You are on page 1of 3

10.

DIKTADURA FRANKISTAREN FINKAPENA ETA KRISIALDIA (1959-1975)

Hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa sozialak


Politikan aurreko gaian ikusi dugun bezala, 50.urteen amaieran, erregimen frankistak nazioartean onartua
izatea lortu zuen, Estatu Batuekin eta Vatikanoarekin akordioak sinatu ondoren. Ekonomiaren arloan
erregimenaren lehen hogei urtetan indarrean zegoen politika autarkikoaren porrota begien bistakoa zen. Honi
aurre egiteko, teknokratek (‘Opus Dei’) egonkortze plana bultzatu zuten, espainiar garapen ekonomikoa
oztopatzen zuten eragozpenak ezabatzeko. Horrela hainbat neurri hartu ziren, adibidez: soldaten izozketa, kanpo
merkataritzaren eta kapitalen inportazio askatasuna… Helburu horiek lortu baziren ere, ondorio sozialak jarduera
ekonomikoaren murrizte bat eta langabeziaren igoera izan ziren. Azken hau Europara joan zen emigrazioarekin
konpondu zen zertxobait, langabezia tasa jaitsi zelako; gainera joaleek dibisak bidaltzen zituzten familietara.
Egonkortze-planetan oinarritutako bide hauek guztiek 60ko hamarkadan izan zituzten fruituak: ondorio nagusia
Espainiako ekonomiaren hazkunde izugarria izan zen, eta garapen honek gizartean eragina izango zuen:
kultura, hezkuntza eta pentsamendu irekiagoa ekarri zuelako. Diktaduraren zapalkuntza, ez zen, hala ere, ezertan
aldatu.

Garai hartako gobernuek, teknokratak deituak, ‘Garapen Planak’ deitu ziren plan batzuen bidez, ekonomia
planifikatuz osatu zuten aurreko etapako garapena. Plan horiek 1964tik 1975era bitartean bideratu ziren. Planak
industriara bideratu ziren batez ere, eta automobilgintza, siderurgia eta sektore kimikoa azkar hasi ziren. Planen
helburua azpiegitura-gabeziak konpontzea zen, eta industrializazio-maila txikieneko eremuen alde egitea,
garapen-poloak sortuz. Ondorioz, 1960-1969 artean barne produktu gordina (BPG) bikoiztu egin zen, errenta per
capita bezalaxe. Espainiak ekonomiaren esparruan halako oparoaldi bat izan zuen. Garapen ekonomikoaren
zergatiak eta ezaugarriak hauek izan ziren: nazioarteko egoera ekonomiko ona aprobetxatu zuen, atzerriko
kapitalaren etorrerak lan eskua merkea erakarri zuen eta horren ondorioz enpresa asko sortu ziren, Espainiako
prezio merkeek turistak erakarri zituen eta horrekin batera turismoa garatu zen… Hazkunde ‘mirari’ hau
desorekatua izan zen, eta hortik aurrera arazo larriak eragin zituen: sektoreen eta eskualdeen arteko desorekak;
industrian eta batez ere hirugarren sektorean hazkundea handia izan zen, aldiz, nekazaritzan egindako inbertsioa
urria izan zen eta produktibitatea oso baxua eta industriaren erdia baino gehiago Katalunia, Euskal Herrian eta
Madrilen biltzen ziren bitartean, Andaluzia, Galizia, Extremadura… lurraldeetan ez zen industriarik sortu.

1970eko hamarkadan, krisi ekonomikoa eman zuen, petrolioaren krisia (1973) izenez ezagutu zena,
kapitalismoaren nazioarteko ziklo negatiboa hasi zen: turismoak eta emigrazioak behera egin zuten, dibisak
murriztu eta langabezia tasa hazi egin zen, esportazioak murriztu eta kapitalen inbertsioek behera egin zuten…
Aipatutako garapen ekonomikoak gizartearen eta kulturaren esparruan aldaketa izugarriak ekarri zituen: gizarte
industrial, hiritar eta moderno bihurtu zen, industrializazioak bigarren sektorearen nagusitasuna ekarri zuen,
langile klasea eta ertain klasea handitu egin zen eta bizi-maila igo eta kontsumo gizartean sartzean ekarri zuen,
emakumea lan-munduan sartu zen…

