artean, hau azpimarratu behar da: espainiar
emakumeak oso kontserbadore eta atzerakoiak zirela orokorrean, eta boto eskubidea
aitortzen bazitzaien, Errepublikaren proiektu aurrerakoia arriksuan jar zezaketeela.
Argudio hori, gaur egun bistan denez, ez zen pisuzkoa Campoamorren begietara, eta
horregatik egin zuen aztertzen ari garen interbentzio hau Batzar Konstituziogilean.
Eztabaida hau emakumeen botoaren aldekoek irabazi zuten, eta eskubide hau,
honenbestez, Errepublikaren Konstituzio berrian sartu zen. Gauzak horrela, emakumeek
1933ko hauteskunde orokorretan bozkatu zuten lehenengo aldiz.

BALORAZIOA:
Testu honek garrantzia begibistakoa da, emakumeen boto eskubidea lortzeko klabea izan
zen interbentzio bat delako. Espainia, oso herrialde atzeratua izatetik Europako konstituzio
aurreratuenetako bat izatera pasa zen oso denbora gutxian. Halabaina, konstituzio
aurrerakoi hau espainiar jendarteko sektore kontserbatzaileenen babesik gabe egin zen.
Sektore horiexek, gainera, beraien bizi eredu eta pribilegioak arriskuan ikusi zituzten
neurrian, Errepublikaren proiektutik urruntzen joan ziren, harik eta bere aurka jarri ziren
arte, altxamendu militarra babestuz. Frankismoaren etorrerarekin, emakumeek sekulako
eskubide zapalketa pairatu zuten, eta soilik Francoren heriotzaren ondoren berreskuratu
ahal izan zituzten beren eskubide oinarrizkoenak.

You might also like