You are on page 1of 30

GUSTUAREN ARAUA

(Of the Standard of Taste (1757))

David Hume (1711-1776)


Itzultzailea: Agustin Arrieta Urtizberea
GUSTUAREN ARAUA•
David Hume

[1] Munduan nagusitu den gustuen aniztasuna -baita usteena ere- hain da

nabaria, ezen ez baitago horretaz jabetu ez den inor. Ezagutza urrieneko gizakiak gai

dira beren adiskideen talde estuan ere gustu-aldaketak sumatzeko, nahiz eta pertsona

horiek gobernu beraren pean heziak izan diren eta aurreiritzi berak zurgatu dituzten

hasieratik. Alabaina, urrutiko nazioak eta aspaldiko aroak begietsiz, beren ikuspegia

zabaltzeko aukera dutenak are eta harrituago geratzen dira dauden inkonsistentzia eta

alde handien aurrean. Gure gustutik eta judiziotik argi eta garbi urruntzen denari

barbaro esateko gai gara, baina luze gabe konturatuko gara gaitzespen-izen hori gurera

itzuli dela. Eta pertsonarik harroena eta berekoiena ere harriturik geratzen da azkenean,

toki guztietan ziurtasun berdina ikusten duelako, eta sentimenduen arteko lehia horretan

ziurtasun osoz bere buruaren alde jotzeko zalantza egiten du.

[2] Arretarik txikiena duen ikertzailearentzat ere gustuen aniztasun hori nabaria

da. Areago, azterketa eginez gero, benetan antzemango da aniztasun hori dirudien baino

handiagoa dela. Edozein motatako edertasunari eta deformazioari dagokienez, gizakien

sentimenduak desberdinak izaten dira sarritan, nahiz eta haien diskurtso orokorra

berdina izan. Hizkuntza guztietan badaude zenbait termino gaitzespena adierazten

dutenak, eta beste batzuk gorespena; eta hizkuntza bereko gizakiek bat egin behar dute

termino horien erabileran. Idazkerari dagokionez, dotorezia, egokitasuna, soiltasuna eta

bizitasuna txalotzeko bat datoz ahots guztiak; baita gehiegikeria, manierismoa,

hoztasuna eta distira faltsua gaitzesteko ere. Haatik, guztien arteko itxurazko adostasuna

aienatzen da kritikariek kasu partikularrak aztertzen dituztenean, eta horien

adierazpideak esanahi oso desberdinekin loturik daudela antzeman daiteke. Usteari eta

2
zientziari dagozkien auzi guztietan alderantzizkoa gertatzen da: gizakien arteko aldeak,

sarri askotan, ez dira kasu partikularretan oinarritzen, kontu orokorretan baizik; eta alde

horiek diruditen baino txikiagoak dira benetan. Sarritan, terminoen gaineko azalpen

batek eztabaida bere bukaerara eraman izan du, eta liskarrean aritu direnak harritu

egiten dira sesioan ibili direlako beren judizioen gainean funtsean elkarrekin ados egon

arren.

[3] Morala arrazoimenean baino gehiago sentimenduan oinarritzen dutenek

etika gorago deskribatu dudan ikuspegian kokatzeko joera dute, eta pentsatzen dute

jokabide eta jarrera kontuetan gizakien arteko desberdintasuna handiagoa dela

lehenengo begiradan dirudiena baino. Benetan nabaria da nazio eta aro guztietako

idazleak bat datozela justizia, gizatasuna, eskuzabaltasuna, zuhurtasuna eta

egiazkotasuna txalotzeko, baita aurkako kualitateak gaitzesteko ere. Igartzen da poetek

eta beste egile batzuek –Homerorekin hasi eta Fenelonekin amaitu– osatzen dituzten

lanek arau moral berak irakasten dituztela eta, halaber, bertute eta bizio berak

txalokatzen eta gaitzesten dituztela, nahiz eta lan horiek batik bat irudimenari atsegin

emateko pentsatuak izan diren.i Guztien arteko adostasun handi hori arrazoimen soilaren

eraginari egozten zaio eskuarki; kasu horietan guztietan, arrazoimenak antzeko

sentimenduak mantentzen ditu gizakiengan, eta zientzia abstraktuetan sarritan izaten

diren eztabaidak saihesten ditu. Guztien arteko adostasuna benetakoa den heinean,

azalpen hori ontzat jo daiteke. Alabaina, onartu behar dugu moralean dagoen itxurazko

harmonia horren zatiren bat esplika daitekeela hizkuntzaren zerizanetik beretik abiatuta.

Bertute hitzak –edo bere ordainak beste hizkuntza batean- gorespena inplikatzen du,

bizio hitzak gaitzespena inplikatzen duen bezalaxe. Eta nabarmenki modu

barkagaitzenean jokatzen ez duen inork ez lioke inongo gaitzespenik erantsiko aho

3
batez zentzu on batean ulertzen den termino bati; ez eta txaloka hasi ere adierazpenak

gaitzespena eskatzen duenean. Homerok arau orokorrak ematen dituen bakoitzean, ez

dago inongo eztabaidarik; baina jarreren irudi zehatzak osatzen dituenean, eta

Akilesengan heroismoa eta Ulisesengan zuhurtasuna errepresentatzen dituenean, garbi

dago Homerok lehenengoarekin nahasten duen basatasun-maila eta bigarrenarekin

nahasten dituen maltzurkeria eta iruzur-maila Fenelonek onartuko lituzkeenak baino

askoz handiagoak direla. Badirudi poeta grekoaren Ulises jakintsuari gezurrek eta

fikzioek atsegin ematen diotela, eta zenbaitetan horiek berak erabiltzen ditu, nahiz eta

premiarik eta abantailarik ez izan. Alabaina, eskrupulosoagoa den Ulisesen semeak

(Fenelon epika-idazle frantsesaren testuan agertzen denaren arabera) arrisku

berehalakoenei aurre egiten die, egiaren eta egiazkotasunaren lerro zehatzenetik ez

aldentzearren.

[4] Koran liburuaren miresleek eta jarraitzaileek behin eta berriro diote arau

moral bikainak barreiaturik agertzen direla lan burugabe eta aldrebes horretan. Hala eta

guztiz ere, uste izatekoa da -hizkuntzaren erabilera iraunkorraren poderioz- 'zuzentasun',

'justizia', 'neurritasun', 'otzantasun' eta 'karitate' euskarazko hitzei dagozkien arabiar

hitzak zentzu onean hartu beharko direla beti, eta txaloa edo onarpena adierazten ez

duten epitetoekin hitz horiek aipatzea ezjakintasun handientzat hartuko litzateke, ez

moralaren gaineko ezjakintasuna, hizkuntzaren gainekoa baizik. Baina ba al dago

jakiterik ustezko profeta horrek benetan erdietsi ote zuen moralaren sentimendu

egokirik? Hel diezaiogun haren kontakizunari; berehala aurkituko dugu goresten dituela

gizarte zibilizatuarekin argi eta garbi bateraezinak diren azpikeria, bihotz-gogorkeria,

ankerkeria, mendeku eta fanatismoaren zenbait kasu. Ez dirudi zuzentasunaren inongo

4
erregela egonkorrik aintzat hartzen denik, eta ekintza bakoitza gaitzesten edo goresten

da benetako fededunen mesederako edo kalterako denaren arabera.

[5] Etikan egiazko arau orokorrak ematea merezimendu txikia da benetan.

Bertute moralak gomendatzen dituen edonor ez doa hitzetan bertan dagoenetik

harantzago. 'Karitate' hitza asmatu eta zentzu onean erabiltzen duen jendeak modu

argiagoan eta eraginkorragoan irakatsi du 'izan zaitez karitatetsua' araua edozein

legegilek edo profetak baino, zeinak bere idazkietan horrelako maxima sartu behar

baitu. Adierazpen guztien artean badaude batzuk galbideratzeko edo okertzeko aukera

gutxien dutenak, hain zuzen ere, beren beste esanahiekin batera, gaitzespena edo

onarpena inplikatzen dutenak.

[6] Normala da guk Gustuaren Araua bilatzea, erregela bat, gizakien askotariko

sentimenduak adiskidetu ahal izateko; edo erabaki bat bederen, sentimendu bat onesten

eta beste sentimendu bat gaitzesten duena.

