You are on page 1of 10

1-MORALA ETA ETIKA

Gehienok aurreko urteetan Etika ikasgaia landu duzuen arren, oinarrizko bi kontzeptu
errepasatuz hasiko gara: morala eta etika.

Maiz baliokide gisa erabiltzen ditugu “etika” eta “moral” kontzeptuak eguneroko bizitzan.
Etimologiari erreparatuz gero ere antzeko jatorri dutela ohartuko gara: etika “ethos” hitz
grekotik eratorria da, morala berriz latineko “mos”-etik dator; biek ala biek izaera edo ohitura
esan nahi dute.

Moral eta etika kontzeptuak bereizten saiatu behar dugu ordea, eta horretarako egokia
izan daiteke Jose Luis L. Aranguren filosofoak egindako bizitako morala /pentsatutako morala
bereizketa.

Ildo horretan, morala (edo bizitako morala) gizaki eta giza-taldeok geure egunerokoan
bizi duguna litzateke: balore, arau, jarraibide…en multzoa. Hauek giza-talde baten baitan
transmititzen dira eta bertako kideentzat bete beharrekoak bilakatzen dira. Horien arabera
ekintza batzuk zuzentzat eta beste batzuk okertzat baloratzen ditu norbere kontzientziak,
ongiarekin eta gaizkiarekin erlazionatzen ditugu. Morala kolektiboa da (talde baten baitan
forma hartzen eta funtzionatzen duen neurrian) eta tenporala eta kulturala, garai eta gizarte
desberdinetan kode moralak nola aldatzen joan diren ikusteak argi uzten duenez.

Etika (edo pentsatutako morala) berriz moralaren gainean kritikoki hausnartzen duen
filosofiaren adarra litzateke. Hau da, moralaren gainean pentsatu eta hura kuestionatzea,
oinarrietara jotzea dagokio etikari. Hauek dira etikaren auzi nagusietako batzuk: zertan datza
dimentsio morala? Zertan oinarritzen da morala? Zein da arau moralen funtsa? Nola aplika
daitezke eguneroko bizitzan hausnarketa etikoaren ondorioak? Historian zehar hainbat
erantzun artikulatu dira galdera horien aurrean, zenbait teoria etiko eratuz, aurrerago ikusiko
ditugunak.

Ondorioz, bakoitzak darabilen lengoaia ere desberdina izango da: moralaren kasuan
egunerokotasunari lotuagoa, lauagoa; etikak aldiz metodo eta terminologia filosofikoa erabiliko
ditu.

2
2-MORALTASUNAREN OINARRIAK

Baina zer dela eta hasi gara halako gaien inguruan hitz egiten? Bada hain justu ere
gizakiok izaki moralak garelako, eta ikasgai honetan giza ezaugarri horren inguruan
hausnartzea tokatuko zaigulako. Hortaz, dimentsio moral hori zertan datzan ulertzea da lehen
pausoa.

Gizakiok dimentsio moral bat dugu beraz, modu askotan bizi gaitezke, animaliak ez
bezala ez baikaude senek edo instintuek erabat gidatuak. Egoera bakoitzaren aurrean
aukeratzeko bide ugari irekitzen zaizkigu, eta bide posible horietako bati helduz geure bizi
proiektua eraiki eta geure izaera egokiro garatu dezakegu: ohiturak hartuz, landuz, eta balio
zein arau moralen oinarrian norbere burua errealizatuz.

Zerk egiten du ordea posible guzti hori? Hau da, beste era batean planteatuta, nolatan
da gizakia izaki morala? Eztabaida konplexua eta ertz ugaritakoa izanik ere, gure kasuan hiru
ezaugarri aipatuko ditugu gizakia izaki moral bihurtzen dutenak: askatasuna, arrazionaltasuna
eta gizartekoitasuna.

