You are on page 1of 14

Elebitasuna gertaera sozial gisa1

1. Sarrera

Elebitasun terminoaz baliatzen gara hizkuntza bi ezagutu eta erabiltzeko gai diren
pertsonez aritzeko, baina erabili daiteke kolektibitateak ukitzen dituen fenomenoa
izendatzeko ere. Hau da, pertsonak bakarrik ez, gizarteak eta mota ezberdinetako taldeak
ere izan daitezke elebidun. Azken kasu honetan, eta lehenengo hurbilpen batean, esan
dezakegu elebitasuna hauxe dela: gizarte batean bi hizkuntzek edo gehiagok nolabaiteko
presentzia soziala edukitzea, hau da, hizkuntza horiek egoera jakinetan erabiltzea arau
batzuen arabera.

Siguán-ek (2001: 32-33) dio zenbait autorek elebitasun sozial edota gizarte elebidun
terminoak erabili beharrean, nahiago dutela gehiago zehaztu eta “diglosia” edo “hizkuntz
ukipeneko egoera” bezalako kontzeptuak erabili. Soziolinguista horien ustetan, gizarte
batean bi hizkuntza daudenean normalean hizkuntzen arteko desoreka gertatzen denez
(nekez erabiliko dira biak funtzio berberetarako), egoera horrek luzaroan irauteak kolokan
jarriko du hizkuntza ahulena. Horregatik, gizarte elebidun izendatzeak hizkuntza
indartsuaren existentzia justifikatzeko saioa dela esango dute.

Bestalde, argudio hori alde batera utzita, ez dirudi oso egokia denik errealitate diferenteak
(indibiduala bata, soziala bestea) deskribatzeko termino bera erabiltzea. Elebitasun
indibidualak eta sozialak oso ezaugarri ezberdinak dituzte, eta horrela agertzeak
nahasketak ekiditen lagunduko digu. Dena dela, oso kontuan izan behar dugu, norbanako
mailako elebitasunaren eta gizarte mailako elebitasunaren arteko ezberdintasunak
aipatzen ari garen arren, fenomeno bi horiek lotura estuak dituztela haien artean.

Elebitasuna gertaera sozial gisa aztertzeak ondoko gaiak lantzea dakar: hizkuntzen bizi-
baldintzak, bi hizkuntza elkarrekin harremanetan jartzen diren unetik hizkuntza horien
arteko harremanak nolakoak diren, zergatik hizkuntza bat bizi eta hedatzen den bitartean,
beste bat desagertzen den edo atzerapausoak ematen dituen, galtzen dagoen hizkuntza
bat nola indarberritu daitekeen, ... Eta puntu horiek argitzeko Soziolinguistikara joko dugu.
Zientzia honek, Soziolinguistikak, hizkuntza funtzionatzen dueneko gizartean kokatzen du;
beste era batera esanda, hizkuntza eta gizartearen arteko harremanak azaltzen ditu.

1
Artikuluan elebitasuna gertaera sozial gisa aztertzen da, baina esandakoa baliagarria da egoera sozial
eleaniztunak ulertzeko ere.

1
2. Hizkuntzak munduan

Gizarte mailako elebitasuna oso fenomeno hedatua da eta asko dira egoera sozial
elebidunak munduan. Ezin daiteke esan ziurtasun osoz zenbat hizkuntza existitzen diren
gaur egun, baina 6000 inguru dira, eta hizkuntza horietatik guztietatik oso gutxi dira
estatua dutenak; gehienak estaturik gabeko hizkuntzak dira, euskararekin gertatzen den
bezala. Beraz, estatu gehienak eleaniztunak dira, nahiz eta ofizialki onartu ez;
elebakartasun estatala salbuespena da. Horregatik oso normala da talde linguistiko bi
harremanetan egotea lurralde berean. Europan ere, muga politikoak ez datoz bat
hizkuntz komunitateekin, eta, horrela izatean, ezkutatuta geratzen da kontinentearen
errealitate eleaniztuna. Kontuan hartzekoa da, nola ez, mundu globalizatu honetan,
hizkuntza-taldeen eta hiztunen arteko harremana handituz doala abiadura izugarrian.

Aldi berean, oso fenomeno konplexua da eta oso heterogeneoa. Egoera elebidunetan
faktore askok eragiten dute eta denak aztertu behar dira egoera horiek ulertu ahal
izateko. Hizkuntzak oso egoera ezberdinetan daude (hiztun kopuruari dagokionean,
estatus juridikoari dagokionean, garapenari dagokionean -gehienak ahozko hizkuntzak-)
eta egoera elebidunak oso ezberdinak dira haien artean.