[7] Badago filosofia mota bat saialdi horretan arrakasta izateko edozein

itxaropen zapuzten duena, eta gustuaren edozein arautara heltzeko ezinezkotasuna

adierazten duena. Filosofo horiek diotenez, judizioaren eta sentimenduaren artean alde

handia dago. Sentimendu oro zuzena da, ez baitu inongo loturarik beragandik kanpo

dagoen ezerekin;ii eta sentimendua erreala da gizakiren batek sentimendu horren

kontzientzia duen bakoitzean. Haatik, adimenaren determinazio guztiak ez dira zuzenak,

berengandik kanpo dagoen zerbaitekin lotuta baitaude, hain zuzen ere, gertakarizko

auziren batekin: beti, bada, ez datoz bat arauarekin. Gai bakar baten inguruan zenbait

gizakik hamaika iritziren alde ager daitezke, baina bat, eta bakarrik bat, izango da

5
egiazkoa. Egiazkoa zein den zehaztea eta ziurtatzea da zailtasun bakarra. Aitzitik,

objektu berak eragindako hamaika sentimendu zuzenak dira. Izan ere, sentimenduak ez

du objektuan benetan dagoena adierazten. Objektuaren eta gogo-organoen edo

ahalmenen arteko egokitzea edo erlazioa erakusten du sentimenduak, eta egokitzea

existitzen ez baldin bada, sentimendurik seguru asko ere ez. Edertasuna ez da gauzetan

bertan dagoen ezer. Gauza horiek begiesten dituen gogamenean existitzen da

edertasuna; eta gogamen bakoitzak edertasun desberdin bat hautematen du. Areago,

pertsona batek deformazioa hauteman dezake beste batek edertasuna hautematen duen

toki berean; eta banako orok bere sentimendua onartu beharko luke lasaitasunez,

besteen sentimenduak arautzen saiatu gabe. Benetako edertasuna eta benetako

deformazioa bilatzea, ikerketa gisa, zapore gozoa edo zapore mingotsa benetan zer diren

bilatzea bezain alferrekoa da. Organoen jaiduraren arabera, objektu bera gozoa eta

mingotsa izan daiteke batera; eta atsotitzak jada finkatu zuen gustuei buruz

eztabaidatzea antzua dela. Normala da, baita beharrezkoa ere, axioma horiiii gorputz-

gustura ez ezik gogo-gustura ere hedatzea. Hortaz, sarritan filosofiaren eta, batez ere,

eszeptizismoaren aurka agertu izan den zentzu komuna, behingoz bada ere, bat dator

filosofiarekin erabaki bera aldarrikatuz.

[8] Nahiz eta atsotitz bihurtu den axioma horrek zentzu komunaren onarpena

lortu duela dirudien, axioma horri aurka egiten dion edo, behinik behin, axioma hori

aldatzeko edo geldiarazteko baliagarria izan daitekeen zentzu komun mota bat egon

badago. Norbaitek Ogilby eta Milton, edo Bunyan eta Addison, talentu- eta dotorezia-

maila berdinekoak direla esango balu, gehiegikeria baten defendatzailetzat hartuko

genuke, sator-lurra Tenerife bezain altua dela dioenaren antzera, edo urmaela ozeanoa

bezain zabala dela dioenaren antzera. Ogilbyri edo Bunyani lehentasuna emango dieten

6
pertsonak egon arren, inork ez du aintzat hartzen haien gustua, eta inongo kezkarik gabe

adierazten dugu kritika horiek absurdoak eta lotsagarriak direla. Hortaz, gustuen

berdintasun naturalaren printzipioa ahanzten dugu, eta zenbaitetan, objektuak berdinak

izatetik gertu daudenean, printzipioa onartzen badugu ere, besteetan, hau da, horren

desberdinak diren objektuak elkarrekin erkatzen ditugunean, paradoxa nabarmena, edo

ageriko absurdoa, dirudi printzipio horrek.iv

[9] Garbi dago inongo konposizio-erregelarik finkatzerik ez dagoela aprioriko

arrazonamenduen bitartez; ezin dira, ezta ere, adimenaren ondoriotzat hartu, hau da,

betierekoak eta aldaezinak diren ideien erlazioak eta ohiturak erkatuz lortzen diren

ondoriotzat hartu. Haien funtsa zientzia praktiko guztien funtsa bera da: esperientzia.

Herri guztietan eta garai guztietan unibertsalki atsegina ematen duenari dagozkion ohar

orokorrak baino ez dira erregela horiek. Poesiaren eta, halaber, elokuentziaren gauza

eder gehienek faltsutasunean eta fikzioan dute beren funtsa, edo hiperboletan eta

metaforetan, bai eta terminoen gehiegizko erabileran edo haien ohiko esanahitiko

desbiderapenean ere. Irudimenaren ateraldiak oztopatzea eta adierazpen guztiak

geometriaren egietara eta zehaztasunera erreduzitzea kritikaren legeen kontrakoa

litzateke zeharo. Izan ere, horrela ekoiztutako lana, esperientzia unibertsalaren arabera,

zozoena eta higuingarriena litzateke. Nahiz eta poesiak ezin duen inoiz ere amore eman

egia zehatzaren aurrean, talentuaren eta behaketaren bitartez egileak aurkitutako

artearen erregelek mugak jartzen dizkiote poesiari berari. Zenbait idazle zabarrek eta

araugabek atsegina eman baldin badute ere, ez dute atseginik eman erregelari edo

ordenari men ez egiteagatik, bestelako arrazoiengatik baizik. Kritika zuzenak onar

ditzakeen bestelako edertasunak izan dituzte idazle horiek; edertasun horien indarra

zentsuraren gainetik igarotzeko gai izan da eta, halaber, narrio horietatik sortutako

7
higuina baino handiagoa den atsegina gogamenari emateko gai izan da. Ariostok

atsegina ematen du.v Alabaina, ez du atsegina ematen bere fikzioa ikaragarria eta ez-

probablea delako, ezta estilo serioaren eta komikoaren arteko nahasketa bitxiarengatik

ere, edo bere istorioek duten koherentziarik ezarengatik, edo bere narrazioan behin eta

berriro izaten diren etenengatik. Aitzitik, liluratzen du bere adierazpenek dituzten

indarrari eta argitasunari esker, bere asmakizunen lastertasunari eta aniztasunari esker

eta alaitasun- eta maitasun-grinen irudi naturalei esker. Nahiz eta haren akatsak atsegina

txikiagotzeko gauza diren, ezin dute atsegin hori zeharo desegin. Guk sumatzen dugun

atseginaren iturria akastuntzat jotzen ditugun poemaren zatiek osatuko balute, ez

genuke, oro har, kolokan jarriko kritika. Kolokan jarriko genituzke kritikaren erregela

partikularrak bakarrik, zeinek horrelako zirkunstantziak akatsak direla eta, halaber,

unibertsalki gaitzesgarriak direla finkatuko bailukete. Atsegina sortzen baldin badute,

ezin dira akatsak izan; egia bada ere sortzen duten atsegina ustekabekoa eta azaldu

ezinezkoa dela.

[10] Nahiz eta artearen erregela orokorren funtsa giza naturaren sentimendu

komunen gaineko esperientzian eta behaketan dagoen, ezin dugu pentsatu gizakien

sentipenak erregela horietara beti egokitzen direnik. Gogamenaren emozio sotilago

horiek izaera samurra eta fina dute eta, beren printzipio orokor eta finkatuekin bat

etorriz, erraz eta zehatz joka dezaten aldeko zirkunstantzia asko batera gertatzea

premiazkoa da. Horrelako malguki txikiekvi topa dezaketen kanpo-oztoporik

ñimiñoenak, edo barne-nahasmenik ñimiñoenak ere, haien mugimendua aztoratzen du

eta makina osoaren jarduera nahasten du. Mota horretako esperimenturen bat egin nahi

dugunean, edertasunaren eta deformazioaren indarra neurtu nahian-edo, kontu handiz

aukeratu behar ditugu une eta leku egokiak, eta irudimena ere egoera eta jarrera egokian

8
paratu behar dugu: gogamena erabat lasaitu, oroipenetan bildu, objektuan arreta jarri.

Zirkunstantzia horietakoren bat falta baldin bada, gure esperimentua engainagarria izan

daiteke, eta ez gara gai izango edertasun orobarnehartzailea eta unibertsala juzgatzeko.

Naturak formaren eta sentimenduaren artean kokatu duen erlazioa ilunagoa izango da

bederen, eta horren jarraipena egiteko eta horretaz jabetzeko zehaztasun handiagoa

beharrezkoa da. Erlazio horren eragina mugatzeko gai izango gara, ez edertasun

partikular bakoitzaren jarduerarengatik, baizik eta luzaroko mirespenarengatik; izan ere,

lan horiek modaren apeta guztiei gailendu zaizkie, baita ezjakintasunaren eta

bekaizkeriaren hutsegite guztiei ere.

[11] Orain dela bi mila urte Atenasen eta Erroman gustuko zuten Homero bera

Parisen eta Londresen miresten dute artean. Izan diren giro-, gobernu-, erlijio- eta

hizkuntza-aldaketak ez dira gai izan haren loria iluntzeko. Autoritateak edo aurreiritziak

poeta edo hizlari eskas bat modan jar dezakete behin-behineko, baina haren ospea ez da

izango ez luzaroko ez orokorra. Egile horren lanak ondorengoek edo atzerrikoek

aztertutakoan, xarma guztia aienatuko da, eta haren hutsegiteak agerian geratuko dira.

