You are on page 1of 2

11.

DIKTADURA FRANKISTA EUSKAL HERRIAN (1939-1975)

Erbestea
Espainiako Gerra Zibilak (1936-1939) erbesteratu kopuru handia eragin zuen Euskal Herrian ere. Gerra ari
zela ume asko Frantziara, Belgikara, Britainia Handira, Errusiara eraman zituzten. Frankismoaren
diktaduraren eta errepresioaren ihesean euskal herritar askok erbesteratzearen bidea hautatu zuten;
horrenbestez Pirinioen iparraldera pasa ziren eta han zoriaren eskuetan geratu ziren. Asko Frantziako
gobernuak antolatu zituen errefuxiatuentzako esparruetan egon ziren eta bizimodu gogorra izan zuten.
Askatasun falta eta elikadura, higiene eta osasun arazoak pairatu zituzten. Gainera, 1940ko udaberrian
Alemania Naziak Frantzia inbaditu eta garaitu zuenean, erbesteratuak etsaitzat hartu zituzten: Francoren
erregimenak kide naziei atxiloketa eskatu baitzien.

Herritarrak ez ezik, Eusko Jaurlaritza bera ere erbesteratu zen: aurrenengoz Kataluniara joan zen, gero,
Iparraldera, nazien inbasioa iritsi zen arte. Eusko Jaurlaritza erbestean mantendu zen eta oposizioko
alderdi gehienak bildu zituen. Iraupen horretarako Agirre lehendakariaren nortasuna garrantzitsua izan zen:
lidergo sendoa ematen zion Eusko Jaurlaritzari eta erbesteko errepublikar politika espainiarraren osotasunean
izan zuen eragina. Gerra osteko lehenengo urteak Europan zehar egin ondoren, 1941ean Estatu Batuetara
ihes egin zuen Eusko Jaurlaritza eta milaka errefuxiatu eta gobernu ordezkari Amerikara joan ziren. Izan
ere, urte horietan Europa nazien mende geratzen ari zen II. Mundu Gerraren baitan, eta euskaldun
demokratak etsaitzat hartzen zituzten naziek, Frankismoaren aurka borrokatzen zirelako. 1946ra arte, EAJ
eta Eusko Jaurlaritza matxinada armatu bat gauzatzekotan egon ziren eta talde politiko-militar bat
antolatu zen klandestinitatean helburu horretarako: Euzko-Naia izenarekin. Talde hori borrokarako prest
zegoen II. Mundu Gerrako aliatuak Espainian sartuko baziren Francoren erregimena desegiteko, 1946
ondoren proiektua alde batera utzi zuten.

Espainiako ezkerreko militante asko bezala, hainbat euskaldun Bigarren Mundu Gerran nazien aurka
borrokan ibili zen eta haietako batzuk alemaniarren kontzentrazio-esparruetan amaitu zuten. Sozialisten
artean gatazka bat gertatu zen 1943an Mexikon. Indalecio Prietoren aldeko sozialista euskaldunek Eusko
Jaurlaritzarekin zituzten harremanak eten zituztenean, Santiago Aznar kontseilariak Euskadiko Komite
Sozialista sortu zuen eta Agirrerekin lan egitearen alde agertu zen.

Baionako Ituna sinatzean, 1945eko martxoan, ia oposizioko indar politiko eta sindikal guztien batasuna
berreskuratu zen. Oposizioa une optimistan zen: herrialde aliatuen eta NBEn laguntza espero zuten
Francoren erregimenarekin amaitzeko. Batasuna berreskuratuta eta nazioarteko egoera alde zutelarik,
oposizioak ekintza garrantzitsuak burutu zituen, horien artean, 1947 eta 1951ko greba orokorrak.

Hazkunde ekonomikoa eta aldaketa sozialak


1950ean Egonkortze Plana onartu eta jardueran hasi zen arte, zuzeneko eragina izan zuen euskal industrian
produkzio eskasak, inbertsioen apaltasunak eta inflazioak. Siderurgiaren ekoizpena apala izan zen energia eta
lehengaiez ondo hornitzeko zeuden zailtasunengatik. Euskal BPG-aren hazkunde tasa altua izan zen
1960tik aurrera; lurralde guztietan hazkundea nabaria zen, Araban eta Nafarroan bereziki. Immigranteen
etorrerak zuzeneko eragina izan zuen biztanleriaren hazkundean eta Euskal Herriko industria eskualdeetan
egokitu ziren etorkinak. Enplegu tasa ia erabatekoa zen eta bigarren sektorea zen garrantzi gehienekoa.
1973ra arte langabezia tasa ez zen hazi. Kooperatibak garrantzi handia hartuko zuten 1956an, Arrasaten,
ULGOR, esperientzia berritzaile baten eskutik.
1946an gatazka batzuk izan ziren Euskal Herriko hiri batzuetan eta 1947an greba sonatuenetako bat hasi
zen Bilbon. Maiatzaren 1ean Erresistentziarako Batzordearen Kontseiluak egindako deiari jarraituz hasi
zen. Bizkaiko 20.000tik gora langilek hartu zuten parte eta milaka langile atxilotu edo zigortu zituzten
militarrek. 1956an egin ziren greba garrantzitsuenak; Iruñean hasi ziren soldata hobeak lortzearren eta
Euskal Herrian hasi eta Kataluniako beste alde batzuetan izan zuten jarraipena. Egoera kontrolatzearren,
errepresio indarrek ehunka lagun atxilo hartu eta erbesteratu zituzten, baina langileek soldata igoerak lortu
zituzten. Ordutik aurrera, nonahi izan ziren lan gatazkak ekonomia garatua zegoen eskualdeetan, baldintza
ekonomiko hobeak aldarrikatuko zituzten.

