You are on page 1of 8

VI. GAIA.

LANGILEEN MUGIMENDUA ETA NAZIONALISMOA EUSKAL HERRIAN


(1890-1923)
1. Euskal pluralismoa Errestaurazio garaian.
2. Lehen sozialismoa eta gatazka  laboralak.
3. Lehen nazionalismo politiko eta sindikala.

1. Euskal pluralismoa Errestaurazio garaian


Jakina denez, Errestaurazioaren helburu nagusia boterea bi alderdiren artean
monopolizatzea zen, gainontzeko aukera politiko guztiei sisteman parte hartzeko aukera ukatuz,
legez ala berez. Estatu espainiarreko gainontzeko lurraldeetan bezala, Errestaurazioaren lehen
etapan zehar Canovasen alderdi kontserbadorea eta Sagastaren alderdi liberalaren ordezkariak
ziren nagusi euskal lurraldeetan ere, botereari eusteko hauteskundeetan iruzur eginez. Bigarren
etapan, alderdi dinastikoek arazo gehiago izan zituzten botereari eusteko, eta une jakin batean
“La Piña” deituriko koalizioa eratu behar izan zuten, alderdi nazionalistaren eta sozialistaren
hazkundeari aurre egiteko.
Gerra galdu ostean ere, karlismoak indar politiko esanguratsua izaten jarraitu zuen euskal
lurraldeetan. Edozein modutara, gerra galdu izanak, etsipena eta zatiketa eragin zuen karlisten
lerroetan. Gerran zehar euskal karlistak aglutinatu zuen lelo hirukoitza (Jainkoa-Foruak-Erregea)
disolbatzen hasi zen. 1888an karlismoa bere lehen zatiketa bizi zuen, erlijioari lehentasuna
emanez aldarrikapen dinastikoa alboratzen zuen korronteak Alderdi Integrista sortu zuenean.
Alderdi hau fundamentalismo katolikoan oinarritzen zen eta honen buru izan zen Ramón
Nocedalek liberalismoari hurbildu izana leporatu zion Carlos VII.ari (erbestetik gidatzen zuen
alderdia). Alderdi Integristak Gipuzkoan hedapen aipagarria eduki zuen, batez ere nekazal
eremuetan.
Katolizismo kontserbadorearen esparruan kokatzen diren bi alderdi hauek (karlistak eta
integristak) botoen laurdena baino gehiago jaso zituzten 1879-1923 bitartean egin ziren
Gorteetarako hauteskundeetan eta Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat udalerritan gehiengo osoa
zeukaten. Zatiketaren osteko lehen urteetan elkarren aurkako salaketa bortitzak egin bazituzten
ere, denborarekin bi alderdiok hurbiltzen joan ziren eta 1931n Comunion Tradicionalista deituriko
kandidaturan batu ziren.
Euskal lurraldeetako errepublikanoei dagokionez, Errestaurazioaren lehen etapan ez zuten
ia eraginik izan. Gutxi ziren eta adar ezberdinetan zatituta; ondorioz Gorteetarako
hauteskundeetan ez zuten ia ordezkaririk lortu. Hiriburuetan, errepublikanoen presentzia
nabarmenagoa bazen ere, ez zen nahikoa udal gobernuetan sartzeko. Salbuespen gisa, Eibar
aipatu behar dugu, euskal errepublikanoen gotorleku historikoa.