3. Egoera sozial elebidunen arrazoi historiko nagusiak

Siguán-ek (2001) azaltzen dizkigu egoera sozial elebidunen arrazoi historiko nagusiak:

a) Herrien hedapena

Historian zehar inbasioen, konkisten, kolonizazioen ondorioz hedatu ziren herriek


berekin eraman zuten hizkuntza eta normalean euren hizkuntza izan zen nagusitu
zena menperatutako lurraldeetan. (Adibidez, latinaren zabaltzea eta espainolaren
hedatzea Hego Amerikan).

b) Bateratze politikorako prozesuak

Europan, adibidez, Estatu-nazioen eraketarako jarraitu ziren prozesu historikoek


askotan bateratze linguistikoa ekarri zuten haiekin batera (Estatu-nazioaren
biziraupenak homogeneizazioa -kulturala eta linguistikoa- eskatzen zuen: estatu
bat, hizkuntza bat). Kasu hauetan, Estatuko hizkuntzak tokian tokiko hizkuntzak
ordezkatzen zituen, hainbat hizkuntza baztertuta geratu ziren eta horien garapenak
ez zuen ohiko bidea egin. Antzeko ondorioak izan dituzte nazioen arteko mugen
aldaketek ere.

2
c) Deskolonizazio prozesuak (Afrikan eta Asian)

Afrikan eta Asian XX. mendearen hasieran deskolonizazio prozesuak gertatu ziren
oso egoera soziolinguistiko konplexua duten herrietan (adibidez, erregimen
kolonialek unitate etniko eta kulturalak kontuan hartu gabe ezarri zituzten mugak;
talde horietan askotariko hizkuntzak erabiltzen ziren, idazten ez zirenak;
kolonizatzaileen hizkuntza ezarri zen administrazioan eta hezkuntzan). Horietariko
batzuetan, bertako hizkuntzaren bat hartu zen nazio hizkuntza gisa lurraldeko
beste hizkuntzen gainetik, eta ukipen egoera berriak sortu ziren espazio politiko
berean.

d) Emigrazioa

Emigrazioa, printzipioz, gertaera indibiduala izan arren, maiz gertaera kolektiboa


bilakatzen da, eta kasu horietan hizkuntz ukipen egoerak sortzen ditu. Egoera
hauetan, orain arte aipatutakoetan bezala, hizkuntzen arteko desoreka nabarmena
bada ere, desoreka horrek beste ezaugarri batzuk ditu: hizkuntza ahula kanpokoa
da. Kasu batzuetan, elebidundu ostean, denborarekin euren hizkuntza ahaztu eta
elebakar bilakatuko dira harrera herriko hizkuntzan; beste batzuetan, talde itxiak
osatuko dituzte euren ohiturei eta hizkuntzari eusteko, eta aldi berean integrazio
formulak bilatuko dituzte.

e) Kosmopolitismoa eta globalizazioa

Garai guztietan merkataritzaren eta komunikazio bideen eraginez egoera sozial


elebidunak sortu dira. Gaur eguneko gure gizartea gizarte kosmopolita da,
pertsonen joan-etorriak oso modu errazean egiten dira eta komunikazio aukerak
izugarriak dira; beraz, gero eta arruntagoak dira ama-hizkuntza ezberdina duten
pertsonak harremanetan jartzen direneko egoerak eta errealitate honek hizkuntza
komunak erabiltzera bultzatzen gaitu, ingelesa izanik horietako bat.

4. Hizkuntzen arteko ukipena eta diglosia

Munduko hizkuntzak ez daude isolatuak, ukipenean daude. "Hizkuntza-ukipena, gizarte


berean hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten direnean, hizkuntza horien artean sortzen
den erlazioa da" (Zarraga eta beste, 2010: 136). Hizkuntza-ukipena esaten dugun arren, ez
dira hizkuntzak beraiek harremanetan daudenak lurralde berean, hizkuntza ezberdinen
hiztunak edo hizkuntza-komunitateak baizik. Kasu horietan, hiztun-talde bakoitzak ez du
bere bizitza osoa bere hizkuntzan egiten osoki; elkarren arteko harremanetarako bi

3
hizkuntzak erabiltzen dituen jendea egoten da. Fenomeno hau, hizkuntzen arteko
ukipenarena, soziolinguistikaren ikergai nagusietako bat da.

Hizkuntza-ukipena hiru ikuspuntutik azter daiteke: ukipenak hiztunengan dituen ondorioak


begiratuz (banakako elebitasuna edo eleaniztasuna, hiztunaren hizkuntzaz jabetzea ala
hiztunaren hizkuntza galtzea), ukipenak hizkuntza berarengan dituen ondorioak begiratuz
(interferentziak, maileguak eta kalkoak, ...) eta ukipenak taldean dituen ondorioak
begiratuz, ondorio sozialak (diglosia, hizkuntza-gatazka, ...) (Zarraga eta beste, 2010: 136).
Guri azkenengo ikuspuntu hau da interesatuko zaiguna oraingo honetan.