Aitzitik, benetako talentu baten kasuan, zenbat eta denbora luzeago iraun haren lanek,

zenbat eta esparru handiagoan ezagutuak izan, orduan eta zintzoagoa izango da harekiko

miresmena. Bekaizkeriak eta jeloskortasunak garrantzi handiegia dute zirkulua estua

denean; are gehiago, pertsona bat zuzenean ezagutzeak haren jardunak merezi dituen

txaloak gutxi ditzake. Haatik, horrelako eragozpenak bazterrean uzten direnean,

sentimendu atseginak suspertzeko egokiak diren edertasunek beren energia erakusten

dute berehala eta, munduak dirauen bitartean, gizakien gogamenaren gainean duten

autoritateari eusten diote.vii

9
[12] Gustuaren aniztasun eta aldakortasun ororen artean badaude, agidanez,

onespen- eta gaitzespen-printzipio orokorrak, eta begi arretatsu batek antzeman

diezaioke haien eraginari gogamenaren jarduera guztietan. Gure barneko ehunaren

jatorrizko egitura dela-eta, zenbait forma eta tasun partikular atsegina emateko

kalkulatuak dira, eta bestetzuk atsekabetzeko. Kasu zehatz batean ez baldin badute

beren helburua lortzen, organoak duen akatsen edo inperfekzioren batengatik izango da.

Zaporeen gaineko erabakia hartzeko unean sukarrak jota dagoen pertsona ez da tematu

behar bere gustuan, edo minoriak jota dagoenak ezin du erabakirik hartu koloreen

gaineko auzietan. Kreatura bakoitzak baditu egoera zuzena eta akastuna, eta suposatu

behar dugu lehenengoak bakarrik eman diezagukeela gustuaren eta sentimenduaren

egiazko arau bat. Organoaren egoera zuzena dela onartuz gero, gizakien artean,

sentimenduei dagokienez, antzekotasun osoa edo handia baldin badago, orduan

edertasun perfektuaren ideia erator dezakegu. Antzera, egun-argitan eta osasuntsua den

gizakiaren begietan objektuak duen agertzeko moduari benetako eta egiazko kolorea

esaten zaio, kolorea zentzumen-ilusioa baino ez dela onargarria izan arren.viii

[13] Edertasunaren eta deformazioaren sentimenduak printzipio orokor horien

mendekoak dira, eta printzipioen eragina eragozten edo ahultzen duten barne-organoen

akatsak asko eta sarriak izaten dira. Objektu batzuk, gogamenaren egituraren kariaz,

atsegina emateko pentsatuak badira ere, ezin da espero banako guztiek atsegina modu

berean sentituko dutenik. Izaten dira gertakari eta egoera partikularrak objektuei argi

faltsua egokitzen dietenak edo egiazko argiari, sentimendu eta hautemate egokiak

irudimenera eramateko garaian, oztopoak jartzen dizkiotenak.ix

10
[14] Hainbat pertsonak ez dute edertasunaren sentimendu egokirik, eta

gertakari horren kausa nabaria hauxe da: emozio delikatuago horiekiko sentiberatasuna

edukitzeko premiazkoa den irudimenaren fintasunik eza. Jende guztiak nahi du fintasun

hori; jende guztia mintzatzen da fintasun horretaz, eta jende guztiak erreduzituko luke

mota orotako gustua edo sentimendua fintasun horren araura. Dena dela, saiakera

honetan dugun asmoa adimenaren argi apurra sentimendu mailan gertatzen denarekin

nahastea denez gero, orain arte eman duguna baino zehatzagoa den fintasunaren

definizioa ematea egokia litzateke. Eta gure filosofia sakonegia den oinarritik sor ez

dadin, On Kixote liburuko pasarte ezagun bati helduko diogu.x

[15] 'Nik ardoari buruzko judiziorik eduki nahi izatea zentzuzkoa da erabat',

esaten ari zaio Santxo sudur handiko ezkutariari. 'Gure familian hori herentziazko

ezaugarria da. Nire senideetako bi deitu zituzten iritzia eman zezaten kupela batean

zegoen ardoari buruz; itxura guztien arabera, ardo bikaina, urtetsu eta uzta onekoa zen.

Senideetako batek dastatu zuen, aztertu, eta hausnarrean aritu eta gero, ardoa ona

litzatekeela adierazi zuen, berak sumatutako larru-zapore ñimiñoarengatik ez balitz.

Besteak, antzera jokatu ondoren, ardoaren aldeko epaia ere eman zuen, baina arazo bat

zegoen, erraz bereizten baitzen burdina-zaporea. Ezin duzu ezta irudikatu ere egin nola

geratu ziren biak barregarri emandako judizioengatik. Baina azkenean nork egin zuen

barre? Kupela husten ari zirela, haren hondoan larruzko uhal bati loturiko giltza zahar

bat aurkitu zuten.'

[16] Gogo- eta gorputz-gustuaren arteko antzekotasun handiak erakutsiko digu

nola erabili istorio hori. Nahiz eta ziurra den edertasuna eta deformazioa, gozoa eta

mikatza bezala, objektuetan dauden tasunak ez direla eta sentimenduarenak direla

11
guztiz, bai barnekoarenak bai kanpokoarenak, onartu beharra dago objektuetan

badaudela zenbait tasun sentipen partikular horiek ekoizteko egokiak direnak izatez.

Dena dela, tasun horiek neurri txikiago batean egon daitezkeenez gero, edo beste

tasunekin nahastuta egon daitezkeenez gero, sarritan gertatzen da horrelako tasun

ñimiñoek gustuan ez dutela inongo eraginik izaten, edo modu nahasian agertutako

zapore partikular guztiak bereizteko gauza ez dela gustua. Organoak ezeri ihes egiten ez

uzteko behar bezain zoliak baldin badira, eta aldi berean konposizioaren osagai guztiak

hautemateko behar bezain zehatzak, orduan gustuaren fintasunaz mintza gaitezke, hitz

horiek zentzu literalean nahiz metaforikoan erabiliz. Orduan, edertasunaren erregela

orokorrak erabil daitezke, bai finkatutako ereduetatik eratortzen direnak bai atsegina

ematen edo atsekabetzen duenaren behaketatik eratorritakoak, atsegina ematen edo

atsekabetzen duen hori bakar-bakarrik eta neurri altuan agertzen denean. Eta konposizio

jarraituan eta neurri txikian dauden tasun berek ez baldin badute eraginik organoetan

modu atsegin edo asaldatzaile batean, pertsona hori fintasun hori edukitzeko ezgaitzat

hartuko dugu. Erregela orokor horiek edo konposizioaren eredu ezagunak ekoiztea

larruzko uhalari loturiko giltza aurkitzearen antzekoa da; uhalari loturiko giltzak

justifikatu du Santxoren senideen epaitza, eta horiek kondenatu dituzten itxurazko

epaileak nahastu ditu. Kupela hustu izan ez balute, senideen gustuak fina izaten

jarraituko zukeen berdin-berdin, eta besteenak ergela eta makala berdin-berdin; hala ere,

zailagoa izango zatekeen senideen gustuaren nagusitasuna frogatzea eta behatzaile

guztiak konbentzitzea. Antzera, nahiz eta literaturaren edertasuna sekula ez den arautu

edo printzipio orokorretara ez den erreduzitu, eta eredu bikainik ez egon arren, oraindik

gustuaren maila desberdinak badaude, eta gizaki baten judizioa beste batena baino

hobea da. Haatik, kritikari txarra isilaraztea ez da hain erraza izango, eta beti izango du

aukera bere sentimendu partikularrean tematzeko, aurkariaren aurrean amore emateari

12
uko eginez. Alabaina, artearen printzipio ezagunen bat erakusten diogunean eta

printzipio hori adibideen bitartez ilustratzen dugunean, adibide horien jokabidea

printzipio horretara egokitzen dela onartzen du bere gustu partikularretik abiatuz. Eta

oraingo kasuari ere printzipio bera aplika dakiokeela frogatzen dugunean -nahiz eta

berak ez duen ez hauteman ez sumatu printzipio horren eragina-, orduan berak

ondorioztatu beharko du errua beregan dagoela eta, halaber, fintasunik ez duela, zeina

baldintza beharrezkoa baita edozein konposiziotan edo diskurtsotan dagoen edertasun

edo narrio guztiaz jabetzeko.xi

[17] Ezaguna da zein den zentzumen edo ahalmen ororen perfekzioa, hain

zuzen ere, bere objekturik ñimiñoena ere zehatz-mehatz hautematea eta, halaber, ezeri

ez uztea bere behaketatik eta oharmenetik ihes egiten. Begiak atzeman ditzakeen

objektuak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta finagoa da organoa, eta horren egitura

eta osaera orduan eta landuagoa da. Gustu ona neurtzeko ez dira zapore sendoak erabili

behar, osagai txikien nahastura bat baizik, eta beraren zati bakoitzaz ohartuko gara,

nahiz eta zati hori ñimiñoa izan eta gainerakoekin nahasturik egon. Antzera,

edertasunaren eta deformazioaren hautemate azkar eta zorrotzean datza gure gogo-

gustuaren perfekzioa. Eta gizaki bat ezin da bere buruarekin gustura egon diskurtso

batean gauza bikainen bat edo narrioren bat oharkabean pasa zaiola susmatzen baldin

badu. Kasu horretan, gizakiaren perfekzioa eta zentzumenaren edo sentipenaren

perfekzioa elkarrekin doaz. Zaporeen gaineko gustu oso fina oztopo bat izan daiteke

hainbatetan, norberarentzat nahiz adiskideentzat. Aitzitik, talentuaren edo edertasunaren

gaineko gustu fina beti da tasun desiragarri bat; izan ere, gizakiak eduki ditzakeen

gozamenen artean, inongo kalterik egiten ez dutenen eta onenak direnen iturria da. Hori

dela-eta, gizaki guztien iritziak bat datoz. Gustuaren fintasuna aurkitzen dugun

13
bakoitzean, ziurra da onarpenarekin topo egingo dugula; eta hura aurkitzeko biderik

egokiena da nazioen eta garaien adostasun egonkorraren eta esperientziaren bitartez

finkaturiko ereduetara eta printzipioetara jotzea.

