You are on page 1of 4

Gizarteratze-prozesua eta agenteak pasartearen laburpena

Maddi Loizate Izurieta

Emile Durkheimek, sozializazioa kontzientzia indibiduala (norbere barne mundua) eta


kontzientzia kolektiboa (tokian tokiko indarrean dauden izateko, pentsatzeko eta sentitzeko
moduak) bereiziz azaldu zuen. Beraz, sozializazioa indibiduoek kontzientzia kolektiboa ezagutu
eta barneratzean emango litzateke.

Honen aurrean, Erich Frommek “izaera sozial” kontzeptua azaltzen du, esanez berau gizatalde
baten egitura karakterologiko komuna dela. Haratago joanaz, baieztatu zuen gizarte batek
eskura dituen influentzia-medio guztien bidez bermatzen dela (hezkuntza, erlijioa, etab.),
gurasoak izanik, hein handi batean, gizartearen agenteak.

Sigmund Freudek ere ildo honetatik jo zuen. Hala, defendatu zuen haurrak beren desioak
asetzen saiatzen dabiltzan bitartean, heltze-prozesuan gizarteak hauek kontrolatu beharra
dugula irakasten digula. Gizarte orok haren kultura barneratzea exigitzeaz gain, desioak
erreprimitzea ere eskatzen duenez, tentsioak ager zitezkeen. Baina oro har, akordio bat
ematen da gizakiaren eta gizartearen artean, jarrera berekoien tokian gizarte instituzioak
txertatuz.

Dena den, Durkheimen eta Freuden ikuspuntuan arazo bat detektatu daiteke. Izan ere,
nortasun indibiduala sozialki eraikitzen dugu. Hau ulertzeko haurren jokaera behatu daiteke,
eta hala ohartuko ginateke giza espeziea gehiago dela kulturala naturakoa baino. Norbaitek
“kultura” eta “natura” bereiztea beharrezko ikusi dezake, baina hau bateragarria da
gizakiontzat sozializazioa oso garrantzitsua dela dioen tesiarekin.

Hau are argiago ikusten da isolamendu soziala jokoan sartuz gero. Izan ere, primateekin
eginiko esperimentuen eta “haur basatien” kasuen behaketaz, jakin dezakegu isolamenduak
abilezia intelektual, emozional nahiz gaitasunen garapenean gabeziak eragiteaz gain, arazo
psikologiko eta emozionalak ere dakartzala. Hala, sozializazioaren bidez, gainera, gizartearen
erreprodukzioa ematen da, dialogikoki, hau da, talde sozialen arteko debateen bidez,
aldaketak txertatuz.

Sozializazio kontzeptua ongi ulertzeko, baliagarria da “gizarteratze berezien” kasuak aztertzea,


halanola kartzela ala psikiatrikoetan ematen direnak. Halakoetan, norbanakoa isolatu egiten da
birgizarteratzeko asmoz. Horretarako, lehendabizi bezero eta langileen rolak bereizten dira,
azkenek lehenengoen izaera ezabatzen dutela; eta, ondoren, bezeroen uniformizazioa eta
bizimoduaren antolamendu zorrotza datoz, nortasun berri baten proposamen/inposizioarekin
bukatzeko.

Hala, sozializazioa ikasketa prozesua bada ere, ez du zertan formala izan, eta ikasitakoarekin
identifikatzea eskatzen du. Gainera, ez du etenik, uneoro baitatorkigu esperientzia berriren
bat. Errepresio eta kontrol sozialaren murrizketa ere badakar, ordena sozialaren barnerapena
suposatzen duen heinean.

1. Errealitatearen eraikuntza soziala 88.or

Errealitatearen eraikuntza soziala den prozesuaren baitan kokatzen da sozializazioa,


lehenengoa bikoitza delarik: objektiboa (gizakiaz kanpo dago) eta subjektiboa (gizakia harekin
harremantzen da). Hala, bi hauen arteko harreman dialektikoa ematen da, bateko aldaketek
bestarengan eragiten dutelarik. Hortaz, errealitate soziala aztertzeko eta azaltzeko orduan,
gertaera objektiboez gain, horien inguruko interpretazio subjektiboak ere hartu behar ditugu
kontuan.