Talde linguistiko bi (edo gehiago) harremanetan daudenean lurralde berean (estatua,


hiria,…) hizkuntzen arteko ukipena gertatzen dela esan dugu. Egoera horietan, bi hizkuntza
elkarrekin bizi diren egoeretan, hizkuntzen funtzioak banatu behar dira eta bataren edo
bestearen aldeko desoreka sortzen da; bata “hizkuntza indartsua” izango da eta bestea
“hizkuntza ahula”. Bi hizkuntzek espazio sozial berean betetzen dituzten funtzioen arteko
desorekari diglosia deitzen zaio.

Siguán-ek Bilingüismo y lenguas en contacto bere liburuan azaltzen duen bezala, diglosia ez
da beti horrela definitu izan. Berba hau Grezian erabiltzen hasi zen lurralde batean
hizkuntza bereko barietate biren koexistentzia izendatzeko: aldaera kultua (kataverusa),
eskolan irakasten zena, egoera formaletarako erabiltzen zena eta idazten zen bakarra, eta,
aldaera herrikoia (dimotiki), greko guztien eguneroko hizkuntza (Psichari, 1926). Geroago,
Ferguson-ek diglosia kontzeptua zabaldu zuen kasu greziarraren antzeko egoera
linguistikoez aritzeko: adibidez, herrialde arabiar askotan, arabiar dialektala eta arabiar
literarioa dituzte; Suitzako zenbait kantoitan, suitzar-alemanera eta alemanera erabiltzen
dira. Beranduago Fishman-ek ohartarazi zuen gizarte askotan hizkuntzak zirela, eta ez
bakarrik hizkuntza barietateak, posizio horiek betetzen zituztenak. Eta ordutik aurrera,
diglosia kontzeptua beste egoera hauek izendatzeko erabiliko da: hizkuntzak ukipenean
egonik, haien artean ezberdintasun funtzionalak gertatzen direnean.

Ohiko egoera diglosikoetan hizkuntza indartsua, populazioaren parte baten hizkuntza


familiarra eta eguneroko hizkuntza izateaz gain, funtzio publikoetan eta formaletan
erabiltzen den bakarra da, administrazioan, irakaskuntzan eta kultur produkzioetan
erabiltzen den bakarra, eta hizkuntza ahula populazioaren parte baten hizkuntza familiarra
eta egunerokoa baino ez da izango. Baina, kasu batzuetan, hizkuntza ahulak nolabaiteko
presentzia izan dezake irakaskuntzan, kultur produkzioetan, komunikabideetan...... .
Oinarrizko funtzio guztiak betetzen dituen hizkuntza esango dugu normalizatuta dagoela;

4
erabilera-esparru eta funtzioak murriztuak dituena, ostera, hizkuntza gutxitua edo
minorizatua izango da. Eta, esan bezala, aipaturiko hizkuntzen arteko desoreka hori
handiagoa edo txikiagoa izango da, hizkuntza bakoitzak eskuratu dituen gizarte-esparru eta
funtzioen arabera.

Puntu honetara helduta, interesgarria da Txepetxek proposatzen dituen hiru diglosia-


mailak bereiztea, dituzten inplikazio ezberdinengatik (Zarraga eta beste, 2010:157):

- erdi-diglosia, Fergusonek diglosiari ematen zion adierarekin; adibidez, lurralde


batzuetan arabiera klasikoarekin eta herri-arabierarekin gertatzen dena. Kasu
honetan, inplikatuak hiztunak dira.

- diglosia partziala edo funtzionala, "non hizkuntza batek funtzio guztiak ez baditu ere,
mugako beste aldean denak dituen"; adibidez, Italian Aosta Ibarrean frantsesarekin
gertatzen dena. Kasu honetan, hiztunak inplikatzeaz gain, diglosia mota honek
komunitate linguistikoa inplikatzen du.

- diglosia totala edo lurraldekoa, non hizkuntza batek ez dituen funtzio guztiak betetzen
ez lurralde horretan ez beste inon, bigarren hizkuntzaren egoera guztiz kontrakoa
izanik; adibidez, euskararen kasua. Diglosia mota honek hizkuntza bera inplikatzen du,
hizkuntzaren desagerpena ekar dezakeelako.

4.1. Hizkuntza-funtzioak eta erabilera-arauak

Hizkuntza-ukipena eta diglosia hobeto ulertzeko, lagungarria izango zaigu hizkuntza-


funtzioak eta erabilera-arauak aipatzea.