[18] Baina, fintasunari dagokionez, pertsonen artean alde nabarmenak egotea

ohikoa den arren, arte partikular batean jardutea eta edertasun mota partikularrak

sarritan miatzea edo begiestea fintasuna handitzeko eta hobetzeko bide eraginkorrenak

dira. Edozein motatako objektuak begiaren edo irudimenaren aurrean lehenengo aldiz

jartzen direnean, objektu horiei atxikita doan sentimendua iluna eta nahasia da; eta, hein

handi batean, gogamena ez da gai izaten haien merituak edo akatsak adierazteko.

Gustuak ezin die antzeman emanaldiaren ezaugarri bikainei; are gutxiago bereizi

ezaugarri bikain bakoitzaren izaera partikularra, ezta haren kalitatea eta maila aurkitu

ere. Esaten baldin badu obra hori oro har ederra edo itsusia dela, ez dago gehiago

eskatzerik; eta judizio orokor hori ere zalantza eta zuhurtzia handiarekin hartu behar da,

kontuan izanik pertsona horrek eskarmenturik ez duela. Alabaina, pertsona horri uzten

baldin bazaio objektu horien gaineko esperientzia hartzen, haren sentipenak

zehatzagoak eta bikainagoak izango dira. Pertsona horrek ez ditu zati bakoitzaren

edertasunak eta akatsak bakarrik hautemango, baizik eta tasun bakoitzaren barruan

motak ere bereiziko ditu, eta, halaber, tasun horri gorespena edo gaitzespena modu

egokian egotziko dio. Objektuen miaketa osoan sentimendu argia eta bereizia izango du

lagun; eta zati bakoitzak naturalki ekoiztu behar duen onespen edo atsekabe mota eta

maila bereiziko ditu. Hasiera batean objektuaren gainean dagoen lainoa desegingo da,

organoak perfekzio handiagoa eskuratuko du bere eginkizunetan eta pertsona horrek,

hutsegiteko arriskurik gabe, edozein emanaldiren merituen gaineko iritzia eman dezake.

14
Labur esanda, obra bat osatze aldera eskarmentuak ematen dituen trebezia eta abilezia

bide beretik ere eskura daitezke obra hori bera juzgatze aldera.

[19] Edertasunaren bereizkuntzan eskarmentua izatea hain da onuragarria, ezen

baldintza beharrezkoa baita, obra garrantzitsu baten gaineko judizioa egin aurretik, obra

banako horren beraren analisia behin baino gehiagotan egitea eta beraren miaketa

ikuspuntu desberdinetatik arretaz eta hausnarrean egitea. Obra baten gaineko lehenengo

analisia egiten denean, pentsamendua urduritzen eta presaka aritzen da, eta gertakari

horrek edertasunaren benetako sentimendua nahasten du. Zatien arteko erlazioak ez dira

bereizten, ezta estiloaren benetako izaera ere; perfekzioak eta akatsak nahasketa antzeko

batean biltzen dira, eta irudimenaren bitartez haien artean bereizterik ez dago. Areago,

deigarria eta azalekoa den edertasun mota bat badago, atsegina gertatzen dena hasieran;

alabaina, azkenean, edertasun mota hori arrazoimenaren edo grinaren edozein

adierazpiderekin bateraezina gertatuko da, eta gustuaren ikuspuntutik aspergarria.

Orduan erdeinuz baztertuko dugu, edo bederen balio askoz txikiagoa egokituko diogu.

[20] Bikaintasun moten eta mailen arteko erkaketak sarritan egitera behartuta

egon gabe, eta haien arteko proportzioak kalkulatu gabe, ezinezkoa da edozein

edertasun mota begiesten jarraitzea. Edertasun mota desberdinen arteko erkaketak

egiteko aukerarik izan ez duen gizaki bat bere aurrean aurkeztutako objektu bati

buruzko iritzia emateko ezgai da zeharo. Erkaketaren bitartez bakarrik finkatzen ditugu

gorespenaren eta gaitzespenaren epitetoak, eta gorespen- eta gaitzespen-maila aproposa

egokitzen horrela ere ikasten dugu. Pintura-orban arruntenak ere badu kolore-distirarik,

eta, halaber, imitazioaren ikuspuntutik zehatza izan daiteke; horiek ezaugarri ederrak

dira eta, horregatik, nekazari baten edo indiar baten gogoan miresmen handiena eragin

15
dezake. Balada arruntenak ez dira erabat harmoniarik edo zerizanik gabeak, eta

edertasun nagusietara ohituta dagoen pertsonak baino ez du salatuko doinu horien

zakartasuna edo haien kontakizunaren interesik eza. Edertasuna nabarmen

gutxiagotzeak min ematen dio mota horretako bikaintasunik handiena ezagutzen duen

pertsonari, eta, horregatik, deformaziotzat hartzen da. Izan ere, ezagutzen dugun

objekturik bukatuena perfekzioaren gailurrera iritsi dela onartzen da eskuarki, baita

txalo beroena merezi duela ere. Aro eta nazio desberdinetan miretsiak diren obrak

ebaluatzen, aztertzen eta ikusten ohituta dagoen pertsona batek bere aurrean jarritako

obra baten merituei balioa eman diezaieke, eta talentuaren ekoizpenen artean dagokion

tokian jar dezake obra hori.xii

[21] Dena dela, kritikak eginkizun hori ahalik eta modurik egokienean egin

dezan, aurreiritzi guztietatik aske eutsi behar dio bere buruari, eta aztertzen ari den

objektuaz gain ez du beste ezer kontuan hartu behar. Esan daiteke artelan oro,

gogamenean behar bezalako eragina izan dezan, ikuspuntu zehatz batetik arakatu behar

dela, eta badira obra hori erabat dastatzerik ez duten pertsonak, zeinak obraren

baldintzetara egokitzen ez den egoera errealean edo irudikatuan baitaude. Hizlari batek,

entzuleriaren aurrean mintzatzen denean, aintzat hartu behar ditu entzule horien

trebezia, interesak, iritziak, grinak eta aurreiritziak; bestela, alferrikakoa da espero

izatea haien erabakiak gobernatzea eta haien nahitasuna piztea. Eta entzuleek hizlariaren

aurkako irudipena izango balute –irudipena zentzugabekoa izan arren-, hizlariak aintzat

hartu beharko luke desabantaila hori; gaian bete-betean sartu baino lehen, haien

nahitasuna lortu eta haien oniritziak eskuratzen saiatu beharko luke. Hizlari horren

diskurtsoaren analisia egin beharko lukeen beste garai bateko edo beste nazio bateko

kritikariak zirkunstantzia horiek guztiak kontuan hartu beharko lituzke, eta bere burua

16
entzuleriaren kokapen berean jarri beharko luke diskurtsoaren gaineko judizio egiazko

bat eratze aldera. Antzera, lan bat publikoarengana zuzentzen denean, nahiz eta ni

egilearen adiskidea edo etsaia izan, egoera hori ez dut kontuan hartu behar; aintzat hartu

behar dut neure burua, baina gizaki gisa, zentzu orokorrean ulertuta, eta ahal den

neurrian ahantzi behar ditut nire izate partikularra eta nire zirkunstantziak. Aurreiritzien

mendean dagoen pertsonak ez du betetzen baldintza hori, eta bere kokapenari eusten

tematzen da; ez du bere burua kokatzen obrak duen ikuspuntuan; obra beste garai eta

nazio bateko pertsonengana zuzenduta baldin badago, haien ikuspegia eta aurreiritziak

ez ditu aintzat hartuko. Aitzitik, besteen iritzian miresgarria dirudiena zentzurik

gabekotzat hartuko du bere garaian eta lurraldean bakarrik oinarrituz, nahiz eta

diskurtsoa osatua izan den beste garaikoei begira. Obra hori publiko horrentzat egina

baldin bada, pertsona hark ez du sekula behar beste zabalduko bere ulermena, edo ez du

sekula ahantziko bere interesa, bai adiskide gisa bai etsai gisa, bai arerio gisa bai

iruzkingile gisa. Horrela, beraren sentimenduak okertzen dira; halaber, edertasun eta

narrio berek ez dute izango pertsona horrengan izango luketen eragina bere irudimena

behar bezala behartu izan balu eta une batez bere buruaz ahaztu izan balitz. Hortaz,

beraren gustua argi eta garbi benetako arautik desbideratuko da eta, ondorioz,

sinesgarritasun eta autoritate osoa galduko du.