Errealitate objektiboa arau eta rolen definizio eta ezarpenaz hasten da eraikitzen. Gero,
denborarekin, huek zurrundu egiten dira, tradizio bihurtuz. Hala, ondo dabilela esan ohi da
gizarteko kideen izaeran eta identitatean eragiteko ahalmena duen heinean. Horregatik,
gizarte baten dimentsio objektiboaren indarra, subjektibitateen eraikuntzaren arrakastaren
araberakoa izango da.

2. Gizarteratzea eta askatasuna 90.or

Kulturak gure aukerak, eta, beraz, gure askatasuna, murrizten ditu. Baina, gizakiok gure
ingurune kulturala alda dezakegu,. Hori dela eta, gizarteratze-prozesua oso garrantzitsua da
subjektibitateen eraikuntzan, eta nahiz eta guztiz aske izan ez, ez gaude erabat determinatuta.

3. Lehenengo gizarteratzea eta bigarren gizarteratzea(k) 91.or

Lehenengo gizarteratzea haurtzaroan ematen da, arau sozialak ikasi eta barneratuaz,
pixkanaka nor bere gizartean integratuz doala. Horregatik, testuinguruak berebiziko eragina
izango du, honen arabera mundu ezberdin bat azalduko baitzaigu aurrean eta honen arabera
identifikatzen gara. Hala, hizkuntza da ikasten den gauza garrantzitsuenetarikoa, errealitatea
sortuz, mundua ikusteko eta ulertzeko modu bat eskaintzen dizkigu.

Bigarren sozializazioan, aldiz, mundua mugatu egiten dugu, ezagutza espezializatuz. Gainera,
lotura afektiboek ez dute horrenbesteko garrantzia izango, harremanak anonimo eta
formalagoak direlarik. Ez hau bakarrik; izan ere, muga biologikoen garrantzia murriztu egingo
da, eta kultura izango da “prozesu normala” bideratuko duena.

4. Gizarteratze prozesuan ikasten dena: rolak, arauak, balioak 92.or

Alde batetik, sozializazioaren eskutik rolak ikasten ditugu, portaera tipifikatuak. Hala, bakoitza
haren rolen multzoa dela esan dezakegu, esaterako, alaba, ikaslea, etab. Hala ere, rol
bakoitzaren identifikazio-maila ezberdina da, eta posible da batekin bestearekin baino gehiago
identifikatzea. Gainera, rolak betetzeko ez dago modu bakar bat. Honez gain, rolak aldatu
daitezke testuingurua aldatzen den neurrian, eta honek, beste rol batzuetan aldaketak exigitu
ditzake.

Bestalde, arauak, hau da, gizarte eta kulturaren araberako jarraitu beharreko eredu sozialak,
ere ikasten ditugu. Hauen bidez, sentitzeko, izateko eta pentsatzeko modu zehatzak
inposatzen zaizkigu, zigor-sari mekanismoaren bidez. Hala, arautik at geratzen den oro
marginatu edota kriminalizatu egiten da. Gainera, ez gara hauen indarkeria-ahalmenaz
konturatzen, arauren baten aurka egin ezean.

Azkenik, balioak ditugu, zeinak arauen oinarri diren, eta gizarte baten izateko modu ideal lez
definitu daitezkeen. “Bizitza erreala” bideratzen duten ideia abstraktuak dira, eta
testuinguruaren arabera aldatu egiten dira, gizarte eta kultura bakoitzak bere balio propioak
dituelarik.

5. Gizarteratzea eta bizitzako etapak 98.or

Lehenik eta behin, haurtzaroa dugu. Denborarekin, garapen teknologikoari esker, umeak
ekoizpen-esferatik aldendu dira. Aipatu beharrekoa da, haurtzaroa oso ezberdina dela klase
sozialaren arabera. Gaur egun, gainera, telebista, eta oro har teknologia berriekin, haurtzaroa
desagertuz doala esan daiteke, inozentzia galduz.