Hizkuntzek hainbat funtzio betetzen dute mintzatzen diren lurralde edo komunitateetan.
Autoreek funtzio horien sailkapen ezberdinak egin dituzte (Zarraga eta beste, 2010: 158-
161). Txepetxek, adibidez, ondoko hauek bereizten ditu: identitate-funtzioa (pertsonen
barne pentsamenduaren euskarri dena), familia-funtzioa, lan mundukoa (lanbidean
erabiltzen dena), funtzio lokala (herrian egiten dena, inguru hurbilean nagusi dena),
funtzio nazionala (nazio mailan baliatzen dena), kultura funtzioa (aurreko funtzioez gain
kultur hizkuntzak direnak) eta nazioarteko funtzioa (nazioartean komunikatzeko).

Normalizatua dagoen hizkuntzak lehenengo bost funtzioak betetzen ditu, hau da, bizitzako
alor guztiak hizkuntza horren bidez egiten ditu: familia, irakaskuntza, administrazioa, lana,
zerbitzuak, justizia sistema, komunikabideak, kultura, ... Eta, gizartean premia horiek
izanik, hizkuntza batek betetzen ez baditu, beste hizkuntza batek betetzen dituelako da.

5
Hain zuzen ere, lurralde batean funtzio horiek betetzeko hizkuntza bat baino gehiago
dagoenean, hizkuntza baten eta bestearen erabilera arautu egiten da (Molla eta Planca,
1989). Hizkuntza erabilera ez da ustekabekoa, zenbait arau edo ohiturari erantzuten dio.
Hizkuntzaren erabilera, beste giza-portaerak bezala, arautua dago. Horregatik, erregularra
den heinean, deskribatu eta azaldu dezakegu.

Gizarte guztiek izaten dituzte arau sozial batzuk bere kideen portaera erregulatzeko eta
arau horiek agindu egiten dute nola jokatu egoera jakin baten aurrean. Talde sozialeko
kideen jokabidea mugatzeko edo orientatzeko balio dute. Arau horiek sozialak dira, ez dira
naturalak: gizarte-interakzioan sortzen dira eta konbentzio hutsa dira; horregatik, aldatu
daitezke.

Hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Badira zenbait arau hiztunen hizkuntza portaera
soziala erregulatzen dutenak. Erabilera arau horiek erabakiko dute, neurri handi batean,
zein hizkuntza erabili beharko duen hiztunak erabilera esparru jakin batean eta
komunikazio egoera jakin batean. Ezartzen diren erabilera-arauak talde linguistikoen
artean gertatzen den indar-korrelazioaren araberakoak izango dira; eta horrela, talde
linguistikoen artean mendekotasun harremanak gertatzen direnean, erabilera-arauak
desorekatuak izango dira talde baten kaltetan. Orduan diglosiaz hitz egingo dugu.

Errealitate diglosikoko hizkuntza ahularen egoera ezagutu nahi badugu, kontzeptu


argigarria eta erabilgarria izango zaigu "bizindar etnolinguistikoa" kontzeptua, bidea
ematen duelako ukipenean dauden hizkuntzen egoera deskribatzeko eta etorkizunean
hizkuntza ahulak izango duen bilakaera aurresateko (Martínez de Luna eta Usarralde,
2004).

5. Bizindar etnolinguistikoa

(Martínez de Luna eta Usarralde, 2004. Ikus Siguán, 2001: 196-201 ere)

Bizindar etnolinguistikoa esaten dugunean, hizkuntza eta kultura aldetik ezaugarri


bereziak dituen giza talde baten bizi-kemenaz ari gara. Bizindar handiko talde
etnolinguistikoek aukera handia izango dute bizirik irauteko, eta alderantziz (Martínez de
Luna eta Usarralde, 2004).

Bizindar etnolinguistiko kontzeptua Giles-ek sortu zuen 1977an. Eta horrela definitu zuen:
hizkuntza baten hedatze edo biziraupen ahalmena azaltzen duen faktore multzoa.

6
Jatorrizko formulazioa Giles-ek plazaratu zuenetik bizindar etnolinguistikoaren teoria
garatuz joan da. Hasiera batean bizindarraren faktore objektiboak azpimarratu baziren
ere, Giles eta bere lankideak berehala ohartu ziren bizindar etnolinguistikoaren alde
subjektiboak (taldeko kideek euren egoerari buruz duten iritzi subjektiboa) irizpide
objektiboak bezain garrantzitsuak zirela. Geroztik asko izan dira teoria hori zabaldu, osatu,
aberastu dutenak.

