You are on page 1of 7

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIAREN HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA

2009 ELHUYAR FUNDAZIOA

HIDROGEOLOGIA

DEFINIZIO LABURRA
Lurpeko uren presentzia eta mugimendua eragiten duten legeak aztertzea helburu duen zientzia-
atala.
Hori da XIX. mendearen hasieran hidrogeologiari eman zioten lehenengo definizioa. Lehenengo
hidrogeologo haiek definizioan lege hitza sartuta adierazi nahi izan zuten hidraulikaren legeei
erreparatu behar zitzaiela lurpeko uren nondik norakoak ulertzeko. Lurpeko ura “eragile geologiko”
modura hartu zuten, eta, hortaz, hidraulika ez ezik, geologia ere jarri zuten hidrogeologia berriaren
zutabe.

DEFINIZIO ZABALA
Harrezkero, zabaldu eta sakondu egin da hidrogeologiaren eremua. Hasierako hidraulika eta
geologiari beste hainbat jakintza-arlo (kimika, biologia, matematika…) gehitu zaio, gaur egun
hidrogeologiak hartu duen esparrua gorpuztu arte. Definizio gaurkotua hau da:
Lurpeko uren zientzia, Lurraren zientzien barruko atal diziplinartekoa dena. Helburua da lurpeko
uren presentzian, mugimenduetan, propietateetan (fisiko-kimikoak, biologikoak) eta garraiatze-
ezaugarrietan (energia, solutuak) eragina duten lege fisikoak eta baldintza geologiko-hidraulikoak
ezagutzea, eta ezagutza hori aplikatzea gizakiek lurpeko urez, zuzenean edo zeharka, baliatzeko
duten bideetan (ikerketa, ustiaketa, zaintza), kudeaketan.
Hidrogeologian oinarrizko diren hainbat kontzepturen definizio sinplea (akuiferoa zer den geroago
azaltzen da):
 Piezometroa: maila piezometrikoaren gorabeherak kontrolatu eta, ondorioz,
akuiferoak bertikal horretan duen karga hidraulikoa ezagutzeko zulatutako diametro
gutxiko putzua (5-8 cm).
 Maila piezometrikoa: piezometro edo putzu batean den ur-zutabearen goiko
maila. Horren sakonera (luzera-unitatea, L) zunda metriko baten bitartez neurtzen da.
 Azal piezometrikoa: akuifero bateko piezometro-putzuetan diren maila
piezometrikoak biltzen dituen azala; maila piezometrikoek gorabeherak dituztenez,
azal piezometrikoa denboraldi jakin batean behatutako mailei dagokie. Azal hori
piezometro-putzuetan baino ez da ikusgai. Azal piezometrikoa erreala da akuifero
libreetan, eta birtuala, akuifero konfinatuetan.
 Karga hidraulikoa (h): maila piezometrikoaren altuera (luzera-unitatea, L)
erreferentzia-planotzat hartzen den itsas mailarekiko; lurpeko puntu batean
(piezometroaren behekoan) urak duen potentzialaren adierazle zuzena da.
 Gradiente hidraulikoa (i = Δh/l): akuifero bateko puntu biren karga
hidraulikoaren diferentzia (Δh) puntuon arteko distantziarekiko (l). Gradiente
hidraulikoak (luzera-unitatea/luzera-unitatea) eragiten du lurpeko uraren mugimendua,
karga hidrauliko handiagoko lekutik txikiagoko lekurantz; gradientea zenbat eta
handiagoa izan, are eta arinago mugitzen da ura. Gradiente hidraulikorik ez bada, hau
da, ur-multzoaren puntu guztiek karga bera badute, ez dago ur-jariorik (hidrostatika).
 Porositatea (n): gorputz solido batek (arroka zein lurzoru) dituen hutsuneen
bolumenaren (L3) eta gorputz horren guztizko bolumenaren (L3) arteko erlazioa
(ehunekotan emanda, normalean). Hidrogeologian interesatzen dena porositate
eraginkorra da, hau da, segidako lotura duten hutsuneei dagokiena, ura ezin baita
isolatuta dauden hutsuneetatik isuri. Parametro honek gorputz solido batek ura
edukitzeko duen ahalmena adierazten du (funtzio edukitzailea); ur-bolumenik handiena
hutsune guztiak urez beteta daudenean edukitzen du.
 Permeabilitatea: gorputz solido batek (arroka zein lurzoru) ura bertatik
isurtzeko duen ahalmena adierazten duen kontzeptu kualitatiboa (funtzio
bideratzailea). Kuantifikazioa permeabilitate-koefizienteak (K) ematen du, eta Darcy
ingeniari frantsesak garatu zuen legetik ondoriozta daitekeen parametroa da.
 Darcyren legea (ikus irudia): lurpeko uren mugimendua ulertzeko oinarrizko
legea da. Zona asearen sekzioa (A ; L2), sekzio horretatik gradiente hidrauliko (i ; L/L)
baten eraginez pasatzen den emaria (Q ; L3.T-1) eta zona asea duen gorputz solidoaren
permeabilitate-koefizientea (K, L3.T-1) modu honetan erlazionatzen ditu legeak:
Q = K.A.i. Permeabilitate-koefizientearen definizio zehatza ekuazio horretatik atera
daiteke zuzenean: K = Q/A.i.