2.1-Askatasuna

Pertsonaren funtsezko ezaugarrietako bat eta gure dimentsio moralaren oinarri


garrantzitsua askatasuna da, hau da, unean uneko egoera desberdinen aurrean geuk aukeratu
bezala eta geure irizpideei jarraituz jokatzen dugula ulertzen dugu. Baina aldi berean, ikusten
dugu gure erabaki horiek beste indar batzuek baldintzatuak ere badaudela. Hortaz, aske garela
esan dezakegu benetan?

3
2.1.1-Determinismoa

Zenbaitek ukatu egiten du giza-askatasuna; edo bestela esanda, bada defendatzen


duenik geuk aukeratzen ez ditugun baldintzapenek (gizarte arauak, genetika, patu
kosmikoa…) mugatu egiten dutela askatasun hori. Posizio hori defendatzen dutenei joera
deterministak deitzen diegu. Beraz, determinismoa honakoa litzateke: giza ekintza oro (eta
oinarrian naturako gertakari oro) norbere esku ez dauden kanpo faktoreek mugatzen dutela
eta une bakoitzean egiten duguna soilik egin dezakegula defendatzen duen doktrina
filosofikoa. Beste era batean esanda, burututako ekintza edo hartutako erabakia zela
ekintzarako aukera bakarra, errealitatea (gizakia barne) beharrezkotasunezko kausa-efektu sare
bat denez gero.

Hainbat determinismo mota aipa ditzakegu, fokua non jartzen duten arabera:
Determinismo kosmologikoa (unibertsoak patu bat duela eta etorkizuna aldaezina dela);
Determinismo teologikoa (Jainkoak errealitate osoa ezagutu eta kontrolatzen duela, giza
ekintzak barne); determinismo soziala (aldagai sozio-ekonomikoek baldintzatzen dute erabat
giza jokaera), determinismo biologikoa (genetikak edo biologiak determinatzen duela),
inkontzientearen determinismoa …

2.1.2-Baldintzatutako askatasuna eta erantzukina

Determinismoaren alde kokatzen diren pentsalariak egon badauden arren, orokorrean


onartzen da giza portaera ez dela mekanikoa, hau da, ez garela makinen pareko, estimulu
jakinen aurrean erantzun jakinak ematen dituzten izakiak. Horrek animaliengandik ere
bereizten gaitu, hauek oro har instintuz jarduten dutelako, beren oinarri biologikoan aurrez
zehazturiko senezko erantzunak emanez inguruneari. Gizakiok aldiz, egoera baten aurrean zein
erantzun emango dugun hausnartu, baloratu eta aukera aniztasun batean erabakitzeko
ahalmena dugu. Horregatik, giza ekintzak ez direla aurresangarriak esan ohi da. Gehienok
ulertzen dugu askatasuna gizakiaren ezaugarria dela edo izan behar lukeela (askatasuna zer den

4
ulertzeko era ugari aipa ditzakegun arren), eta hori onartuz funtzionatzen dugu gure
egunerokoan.

Ildo horretan, gizakiok bukatu gabe jaiotzen garela esan dezakegu, eskultore baten
materialaren gisakoak gara, eta geure ekintza eta erabakien bidez goaz material horri forma
ematen, garena izatera iritsi arte. Zer izan nahi dugun erabakitzen eta eraikitzen dugu.

Horrek ez du esan nahi giza askatasuna baldintzatua edo


mugatua ez dagoenik. Egoera bakoitzeko aukera kopurua
mugatua da, eta aurrez aipatu ditugun zenbait faktorek
baldintzatua: genetikak, gizarteak, hezkuntzak, garai
historikoak, kulturak… eragina dute gure izaeran eta gure
erabakietan. Noski, gurasoengandik jaso dudan herentzia
genetikoak eragina du nire izateko eran eta ekintzetan,
baliabide ekonomiko gutxiago izanez gero aukera gutxiago edo
zailagoak izango ditugu, garai edo aro historiko baten barruan
eta haren oinarrian jarduten dugu beti, emakume izanik oztopo gehiago izan ditzaket gizarte
bizitzan…

Baina baldintzapen hori ez da erabatekoa; muga horien baitan erabakitzeko ahalmena


aitortzen diegu gizakiei. Erabakiak hartu ditzakegu, aukera desberdinak aztertu eta aukeratu,
edo gutxienez horien gainean pentsatu eta hausnartu gauzagarriak ez direnean ere. Are
gehiago, esan genezake uneoro erabakiak hartzera behartuak gaudela, “askatasunera
kondenatuak”, ezin baitiogu uko egin alderdi horri (ez erabakitzea edo ezer ez egitea ere
zerbait erabakitzea edo egitea den neurrian). Gure bizitza proiektua ere diseinatu eta eraiki
dezakegu, aipatutako muga horien baitan izanik ere.