Frankismoaren oposizioa
Euskal nazionalismoa, Langile Komisioekin batera, frankismoaren mehatxu nagusia izango zen. EAJ
alderdiak ordezkatzen zuen abertzaletasunak ez zuen espektatibarik sortzen goitik behera aldatzen ari zen
euskal gizartearen aurrean eta, nazioarteko diplomazia bideetan izandako porrotaren ondoren, agerian utzi
zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela politika-bide argirik (Jose Antonio Agirre 1960an hil zen ustekabean).
Egoera hartan, nazionalismo klasikoaren ideologia berraztertu egin zen eta joera berriak sortu ziren, ETA
esate baterako (1959). Bizkaian, PCE alderdiko taldeak mantendu ahal izan ziren urte haietan, eta enpresetan
Langile Komisioen sorrera eta sindikatu bertikaletan sartzeko politika bultzatu zuten. Bestalde, PSOE
alderdiaren eta UGT sindikatuaren ideiak babesten zituzten taldeak baziren Euskal Herriko alde batzuetan.
1945ean berrantolatu zen erbestean ELA. Acción Católicoaren barneko erakunde berezietako sektore
kritikoek ere parte hartu zuten mugimendu hauetan eta garai hartako gatazka garrantzitsuenetan, eta erraztu
egin zieten langileen erakundeetako gutxiengo militanteei lan egiteko beharrezkoa zuten azpiegitura.

Diktaduraren krisia Euskal Herrian


Garai honetan lan gatazka ugari izan ziren, eta soldaten igoera eskatzeko grebak izan ziren askotan.
Gatazka hauek agerian utzi zuten langileen mugimenduaren garrantzia eta antolakuntza maila,
enpresariei eta erregimenari aurre egiteko orduan; gero eta apaiz talde, intelektual eta herritar gehiagok
erakusten zieten langileei beren sostengua. Erregimenak, bere aldetik, errepresio bortitzaren bidez
erantzun zuen. Hala eta guztiz ere, greba jarduerak bere horretan iraun zuen hurrengo hilabeteetan zehar.

1964an gerra ondorengo Aberri Egunerako lehen deialdia egin zen eta 35.000 lagun bildu ziren Gernikan.
Ordu arteko ETAk eginak zituen bere lehen biltzarrak eta ideologikoki EAJ alderditik urrun zegoela utzi
zuen agerian. Errepresioak galarazi zuen 1965eko Aberri Eguna, eta epaiketa ugari egin zituen Tribunal de
Orden Público auzitegi bereziak. Ugaritu egin ziren, era berean, apaiz taldeek askatasun ezaren aurka
egindako protestak. 1968an salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan, eta, ia urtebetez, estatu espainiar
osora zabaldu zuten. Aldi berean, protestek indar handia hartu zuten ikasleen, auzoen eta elizaren sektore
batzuen artean, eta horietako batzuk epaitu egin zituzten Tribunal de Orden Público auzitegi berezian,
1969an. Euskal elizak erregimenaren aurka erakusten zuen jarrera gero eta sendoagoarekin batera bokazio
krisi sakon bat ari zen jasaten bere baitan. Gero eta alde handiagoa zegoen hierarkiaren eta erregimenaren
artean, eta euskal herritarren aurrean gero eta nabarmenagoa zen erregimenaren deslegitimizazioa. Añoveros
gotzainaren auziak eztanda egin zuen era berean, urteak lehenago, Elizan 339 apaizek dokumentu bat idatzi
zuten (1960): frankismoaren zapalkuntza eta Euskal Herriaren eskubideen zapalketa salatzen zituzten.
1966an hasi zuen V. Biltzarrean “nazio askapenerako mugimendu sozialistatzat” jo zuen ETAk bere burua
eta 1968. urtetik aurrera areagotu zuen bere borroka. Haren kontrako errepresioa ere gero eta handiagoa izan
zen.
Autodeterminazio, amnistia, euskara eta askatasun orokorren aldeko proposamenak erabaki gabe geratu
ziren 1975eko azaroan Franco hil zenean. Bi hilabete lehenago, hiltzera kondenatu eta fusilatu egin zituzten
ETA-ko bi militante eta FRAPeko hiru militante.

You might also like