Industrializazioarekin batera langileen eskubideak defendatzeko alderdiak sortu ziren. Marx
eta Engelsen esanetan, langile-klaseak bere estrategia propioa garatu behar zuen kapitalak
ezarritako esklabutzatik askatzeko, eta iraultza bat egin behar zuen estatuaren kontrola eskuratu
eta burgesiaren boterea deuseztatzeko. Ideia hauetan oinarrituz sortu zen Madrilen PSOE
alderdia 1879an, eta horiek zabaltzera bidali zuten Bilbora Facundo Perezagua militante sozialista
1885. urtean. Berak egindako lanari esker errotu zen sozialismoa Ezkerraldean, 1891ean,
gizonezkoen sufragio unibertsalez egin ziren lehen hauteskundeetan, zinegotzi izendatu zuten
Zugastietan, eta PSOEk beste lau zinegotzi lortu zituen Bilboko udalean. Estatu espainiarrean
PSOEk lortu zituen lehen kargu publikoak izan ziren! Detaile honek ondo azaltzen du, estatu
espainiarreko beste leku batzuekin alderatuz, PSOEk Bilbo inguruan eduki zuen hedapen berezia.
Izan ere, beste hogei urte igaro behar ziren sozialistek lehen diputatua lortzeko Espainiako
Gorteetan.
Ezkerreko indarren artean ezin aipatu gabe utzi anarkistak eta komunistak. Bi mugimendu
hauek ere langileen eskubideak defendatzeko sortu ziren, baina ez zuten hauteskundeetan parte
hartzen, sistema burges kapitalista zilegiztatzea suposatzen zuelako. Euren ustez, sistema
burgesa deuseztatzeko modu bakarra iraultza zen, iraultza gauzatzeko moduaren inguruan oso
ikuspegi ezberdinak eduki arren. Anarkistak eta komunistak gutxi ziren, baina eragin nabarmena
eduki zuten, bereziki II. Errepublikaren atariko urteetan.
Azkenik, Sabino Aranak sortutako Eusko Alderdi Jeltzalea aipatu behar da. Foruen
deuseztapenak eragindako frustrazio sentimendutik abiatuz, Sabino Aranak euskal
nazionalismoaren ideologia garatu zuen XIX. mendeko azken hamarkadan. Espainia eta Euskal
Herria nazio ezberdinak zirela esan zuen, eta ondorioz euskaldunak ez zirela espainiarrak. Are
gehiago, Espainiak indarrez konkistatu zituela euskal lurraldeak, eta hauek bizirauteko zeukaten
aukera bakarra independentzia lortzea zela. Ikusiko dugun moduan, pixkanaka pixkanaka ideia
hauek hedatzen joan ziren, eta Errestaurazioaren bukaeran PNV euskal lurraldeetako indar
politiko nagusia bihurtu zen.

2.- Lehen sozialismoa eta gatazka laboralak


2.1. Langile mugimenduaren hasierak Euskal Herrian
Euskal Herrian lehenengo langile-pilaketa handiak Bilboko Ezkerraldeko meategietan eta
burdingintzako lantegi handietan gertatu ziren. Langileen baldintzak oso latzak ziren. Egoera
gogorrena Bizkaiko meategietan gertatzen zen. Meatzariak behartuta zeuden kuartel edo
barrakoietan lo egitera (kobratu egiten zieten, gainera) eta enpresako kantinetan erostera. Langile
batzuk aldizkakoak ziren (temporeroak) eta egoera hori hobeto onartzen zuten, baina bertan
jarraitu behar zutenentzako egoera jasangaitza zen.
1885ean Facundo Perezagua PSOEko militantea iritsi zen Bilbora, eta meatzari eta langile
industrialen artean proselitismoa egiten hasi zen. Ondorengo urteetako greba gehienak berak
antolatu zituen. Meatzariek lehenengo greba 1890ean egin zuten, Maiatzaren Lehena ospatu zen
lehen urtean hain zuzen, honako helburu hauek lortzeko: barrakoiak eta kantinak kentzea, lan-
orduak hamarrera murriztea eta soldata igotzea. Greba meategi guztietara zabaltzea lortu zuten.