[22] Jakina da, batetik, adimenera jotzen dugun auzi guztietan aurreiritzia

suntsitzailea dela judizio zuzenari dagokionez eta bide okerretik eramaten dituela buru-

ahalmenen jarduera guztiak. Bestetik, gustu onaren aurkari makala ez da; ez eta

edertasunaren sentimendua okertzeko eragin txikikoa ere. Zentzu onari dagokio

aipatutako bi kasu horietan aurreiritziaren eragina aztertzea, eta horrelako kontuetan,

bestelakoetan bezala, arrazoimena gustuaren jardueretan derrigorrezkoa da behinik

17
behin, gustuaren alderdi funtsezkoa ez bada ere. Talentuaren ekoizpen nobleago

guztietan zatiak elkarrekin erlazionatzen eta egokitzen dira; eta, osoaren konsistentzia

eta uniformetasuna hautemate aldera, zati horietaz jabetzeko eta ondoren elkarren arteko

erkaketa egiteko gaitasunik gabeko pentsamendua duen pertsonak ezin du hauteman

edertasunik, ezta akatsik ere. Artelan orok badu jomugaren edo helbururen bat, eta horri

begira egiten da; eta zenbat eta gehiago egokitu helburu horretara, orduan eta

perfektuagotzat hartzen dugu. Elokuentziaren helburua konbentzitzea da, historiarena

irakastea, poesiarena atsegina ematea grinen eta irudimenaren bidez. Helburu horiek

aintzat hartu behar dira edozein obraren analisia egiten dugunean. Eta erabilitako

baliabideak beren helburuetara zenbateraino egokitzen diren juzgatzeko gai izan behar

dugu. Gainera, edozein konposizio mota, poetikoena bada ere, proposizioen eta

arrazonamenduen kate bat baino ez da; jakina, ez da beti izango doiena eta zehatzena,

baina, hala ere, onargarria eta itxuraz egokia da, nahiz eta irudimenaren koloreez

mozorroturik egon. Tragediako eta poesia epikoko pertsonaiak ikusi behar ditugu beren

izaera eta zirkunstantzien arabera arrazoituko, pentsatuko, ondorioztatuko eta jokatuko

balute bezala. Eta judiziorik gabe, gusturik eta asmakuntzarik gabe bezalaxe, poeta

batek ezin du espero hain fina den eginkizunean arrakastarik edukitzea. Ezin da ahaztu

arrazoimena hobetzen laguntzen duen ahalmenen bikaintasun bera, ulermenaren

argitasun bera, egiten ditugun bereizketen zehaztasun bera eta atzematearen bizitasun

bera benetako gustuaren jarduerarako premiazkoak direla eta batera doazela. Gutxitan

gertatzen da, edo inoiz ez da gertatzen, arte-kontuetan esperientzia duen edonor gai ez

izatea artearen edertasuna juzgatzeko; eta zaila da benetan aurkitzea adimen zuzenekoa

ez den gustu oneko pertsona bat.

18
[23] Hortaz, nahiz eta gustuaren printzipioak unibertsalak eta ia berdinak izan

gizaki guztientzat, pertsona bakar batzuk baino ez dira gai artelan bati buruzko judizioa

egiteko edo beren sentimendua edertasunaren arau gisa finkatzeko. Barne-sentimenaren

organoak gutxitan izaten dira behar bezain perfektuak printzipio orokorrei beren

eginbehar osoa egiten utz diezaieten eta printzipio horiei dagokien sentipena ekoitz

dezaten. Edo organo horiek akatsen bat dute, edo arazoren batek kalte egin die. Horrela,

desegokitzat har daitekeen sentimendu bat sortarazten dute. Kritikaria fina ez denean,

bereizketarik egin gabe juzgatzen du, eta harengan objektuaren tasun agerikoenek eta

nabarmenenek baino ez dute eragiten: finagoak diren ezaugarriak ez ditu aintzat hartzen,

eta ez da haietaz ohartzen. Eskarmentuak ez baldin badio laguntzen, haren iritzia

nahasketarekin eta zalantzarekin batera datorkigu. Konparaketak ez baldin baditu egin,

edertasunik ergelenak -hau da, ‘akats’ izena edukitzea mereziko luketenak-

mirespenaren objektu bihurtuko dira. Aurreiritziaren mendean dagoenean, haren ohiko

sentimendu guztiak bide okerretik doaz. Haren zentzu ona eskasa denean, ez da gauza

izaten diseinuaren eta arrazoimenaren edertasunak bereizteko, aipatu edertasun horiek

gorenak eta bikainenak izan arren. Gizaki gehienak adierazi ditudan inperfekzio baten

edo bestearen mendean dabiltza. Horregatik, nahiz eta garairik finenean kokatu, arte

ederretan egiazko judizioa noizbehinka baino ez da gertatzen. Hortaz, kritikak egiazko

judizio horretara irits daitezen, sentimendu finarekin batera nahitaezkoa da zentzu

sendoa, praktikaren bitartez eta erkaketen bidez hobetua eta aurreiritzi orotatik

aldendua. Horrela sortutako kritiken erabakia gustuaren eta edertasunaren benetako

araua da, eta berdin dio nongoa eta noizkoa den.xiii

[24] Baina non aurki daitezke horrelako kritikak? Zeren bitartez ezagutuko

ditugu? Nola bereizi haiek kritika iruzurtietatik? Galdera horiek nahasgarriak dira, eta

19
badirudi saiakera honetan saihestu nahi izan dugun zalantza berean murgilaraziko

gaituztela.

[25] Dena dela, auzi horiek zuzen aztertuz gero, gertakarizko kontuak direla

ikusiko dugu, eta ez sentimenduei dagozkienak. Pertsona zehatz bat dela-eta,

aurreiritzietatik libre egoteaz gain, zentzu ona eta irudimen fina duen edo ez oso

eztabaidagarria izan daiteke sarri askotan, eta azterketa eta ikerketa sakonak eska

ditzake. Baina horrelako ezaugarriak dituena balio handikotzat hartuko dute eta

estimutan edukiko dute gizaki guztiek. Horrelako zalantzak sortzen direnean, gizakiek

egin dezaketen bakarra da adimenaren bitartez aztertzen diren auzi eztabaidagarrietan

egiten den gauza bera: asma ditzaketen argudiorik onenak proposatu behar dituzte,

onartu behar dute nonbait badagoela egiazko arau erabakigarria -hau da, existentzia

erreal eta gertakarizko auzi gisa-, eta barkabera izan behar dute beren arauari

dagokionez bat ez datozenekin. Frogatu baldin badugu gizabanako guztien gustuak ez

daudela maila berean, eta oro har gizaki batzuek besteekin alderatuta lehentasuna dutela

aho batez onartzen baldin bada -nahiz eta zaila den zehatz-mehatz esatea nortzuk diren

gizaki horiek-, orduan hori nahikoa da orain dugun helburuari begira.

[26] Egiatan, gustuaren araua aurkitzeko zailtasuna ez da dirudien bezain

handia, ezta kasu zehatzetan ere. Nahiz eta teoriaren ikuspuntutik zientziarako irizpidea

onar dezakegun eta sentimendurako irizpiderik, ordea, ez, praktikan askoz zailagoa da

lehenengo kasuan aurkitzea bigarrenean baino. Filosofia abstraktuaren teoriak eta

teologia sakonaren sistemak luzaroan nagusiak izan dira. Ondorengo garaietan

gezurtatuak izan dira guztiz, haien izaera absurdoa agerian geratu baita. Haien ordez

bestelako teoriak eta sistemak ezarri dira, eta azken horiek, halaber, ondorengoei ere

20
lekua utzi diete. Eta zientziaren erabakiak baino gauza lotuagorik ez dago menturan eta

modan oinarritutako iraultzekin. Ez da gauza bera gertatzen poesiaren eta

elokuentziaren edertasunarekin. Grinaren eta naturaren adierazpide egokiek, luze gabe,

publikoaren txaloak bereganatuko dituzte, eta betiko irauten dute. Aristoteles, Platon,

Epikuro eta Descartesi dagokienez, nor bere txandan etor daiteke hurrenez hurren.