Darcyk erabili zuen tresna bere legea ondorioztatzeko.h = karga hidraulikoa. i (gradiente
hidraulikoa) = dh/dl
LURPEKO URAK: PLANETAREN FUNTSEZKO BILTEGIA
Kalkuluen arabera, Lur planetan 1.400 bat milioi km 3 ur dago, hainbat fase eta lekutan. Gehien-
gehiena, % 97, ozeanoetan dago; beraz, ur gazia da biltegi nagusia. Hortaz, % 3 baino ez da ur geza;
hortik gehiena, % 60, glaziarretako izotza da, eta jendearen beharretatik urrun dago. Ur gezaren ia %
40 lurpean dago, akuiferoetan. Planetan zehar nonahi aurkitu daiteke lurpeko ura, sakonera
desberdinetan bada ere. Gainerako ur guztiak (lakuak, ibaiak, izakiek dutena, lurzoruetan dena, ur-
lurruna) % 1era ere ez dira ailegatzen. Datuok argi uzten dute lurpea uren funtsezko biltegia dela
planetan, ezkutuan izateak horren aitortza zailtzen badu ere. Hidrogeologiak biltegi horretako guztia
hartzen du ikergai.

URAREN MUGIMENDUA LURPEAN


Euria da lurpeko uren jatorri nagusia. Euri-urak lurrera heldu eta inguruko faktoreek baldintzatuta
hauetariko bide bat hartzen du: ebapotranspirazioz atmosferara itzuli, lurrazaletik erreka bateraino
isuri edo lurzorutik pasatuta akuiferora perkolatu. Hortaz, lurzoruek itzelezko garrantzia dute
akuiferoen birkargan. Behin lurzoruko hezetasuna goi-puntu batera helduta (edukitze-ahalmena),
infiltrazio-ura ez zaio gehiago zoruari lotzen, eta azpiko arroketan zehar beherantz joaten da
perkolazioan, grabitatearen eraginez. Lurzoruko hezetasuna gutxitu daitekeenez, ebapotranspirazioz
batez ere, berriz goi-puntu horretara itzuli arte —euri-uren infiltrazioaz, kasurako— ez da
beheranzko perkolaziorik izango. Ura beherantz doa, arrokak dituen hutsuneak (porositatea)
baliatuta, geruza iragazgaitz bat aurkitu arte. Hortik aurrera, horren gainetik mugituko da
deskargagune baterantz (urbegia, erreka, hezegunea, putzua…). Birkarga-esparrua zabala izaten
denez, arrokek euri-sasoian birkargaz hartzen duten ur-kantitatea askoz ere handiagoa izaten da
deskargatu dezaketena baino. Hortaz, aukera izaten dute ura metatzeko, eta zona ase bat eratzen
dute. Zona horren lodiera aldakorra da denboran zehar, birkarga-deskarga erlazioaren araberakoa,
alegia; euri-sasoietan handitu egiten da, eta, agortean, berriz, txikitu; kasu bakan batzuetan,
deskargagunea agortu egin daiteke. Zona asean, ura gradiente hidraulikoak eraginda mugitzen da,
karga hidraulikoa handiagoa den lekutik txikiagoa den lekurantz. Zona ase horri akuifero esaten
zaio normalean, termino horrek definizio zehatzagoa merezi badu ere.
Taula honetan, arroka-gorputzek urarekiko izan dezaketen lotura adierazteko hidrogeologian ohikoa
den sailkapena dago, gorputzon funtzio edukitzailea eta bideratzailea irizpide modura hartuta.
Arroka-gorputzek urarekiko dituzten lotura-moten araberako sailkapena

Honaino helduta, akuiferoaren definizio zehatzagoa eman daiteke.