Ia hamar mila meatzarik egin zuten lanuztea, eta manifestazio erraldoietan bildu ziren. Azkenean,
ordena berrezartzeko, armadak esku hartu behar izan zuen. Baina oraingo honetan armadak
ordena berrezartzeaz gain bitartekari lana bete zuen, eta Loma jeneralak meatzeetako jabeak
presionatu zituen grebalarien zenbait eskakizun onartzeko. Bere interbentzioaren ondorioz
meatzariak lanera itzuliko ziren, baina barrakoietan bizitzeko eta kantinetan erosteko
derrigortasuna kendu egingo zen, eta lan-orduak hamarrera murriztu.
Ondoren etorri ziren greba askotan, meatzariek biolentzia erabiltzen zuten armadaren
interbentzioa probokatzeko eta bitartekaritza erdiesteko. 1903an, Zappino jeneralaren esku
hartzearen ondorioz, derrigorrezko kantinak kendu ziren eta ordainketa astero egitea lortu. 1906an
ugazabek langile batzuk kanporatu zituztela-ta, meatzarien liderrak Alfontso XIII.arekin
elkarrizketatu ziren, eta erregeak meategietako lana arautuko zuen lege bat aterako zutela agindu
zien. 1910eko greban, lan-egunaren murrizketa lortu zuten.
2.2. Erakunde sozialisten zabalkundea
Sozialismoaren zabalkundea poliki joan zen. Erakunderik gehienak Bilbo inguruan sortu
ziren eta kutsu sindikala zeukaten politikoa baino gehiago: laneko arazoak lehenesten zituzten
hauteskundeen aurretik. Baina, ikuspegi hau aldatzen joan zen, eta ekintza politikoari garrantzi
handia ematen zioten sozialistak agertu ziren.
1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zuten espainiar Gorteek. 1891n Bizkaiko
PSOEko hautagaiak emaitza eskasak izan zituzten Gorteetako hauteskundeetan, baina urte
berean PSOEk lau zinegotzi lortu zituen Bilboko udalean. 1894an, PSOEk La Lucha de Clases
astekaria argitaratzen hasi zen, hauteskundeetan eta instituzioetan parte-hartzeari geroz eta
garrantzia handiagoa emanez. Arriskua ikusirik alderdi dinastikoak “La Piña” deituriko “erakunde”
berrian bildu ziren 1897an, indarrak batuta hauteskundeak eta Bizkaiko instituzioak kontrolatzeko.
1903an Juventud Socialista de Bilbao sortu zen, eta 1904an, Agrupación Feminista de
Bilbao izeneko emakume-taldea. Bizkaiko UGTn bi sindikatu handi eratu zituzten: meatzariena
(Sindicato Minero) eta industriako langileena (Sindicato Metalúrgico).
1910etik aurrera, sozialistak errepublikanoengana hurbiltzen hasi ziren. Aste Tragikoaren
ondorioz, sozialismoaren barruan erregetzaren kontrako eta errepublikaren aldeko jarrerak
areagotzen hasi ziren. Errepublikanoekin egindako akordioei esker, sekulako arrakasta lortu zuten
hauteskundeetan: Bilbon, Barakaldon, Donostian, Eibarren... Baina, sozialista batzuk ez zuten
ondo ikusten joera hau. Euren ustez, errepublikanoekin aliantzaren ondorioz PSOEren jarrera
“gogorra” eta kapitalismoaren kontrako ideiak “epeltzen” zihoazen. Perezagua azken hauen artean
zegoen eta 1915ean Perezagua eta bere jarraitzaileak alderditik bota egin zituzten (1919an berriz
onartu bazituzten ere). Aurrerantzean, Indalecio Prietoren zuzendaritzapean, sozialistek estrategia
moderatuagoa jarraitu zuten.
Orokorrean, erakunde sozialisten hazkundea nahiko geldoa izan zen. Krisi ekonomikoko
aldietan, gainera, kuoten ordainketa asko jaisten zen. Errestaurazioaren garaian, buruzagi edo
liderren alderdi bat izan zen gehienbat.