Askatasunarekin estuki lotua ageri den beste kontzeptu bat erantzukizuna da.
Erantzukizuna litzateke egiten duguna zergatik egiten dugun erantzuteko gaitasuna, hau da,
egindako hautuaren arrazoitzea. Baina erantzukizuna besteekikoa ere bada, gurekin
harremantzen diren gainontzeko pertsonekikoa edo behar egoeran daudenekikoa, haiengan
eragina baitute gure ekintzek eta haien lekuan jar baikaitezke. Beraz, ekintza edo erabakien
erantzule egiten garenean haien ondorioak ere gureak direla onartzen eta gure gain hartzen
ari gara, eta beraz erantzukizunak ezinbestekoa du aurretiazko hausnarketa eta ondorioen
balorazioa ere.

Aldiz, gure ekintzen ondorioei ihes egiten diegunean eta haiekiko indiferente agertzen
garenean haurren tankeran jokatzen ari gara, askatasuna era desegokian erabiliz. Heldua
izateak eta askatasuna era arduratsuan erabiltzeak berarekin dakar jabetzea gure ekintza
bakoitzak munduan duen eragina hura leku hobea edo okerragoa bihurtzeko. Bizi nahi
genukeen munduaren ideia presente izan behar dugu beraz gure ekintzetan, bai ekarpen
positiboa egiteko banako bezala bai eta kolektiboki munduko arazoei aterabide bat ematen
saiatzeko ere.

5
2.3-Gizartekoitasuna

Beste zenbait animaliak ere badute beren bizimodua talde antolaketa konplexuetan
oinarritzeko joera. Kasu horietan animalia sozialez hitz egiten dugu; erleak eta inurriak izan
daitezke adibide interesgarria.

Gizakion kasuan ere giza taldeetan bizitzeko joera dugunez gero, izaki gizartekoiak garela
esan izan da. Baina elkarrekin bizitzeaz gain, esan dezakegu gizakia besteekin harremanean eta
besteekin batera soilik bihur daitekeela gizaki oso, horrela soilik gara ditzakeela bere ahalmen
eta gaitasun guztiak. Horretarako ordea lankidetzan sakondu beharra dugu, elkar lagunduz eta
helburu komunen alde jardunez.

Argi dagoena da gizartekoitasunak bere aurkia eta ifrentzua dituela. Batetik gizarte baten
baitan soilik gara gaitezke pertsona gisa osotasunean: giza espezieko kideok zaurgarri jaiotzen
gara, eta horregatik helduen babesa behar dugu, bereziki bizitzako lehen urteetan; gainera gure
dimentsio kulturala, bigarren natura, besteengandik ikasiz eta imitatuz soilik eskura dezakegu.
Baina, gizarte harremanen poz ugari ekartzen dizkiguten arren, maiz arazo eta gatazka iturri ere
bihur daitezke. Iritzi desberdinak, desadostasunak, interes talkak… Elkarrekin bizi behar
dugunez ordea, behartuak gaude egoera horiei ahalik eta aterabide egoki eta zuzenenak
aurkitzera, eta horixe izango da etikaren zereginetako bat hain justu. Bakardadean biziko
bagina ez genukeen hausnarketa etikorako beharrik izango, edo hankamotz geratuko litzateke
gutxienez. Honenbestez, dimentsio etikoak gizartekoitasunarekin ere funtsezko lotura daukala
esan dezakegu.