Gilesek bizindarraren faktore objektiboak hiru multzotan biltzen ditu:

- faktore demografikoak: hauek zerikusia dute bereziki hiztunen kopuruarekin


eta haien distribuzioarekin, eta baita taldearen joera demografikoekin

- faktore instituzionalak: hauek zerikusia dute hizkuntzak erakundeetan -


gobernuan, elizan, ekonomian, hezkuntzan, komunikabideetan,...- duen
pisuarekin eta haiengandik jasotzen duten sostenguagatik; hau da,
erabilerarekin

- estatus faktoreak (estatusak zerikusia du hizkuntzaren prestigioarekin, eta


prestigioa zuzenean dago erlazionatuta erabilerarekin; bertan eragiten duten
faktoreak ekonomikoak, sozialak, sozio-historikoak eta linguistikoak izan
daitezke)

Bizindar etnolinguistiko subjektiboa, ostera, taldeko kideek euren egoerari buruz duten
iritzia izango da.

Hala ere, kontzeptua azaltzen jarraitu baino lehen komenigarria ikusten dugu Siguan-ek
(2001) eredu honi jartzen dion eragozpen garrantzitsu bat aipatzea. Ereduak beste
hizkuntza batekin ukipen egoeran dagoen hizkuntza jakin baten ezaugarriak deskribatu
nahi ditu bereziki. Baina horrelako egoera batean dagoen hizkuntza baten bizi-baldintzak
ezagutzeko, aditu katalanaren iritziz, beharrezkoa izango da beste hizkuntza ere kontuan
hartzea. Adibidez, esango du Siguan-ek, A hizkuntzaren hiztun kopurua ez da berez oso
esanguratsua, baina datu hori baliagarria izango zaigu, batez ere, B hizkuntzak duen hiztun
kopuruarekin alderatzen dugunean. Eta berdin jaiotze-tasa, edo hizkuntzaren erabilera
zenbait esparrutan, edo beste edozein indize aztertzen dugularik. Bestalde, ezin daiteke
ahaztu bi hizkuntza horiek ukipenean dauden lurralde horretatik kanpo duten presentzia.

7
5.1. Bizindar etnolinguistiko objektiboa

5.1. 1. Bizindar etnolinguistiko objektiboa: FAKTORE DEMOGRAFIKOAK

Garrantzitsua da hizkuntza bakoitzak duen populazio-kopurua. Hizkuntzak hiztunak behar


ditu. Baina kontuan izan behar dugu gauza bat: hiztun kopuru handiagoa izateak ez dio,
halabeharrez, pisu sozial handiagoa ematen hizkuntzari. Faktore demografikoa
garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria.

Hiztun kopuru hori denboran zehar aldatu egiten da , horregatik, etorkizunerako


aurreikuspenak egin nahi baditugu, ezin ditugu ahaztu ondoko aldagaiak:

- jaiotza-tasa, zeina ezberdina izan daitekeen talde linguistiko bakoitzean

- immigrazioa, talde bat ala bestea faboratu dezakeena

- hizkuntzaren transmisioa (bereziki familiaren eta hezkuntza sistemaren bidez


gertatzen dena), eta

- presio soziala, hizkuntzen ikaskuntzan aldaketak eragin ditzakeena

Kontuan izan behar dugu halaber hizkuntza bakoitzaren hiztunen proportzioa ez dela
uniformeki banatzen normalean, ez lurraldean ezta egitura sozialaren maila ezberdinetan
ere. Beraz, aztertu beharko dugu hiztunen distribuzioa ere:

- Lurraldeari dagokionean, kontuan hartu behar dugu hizkuntza bateko eta


besteko hiztunen kontzentrazio-maila, hau da, hiztunak elkarren ondoan bizi
diren zonalde geografiko jakin batzuetan edo sakabanaturik; adituek
azpimarratzen dute edozein hizkuntzak bizitzeko ezinbestekoa duela lurralde
edo nukleo geografiko konpaktu minimoa, hizkuntzarentzat ez dela ona bere
lurraldea zatikatua eta puskatua aurkitzea. Beste aldagai garrantzitsua da
hiztunen urbanizazio-maila: hiri-giroak berekin ekarri ohi du rol-harremanen
dibertsifikazioa, idatzizko harremanen ugaritzea eta aldaera formal-
teknifikatuen eragina.

- Egitura sozialari dagokionean, gerta daiteke hizkuntza baten hiztun gehienak


piramide sozialaren behe posizioetan kontzentratzea (etorkinen kolektiboak),
edo goi posizioetan kontzentratzea (kolonizatzaileak kolonietan) edo
piramidearen posizio guztietan banatuta egotea.

8
Bestalde, aipatutakoaz gain, ezagutu beharko genuke elebidunen kopurua eta
proportzioa. Bai elebidunen proportzioa populazio osoari dagokionean eta bai elebidunen
proportzioa hizkuntza ezberdinen hiztunen artean ere.