2.3. PSOEren zatiketa eta Partidu Komunistaren sorrera (1921)


1917an, Sobietar Iraultzaren eraginez, sektore iraultzaileak indartzen hasi ziren
sozialismoaren barruan. Ezkerreko sozialisten iritziz, PSOEren estrategia oso moderatua zen.
Sobietar Iraultzaren arrakastak ulertzera ematen zuenez, alderdi iraultzaile bat behar zen,
Errusian bezala, Espainian ere iraultza egiteko. 1921eko PSOEren kongresuan Bizkaiko lider
inportante batzuek (Perezagua, Perez Solis, Bullejos...), alderditik irten eta Partido Comunista de
España sortzea erabaki zuten. Partidu berrian ez zen jende asko sartu, baina  bai gazteak eta oso
militanteak.
1923an krisi industrial gogorra gertatu zen eta komunistek iraultza soziala egiteko aukera
ikusi zuten: grebak antolatzen, biolentzia erabiltzen, soldaduen matxinadak prestatzen hasi ziren.
Horregatik, urte berean Primo de Riverak kolpe militarra eman zuenean, komunisten kontrako
neurri gogorrak hartu zituen. Sozialistek, ordea, politika erreformistaren bidea hartu zuten,
Primoren diktadurarekin kolaboratuz.
3.- Lehen nazionalismo politikoa eta sindikala
3.1. Nazionalismo politikoa
3.1.1 Aurrekariak
Euskaldun askorentzat, Foruen desagerpena eta ondoren etorri zena trauma bat izan zen.
Sistema foralak iraun zuen bitartean, euskal ezaugarriak nahiko ondo gorde ziren. Baina
askorentzat, Foruen abolizioarekin eta konstituzioaren aplikazioarekin, Euskal Herriak bere
askatasuna galdu zuen. Are gehiago, Foruen desagerpenarekin, Euskal Herria ere desagertzen
hasiko zen: euskal mutilak erdaldunduta bueltatzen ziren zerbitzu militarretik, eskoletan ere
kanpoko maisuak sartu ziren eta euskara debekatuta zegoen, udalen antolaketa berriarekin
estatuaren kontrola eta erdararen erabilera nagusitzen zihoan...
Industrializazioaren ondorioak ere erabakigarriak izan ziren nazionalismoaren sorkuntzan.
Kanpoko langileen etorrera masiboarekin, erdara eta ohitura berriak nagusitzen hasi ziren eta
horrek ere euskal nortasunaren ezaugarriak arriskuan jartzen zituen.
Bizkaiko Euskalerria Elkartea
Elkarte politiko honen liderra Fidel Sagarminaga izan zen. Haientzat, sistema forala kentzea
bidegabekeria izan zen erabat. Ez ziren karlistak, liberal “fuerista zurrunak” edo “intransigenteak”
baizik. Euren esanetan foruen galera oso traumatikoa izan zen eta Madrilgo Gorteetan Foruen
defentsa sutsua egin zuten, alferrik.
Nafarroako Euskara Elkartea – Asociación Euskara de Navarra
Arturo Campionen inguruan antolatu zen. Campion eta abarrek euskararen aldeko lana
egin zuten, euskara gordetzea euskal kontzientzia eta Foruak zaintzeko modua iruditzen
baitzitzaien. Nafarroako historiako lanak argitaratzen zituzten, euskal jaiak antolatu euskara
berpizteko etab. Baina bata zein bestea talde minoritarioak ziren, eta ez zuten lortzen herritarrak
erakartzea. Benetako arrakasta lortu zuena Sabino Aranak sorturiko abertzaletasuna izan zen.
3.2. Abertzaletasunaren sorrera
“Euzkadi” kontzeptua 1882. urtean sortu zen, Luis eta Sabino Arana anaien eskutik.