Oro har begirunea eta afektua aipatu izan dira giza harreman egokietarako funtsezko
balore gisa: besteak gizaki gisa aitortu eta haien duintasuna onartzea batetik eta ingurukoak
zaindu eta arreta jartzeak bestetik. Horrez gain berdintasuna, elkartasuna edo elkarrizketa
gisako balioak ere aipa ditzakegu.

3. KONTZIENTZIA MORALA

Kontzientzia morala deritzogu gizakiok norbere eta besteen ekintzak ezagutu eta
ongiaren/gaizkiaren arabera epaitzeko gaitasunari. Horretan oinarrituz, kontzientzia moralak
norbanakoaren ekintzak bideratzen ditu zuzena deritzon norantzan. “Geure kontzientziari
jarraituz” jokatzen dugula diogunean zuzena deritzogun hori egin dugula esan nahi dugu, aldiz,
“kontzientziako pisua” geratu bazait egindakoak nire printzipio moralekin talka egin duela
ulertu beharko dut. Azken batean, esan dezakegu kontzientzia morala barne-ahots bat
modukoa dela, gure ekintzak baloratzen dituena, noiz jokatu dugun zuzen eta noiz oker esaten
diguna.

6
3.1-AUTONOMIA MORALA ETA HETERONOMIA MORALA

Esan bezala, kontzientzia morala onartutako irizpide edo printzipio batzuetan


oinarritzen da bere judizioak burutzeko. Denok ditugu printzipio batzuk, maiz horiez kontziente
izan gabe ere. Gako nagusietako bat datza printzipio moral horiek kanpoko norbaitek ezarriak
edo norberak arrazionalki eta libreki eskuratuak izatean. Lehen kasuan heteronomiaz (grekoz
hetero= bestea, nómos=legea) hitz egiten dugu eta bigarren kasuan autonomiaz
(autós=norberarena, nómos=legea).

Moral heteronomoaz edo printzipio moral heteronimoez hitz egiten dugu arau morala
kanpo instantzia batek ezarria eta betearazia denean, izan hau beste pertsona edo autoritate
bat (familia, irakaslea, aginte politikoa…), ohitura edo tradizioa nahiz gure apeta edo
instintuak. Kasu horietan arau moralak betetzen ditugu kanpo-instantzia horrek ezarriko digun
ondorio baten beldurrez, eta ez norbere kontzientziak aginduriko betebeharrari segiz. Nolabait
esateko, jokabide horien arrazoia gizabanakotik kanpo kokatzen da eta ez dago horien gaineko
hausnarketa kritikorik, benetan zuzena den pentsatzeko esfortzurik.

Aldiz, Moral autonomoaz hitz egiten dugu norbanakoaren kontzientziak era libre,
hausnartu eta borondatezkoan bere buruari arauak ezarri eta haiek jarraitzen dituenean,
kontzientzia moralak ezarritako betebeharrari jarraiki. Horrek ez du esan nahi kanpotik
zehazturiko arauak jarraitzen ditugun aldiro modu heteronomoan jokatzen ari garenik, izan ere,
familian barneraturiko arauen inguruan adibidez hausnartu dezakegu, zuzenak iruditzen
zaizkigun edo ez erabakiz eta erabaki hori jarraituz.

Honenbestez, esan genezake autonomia autolegegintzaren pareko dela, hau da,


norbere buruari lege propioak ematearen pareko. Baina lege moralen kasuan gainera horien
unibertsaltasuna aldarrikatuz. Hau da, autonomia moralak inplikatzen du guztiontzat egokiak
irudituko litzaizkigukeen lege moralak geure buruari ezartzea. Ez da inola ere ez apeta edo
desio indibidualei jarraitzea ez eta gizarte arau orori uko egitea ere.

3.2-KONTZIENTZIA MORALAREN ETAPAK

Nondik dator kontzientzia morala? Gizabanako guztiongan garapen-maila berbera al du?