Baina Terentziok eta Virgiliok gizakien gogoaren gaineko nagusitasun unibertsalari eta

zalantzarik gabekoari eusten diote. Zizeronen filosofia abstraktuak sinesgarritasuna

galdu du; aitzitik, haren oratoriaren suhartasuna miretsia da oraindik ere.xiv

[27] Nahiz eta gustu fineko gizakiak bakan batzuk baino ez diren, gizarte

mailan erraz bereizten dira bai haien adimenaren zuzentasunaren bitartez bai, gainerako

gizakiekin alderatuta, haien ahalmenen nagusitasunaren bitartez. Eskuratu duten

garrantzia dela-eta, talentuaren edozein ekoizpenen aurrean haiek eman dezaketen

onarpen sutsua balio handikoa izaten da, eta eskuarki nagusitzen da. Pertsona askok

edertasunaren hautemate ahul eta zalantzazkoa baino ez dute lortzen beren kabuz, baina,

halere, begi aurrean jarri zaien trazu eder bat dastatzeko gauza dira. Poeta edo hizlari

baten miresle bihurtzen denak bihurtze berriren bat eragingo du. Nahiz eta aurreiritziak

nagusiak izan daitezkeen denboraldi batean, ez dute bat egiten benetako talentuaren

aurkaria goraipatzeko orduan, eta, azkenean, naturaren indarrari eta sentimendu egokiari

men egiten diete. Hortaz, nazio zibilizatu bat filosofo miretsia aukeratzeko unean erraz

asko oker egon badaiteke ere, gogoko egile epiko edo tragikoarenganako maitasunari

dagokionez ezin da luzaroan oker egon.

[28] Nahiz eta gustuaren arauren bat finkatzen eta gizakiek dituzten ikuspegi

desberdinak adiskidetzen saiatu garen, oraindik ere badaude desadostasunen bi iturri.

21
Iturri horiek ez dute edertasunaren eta deformazioaren arteko mugak lausotzeko

bezainbesteko indarrik, baina, gure onespenen eta gaitzespenen mailari dagokionez,

aldaketaren bat sor dezakete. Lehenengoa gizaki partikularrek izaten duten aldarte

desberdina da; bigarrena, ordea, gure garaiaren eta gure lurraldearen jokabide eta iritzi

partikularrak. Gustuaren printzipio orokorrak uniformeak dira giza naturarengan.

Gizakiek judizio desberdinak egiten dituztenean, ahalmenen akats edo okertzeren bat

aipa daiteke eskuarki, hain zuzen ere, aurriritziren batek edo praktikarik ezak edo

fintasunik ezak sortutakoa, eta horrela badago arrazoi egokiren bat gustu bat onartze

aldera eta beste bat gaitzeste aldera. Baina, inongo errudunik gabe, gertatzen baldin

bada barneko egituran edo kanpoko egoeran halako aniztasuna izatea, zeinak ez baitu

uzten zirrikiturik lehentasunak ezartzeko, orduan, judizioari dagokionez ere, aniztasun-

gradu bat saihestezina izango da, eta alferrik gabiltza aurkako sentimenduak adiskidetu

nahi dituen arau baten bila.

[29] Grinatsua den gaztea sentiberagoa da irudi maitagarri eta samurren

aurrean, zaharragoa den gizakia baino; izan ere, azken horrek atsegin ditu zuhurtzia,

bizi-jokabideari buruzko gogoeta filosofikoak eta grinei neurria hartzea. Hogei urterekin

Ovidio izan daiteke egilerik gustukoena; berrogei urterekin Horazio, eta berrogei eta

hamarrekin Tazito agian.xv Horrelakoetan alferrik da saiatzea besteen sentimenduetan

sartzen eta guregan naturalak diren joerak ezabatzen. Egilerik gustukoena aukeratzen

dugu adiskide bat aukeratzen dugun bezala, hau da, aldartean eta jaiduran bat eginez.

Alaitasuna edo grina, sentimendua edo gogoeta; horien artean gure aldartean nagusiak

direnen arabera, gure antzekoa den idazlearenganako halako sinpatia izango dugu.xvi

22
[30] Batzuek atseginago dute bikaina dena, beste batzuek samurra dena, eta

azken batzuek txantxa. Pertsona bat oso sentibera da akatsen aurrean, eta zuzentasuna

zaintzen du guztiz. Beste batek edertasunaren sentimendu biziagoa dauka, eta gai da

hogei aldrebeskeria eta akats barkatzeko trazu bikain edo lazgarri baten truke. Pertsona

baten entzumena zehaztasunera eta kemenera egokitzen da; beste bat, ordea, poz-pozik

dago adierazpen oparo, jori eta harmoniatsuarekin. Batzuengan sinpletasunak du

eragina: besteengan apaingarriak. Komediak, tragediak, satirak eta odek beren zaleak

dituzte, idazteko mota horietako bat besteak baino nahiago dutenak. Idazteko genero

edo estilo bakar batera mugatzea onespena, gainerakoak baztertuz, hanka-sartze

nabarmena da kritika batean. Baina gure joera eta disposizio partikularrarekin bat egiten

duenaren alde ez jotzea ia ezinezkoa da. Horrelako zaletasunak ez dira kaltegarriak, eta

saihestezinak dira. Zentzuz ezin da eztabaidatu haiei buruz, ez baitago araurik haien

gaineko erabakirik hartzeko.

[31] Arrazoi antzekoengatik, irakurtzen ari garela, gustukoago ditugu gure

garaian edo gure lurraldean aurki daitezkeen irudiak eta pertsonaiak, bestelako ohiturak

deskribatzen dituztenak baino. Ahalegin bat eskatzen du aspaldiko bizimodura

egokitzeak, esaterako, iturritik ura ekartzen duten printzesak edo beren otorduak

prestatzen dituzten erregeak eta heroiak ikusten ditugunean. Oro har, onar dezakegu

horrelako bizimodua irudikatzea ez dela ez egilearen akatsa ez obraren deformazioa.

Halere, obra horiek ez dira gure sentimenduetara iristen. Hortaz, komedia bat garai edo

lurralde batetik bestera aldatzea ez da erraza. Frantses edo ingeles batek ez ditu atsegin

ez Terentzioren Andria ez Makiaveloren Klizia; izan ere, obraren ardatza den emakume

ederra ez da sekula agertzen ikusleen aurrean, beti ezkutuan dago, eta hori antzinako

greziarren eta egungo italiarren umore berezira egokitzen da. Gizaki ikasi eta

23
gogoetatsuak bizimodu horren ezaugarriak onar ditzake, baina ikuslego arruntak ezin

ditu ezabatu bere ohiko ideiak eta sentimenduak berorien antzik ez duten irudiak

dastatze aldera.xvii

[32] Orain gogoeta bat sortu da, erabilgarria izan daitekeena antzinakoaren eta

modernoaren arteko eztabaida ospetsua aztertzeko. Sarri askotan, alde batekoak

antzinakoen edozein ustezko aldrebeskeria zuritzeko prest agertzen zaizkigu garai

hartako bizimoduan oinarrituz. Beste aldekoek ez dute horrelako aitzakiarik onartzen,

eta, onartzekotan, egilea zuritzeko bakarrik, ez, ordea, obra zuritzeko. Nire ustean,

eztabaidan parte hartzen dutenek auzi horren muga egokiak gutxitan finkatu dituzte.

Irudikatzen diren bizimoduaren zenbait ezaugarri inozo –gorago aipatutakoak

bezalakoak- onartu behar dira. Horiekin harritzen den gizaki batek garbi erakusten du

bere fintasun eta dotoretasun faltsua. Gizakiak onartuko ez balitu bizimoduaren eta

ohituren etengabeko iraultzak, eta indarrean dagoen modarekin bat datorrena baino

onartuko ez balu, orduan poetaren brontzea baino iraunkorragoa den monumentua ere

goitik behera eroriko litzateke, adreilu arruntaren edo buztinaren antzera. Arbasoen

irudiak baztertu behar al ditugu idunekoak eta azpiko gonak agertzen direlako?

Alabaina, moraltasunaren eta prestutasunaren ideiak garai batetik bestera aldatzen

baldin badira eta erru- eta gaitzespen-ukitu egokiaren markarik gabeko bizimodu

maltzurra deskribatzen baldin bada, orduan horrek poema desitxura dezake eta bertan

benetako deformazioa eragin dezake. Ezin dut bat egin –eta ez dut bat egiterik-

horrelako sentimenduekin: nahiz eta poeta horri barka diezaiokedan bere garaiko

bizimoduaren kariaz, haren obra ez dut gogoko izango. Antzinako poetek -baita

zenbaitetan Homerok berak eta Greziako tragedia-egileek ere- diseinatutako

pertsonaiengan horren nabarmena den gizatasunik eta prestutasunik ezak haien lan

24
zintzoen meritua nabarmen gutxitzen du, eta egile modernoei haiekiko abantaila ematen

die. Ez dugu interesik horrelako heroi zakarren gorabeheretan eta sentimenduetan;

bizioaren eta bertutearen arteko mugak horren nahasi ikustea ez dugu atsegin. Idazle

horiei dagokienez, haien aurreiritziak aintzat hartuz, barkaberak izan bagaitezke ere,

ezin ditugu haien sentimenduak onartu, ezta garbi asko gaitzesgarritzat hartzen ditugun

haien pertsonaiak begi onez ikusi ere.xviii

[33] Printzipio moralen auzia ez da edozein motatako iritzi espekulatiboen

auziaren parekoa. Azken horiek etengabeko aldaketa eta iraultza pairatzen dituzte.