Aranatarren familia karlista zen, eta Foruen abolizioak asko kezkatzen zituen. Euskal karlistak
Foruen alde borrokatu zuten, baina euren burua espainiartzat zeukaten. Karlisten iritziz, sistema
forala Espainian egoteko modu erosoa zen. Baina, Sabinok zera galdetzen zion bere buruari:
espainiarrak baziren, zergatik zeuzkaten lege berezi batzuk? Zergatik ez zuten joan behar
soldadutzara? Edo zergarik ordaindu? Kontraesan bat zirudien. Galdera hauei erantzuna eman
nahian, Sabinok zera ondorioztatu zuen: “euskaldunek ez zuten estatu espainiarraren legeak
onartu beharrik ez zirelako espainiarrak “. Euskaldunak eta espainiarrak herri desberdinak ziren
hizkuntzaz, arrazaz, ohituraz eta antolaketa politikoz. Hausnarketa honen ondorioa esaldi honetan
laburbildu zuen: “Euzkotarron aberria Euzkadi da”. Beraz, euskaldunak kontzientziatu egin behar
ziren eta espainiartzeari aurre egin.
1892an Sabino Aranak Bizkaya por su independencia liburua argitaratu zuen. Liburuaren
ikasgaia garbia zen: bizkaitarrak elkartu egin behar ziren Espainiak kendutako askatasuna
berreskuratzeko. Urte berean Bilboko Euskalerria Elkartekoek bere ideiak azaltzeko bazkari
batera gonbidatu zuten. “Larrazabalgo hitzaldian”, liberal foruzale eta karlistengandik bereiziz,
Bizkaia defendatuko zuen alderdi abertzale bat sortzea proposatu zien Aranak bertan bildutakoei,
baina bertaratuek ez zuten bat egin Arana anaien egitasmoarekin.
Dena dela, Aranak bere lan politikoarekin jarraitu zuen: Bizkaitarra aldizkaria argitaratu
zuen 1893an, bere inguruan jarraitzaile-multzo bat antolatuz, euskara ikasiz etab. Eta Euskal
Herria nazio bat zenez, izena (hasieran Euskeria, gero Euzkadi), bandera (ikurrina) eta ereserkia
(“Gora ta Gora Euzkadi”) asmatu zituen. Ondorengo urteetan Euskal Herrian giroa berotzen joan
zen eta Espainiaren aurkako jarrerak indartzen joan ziren: Nafarroan sekulako protestak izan ziren
Gamazo ministroak konbenio ekonomikoa kendu nahi izan zuelako (“Gamazada”); Gernikan San
Rokeko jaietan Espainiaren kontrako oihuak bota ziren, karlisten haserrea eraginez; Donostian ere
hildako batzuk gertatu ziren musika-bandak “Gernikako Arbola” jo nahi izan ez zuelako; Gasteizen
Sagastaren trena harrikatu zuten… Horrelako egoera ikusita, 1895ean Sabino Aranak Euzko
Alderdi Jeltzalea sortzeko une aproposa heldua zela erabaki zuen. JEL= Jaungoikoa Eta
Lagizarra.
3.3. Abertzaletasunaren zabalkundea
Euskal abertzaleen lehenengo erakundea Bilboko Euzkeldun Batzokija izan zen (1894), eta
hurrengo urtean Bizkaiko Batzarra sortu zen, herrialde mailako erakundea. Berehala hasi ziren
kideen kontrako erasoak, isunak, epaiketak, aldizkarien itxierak etab. Beraz, alderdia modu
klandestinoan aritzeko antolatu zuten, hasiera batean. Arana bera kartzelan sartu zuten sei
hilabetez “rebelion contra España” delitua leporatuz. Atera zenean, modu diskretoagoan, baina
bere ideiak zabaltzen jarraitu zuen Bizkaiko herrietan, lagun arteko bazkariak egiten zituztela
argudiatuz. Hurrengo urteetan, Sabinok karlista eta liberal-fueristen aurka oldartu zen, bi alderdi
horien foruzaletasunaren mugak azalaraziz, eta jarraitzaileak erakarriz.