Nola eboluzionatzen du gutako bakoitzaren bizitzan zehar?
Historiaren joanean, galdera horiei guztiei mota askotako erantzunak eman zaizkie.
Zenbait filosoforen esanetan, kontzientzia morala sortzetikoa eta pertsona guztiongan
berdin-berdina da. Teoria horren aldekoek diote ongia eta gaizkia bereizteko gaitasuna giza
ezaugarri espezifiko bat dela, eta horrek garbi bereizten gaituela gainerako animalietatik.

Beste pentsalari batzuen iritziz, ordea, kontzientzia morala jaio ondoren geureganatzen
dugu. Horrela pentsatzen dutenen esanetan, jokabide eta ekintza on nahiz gaiztoei buruzko

7
gure iritziak hazi ahala ikasten ditugu. Etxean eta gizartean gurekin bizi direnek transmititzen
dizkiguten irakaspenak dira, hortaz, zuzentzat eta okertzat hartzen ditugunen funts eta oinarria.
Umetatik, gizabanakoak bere inguruan denek onartzen dituzten arau moralak barneratzen ditu,
gerora bere kontzientzia moralaren parte izan daitezen.
Psikologia ebolutiboa ere ahalegindu da auzi hori argitzen, bizitzan zehar kontzientzia
morala nola garatzen den aztertuz. XX. mendearen hasiera aldera, Jean Piaget suitzar
psikologoak gai horri buruzko zenbait ikerketa-lan egin zituen, eta norbanakoaren garapen
moralean bi etapa bereizi.
Lawrence Kohlberg psikologoak, ikerketa-ildo horretan are gehiago sakondu, eta hiru maila
eta sei etapa bereizi zituen pertsonaren garapen moralean.
Garapen moralaren lehen etapak, Kholbergen arabera, bi ezaugarri nagusi ditu:
indibidualismoa eta heteronomia. Oso umetan, helduek zer agindu, horixe egiten dute haurrek,
komeni zaiena horrela jokatzea delakoan. Bigarren etapara iritsi eta haurrak talde bateko kide
egiten direnean, beren jokabidea taldeak onargarritzat dituen arauekin bat etor dadin saiatzen
dira. Garapen moralaren hirugarren etapan, azkenik, haurrak pertsona guztien eskubideak
errespetatzen eta gizon-emakume guztien duintasuna aitortzen hasten dira ,eta beren iritzi
moralak errespetu eta aitorpen horretan oinarritzen dituzte.

GARAPEN MORALAREN ETAPAK, KOHLBERGEN ARABERA

● Lehen malla. Maila prekonbentzionala. Beren arrazoibide moraletan, subjektuek planteamendu


indibidualak baino ez dituzte egiten, gizarte bateko kide direla kontuan hartzeke.
− 1. etapa. Obedientzia eta zigorrari beldurra. Haurrek modo heteronomoan jokatzen dute,
helduen arauak itsu-itsu betez. Zigorrari dio-ten beldurrak arautzen du beren portaera, arauak
finkotzat eta aldaezintzat hartzen dituztenez gero.
− 2. etapa. Indibidualismoa. Haurrek onartzen dute pertsona bakoitzak bere arauak izan
ditzakeeta, baina beren arauak indibidualismoan oinarritzen dituzte. Zer komeni zaidan, horixe da
ana; beraz, niri mesedegarri gertatzen zaidan neurrian negoziatuko ditut zurekin bion arteko
trukeak.
● Bigarren malla. Maila konbentzionala. Pertsonek badakite kolektibitate bateko kide di-reta, eta horren
arabera arrazoitzen dute. Arau moralak bat datoz norbera kide den tatdeak agindutakoarekin.
− 3. etapa. Besteek gugandik espero dutenera egokitzea. Etxekoek nahiz lagunek gugandik zer
espero duten, horixe da jokabide egokia.
− 4. etapa. Gizarte-ordenari eustea. Denek zer arau eta lege hartzen dituzten ontzat, horiek
zorrotz betetzea da zuzen jokatzea, gizarte-ordenari eustea helburu hartuta.
● Hirugarren Maila poskonbentzionala.
Arau moratak erabaki arrazional eta autonomoetan oinarritzen dira. Arauok, dena den, ez daukate zertan
gizarteak onartutako tegeekin bat etorri.
− 5. etapa. Eskubide indibidualak errespe-tatzea. Gizartea inork urratu ezin dituen zenbait
eskubideren aitorpenean oinarritzen da. Zuzen jokatzea, beraz, eskubide horiek berresten
dituzten erabaki demokratikoak errespetatzea da.
6. etapa. Printzipio moral unibertsalak babestea. Gizaki guztiekin inpartzialtasunez jokatzea,
horixe da zuzen jokatzea. Gutako bakoitzaren jokabide-arauek pertsona guztiguztien duintasuna
errespetatu behar dute.