Teknokratek (Opus Deikoak) izan zuten garrantzia politikan. Sektore honen eraginez erregimena berritu eta
liberalizatzeko ahalegina egin zen (aperturistas) deituak; baina, bestalde, joera berri horien aurka zeuden sektore
immobilistak ere bazeuden. Franco, lehenago egin zuen bezalaxe bi sektoreen arteko orekari eusten ahalegindu
zen. Batetik 1966an Prentsaren Legea promulgatu zuen eta, honen bidez, argitaletxeek askatasun handiagoa
(aurre zentsura kendu zen, baina gerokoa mantendu), beti ere erregimenari kalterik ez egitea kontuan hartu behar
bazen ere. Baina, bestetik 1963an Orden Publikoaren Legea aldarrikatu zen, erregimenaren aurkakoak
jazartzeko. Orden publikoaren auzitegi berria (TOP izenekoa) delitu politikoak zigortzen zituen. 1966an
Estatuaren Lege Organikoa onartu zen, erregimeneko instituzioak biltzeko asmoarekin. Helburu nagusia
aurreko sei legeak testu bakar batean bilduz instituzionalizatzea izan zen. Dena den, sistemak oinarri autoritario
eta pertsonalista bera izaten jarraitu zuen. Matesa kasua zela eta (iruzurra egitea kreditu ofizialekin),
kontserbadoreek presioa egin zioten Francori, eta honek hainbat ministro teknokrata kendu zituen
gobernutik. Kanpo politikari dagokionez, Ginea Ekuatoriala deskolonizatu zuten, 1962an Europako
Ekonomia Erkidegoan sartzeko eskaera egin zuen, eta Hego Amerikako herrialdeekin eta herrialde
arabiarrekin harremanak finkatu zituzten.

1969. urtea oso garrantzitsua izan zen Francok bi erabaki inportanteak eman zituen: Juan Karlos Borboikoa
berrestea Francoren ondorengo gisa errege tituluaz, eta Carrero Blanco presidenteorde izendatzea, praktikan
presidente-lanak egiteko. Frankismoaren barnean bi joera nabaritzen jarraitu zen: irekitasunaren aldekoak eta
inmmobilistak (Carrero Blanco). Mugimenduaren barruan elkarteak sortzeko aukerari buruzko eztabaida eman
zen baina immobilistek ez zuten inolako berrikuntzarik onartzen, eta hauen esku gelditu zen gobernua 1973an
Carrero Blanco gobernu buru izendatu zuenean. Betiko ideiak berretsi zituen: alderdi bakarra, katolizismoa…
Francoren gobernu berriaren proiektua bertan behera geratu zen ETAk Carrero Blanco hil zuenean (1973).
Ondoren Francok Arias Navarro izendatu zuen gobernuburu. Agintariaren hasieran ukitu liberala ematen saiatu
zen baina hainbat gertaera izan zirela eta (ETAren atentatua Madrilen, Portugalko iraultza…) gobernua berriz
ere zapalkuntzaren bidera itzuli zen.