1898an, Kubako porrotaren testuinguruan, abertzaleak hauteskundeetara aurkeztu ziren
lehen aldiz, eta Sabino diputatu aukeratu zuten Bizkaiko aldundian, alderdi dinastikoek zeukaten
monopolioa hautsiz. Arrakasta eta euforia giro honetan Ramon de la Sota eta bere jarraitzaileak,
EAJn sartu ziren, alderdia hauspotuz. 1899ko udal hauteskundeetan, Bilboko udalean bost
zinegotzi lortu zituzten, eta alkatetza Mundakan; Bermeon, Basaurin, Lekeition eta beste hainbat
udalerritan lortutako zinegotziez gain. Era honetara alderdiaren antolakuntza Bizkaiko herri
gehienetara zabaldu zen. EAJ-ren arrakastak, ordea, autoritate, alderdi eta komunikabide
gehienen gorrotoa eragin zuen, egoitza eta kideen aurkako eraso fisikoak ugaritu zirelarik. 1902an
Sabino espetxeratu egin zuten berriz, AEBko lehendakariak Kubari onartutako independentzia
zela eta, zoriontzeko telegrama bat bidali ziolako.
Sabino Arana 1903an urtean hil zen eta Anjel Zabala Ozamizek hartu zuen alderdiaren
zuzendaritza. Ondorengo urteetan, nazionalismoa Euskal Herri osora zabaltzen hasi zen,
gehienbat Gipuzkoara baina baita Araba eta Nafarroara ere. Independentzia lortzea oso zaila
zenez eta ozenki aldarrikatzeak zekarren errepresioaz ohartuta, nazionalismoa euskal ezaugarriak
indartzen eta haiei eusten saiatu zen: batzokiak ireki, euskararen erabilera suspertu, hitzaldiak
eman euskal kontzientzia berpizteko, euskal dantzak eta bertsolaritza sustatu, aldizkariak zabaldu
etab.
Alderdia handitzean, aurretik zeuden arazoak larritu egin ziren. Alderdian bi arima bizi ziren:
independentista sutsuak eta autonomistak. 1915. Urtean, Sotaren autonomistek nagusitasuna
lortu zuten eta Luis Aranak ordezkatzen zuen sektore independentista gutxiengoan gelditu zen,
eta bere jarraitzaileak Aberri aldizkariaren inguruan bildu ziren. PNVren kontrola lortu zutenek
izena aldatu zioten alderdiari 1916an: CNV, Comunión Nacionalista Vasca. Alderdi berriaren
ezaugarriak autonomismoa eta katolizismoa ziren. 
1921ean, Aberri aldizkariaren inguruan nukleatzen zen sektore independentista alderditik
atera, EAJ-PNV izena berreskuratu eta erakunde berriak sortu zituen: Emakume Abertzale Batza,
Euzko Gaztedi eta Mendigoizaleak. Bilboko udal-hauteskundeetan bederatzi zinegotzi lortu zituen
eta Comuniónek, ordea, lau besterik ez. Primo de Riveraren diktaduran PNVk jazarpen gogorra
jasan zuen; Comunionek, ostera, arazo gutxiago izan zituen. 1930ean nazionalismoaren alderdi
biak betiko siglen pean (EAJ-PNV) elkartu ziren Bergarako kongresuan. Alderdi hau oso
eskuindarra eta katolikoa zelako, talde batek ezkerreko alderdi abertzale eta laikoa sortzea
erabaki zuen: EAE-ANV, Eusko Abertzale Ekintza, Acción Nacionalista Vasca.
2.4. Aldi honetako abertzaletasunaren ezaugarriak
Katolizismoa: erlijioari berebiziko garrantzia eman zioten (euskaldunok Euzkadirentzat eta
Euzkadi Jainkoarentzat). Euskaldunak katolikoak izan behar ziren eta etorkizuneko Euzkadi
katolizismoaren inguruan antolatu behar zen.
Arraza ere inportantea zen. Euskalduna euskal abizenak zituena zen, ez euskara zekiena.