8
4-DILEMA MORALAK: BALIOEN ETA ARAUEN TALKAK

Dilema moral esaten diogu bi aukeraren artean hautatzera behartzen gaituen egoera
zail edo arazotsuari (erreala edo asmatua izan daitekeena). Gatazka moral bat eman ohi da
orduan, balore edo arau moral desberdinek talka egiten baitute, bateraezinak bihurtuz. Hala,
erabakia hartzea zailtzen da eta hausnarketa etikora bultzatua ikusten dugu geure burua.

Dilema moralak mota askotakoak izan daitezke.


Batzuetan bi aukerek ondorio positiboak izan
ditzakete eta bat aukeratu beharko dugu, onena;
beste batzuetan aukera guztiek dituzte ondorio
negatiboak, eta kalte txikiena zein den baloratu
beharko dugu; gerta daiteke berez okerra iruditzen
zaigun ekintza bat (lapurtzea, gezurra esatea…)
ondorio positiboetarako bide izatea oraingoan, eta
horrek zalantza sortzea…

Zenbait dilema hipotetikoak izango dira (gertatzeko probabilitate oso apalekoak), beste
zenbait gure errealitatearekiko hurbilekoagoak, inoiz aukera bakoitzaren ondorio esplizituki
agertuko zaizkigu, beste batzuetan geuk hausnartu beharko dugu aukera bakoitzaren eta haren
ondorioen inguruan…

Dilema moralak interesgarriak suertatzen dira hausnarketa etikoa bideratzeko baina


baita ebatzi behar duenaren heldutasun morala behatzeko ere. Atal hau ixteko dilema bat
landu beharko duzue. Horraino iritsi aurretik ordea bi kontzeptu garrantzitsu batzuen inguruan
jardun beharko dugu ordea: balioez, arauez eta hauen gaineko ikuskera nagusiez.

4.1-Arau moralak: ezaugarriak eta sailkapenak

Aurrez aipatu dugun bezala balio moralak, ekintzen nolakotasun positiboak iruditzen
zaizkigunak, arau moral gisa birformulatu ohi dira. Arau moralez gain beste arau mota batzuk
ere badira ordea, eta horien sailkapena eta ezaugarriak ezagutu beharko ditugu orain.

Gizartean elkarrekin bizi ahal izateko beharrezkoak ditugu arauak, beharrezkoa dugu
elkarbizitza zenbait jarraibide komunen arabera antolatzea. Egunerokoan ugariak dira gure
jokabideak zuzentzen edo bideratzen dituzten arauak, guztiek ere honakoaz hitz egiten
digutelarik: zer egin dezakegun eta zer ez, zer egin behar dugun eta zer ez. Hortaz, araua honela
defini genezake: giza talde bateko kideen jokabidea gidatzen duten edo zerbait nola egin
behar den esaten duten jarraibideak dira. Arau denak ez dira ordea berdinak, zenbait mota
bereiztu ditzakegu: juridikoak, erlijiosoak, sozialak eta moralak. Arau hauetako bakoitza bete
ezean ondorio desberdinak egon daitezke motaren arabera.