Frankismoaren kontrako indarrak


Hazkunde ekonomikoarekin batera erregimen demokratikoa eskatzen zuen barneko oposizioa sortu zen.
Oposizioa alde guztietan, ustekabean batzuetan (eliza, unibertsitatean), agertu zen. 1964tik aurrera
unibertsitatean protesta ugari gertatu zen: grebak, manifestazioak... Unibertsitate gehienetan ez zuten sindikatu
ofiziala onartzen eta ikasleen asanblada askeak antolatzen zituzten. Erantzun bakarra errepresioa eta epaiketak
izan ziren. 60ko hamarkadatik aurrera grebak eta langileen protesta ekintzak ugariak izan ziren. Langileen
ordezkariak sindikatu frankistetan sartu ondoren era guztietako errebindikazioak egin zituzten. Antolaketa berri
bat erabili zuten: zuzenean aukeratutako ordezkariak. Honek 1962an Langile Komisioak (CCOO) eraketa ekarri
zuen, industria handietan sindikatu nagusia izango zena. Langileen grebak, debekatuak izan arren, gero eta
sarriagoak ziren, askatasun sindikala eta politikoa eskatzeko. 1966ko hauteskunde sindikaletan sindikatuak
emaitza onak lortu zituen. Honen aurrean Erregimenak Langile komisioak jazarri zuen, zuzendaritza atxilotu
eta legez kanpo deklaratu zuten 1972-1973an, eta buruzagiak epaitu eta espetxeratu zituzten. Debekatutako
sindikatuen indarra gero eta nabarmenagoa zen; hiri osoak, greba orokorrak deituta, geldiaraztea lortu zituzten.

1962an, Espainiak Europako Ekonomi Elkartean sartzeko eskaera egin zuenean, barruko eta erbesteko ehun
bat indar politikoek erregimenaren demokraziarik eza salatu zuten Munich-en. Alderdi Komunista
Munich-eko batzarretik kanpo utzi zuten Sobiet Batasunari jarraitzearren. Hala ere, Espainiako agintariek itun
horrek nazioartean izan zuen eraginaren beldur zirenez, ohiko salaketak erabili zituzten “komunisten itun
maltzurra” zela esanez. Gobernuak, haserre, gogor egin zuen barneko parte-hartzaileen kontra (adibidez, Gil
Roblesen kontra).

Eliza katolikoan ere hasi ziren agertzen askatasun faltaren aurkako protestak. Vatikanoko II. Kontzilioak izan
zuen eragina aldaketa horretan, honek Franco harrituta utzi zuen. Gotzainen batzarrak sindikatu frankistak
kritikatu zituen eta langileek sindikatu libreak izateko eskubidea aldeztu zituen. Gotzainek, 1973an, 1953ko
konkordatuaren berriztapena eskatu zuten eta, era berean, eliza eta estatuaren arteko bereizketa. Hainbat apaiz
katoliko atxilotu zituzten protestatu edo oposizio demokratikoaren aldeko idazkiak egiteagatik. 1974ko otsailean
Bilboko gotzainak, Añoveros jauna, euskararen aldeko pastorala argitaratu zuen. Poliziak bere etxebizitzan
atxilotu zuen. Espainiako gotzainek eta Vatikanoa Añoverosen alde jarri ziren; Aita Santuak Franco
eskumikatu nahi izan zuen. Gobernuak atzera egin behar izan zuen eta Añoveros askatu. Eliza eta frankismoren
arteko harremanak inoiz baino okerragoak ziren.
Euskadin, ETAren terrorismoak EAJ bazterrean utzi zuen. ETA, EAJtik banandutako nazio-askatasunerako
mugimendu iraultzailea zen (EKIN). Geroztik ekintza armatuak aniztu ziren. ETA-ren eta beste talde
nazionalisten arteko harremanetan –batez ere EAJ alderdiarekiko– aldaketa egon zen: aurretik elkartasuna eta
nolabaiteko ulermena egon arren, gero eta tirabira handiagoak izan ziren politika- eta ideologia-
desadostasunegatik. 1964an, bien arteko harremana hautsi egin zen. Denbora aurrera zihoala, ETAren politika
erradikalizatu egin zen, borroka armatuaren eta indarkeriaren alde egin baitzuten Euskal Herriaren
independentzia lortzeko. Hasieran legez kanpoko propaganda politikoa banatzen zuten, baina 1968an hilketak
egiten hasi ziren (Jose Pardines guardia zibila eta Meliton Manzanas Gipuzkoako Brigada politiko-sozialaren
komisario nagusia). Ekintza horiei erantzuteko, frankismoak terrorea erabili zuen. Euskadiko giroa okertu zen
Burgosko prozesuaren ondorioz (1970eko abendua). Prozesu horretan, 16 etakide epaitu zituzten, eta Gerra
Kontseiluak horietako seiri heriotza-zigorra ezarri zien. Gobernuak gogortasuna erakustea biolentziaren aurkako
sendotasunaren adierazgarria zela pentsatzen zuen. Baina ondorioak bestelakoak izan ziren: iritzi publikoa
harrituta geratu zen eskatutako zigorren neurri gabezia zela eta. Euskal Herrian greba, manifestazio eta biltzarrak
antolatu zituzten, Espainiako beste hiri handietan bezalaxe. Gotzainen batzarrak ere errukia eskatu zuen.
Espainian frankismoaren aurkako manifestazioak ugaldu ziren. Erregimenak salbuespen egoera aldarrikatu zuen,
hori dela eta, askatasun indibidualak mugatu eta zigor eta isunak gogortu zituen. Francori atxikimendua
erakusteko, krisi aldi guztietan bezalaxe, bere aldekoen manifestazioa deitu zuen. Burgoseko epaitegiak sei
heriotza zigor ezarri zituen, presioengatik beteko ez zirenak.

