You are on page 1of 1

Euskal harriak liburuko pasarte baten laburpena

Maddi Loizate Izurieta

Beharrezkoa zaigu, gizaki garen aldetik, geure munduaren gaineko ezagutza minimo bat izatea, eta idazlea honela mintzo da:
“paradigma moderno industriala krisi ekonomikoak jota dago, pitzadura ugariren konbergentziaren ondorioz (...).
Konbergentzia horrek krisian jarri du gorputz osoaren irauna, zibilizazio patroi osoa”. (Azkarraga, 2011:33).

- Lehen pitzadura, kapitalismo finantzario-ekonomikoaren krisia dugu, zeinaren eraginez herrialde mailako ekonomien
baitako diru zirkulazioaren hazkundea produktibitate erreala baino azkarragoa den. Hazkunde hau sistema
finantzarioak eragiten badu ere, honen inguruko ekonomia oro autodestruktibotzat jo ohi da, eta hala ematen dira,
esaterako, diru publikoaz bankuen erreskateak. Honela, krisi finantzarioak krisi ekonomiko eta sozial forma hartzen
du.

- Bigarrenik, energia krisia dugu. Erregai fosilen gutxiagotzeak, petrolioaren prezioa garestitzea eragingo du, eta berau
izanik egungo sistema ekonomiko globalaren eta merkatu-ekonomia nazionalaren zutabe garrantzitsuenetako bat,
azkenean, bizimodua bera ere garestituko da.

- Bestalde, krisi klimatikoa ere badugu. Industria iraultzaz geroztik, berotegi efektua handiagotuz joan da, klima
aldaketaren prozesua bizkortuz. Honek hondamendi naturala ez ezik, inpaktu negatiboa izango du baita ere
ekonomian, gizartean eta politikan baita ere.

- Azkenik, bioaniztasunaren krisia dugu. II. Mundu Gerra ostean ekonomiaren gorakada eman bazen ere, ekosistemak
nabarmen egin dute okerrera. “Gizaki askoren ongizatea nabarmen hobetu da, ekosistemen kontura betiere”
(Azkarraga, 2011:36). Generazio berriek bizirauteko jaso ditzaketen baliabide naturalak kaltetzen ari gara.

Hala, honek guztiak, ezinbestean garamatza zibilizazio krisiaz hitz egitera. Izan ere, gaur egun sekulako ezberdintasunak
daude, aberastasunari dagokionez bederen. “Globalizazio kapitalistaren hedatzearekin pobretze estrukturala indartu egin da
eta goseak gora egin du” (Azkarraga, 2011:38). Dena den, arazoa ez da elikagai kopurua, baizik eta hauen banaketa. Bestalde,
krisi demografikoa ere badugu, munduko populazioa goraka doanez gero. Arazoa larritzea eragingo luke guztiok
mendebaldeko kontsumo modeloari eutsiko bagenio. Honez gain, aniztasun kultural eta hizkuntzazkoaren krisia ere hor
dago, hizkuntzak erritmo bizian baitoaz desagertuz. “Berotze globalari hozte kulturala gehitu behar” (Azkarraga, 2011:40). Ez
hau bakarrik, izan ere krisi psikologikoak sekulako presentzia du gaur egun. OMSk esan bezala, depresioa gero eta gaitz
arruntagoa da zibilizazio aberatsetan. Eta hauek guztiak loturik agertzen zaizkigu krisi politikoaren baitan. Demokrazia
errepresentatiboaren huts-guneak nabariak dira, berau sasidemokrazia bihurtuz, merkatuek zuzenduriko jardun politikoa
aurrera eramanaz.

Krisi guzti hauek, gainera, erabat aplikagarriak dira Euskal Herrian. Izan ere, “krisi-ildo bakoitzaren eragile bezain
eramaile da, biktima bezain borrero” (Azkarraga, 2011:42).

Baina nola helgu gara egoera honetara? Hasteko, zientziaren eskutik munduaren gaineko ikuskera erlijiosoa albo batera utzi
zen, natura ulertu ahal izateko bideak ezarriz. Gainera, modernitatearen baitan progresoaren identifikazioak aurrerapen
tekniko-zientifikoa eta hobetze materiala ekarri zuen. Ez hau bakarrik, izan ere, ekonomia diziplina independente bilakatu
zen. Azkenik, hazkundearen ideia dugu, gehienetan ekonomiari jarraiki.

“Nolanahi delarik, ondokoa dugu abiapuntu: gaurko krisi sozio-ekologikoa Modernotasunaren premisa ontologiko,
epistemologiko eta kulturalaren krisia da” (Azkarraga, 2011:47-48).

BIBLIOGRAFIA:
Azkarraga, J. (2011). Euskal harriak. Trantsizio soziologikorako gogoetak. Alberdania.

You might also like