9
Lau arau mota nagusi bereiztuko ditugu:

-Arau moralak: adierazten dute gizabanako bakoitzak nola jokatu behar lukeen
zuzentasun moralaren ikuspegitik, gizaki gisa jokatuz. Beraz, norbere
kontzientziaren mailan agintzen badute ere, pretentsio unibertsal bat izan ohi
dute. Nork bere buruari eman behar dizkio arau moralak, kanpo zigorrei lotu
gabe. Arau moral horiek jarraitzen ez ditugunean denok bizi izan dugu zer den
kontzientziako pisua edo karga, barne ahots horren marmarra gaizki jokatu
dugula esanaz.

-Arau juridikoak: komunitate bateko agintariek ezarriak izan ohi dira, kide
guztiei zuzenduak. Haiek betearazteko autoritate baten indar edo botere
hertsatzailea egon ohi da, horretarako beharrezko zigor eta indar neurriak
hartuko dituena.

-Arau sozialak: ohitura edo usadioek osatzen dituzte eta ez dira esplizituak edo
idatziz jasoak izaten gehienetan. Hortaz, ez da zigorrik izaten bete ezean,
komunitatearen gaitzespena edo arbuioa baino. Hemen koka genitzake
kasurako janzkera, kortesia… erregulatzen duten arauak.

-Arau erlijiosoak: komunitate erlijioso batek ezarriak izan ohi dira, normalki
jainkoa zilegitasun iturri eta azken betearazle izanik. Printzipioz unibertsaltasun
pretentsioz aldarrikatu arren, erlijio horretako sinestunei baino ez daude
zuzenduak.

Arau mota desberdinak elkarrekin erlazionatuta daudela ikusi dezakegu. Adibidez,


gizarte bateko arau juridikoak (legeak) gizarte horretan bertan onartuak edo egokitzat joak
diren ohitura eta moraltasun irizpideen araberakoak izango dira.

Giza talde bakoitzean arauak eta balioak desberdinak direla eta denboran zehar ere
aldatuz joan ohi direla ere gauza nabaria da: legeak ez dira berberak herrialde batzuetan eta
besteetan, eta bidaiatzean adibidez tentuz ibili behar izaten dugu horrekin; ohiturak ere aldatu
egiten dira, eta herrialde batean mahaian korroskada botatzea gaitzesten bada, beste batean
esker oneko keinutzat hartzen da; erlijio batzuetan alkohola edatea bekatutzat jotzen da eta
beste batzuetan ez…

Eremu interesgarria izan ohi da arau moralen eta juridikoen arteko harremana eta
hauen artean sortu daitezkeen talka, hor agertzen baitira maiz dilema moralak. Arau moralak,
esana dugu honezkero, komunitate baten baitan ikasi eta barneratzen ditugu, baina
azkenburuan norbere kontzientziak ezarri eta betearazten ditu. Legeak berriz botere baten
menpeko kide guztiek ezinbestean bete beharrekoak dira, kanpo zigorrik nahi ezean. Eremu
interesgarria izan ohi da kontzientziak aginduak eta legeak esanak talka egiten duteneko
puntua: nori obeditu orduan? Galdera horren inguruan hausnartzen saiatuko gara unitate
honetan, baina horra iritsi aurretik beste zenbait kontzeptu argitu beharra daukagu.

10
5.Nola jokatu orduan?

Eta orduan, Saltsa guzti hau zertarako? Abstrakzio teorikoen laino horretan geratu
behar al dugu? Bada orain arte ikasi eta hausnartutakoak ekintzara bideratu beharko ditugu
orain. Nola jokatu modu arduratsuan? Nola kudeatu guretzat garrantzitsuak diren balioen
talkak? Guretzat zuzena dena besteentzat ere ala izan dadila aldarrika dezaket?

Dilema moral bat landu eta soluzio egokiena ematen saiatu beharko duzue. Egia da, ez
da gauza bera bizitza errealean izan edo hemen jarduera bezala egitea, baina halako ariketek
balio digute gerora bizitzan tokatuko zaizkigun egoerei hausnartuta eta prestatuta aurre
egiteko. Horretarako gainera ongi armatuak zaudete: orain arte landutako baliabide
kontzeptualak eta egindako hausnarketak tresna baliotsuak izango dira bide horretan.

11

You might also like