Ondoren, nerabezaroa eta gaztaroa datoz, haurtzaro eta helduaroaren arteko zubia. Hauek ere
aldaketa jasan dute industrializazio eta modernizazioaren ondorioz. Gizarte industrial nahiz
postindustrialez geroztik, etapa hauek luzatuz joan dira, klase sozialaren arabera aldatuz.
Norbere nortasunaren bilaketa ematen da, familiagandik urrundu eta lagunengana hurbilduz,
azken hauen artean integratuta sentitzea bilatuz. Bestalde, gazteen demonizazioa ere historian
errepikatzen den faktore bat da, nagusiagoek ez baitituzte hauek proposatutako aldaketa eta
hausturak onartzen.

Honen ostean datorkigu helduaroa, zeinaren hasiera atzeratuz joan den. Nortasuna finkaturik
egon ohi bada ere, aldaketak eman daitezke. Gainera, bizitzan zentralak diren zenbait gairi
heldu behar izaten zaie, halanola lanpostua. Ez hau bakarrik, izan ere zenbaitek arazoak izaten
dituzte etapa berri hau onartzeko, “gaztetasunaren kultua” dela medio.

Azkenik, hirugarren eta laugarren adinak datozkigu. Tradizionalki, hauenganako errespetua


handiagoa zen, gizartean aldaketa gutxi ematen zirenez, hauen jakituria oso baliotsua baitzen.
Gaur egun, aldiz, hainbeste aldaketa azkarren artean, gazte eta zaharren arteko distantzia
handituz doa.

6. Gizarteratze-agenteak 101.or

Familia. Gizarteratze-agente garrantzitsuena dugu, lehen urteetan bizirauteko eta pertsona lez
garatzeko babesa eta laguntza ematen baitigu. Gainera, instituzio honek zenbait aldaketa jasan
ditu. Lehenik eta behin, historikoki garrantzia galduz joan da, lehen gizarteetako klan eta
gizarte tradizionaletako familia handien tokia, familia nuklearrek hartu dutelarik. Gainera, gero
eta funtzio sozial gehiago ari dira geratzen instituzio formalen esku gelditzen. Bestalde,
emakumeen rolen eta familia ereduen aldaketekin batera, familia eta gizartea nolabait aldatu
dira.

Eskola. Haurrak mundua zalantzan jartzen eta zabaltzen duen tokia dugu eskola, gizarteratze
prozesuarekin jarraitzen duen bitartean.

Lagun taldea eta bestelako taldeak. Taldeok nerabezaro eta gaztaroan dute garrantzi
handiena, helduen hegopetik irteteko aukeraren eskaintzak erakarrita. “Erreferentzia-taldeen
teoriak” dioen bezala, gizakiak taldeen beharra du errealitatearen definizioa eta bere bizi-
estiloa eraikitzeko. Gainera, taldeen artean ez daude guztiak maila berean. Izan ere, alde
batetik lehen mailakoak ditugu, txikiak izan ohi direnak, harreman pertsonal eta iraunkorrek
bereizten dituztela. Bestalde, bigarren mailako taldeak ditugu, handiagoak direnak, maila
afektiboa atzean utzita helburu bera betetzea izanik kideen lotura komuna.

Komunikabideak-Pantailak. Jendearen komunikazio bitartekoak dira, gure gizarteetako


fenomeno sozial garrantzitsua izanik. Gainera, Interneten eskutik aldaketa sakonak eman dira
gizartean, arlo pribatuaren ulerkeran zehazki. Hezkuntza-mundua ere eraldatu da, ikasleen
pasibotasuna sustatzeaz gain, zenbait kontrabalio hedatuz. Entretenimendurako erraminta lez
erabilita, errealitatea modu partzialean ikustea dakarte, kalitate baxuko masa-kultura bat
sustatuz. Kapitalismoa eta globalizazioa indartuz, badirudi informazio-iturrietan ageri ez den
oro existitzen ez dela.

BIBLIOGRAFIA
Imaz, J. I. (2019). Gizarteratze-prozesua eta -agenteak (83-110). In Hezkuntzaren Soziologia.
Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.

You might also like