Semeak onartzen duen sistema ez da haren aitarena. Areago, hori dela-eta, bere

irmotasunaz eta uniformetasunaz harro egon daitekeen gizakiren bat gutxitan ikusten

dugu. Edozein garaitako eta lurraldetako idazki finetan errakuntza espekulatiboak

aurkitzen badira ere, lan horien balioa ez da gutxitzen. Pentsamenduan eta irudimenean

aldaketa bat baino ez da behar indarrean zeuden iritzi guztiekin bat egiteko, eta

horietatik eratortzen diren sentimenduak eta ondorioak dastatzeko. Haatik, ahalegin

bortitz bat beharrezkoa da jokabideen gaineko gure judizioak alda daitezen eta, halaber,

gure gogoaren ohiko sentimenduetatik desberdinak diren onespen- edo gaitzespen-,

maitasun- edo gorroto-sentimenduak pitz daitezen. Eta pertsona bat ziur baldin badago

moralaren arauaren zuzentasunaz -zeinaren arabera berak juzgatzen baitu-, orduan

arretaz zainduko du arau hori, eta bere bihotzeko sentimenduak ez ditu sekula bide

okerretik eramango idazleren bati atsegina ematearren.

[34] Talentuaren ekoizpenetan izaten diren errakuntza espekulatiboen artean

erlijioarekin zerikusia dutenak barkagarrienak dira. Areago, jendea, edo pertsona bakar

bat, zibilizatua edo zuhurra ote den juzgatzea bere printzipio teologikoen izaera

25
zakarraren edo finaren arabera ez da bidezkoa beti. Bizitzaren gorabehera arruntetan

gizakia gidatzen duen zentzu ona bera ez da aintzat hartzen erlijio-auzietan, zeinei buruz

onartzen baita giza arrazoimenaren ezagutzatik haraindi kokatuta daudela. Hortaz,

kritikak ez ditu kontuan hartu behar teologia-sistema paganoaren aldrebeskeria guztiak,

kritika horrek antzinako poesiaren nozio egoki bat osatu nahi baldin badu. Era berean,

gure ondorengoek berdin jokatu behar dute beren arbasoekin. Poetei ezin zaie egotzi

erru gisa inongo erlijio-printzipiorik, printzipio horiek printzipioak baino ez baldin

badira, hau da, printzipioak poeten bihotzean ez baldin badira behar besteko

indarrarekin iltzatu fanatismoaren edo sineskeriaren mendean eror daitezen. Bestela,

sentimendu moralak nahasten dituzte eta bizioaren eta bertutearen arteko mugak

aldatzen dituzte. Hortaz, goiko printzipioen arabera, kutsatuta geratzen dira betiko, eta

ez aurreiritziek ez garaiko iritzi faltsuek ezin dituzte haiek justifikatu.

[35] Erlijio katoliko erromatarraren ezaugarri funtsezkoa da bestelako gurtza

guztien aurka gorroto bortitza bultzatzea, eta pagano, mahomatar eta heretiko guztiak

jainkoaren haserrearen eta mendekuaren objektuak balira bezala irudikatzen ditu.

Horrelako sentimenduak, nahiz eta gaitzesgarriak diren bene-benetan, bertutetzat

hartzen dituzte erlijio horretako kide fanatikoek, eta haien tragedietan eta poema

epikoetan jainkozko heroismo mota gisa agertzen dira. Fanatismo horrek antzerki

frantsesaren bi tragedia dotore desitxuratu ditu, Polieukto eta Atalia, hain zuzen ere.

Azken horretan, gurtza mota zehatzen aurka dagoen neurrigabeko fanatismoari

izugarrizko ospea egokitzen zaio, eta pertsonaien izaera nagusia fanatismo horren

inguruan eratzen da. Ezin hobea den Joadek Josabet aurkitzen du Baal-eko apaiza den

Mathanekin mintzatzen, eta horrela esaten dio: ‘Zer da hau? Traidore horrekin

mintzatzen al da Daviden alaba? Lurra ireki eta zuek biok irentsiko zaituzteten lau sugar

26
isurtzeak ez al zaitu beldurtzen? Edo horma santu hau erori, eta zuek biok zapaltzeak ez

al zaitu beldurtzen? Zein da apaiz horren helburua? Zertarako etorri da Jainkoaren

etsaia? Beldurgarria den bere egote hutsaz guk arnasten dugun airea pozoitzeko?

Sentimendu horiek txalo-zaparrada jasotzen dute Parisko antzerki-aretoetan. Alabaina,

Londresko ikusleek sentimendu berdinak izango lituzkete Akilesek Agamenoni zakur-

aurpegia eta orein-bihotza dituela esango balio, edo Jupiterrek Juno jipoi latz batekin

mehatxatuko balu lasai ez egoteagatik.xix

[36] Erlijio-printzipioek edozein lan fin kutsatzen dute, batez ere,

sineskeriarako bidea zabaltzen dutenean eta edozein sentimendutan sartzen direnean,

nahiz eta sentimendu horiek erlijioarekin loturarik ez izan. Poetaren aitzakia ezin da

izan esatea bere lurraldeko ohiturek erlijio-errituz eta zeremoniaz bizitza blaitu dutela

edo guztia uztarri horri helduta dagoela. Petrarkaren kasuan lotsagarria izan behar du

Laura anderea Jesukristorekin alderatzeak. Ez du lotsa gutxiagorik eragiten Boccacio

libertino atseginak Jainko Ahalguztidunari eta andereei eskerrak oso serio eman izanak

bere etsaiengandik babestu dutelako. xx

27
OHARRAK


Itzultzailearen oharra: jatorrizko testuan ez dago paragrafoen zenbaketarik. Dena dela,
ingelesezko zenbait argitalpenetan hemen erabiliko dugun zenbaketaren arabera antolatu
dute testua.
Ondoren datozen ohar guztiak itzultzailearenak dira.
i
Homero poeta grekoa da. Iliada eta Odisea dira haren lan nagusiak. Akiles Iliadako
pertsonaietako bat da, eta Ulises Odiseako pertsonaia nagusia.
Fenelon (1651-1715) poeta frantsesa Telemako izeneko poemaren idazlea da. Telemako
Ulisesen semea da Odisean.
ii
Pasarte honetan Humek kritikatzen du Humek berak Tratatuan aldarrikatu duen
ikuspegi bat: sentimenduak ez-intentzionalak direla dioen teoria kritikatzen du (zentzu
onez kritikatzen du, nire ustez. Ik. liburu honetan, 1.4 atala, ekintzaren teoriari buruzko
atala, hain zuzen ere).
Humek uste du sentimenduen ikuspegi ez-intentzionalak (hau da, ‘sentimendu oro
zuzena da, ez baitu inongo loturarik beragandik kanpo dagoen ezerekin’ dioen
ikuspegiak) erlatibismoa dakarrela: gustuei buruz eztabaidatzea antzua da. Humek
erabateko erlatibismoari aurre egin nahi dio. Testu honek, hein handi batean,
erlatibismoari aurre egin nahi dio, sentimentalismoari uko egin gabe. Azken buruan,
gustuaren arau batera nola irits gaitezkeen erakutsi nahi digu.
iii
Gustuei buruzko eztabaida antzua dela dioen axiomaz ari da.
iv
John Ogilby (1600-1676), eskoziar poeta, Esoporen fabulak eta Homero eta
Virgilioren lanak itzuli zituena. Antza denez, itzulpenak ez ziren oso onak izan.
John Bunyan (1628-1688) predikadoreak Pilgrim's Progress idatzi zuen.
John Milton (1608-1674) Paradisu Galdua poema garrantzitsuenaren egilea da.
Joseph Addison (1672-1719) idazle eta politikari ingelesa izan zen. The Spectator
aldizkaria sortu zuen R. Steele-rekin batera.
Nire ustean, Humek Tenerife mendia aipatzen duenean, Tenerife irlan dagoen Teide
mendia du gogoan segur aski.
Pasarte honetan Humek objetibotasun ukitu bat itsatsi nahi dio ebaluaketa estetikoari.
Beraz, gustu estetikoa dela-eta, Humek ez du erabateko erlatibismoa onartzen: badaude,
esaterako, poeta onak (Milton) eta txarrak (Ogilby), eta poeta horiek maila berdinekoak
direla esatea astakeria litzateke, Tenerife (Teide) mendia eta sator-lurra, altuerari
dagokionez, parekatzea bezalako astakeria. Eta pertsona batek esaten baldin badu
Ogilby izugarrizko poeta dela, inork ez du kontuan hartuko haren gustua. Ikusiko dugun
eran, gustua ere landu beharra dago, eta lantze eta eskarmentu horren ondorioa izango
da gustuaren erabateko erlatibismoa zalantzan jartzea.
v
Ludoviko Arisosto (1474-1533) aipatzen du Humek. Orlando Sumindua poema epikoa
idatzi zuen.
vi
Aurreko esaldian aipatzen diren emozio sotilago horiei buruz ari da.
vii
Humek judizio estetikoari egonkortasuna eta objektibotasuna egokitu nahi dizkio.
Azken burua, testu honen izena Gustuaren Araua da.
Humek koloreen gaineko judizioak gogora ekartzen ditu. Gehiengoak, baldintza
normaletan, kolore berdea egokitzen diogu belarrari. Alabaina, daltoniko batek beste
kolore bat egokituko lioke. Gertakari hori azalduko genuke daltonikoaren kasuan
zentzumenek 'akats' bat dutela gogora ekarriz. Nonbait, daltonikoaren judizioa okerra
da. Humeren ustez, estetikaren kasuan ere badaude pareko ‘akatsak’. Akats horiek
gaindituz gero, judizio estetikoa egonkorragoa eta objektiboa izango da. Akats horietako