Euskaraz ez jakin arren abizen euskaldunak zituztenak onartuak ziren alderdi barruan, baina
abizen erdaldunak zituztenak ez zeukaten lekurik alderdian, euskaraz jakin arren.
Euskal lurraldea foruak izandako probintziez osatzen da: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba,
Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa; bestetik, Lege Zaharra independentziarekin identifikatzen dute.
Federalismoa: etorkizuneko Euzkadi lurralde guztien federazio bat izango da.
Munizipalismoa: herri edo udal bakoitzak ahalik eta autonomia handiena izan behar du.
Elementu identitarioen defentsa aldi honetako nazionalismoaren ezaugarri bat izango da:
euskara, euskal folklorea, dantzak…
Separatismoa. Orokorrean, Espainiaren aurkako sentimenduak oso errotuta zeuden.
Helburua Espainiatik separatzea izango da. Geroago autonomiaren bidea jorratuko zuten.
3.2 Nazionalismo sindikala
1911n sortu zen SOV sindikatua (Solidaridad Obreros Vascos), EAJ-ko zenbait militanteren
ekimenez. Sindikatu berri honen helburu nagusia, UGT sindikatu sozialistaren hedapenari aurre
egitea zen. Izan ere, sindikatu abertzalerik ezean, afiliatu nahi zuten langileek UGT eta CNT baino
beste aukerarik ez zuten, biak ere klase sindikatuak, eta laikoak. SOV, ordea, sindikatu abertzalea
zen, eta katolikoa; hau dela eta, langile abertzaleen artean hedatu zen gehien bat.
Bere lehen sekzio sindikalak Bilbo inguruko eraikuntza eta metalgintzakoak izan ziren.
Meatzarien artean, ordea, ez zuen hedapen handirik izan, sektore horretan langilerik gehienak
etorkinak zirelako eta UGT erabat nagusi. Hurrengo urteetan gainontzeko lan sektoreetan
hedatzen joan zen, eta Primo de Riveraren diktaduraren atarian, UGT-k beste afiliatu zituen,
hamarkada bakar batean egindako aurrerapen izugarriaren seinale.
Aldi berean, SOV sindikatuaren barnean ideologia aldaketa bat gorpuzten joan zen.
Hasiera batean, SOV sindikatua greben aurka zegoen, sindikatu kristau bati zegokion bezala bere
ustez langile eta ugazaben arteko harremanak era harmoniatsuan bideratu behar zirelako, eta ez
gatazkaren bidez. Hurrengo urteetan SOV-ek bere izaera kristauari eutsi zion, baina langile-
mobilizazioen aurka zeukan jarrera malgutzen joan zen, sozialistekin batera greba batzuetan
parte hartu zuen eta apurka-apurka SOV klase sindikatu baten ezaugarriak hartzen joan zen.
Aldaketa ideologiko honen inflexio puntua honako hau izan daiteke: 1920an SOV-ek Maiatzaren
Leheneko mobilizazioetan parte hartu zuen lehen aldiz, sortu eta bederatzi urte beranduago.
Primo de Riveraren diktaduraren garaian, klandestinitate egoera bizi arren SOV gizartean
zabaltzen joan zen eta 1929an bere Lehen Kongresua burutu zuen Eibarren. Kongresu horretan
sindikatuaren oinarri programatikoak ezarri ziren eta Konfederazio bat eratzea erabaki zen,
sektore ezberdinetako langileak integratzeko. Pausu hau 1933an eman zen, eta sindikatuak
Solidaridad Trabajadores Vascos izena hartu zuen. Hurrengo urtean, STV-ko kide batzuk
atxilotuak izan ziren, sozialista, komunista eta anarkistekin batera urriko greba iraultzailean parte
hartu izana leporatuz. Datu honek, bi hamarkadatan STVren barnean bizitako erradikalizazio eta
proletarizazio prozesuaren berri ematen digu.

You might also like