Akuiferoa: arroka-gorputz iragazkorra, geometrikoki ondo mugatua eta zona ase bat mantentzen
duena; zona ase horrek —arrokaz eta horren baitako urez osatua— ur-jario garrantzitsua
bermatzeko gaitasuna du, aintzat hartzeko moduko ur-kantitateak ustiatzeko bestekoa. Akuifero
batek zona asegabea ere izan dezake.

Hidrogeologoek orain gutxira arte akuiferoetan jarri dute arreta nagusia, akuifero zabaletan batez
ere, helburua lurpeko ura kantitate handian ustiatzea izanik akuiferoek baino ezin baitzuten helburu
hori ahalbidetu; edo akuitardo batzuek, akuiferorik ezean. Ikuspegia, ordea, aldatuz joan da,
zabalduz eta sakonduz, lurpeko ur-kantitatearekin batera uron berezko kalitatea ere kontuan hartu
behar izan denean, bata eta bestea etorkizunean ere bermatuak izan daitezen neurriak gaurdanik
hartzera behartuta gaudelako; are gehiago, klima-aldaketaren gorabeherek uretan izan ditzaketen
zalantzazko ondorio ugari gogoan hartzen baditugu. Gainera, ibai-arroetako ur-zikloaren prozesuak,
azalekoak eta lurpekoak, hobeto ezagutu ahala, agerian geratuz joan da lurpeko urek lur gaineko
ekosistemetan (ibaiak, hezeguneak, padurak…) duten eragin handia. Hortaz, akuifero ez diren beste
arroka-gorputz horiei ere duten garrantzia aitortu behar zaie, emari handiko putzuak bermatu ezin
dituzten arren gorputz horietan zehar geldika gertatzen den ur-jarioak hainbat ekosistema elika
dezakeelako (erreken agorraldiko emaria bera edo ingurune heze baten lurzoruko hezetasuna,
kasurako); bestalde, kutsatzaileen lurpeko garraioa ere ahalbidetu dezake, kutsadura-iturritik hasi eta
distantzia luzean permeabilitate desberdineko arroketan zehar. Garraioaldi horretan, urak eta arrokek
elkarri eragin eta, batzuetan, uraren kalitateak hobera egin dezake. Azken finean, ura funtsezko
lokarri dinamikoa da ekosistema guztietan, eta, beraz, ubideak errespetatu egin behar dira, lur
gainean zein lurpean, emari handian zein txikian, arin edo geldi. Horretan datza, hain zuzen,
hidrogeologiak ingurumen-zientzietan duen garrantzia.
AKUIFERO-MOTAK
Hidrogeologian, ohikoa da hiru akuifero-mota bereiztea: librea (edo konfinatu gabea) konfinatua eta
erdikonfinatua (ikus hurrengo irudia).

Akuifero librea azal piezometriko erreala duena da. Azal horrek fisikoki banantzen ditu zona asea
eta zona asegabea. Bi zona horiek aldakorrak dira lodierari dagokionez, birkarga-deskarga
erlazioaren arabera. Akuifero librean, zona aserako birkarga bertikalean gertatzen da zona asegabean
zehar.
Akuifero konfinatua azal piezometriko birtualekoa da. Zona asea besterik ez du, eta, goiko gorputz
iragazgaitz batek eraginda ura presiopean duenez, piezometro edo putzuetan behatutako ur-maila
akuiferoko sabaiaren gainetik dago. Azal piezometrikoa behaketa-puntu horietan baino ez da erreala,
eta, batzuetan, oso presio handipean, ur-maila lurrazaletik gora egon daiteke (putzu artesiar
jalgikorra). Akuifero konfinatuan birkarga ezin da bertikalean gertatu, akuiferoaren albotik gertatzen
da hori. Horrek esan nahi du non edo non akuifero konfinatuak libre izan behar duela, eta hortxetik
birkargatzen dela.
Akuifero erdikonfinatua aurreko bien arteko jokabidea duenari dagokio, eta aparteko
konplexutasunak ditu: zona asearen gaineko arroka-gorputza ez baita guztiz iragazkorra, librean
bezala, ez eta guztiz iragazgaitza ere, konfinatuan bezala.