5.1.2. Bizindar etnolinguistiko objektiboa: FAKTORE INSTITUZIONALAK

Dimentsio instituzionala bizindar etnolinguistikoaren baitako bigarren elementua


litzateke. Aurrerago esan dugun bezala, faktore hauek aztertuta hizkuntzak erakundeetan
duen pisua ezagutu nahi da. Hau da, hizkuntzak komunikabideetan, hezkuntzan,
gobernuko zerbitzuetan, industrian, erlijioan, kultur produkzioetan duen pisua, edo beste
hitzetan esanda, erabilera.

Martínez de Lunak eta Usarraldek beren ikerketan ondoko puntu hauek aztertzen dituzte:

- kontrol instituzionala: hizkuntza komunitateko kideek erakundeetan hizkuntza


portaera definitzeko duten ahalmena, eta

- sostengu instituzionala: hizkuntzaren aldeko neurriak, baliabide ekonomikoak eta


giza baliabideak

5.1.3. Bizindar etnolinguistiko objektiboa: ESTATUS-FAKTOREAK

Estatus-faktoreen bidez, hizkuntzaren prestigioa dugu aztergai. Eta prestigioa zuzenean


dago erlazionatuta erabilerarekin: hizkuntza baten zein erabilera egiten den, zertarako
erabiltzen den, nork erabiltzen duen.

Ibon Usarraldek eta Iñaki Martinez de Lunak (2004) estatus mota bi hartzen dute kontuan:

a) estatus juridikoa: legearen aldetik hizkuntzak duen egoerak eragina du bere


prestigioan eta erabileran. Batzuetan, hizkuntza ofizial izendatzen da eta hori
garrantzitsua da hizkuntzarentzat, bere erabilera zenbait esparrutan legeztatzen
duelako eta hiztunei eskubidea onartzen zaielako hizkuntza erabiltzeko. Hala ere,
ofizialtasun-mailak daude. Hizkuntza bat ofiziala izateak ez du esan nahi
normalizatuta dagoenik, baina bete beharreko pausoa da normalizaziorako bidean.

b) estatus soziala

- hiztunen ezaugarrien arabera (hiztunen lanbidea, ikasketa maila, ...):


gizartean eredugarri gisa definitzen ditugun gizabanakoek, zein
hizkuntzatan funtzionatzen dute?

9
- hizkuntzak lortu duen garapenaren arabera: estandarra du?, idazten da ala
ahoz baino ez da erabiltzen?, badu tradizio literariorik?, zein modernizazio
maila lortu du?.

Oso kontuan hartzekoa da hizkuntzen garapena erabilerari lotua dagoela;


hizkuntzen garapenerako erabilera funtsezkoa da. Atxagak idazle marokoar
bati hartutako ideia erabiliz esango du hizkuntza xaboiaren kontrakoa dela:
xaboia zenbat eta gehiago erabili orduan eta gutxiago dela, eta hizkuntza
zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago.

Hizkuntza batek lortu duen garapena ez dago hizkuntzen egitura


linguistikoaren ahalmenarekin harremanetan. Hizkuntzak, berez, ez dira
batzuk beste batzuk baino egokiagoak modernitateari erantzuteko.
Hizkuntza guztiak intrintsekoki gai dira bere hizkuntz komunitatean sortzen
diren funtzio eta premia guztiei erantzuteko, hizkuntza guztien egitura
linguistikoek ahalmena dute funtzio berrietara moldatzeko. Hizkuntza
kanpoko faktoreek, eta ez hizkuntzaren barnekoek, erabakiko dute
hizkuntzak egoera ezberdinetan egotea historiako une jakin batean.

5.2. Bizindar etnolinguistiko subjektiboa

Hizkuntza komunitate baten egoera objektiboaren berri izatea ez da nahikoa. Bizindar


etnolinguistikoaren alde subjektiboak (taldeko kideek euren egoerari buruz duten iritzi
subjektiboa) irizpide objektiboak bezain garrantzitsuak dira. Izan ere, errealitate
objektiboaz gain, antzemandako errealitate subjektiboak ere eragina du gizabanakoaren
pentsaeran, jarreran eta portaeretan; baita hizkuntza hautua gertatzen den eskenatokian
ere. Horregatik, kontuan hartu beharko dugu talde linguistikoak hizkuntzarekiko dituen
interesak, nahiak, usteak.

6. Hizkuntza gutxituen indarberritzea

Laugarren puntuan ikusi dugun moduan, hizkuntzen arteko ukipenaren ondorioz funtzio
banaketa desorekatua gertatzen da lurralde jakin batean, hizkuntzetako bat (edo batzuk)
erabilera-esparru eta funtzio batzuetatik baztertuta geratzen d(ir)elarik. Fenomeno horrek
ahuldutako hizkuntza galtzeko arriskuan jar dezake, hizkuntza batek funtzioak eta
erabilgarritasuna galduz doan neurrian, hizkuntza-ordezkapeneranzko bidean sartzen da
eta.