28
bat aurreiritzia da. Pasarte honetan, Humek esaten digu aurreiritziek zer nolako eragin
negatiboa izaten duten gure judizio estetikoetan.
viii
Zentzumen-ilusio: phantasm of the senses.
Humeren ideia hauxe da: gizaki guztiok baldintza normaletan gauza bati kolore bera
egozten diogun eran, edertasunari dagokionez ere bat egin dezakegu.
ix
Pasarte honetan Humek adierazten du organoen egoera ez dela egokiena izaten
zenbaitetan.
x
Pasarte honetan Humek judizio estetiko zuzenetik desbidera gaitzakeen beste arazo bat
planteatzen du (ik. vii. oharra): fintasunik eza. Gustu estetikoa eta, esaterako,
janariarekiko edo ardoarekiko gustua parekatzen ditu. Garrantzitsua da xehetasun
ñimiñoak ere atzematea, hau da, gustu fina edukitzea. On Kixoteren istorioa ildo
horretatik interpretatu behar da. Jakina, fintasuna lortze aldera, ezinbestekoa da, gustu
estetikoaren kasuan, arte-lanak ikustea eta aztertzea edo, ardoaren kasuan, ardo
desberdinak dastatzea eta aztertzea.
xi
Pasarte honetan Hume On Kixoteren istorioaz ari da. Batzuen ustez, On Kixoteren
istorioak hauxe irakasten digu: balioak errealitatean daude, eta adituak balio horiek
deskubritu behar ditu bere zentzumenez baliatuz (zentzumen edo gustu etiko-
estetikoaz). Ildo horretatik, balioak (etikoak edo estetikoak) azken buruan propietate
objektiboak dira, adituak identifika ditzakeenak. Judizio etiko edo estetikorik egiten
dugun aldiro horrelako propietate objektiboei buruz ari gara. Judizio estetiko baten
bitartez obra bati propietate bat egozten diogu, eta gustuak (gustu finak) propietate
horretaranzko bidea ematen digu. Baina gauza bat da bidea eta beste bat propietatea, eta
propietateak bere horretan dirau nahiz eta bidea desagertu.
Beste egile batzuen arabera, On Kixoteren istorioa ez da batere egokia Humeren
ikuspegia aurkezteko. Nolabait esanda, Humek ez zuen asmatu istorio hori
aukeratzerakoan, Humeren ikuspegian balioak ez baitira propietate objektiboak, baizik
eta sentimenduen mendean dauden propietateak. Hau da, sentimendu horiek gabe ez
dago propietate estetikoei buruz mintzatzerik. Goiko terminologia erabiliz, esan daiteke
bigarren ikuspegi honetan ezin direla banandu propietatea eta propietateranzko bidea,
eta bidea desagertzen baldin bada, propietatea ere bai. Ik. liburu honetan, 1.6 eta 1.7
atalak.
xii
19. eta 20. pasarteetan arte-kritikaz ari da. Humek behin eta berriro adierazten du zein
garrantzitsua den arte-lanen arteko erkaketak egitea, zein garrantzitsua den arte-lanak
behin eta berriro ikustea. Badago teoria inozo bat baieztatzen duena kritikarik onena
dela lehenengo inpresioaren ondorioz sentitzen dena adieraztea. Hume ikuspegi horren
aurka ari da.
xiii
Pasarte honetan Humek laburpen bat egiten du. Judizio estetiko zuzenetik desbidera
gaitzaketen akatsak aurkezten dizkigu: aurreiritzia, fintasunik eza, zentzu onik eza, ez-
jakintasuna.
xiv
Terentzio (Publio Terentzio Afer). Antzerkigile komiko latindarra (K.a. 190-159).
Andria, Eunukoa, Amaginarreba, Formion, Heautontimorumenoa eta Adelfoak
komediak egin zituen.
Virgilio (Publio Virgilio Maron). Poeta latindarra (K.a. 70-19). Bucolica eta Eneida
idatzi zituen.
Zizeron (Marko Tulio Zizeron). Politikari, filosofo eta hizlari erromatarra (K.a. 106-43).
xv
Humek, ikusi dugun eran, judizio estetikoei dagokienez ere adostasuna posible dela
uste du. Ideia horrek aurre egiten dio erabateko erlatibismoari. Adostasuna lortze aldera,
hauxe da baldintza beharrezkoa: Humek gorago deskribatu dituen ‘akatsak’ saihestu
behar dira. Hala eta guztiz ere, badago desadostasunen bat gaindiezina dena. Horretaz

29
mintzatzen zaigu Hume pasarte honetaz geroztik. Behin abeslari batek hauxe esan zuen:
gaztetan Punk nuen gustuko, gero Rock & Roll, eta orain Blues. Abeslari horrek ‘Elliott
Murphy’ du izena. Eman dezagun musikari buruzko eztabaidan ari direla Murphy-
gaztea, Murphy-heldua eta Murphy-zaharra. Gazteari Ramones taldea gustatzen zaio;
helduak Bod Dylan onena dela dio, eta zaharrak, ordea, Robert Johnson goresten du.
Humeren ideiak kontuan hartuz, ziur aski eztabaida horrek ez du amaierarik, denek
baitute arrazoia, nahiz eta aukera desberdinak egiten dituzten. Badirudi badagoela
erlatibismo saihestezin bat: Humeren adibideari helduz, ezin da aukeratu (zentzu
absolutu batean) Ovidio, Horazio eta Tazitoren artean. Dena den, badago beste
interpretazio posible bat, ‘azken’ erlatibismo hori ere ahultzen duena. Ik. liburu honetan,
1.8 atala.
xvi
Ovidio (Publio Ovidio Nason). Poeta latindarra (K.a. 43-K.o. 18). Maitatzeko Artea,
Heroidak eta Metamorfosiak, besteak beste, idatzi zituen.
Horazio (Kintio Horazio Flako). Poeta latindarra (K.a. 65-?). Virgilioren laguna.
Epikureismoaren eraginpean idatzi zituen bere lanak, hainbat generotan: odak,
epistolak, satirak,...
Tazito, Kornelio. Hizlari, idazle eta historialari erromatarra (55-117). Haren lanen
artean Agrikolaren bizitza eta Urtekariak daude.
xvii
Terentzio (Publio Terentzio Afer). Antzerkigile komiko latindarra (K.a. 190-159).
Zenbait komedia idatzi zituen, besteak beste, Andria izenekoa.
Makiavelo (Niccolo Machiavelli). Politikari, idazle eta filosofo italiarra (1469-1527).
1513an Printzea ospetsua idatzi zuen. 1525ean Klizia komedia idatzi zuen.
xviii
Antzinakoaren eta modernoaren arteko eztabaida aipatzen da. Tassonik jarri zuen
abian eztabaida hori 1620an. Geroztik, eztabaida oso bizia izan zen bai Frantzian
(Perrault eta Fontenelle modernoen aldekoak; beste aldean, berriz, Racine eta La
Fontaine) bai Ingalaterran (besteak beste, Jonathan Swift, Gulliverren Bidaiak idazteaz
gain, Liburuen Bataila 1704an idatzi zuena)

‘Brontzea baino iraunkorragoa den monumentua’ esaldia Horaziorena da (Odak, 3.30.1)


xix
Bi antzerki-lan aipatzen dira, Polieukto (1642) eta Atalia (1691), hain zuzen ere.
Corneille da lehenengoaren egilea. Bigarrenarena, ordea, Racine. Paragrafo honetako
pasartea Ataliari dagokio.
Akiles eta Agamemnon Homeroren Iliadako pertsonaiak dira.
Jupiter eta Juno, hurrenez hurren, Zeus eta Hera jainko grekoen aldaera erromatarrak
dira. Lehenengoa jainkoen erregea da; bigarrena, ordea, jainkosa nagusia. Senar-
emazteak dira.
xx
Petrarka, Franchesco. Poeta italiarra (1304-1374).
Boccacio, Giovanni. Idazle italiarra (1313-1375). Humek gogora ekartzen digu
Dekamerongo pasarte bat, non egileak jainkoari eskerrak ematen dizkion.

30

You might also like