Tardofrankismoaren krisia
1974an gaixotasun batek Francoren bizitza arriskutan jarri zuen eta Juan Karlos printzeak Estatu buruaren
funtzioak hartu zituen. Aste batzuetara, sendatutakoan, agintea berreskuratu zuen, jendearen harridurarako.
Langileen ondoeza gero eta larriagoa zen bestalde, krisi ekonomikoaren eragina nabarmentzen hasi baitzen.
Ekintza armatuak ere gero eta ugariagoak ziren. ETA-ren ekintzaz gainera FRAP (Frente Revolucionario
Antifascista y Patriótico) izeneko erakundeak ere Diktaduraren aurkako ekintza armatuak egin zituen,
1973-1978 artean. Helburu berberarekin GRAPO (Grupo de Resistencia Antifascista Primero de Octubre)
1975ean sortu zen. Alderdiak eta Francoren aurkako erakundeak demokraziarako trantsizioa prestatzen hasi
ziren: 1974-ko uztailean Parisen hainbat erakunde, alderdi politiko eta sindikatuek, Alderdi Komunista
bereziki, Junta Demokratikoa osatu zuten, eta 1975-eko ekainean Konbergentzia Demokratikorako
Plataforma sortu zen.

Gobernuaren erreakzioa errepresioa gogortzea izan zen. Terrorismoaren aurkako lege berriak heriotza
zigorraren ezarpena zabaldu zuen. Hilabetean gerra auzitegiek 11 heriotza zigor erabaki zuten. Epaiak ezarri
ezkero erregimenak kanpoko eta barneko iritzi publikoaren gaitzespena jasoko zuen, baina barkamena eman
ezkero ahulezia erakutsiko zuen. Burgoseko epaiketan ez bezalaxe gobernuak eskarmentu handia eman nahi izan
zuenez zigortutako bost (hiru FRAP-ekoak, bi ETA-koak) fusilatu zituen, 1975-eko irailaren 27a zen. Aita
santuak, gotzainek eta atzerriko gobernu askok errukia eskatu zuten. Mundu osoan frankismoaren aurkako
manifestazioak antolatu zituzten. Espainiak atzerriko herrien boikota jasan behar izan zuen: ekonomian,
kulturan… Espainiaren ahulezia aprobetxatuz, Marokok Espainiako Sahara kolonia inbaditu zuen; 200.000
marokoar muga zeharkatu eta Saharako lurraldean barneratu ziren (Ibilaldi Berdea). Espainiako gobernuak
NBEaren aurrean protestatu zuen eta indar armatuak erabiltzeko aukera aztertu zuen. Baina Franco hiltzear
zegoela eta ez zen inolako erabakirik hartu. Espainiak, gerraren beldur, Madrilgo Ituna sinatu zuen azaroaren
14an: Espainiar Sahara Marokori eta Mauritaniari eman zien.

Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, berak egindakoak jarraituko zuelakoan. Baina, Francorik gabe,
frankismoa ezinezkoa zen.

You might also like