10
Minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik ateratzea adierazteko, gainbehera
doan hizkuntza gorabidean jartzea adierazteko, hizkuntza-normalizazioa, indarberritzea,
biziberritzea bezalako nozioak erabiltzen dira. Termino horien oinarrian ikuspegi
ezberdinak egon daitezkeen arren, puntu batean adostasuna dago: soziala den prozesu hori
hizkuntza gutxituarentzat funtzioak eta erabilera-esparruak irabaztean datza. Azken
batean, hizkuntzaren biziraupenaren gako nagusia betetzen dituen funtzioetan dago, eta
funtzio horiek betetzeko esparruak behar ditu hizkuntzak.

Zalbidek (2002), Fishmani jarraituz, horrela definitzen du hizkuntza indarberritze prozesua:


"ahuldutako hizkuntza hori gero eta funtzio-esparru gehiagotan (eta garrantzitsuagoetan)
erabiltzeko, eta gero eta hiztun gehiagorengana hedatzeko, gizarteak bere esku dituen
baliabideak erabiltzea." Hau da, "funtzioak eta erabilgarritasuna galduz doan hizkuntza
batek hizkuntza-ordezkapeneranzko joera hori etetea eta egoera iraultzea" (Zarraga eta
beste, 2010: 273). Noraino, baina, irauli, noraino gora egin? Zein funtzio-esparrutaraino
hedatu behar da hizkuntza, zer hiztun-multzotaraino hedarazi, benetako indarberritzeaz
hitz egin ahal izateko? Segun (hizkuntzaren) osasun-egoera normalaren listoia non jartzen
dugun.

Indarberritzearen gutxienezko esanahia, Zalbideren esanetan, hauxe litzateke: "hizkuntza


horrek egungo hiztun-taldeetan bizirik jarrai dezan lortzea edota, jarraipen-bide hori eten
egin bada, hizkuntza hori berriro ere belaunez belaun ama-hizkuntza gisa transmiti dadin
segurtatzea. (...) Hori da hiztun-talde batek lortu behar duen gutxien-gutxienekoa, bere
hizkuntza gal ez dadin. Horretarako bide egokiena badakigu zein den: hiztun horien aurrez
aurreko harreman-sareak (etxekoak, lagunarteakoak, kale-giro hurbilekoak) hizkuntza
horren bidez osatu eta mamitzea. Erabatekoa ezin izango bada ere, neurri bateko
kontzentrazio demografikoa eskatzen du horrek." Zalbideren ustez, gutxienezko
indarberritze formulazioaren abantaila da hizkuntza bizi guztien transmisio-bide nagusiaren
muin-muinera apuntatzen duenez, oso baliagarria dela ahuldutako hizkuntza indarberritzen
ala gehiago ahultzen ari den aztertzeko: "belaunez belauneko ama-hizkuntzaren
transmisioa segurtatzen ez den kasuetan garbi dago hizkuntza hori ahulagotzen ari dela, ez
indarberritzen." Baina "aski ote da ordea etxea eta familia, auzoa eta lagunarte hurbila
ahuldutako hizkuntzaren mende (osorik ezin bada ere neurri ohargarrian behintzat haren
mende) izatea, belaunez belauneko jarraipena segurtatu ahal izateko? Posible al da hori,
batez ere, gurea bezalako gizarte molde modernizatu globalzale, suprateknikora
doazenetan? Hortxe ikusi ohi zaio formulazio honi, inon ikustekotan, bere muga-eragozpen
nagusia."

11
Beste muturrera joanda, indarberritzeari osabetezko adiera emanez, ahuldutako hizkuntza
indarberritzeak zera esan nahi du: "hizkuntza horri erabateko garapen demografiko eta
soziofuntzionala eranstea. Hiritar guztiek hizkuntza hori (ere) erabil dezatela, gizarte-
bizitzaren funtzio-esparru guztietan." Zalbidek hainbat kritika egiten dio formulazio honi,
eta horien artean, bereziki, "hizkuntza bizirik aterako bada lehentasunak zein diren
argudiatu eta finkatzeko gaitasunik eza."

Oinarrizko bi azepzio horien artean, jakina, erdibideko konbinazio-aukera ugari egon liteke.
Horrek erakusten du indarberritze berbarekin oso gauzak diferenteak esan daitezkeela.
Hala ere, kontuan izan behar dugu, bestalde, hizkuntza-ukipena fenomeno unibertsala izan
arren, kasu guztiak ez direla berdinak eta egoera guztiek ez dutela eskatzen intentsitate
bereko indarberritze saioak. Eta, beraz, aplikatu beharreko hizkuntza-politikak ezberdinak
izango direla.