Akuifero librea (goikoa) eta konfinatua (behekoa)


FLUXU-SAREA
Akuifero baten hidrodinamika eskala makroskopikoan islatzen duen adierazpide kartografikoa da
fluxu-sarea, eta dinamika horren funtsezkoa biltzen du (ikus hurrengo irudia). Bi osagai ditu sareak,
lerro ekipotentzialak (batzuetan, isopieza ere deituak) eta jario-lerroak. Ekipotentziala karga
hidrauliko bereko puntuak batzen dituen lerroa da, eta zenbakia izaten du, kargaren zenbatekoa bera.
Jario-lerroek, ordea, uraren nondik norakoa adierazten dute, eta karga handiko ekipotentzialetatik
karga txikikoetara doazen geziak dira. Karga hidraulikoa aldakorra izaten denez denboran zehar
(handia euri-sasoian, txikia agorraldian), azal piezometrikoa bera bezala, akuifero baten dinamikaren
adierazpideak fluxu-sare bat baino gehiago behar ditu, sasoian sasoikoa. Fluxu-sare bati Darcyren
legea aplikaturik, hainbat parametro hidrogeologiko funtsezko atera daitezke (permeabilitate-
koefizientea, gradiente hidraulikoa, birkarga-emaria…).

Akuifero libre baten azal piezometrikoa (goian) eta fluxu-sarea (behean)


KUTSATZAILEEN GARRAIOA AKUIFEROAN
Aurretik esan bezala, ia arroka-gorputz guztiek ahalbidetzen dute ur-jarioa beren baitan, arinago edo
astiroago, gorputzon ezaugarri hidrogeologikoen arabera (porositatea, permeabilitatea, gradiente
hidraulikoa). Arroketan ur-jarioa baldin badago, jario kutsatzailea ere gerta. Hala, jario-lerroek
markatutako bidetik hedatuko da kutsatzailea, eta urak garraiatuko du kutsadura-iturritik
deskargagunerantz.
Kutsatzaileen uretako garraioa oso diferentea da kasu batetik bestera. Izan ere, kutsatzaile batzuk
kontserbakorrak dira, eta uraren abiadura berean hedatzen dira; beraz, ez dute diluzioa beste
prozesurik jasaten. Beste batzuek, ordea, bestelako erreakzioak jasan ditzakete (erretentzioa,
prezipitazioa, oxidazioa, degradazioa…), lur azpiko inguruneko lekuan lekuko kondizio fisiko-
kimikoen arabera, eta, erreakzio horien ondorioz, karga kutsatzailearen bilakaera bera oso diferentea
izan daiteke.
Edozein kasutan, bi dira kutsatzaileen garraio-modurik inportanteenak arroka-gorputzetan:
adbekzioa eta dispertsioa (ikus hurrengo irudia). Adbekzioan kutsatzailea urarekin batera hedatzen
da (kontserbakor gisa hartzen da), eta ez da ateratzen fluxu-sareko jario-lerroek markatutako bidetik.
Hori da garraio-modu nagusia; hortaz, akuifero baten fluxu-sarea ezaguna bada, oso erraz ondoriozta
daiteke bertara isuritako kutsatzaile baten hedapen-bidea (kutsadura-muturra). Adbekzioak
garraioaren eskala makroskopikoa adierazten du. Dispertsioan, berriz —eta hori da eskala
mikroskopikoan gertatzen dena, adbekzioari gehitzekoa—, kutsatzaileak hamaika gorabehera izaten
ditu bere joanean, bidean diren heterogeneotasunak (arrokako hutsuneen banaketa espaziala bera,
kasurako, nahiz eta kausa bakarra ez den) kutsatzailea garraiobide adbektibotik aterarazten baitu eta
kutsadura-muturra alboetarantz zabalarazi, irudian adierazten den bezala.

Kutsadura-iturria eta kutsatzailearen hedapena akuiferoan zehar, adbekzioz eta dispertsioz


Iñaki Antiguedad

You might also like