Edozein kasutan ere, hizkuntzaren biziraupena funtzioak betetzearekin lotuta egonik,


autoreek hizkuntza indarberritzeko arnasguneen garrantzia azpimarratzen dute. Zer dira
hizkuntzaren arnasguneak? "Fishmanek breathing space deitzen ditu. Hizkuntza gutxitua
indarberri dadin ezinbestekoa da hizkuntza hori nagusi izango den gune geografikoak
egotea. Ez dira ghettoak, ez baitira isolatuta egon behar. Gune horietako biztanle gehienek
dakite hizkuntza gutxituan hitz egiten eta hizkuntza hori normaltasunez erabiltzeko
baldintzak daude eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa naturaltasunez gertatzen da"
(Zarraga eta beste, 2010: 270). Beste autore batzuek arnasguneen definizio zabalagoa
egiten dute eta arnasgune geografikoak (probintzia, bailara, udalerri, auzo, ...) aipatzeaz
gain, arnasgune soziofuntzionalak bereizten dituzte (komunikabide arloan, lan-munduan,
administrazioan kulturaren arloan, ....).

Bai eremu edo esparru fisikoen, bai eremu edo esparru soziofuntzionalen kasuan,
hizkuntzaren nagusitasun-guneez ari gara, hizkuntzak behar-beharrezkoak dituenak
berauetan funtzioak bete ahal izateko. Hizkuntzak nagusitasuna duen eremuak, hizkuntza
beharrezko bilakatzen den eremuak dira arnasguneak, nahiz eta beste hizkuntzek ere tokia
izan. Beraz, hizkuntzaren biziberritzearen bidean, ezinbestekoa izango da dauden
arnasguneak babestu eta indartu eta berriak sortzea.

6.1. Eskola eta hizkuntza gutxituen indarberritzea

Hizkuntz normalizazio prozesuetan atentzio berezia jarri izan da beti irakaskuntzan. Gure
kasuan ere, euskara berreskuratzeko ahalegin handienak, dudarik gabe, irakaskuntzan
egin dira. Are gehiago, pentsatu izan da, askotan, eskolaren bidez berreskuratu zitekeela

12
minorizatuta dagoen hizkuntza. Eta ez dira kontuan hartu eskolaz kanpoko beste
faktoreak: hizkuntzaren balorazio eta erabilpen sozialak. Hizkuntzaren balorazio eta
erabilpen sozialak ziurtatzeko beharrezkoa izango da gainontzeko erreprodukzio-
mekanismoak funtzionatzea: komunikabideak, gizarte-zerbitzuak, lan-mundua,...

Eskolak bakarrik, ez du sekula gizarte mailako hizkuntzen indar-korrelazioa aldatu. Esan


dugun bezala, hizkuntza baten berreskurapena ez dagokio hezkuntza sistemari bakarrik.
Baina egia da ere, normalizaziorako ezinbestekoak direla eskolan garatzen diren erabilera
eta funtzioak. Hizkuntza baten berreskuratze prozesuan, eskolak bere funtzioa bete
dezake: hizkuntzaren ezagupen-maila bat eskaintzea. Alde batetik, txikitatik euskaldunak
diren umeei hizkuntza lantzeko aukera emanez eta bestetik, guraso erdaldunen seme-
alabei hizkuntza ikasteko aukera emanez (zentzu honetan, hau da, eskolak euskal
komunitaterako sarrera errazten duen heinean, elementu integratzailea izango litzateke).
Baina, hori bai, ahaztu gabe ezagutza mailan lortu daitekeena baldintzatuta dagoela
euskararen balorazio eta erabilera sozialengatik.

Aurreko puntuan esandakoaren haritik, eskolak, hizkuntzaren ezagutza emateaz gain,


arnasgune bihurtu daitezke zenbait tokitan ahuldutako hizkuntza ardatz harturik. Horrela
balitz, eskolaren ekarpena handiagoa litzateke ahuldutako hizkuntzaren biziberritzean.

13
Bibliografia:

MOLLA eta PALACA (1989): “Aspectes del bilingüisme”, Curs de Sociolingüística 1. Alzira:
Ed. Bromera. 113-141 orr.

SIGUAN, M. (2001): Bilingüismo y lenguas en contacto. Madril: Alianza.

USARRALDE, I.; MARTINEZ DE LUNA, I. (2004): Euskal hizkuntza komunitatearen bizindar


etnolinguistikoa: Andoaingo, Arrasateko, Bergarako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako
udalerriak. Oñati: Soziolinguistika Klusterra.

ZALBIDE (2002): "Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio?", Ikastolen IX.
Jardunaldi Pedagogikoak. Donostia.

ZARRAGA eta beste (2010): Soziolinguistika eskuliburua. Soziolinguistikako Klusterra eta


Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila.

14

You might also like